Euskaldun mesfidatiaren sindromea

Aitor Blanco Leoz

Aurreko batean, aparkatzeko toki baten bila auzoan bueltaka nenbilelarik, seinale berri honekin egin nuen topo etxe ondoko orube batean:

Beste askotan bezala, euskarazko testua irakurri nuen lehenbizi, goian zegoelako ―Iruñeko Udalaren ordenantzak ezartzen duenari jarraikiz― baina, batik bat, militantziagatik, euskararen aldeko borrokak ez baitu zentzurik gero testu elebidunak erdaraz irakurtzen baditugu. Eta a zer poza hartu nuen euskaraz mezua txukun eta sintaxi bikainean idatzia zegoela ikustean!

Nolanahi ere, deformazio profesionalagatik seguruena, gaztelaniazko testua ere irakurri nuen jarraian, eta orduan hartu nuen zaputza: bi testuek ez zuten zehazki gauza bera adierazten. Ni 10. sektorean bizi naiz, baina ez seinalean aipatzen diren kale horietakoren batean, eta, beraz, gaztelaniazko mezuaren arabera, ez dut eskubiderik orube horretan aparkatzeko; bai, ordea, euskarazko mezuaren arabera.

Orduan, zer? Erdaldun elebakar (zibiko) batek argi izanen luke: “ezin dut hemen aparkatu; banoa beste norabait”. Baina, nire kasuan, zilegi nuen autoa hor utzi eta, zoritxarrez isuna jarriko balidate, euskarazko testuari lotuta justifikatzea baietz, banuela horretarako eskubidea. Jakina, horrek buruhauste burokratikoren bat ekarriko lidake, tramite administratibo bat edo beste eta, nola ez, denbora-inbertsio ederra, baina arrazoia eman beharko lidakete azkenean.

Eta, hala eta guztiz ere, senak eta esperientziak esaten didate euskarazko testua gaztelaniazkoaren itzulpena dela, eta, hortaz, oso litekeena da 10. sektoreko egoiliar-txartela dugun baina kale horietan bizi ez garen auzokoek ez izatea orube horretan aparkatzeko eskubiderik.

Azkenean, mesfidati, beste norabait joan nintzen aparkatzera, erdaldun elebakar (zibiko) baten moduan, badaezpada ere.

Euskara, galegoaren eta katalanaren ispiluan

Kike Amonarriz Gorria

Berriki, Galiziako eta Kataluniako hizkuntzen egoerari buruzko datu eguneratuak eskaini dizkiguten bi ikerketen berri izan dugu. Biek, kezka eta alarma sortu dute bertoko hizkuntzen alde ari diren erakundeen eta herritarren artean. Merezi du, beraz, datu horiek zer egoera marrazten duten eta euskararekiko zer nolako antzekotasunak edo desberdintasunak agertzen dituzten aztertzea. Artikulu honetan ez dugu gaia sakon jorratzeko aukerarik izango, baina, inpresio nagusi batzuk partekatuko ditugu.

Abiapuntuko desberdintasunak

Hasteko, hizkuntza hauek ondo hitz egiteko gai diren herritarren portzentajeak eta izan duten bilakaera konparatuko ditugu.

Kataluniako 15 urtetik gorako herritarren datuak bost urtez behin lantzen dituen Enquesta d’Usos Lingüístics de la Població (EULP) inkestaren arabera, 2003an katalanez ondo hitz egiten zekitenak % 82 ziren, eta 2023an % 80 dira.

Galegoaren kasuan, bost urtez behin egiten da Enquisa estructural a fogares inkesta, eta 5 urtetik gorako herritarren datuak biltzen ditu. 2003an galegoz zekitenak % 81 ziren, eta 2023an % 65 dira.

Euskal Herriko euskararen ezagutza murritzagoa da, baina, beste bi nazioen aldean, datuek goranzko joera erakusten dute. 16 urtetik gorako biztanleen informazioa ematen duten Inkesta Soziolinguistikoen arabera, euskaldunak 2001ean % 25 ginen eta 2021ean % 30.

Erabilera behera Galizian eta Katalunian, impassean gurean

Galegoz hitz egiten dakitenen ehunekoak gutxitu egiten dira adinean behera egiten dugun neurrian. Ondo hitz egiten gehien dakitenak 65 urtetik gorakoak dira (% 51), eta gutxien dakitenak 5-14 urteko haurrak (% 27). Harrigarria da 15-29 urteko gazteen adin-taldearekin konparatuta (% 55) haurren artean nozitu den galera. Mende honetan zehar, gainera, ezagutza portzentajeak murrizten joan dira adin guztietan, neurketa guztietan gehien dakitenak adinekoenak izanik eta gutxien dakitenak haurrak eta gazteak.

Erabilerari dagokionez, galegoa da hiru hizkuntzen artean gehien erabiltzen dena. Bertoko agintariek maiz errepikatzen dute datu hau. Baina alarma guztiak piztu dituen datu bat jarri du agerian inkestak: Galiziaren historian lehen aldiz gutxiengoa dira beti galegoz edo galegoz gaztelaniaz baino gehiago egiten dutenak; % 46 (2013an % 51,5). Gaztelaniaz beti edo gehiago egiten dutenak, aldiz, % 54 dira.

Kataluniako datuak otsailean kaleratu berri dira eta denen artean lerroburu asko eragin dituen hau nabarmendu da: katalana ohiko hizkuntza dutenak ez dira herenera iristen (% 32,6). 2018an % 36 ziren, eta duela hogei urteko datuekin alderatuta hamalau puntu galdu dira. Datuak adinaren arabera irakurriz gero, bestalde, katalana ohiko hizkuntzatzat gehien dutenak 65 urtetik gorakoak dira (% 41). Ondoren datoz, 45-64 urte bitartekoak (% 34), eta gutxien darabiltenak 30-44 urte bitartekoak dira (% 26), 15-29 urte bitartekoetan ohiko hizkuntzatzat dutenen portzentajea hobetu egiten delarik: %29.

Galizian eta Katalunian behera doan eta gurean, oso mantso bada ere, goraka doan datu bat erabilera trinkoarena da, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen duten herritarrena, 1991n % 14 ziren eta 2021ean % 17,5.

Bestalde, Soziolinguistika Klusterrak bost urtez behin argitaratzen dituen Euskal Herriko kaleko erabileraren datu orokorrei erreparatzen badiegu, oso aldaketa gutxi izan dituen lerro ia zuzen batekin egingo dugu topo: 1989ko % 10,8tik abiatu, 2001ean goia jo % 13,3rekin, 2016an % 12,6ra jaitsi eta 2021ean % 12,6an mantendu. Igoera motel batetik, jaitsiera motel batera, azken neurketan ehunekoari eutsiz. Impasse moduko bat erakusten dute datuek. Galiziako eta Kataluniako daturik ez dugu, ez dutelako horrelako neurketarik egiten.

Haur eta gazteen bilakaera positiboagoa Euskal Herrian

Galiziarekiko eta Kataluniarekiko alderik handiena adin-taldekako bilakaerari dagokiona da.

Gurean, zenbat eta gazteago, orduan eta euskararen ezagutza handiagoa: 65 urtetik gorakoen artean euskaldunak % 20 diren bitartean, 16-24 urte bitarteko gazteen artean % 58 dira. 1991n, aldiz, euskaldunenak adinekoenak ziren (% 28,5) eta erdaldunenak 35-49 urtekoak. Orduan, baina, adinekoak alde batera utzita, beste adin-talde guztien artean oso alde txikia zegoen ezagutzari zegokionez: guztiak % 19-23 artean zebiltzan.

