Ondorio

Xabier Aristegieta Okiñena

Gaur egun, euskarazko testuetan bi esanahirekin erabiltzen da ondorio hitza. Bi esanahi horiek kidekoak baina ezberdinak izaki, ulergarritasunari mesede makala egiten dio bietarako hitz bera erabiltzeak.

Batetik, zerbaiten emaitza adierazteko erabiltzen da ondorio. Adibidez, gerraren ondorioak. Gaztelaniazko consecuencia.

Bestetik, giza adimenak bere ahaleginaren bidez aurkitzen (uste) duen emaitza adierazteko erabiltzen da ondorio, halaber. Gaztelaniaz, conclusión.

Hitz bera erabili ohi delako, ezin izango dugu jakin, esate baterako albiste baten izenburuan txostenaren ondorioak irakurtzen badugu, ea hor esplikatzen ote den zer konklusiotara iritsi den txostena, ala txostena egiteak/argitaratzeak/azaltzeak… zer erreakzio sortu dituen, adibidez, gizartean.

Era berean, auditoriaren ondorio, eraikitzeko lizentziaren ondorio, behin betiko/behin-behineko ondorioak, albo-ondorio edo bigarren mailako ondorio irakurtzen badugu, ez dugu jakingo beren horretan emaitza/efektu bati buruz ari diren, ala arrazoitze-ahalegin baten eskutik iritsitako konklusio bati buruz… non eta ez dugun EUSKALTERMera jotzen, kasuan-kasuan zertaz ari den informa gaitzan.

Ondorio hitzak esanahi-bitasunari eutsi behar badio, eta testuinguruari sorospenik eskatzekoak ez bagara, aditz batekin joan behar du: gauza bat da ondorioak izatea, eta beste bat, norbaitek ondorioak ateratzea.

Kurioski, ordea, Orotariko Euskal Hiztegia kontsultatuz ez da halako bitasunik hain argi ikusten: ondorio sarreran begiratzen baldin bada, ikusiko da jasotzen dituen adibideen zerrenda luzetik bakar batean datorrela konklusio esanahiarekin erabilia (Orain artekoetarik ateratzen dudan ondorioa hauxe litzateke: […].). Baina, horretan ere, bi ohargarri: adibidea Koldo Mitxelenarengandik hartua da –adibide modernoa da, beraz–, eta ondorio substantiboak atera aditza behar izan du bidaide, esanahi hori hartzeko.

Ondorio ez, baizik ondorioka sarrera kontsultatzen bada, orduan bai, por deducción, de forma razonada; en consecuencia adierazten digu, esanahi bakartzat, Orotariko Euskal Hiztegiak; baina, esan bezala, ez ondorio sarrera nagusian.

Euskaltzaindiaren Hiztegian, bestalde, adiera bakar batean nahaspilatuta iradokitzen dira hemen darabiltzagun bi esanahiak:

Ondorio 1 iz. Egite, egoera edo gertaera batetik berez segitzen den egite, egoera edo gertaera. Ik. ondore. Ekonomiarekiko aldakuntzek berehalako ondoriorik ez dute izaten beste zenbait mailatan. Berez datorren ondorioa. Horri darion ondorioa hauxe litzateke.

Eta, ondore kontsultatuta, artikulu honetan aztertzen ditugun bi esanahietatik bakarra aipatzen du: ondorio, emaitza gisa.

Hori bai: ondorioa(k) atera ere jasotzen du. Baina anbiguotasuna apurtzen duen atera aditzarekin batera, berriro ere.

Orain arteko guztia kontuan harturik, nik uste dut badagoela oinarririk ondorio hitza, bere horretan, soil-soilik emaitza edo efektu esanahirako gordetzeko.

Eta horrela jokatuz euskara ez dugu gaztelaniazko conclusión adierazteko hitzez zurtz uzten.

Batetik, badaukagu ondorioztatu aditza, zeinak, bere horretan eta beste ezein elementuren laguntzarik gabe, ondorio gisa atera esan nahi baitu, Euskaltzaindiaren Hiztegiak berak dioenez. Hortik abiatuta, urrats ñimiño bat besterik ez dago ondorioztapen sortzeko, jatortasun osoz. Halatan, auditoriaren ondorioak eta auditoriaren ondorioztapenak bezalako bereizketa garbia eta gardena izango genuke eta daukagu, eduki ere.

Zer esanik ez, konklusio hitza ere hortxe daukagu: ondorioak alde batetik, eta konklusioak bestetik.

Baina irudipena dut Euskaltzaindia ez dela konklusiorekin oso argi ibili. Ezen, bai Hiztegi Batuan eta bai Euskaltzaindiaren Hiztegian, hitz hori begiratuta hauxe dio:

konklusio iz. Ondorioa.

Horrela jokatuz, hemen proposatzen dugun bereizketa agerrarazteko aukera galdu du Euskaltzaindiak. Eta, gainera, dirudienez, ondorioren esanahi guzti-guztiak esleitzen dizkio konklusiori, halako moldez non, esate baterako, ardoa edatearen konklusioak eta ardoa edatearen ondorioak gauza bera liratekeen. In vino veritas? Auskalo. Baina ezin uka horrelako erabakiek… ondorioak izaten dituztela.

2 Replies to “Ondorio”

  1. “Ezin uka horrelako erabakiek… ondorioak izaten dituztela.” Edo beste modu baten esanda, “horrelako erabakiek atzeak ekartzen dituztela”.

    Sinonimoen hiztegiek ez dakarte “atze” ondorioren sinonimotzat. Orotariko Euskal Hiztegiak, ordea, “resultado, consecuencia”, baina mendebaldeko euskeratzat dakar.

    Testuingurutik kanpo, “ardoa edatearen atzeak” zalantza gitxiago eragiten dauela uste dot “ardoa edatearen ondorioak” baino .

    Ondorio hitzaren esanahi bien bereizketa garbia egitea ondo egon leitike. Baita berbearen larreko erabilpena ekiditzea bere.

    Atsegin dut

  2. Idazleak kontatzen duen hau ez da kontu berria izaten euskaran. Alderatu aditza kasu: “acercarse, aproximarse” esan nahi du Elhuyar Hiztegiaren arabera. Baita “apartarse, acercarse” bizkaieraz ere. Hau da, bata eta kontrakoa esan dezake.
    Hitz batzuekin ere, ia berdina jasotzen zaio euskarari: “agian”, “ahalketu” esatebaterako, nafarreraz esanahi bat du, eta batuan beste esanahi bat.
    Nire ustez, euskara, izatez, nahiko zaila da, gainera, horrelako “arazoak” txertatzen badiogu, askoz zailagoa.
    Eta beste kontu bat esango nuke: euskera erraza eta simpleago erabili beharrean, zenbat eta aditz eta hitzak ezezagunagoak erabili, orduan eta jasoago da testua uste dute batzuek.
    Baina nire ustez, jokaera horrek eragiten duena da euskaraz diren web-guneak ez erabiltzea, ulergaitza delako, euskara jantziak besterik es direnak irakur dezakete. Zenbait aldizkaritan mundo guztia irakurtzeko gai izan dadin beharrean, testuak ulergaitza izan daitezela dirudi.
    Niri behintzat, hori gertatu zait. Berriako zenbait berriei utzi behar izan ditut, ulertzeko kapaz ez naizelako.
    Barkatu akatsen bat egitearren, euskara ikasle naiz eta.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina