Adimen artifiziala eta itzulpen automatikoa ahoz aho darabiltzagun honetan, hona hemen amorragarri bezain etsigarria iruditu zaidan pasadizo bat.
Herritarren iritzia jakiteko prozesu parte-hartzaile bat jarri du abian erakunde publiko batek. Agidanez, auzune bateko aisialdi eremu bat birgaitzeko asmoa dute, eta hainbat enpresak landutako proiektu teknikoak jaso dituzte. Aurkeztu diren proiektu guztien artean onenak aukeratu eta hautatutakoak ikusgai jarri nahi dituzte, horien artean gustukoena hauta dezaten herritarrek. Hautatutako proiektuen egileei A1 tamainako kartelak osatzeko eskatu die erakundeak, egin asmo duten eraldaketa urbanistikoaren berri herritarrei emateko: infografiez, irudiz, planoz zein marrazkiz hornitutako kartelak osatu dituzte, baita azalpenak ematen dituzten testuz ere. Behin kartelak jasota, jendaurrean jarri ditu erakundeak, eta berehala hasi da herritarren joan-etorria, eta hasi dira hasi iritzi-trukeak. Baikorrenek topatu dute gustuko proposamenik. โBegira zer plaza ederra geratuko denโ. โHori da hori ideia ona kioskoa bazter horretan jartzeaโ. โEzin aukeraturik nabil baten edo bestearen arteanโ. Ezkorrenek badute betiko kexa: โhalakok ez du nahikoa leku utzi umeentzako jolastokirakoโ; โbeste horretan ageri den aterpea ez ote txikiegia?โ; โbatek berak ere ez du nahikoa berdegunerik, porlana nagusi denetan ere!โ.
Lanbidez itzultzailea den herritar bat ere pasa da proposamenak ikustera eta zur eta lur geratu da lehenengoa begiratzen hasi orduko. Kartelaren goiko aldean ageri diren irudiak ikusi, eta azpian ageri den azalpena irakurtzen hasi orduko kopeta zimurtu du. Lehenengo esaldia irakurrita ez du ezer ulertu. Bigarrenez irakurrita ere ezin konprenitu. Hurrengo esaldiarekin igoala pasa zaio. Aurrerago egin testuan, eta, posible ote? Galdera baten hasieran alderantzizko galdera ikurra? Ezin izan du testua irakurtzen segi. Eskandalatuta, albo banatara begiratu eta parean dutena ulertu duten galdegin die aldamenekoei. โIrudiak besterik ez ditut begiratu eta ez diot idatzitakoari erreparatuโ, bota dio batak; โoraindik ez dut begiratu ere eginโ, besteak. Asaldatuta, boto papera patrikan gorde eta alde egin du itzultzaileak erakusgelatik.
Kartel hori jendaurrean erakusgai egotea nola litekeen posible pentsatuz itzuli da etxera. Zantzu guztien arabera, proposamena egin duen enpresak ez du proiektua euskaraz sortu. Eta proiektua euskaratzeko saiakera egin du โhala eskatu baitzaie jendaurrean jartzekoโ, saiakera edo, ezin baita esan sortu dutena euskarazko testu bat denik. Gaur egun eskura ditugun euskarazko itzultzaile automatikoek kartelean zegoen emaitza baino dezente hobea eskaintzen dute. Hortaz, zer tresna demonio erabiliko ote zuten? Enpresarekin amorratu da itzultzailea, eta erakunde publikoarekin etsitu gero. Hiri-antolamendua jardunbide duen enpresa batek hizkuntza bigarren mailako elementu jo izana ez zaio onargarri. Baina larriagoa iruditu zaio euskaraz lan egiteko hautua egin duen erakunde publiko batek halako testu ulergaitz bat erakusgai jarri izana, zer eta jendearen iritzia jasotzeko!
Kasurik hoberenean, herritarrek, gure itzultzailearen modura, testuaren kalitate badaezpadakoa identifikatuko dute eta pentsatuko dute enpresak ez duela egoki jardun testua sortzean. Kasurik okerrenean, baina, euskaraz irakurtzera ohituta ez daudenek edo euskaraz alfabetatu gabeek testua irakurtzean pentsatuko dute euskaraz irakurtzeko gaitasun nahikorik ez dutela azalpenak behar bezala ulertzeko, eta horrek atzenduko ditu euskaraz irakurtzera beste okasioren batean ere. Modu batera zein bestera, kalte besterik ez irakurleoi halako jardunbideek.
Teknologia azkar doa aurrera, eta eskertzekoa da ditugun baliabideak izatea. Horiek behar bezala erabiltzeko adimena lantzea falta zaigu baina sarritan. Segi dezagun bide horretan lanean.
Ernaux euskarara ekarri berri duen Leire Lakasta Mugetak adierazi duenez, belaunaldi-aldaketa bat gertatzen ari da gurean (literaturaren) itzulpengintzan. Bere berbek hortxe harrapatu naute ni, langintza honetara iritsi berri ia eta, halere, lehenagoko belaunaldikoa izateko adinarekin (hori nik diot, baina ez dakit non jarri behar dugun muga, ezta muga horrek adinaren araberakoa izan behar duen ere). Non kokatu neure burua? Pista batzuk ematen ditu: ยซOso lan militantea izan dela azpimarratu beharra dago. Eta uste dut gatozen itzultzaileok jarraitu behar dugula tradizio horrekin, kontzientzia politikotik itzultzen euskararaยป. Hor ere zalantza, baina: neurri batean lan militantean badihardut ere, zer naiz ni, ur zaharra ala ur berria? Ur jada lizuna, iturri zaharreko ur berria? Zer zarete zuek?
Danele Sarriugartek zioen lehengoan bere Berriako zutabean hizkuntza animalia bizi bat dela eta hari ere animalia bizi guztioi bezala egin behar zaiola: aditu. Berbagai zuen hizkuntzaren ezagutza sakonaren beharra hura modu eraikitzailean apurtzeko eta, hala, askatasunez erabiltzeko, eta azaldu zuen horri buruzko gogoetan ari(tu) dela emakume idazle batzuekin. Udagoieneko zutabe-sorta hori Sarriren esperimentazio-fasearen โfase batenโ emaitza gisa ulertu dut nik, oharturik, halere, gai ez nolanahikoak eta ezohiko begiradak ekartzeko ahalegin berariazkoa ere egin duela. Nik ez ditut irakurri Alberdiren Hetero eta Amurizaren Pleibak, baina lehena ozta orriztatzeko astia izan duen idazle batek esan dit paragrafo bakarra irakurrita ere jada igartzen zaiola hizkuntza zatikatzeko eta gogoak eman bezala berriz muntatzeko intentzioa (terapian bezala, hara: birrindu lehenengo zeure burua zure gorputza zure zurik zureena milaka papurretan eta itsatsi gero zarraparrok berriz pixkaka zure nahien eta beharren arabera).
Zer edo zer beharko dugu euskara ยซataka larriยป otzanegi barneratutik ateratzeko. Hizkuntzari aditu, idazkera berritu, hiztunei jaramon egin eta, guztien gainetik, agintariei exijitu berei dagokien lana egiteko. Hizkuntza gutxitu baten kalitatea, erabilera eta orotariko presentzia eta funtzionaltasuna ezin dira utzi herritarren asmo onen esku, Euskal Herriko automobilgintzaren sektoreak aurrera egitea langile talde jator eta konprometitu baten esku uzten ez den bezala.
