Interbentzioak norantz, erabilera harantz?

Igone Zabala Unzalu

Duela hilabete batzuk, aspaldian ahaztua nuen gai bat etorri zitzaidan bila, EHUko irakasle euskaldunoi noizbehinka bidaltzen dizkiguten hizkuntza-aholkuetako baten eskutik. Aste horretako aholkuak tza atzizkiaren erabilera goiburua zeraman. Irakurtzen hasi, eta hara non, «Batzuetan, ordea, forma desegokiak erabiltzen dira erabilera ugariagoko formen ordez» baieztapenaren ostean, «norantza*e. noranzko» ikusten dudan, «ministeritza*e. ministerio» eta «solidaritza*e. solidaritate» bezalako adibideekin batera zerrendaturik. Erabat harrituta geratu nintzen. Zalantza izpirik ez neukan norantza hitzak ez duela –tza atzizkirik. Baina, guztiok egiten ditugu hanka-sartzeak —pentsatu nuen—. Autoan etxera bidean nindoala irratia piztu eta hor agertu zitzaidan berriro ere estigmatizatutako hitza: «…Istripu bat gertatu da A8 errepidean Donostiako norantzan». Oso ondo gogoratzen nuen Fisikako klaseetan norabide eta norantza terminoen arteko bereizketa ikasten genuela eta ondo gogoratzen nuen baita Ibon Sarasolak Euskara Batuaren Ajeak[1] liburuan atal bat eskaini ziola norantzari. Sarasolak zer zioen berrirakurtzea pentsatu nuen, orduan:

Euskaraz, dirección / direction-ren kidetzat norabide erabiltzen dugu, eta sentido / sens-en kidetzat, hizkera teknikoan, hots, bektoreetan eta errepideetan, norantza. Bereizketa arbitrarioa da, egiunezkoa, erdarazkoa bezala, eta erdaraz bezala norabide-k, hizkera arruntean, lerro zuzenaren bi muturretatik batekikoa adierazten du, ez lerroaren kokaera.

Norantza-ri dagokionez, gogorra da euskal belarrientzat, ez baikaude ohiturik galdetzaile bat izen gisa erabiltzera. Antzeko zerbait gertatzen da zergatia-rekin. Seguru nago norantza-ren erabiltzaileen artean gehienek diziplinaz —edo hizkuntzaren sentiberatasun gehiegi ez dutelako— erabiltzen dutela… Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko Batzordeak noranzko erabiltzea proposatu du, idazleek oro har eta —norantza-ren erabiltzaileek bereziki— lasaitu ederra hartuko dutelakoan aldaketarekin.

Denborak ematen digun perspektibatik begiratuta, Sarasolaren argudio linguistikoari hutsaren hurrengoa deritzot, zergati eta norantza ez baitira izen modura erabiltzen diren galdetzaileak, izenak baizik. Aurreko mendearen erdialdean jadanik Guilbert-ek[2] deskribatu zituen neologia edo hiztegi-sorkuntzarako bideetako bat da «konbertsio edo bihurketa». «Bihurketa» deritzo forma aldatu gabe hiztegi-elementu baten gramatika-kategoria aldatzen duen prozesuari. Horrela azal daiteke, adibidez, eduki eta ebaki hiztegi-elementuek aditz eta izen kategorietako sarrerak izatea, eta horrela azal daiteke baita zergati(k) eta norantz(a) hiztegi-elementuek galdetzaile eta izen kategoriako sarrerak edukitzea ere. Bihurketa da, hain zuzen ere, hizkuntzek duten hiztegi-sorkuntzarako biderik ekonomikoena, dituzten hiztegi-elementuen forman aldaketa handirik egin gabe kontzeptu berriak adierazteko elementu berriak lortzen baitituzte. Ingelesak erraztasun handia du horrelako bihurketak egiteko eta, hain zuzen ere, miretsi ohi den «berezitasuna» da hori.

Baina, bestelako zerbait al dakigu, zenbait hamarkada beranduago, Sarasolak aipatzen zuen Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko Batzordearen erabakiaz? Hiztegi Batu Oinarridunera jo eta «norantza*e. noranzko» sarreraren barruan dagoen informazioan klik eginda, hauxe irakur daiteke, besteak beste:

Lantaldearen irizpideak

ERATORRI-KONPOSATU BAZTERTZEKOA DA, OSAERA OKERREKOA DENEZ

osaera okerrekoa da: -rantz kasu-marka ez da izengilea; egokiagoa da noranzko, -ko izengilea duena; eta hau proposatuko du batzordeak, kontu eginik erabiltzaile jakinak izango direla, eta posible dela aldaketa.

