Alfabetatzen

Juan Luis Zabala

Duela 40 urte inguru Alfabetatzen izenburua zuen liburu bat sartu zen gure etxean. Ezagutzen ez nuen gizon gazte baten aurpegia zuen marraztua azalean; geroago jakin nuen Rikardo Arregi zela. Arrebarena zen liburua; ikastaro batean izena zuen emana, etxeko hizkuntza, liburuaren kontrazalak zioen moduan, «noranaiko» bihurtzeko asmoz, garai hartako gazte euskaldun askok bezala.

Liburu hura etxean ikusi nuenean, nerabezaroan sartu behar eta sartu ezinda zebilen mutil koxkor praka motzeko eta ez bereziki buru-argia izanagatik ere, ulertu uste izan nuen Franco hila zenez gero denok alfabetatu beharko genuela aurrerantzean, denon artean bihurtu beharko genuela euskara «noranaiko».

Nik ez nuen halakorik nahi. Arrotza zitzaidan euskara idatzia, batua, alfabetatua, eta lan astunez betea irudikatzen nuen. Ez nuen begiko liburuaren azaleko gizon gaztea.

Gaztelaniaz egiten nituen ikasketak orduan, baina Euskara ikasgaia jarri ziguten bizpahiru urte geroago institutuan, BUPeko hirugarren mailan. Zenbakiak nola idatzi irakatsi zigun lehen egunean irakasleak: «Bat, bi, hiru, lau, bost, sei…». «Sei!?», pentsatu nuen neure artean, harrituta. «Zeatik esateik onek sei, xei esan berrin?». Alfabetatzearen lurralde ezustekoz, misterioz baina batez ere –hau alfergura!– lanez betean sartzen ari nintzen.

Kontu horiek etorri zitzaizkidan burura aurreko batean, Euskadi Irratian sortzaile gazte samar, ezagun eta euskal koolturan oso estimatu bat bere herriko euskaran mintzo zela entzutean, neure buruari galdera hau egin eta gero: «Hala nahiago duelako egiten ote du honek herriko euskaran, ala… alfabetatu gabe dagoelako?».

Ez zait gaizki iruditzen, berez, sortzaile hori, edo beste edozein, Euskadi Irratian bere herriko euskaran mintzatzea. Baina ezinegon bat eragiten dit horrek barruan, gogorarazten didalako artista eta sortzaile euskaldunen artean –idazleak salbuetsita, eta idazleak ere ez denak– nahiko urriak direla alfabetatze lanetan taxuzko maila bateraino iritsitakoak; eta berdin edo are okerrago dagoela kontua plazara sortzaile gisa agertzen ez diren euskaldunen artean.

Paradoxikoa badirudi ere, berak berariaz halakorik bilatu gabe, bizitzaren gorabeherek alfabetatzearen lurraldean bete-betean eta luzaz sarrarazi dute Alfabetatzen liburuak beldurtu zuen mutil koxkor hura, ez lanik gabe baina plazer handiz une askotan. Lurralde hau, ordea, duela 40 urte inguru irudikatu zuen baino askoz mortuago dago.

3 Replies to “Alfabetatzen”

  1. Ez dakit trapu gorri horretara sartzen ondo egiten dudan, Juan Luis, baina arriskatuko naiz, hala ere.

    Zure oroitzapen horrek niri beste bat ekarri dit gogora, alegia, nire herrian nago (Gipuzkoako herri aski euskaldun bat), duela hogei bat urte, euskaltzaleen bilera&asanblada horietako batean, denok huntaz eta hartaz ari gara debatitzen (apur bat CUPekoak bezala, esango nuke) eta, halako batean, nire adineko edo apur bat gazteago den batek esaten du euskaltegian apuntatu dela, alfabetatzera, eta kuadrilako lagunek galdetzen diotela zertarako, absurdua iruditzen zaiela, berak oso ondo egiten duela euskaraz… Eta, izatez, hala da, lagun hori baserritar-girokoa da eta oso ondo egiten du euskaraz, gaztea eta alfabetatu gabea izan arren, berarentzat eta bere lagunentzat (bera modukoak denak) euskara askoz ere naturalagoa delako gaztelania baino. Une horretan gogoan dut flasheatuta geratu nintzela (horrela esaten genuen lehen) eta, ia automatikoki hitza hartu eta galdetu niola ea bere lagun horietatik guztietatik ba ote zegoen inor gaztelaniaz idazten eta irakurtzen ez zekienik, eta ea horretaz harrotzen ziren edo ezer komentatzen ote zuten. Inork ez zidan ezer erantzun. Eta Artur Masi buruz segitu genuen hizketan.