Osterantzean, Gorka Urbizuk zapatuko kontzertuan nola, nik ere halaxe begiratzen diot munduari azkenaldian: minez eta etsipenez, nire aletxoaren pisuari eusteko indarrik izango ez dudan beldurrez. Baina Urbizuk bere ezinegona kantu bihurtzeko lana hartzen duen ber gisan, saiatu nadin ni ere ekarpen ganorazkoren bat egiten. Urtearen hondarrean gaudenez gero, pare bat aholku:
1.- Azoka dator, eta badakizue beti behar baino gehiago eramaten duzuela etxera, behar baino kontu txikiagoarekin hautatua. Beraz, adi argitaletxe txikien uztari, itzultzaileon lanari, palestinarren aurkako genozidioa ulertzeko (alerta gorria: product placement lotsagabea) jakingarri ugariei eta han ondotxoan iaz-edo ireki zuten Ayarza gozotegiko palmerei eta gurinezko opilei (zeinak janez hazi, heldu eta zahartu baikara zornotzarrok zuri-beltzeko garaietatik). Eta kontuan hartu urtean zehar gure herri eta auzoetako liburu-dendek sostengatzen diotela dena delako sistema honi.
2.- 1974ko uztako EIZIEkideok, gogoan izan urtarrilaren 1etik aurrera guk ere baliatu ahal izango ditugula CEDRO erakundeak hortz-klinikaren, okulistaren edo fisioterapeutaren fakturak ordaintzeko ematen dituen laguntzak.
Durango on, lagunok, baita hara inguratzeko asmorik ez duzuenoi ere.
Ukaezina da Twitter guztiz mikaztua dagoela azkenaldian โbueno, barka diezadala Elon Muskek; X dago mikaztuaโ. Edonola ere, oraindik ere bada eztabaida interesgarriak izateko edo, behintzat, kezkak plazaratzeko eta haiei erantzuten dioten ideiak bistara uzteko tokia. Eta bada, orobat, inspirazio iturri; esaterako, kazetariontzat.
Beรฑat Sarasolak bota zuen amua, irailaren 27an idatzitako argitalpen batean. Besteak beste, zera zioen: ยซSally Rooneyren Intermezzo, adibidez, euskaraz eduki beharko genuke jadaยป. Kasualitatez-edo, ni neu Sally Rooney idazle irlandarrari buruzko erreportaje batean murgildua nintzen ordurako, hark kaleratu berri-berria zuen nobela horren aitzakian โhilaren 24an eman zuenโ, eta, beraz, astia hartu nuen Sarasolak zioen horretan arakatzeko. Bilaketa laster bat aski izan zitzaidan ikusteko Rooneyren jatorrizko lana kaleratu zen aste berean eman zituztela, adibidez, frantsesezko itzulpena, gaztelaniazkoa eta baita katalanezkoa ere. Eta, egiari zor, une horretan ez nion gaiari denbora gehiagorik eskaini, baina kaskoan gorde nuen ideia, horri buruz galdetzeko beste inori beste inoiz. Horra deformazio profesionala.
Eta ailegatu zen ยซbeste inoizยป zelako momentu hori: urriaren 17an. Nafarroako Editore Independenteen Elkartearen ekimenez, Datorren itzulpengintza izeneko mahai ingurua izan genuen Iruรฑeko Laban, eta askotariko gaiez mintzatu zitzaizkigun Aitor Blanco, Eider Beobide eta Ainhoa Mendiluze itzultzaileak. Solasaldiaren hondarrean, galdera honi erantzun behar izan zieten hirurek: ยซZer nahi zenukete itzuli? Edo, behintzat, zer nahi zenukete ikusi euskarara itzulita?ยป. Aitortuko dugu: galderak bazuen tranpa puntu bat, jendaurreko solasaldia hasi baino lehenago ere aterea baitzen gai hori solasera, eta esanak baitziren Rooneyren eta besteren zenbait kontu. Edonola ere, euskarara zer itzuli beharko litzatekeen galdetuta, Blancok dudarik egin gabe heldu zion idazle irlandarraren, eta, horrenbestez, best seller-en korapiloari.
Galderari erantzuteko, Blancok gogora ekarri zuen Bartzelonan izana zela berriki, eta kontatu zuen bertan ikusi zituela zenbait erakusleiho best seller-ez josiak. ยซGehien-gehienetan, katalanezko edizioak ziren nagusi, eta ondoan izaten zuten, gehienez ere, gaztelaniazko aleren batยป. Irudi hark harritu egin zuen Blanco, zioenez. ยซHarritu ninduen hizkuntza gutxitu โnahiz eta ez den horren gutxituaโ batera egindako itzulpenak nolako presentzia zuen liburu dendan. Uste dut denok sumatzen dugula horren falta euskarazยป. Erakusleiho hark piztutako hausnarketaren ondorioz, Blancok bilaketa egin du Nor da Nor atariko bilatzailean, eta hona datu batzuk: Ken Follet, Camila Lรคckberg, Isabel Allende eta Dan Brown idazleek ez dute lanik euskarara ekarrita. ยซMendebaldeko kulturan, jendeak batez ere horiek irakurtzen ditu, eta euskaraz ez dute aukerarikยป, zehaztu zuen itzultzaileak.
Bistan da best seller-en gaia ertz ugariko dela, eta zalantzak pizten ditu sarri, askotarikoak. Besteak beste, Ainhoa Mendiluzek adierazi zuen ez duela argi halako lanak diren euskarara ekarri beharko liratekeenak: ยซEz dakit horren helburua zein den. Gure kasuan, gaztelaniazkoei irakurleak kentzea? Gehiago saltzea? Gainera, kontzientziarik ezean, uste dut best seller-ak aterata ere kostatuko litzatekeela irakurleak irabaztea, euskaldun guztiak baitira elebidunakยป.
Irakurketarako hizkuntza hautuari lotuta, askok eta askotan aditu dugu norbait zera esaten: ยซEuskarazkoa baino, nik nahiago dut jatorrizkoa irakurriยป. Baina, sarri, ยซjatorrizkoยป deitzen dioten hori ez da jatorrizkoa egiaz, ezpada gaztelaniazko itzulpena.
Solasaldia aditzera joan ziren entzuleen artean ere piztu ziren dudak. Esaterako, aipatu zenean jendeak nekez irakurtzen dituela mundu mailako best seller-ak euskaraz โbaita horiek euskaratuak direnetan ereโ, baten batek iradoki zuen ea hori ez ote den izanen itzulpen batzuk ยซberanduยป ailegatzen direlako. Kontua da, solasaldian bertan ere nabarmendu zenez, euskal argitaletxeek nekez egin ditzaketela zenbait kontu ยซgaraizยป. Blancok berak ere esplikatu zuen hori: ยซBeste gauza bat baita argitaletxe batek noiz duen posible itzulpena ematea, zer indar duen horretarako; horregatik dut duda hau ez ote den utopikoaยป. Pentsatzekoa baita argitaletxeak nekez ordaintzen ahalko diola nahi bezain ongi itzultzaileari, baldin eta, gainera, hari eskatuko badio denbora epe estu batean egiteko lana. ยซEta are zailagoa da jakinik nekez lortuko dutela diru hori merkatuan errekuperatzeaยป.
Euskal literaturaren arazoak euskararen arazoak direla aditu nion Pamielako editore Lander Majuelori, argitaletxearen 40. urteurrenaren karietara. Eta, diot nik, horiei aurre egiteko soluzio sakonagoak beharko ditugula hortaz, mugatzen ez direnak norbanakoari eskatzera irakur dezala, faborez, euskarazko itzulpena. Ordura arte, baina, โnire ezjakintasun totaletik diot hauโ zaila behar du zer bide urratu jakiteak. Best seller-en argitalpenak bultzatzeko behar da egin ahalegina? Piszinako literatura delakoa ere beharko da sustatu? Aireportuko literatura? Autolaguntza liburuak? Dudak ditut.
Hasierara itzulita: Beรฑat Sarasolaren txioa aipatu dut hasieran, eta akaso komeni da osorik bistaratzea argitalpen hori. Izatez, zera baitzioen Sarasolak: ยซSally Rooneyren Intermezzo, adibidez, euskaraz eduki beharko genuke jada. Zenbat diru da, demagun, urtero 10 literatura nobedade euskaraz espainolerako itzulpenarekin batera argitaratzea? Ez bilduma instituzional batean, ohiko argitaletxeetan Jaurlaritzak gastuak ordaindutaยป. Alegia, galdera bat ere bazekarren Sarasolaren mezuak. Hedoi Etxartek erantzun zion, besteak beste, eta, Eusko Jaurlaritzak best seller-ak itzultzeko argitaratutako laguntza aipatu zuen erantzunean. Komeniko da, beraz, laguntza hori xehe leitzea; ikusteko zein argi eta zein itzal dituen.
