Arkatz gorria

Garikoitz Knörr de Santiago

Behin baino gehiagotan entzun-irakurri dut euskaldun bakoitzaren barruan badela euskaltzain txiki bat, besteren akatsak seinalatzeko prest beti. Twitterreko #euzkaras eta #zazpikia traolei begiratu bat emanez ikus daitekeen bezala, ez dira gutxi jendaurreko testuetan (iragarki, bide-seinale eta abarretan) lerratzen diren hanka-sartze txikiak eta ez hain txikiak.

Horren erakusgarri, duela egun batzuk sare sozialetan bolo-bolo zabaldu zen Behobia-San Sebastián lasterketaren berri ematen zuen afixa, honela baitzioen euskarazko bertsioak:

Grina, ahalegin eta dulantziz beteriko 20 kilometroko froga paregabea.

Ohar bedi «dulantzi» hitzaren erabilera, gaztelaniazko «alegría»ren ordain. Zinez bitxia. Izan ere, mota horretako itzulpen-hutsegiteak ez ohi dira bakarka ageri. Alegia, bestelako ortografia-, joskera- edo lexiko-akats batzuk lagun dituztela etorri ohi zaizkigu. Eta, oro har, aski euskara txukuna ageri du euskarazko bertsioak.[1] Hortaz, zaila da irudikatzea zerk eragin ote zuen huts hori, zerk bultzatu zuen gure itzultzaile itxuraz trebea hitz hori aukeratzera.[2] Edozein kasutan, egokia da salaketa, eta beharrezkoa.

Noizean behin, hala ere, gehiegi zorrozten dugu uneoro gainean daramagun zuzentzaile-arkatz gorria, eta hala gertatu zen, duela aste batzuk, Hirinet webguneko Euskaran kale atalean agertu zen ustezko itzulpen-akats batekin. Erabiltzaile batek bi argazki bidali zituen, afixa elebidun banarenak, Galdakaoko ospitalean hartuak omen.

Lehenengoan, «Ate gidariduna» irakurtzen zen, gaztelaniazko «Puerta corredera»ren ordain. Ez da kontu berria: gaztelaniazko hitza guztiz arrunta begitantzen zaigun arren, haren euskarazko baliokide txukunak, bat-batean, alarma guztiak pizten dizkigu. Besteak, berriz, hauxe zioen: «Ura eskuak txorrotaren azpian jarrita irteten da, ez dauka aginterik». Dirudienez, erabiltzaileari deigarria iruditu zitzaion «aginte» hitzaren erabilera guztiz zuzen hura.

Halakoek sutan jartzen naute, itzulpen (benetan) traketsek baino gehiago, edo bezainbeste behintzat bai. Zernahi gisaz, badakit —badakigu— zenbat lan, zenbat gogoeta eta —gehituko nuke— zenbat beldur dagoen termino batzuk aukeratu eta tekleatu aurretik: «Ni ote naiz hitz hau hiztegietatik kanpo ekartzen (edo, are, inongo hiztegitan ageri ez den hitz hau erabiltzen) duen lehena?», «Ulertuko ote da?», «Huts egin dudala pentsatuko ote du inork?»…

Itzulpen-akats egiazko zein ustezko berri horien aitzakiarekin, aspalditik buruan darabilzkidan galdera-gogoeta batzuk kanporatu nahi ditut hemen.

Zein da salaketen helburua?

Galdera horri erantzuteko, ziur aski psikologo baten laguntza beharko genuke. Izan ere, esango nuke salaketa horiek badutela halako punttu ilun-edo bat: salatzaileok ongi sentiarazten gaituzte, akats-egilearen gainetik jartzen gara, nolabait: gure egoa —eta EGA— indartzen dute.

Zer eragin dute salaketa horiek dena delako enpresa edo erakundearengan?

Honelako mezuren bat iritsi beharko litzaioke testuaren (afixa, idazkun, iragarki edo dena delakoaren) arduradunari: «Hurrengoan, jo ezazu itzultzaile profesional batengana». Hala ere, susmoa dut oso gutxitan gertatzen dela hori; ondorioz, hurrengoan ere hala moduzko itzulpen bat jarriko du jendaurrean, edo, are okerrago, ez du euskara erabiliko, berriro ere irrigarri ez gelditzearren.

Bestalde, uste dut tentuz jokatu behar dugula itzulpen-akatsak salatzerakoan. Gure artean (esan nahi baita, euskal hiztunon artean) gelditzen diren bitartean, ongi. Azken finean, irribarreño bat eragingo digute (batzuek kontrako efektua badute ere, negargura alegia). Bestela, gure euskal unibertsoaren mugez haraindi irteten direnean, eta publiko ez-euskalduneraino hedatzen, beldur naiz batzuek ez ote duten honelako zerbait ulertuko (edo ulerraraziko): «Euskaraz dena dago oker, horrenbeste diru euskara bultzatzeko-eta, eta alferrik, bistan da euskara hizkuntza akastuna dela berez, bla, bla, bla…».

Azkenik, eta esanak esan, modu baikorrean amaitu nahi nuke: hutsegite —barregarri zein penagarri, baina zorionez bakan— horiek guztiak gorabehera, argi dago gaur egungo euskararen kalitatea pozteko (ezen ez dulanzteko!) modukoa dela, eta itzulpen okerrak baino askoz ere ugariagoak direla, jakina, itzulpen egokiak, onak, finak. Hasiko ote gara, halakoak ere ikusarazteko, #euskaraona edo antzeko traol bat erabiltzen?

[1] Beharbada zuzenagoa zatekeen «Grinaz, ahaleginez eta dulantziz beteriko…», baina gai horri hurrengo batean helduko diot, beharbada.

[2] Angel Errok «mendeku txiki» bat ikusten du horren atzean; nahita eginiko oker maltzurra litzateke, haren ustez. Nik ere ez nuke hipotesi hori baztertuko: http://www.berria.eus/paperekoa/1740/019/001/2015-11-12/dulantziz.htm