    Badago lotura ebidente bat zure eta nire anekdoten artean, jakina. Nire begietan, hau da: euskaldunak, gaur eta hemen, menperatuta gaude, hala nola dauden, gaur eta hemen, emakumeak, inmigranteak, pobreak… Eta gure menperakuntzaren ezaugarri argi bat da euskaldun arrunt gehienek (militante kontzientziatu ez direnek) beren burua gizartearen zentroan irudikatzeko duten ezintasuna. Alegia, gaztelaniazko kulturan erabat pentsaezina dena (analfabeto izateaz harrotzea, edo nahitara Kordobako baserritar letra gutxikoa bazina bezala hitz egiten saiatzea Espainiako Irratian) euskarazko kulturan ia-ia ezinbestekoa izatea. Hitz batez, “jatorrarena” egitea (jatorra = kultura gabea). Euskalduna beti baitago margenean, bazterrean, hitz batez, menpean (edo mendean, esaten du orain Euskaltzaindiak). Euskalduna izatea da normala ez izatea, eta justifikazio bat behar du. Hortik “jatorrarena” egiteko saio etengabeak gure inguruan. Menderakuntza-egoera baten ondorioa da.

    Zeren, tamalez, ez da nahikoa euskara normalizatzea (euskara batua sortzea), ezta eskolan edo esukaltegian euskara batua erakustea. Hortaz gain, gure kultura normalizatu behar da, normal-normala bihurtu behar da. Lan luzea izango da.

    Lege-berdintasuna lortuta ere, gure arazo nagusia kultura arazoa da.

    Atsegin dut

  2. Arrazoi osoa duzu, beti bezala, lagun Pruden: gure arazo nagusia kultura-arazoa da, problema kulturala, alegia…

    Eta ezin hobeto esplikatu duzu non dagoen koxka: jatorrismoaren (edo paletismo kulturalaren) defendatzaileak hain daude menderatuta ezen ez baitira konturatu ere egiten sasikultura sodomizatu baten zantzuak birsortzen ari direla etengabe…

    Gure intelektual abarkadun horietako askok miresten duten behe-kultura (edo behi-kultura) folklore hutsa besterik ez da: astoen arrantzak eta behien irrintziak.

    Hortaz, gure nazioa (komunitate kulturala) menderakuntza-egoera horretatik jaregiteko, gure kultura BOTERETU egin behar dugu jabekuntza-prozesu baten bidez: jabetu, aurrena, zein den gure arazoa (zuk ezin hobeto egin duzu, bejondeizula!)… eta jabe egin, ondoren, goi-kulturaren baliabide guztiez.

    Hala bedi!!!

    Atsegin dut

    1. Eskertzen dizut iruzkina, Ignazio, baina zuzenketa bat egingo nizuke eta pentsatzen dut zeu ere ados izango zarela funtsean.

      Alegia, folkolorea, herri-jakintza, herri kultura edo dena delakoa, berez oso gauza errespetagarria da, eta hori ezezik baditu guztiz goi mailakoak diren alderdiak. Pentsa dezagun, adibidez, R.M. Azkuek, Aita Donostiak edo J. M. Barandiaranek ikertu eta landu dituzten arlo askorekin, folkloreari zuzen-zuzenean lotuak. Horiek gu guztion kulturan ohorezko leku bat okupatzen dute, eta ona da hori. Kontua da horien aldamenean beti daudela Txomin del Regato estiloko batzuk, dena kakazten, eta berez kultura dena boronokeria bihurtzen. Uste dut oinarrizko bi maila horiek bereizteko gai izan beharko genukeela, nahiz eta, errealitatean, gauzak beti nahasita agertzen zaizkigun.

      Hortaz gain, jakina, Azkue, Donostia edo Barandiaranen ametsa eta egitasmoa ez zen folkloreari bere horretan eustea, sakratuki eta mugiezin; aitzitik, beraiek goi ikasketak eginak ziren guztiak, eta euren ametsa zen euskal baserritarren eta arrantzaleen umeek ere ahalik eta ikasketa gehien egitea (eurak bezala). Eta guztion artean euskal kultura moderno bat sortzea. Berriz diot, ez zuten zerikusirik Txomin del Regatoren estiloko jendearekin.

      Atsegin dut

Utzi iruzkina