P.D.: Bide batez, aukera hau baliatuko dut esateko arestian aipatutako Sally Rooney idazlearen bi lan badirela euskaraz: Alberdaniak Jende normala eman zuen 2020an, Irene Aldasorok itzulita, eta idazle beraren Soldata jauna narrazioa ere badago euskaraz, Leire Vargasek itzulia. Irakurgai dago armiarma.eus atarian.
Euskaltzaindiaren Jagon Sailaren barruan euskararen biziberritzeari buruz azterketa eta gogoeta sakona egiten ari den Euskararen Gogoetaguneak (EUSGUNE) lehen txostena argitaratu du aurten[1]. Txostenak bi atal biltzen ditu. Batetik, euskararen egoera soziolinguistikoaren ikuspegi orokorra laburbiltzen dute Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak eta, bestetik, euskararen etorkizun-ikuspegiari buruzko gogoeta sakona egiten du Jon Sarasuak. Azken atal horren helburua ariketa sintetikoa egitea dela azpimarratzen du egileak, eta atzetik alorrez alorreko beste txosten batzuk etorriko direla. Nolanahi ere, argitaratutako bi txosten horiek inspirazio-iturri paregabea direla aitortu behar dut[2], eta ezin diot eutsi zenbait datu eta gogoeta unibertsitatearen egungo egoerarekin eta etorkizun-ikuspegiarekin lotzeko tentazioari.
Euskararen biziberritze-prozesuaren alderdi arrakastatsuenetako batetik hasita, euskararen ezagutzaren igoera nabarmenaren zatirik handiena gazteen taldean biltzen da, 25 urtetik beherako gazteen erdiak baitira euskaldunak Euskal Herri osoa kontuan hartuta, eta % 80tik gertu EAEn. Ezaguna den bezala, euskara etxetik kanpo ikasi duten euskaldunen kopuruak gora egin du nabariki azken hamarkadetan: 1991. urtean % 14 ziren eta orain, aldiz, % 36. EAEn, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen % 70ek ikasten dute D ereduan, eta Lanbide Heziketako ikasleen % 23k[3]. Nolanahi ere, badirudi horrek ez duela bermatzen hizkuntza-gaitasuna, D ereduan ikasi dutenen % 66k baino ez baitute gainditzen Europako Hizkuntzen Profilaren B2 maila[4].
Garbi dago hizkuntzen garapena ez dela bukatzen Bigarren Hezkuntzan: unibertsitatean du jarraipena, eta unibertsitateak zer pentsatua ematen diguten zenbait datu eskaintzen dizkigu. 2024an UPV/EHUn unibertsitatera sartzeko probak (EBAU) 13.433 ikaslek egin dituzte, 12.073 batxilergotik pasatu ondoren eta 849 lanbide-heziketatik etorrita. Batxilergoaren bidetik heldutako ikasleen % 77,2 izan dira probak euskaraz egitea erabaki dutenak, eta lanbide-heziketatik pasatakoen % 55,48. Urtero harritzen naute horrelako datuek, beren bizitzarako erabakigarria izango den proba hori egiteko orduan euskaraz ziurrago sentitzen direnak adin-tarte horretako gazte euskaldun guztiak direla baitirudi, eta D ereduan ikasten dutenen ehunekoa ere gainditzen baitu kopuru horrek. EBAUa egin dutenen % 57,84 emakumeak izan dira, eta hori ere datu esangarria da, emakumeak gailentzen baitira euskararen osasuna neurtzeko parametro gehienetan, baina badira beste parametro batzuk nik dakidala behintzat neurtzen ez direnak. Adibidez, baliteke hizkuntza-gaitasun hobea duten ikasleak izatea hain zuzen unibertsitateraino heltzen direnak. Baliteke B eta A ereduetan ikasten duten ikasle askok, adibidez, kanpotik etorritako familietako askok, oztopo gehiago izatea goi mailako ikasketetara heltzeko, eta baliteke hizkuntza-gaitasuna izatea oztopo horietako bat. Parametro horiek guztiak monitorizatzea funtsezkoa da, unibertsitateak euskararen biziberritzean egiten duen edota egin behar duen ekarpena hobeto ulertzeko eta planifikatzeko. Edozein hizkuntzatan, erregistro formalak eta erregistro espezializatuak unibertsitatean garatzen dituzte ikasleek hizkuntza erabiltzea (ulermena eta ekoizpena) eskatzen duten askotariko atazen bitartez[5]. Inolako hizkuntzatan ez dago erregistro espezializatuetan natiboa den hiztunik. Hortaz, unibertsitatea nahitaezkoa da hiztun osoak sortzeko.
Sarasuak euskararen garabideen egitura azaltzeko erabiltzen duen zuhaitzaren metafora baliatuz, esan dezakegu 60-70eko hamarkadetan zientzialari talde bat gauza izan zela euskara zientziaz aritzeko baliagarria zela aldarrikatzen zuen kontakizuna gizartean zabaltzeko, eta unibertsitateko ikasle eta irakasle talde bat aktibatzeko, antolatzeko eta lanean jartzeko, ametsa errealitate bihurtu arte. Besteak beste, UEU baliatu zuten gai espezializatuetan ahoz trebatzeko eta idatzizko materialak sortzeko. Zuhaitzaren beste erroa, erakundeena, aktibatzeko ere energia handia eta askotariko estrategiak erabili behar izan zituzten orduko zientzialari gazte haiek: unibertsitate publikoan lizentziaturak euskaraz eskaintzen hasteko eta euskaraz matrikulatuko ziren ikasleak lortzeko lan egin zuten, baita tesinak eta doktoretza-tesiak euskaraz idazteko eta defendatzeko ere[6]. Unibertsitatea euskalduntzeko ahalegin horri bultzada handia eman zion, zalantzarik gabe, Euskara Normalizatzeko Legeak (1982), hezkuntza, administrazioa eta komunikabideak euskalduntzeko nahitaezkoak baitziren denetariko profesional euskaldunak, bereziki, maisu-maistrak eta irakasleak, eta unibertsitateak sortu behar baitzituen profesional horiek. Baina irakasle-ikasle euskaldunak lortzeko, eta gero eta irakasgai gehiago euskaraz eskaintzeko bulkada emateaz gain, euskarazko irakasgaien ardura izan duten irakasleek ekarpen erraldoia egin diote euskararen corpusari, denetariko gai espezializatuez aritzeko terminologia eta fraseologia garatzen, partekatzen eta egonkortzen joan baitira urte hauetan guztietan. Corpusa osatu eta egonkortzeko prozesu etengabea komunitateko zeregina da, eta erakunde mailako plangintza eta euskarriak behar ditu[7]. Ahalegin handia egin behar da oraindik terminologia-plangintzan, eta unibertsitateak zeregin saihestezinak ditu alor horretan[8].
Lau hamarkada baino gehiago iragan dira hastapen horietatik eta, UPV/EHUko agintariek komunikabideetan harro nabarmentzen dutenez, ยซEuskal unibertsitate publikoak arlo guztietako 130.000 profesional baino gehiago prestatu ditu euskaraz โmedikuak, erizainak, ingeniariak, irakasleak, kazetariak, artistak…โ, bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko eta gizartearen premiei erantzuteko gai diren pertsonakยป[9]. Hala ere, ez da egiten ahalegin nahikorik euskararen egoera sakonki aztertzeko, ez autokritika egin eta hutsuneak detektatzeko, ezta etorkizun-ikuspegi partekatua irudikatzeko ere. Erakundea eta haren zerbitzuak gero eta urrunago daude euskal irakasle eta ikasleen komunitatetik, eta komunitate-sentipena, etorkizun-ikuspegi partekatua eta lankidetza lurruntzen doaz apurka-apurka.
