Erakunde II

Maite Imaz Leunda

Ekaineko ekarpenean azaldu nuen Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren administrazio instituzionala erakunde autonomoek (organismos autónomos) eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek (entes públicos de derecho privado) osatzen dutela, eta beraz, erreferentzia argiko administrazio instituzionala aipatzeko erakunde hitza nahikoa izan daitekeela.

Europar Batasunaren Administrazioaren kasuan, ordea, araudian instituzioak eta organoak aipatzen dira; zehaztasunez adierazten da, gainera, zer diren instituzio eta zer organo.

Botere nagusiak instituzioez baliatzen dira Europar Batasunaren balioak sustatzeko, haren interesak eta herritarren eta estatu kideen interesak defendatzeko eta politiken eta ekintzen koherentzia, eraginkortasuna eta jarraipena bermatzeko. Europar Batasunaren Tratatuaren Bertsio Kontsolidatuaren 13. artikuluan ageri dira Batasunaren instituzioak:

Europako Parlamentua

Europar Batasuna osatzen duten estatuetako herritarrek hautatutako ordezkariak biltzen dituen parlamentua. 1979tik aurrera, bost urtez behin hautatzen dira ordezkari horiek, eta estatu bakoitzaren biztanleriaren arabera banatzen da ordezkari-kopurua. Hauek dira eginkizun nagusiak: Europako Batzordea izendatzea; Batzordearen proposamenak aztertu eta, Kontseiluarekin batera, legegintza-prozesua aurrera eramatea; eta urteko aurrekontua onartzea.

es     Parlamento Europeo
fr
     Parlement européen
en
    European Parliament

Kontseilu Europarra

Europar Batasuneko estatuetako gobernuburuek edo estatuburuek eta Europako Batzordeko Lehendakaria biltzen dituen kontseilua, Batasunaren norabide politiko orokorrak definitzeko ardura duena.

es      Consejo Europeo
fr      Conseil européen
en     European Council

Europako Kontseilua

1949an Londresen sortutako nazioarteko erakundea, Europako Erkidegoak sortuko zituen mugimenduaren aitzindaria, kide guztien ondarea osatzen duten ideiak eta printzipioak gorde eta sustatzea helburu duena. Europako estatu ia guztiak biltzen ditu.

es     Consejo de Europa
fr     Conseil de l’Europe
en    Council of Europe

Europako Batzordea

Europar Batasunaren interesak, eta ez estatu kideenak, ordezkatzen dituen estatuz haraindiko organo betearazlea. Eskumen hauek ditu: Kontseiluak emandako eskumen betearazleak egikaritzea, Europar Batasuneko Zuzenbidea aplikatzen dela zaintzea eta Tratatuen arloan gomendioak egitea edo irizpenak ematea. Estatu kide bakoitzak komisario bana du.

es     Comisión Europea
fr     European Commission
en    Commission européenne

Europar Batasuneko Justizia Auzitegia
Sin. EBJA (4)

Europar Batasuneko zuzenbidea interpretatu eta aplikatzeko ardura duen Europar Batasuneko justizia-erakundea. Europar Batasuneko estatu bakoitzeko epaile bana du Justizia Auzitegiak, eta zortzi abokatu nagusiren eta idazkari baten laguntza du. Hiru modutara batu daiteke: saletan (hiru eta bost epaile), Sala Nagusian (hamahiru epaile), eta, estatutuak hala ezartzen duen kasuetan, osoko bilkuran (epaile guztiak). Lisboako Tratatua onartu aurretik, Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegia izena zuen. Luxenburgon du egoitza.

es    Tribunal de Justicia de la Unión Europea; TJUE
fr    Cour de justice de l’Union européenne; CJUE
en   Court of Justice of the European Union; CJUE

Europako Banku Zentrala (4)
Sin. EBZ (4)

Europar Batasuneko diru-erakunde zentrala; Banku Zentralen Europako Sistemak definitutako diru-politika erkidea aplikatzea eta prezioen egonkortasuna mantentzea ditu helburu nagusitzat. Gobernu Kontseilua eta Batzorde Betearazlea dira bertako organo artezkariak. 1999an sortua, Frankfurten du egoitza.

es     Banco Central Europeo; BCE
fr     Banque centrale européenne; BCE
en    European Central Bank; ECB

Kontu Auzitegia

Fiskalizazioa, edo Batasunaren kontuen kontrola egiten du. Estatu kide bakoitzeko herritar banak osatzen dute Kontu Auzitegia eta kideek independentzia osoz betetzen dituzte beren eginkizunak, Batasunaren interes orokorraren alde.

es     Tribunal de Cuentas
fr     Court of Auditors
en    Cour des Comptes

Instituzioez gain, organo aholku-emaileak ere badira; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren bertsio kontsolidatuaren 300-309 artikulu-bitartean daude jasota, eta hauek dira:

Europako Ekonomia eta Gizarte Komitea
Sin. EEGL (4)

Sektore ekonomiko eta sozialen interesak defendatzen dituzten 344 ordezkariz osatutako organo aholku-emailea. 1957an sortua, Bruselan du egoitza.

es      Comité Económico y Social Europeo; CESE
fr      Comité économique et social européen; CESE
en     European Economic and Social Committee; EESC

Eskualdeetako Komitea
Sin. EL (4)

Eskualdeetako eta toki-erakundeetako 344 ordezkariz osatutako organo aholku-emailea, hainbat arlotan kontsulta egin behar zaiona. 1992an sortua, Bruselan du egoitza.

es     Comité de las Regiones; CDR
fr     Comité des régions; CdR
en    Committee of the Regions; CoR

Europako Inbertsio Bankua (4)
Sin. EIB (4)

Europar Batasuneko finantza-erakunde nagusia, kohesio ekonomiko eta sozialaren bitartez Batasuneko lurraldean garapen orekatua bideratzea helburu duena. Ogasun-ministroek osatutako Gobernadoreen Kontseilua da organo nagusia. 1958an sortua, Luxenburgon du egoitza.

es     Banco Europeo de Inversiones; BEI
fr     Banque européenne d’investissement; BEI
en    European Investment Bank; EIB

Terminologia Batzordeak oraindik ez du Europako Tratatuen Hiztegia onartu, baina aipatu ditudan sarrera ia guztiak daude ikusgai Euskaltermen.

Nazioarteko kontuetan, honelakoak adierazteko erabiltzen da erakunde:

NATO

ESLE

NBE