Lehenik, esan…

Patxi Petrirena Altzuguren

Lehenik, esan joera hau berri samarra dela. Bigarrenik, esan, ez duela heldulekurik euskaraz. Amaitzeko esan, gaztelaniaz ere txartzat joa dela (gaztelaniatik etorria baitugu, antza).

Bai, esan aditza aurreko hiru esaldi horietan bezala erabiltzeaz ari naiz. Nahi baino maizago irakurtzen ditugu halakoak, eta entzun ere entzuten ditugu, hala aurkezpen eta hitzaldietan nola zenbait albiste-emankizunetan ere.

Ez dago asko bilatu beharrik Interneten «lehenik, esan» eta «azkenik, esan» hauek aurkitzeko:

  • Azkenik, esan erdaldun elebakarren nagusitasuna erabatekoa dela…
  • Azkenik, esan, mugak ez direla…
  • Azkenik esan, 70. hamarkadaz gero, bi ildo nagusi ireki direla…

Aditza horrela emanda, aginduzko esaldiak egin ohi ditugu euskaraz. Adibidetzat jarri ditugunetan, ordea, agindurik ez dago, eta beste adierazpide batzuk ditugu espero izatekoak: Ā«esan dezagunĀ», Ā«esan nahi nukeĀ», Ā«esan beharra dagoĀ», Ā«esan dezadan»…

EITBren Albiste-testu bikainak lanean jasoa dago ohar hau («kontuz esapide okerrekin»), albisteen arteko loturak egiteaz ari dela:

  • *Esan, Osasuna ere lanera itzuli dela, astebetez jai egin ondoren.
  • Esan behar dizuegu Osasuna ere lanera itzuli dela, astebetez jai egin ondoren.

Gaztelaniatik datorkigunez, itxuraz, halako itzuliak egiteko joera, komeniko zaigu jakitea gaztelaniaz ere txartzat joak direla esapideok. Hona zer dioen Nueva gramƔtica de la lengua espaƱola eskuliburuak (RAE, 2010, 509. or.).

Ā«Se recomienda evitar el uso del infinitivo con los verbos decir, seƱalar, indicar y otros similares en los contextos en los que se introduce alguna información dirigida a alguien, como en SeƱores, informarles (de) que… o Por Ćŗltimo, decir que… en lugar de SeƱores, les informo (de) que… o Por Ćŗltimo, quisiera decir que…, entre otros ejemplos similares.

Fundeuk ere jasoa du gomendioa, eta sarean zabaldua duela pare bat urte: Ā«Infinitivo: por Ćŗltimo, cabe seƱalar…, mejor que por Ćŗltimo, seƱalar…».

Utzi erantzun bat