Ez diot bukaera eman nahi artikulu honi gogoetarako ildo batzuk zerrendatu gabe, laburregi geratzeko arriskua izanda ere.
Edozein gizartetan goi mailako tituludunengandik espero dena da hizkuntza(k) zuzen eta egokiro erabiltzeko gaitasuna edukitzea, eta haien hizkuntza-praktikak eredugarri izatea gizarte osoarentzat. Sarasuak datorren 20-30 urteko aroaren helburu modura irudikatzen duen ยซeuskal hiztun osoen nukleo sendoarenยป parte izan beharko lukete goi mailako tituludunek, eta unibertsitateak nukleo hori erreproduzitzen eta elikatzen lagunduko duten eragileen artean egon beharko luke. Unibertsitatetik ateratzen diren tituludun euskaldunek lortzen al dituzte hizkuntza-gaitasun gorenak euskaraz? Zer egin beharko litzateke hori bermatzeko?
Bizitza osoan D ereduan ikasi ondoren ikasleek euskaraz hizkuntza-gaitasun gorena ez lortzeak ez al du loturaren bat unibertsitatean prestatzen diren maisu-maistra eta denetariko irakasleen gaitasunekin? Profesional horiek lortzen al dituzte euskaldun osoak erreproduzitzen laguntzeko behar dituzten hizkuntza-gaitasunak, euskararen biziberritzean duten erantzukizunaren kontzientzia, eta baliabide eta estrategia metodologikoak? Galdera bera egin beharko litzateke profesional horien formazioan parte hartzen dugun unibertsitateko irakasleez.
Komunikazio espezializaturako baliabideak (testuak, terminologia, fraseologiaโฆ) alorrez alorreko adituek sortu behar dituzte nahitaez, haiek baitira espezialitate-alorren gaineko kontrol kognitibo eta pragmatikoa dutenak. Erantzukizun horren kontzientzia al dute oraingo irakasle-ikertzaile euskaldunek? Hizkuntzaren normalizazioaren ardura duten erakundeek (unibertsitatekoek eta bestelakoek) aintzat hartzen dituzte adituek sortzen eta erabiltzen dituzten hizkuntza-baliabideak? Laguntzen al dute baliabide horiek deskribatzen, ikertzen, partekatzen eta finkatzen?
Nola berreskuratu behiala euskara unibertsitatean txertatzea eta zabaltzea lortu zuten hasierako irakasle-ikasle haien komunitate-sentipena, etorkizun-ikuspegia, motibazioa eta lankidetzarako prestutasuna?
Nola bermatu euskaraz ikasi nahi duten ikasleen hizkuntza-eskubideak? Nola bermatu euskal gizarteak euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko behar dituen profesional euskaldunak edukitzea, adibidez, osasun-alorrean?
Unibertsitateak euskararen biziberritzean egiten duen ekarpenari zer aukera eta zer arrisku dakarkio mugikortasunak, eleaniztasunak eta hizkuntza-teknologien nonahikotasunak? Zer estrategia garatu behar ditugu horien aukerak aprobetxatzeko eta arriskuak saihesteko?ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย
[1]Jon Sarasua (koordinatzailea). 2004. Euskararen Gogoetagunea I. Jagon Saila. Euskaltzaindia.
[3] Jakina, Nafarroan eta Iparraldean baxuagoak dira portzentajeak, hurrenez hurren, % 24 eta % 8 Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, eta % 7 Nafarroan, Lanbide Heziketan.
[4] B ereduan ikasten dutenen % 33k baino ez dute gainditzen B2 maila eta, A ereduan ikasten dutenen artean, bakar batek ere ez. Gainera, azpimarratzen dute Arrue Ikerketaren ondorioen arabera, hizkuntza-gaitasunetan euskarazkoek behera egin dutela eta gaztelaniazko eta ingelesezko gaitasunek, aldiz, ez dutela horrelako joerarik erakutsi.
[5] BIBER, Douglas (2006). University Language. A corpus-based study of spoken and written registers. Amsterdam: John Benjamins.
[6] Ikus ITURBE, Jacinto etaTXURRUKA, Jesus Mari (2020) Amets bikoitza. Euskara zientifikotzea eta zientzia euskaratzea. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.
[9]Azpimarratu ohi diren beste datu batzuk dira euskaraz eskaintzen diren ECTSak (% 95), graduan eta graduondokoetan euskaraz matrikulatzen diren ikasleak (hurrenez hurren % 54 eta % 23), irakasle-ikertzaile euskaldunak (% 66), teknikari eta administrazio-langile euskaldunak (% 42).
Lehengoan sail honetako lehenbiziko artikulutxoa idatzita, lasaixeago gelditu nintzen neure buruarekin, iruditu baitzitzaidan ez naizela ni bakarra hizkuntzarekin hala jostatzeko moduak inkomodatzen duena.
Beraz, bihotzerrea pixka bat apaldurik, azal dezadan bigarrena: nolako deserosotasuna sortzen zaidan ikustean nolako tokia hartzen duten euskarak eta gaztelaniak Hegoaldeko giro batzuetan.
Berriz ere errezeloa pizten zait ni ote naizen arraroa edo purista, edo aiseegi erretxintzen ote naizen hizkuntzaren trataerarekin zerikusia duten kontuetan.
Amorru pixka bat jartzen zait ETBn ez-dakit-zer enpresak iragartzen dituenean โlos productos de nuestros baserrisโ. Ez al da normalagoa โlos productos de nuestros caserรญosโ? Eta berdin gertatzen zait erdara ederrean euskarazko ginga gisa euskarazko hitz solte batzuk aditzen ditudanean: โhemos hecho plan para ir a la sagardotegiโ aditzen dut, baina nahiago nuke aditu โhemos hecho plan para ir a la sidrerรญaโ. Aukeran nahiago nuke aditu โsagardotegira joateko plana egin duguโ, ez baitzait euskarari duintasuna emateko bide egokia iruditzen gaztelaniaz mintzatzea euskarari egindako axaleko begi-keinu gisara euskaraz hitz solteren bat sartuz.
Ondoko hizkuntzen hitzak hartzea โmailegu linguistikoakโ oso gauza logikoa eta sanoa da, batik bat hitzak berezitasunen bat duenean terminologikoki, hitzaren eboluzioa berezia izan denean. Hori dela-eta, โmantuvieron durante 2 meses a aquel hombre en un zulo de 6 metros cuadradosโ esatea normala iruditzen zait. Zulo hitza mailegu bihurtu da gaztelaniarentzat, eta ulertzekoa da. Ezin hasiko dira esaten โen un habitรกculo preparado para secuestradosโ. Tira, รฑabardura hori hartu du hitzak gaztelaniaz. Aurrera. Ohartzen naiz โtxokoโ hitza zabaldu dela gaztelaniaz, eta, kasu horretan, ulergarria egiten zait. โHemos adaptado la bajera para hacer un txokoโ aditzen dudanean, ulertzen dut โtxokoโ hitzak berezitasuna hartu duela, eta, beharbada, ez dela erraza gaztelaniaz hori beste modu batean azaltzea. Konforme. Familia-bazkariak edo lagunak elkartzeko toki berezi bat da txokoa hor, eta erosoa da hura erabiltzea. Ongi etorria izan dadila mailegua.
Baina inolako beharrik eta justifikaziorik gabe, gaztelaniak bere hitz normala duenean, euskarazko hitza sartzea harrigarria egiten zait, ez dakit zeren, edo badakit zeren adierazgarri.
Adibideak hamaika dira: โTenemos bilera de la gelaโ. โPonte el beroki, que hace frรญoโ. โLos nekazaris de Araba tienen intenciรณn de bloquear las carreterasโ. โNuestro proyecto se estรก fortaleciendo en Nafarroaโโฆ
Ez dakit, ba. Sentitzen dut. Iruditzen zait erdara ederrean ari garenean horrela jokatzea berniz euskaltzale edo abertzale bat ematea besterik ez dela maiz. Euskararen aldeko apustua egitekotan, mintza gaitezen euskaraz. Edo, bestela, egin dezagun gaztelaniaz. Igual ni arraroa naiz, baina โyo no voy a Bilbo, me voy a Bilbaoโ. โA las fiestas de Tutera no suelo ir, en todo caso voy a Tudelaโ. Bestalde, โde vez en cuando hablo con los compaรฑeros de clase, no con los de la gelaโ. โSi tengo frรญo, me pongo un abrigo, el beroki me deja frรญoโ.