Erabilera trinkoari dagokionez ere, irabazirik nabarmenenak, Galizian eta Katalunian ez bezala, gazteenen artean gertatu dira. Inkesta Soziolinguistikoen arabera, 50etik gorakoen artean euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen duten herritarren proportzioak gutxitu egin dira (adinekoen artean % 21, 1991n eta % 14, 2021ean), eta aldiz 16-24 urte bitartekoen artean bikoiztu baino gehiago: % 11, 1991n eta % 25, 2021ean.

Kaleko erabilerari dagokionez ere, datu orokorretan impasseaikusi badugu ere, adin-multzoei erreparatuz gero, ez Katalunian, eta are gutxiago Galizian, ikusten den bilakaera nabarmen eta positibo bat ikusiko dugu: 1989tik hona haurrak izan dira beti kalean euskara gehien erabili dutenak. 1989an bigarren multzorik euskaldunena adinekoena zen, eta erdaldunena gazteena. 2021ean, aldiz, bigarren euskaldunena gazteena zen, eta erdaldunena adinekoena.

Amaitzeko, datu deigarri bat: gazteen ohiko erabilera-hizkuntzari dagokionez, hiru hizkuntzen datuak parekatu egin dira. Galegoz beti edo gaztelaniaz baino gehiago egiten duten gazteak (15-29 urte) gaur egun % 28 dira. Katalana ohiko erabilera-hizkuntzatzat duten 18-25 urte bitarteko gazteak % 25. Eta inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskara gaztelania adina edo gehiago egiten duten 16-24 urteko gazteak % 25 dira Euskal Herrian (% 33,5 EAEn).

Euskal komunitatearen egiturazko egoera beste biena baino ahulagoa izan arren, ikusten ari garenez, azken urteotan bilakaera gurean positiboagoa izan da. Badirudi, beraz, beste biak gaztelaniatik gertuago dauden hizkuntza erromanikoak izatea ez dela faktore esanguratsu gertatu.

Faktore asko daude bilakaera desberdin hauen atzean. Abiapuntuak, gizarte-egoerak eta bilakaerak oso desberdinak izan dira. Horiek guztiak aintzat harturik ere, iruditzen zait, datu hauek euskal gizartearen lorpen ikaragarriak direla. Nahiz eta, beste bi komunitateetan gertatzen ari dena ikusita, egoeraren zaurgarritasuna ere agerikoa den.

Aurrera begira

Abiapuntu, egoera eta bilakaera soziolinguistikoak desberdinak izan arren, hiru hizkuntza-komunitateak bultzada sendo baten beharrean gaude, gure hizkuntzen etorkizun normalizatua bermatze aldera. Larrialdia, impassea, egoera dramatikoa, bidegurutzea… bezalako hitzak ari gara erabiltzen hiru komunitateotan gure egoerak deskribatzeko, eta jauzia, indarraldia, politika sendoak edo injekzioa bezalako kontzeptuak aurrera begiratzerakoan.

Etorkizunera begira erronka bertsuak ditugu gure hiru nazioetan: hizkuntza politikak indartzea, aktibazio eta atxikimendu soziala areagotzea, legezko babes eta eskumen sendoagoak eskuratzea, adimen artifiziala, ikus-entzunezkoak, mugimendu sozio-demografikoak eta jaiotze-tasak, diskurtso eta dinamika sozio-politiko homogeneizatzaileak…

Horiei erantzuteko hizkuntza politiketan jauzia eman eta indarraldi bati ekin beharra argi ikusten dugu guztiok. Eta, uste dut, bai erakundeetatik, nola mugimendu sozialetatik, estatu mailako eta nazioarteko estrategia koordinatuagoak bideratzea ere guztiz onuragarria izango zaigula.

Irabaziak eta galerak

Isabel Etxeberria Ramírez

Gurasoak erdaldunak ditut. Anaiak eta ni euskaldunak gara. Gaur egungo milaka euskal hiztun bezala, eskolan euskaldundu ginen hirurak. Gure kasuan, ez ikastola batean, euskalduntzeari dagokionez garai hartan ohikoa zen bezala, baizik eta ikastetxe erlijioso batean, Donostian, nire jaiolekuan. Nire hizkuntza-autobiografia mentalki errepasatu, eta konplexuen eta ahalduntzeen segida bat gailentzen da.

Lehen Hezkuntza (OHO-EGB) B ereduan egin nuen, erdaldunak nagusi ginen ikastalde batean. Kontuak gaizki ateratzen ez bazaizkit, 10-15 izango ziren etxetik euskara zekartenak 80 haur inguruk osatutako 1975eko kinta hartan. Esan beharrik ez dago euskara guretzat irakasleekin hitz egiteko tresna baino ez zela garai hartan, topiko guztiekin bat eginez, eta “itxegin” ere hala moduz hitz egiten genuela. Txepetxen motibazioa-erabilera-ezagutza hartatik, ezagutzak eman zion hasiera nire ibilbideari, nik hala ez eskatu ez erabaki gabe, eta motibazioa agertu zen handik gutxira, oso modu lausoan bada ere. Ez dut gogoan irakasleek euskara maita genezan sermoirik botatzen zigutenik, baina bai “Txoria txori”, “Bizkaia maite” edo “Euskal Herrian euskaraz” jarri eta ikasarazten zigutela, eta guk, edo nik bai behintzat, halako emozio estetiko bat sentitzen nuela kanta haiek entzutean, sumarazten zidana bazela hor nonbait mundu oso bat, niretzat ezezaguna, erakargarria zitzaidana eta neure egin nahi nuena.

Lehen lilura hark bazuen lotsatik ere, noski. Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala liburuko pasarte batean bezalaxe, badut nik halako oroitzapen lauso bat, nola amak akuilatuta aitonarekin bizpahiru esaldi trukatu nituen inoiz euskaraz ―lau aiton-amonen artean euskaldun bakarra―, eta zer frustragarriak gertatu zitzaizkidan inkomunikazio une haiek. Erraz irudika dezaket orain Mugiroko gizon gogor haren harridura deseroso baina aldi berean ―pentsatu nahi dut― harrotasun puntu batez zipriztindua, biloba berarenetik hain urrun zegoen euskara trakets hartan lotsa-lotsa eginda mintzatzen entzutean.

BUPen nabarmen aldatzen zen gelako paisaia soziolinguistikoa gure ikastetxean. Ordura arte nagusiki Donostiako Loiola, Martutene eta Amara auzoetako haurrez betetako ikasgela haietara, ama hizkuntza euskara zuten gaztetxoak iritsi ohi ziren batxilergoa egitera, Astigarraga, Andoain, Oiartzun eta Hondarribitik, besteak beste. Gure ikaskide berriek “ona do” eta “bakizu ze?” esaten zuten, eta euskaraz mintzo ziren euren artean, natural. Guretzat mundu berri bati begiak zabaltzea izan zen hura. Esan nahiko nuke Txepetxen triadako hirugarrena, erabilera, orduan iritsi zela nire bizitzara, baina gezurretan arituko nintzateke. Ez dut gogoan gu, erdaldunok, lagunartean euskaraz egiten hasi ginenik garai hartan. Bestela esanda, Andoaingo, Oiartzungo eta Hondarribiko gure lagun berri haiek erdarara pasatzen ziren gurekin hitz egiteko. Horratx ifrentzua.

