Ifernuko borthak

Jose Ignacio Hualde

Churchgoers (Eliztarrak) izenburuko bere eleberrian, D. Kurtz-ek honako hitzak jartzen ditu predikari baten ahotan:

But the gates of Hell will not prevail. They will not prevail. They will not prevail, and that’s the promise of Jesus Christ. (Kurtz, Don. 2007, Churchgoers, Minneapolis, Cool of the Morning Press, 75 or.)

Pasarte llabur hau itzultzeko bi zailtasun ikusten ditut. Gurutze bi dauzka testuak bere laburrean. Hasteko, the gates of Hell ‘infernuko ateak’ dira, noski, baina zer dira infernuko ateak? Zer esan nahi du ez direla nagusituko horrekin?

Hitz hauekin predikariak Biblia aipatzen du zeharka, predikari amerikarrek askotan egiten duten bezala. San Mateoren ebanjelioaren hitzak —1611ko King James-en itzulpenaren arabera— ekartzen ditu entzuleen gogora. Hauxe da Bibliaren bertsoa bertsio honetan:

And I say also unto thee, That thou art Peter, and upon this rock I will build my church; and the gates of hell shall not prevail against it. (Mat. 16:18).

Leizarragak honelaxe itzuli zuen San Mateoren bertso hau:

Baina are nik erraiten drauat, ezen hi aizela Pierris, eta Harri hunen gainean edifikaturen dudala neure Eliza: eta ifernuko borthak etzaizkala hari garaithuren.

Haranederrek ere gordetzen du esapide iluna bere itzulpen ederrean:

Bada nik zuri erraten darotzut Piarres zarela eta harri horren gaiñean bastituko dudala ene Eliza eta ifernuko atheak ezin hari garaituko zaizkola.

Aldiz, Pedro Prudencio Hualde nire arbaso famatuak, Vulgatan agertzen diren portae inferi hitzen itzulpen literala eman ondoren, azalpena gehitzen du, honela korapiloa askatuaz bekatari erronkariarren onurako:

Eta nik erraiten daizud zu zrela Pedro eta arri konen gainian edifikaten duala ene Eliza; eta iburniko bortek edo poderak ez deila prebaleziten aren kontra.

Azkenik, Elizen arteko Bibliak “infernuko ateak” baztertzen ditu, argitasunaren mesedetan:

Eta nik hau diotsut: Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko.

Bibliaren zein euskarazko bertsio aukeratu goian emandako Don Kurtz-en pasartea itzultzeko? Esan bezala, eleberriko predikariak James Erregearen Biblia erabiltzen du bere predikuan: “The gates of Hell will not prevail” esaten du, XVII. mendeko James Erregearen itzulpenean agertzen den moduan (edo ia han bezala, aditz laguntzailea modernizatzen baitu) eta ez, adibidez, New International Version delakoak dakarren “the gates of Hades will not overcome it”. Nobelaren zatitxo hau euskaratzeko, Joana Erreginaren —hau da, Leizarragaren— bertsio garaikidean agertzen diren hitzak erabiltzea izango litzateke aukera bat. Ez dakit, hala ere, aukerarik onena izango litzatekeen. Hemen D. Kurtz-ek predikari amerikar baten hizkuntza erreala erakusten du, Estatu Batuetako eliza ebanjelikoetan James Erregearen Biblia baita erabiltzen dena, modu orokor batean. XVII. mende hasierako ingeles hizkuntza zaharkituak nolabaiteko kutsu sakratua ematen omen dio Bibliaren bertsio honi gaurko bekatari amerikarrentzat. Denok ezagutzen ditugun arrazoiengatik (“Paris bien vaut une messe”), Albreteko Joana Erreginaren Biblia, aldiz, ez da ezagunena gaurko euskaldun fededunen artean (ikus Iñigo Roque “Joanes Haraneder (I): Garbiki eta fidelki”, 31 eskutik 2013/05/07). Ziur asko irakurle euskaldunentzat —filologo trebe eta zaletu batzuk alde batera utzita— ifernuko borthak esapidea, Leizarragaren hitzak testura ekarriz, konnotazio argirik gabekoa eta guztiz iluna izango litzateke nobelaren kontestuan. Beharbada, Osaba Prudentziori jarraituz, onena izango litzateke “ateak” aipatzea eta aldi berean beste hitz batzuekin esanahia argitzea.

Pasarteak daukan bigarren arazoa larriagoa da. Testuan “will not prevail” hitz andana hiru aldiz agertzen zaigu jarraian, baina azpimarratze desberdinekin:

will not prevail. They will not prevail. They will not prevail.