Batzuek, segur aski, erdaldunak izanda, euskarazko hitzen bat sartuz nahi dute adierazi euskararen aldeko mezua. Ongi da. Baina horretan geldituz gero ez dakit mesederik egiten ote zaion euskarari. Beste kasu askotan, aldiz, ez da hori sakoneko arrazoia. Euskarari bultzada emateko modu hoberena, eraginkorrena, euskaraz egitea da, eta ez euskarazko lau hitzez apainduriko gaztelania.
Rarico deituko didazue, baina ni, gaztelaniaz ari naizenean, gaztelaniaz hitz egiten saiatzen naiz, eta euskaraz ari naizenean, euskaraz.
Cambio de destino memoria-liburuko pasarte batean, Jon Juaristik kontatu zuen nola, atxilotu zuten batean, irri-emangarri utzi zuen itaunketa egiten ari zitzaion polizia; bertze pasarte batean, Tarot aditu bat leziatzen aritu zen zertan eta Tarot kontuetan. Anekdota eta egoera edozein direla ere, Jon Juaristi ateratzen da beti garaile Jon Juaristiren memoria idatzietan, eta, akaso, baita publikatzen ez den memoria intimoan ere.
Juaristiren estiloak arrakasta handia izan du euskal intelektual jakin batzuen artean, eta ez dira guti elkarrizketa publikoetan โeta, agian, baita adierazten ez diren pentsamendu intimoetan ereโ beren buruari loreak suelto-suelto botatzen dizkiotenak: heterodoxo izatea da paparrean harro daramaten dominarik txikiena, eta, hortik abiatuta, lotsa arrastorik gabe kontatzen dute AEBko mundu akademikoa ezinbertzean konkistatu dutela edo familia ideologikoki orbangabe bateko azken ale ideologikoki orbangabe direla.
Panorama ikusita, bertze heterodoxo baten aspaldiko titulu bat parafraseatuz, barkamena eskatu nahi dut lerro hauetan hartu behar dudan bidea hartzeagatik, zeren, berehala kontatuko dudan anekdotan aski irri-emangarri agertuko bainaiz, pailazo baten pare kasik, eta bertze behin agerian geldituko baita zeinen traketsa naizen giza harremanekin deus ikustekoa duen orotan.
Oxforden izan zen. Guapo-guapo jarri, gorbata ongi lotu eta, nire ohituren kontra, college bateko besta batera abiatu nintzen. Han, berehala ohartu nintzen bertze inork ez zeramala gorbatarik; gonbidapenari disimuluan begirada bat bota, eta hantxe ikusi nuen aski argi idatzia: dress informal. Bere buruarekin erosoago sentitzen den batek eskuak gorbatara eraman, korapiloa laxatu eta oihal puska luze hura sakelan altxatuko zukeen. Ni, berriz, han egon nintzen, irribarre makur bat ezpainetan, lepo inguruan trapu baten ordez Coleridge-ren albatrosa eramanen banu bezala. Tira, noizbait ipuin bat egin beharko dut material horrekin. Momentuz, erabaki dut nire memoria publikoetan kontatuko dudala jantzi-protokoloa nahita hautsi nahi izan nuela, besta hartara dotorezia pittin bat ekartze aldera, eta hondarrean arrakasta izugarria izan zuela Italiako zetazko โmemorietan Italiako zetazkoa izanen baitaโ gorbata hark. Eta saiatuko naiz oroimen intimotik lekutzen arratsalde hartan ez nuela araurik hausteko inolako asmorik izan, lehenik eta behin jantzi-arauak zein ziren ere ez nekielako.
II
Jorge Luis Borgesen ipuin batean, Ekialde Hurbileko pertsonaia batek ospe handia irabazi zuen munduan barna egin zituen bidaiei esker. Haren etsaiek โkontatzen du Borgesekโ sekulan bidaiarik egin ez izana leporatzen zioten eta, aldi berean โgorrotoak ematen duen logikarekinโ bidaietan ezagututako tokietan egiazko fedeari uko egin izana.
Adostasun zabala dago euskara ikaragarri zaila delako ideiaren inguruan, ez bakarrik erdaldunen artean, baita euskaldunen artean ere; izan ere, euskara sinplifikatzeko proposamenak izan ditugu berriki, eta izanen ditugu naski etorkizunean ere. Eta, aldi berean, euskara ikaragarri erraza delako ideia ere hor dago: erdaldunen artean, burla egiteko iturria da hori โtelefonoa, pastela, hanburgesaโฆ dena erdaraz bezala baita!โ; euskaldunen artean, sormen iturria, hitanoaren hirugarren forma bat bulkatu nahian baitira batzuk azkenaldi honetan.
Euskara sinplifikatzeko zein aberasteko, bide bakarra bide dugu, askatasuna alegia, eta etsai bakarra, barnean omen daramagun euskaltzaina. Eta Asisko Urmenetak aspaldian errana da barneko euskaltzaina hil behar dugula. Bistan dena, ni ez naiz nor Asiskori kontra egiteko, baina, han-hemenka ikusten eta aditzen dudana ikusita eta adituta, iduritzen zait gure barneko euskaltzain ustez faxistaren opresioa franko beratza dela. Orokortzea itsusia denez, aitortuko dut badirela euskarari freskotasuna, naturaltasuna, bat-batekotasuna eta ez dakit zenbat bertze tasun eman nahi dizkiotenak, eta nik ez dut horren kontra deus ere. Baina irudipena dut naturaltasuna aldarrikatzen delarik, behin baino gehiagotan erdal makuluak edo kalko gordinenak erabiltzekoa dela aldarrikatzen ari den naturaltasuna. Hitz egitea un poco ateratzen zaigun bezala. Alegia, efektu jakin bat erdiesteko arauak hautsi baino gehiago, hoberik ezean euskainola erabiltzen dela. Tipo sozialki trakets batek gorbata eramanen balu bezala gorbatarik behar ez den besta batean. Ez jantzi-protokoloa salatu nahi izan duelako, jantzi-protokoloa ezagutzen ez duelako baizik. Ez heterodoxoa eta ez naturala, baldarra baizik.
Bortizkeria arrunt gauza itsusia da eta, horregatik, inor hiltzearen kontra nago, are gehiago inor hori gure barneko euskaltzaina bada. Aitzitik, nik uste dut zaindu beharko genukeela, baita โnoizbehinkaโ maina batzuk egin ere. Eta gero, arauak ezagututa, hizkuntza gure beharretara moldatuko dugu. Jakinki zertan ari garen.
Itzultzaileok arreta bereziz ikusten dugu, deformazio profesional izateraino, nola jokatzen duten jendeek, talde eta erakundeek hizkuntzekin. Nola tratatzen dituzten hizkuntza pareak komunikazioan.
Egia esan, Euskal Herrian, denok garenez itzultzaile, edo ezinezkoa denez bi hizkuntzen arteko zubirik gabe bizitzea (buru-ariketa gisa bederen), askok erreparatzen diogu. Eta berehalaxe ohartzen gara duintasunez idatzi duten, itzulpena kaxkarra egin ote den, tekleatze akatsik badagoen, letra tamaina bera erabili ote den bi hizkuntzetanโฆ Doktoretza-tesi bat egin liteke horren gainean.
Azkenaldi honetan, badira bi joera deserosotasuna pizten didatenak. Mintza nadin garbiago: amorrua ere pizten didate. Ni ote naiz bakarra? Esan diet nire inguruko batzuei, baina, nonbait, gehienak ez dira erretxintzen ni bezala.