Denbora luzez konplexuz beteta bizi izan nuen nire erdipurdikotasun linguistikoa, eta lotsatu egiten ninduen nire pedigri falta agerian geratzeak. Nire ikaskide euskaldunen mundu erreferentziala ezezaguna zitzaidan: nik ez nuen anaia zaharragoen zintetan Hertzainak entzuten, eta sekula joan gabea nintzen Kilometroak-era, are gutxiago Herri Urratsera edo Durangoko Azokara. Aurrerago, jada unibertsitatean, Euskal Filologiako nire ikaskideen arteko solasaldiren batean euskaldunok hain gustuko ditugun erakustaldi dialektal horietako bat sortzen zenean ―“gure etxean di-da esaten da”, “a, ba gurean ti-ta”, “gurean betidanik di-dau”…― niri mahai azpian ezkutatzeko gogoa sartzen zitzaidan. Eta ondo grabatua dut oroimenean zeinen ezdeusa sentitu nintzen Ahozko Literatura ikasgaiko eskola batean, bertsolarien artean ahotsak zer funtzio jokatzen duen ilustratu nahian Joan Mari Lekuona “Egañak honela” eta “Lizasok honela” bata eta bestea imitatzen hasi zenean eta nire inguruan ikaskide guztiak dibertiturik buruarekin baiezkoa egiten sumatu nituenean; nik, noski, justu-justuan bainekien bertsolariak zirela, eta ez besterik.

Gaur egun euskaraz bizi naiz. Euskaldunberri/euskaldunzahar etiketak aspaldi samar ahaztu nituen, eta konplexu gutxi dut jada (horretan adinak ere lagunduko zuen ziurrenik). Euskal Filologia bukatuta, euskarari lotuak izan dira eduki ditudan ia lan guztiak, irakaskuntzan, itzulpengintzan zein liburugintzan. UEMAn dagoen udalerri batean bizi naiz, azken urte hauetan asko erdaldundu den arren Donostia nire jaioterria baino euskaldunagoa den herri batean. Bikotekide bizkaitarra dut, arnasgunetzat jotzen den herri batekoa, eta gure bi semeek, nik ez bezala, euskara eta euskal mundua jaso dute etxean zuzenean. Gure etxeko hizkuntza euskara da. Nola aldatu diren gauzak, kamarada.

Edo beharbada ez horrenbeste. Gure bi semeak erdarara pasatzen dira etxetik euskara ez dakarten beren lagunekin ari direnean, eta tarteka baita beraien artean ere. Horretaz idatzi nuen duela urtebete pasatxo, blog honetan bertan, nik espero baino erreakzio handiagoa sorrarazi zuen artikulu batean ―norberaren ahuleziak aitortzea bezalakorik ez dago arrakalarik gabeko bizitzak dituztenen aholkuen iman bihurtzeko―. Batzuek hala ulertu ez bazuten ere, kezkatu eta amorratu egiten nauen kontua delako idatzi nuen testu hura, noski, inork ez baititu bere bizitzako ordutxo batzuk ematen munta gutxikoa iruditzen zaion gai bati buruzko ideiak buruan antolatzen eta paperean jartzen (ez naiz oraindik hedonismoari emanda bizi, baina alferreko masokismoa behintzat nahiko kontrolpean dut aspalditxotik).

Eta, hala ere, aitortu behar dut semeak noiz edo noiz gazteleraz mintzo direla-eta edo bizi naizen herria oso denbora gutxian nabarmen erdalduntzen ari dela-eta arranguratzen naizenean/garenean, deabrutxo baten ahotsa entzuten dudala ezinbestean, belarrira ezti xuxurlatzen didana: “tira, erdaldunagoak zineten zu eta zure ingurua haien adinean”. Nire bizitzan dena izan baita irabaztea, euskarari dagokionez. Aho txikiarekin esaten dut esan berri dudana, ez baitut nahi inork ulertzea garrantzia kendu nahi diedala azken urte hauetako datuei. Baina ausartu nahi dut ikusarazten euskara ikasi dugunontzat ez dela erraza izaten batzuetan, edo niretzat behintzat ez dela erraza izaten, irabazi indibiduala eta galera kolektiboa bereiz mantentzea. Eta euskararen auzian kontzientziazioari eta aktibazioari dagokionez kontuan hartu beharreko faktore bat dela esango nuke. Euskara irabazi dugunok beharbada ez dugu berdin hautematen arriskua.

Betiko erronkei begirada berriak

Amaia Lersundi Pérez

Askotan tokatu izan zait nazioartean euskal hezkuntza sistemaz hitz egitea, eta normalean, Euskal Herriko egoera ezagutzen ez dutenei bitxia egiten zaie gure hezkuntza sisteman dugun egoera linguistikoa, eta batzuetan zaila ere egiten zaie ulertzea. EAEko derrigorrezko hezkuntzan eskolatze hizkuntza nagusia euskara da, eta ikasle guztiek hiru hizkuntza ikasi behar dituzte gutxienez: euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza bat, kasu gehienetan ingelesa izaten dena.

Beste toki askotan ez bezala, gure eskolatze hizkuntza nagusia hizkuntza gutxitua da, eta badakigunez, hizkuntza hegemoniko batekin diglosia egoeran bizi da. Horrek hainbat eszenatokiren aurrean jartzen gaitu. Batetik, etxeko hizkuntza euskara duten ikasleek haien lehenengo hizkuntzan egiten dute ikaste-prozesu osoa. Euskara lehenengo hizkuntza ez duten ikasleek, aldiz, murgiltze ereduan ikasten dute. Egoera horretan dauden ikasle batzuentzat euskara hizkuntza akademikoa edo eskolako hizkuntza besterik ez da, eskolaz kanpo tokirik ez duena. Hala ere, etxetik euskara ez dakarten beste ikasle batzuentzat murgiltze eredua arrakastatsua da, eta euskaraz bizitzera ere iristen dira.

Badaude beste herrialde batetik etortzen diren ikasleak ere, zeinentzat euskara eta gaztelania haien hirugarren eta laugarren hizkuntzak izan daitezkeen. Azken urteetan, Euskal Herriko hezkuntza sisteman, eta baita munduko beste herrialdeetako hezkuntza sistemetan ere, kultura eta hizkuntza aniztasunek nabarmen egin dute gora. Igoera hau are nabarmenagoa izango da datozen urteetan.

Orain arte, ez zaigu batere erraza egin curriculumeko hiru hizkuntzak modu koordinatu batean irakastea eta euskara ardatz duen eleaniztasuna praktikan jartzea. Gero eta gehiago dira eskoletan elkarrekin bizi diren hizkuntzak, eta gizarte benetan inklusibo eta eredugarria izan nahi badugu, hizkuntza horiek guztiak errespetatu eta kontuan hartu behar ditugu. Erronka potolo baten aurrean gaude, eta hezkuntza komunitate osoaren ardura da erronka horri behar bezala erantzutea.

Bide eta hausnarketa berriak irekitzeko garaia dela uste dut. Zer eta nola egingo dugu gure hezkuntza sisteman daukagun hizkuntza aniztasunari erantzuteko? Nola bermatuko dugu kulturartekotasuna geure kultura mantenduz eta zainduz? Nola indartu geure hizkuntza besteen hizkuntzak baztertu edo gutxietsi gabe?

Mila dira burura datozkidan galderak. Hasieran esan dut batzuetan nazioartean zaila egiten dela gure hezkuntza sisteman bizi dugun egoera linguistikoa ulertzea, baina barrutik ere ez da erraza teorikoki hain barneratuta ditugun zenbait ideia praktikara eramatea. Herrialde batzuek eredutzat dute Euskal Herria, baina guk ere badugu zer ikasi besteengandik; esaterako, ikasi beharko genuke hezkuntza komunitatean sortzen diren testuinguru eta errealitate eleaniztunetan nola jokatu, betiere, noski, euskarari kalterik egin gabe. Eskola batzuetan lan handia egiten ari dira bide honetan, eta azken urteotan elkarbizitzan asko laguntzen duten hainbat praktika on abiatu dituzte. Horiek bai eredugarriak!