Hau da benetako gurutzea. Hemen irekitzen dira “ifernuko borthak” pasartea itzuli nahi duenarentzat.

Honetan ere Kurtz-ek predikari baten hizkera erreala islatzen du zehatz-mehatz. Errepikapen hauek, prosodia aldatuz, maiz erabiltzen dira estilo honetan ingelesez, hizkuntza honek daukan azentuzko malgutasunaz baliatuz.

Ingelesez, ahozko jardueran, azentu nagusiaren kokagunea oso garrantzitsua denez ñabardura pragmatikoak adierazteko, batzuetan ahozko hizkuntzaren ezaugarri hau markatzen da idatziz tipografiaren bidez, gehienetan letra etzanez. Hona Dave Eggers-en, The Circle eleberritik (2013, New York: Vintage) atera dudan adibide pare bat (eleberri honetan askotan erabiltzen da azpimarratze prosodiko hau):

  •  You want me to read them to you? (131 or.)
  • What, you want me to tell them? (162 or.)

Bi adibideok oso antzekoak badira ere, galdegaia —euskal gramatikaren terminologia erabiliz— desberdina da. Lehendabizikoan want ‘nahi’ da galdegaia eta bigarrenean, aldiz, me ‘nik, neuk’.

Nola itzuli ingelesaren prosodia testuaren egileak markatzen duenean? Hau da eztabaidara ekarri nahiko nukeen auzia. Posible izango litzateke, noski, ingelesez azentuaren bidez adierazten diren xehetasun pragmatikoak albora uztea itzulpenean, honela esanahiaren parte bat galtzen bada ere (traduttore traditore). Baina nago itzultzaile jator batek ahaleginak egingo lituzkeela iturriko testuaren xehetasunak ez galtzeko. Ingelesez ez bezala, euskaraz —edo gazteaniaz— ez dago tradiziorik prosodia markatzeko idatziz; baina hitzordena ingelesez baino askeagoa denez, neurri batean erabil daiteke itzulpen lanetan. Gai honi lotuta, D. Bolinger-ek (1954)[1] honako korrespondentziak ikusi zituen espainolaren eta ingelesaren artean: suena el teléfono = the phone rings; el teléfono suena = the phone rings. Euskararen hitzordena eta prosodia desberdinak badira ere, uste dut konparaketa hau kontuan hartzekoa dela.

Badira beste baliabide batzuk ere euskaraz. Adibidez, you want me itzultzeko badirudi izenordain indartuen bidez adierazi daitekeela enfasizko ñabardura. Beharbada, goiko bi adibideak, hurrenez hurren, honela itzul litezke: ‘Benetan nahi duzu nik zuri irakurtzea?’ eta ‘Zer, haiei neuk esatea nahi duzu?’. Beste norbaitek itzulpen egokiagoak proposa ditzake, agian.

Agian ez litzateke ideia txarra euskaraz ere esaldiaren azentu nagusia letra etzanez adieraztea, ingelesez bezala, kasu markatuetan; adibidez, galdegaia aditzaren atzetik datorrenean (gai honetaz, ikus Juan Garzia “Galdegaia aditzaren atzean”, 31 eskutik, 2013/06/21) edo galdegaia baieztapena denean eta azentu nagusia aditzak daramanean: “Zure laguna etorri da gaur goizean” vs “Gaur goizean zure laguna etorri da” (marka berezirik gabe, laguna = galdegaia, azentu nagusiarekin) —noski “Gaur goizian zure laguna etorri egin da” hirugarren gauza bat da, hizkera batzuetan edo hiztun batzuentzat, behintzat.

Hasierako testuan, hala ere, azentu nagusiaren txandaketa tresna erretoriko bat da. Iruditzen zait kasu honetan beharbada egokiena dela hitz desberdinekin ideia bera errepikatzea. Litezkeen bi itzulpenekin bukatuko dut artikulua, testua berriro hona ekarri ondoren:

But the gates of Hell will not prevail. They will not prevail. They will not prevail, and that’s the promise of Jesus Christ.

  • Baina herioaren indarra ez da nagusituko, infernuko ateak ez dira garaile aterako; ez, infernuaren indarrak ez du irabaziko, eta hau da Jesukristoren agindua
  • Baina herioaren indarrak ez du menderatuko Eliza. Infernuko ateak ez zaizkio garaituko. Ez, ez zaizkio garaituko, eta hau da Jesukristoren agindua

Beste itzulpenik? (Badaezpada, argi utzi nahi dut ni ez naizela itzultzailea eta ez dudala nobela hau euskaratzeko asmorik. Ariketa bezala proposatzen dut).

[1] Bolinger, D. 1954. “English prosodic stress and Spanish sentence order”. Hispania 37: 152-156.