Joera horiek, nire ustez, argi adierazten dute euskara zer den jendearentzat, nolako tokia duen hizkuntzak (egiazko bizitzan), zer den guretzat euskara edo gaztelania edo ingelesa.
Badira azken urteetan zabaldu diren bi ohitura, bai, sua pizten didatenak barrenean. Obsesio bihurtzen hasia zait, eta idatziz jarriko dut. Ea balio didan kaskotik kentzeko. Edo, beste batzuen iritzia entzunda, ez dela hainbesterako pentsatzeko. Gaur haietako batez mintzatuko naiz. Beste egun batean besteaz.
Zuetako askok ulertuko didazue noski. Eta gauza naizen inor mindu gabe adierazteko.
Txikia nintzela โVuelta al Paรญs Vascoโ zegoen, eta halaxe iragartzen zuten kartelek. Gero euskara, zorionez, merezi zuen tokia hartzen joan zen komunikazioan-eta, eta kartela elebiduna izatera pasatu zen. โVuelta al Paรญs Vasco-Euskal Herriko itzuliaโ. Bi hizkuntza, gaztelania eta euskara, โEuskal Herrikoโ deituta ere, Euskal Autonomia Erkidegoaz ari baitziren, Gipuzkoaz, Bizkaiaz eta Arabaz. Konforme. Aurrera egin genuen zerbaitetan.
Ez dakit justu noiztik eta zer gogoeta soziolinguistikoren ondorioz, orain oso bestelakoa da jokaera. Euskara hor da: Euskal Herriko itzulia da edo Itzulia da. Eta elebitasunari ere eutsi nahi izan diogu, baina zer eta โBasque Countryโ jartzen dute. Azkeneko kartelak ikusi ditut, eta orain โItzulia Basque Countryโ idazten dute.
Eta galdetzen diot nik neure buruari: zer dago gaztelania kendu eta ingelesa sartzearen atzean? Irrigarria iruditzen zait. Nik dakidala, gaztelania bizi-bizirik dago Hegoaldean. Eta ingelesa zer dela-eta?
โLa Itxuliaโ aipatu dut; orain horrela aditzen dut, ez โla Vuelta al Paรญs Vascoโ, baizik eta erdara ederrean, baina hori bai, keinu negargarri bat eginez euskarari. Zeren seinale? Baskoagoak gara itxulia esanez? Tira, utz dezadan hori. Euskararen hitz bakar batzuk sartuz gaztelania hutsean egitearen beste fenomeno hori beste egun baterako utziko dut.
Beste hamaika adibide eman nitzake:
Itzulia Women, Euskotren Women Winter Series, Basque Team Saria, Itzulia Basque Challenge, Euskadiko Orkestra-Basque National Orchestra, Bilbao Basque Fest, Emakume Master Cup, Pilota Legends Cupโฆ
Ez dut segituko, bihotzerrea jartzen zait-eta. Bai, Unique in the word gara euskaldunak (edo euskal herritarrak esan beharko nuke). โAthletic Club. Munduan bakarrak. Unique in the wordโ.
Magia bitxi baten eraginez, Euskal Herriko ez dakit zer txoko, ibar edo herritan zabaldu den euskalki edo ingeleski batez idatziak ikusten ditugu kartelak.
Baina itxurakeria da. Edo ez? Oso guai dago besterik gabe ingeles tanto batzuk jartzea? Dottorea da, ezinbestekoa, inperioaren hizkuntza jartzea? Gaztelania desagertu da karteletatik. Sekulako iraultza gertatu da gure egoera diglosikoan? Orain euskaraz barra-barra egiten al du jendeak eta ingelesa da kanporako atea?
Ez. Sinetsia nago ekitaldi, txapelketa eta emanaldi horiek gehienak gaztelaniaz antolatu direla. Ekitaldi horien antolatzaile diren erakundeek gaztelaniaz funtzionatzen dute. Euskarak ez du aurrerapauso handirik egin haietan, baina euskara eta ingelesa ageri dira. Susmoa dut tarta batzuen gaineko ginga puska gisa jartzen dutela euskara hor, apaingarri.
Gaztelania desagertu da. Nire ustez hemengo hizkuntzetan idatzi behar dira gauzak komunikazioa baldin bada helburua. Ulertuko nuke hizkuntza ahulenaren aldeko diskriminazio positiboz euskarak toki gailena izatea. Baina gaztelania kendu eta ingelesa jartzea harrigarria iruditzen zait.
Aspaldian gai posibleen kutxan gordeta nuen horietako bati hautsa kentzeko aukera paregabea eman dit apirilaren 20an Enkarterrietako euskalduntze prozesuaren eragileei egindako omenaldiak. Miresgarria da 60ko hamarkadatik hona eskualdea euskalduntzeko eragile horiek inbertitutako lana eta kemena. Nire ustez, Sodupen egin zen โEnkarterri Harroโ ekitaldi horrek merezi zuen Berriaren irakurle guztien arreta, baina Bizkaiko hitza lurralde-atalean argitaratu zen Ia hutsetik euskaldundu dutenakerreportaje interesgarria. Erreportajearen abiapuntua dira Enkarterrietako euskaldunen portzentajeak: % 1,02 1981eko inkestaren arabera, eta % 31,58 Eustaten 2021eko estatistiken arabera. Eskualde euskaldunenekin alderatuta, kopuru txikia dela pentsa genezake, baina berrogei urtean 30 puntuko igoera lortu izana harro egoteko modukoa da, zalantzarik gabe. Berriako erreportajean ematen dituzten datuen arabera, Bizkaiko eskualde euskaldunena den Lea-Artibaik denbora-tarte berean puntu bat baino gehiago galdu du (% 81,88 > % 80,23). Atera kontuak! Enkarterrietako euskalduntze prozesu horren hasieran nik ere hartu nuen parte, lehenengoz, ikasle modura eta, ondoren, irakasle modura, eta garbi izan dut beti aldaketa bultzatu zuen indar garrantzitsuetako bat izan zela euskaraz ez jakiteak eragiten zigun min handia. Ideia bera irakurri nuen duela zenbait hilabete Berrian Nafarroako gazte bati egindako elkarrizketan, eta pentsatu nuen min horretan bat egiten dugula muturretako eskualdeetako euskaldunok.
Borroka eta ahalegin handia egin da berrogei urte hauetan, baina azpimarratu beharrekoa iruditzen zait 80ko hamarkadan eskola publikoetako gurasoek D eredua ezartzeko egin zuten borroka. Izan ere, eremu erdalduna zenez, Hezkuntza Sailak Enkarterrietako herrietako eskola publikoei ez zien onartu nahi D ereduko gelarik. Gurasoen borrokak bere fruitua eman zuen eta, horrezkero, ume asko eta asko euskaldundu dira eskola publikoetan, eta gau-eskoletan eta euskaltegietan euskara ikasi duten guraso askok eta askok etxeko lanak egiten lagundu ahal izan diete ume horiei. Areago, horietako askok euskara transmititu diete beren seme-alabei. Gau-eskola eta euskaltegietako lanak ere etenik gabe iraun du orain arte. Eta, horrela, iturri bateko eta besteko emariak batzen joan dira euskararen itsasoan. Hartara, Enkarterrietako edozein herritan albistegien arreta merezi duen zerbait gertatzen denean, hara doaz EiTBkoak, eta euskaraz elkarrizketatzeko norbait aurkitzen dute. Ez al da harro egoteko modukoa?
Ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala ere aipatu zen omenaldian, nola ez? Baina hona ekartzea merezi du horren harira gazte batek aipatu zuen leloa: โEz dago euskara txarrikโ. Lelo hori etengabe errepikatzen omen zuen Lourdes Gaunak. Lourdesi, berrogei urte AEKn lanean aritu ondoren, erretiratzeko unea iritsi zaio, eta omenaldi berezia egin zioten ekitaldian. Lelo paregabea iruditzen zait Enkarterrietako, Meatzaldeko eta antzeko eskualdeetako euskaldunak ahalduntzeko, eta euskaldunen komunitatetik baztertuta ez sentitzeko. Izan ere, oso maiz euskaldun horiek egin duten ahalegina balioetsi beharrean, beren hizkuntza-gaitasuna mugatua dela iritzi, eta euskararen erabileraren gabezia eta hutsuneen erruduntzat ere hartzen dira. Nago euskararen biziberritzearen etsaietako bat dela euskaldunen artean klaseak eta kastak bereizteko joera nabarmena: ikastoletakoak vs eskola publikoetakoak, D eredukoak vs B eredukoak, etxean euskaldundutakoak vs eskolan euskaldundutakoak, herri euskaldunetakoak vs herri ez-euskaldunetakoak, euskaldun berriak vs euskaldun zaharrak, euskalkidunak vs euskalkirik gabeak, euskaldun ele-erasanak vs euskaldun peto-petoak eta abar eta abar. Bereizkeria horiek guztiak oso sustraituta daude umeen eta gazteen artean ere, eta oso arriskutsuak iruditzen zaizkit gauden puntura heltzeko egin behar izan den ahalegina ezagutu ez dutenen eskuetan, edo hobe esan, bihotz, garun, aho eta belarrietan.
Gizarte berdinzale eta justu baten ardatzetako bat izan nahiko lukeen euskararen aldeko hizkuntza-politikak bereziki zaindu beharko lituzke hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak euskaraz garatzeko oztopo eta zailtasun gehien dituzten hiztunak eta eskualdeak. Adibide bat emateagatik, eskola eta institutuetako ikasleei atzerriko hizkuntzen garapenean laguntzeko trukeak egiten dira beste herrialde batzuetako ikasleekin, baina, nik dakidala, ez da trukerik egiten, adibidez, Enkarterrietako edo Meatzaldeko eskoletako eta Lea-Artibaiko edo Goierriko eskoletako umeen artean, nahiz eta hezkuntza-sistema beraren barruko truke horiek askoz ere errazagoak liratekeen atzerriko herrialdeetakoak baino. Horrelako trukeak biziki aberasgarriak lirateke ume-nerabe guztientzat, beraiena ez bezalako eremu soziolinguistiko batean murgiltzeko aukera emango lieketelako, eta mota bateko eta besteko euskaldunen arteko sareak sortzen lagunduko luketelako. Zer esan etorkinei buruz, edo guraso euskaldunak ez dituzten bertako umeei buruz. Laguntza berezia eskaini beharko litzaieke eskoletan eta udaletan, etxeko lanak egiten laguntzeko eta, jakina, eskolatik kanpoko jardueren eskaintza oparoa euskaraz. Euskarak gure gizartean integratzeko tresna beharko luke, eta ez oztopo, betiere guzti-guztien hizkuntzak eta kulturak begirunez tratatzen direla bermatuta, jakina.
Nik neuk zorte handia izan nuen unibertsitatean hasi behar nintzenean (1979. urtean) lehen kurtsoa euskaraz ematea lortu zutelako orduko Zientzi Fakultateko zenbait irakaslek eta, nire euskara oso mugatua bazen ere, euskaraz matrikulatzeko konbentzitu nindutelako. Unibertsitateak aukera paregabea eman zidan herri eta eremu soziolinguistiko desberdinetako euskaldunekin ikasteko, hitz egiteko edota aisialdia partekatzeko. Gaur egun ere aukera hori eskaintzen die UPV/EHUk ikasleei, baina geletan eta korridoreetan ikusten dudana da jatorri bateko eta besteko hiztunak ez direla askorik nahasten, eta eremu batzuetako ikasleek, ikasketa guztiak euskaraz egin badituzte ere, oso autoestimu linguistiko baxua dutela. Inoiz gertatu zait klasean ahozko aurkezpena egin behar zuen ikasle batek barkamena eskatzea aurkezpena egiten hasi aurretik Gasteizkoa izanda ez zuelako behar bezain ondo egingo. Hartara, gure irakasgaien helburu garrantzitsuetako bat da ikasleek euskararen biziberritzearen historia apur bat ezagut dezaten, biziberritze horri egin dizkioten ekarpenen kontzientzia har dezaten, eta etorkizunean aditu euskaldun modura euskararen garapenean eta biziberritzean izango duten erantzukizunaz gogoeta egin dezaten.
Berandu iritsi gara euskaldunok euskara-eredu estandar bat izatera, oso berandu, nahiz eta, zorionez, azkar nagusitu den euskara batua deitzen diogun hori. 1968an ezarri ziren lehen oinarriak, baina, lexikoari dagokionez, askoz geroagokoa da lexiko estandarra: 1995ean hasi zen argitaratzen Hiztegi Batua, eta 2000.ean amaitu.
Hiztegi Batua, baina, ortografia-hiztegi bat izan zen, hitzak nola idatzi behar ziren baino ez zuen argitzen. Alegia, ez zuen definiziorik. Eta oso handia ere ez zen, 20.000 sarrera besterik ez zuen. Egin egin behar zen, beharrezkoa izan zen, baina ulertu behar dugu benetako hiztegi aruemaile baterako oinarria baino ez zela izan. Beraz, esan dezagun argi: hiztegi arauemailerik gabe iritsi ginen euskaldunok XXI. mendera.
Auzokoen inbidiatan
Inbiriyetan bizitze ori / preziso gauza tristia kantatu zuen Txirritak. Inguruan ditugun bi estatu-hizkuntza handiekin ezin konpara daiteke gure nazio-hizkuntza, eta, hala ere, haiekin konparatu behar dugu, besteak beste, non gauden jakingo badugu eta zer lantegi dugun aurrean ohartuko bagara.
Frantsesaren hiztegiari erreparatuko diogu lehenik. 1694koa da Frantziako hizkuntzaโakademiaren lehen edizioa (Dictionnaire de lโAcadรฉmie franรงaise). Hau da, 330 urte ditu! Eta 9. edizio izan ditu (1694/1718/1740/1762/1798/1835/1878/1935), 9. edizioa (2012an argitaratzen hasia) oraindik erabat amaitua ez badago ere (2023ko martxoan argitaratu zen orain arteko azken partea: sommation-spermatophytes). Guztira 60.000 sarrera izango ditu gutxi gorabehera, 8. edizioak dituen baino 28.000 sarrera inguru gehiago.
Gaztelaniari dagokionez, 1780koa da Diccionario de la lengua espaรฑolaren lehen edizioa (haren aurrekaria Diccionario de autoridades izenekoa izan zen, 1726-1739 bitartean argitaratua). Hau da, 244 urte ditu! Geroztik, 23 edizio argitaratu dira, azkena 2014an, Espainiako hizkuntza-akademiaren 300. urteurrenaren kariaz (eta 24. edizioa, dirudienez, 2026an argitaratuko da). Azken edizio horretan, Real Academia Espaรฑola erakundeaz gainera, gaztelaniaren gainerako hizkuntza-akademiek ere hartu zuten parte (guztira, 23 akademia dira). Diccionario de la lengua espaรฑolaren 23. edizioak 93.000 sarrera ditu.
Estatu banaren indarra eta laguntza izan dute, eta dute, bi hizkuntza-akademia horiek eta bi hiztegi arauemaile horiek. Gaztelania eta frantsesa baino hurbilago dugu, egoeraz eta historiaz, katalana. Katalanaren hizkuntza-akademia, Institut dโEstudis Catalans (IEC), 1907an sortu zen (gogoan izan garai bertsuan, 1918an, sortu zela Euskaltzaindia), eta 1932an amaitu zuen bere hiztegia, Pompeu Fabraren Diccionari general de la llengua catalana (DGLC).