Aurrez aurre, justizia

Asier Larrinaga Larrazabal

Orain dela egun batzuk, beste epai bat gehiago ezagutu dugu Administrazioan sartzeko ezarrita dauden hizkuntza-eskakizunen aurka, oraingo kasuan Bizkaiko Foru Aldundiaren lan-eskaintza publiko batekin lotuta. Argudioak euskal lurraldeetan diharduten auzitegiek erabili ohi dituztenak dira. Bi argudio dira, biak ala biak zeharo gezurrezkoak.

1. argudioa: «Euskara-eskakizunek gaztelania-hiztunak baztertzen dituzte». Irmoki ezeztatzen dut. Jakitea eta izatea ez dira gauza bera. Soldata publikoa duen langilea izateko euskara jakin dadin eskatzea da, inongo alderik gabe, matematika jakin dadin eskatzea bezalakoa, edo bularraldeko kirurgia jakin dadin, edo autoa gidatzen, edo kasuan-kasuan dagokiona. Euskara jakin ezean, nahikoa da ikasturte akademiko bat (9 hil) B2 maila erdiesteko. Euskara jakiteko eskakizuna ez da parekatu behar, ezelan ere, Barakaldon jaioa izateko baldintzarekin, ile-horia izateko baldintzarekin, ezkertia izateko baldintzarekin edo zeliakoa izateko baldintzarekin. Egoera hainbeste zitaldu da, ezen, Antsoainen oposizioetara aurkezten banaiz, ingelesa jakitea merezimendua izango baita, baina euskara jakitea bidegabekeria.

Funtzio publikoan lan egitea zerbitzu bat da, ez eskubide bat, eta pertsonarik prestatuenak hautatzea eskatzen du. Kontua ez da inor diskriminatzea bere izateagatik, baizik eta merituak aitortzea badauzkanari.

2. argudioa: «Administrazioak euskarazko zerbitzua eman dezan, ez da beharrezkoa plaza guztietan hizkuntza dakiten pertsonak aritzea». Errealitateak berak gezurtatzen du argudio hau. Lehenago edo geroago, Administraziora euskaraz jotzen duen euskaldunak bere bizipenen artean izango du zain geratu behar izatea (ordu erdi baino gehiago batzuetan) “indigena”rekin komunika daitekeen baten bat aurki dezaten arte. Hori bada diskriminazioa. Diskriminatu egiten naute, eta askoz tratu txarragoa eman, nire hizkuntza-eskubideak erabiltzen saiatzeagatik.

Eta arazo bakarra ez da ez dugula bigarren mailako arretarik nahi. Gure nahia bada, era berean, euskara ulergarri, kalitate oneko eta zainduan egotea formularioak, liburuxkak, legeak, gidaliburuak, iragarkiak eta Administrazioak helarazten dizkigun gainerako testu guztiak, idatziak zein ahozkoak. Hori lortzeko modu bakarra da administrazioak euskaraz funtzionatzea; nekez lortuko da administrazioari azken orduan gogora etorrita testua euskaratu egin behar dela argitaratu aurretik, berdin dio Google Translator bidez, nire lehengusuari eskatuz, «Bermeokoa baita», edo erakundeko itzultzailearen eguneko ekoizpen-kuotari gaineratuz.

Nolanahi ere den, arrazoizkoa iruditzen zait hizkuntza-eskakizuna duten plazen kopurua eta esleitutako eskakizun-mailak eurak esparru bakoitzeko errealitate soziolinguistikora egokitzea. Horixe bera exiji dakioke Justizia Administrazioari, ildo horretan ezer ere egin ez duena. Alderantziz, ez da arraroa justizia oldarkor agertzea euskararen aurka bere epaietan. Gogoan dut Gasteizko Administrazio-auzietarako Epaitegiak 2021ean emandako hura, honelako “perlak” jasotzen zituena: «Administrazioak ahaztu bide du euskarak bosgarren posizioa duela munduko hizkuntzarik zailenen artean (zerrenda batzuetan lehenengo ere agertzen da)».

Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak egindako adierazpenek, Teleberrin jasoak, berretsi egiten dute ez dagoela ez egitasmo ez borondate instituzionalik, eta pertsona bakoitzaren ekimenaren esku uzten dela dena. Euro bat jokatuko dut, Uriartek piztu dituen espektatiben aurka, ezetz egin 2025ean epaiketa bat ere oso-osorik euskaraz.

Konfiantza dut, ordea, euskal administrazioetako zerbitzu juridikoek jakingo dutela zelan indargabetu euskararen normalizazioaren aurkako mehatxu hau, zeina baita, azken batean, gure herriaren normalizazio sozialaren aurkako mehatxu bat.

Jatorrizkoa Deian argitaratua: https://www.deia.eus/opinion/columnistas/2025/01/21/justicia-hemos-topado-9178384.html

Amorrazio istorio bat

Uxue Rey Gorraiz

Jaiegunak astearen zer egunetan egokitzen diren, eta Iruñean betiere, esana da zubia bainoago akueduktua sortzen dutela abendu hasierako opor egunek. Bereziki halakoetan, kolpez desagertzen dira kazetariontzako deialdiak. Astebetez-edo, apenas izaten da deus agendan: ez prentsaurrekorik, ezta bestelako aurkezpenik ere. Eta, ondotik ere, ez pentsa, kostata jartzen da hiria berriz martxan ―zerbaitengatik da ezaguna esamolde hau: «Lan gutxiago egiten duzu iruindar batek abenduan baino!»―. Edonola ere, itzuli itzultzen da lanerako sasoia, jakina.

Espero bezala, ailegatu zaizu deialdi bat emailera. Egiari zor, ordurako eginak zenituen zenbait kalkulu, eta espero zenezakeen aste horretantxe deituko zutela prentsaurreko horretara. Eta, zertan ezkutatu: espero bezala, mezua erdara hutsez dago idatzia. Kurioski, aipagai duten egitasmoaren izena da euskarazko hitz bakar-bakarra emailean. Nafarroako Gobernuak antolatutako ekimena da.

Heldu da eguna, joan zara prentsaurrekora, puntual, eta pozik agurtu duzu aspaldi ikusi gabea zenuen lankide hura ―irrati kazetaria da bera―. «Nolatan zu hemen?», galdetu diozu harrituta, eta laster batean eman dizu aurreko hilabeteetan izandako aldaketen berri, eta kontatu kulturan arituko dela aurrerantzean, aldi baterako behintzat, zu bezalaxe.

Elkarren ondoan eseri zarete. Ziztuan, hurbildu zaizue eskuetan karpeta bat daukan gizona ―komunikazio arduraduna?―, eta, behin konprobatuta kazetariak zaretela, prentsa ohar bana eman dizue. Segidan, betiko moduan, diagonalean irakurri duzu entregatu berri dizun testua, eta, hara, ohartu zara jaso duzuna gaztelaniazko bertsioa dela. «Euskarazkoa emanen, faborez?», eskatu diozu, atsegin, eta, atseginez, edukazio handiz erantzun dizu hark ezetz. Sentitzen duela baina astirik ez dutela izan euskarazkoa inprimatzeko, baina bidaliko dizula emailez gero. «Ados».