Berriro ere, argudio linguistikoa okerra dela esango nuke, hitz horren azpian dagoena ez baita –rantz atzizkiaren izaera, bihurketa prozesu bat baizik. Gainera, –ko ez da atzizki izengilea, noranzko hitzaren kasuan: -ko postposizioa da, izenlagunak sortzen dituena (noranzko bidea esate baterako), ez izenak. Beraz, bihurketa prozesu bat behar da horren kasuan ere izena lortzeko, hori bai, adizlagun modura jokatzen duen galdetzaileari izenlagun modura jokatzeko aukera ematen dion –ko postposizioa gaineratu ostean. Hartara, prozesu korapilatsuagoa behar da norantza hitzarenean baino.

Baina, nola islatu da norantz(a) sarrera Euskaltzaindiaren Hiztegian?

norantz adlg. (Galdetzailea). Zer alderantz? Norantz zihoan? // Norantz ari garen jakiteko.

norantza iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, norantza-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. noranzko].

Euskaltzaindiaren Hiztegiak ez die erreferentziarik egiten irizpide linguistikoei, erabilerari baizik, alegia, irizpide soziolinguistiko bati. Ez dakit zer erabilera-datu hartu dituen oinarritzat Euskaltzaindiak argudio soziolinguistiko hori emateko, baina garbi dagoena da Sarasolaren iritziak eta Hiztegi Batuaren erabakiak eragina izango zutela idazle, zuzentzaile eta hiztegigileengan, eta etengabe zuzendu eta autozuzenduko zela norantza testu asko eta askotan, azken hiru hamarkada hauetan. Erabilera baldintzatuaz ari gara, beraz, ez erabilera aske edo espontaneoaz.

Sarasolaren argudioa berrirakurri nuenean, pentsatu nuen ni hizkuntzarekiko sentiberatasun handirik ez duten hiztunetakoa naizela, ahoskatzeko eta entzuteko askoz ere arinago egiten baitzait norantza, noranzko baino. Eta gaiaz idazten jarri naizenean, pentsatu dut: Egongo al da ni bezalako hiztun askorik? Desagertu al da erabilera idatzietatik —ahozkotik badakit ez dela desagertu— norantza? Zer puntutaraino desagertu da? Zalantzak argitzeko, corpusetara jo eta zenbait bilaketa egin ditut:

Igone2Zenbait ondorio atera daitezke datuetatik:

  • Mendeko Euskararen Corpus Estatistikoaren datuek erakusten dute Sarasolaren eta Hiztegi Batuaren Batzordearen interbentzioaren aurretik norantza baino ez zela erabiltzen: noranzko (hobeto esan, noruntzkoa) daukaten bi kasuek erabilera diskurtsiboen itxura daukate, lexikalizatutako izenena baino.
  • ZT corpusean ere, 1990-2002 tarteko zientzia-testuez osatuta dagoelarik, ikus daiteke tarte horretan oraindik norantza nagusi zela (% 77).
  • EPG (2000-2007 urteak) eta EPGD (2010-2015 urteak) alderatuta, agerian geratzen da antzeko ezaugarriak dituzten bi corpus horietan puntuak galtzen doala norantza, urteak aurrera joan ahala, % 37 izatetik % 11 izatera pasatu baita.
  • Are puntu gehiago galdu ditu norantzak Lexikoaren Behatokiaren Corpusean eta ETC corpusean. Bide batez, oso datu polita da hau, corpus bietan azaltzen baita ehuneko berean: % 8.
  • Unibertsitateko irakasleek eskolak emateko erabiltzen dituzten materialak biltzen dituen Garaterm corpusean, aldiz, norantza lemaren agerraldiak % 18 dira. Ez da oso proportzio handia, baina agerian uzten du kontrol linguistiko baxua duten testuetan oraindik ere baduela bere txokotxoa.
  • Azkenik, Web-corpusen Ataria dugu, zeinean norantza lemak agerraldien % 28 eman digun. Interneten dabiltzan testu asko eta asko kontrol linguistikorik gabekoak izateari zor zaio, seguruenik, proportzio altu hori.

Gogoetatxo honi bukaera emateko, nabarmendu nahi nuke erabileran ondo sustraitutako hizkuntza-elementu bati eragiten zaionean, ez dela erraza elementu hori guztiz desagerraraztea, behintzat, erabilera espontaneoetatik eta, bestalde, erabileran sustraitutako hiztegi-elementu bati zentzuzko arrazoi linguistikorik gabe eragiten zaionean, denbora aurrera joan ahala, azalpenik gabe geratzen garela konbentzitu nahi (/behar) ditugunean ikasle, irakasle edo hiztunak, oro har, estigmatizatutako elementua zuzentzeko edota ez erabiltzeko.

[1] SARASOLA, Ibon (1997) Euskara Batuaren Ajeak. Alberdania: 147-148

[2] GUILBERT, Louis (1965) La créativité lexical. Paris: Larouse: 55-104