Hasi da prentsaurrekoa. Hiru hizlari dira mikrofonoen parean, eta franko poztu zara erreparatu diozunean ertzetako batean eserita dagoenari. Haren aurpegiera ezaguna egin zaizu, eta oroitu duzu udan egitasmo berberak antolatutako agerraldi hartan zeure atzean izan zela eserita, eta ondotik izan zenuela halako hizketaldi atsegin bat harekin, eta euskaraz egin zenutela biek. Are gehiago: gogoratu duzu harexek nabarmendu zizula egitasmoaren aurtengo aldian partaide gehien-gehienak direla euskaldunak. Eta, pentsa zer inozokeria, baina orduan aski motibo sentitu dituzu zera esateko zeure kolkorako: «Prentsaurrekoa izan daiteke, bada, elebiduna».

«Egun on», ahoskatu ditu lehenbiziko hitzak Nafarroako Gobernuko ordezkariak, euskaraz, eta luze aritu da tartarrean erdaraz gero. Eta, gidalerroren batean idatzia balitz bezala, berdin-berdin egin dute besteek ere. Gaztelania hutsez egin dute agerraldia segidan, oso-osorik, ondotik jakin badugu ere hizlarietako bakarra ez, baizik eta bi direla euskaldunak. Hori gutxi balitz, bertan entzule ziren zenbait herritarri ere eman diete hitza, batera edo bestera badutelako loturarik egitasmoarekin, eta haien ahoetatik ere ez da atera euskarazko hitzik batere. Ohartarazpena: inork pentsa lezake areto hartan apenas zela euskaldunik; eta bazen, bai.

Pasea da kasik ordubete. Berez, prentsaurrekoa bukatu bezain laster egin nahi zenuke alde, lanak aurreratzen hasteko, baina, derrepentean, gogoratu duzu oraindik ondoan duzula irratiko lankidea, formal-formal. Eta, zuk agian ez duzu aparteko premiarik, moldatu zintezke horrela ere, baina nola demontre moldatuko da bera euskarazko hitzik grabatu gabe?

«¿Los periodistas tienen alguna pregunta?». Eta altxatu du eskua lankideak, argitzeko «euskaraz erantzuteko» galdera pare bat nahi liekeela egin. Ez zaituztet gehiegi nekatu nahi, laburbilduko dizuet ordutik aurrera gertatutakoa: hizlariek ederki eman zituzten kazetariak eskatutako esplikazioak, baina, egiari zor, haiek hizketan hasi eta berehala hasi nintzen ni zenbaiten urduritasuna sumatzen. Hona hemen errematea: bigarren galdera egiteko imintzioa egin zuen kazetariak, eta ordura arte ikusia ez nuen gizon bat hurbildu zen gugana ―arduraren bat bazuen―, bizi-bizi, eta hau esan zigun ahapeka ―horrela oroitzen dut behinik behin―: «Aizue, zergatik ez dizkiezue galdera horiek geroxeago egiten, banan-banan haiengana hurbilduta? Ez dakit komeni den orain prentsaurrekoa gehiago luzatzea, jendea zain izatea…».

Esanen nizueke ez nik ez nire lankideak ez genuela gogorik borrokarako. Horregatik eman genuela amore. Baina gauza bat da esandakoari men egitea eta beste bat horrez gain konforme plantak egitea. Horregatik, bai, gizon horrek «agindu» eta berehala bukatu zen ofizialki prentsaurrekoa, ordubeteko gaztelaniazko hizketaldiaren ondotik euskarak ez zezan enbarazurik egin. Baina esan nien, jakina. Esan nien ez zitzaidala normala iruditzen, batetik, gaztelania hutsean aritzea, are euskarazko hedabideetako kazetariak direnean aretoan. Bestalde, esan nien ―ezin izan nion gogoari eutsi― euskarazko prentsa oharrik inprimatzeko astirik ez edukitzea ere ez zitzaidala txukuna iruditzen. Haren erantzuna, hitzez hitz: «Gutxi daramazu ofizio honetan, ezta? Halako asko falta zaizkizu, neska!».

Funtsean, halako amorrazio batek bultzatutako kontakizuna da hau. Eta aitortuko dizuet nik ere badakidala ez dela hau kasu bakarra, eta, are gehiago, gizon horrek gogorarazi gabe ere badakit zientoka aldiz gertatuko zaidala aurrerantzean ere. Gainera, lehendik ere haserretu naiz halakoekin. Hori bai: euskararekiko utzikeriak haserretu egiten nau, baina harrokeriak… horrek sutan jartzen nau. Izatez, joan dira asteak ordutik, eta ez zait kostatzen onartzea biharamunean izan nintzela agerraldi hartan zenetako bati idaztekotan barkamena eskatzeko, akaso une batean zakar aritu nintzelako. Tira, azkenean ez nuen eman pausoa. Metxa laburrekoa naiz, baina haiek piztu zuten sua.

Eta hau guztia zertarako kontatu zuei? Bueno, behintzat bistara izan dadin euskarazko hedabideetako kazetariok izaten ditugun traben adibide bat gehiago. Gainera, hau berdin gertatzen da izan Iruñean, izan Donostian edo izan Bilbon ―badaezpada―.

Eta itzulpengintzari loturik, zer gehiago esan? Bada, kontatuko dizuet, euskarazko prentsa oharrik banatu ez zidatenez gero, eta presak estututa, hala moduzko itzulpen bat egin nuela egun hartan. Eta egunkariko zuzentzaileei esker plazaratu zela artikulua txukun gero. Haien laguntzarik gabe oraindik ere ez nekike Rada ez, baizik eta Arrada dela Nafarroako herriaren euskarazko deitura. Eta berdin Oteizarekin: Oteitza omen.

Izar berri bat piztutzera noa

Asier Larrinaga Larrazabal

Euskararen erabilerak kezka handia eragiten digu euskaltzaleoi. Euskal Herriko belaunaldi berriak, oro har, gero eta euskaldunago dira, gero eta gehiago direlako euskara dakitenak, eta dakiten euskara hori gero eta gehiagorako balia dezaketelako –etxean, kalean, ikastetxean zein lantokian–. Hala eta guzti, gero eta gutxiago entzuten diegu euskaraz. Egoerari buelta eman nahian, Euskaraldia eta beste zenbait ahalegin abiarazi dira. EITBn, eusle dinamika iruditu zaigu egitasmo egokia.

Esango nuke ekimen gehienon emaitzak ez direla nahi bezalakoak. Euskaraldiak, esate baterako, ez du lortu egoera apur bat ere aldatzea, eta hauspoa galdu du lehen ediziotik hona. Esperientzia arrakastatsuak ere badaude, ordea, eta horietako bat ekarri nahi dut lerro hauetara, hamarkada batzuk atzera eginda, 1960-1970eko urteetara eta lehenagora ere.

Esperientzia horren epizentroa Bilboko San Anton eliza izan zen –Bilboren armarrian agertzen den bera–, eta arima, Klaudio Gallastegi parrokoa. Gallastegiren babespean eta Iñaki Gallagaren bultzadaz, 1947an San Anton abesbatza sortu zen, urte hauetan guztietan euskal musika tradizionala eta berria zabaltzen ibili dena Euskal Herrian zein beste herrialde batzuetan. San Anton abesbatzaren lehen egoitza Salón Solocoeche izan zen, San Anton parrokiak Solokoetxe kalean zeukan ekitaldi-aretoa. 1952tik, egoitza Bizi Nai dantza-taldearekin partekatu zuen. Bizi Nai San Anton abesbatzako kide batzuen ekimenez sortu zen herri eta auzoetako jaiak zortzikoz eta jotaz alaitzeko, eta, honetan ere, ezinbestekoa izan zen Klaudio Gallastegiren laguntza.

1968an, San Antonen ibiltzen ziren guraso euskaltzale batzuek, Imanol Camara eta Alberto Larrinaga tartean, on Klaudiorengana jo zuten, euren seme-alabentzat euskarazko heziketa nahi zutela eta. On Klaudiok Santiago elizarena zen pisu bat lortu zien Bilboko Loteria kalean, eta han hasi ginen, erdi ezkutuan, ume-partida handitxo bat lehen berbak eta lehen abestiak euskaraz ikasten. Hurrengo urtean, Banco de España kaleko beste pisu batera aldatu ginen, eta, 1970-71 ikasturtean, Josune Cearrak eta beste batzuek sustaturiko proiektuarekin bat egin, eta Begoñazpi ikastola inauguratu genuen.

Banco de Españako ume gehienok San Antonen egiten genuen kristau-ikasbidea, euskaraz. Euskal Katekesi hura Jose Antonio Retolazak antolatu zuen 1966. urtean, on Klaudioren babespean, eta, luze gabe, katekesirako erabiltzen ziren San Antongo lokal haietan, beste “haur” bat sortu zen: Kili-Kili. Retolaza zuen aita –eta Gallastegi aita ponteko–, eta, urte askotan, Kili-Kili aldizkaria ume euskaldun askoren erreferentea izan zen gure irakurraldietan eta gure aisialdian.

San Antoneko haurrok koskortuz gindoazen, eta zerbait gehiago behar genuen astialdia betetzeko. On Klaudiok sustatuta, eta taldeko monitore izango ziren euskaldun gazte kementsu eskutada baten laguntza eta konpromisoarekin, Euskal Katekesiak “metamorfosia” izan zuen eta, 1976an, Izar Berri sortu zen eskaut-taldeen eredura. Izar Berrik San Antongo parrokiaren Belostikale kaleko Arana dorretxeko pisuan izan zuen egoitza, Caritasekin partekatua. 1970eko hamarkadaren azken urteetan, gau-eskola bat ere egon zen bertan, gure gurasoetako askoren euskalduntze nahiei erantzuna emateko. Izar Berrik hamabost bat urteko bizitza izan zuen, hasierako urteetako umeok unibertsitateko ikasketak amaitu eta lan-mundura irteten hasi ginen arte. Euskaldun, euskaltzale, eta euskararen erabiltzaile irten ere. Bilbo baterako ez dago txarto, gehienok etxe erdaldunetako seme-alabak ginen eta.

Orain, atzerantz begiratu eta (bizi-)esperientzia arrakastatsu hartaz pentsatzen hasten naizenean, hiru gako identifikatzen ditut, beharbada euskara sustatzeko beste saiakera batzuen diseinuan aintzat hartu beharko liratekeenak.

1. Lidergoa. Klaudio Gallastegi euskararen sustatzaile nekaezina eta karismatikoa izan zen. Gauzak egiteko gogoz zeudenak bere albora erakartzen jakin zuen, eta beste jende asko aktibatzen.

2. Ekosistema. Euskaraz hitz egitea gauza normala izatea nahi bada, hiztunak bere bizitzako esparru guztietan edo ahalik eta gehienetan izan behar du euskara erabiltzeko aukera. San Antoneko parrokiak, San Anton abesbatzak, Bizi Nai dantza-taldeak, Euskal Katekesiak, Begoñazpik, Kili-Kilik eta Izar Berrik ez zuten haur edo gaztetxo baten bizitzako zirkulu osoa estaltzen, baina bai sare handi-handia eratzen; orduko bizimodurako, nahiko kunplitua. Eta hori bezain garrantzitsua da sare horretan inplikatuta zeudenek euskararen erabilera babesteko, bultzatzeko eta txalotzeko jarrera zutela. Haietako askotxo erdaldunak ziren (belarriprest avant la lettre), baina euskara nahi zuten euren seme-alabentzat, eta, hala, euskarari biziberritzen lagunduko zion ingurune bat antolatu zuten.

3. Aisialdia. Euskalgintza aspaldi jabetu da eremu informalaren garrantziaz euskararen erabilera indartzeko ahaleginetan. Guri, sanantondar familietako neska-mutiloi, Izar Berrik eskaini zigun aisialdian euskaraz bizitzeko aukera: larunbat arratsaldeetan bilkurak, igandeetan mendi-irteerak, gabonetan Olentzero, otsailean Santa Ageda, inauterietan mozorroak, Aste Santuan egonaldiak, udan kanpamentua… Urte osoan mila ekintza, ezinezkoak izango zirenak Izar Berriri euren konpromisoa eta denbora musu truk eskaini zioten monitore kementsu haiek barik. Eskerrik asko, Xabier, Gurutze, Atano, Arantza, Idoia, Lurdes eta atzetik etorri zineten beste guztiak.

Loteriakoak 1969ko ekainean.

Zoritxar moderatua (edo, euskara zaila ote da?)

Santi Leoné

Joseba Zulaikaren Aberriaren inpaseak ari naiz irakurtzen egun hauetan, aski gustura gainera, zeren, nire bizipen pertsonal batzuk direla eta –hemen kontatuko ez ditudanak; euskal prentsa arrosa sortu artio esperatu beharko duzue–, xarmanki ulertzen baitut zer den inpase egoera bat, alegia egoera bat, zeinean edozein aterabide hartuta ere ondorioak mingarriak izanen baitira. Irakurri ez ezik, ikusi ere ikusi dut berriki Zulaika solasean, Mikel Reparazekin batera abenduaren 10ean etorri baitzen Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialera mintzaldi bat ematera. Solasaldian, batez ere liburuaren lehen atalaz aritu zen antropologoa, euskarari buruzkoaz, eta hori primeran heldu zait, nik ere oraingoz lehen atala baizik ez baitut irakurri. Beraz, beheitiko lerroek atal hori dute mintzagai, ez liburu osoa.

Euskararen egoera dela-eta, baikorrak izateko deia egiten du Joseba Zulaikak; euskara putzura doan diskurtso agonikoa errepikatuz neketan erakarriko dugula inor gure kausara, eta, ondorioz, diskurtso hori autobetetzen den profezia bihurtzeko arriskua badela, alegia euskara putzura doala errepikatuaren errepikatuaz hondarrean putzura eramanen dugula guk geronek. Datuei begiratuta, euskararen ezagutzak eta erabilerak azken urteetan nola egin duten goiti ikusita, Zulaikaren arabera badira baikortasuna defendatzeko motiboak. Paradisuaren zorion perfektua –Euskal Herri arruntean euskalduna?– bazter utzita, onar dezagun zorion errealista –aitzinera egiten ari gara, hemendik urte batzuetara euskararen ezagutza unibertsala izanen da EAEko haurren artean–.

Zorion horri, nahi izanez gero, zoritxar moderatua ere deitzen ahal zaio, baina ikusten dut, helburua baldin bada inpasetik aterako gaituzten diskurtso eta jarrera sortzaile irudimentsuak bulkatzea, hobe dugula baikortasunaz mintzatu, zoritxarraz –moderatua ala mugagabea– mintzatu baino. Erran nahi baita ados nagoela baikortasuna erakutsi beharrarekin eta segur aski arrazoi zuela Andoni Egañak erran zuelarik ezkortasuna antzua dela.

Diagnostikoa eta erremedioa –tira, lekutu ditzagun behingoz metafora medikoak–, analisia eta proposamena egoki samarrak iduritzen bazaizkit ere, susmoa dut –liburua irakurriz baino gehiago, abenduaren 10eko mintzaldia adituz– ez ote dagoen neurri batean airean egina, ez ote dituen Zulaikak material kaskarrak –topiko zaharkituak– erabili bere etxea eraikitzeko; eta, ondorioz, nahiz eta etxea ederra izan, bidean dauden gogoeta batzuk ez ote diren aski desegokiak. Ruper Ordorikaren lerro ezaguna ekarri du gogora Zulaikak bere saiakeran: “euskaldun izatea zein nekeza den” (39. or.). Eta mintzaldian zehaztu zuen, nola izanen da jendea euskalduna “zortzi abizen euskaldun eta Rh negatiboa eskaka hasten bagara”. Nor ari da hori eskatzen gaur egun?

Ezkortasuna datuen gainean osaturiko fikzio bat da, euskarak “minbizia” duela eta horren inguruko trama agoniko guzia fikzio bat dira, ondorio errealak izaten dituztenak. Estrategikoki, baikortasuna erakustea da komeni zaiguna, etsipenak ez baikaitu inorat eramanen, hilobira ez bada. Ados. Gauza batek, halere, atentzioa eman dit bai liburuan bai aipatu mintzaldian: euskararen ezagutzaren eta erabileraren gaineko datuak –zifrak– baikor edo ezkor interpretatzen ahal dira, eta zein ikuspuntu komeni zaigun gehien erabaki beharko genuke; euskara zaila delako ideia, berriz, egia borobil berdadero ukiezina da, harria bezain sendoa, grabitatearen legea bezain zientifikoa, erlatibotasun orotarik haratagoko dogma. Horren ondorioz, “euskararen malgutasun eta sinplifikazioaren aldeko” dela aitortzen digu Zulaikak; “ezagunak dira euskal erlatiboak eta genitiboak eta subjuntiboak sortzen dituzten labirintoak sintaxian”; ez hori bakarrik, “aditza azkenean jartzearen arauari derrigor makurtu behar badiozu zure esaldia, laster ezin duzu errekonozitu zeure estiloa” (40.-41. or.). Nola ikasiko du jendeak aditz taula konplikatu hori?, erran zuen behin baino gehiagotan 10eko mintzaldian. Nik, berriz, hauxe galdeginen nuke: zer irakasle joaten da gaur egun klasera ditxosozko taula hori eskuan? Nor tematzen da aditz trinko arraroenekin, ikasleak bide horretarik lerraizkiokeelakoan? Barkatu, ezin izan diot eutsi tentaldiari.

Euskara zaila da –are zailagoa, jakina, existitzen ez diren arauak inposatzen badizkiogu–. Nonbait, baikortasuna komeni zaigu estrategikoki, baina, dirudienez, euskara zaila delako topikoa behin eta berriz errepikatzeak mesede handia egiten digu. Diskurtso horretan ez da deus aldatu beharrik, antza. Jakitera, ez nintzen etorrikoSi lo hubiera sabido, no habría venido. Zein da hizkuntzarik zailena, baldintza irreala adierazteko forma jokatugabe sinple bat eskuar duena, edo forma jokatu konplikatu samar eta izenordain bat eskatzen dituena? Kabituz gero, sartuko nintzateke – Si cupiera, entraría. Gaztelaniazko caber aditza erraza da? Bada caber aditza sinplifikatzeko proposamenik? Nola egiten du jendeak aditz horren traba gaindiezina, bada, horixe, gainditzeko? Zertan dabil Pérez-Reverte?

Badira –hara, hasmentan paratu dut aditza! (eta orain, objektuaren aitzinean!)– ingelesaren gaineko bi topiko, elkarrekin aski eroso bizi direnak, elkarren baztergarri izan arren. Lehendabizikoa da ingelesa erraza dela; bigarrena, bizi osoa ingelesa ikasten eman ondotik, ez zarela halere ongi moldatuko eta ez duzula ongi ahoskatzea lortuko. Nolanahi den ere, lehendabizikoa da eraginkorrena: ingelesaren puntu zailen bat aipatuz gero –eta nik proba egin dut nire ikasleekin (aditza erdian berriz ere; bide-urratzaile nabil gaur)–, hala nola phrasal verbs direlakoak, erraza delako teoria orokorraren salbuespen gisa interpretatzen dute; euskararen puntu errazen bat –generorik eza, adibidez– aipatuz gero, berriz, zaila delako teoriaren salbuespendako jotzen dute. Abiapuntuan dagoen ideiak du pisu handiena, bistan dena, eta adibide praktikoek ideia hori berresteko balio dute, baita salbuespenak direlarik ere.

Baina guk segi dezagun tematuak euskara zaila delako horretan: Fermin Etxegoienekin hasi, Xabier Amurizarekin segitu, eta orain Joseba Zulaika batu zaio zerrendari. Erabileran aitzinera egin dugu, baina Larramendiren El imposible vencido hartarik hona iduri luke ez dugula pauso bat bera eman; tira, ematekotan, gibelera, hark uste baitzuen posible zela inposiblea garaitzea. Euskara perfektua eskatu behar dugu?, galdegin zuen Zulaikak mintzaldian. Ez dakit inor euskara perfektua eskatzen ote dabilen. Badakit, ordea, Gasteiz eta Vladivostok artean eremu zabal-zabala dagoela, eta euskara perfektua ez eskatzetik trakeskeria guziak onartzera –zenbait onartzen ari duten bezala, ni apuntatutak ditut-eta– tarte ederra dagoela. Pentsa dezagun, nahi baldin badugu, zailtasuna dela euskararen problema nagusia. Nik ez dut hain argi. Diotenez, Alemania aldean haurrek ere –baita franko txikiak direnek ere– alemanez badakite. Horrek pistaren bat eman beharko liguke, alemanak ere zaila izatearen ospea badu eta.

Anekdota batekin akituko dut. Joseba Zulaika eta Mikel Reparazen ondotik, abenduaren 11n, Fermin Erbiti eta Iñaki Perurena izan genituen Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean. Errepasoa egin zioten Perurenaren ibilbideari, eta harri-jasotzaileak gogora ekarri zuen –mikaztasunik gabe ekarri ere– Espainiako iragarki batean gaztelaniaz bota zuen funtziona eta horrek eragin zituen irriak. Inork ez du gaztelania perfekturik eskatzen, baina irri horiek, ulergarritasunari trabarik egiten ez dion ahoskera diferente batek sorturiko irri horiek hierarkiak zein diren oroitarazteko ere balio izan zuten. Hor, antza, malgutasunik ez. Izan gaitezen baikorrak, ados, baina geure burua engainatu gabe.

Hizkuntza, bigarren mailako

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Adimen artifiziala eta itzulpen automatikoa ahoz aho darabiltzagun honetan, hona hemen amorragarri bezain etsigarria iruditu zaidan pasadizo bat.

Herritarren iritzia jakiteko prozesu parte-hartzaile bat jarri du abian erakunde publiko batek. Agidanez, auzune bateko aisialdi eremu bat birgaitzeko asmoa dute, eta hainbat enpresak landutako proiektu teknikoak jaso dituzte. Aurkeztu diren proiektu guztien artean onenak aukeratu eta hautatutakoak ikusgai jarri nahi dituzte, horien artean gustukoena hauta dezaten herritarrek. Hautatutako proiektuen egileei A1 tamainako kartelak osatzeko eskatu die erakundeak, egin asmo duten eraldaketa urbanistikoaren berri herritarrei emateko: infografiez, irudiz, planoz zein marrazkiz hornitutako kartelak osatu dituzte, baita azalpenak ematen dituzten testuz ere. Behin kartelak jasota, jendaurrean jarri ditu erakundeak, eta berehala hasi da herritarren joan-etorria, eta hasi dira hasi iritzi-trukeak. Baikorrenek topatu dute gustuko proposamenik. “Begira zer plaza ederra geratuko den”. “Hori da hori ideia ona kioskoa bazter horretan jartzea”. “Ezin aukeraturik nabil baten edo bestearen artean”. Ezkorrenek badute betiko kexa: “halakok ez du nahikoa leku utzi umeentzako jolastokirako”; “beste horretan ageri den aterpea ez ote txikiegia?”; “batek berak ere ez du nahikoa berdegunerik, porlana nagusi denetan ere!”.

Lanbidez itzultzailea den herritar bat ere pasa da proposamenak ikustera eta zur eta lur geratu da lehenengoa begiratzen hasi orduko. Kartelaren goiko aldean ageri diren irudiak ikusi, eta azpian ageri den azalpena irakurtzen hasi orduko kopeta zimurtu du. Lehenengo esaldia irakurrita ez du ezer ulertu. Bigarrenez irakurrita ere ezin konprenitu. Hurrengo esaldiarekin igoala pasa zaio. Aurrerago egin testuan, eta, posible ote? Galdera baten hasieran alderantzizko galdera ikurra? Ezin izan du testua irakurtzen segi. Eskandalatuta, albo banatara begiratu eta parean dutena ulertu duten galdegin die aldamenekoei. “Irudiak besterik ez ditut begiratu eta ez diot idatzitakoari erreparatu”, bota dio batak; “oraindik ez dut begiratu ere egin”, besteak. Asaldatuta, boto papera patrikan gorde eta alde egin du itzultzaileak erakusgelatik.

Kartel hori jendaurrean erakusgai egotea nola litekeen posible pentsatuz itzuli da etxera. Zantzu guztien arabera, proposamena egin duen enpresak ez du proiektua euskaraz sortu. Eta proiektua euskaratzeko saiakera egin du –hala eskatu baitzaie jendaurrean jartzeko–, saiakera edo, ezin baita esan sortu dutena euskarazko testu bat denik. Gaur egun eskura ditugun euskarazko itzultzaile automatikoek kartelean zegoen emaitza baino dezente hobea eskaintzen dute. Hortaz, zer tresna demonio erabiliko ote zuten? Enpresarekin amorratu da itzultzailea, eta erakunde publikoarekin etsitu gero. Hiri-antolamendua jardunbide duen enpresa batek hizkuntza bigarren mailako elementu jo izana ez zaio onargarri. Baina larriagoa iruditu zaio euskaraz lan egiteko hautua egin duen erakunde publiko batek halako testu ulergaitz bat erakusgai jarri izana, zer eta jendearen iritzia jasotzeko!

Kasurik hoberenean, herritarrek, gure itzultzailearen modura, testuaren kalitate badaezpadakoa identifikatuko dute eta pentsatuko dute enpresak ez duela egoki jardun testua sortzean. Kasurik okerrenean, baina, euskaraz irakurtzera ohituta ez daudenek edo euskaraz alfabetatu gabeek testua irakurtzean pentsatuko dute euskaraz irakurtzeko gaitasun nahikorik ez dutela azalpenak behar bezala ulertzeko, eta horrek atzenduko ditu euskaraz irakurtzera beste okasioren batean ere. Modu batera zein bestera, kalte besterik ez irakurleoi halako jardunbideek.

Teknologia azkar doa aurrera, eta eskertzekoa da ditugun baliabideak izatea. Horiek behar bezala erabiltzeko adimena lantzea falta zaigu baina sarritan. Segi dezagun bide horretan lanean.

Idazkera berriak, purrustada zenbait eta urte amaierako aholkuak

Amaia Astobiza Uriarte

Ernaux euskarara ekarri berri duen Leire Lakasta Mugetak adierazi duenez, belaunaldi-aldaketa bat gertatzen ari da gurean (literaturaren) itzulpengintzan. Bere berbek hortxe harrapatu naute ni, langintza honetara iritsi berri ia eta, halere, lehenagoko belaunaldikoa izateko adinarekin (hori nik diot, baina ez dakit non jarri behar dugun muga, ezta muga horrek adinaren araberakoa izan behar duen ere). Non kokatu neure burua? Pista batzuk ematen ditu: «Oso lan militantea izan dela azpimarratu beharra dago. Eta uste dut gatozen itzultzaileok jarraitu behar dugula tradizio horrekin, kontzientzia politikotik itzultzen euskarara». Hor ere zalantza, baina: neurri batean lan militantean badihardut ere, zer naiz ni, ur zaharra ala ur berria? Ur jada lizuna, iturri zaharreko ur berria? Zer zarete zuek?

Danele Sarriugartek zioen lehengoan bere Berriako zutabean hizkuntza animalia bizi bat dela eta hari ere animalia bizi guztioi bezala egin behar zaiola: aditu. Berbagai zuen hizkuntzaren ezagutza sakonaren beharra hura modu eraikitzailean apurtzeko eta, hala, askatasunez erabiltzeko, eta azaldu zuen horri buruzko gogoetan ari(tu) dela emakume idazle batzuekin. Udagoieneko zutabe-sorta hori Sarriren esperimentazio-fasearen —fase baten— emaitza gisa ulertu dut nik, oharturik, halere, gai ez nolanahikoak eta ezohiko begiradak ekartzeko ahalegin berariazkoa ere egin duela. Nik ez ditut irakurri Alberdiren Hetero eta Amurizaren Pleibak, baina lehena ozta orriztatzeko astia izan duen idazle batek esan dit paragrafo bakarra irakurrita ere jada igartzen zaiola hizkuntza zatikatzeko eta gogoak eman bezala berriz muntatzeko intentzioa (terapian bezala, hara: birrindu lehenengo zeure burua zure gorputza zure zurik zureena milaka papurretan eta itsatsi gero zarraparrok berriz pixkaka zure nahien eta beharren arabera).

Zer edo zer beharko dugu euskara «ataka larri» otzanegi barneratutik ateratzeko. Hizkuntzari aditu, idazkera berritu, hiztunei jaramon egin eta, guztien gainetik, agintariei exijitu berei dagokien lana egiteko. Hizkuntza gutxitu baten kalitatea, erabilera eta orotariko presentzia eta funtzionaltasuna ezin dira utzi herritarren asmo onen esku, Euskal Herriko automobilgintzaren sektoreak aurrera egitea langile talde jator eta konprometitu baten esku uzten ez den bezala.

Osterantzean, Gorka Urbizuk zapatuko kontzertuan nola, nik ere halaxe begiratzen diot munduari azkenaldian: minez eta etsipenez, nire aletxoaren pisuari eusteko indarrik izango ez dudan beldurrez. Baina Urbizuk bere ezinegona kantu bihurtzeko lana hartzen duen ber gisan, saiatu nadin ni ere ekarpen ganorazkoren bat egiten. Urtearen hondarrean gaudenez gero, pare bat aholku:

1.- Azoka dator, eta badakizue beti behar baino gehiago eramaten duzuela etxera, behar baino kontu txikiagoarekin hautatua. Beraz, adi argitaletxe txikien uztari, itzultzaileon lanari, palestinarren aurkako genozidioa ulertzeko (alerta gorria: product placement lotsagabea) jakingarri ugariei eta han ondotxoan iaz-edo ireki zuten Ayarza gozotegiko palmerei eta gurinezko opilei (zeinak janez hazi, heldu eta zahartu baikara zornotzarrok zuri-beltzeko garaietatik). Eta kontuan hartu urtean zehar gure herri eta auzoetako liburu-dendek sostengatzen diotela dena delako sistema honi.

2.- 1974ko uztako EIZIEkideok, gogoan izan urtarrilaren 1etik aurrera guk ere baliatu ahal izango ditugula CEDRO erakundeak hortz-klinikaren, okulistaren edo fisioterapeutaren fakturak ordaintzeko ematen dituen laguntzak.

Durango on, lagunok, baita hara inguratzeko asmorik ez duzuenoi ere.