Euskarak, euskal kulturak eta euskal identitateak bezala, katalanak, katalanen kulturak eta identitateak ere Espainiako diktaduraren jazarpen latza jasan zuten lau hamarkadaz, eta IECk ezin izan zuen garatu bere hiztegia. Diktadura amaituta, lanari berrekin zion, eta, 1995ean, Diccionari de la llengua catalana argitaratu zuen, 1932koa baino 18.000 sarrera gehiagorekin. Eta 2007an, IECren ehungarren urtean, bigarren edizioa argitaratu zen (DIEC2), 1995eko ediziokoa baino 2.400 sarrera gehiagorekin. Bigarren edizioak 67.570 sarrera ditu. Geroztik, urtean bitan gehienetan, zuzenketa eta sarrera berri batzuk gehitzen dizkiote onlineko bertsioari.
Eta gurean zer?
Hiztegi orokor elebakar arauemailerik gabe iritsi ginen XXI. mendera, eta 2012. urteraino itxaron behar izan genuen Euskaltzaindiaren Hiztegiaren (EH) lehen edizioa ikusteko (liburu gisa argitaratu den edizio bakarra). Hiztegi horrek 20.000 sarrera zituen, eta 634.152 hitz. Jaioberria ez zen potoloa, baina bazen, eta hori zen garrantzitsuena.
Ondo eta ugari edoskitu beharra zegoen, gizendu eta haziko bazen. Eta horri lotu zitzaion Euskaltzaindia. Orain, lehen edizio hark argia ikusi zuenetik 12 urte iraganik, biziki koskortu da hiztegia, eta nerabezaroaren atean dugu jada. Hori ez da iritzi hutsa, datuetan oinarritutako baieztapena baizik. Azken urteotan, urtean bitan argitaratzen ari dira eguneratze eta handitzeak, urtarrilean eta uztailean. Gaur egun, hiztegiaren 13. edizioa edo โedizio hitza handitxoa dela iritziz geroโ 13. bertsioa dugu kontsultagai. Eta bada alderik:
1. edizioa (2012)
13. bertsioa (2024ko urtarrila)
20.000 sarrera
49.503 sarrera
634.152 hitz
1.298.496 hitz
Hamabi urtean, bikoiztu baino gehiago egin da sarrera-kopurua, 2,5 aldiz handiagoa da orain. Eta zenbaki hotzen atzean dagoen mamia ikusteko, hona hemen, frogagarri, erakusgarri txiki bat. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehen bost sarrera nola zeuden 2012an eta nola dauden orain (eta zer sarrera berri sartu diren tartean):
2012
2024
a1 iz. Alfabetoko letra (a, A). A larria.
a1 1 iz. Alfabetoko letra (a, A). A larria. 2 area-ren nazioarteko sinboloa. 3 ampere-ren nazioarteko sinboloa. (Letra larriz).
a bildu iz. Helbide elektronikoetan erabiltzen den ikurra, erabiltzailearen izenaren ondoren eta zerbitzariaren izenaren aurretik jartzen dena (@); ikur hori adierazteko erabiltzen den hitza.
a itsatsi iz. hizkl. Euskal hitz batzuek berezkoa duten hitz bukaerako -a, artikulua ez dena. a itsatsia duten hitzen berezitasuna.
a2 interj. Oi! A!, ikusi banu.
a2 interj. Oi! A!, ikusi banu.
a zer interj. (Artikulua edo zenbatzaile zehaztua hartzen duen izen sintagma baten ezkerrean, hark adierazten duena azpimarratuz). A zer itsutasuna!A zer lasaitua etorri zitzaiona!A zer muturrekoa eman didan!A zer bi geunden gu!
ababor iz. Ontziaren ezkerraldea, popatik brankarabegiratuz. Anton. istribor. Uhartea ababorreko aldetikutzi. Ontzia ababorrera makurtzen da. Ababorrean urzulo bat dago.
ababor iz. Ontziaren ezkerraldea, popatik brankara begiratzen dela. (Batez ere leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da). Anton. istribor. Uhartea ababorreko aldetik utzi. Ontzia ababorrera makurtzen da. Ababorrean ur zulo bat dago.
abade 1 iz. Gizonezkoentzako monasterio bateko burua.Paulo abade zahar hura. Leireko abadea. 2 iz. Bizk. Apaiza. Abade jauna. || Esr. zah.: Nolakoelizalde, halako abade. Abadearen lapikoa, txikia bainagozoa. abade egin Bizk. Apaiz egin. Alargundu eta gero,abade egin zen.
abade 1 iz. Gizonezkoentzako monasterio bateko burua. Paulo, abade zahar hura. Leireko abadea. 2 iz. bizk. Apaiza. Abade jauna. Esaera zaharrak Abadearen lapikoa, txikia baina gozoa. Nolako elizalde, halako abade. abade egin ad.-lok. bizk. Apaiz egin. Alargundu eta gero, abade egin zen. abade nagusi iz. bizk. Apaiz nagusia, apaizburua. abade etxe, abade-etxe iz. bizk. Apaizetxea. Saint-Denisko abade etxea hiriko otoizlekurik zaharrena da.
abadegai iz. bizk. Apaizgaia. Abadegai zela hasi zen euskara lantzen liburuak irakurriz.
abadegintza iz. bizk. Apaizgintza. Behin baino ezin hartu daitezkeen sakramentuak hiru dira: bataioa, sendotza eta abadegintza.
abadeki iz. g. er. Apaizgaia
abadesa iz. Emakumezkoentzako monasterio batekoburua. Monasterioko abadesa zenean. Bere komentukoabadesa.
abadesa iz. Emakumezkoentzako monasterio bateko burua. Monasterioko abadesa zenean. Bere komentuko abadesa.
Oraindik inbidiatan begiratzen diegu katalanen, espainolen eta frantsesen hiztegi aruemaileei, baina badakigu jada ez daudela hain urruti, ia-ia eskumendean ditugula, iaโia hori ezabatzeko zenbait urtez gogor jardun beharko badugu ere.
Beti gehiagoren miran
Hiztegi-erabiltzaileok, halere, asegaitzak gara, umeak nola. Nahi nuke Euskaltzaindiaren Hiztegiak nik behar ditudan hitz guztiak izatea. Nahi nuke balidatu, bitcoin (bitkoin?), bot, botulismo, carpaccio, didaskalia, elektroentzefalograma, enoturismo, estilobato, fatua, geolokalizatu, klaustrofobiko, kriptomoneta, marakuia, mentalizatu, mokoprestu, multizinema, nukleosintesi, ortotipografiko, subfusil, superkumulu, txador, txirene, zapping, ziberjazarpenโฆ hitzak izatea. Nahi nuke hiztegi horretan sarrera diren hitz askotan orain ageri diren baino adiera gehiago izatea (adibidez, gautxoria gaueko autobusa ere badela esatea; edo karakterizazio hitzak, antzerkiko adieraz gainera, teknologian beste esanahi bat baduela, oso erabilia, esatea; edo…). Nahi nuke hiztegi horretan hitzak irakurtzeaz gainera entzun ere ahal izatea, nahi nuke antonimo gehiago egotea, nahi nuke sinonimoak sistematikoki ematea, nahi nukeโฆ Queen taldeak abesten zuen bezala,I want it all and I want it now,baina badakit pixkanaka beteko direla nire nahiak eta hamabi urteko EH gazteak, hemendik hamabi urtera, beste hizkuntzetako hiztegi handi eta eder horien Txapeldunen Ligan airoso jokatuko duela eta inbidiaren talaian egoteari utziko diodala, diogula.
Egun batez, blog honetarako ideiarik gabe nengoela, ideiez antzu eta agor, eta Karlos Linazasororen azken liburuko pasarte bat irakurtzen ari nintzela (espero dut poztu egingo dela hau irakurtzen badu, bere ustez ez bide du-eta irakurlerik), otu zitzaidan, bururatu zitzaidan, txit egokia zatekeela plajioa baliatzea hilabete honetako artikuluarekin aurrera egiteko. Plajioak โinoren esklaboak lapurtuโ esan nahi zuen antzinako Erroman, baina nik ez dut gaurkoan halakorik egingo, egon lasai, eta horren ordez urliaren eta berendiaren esaldiak ekarriko ditut hona nire gaia nik neurez egin ahalko nukeena baino eleganteago beztitzearren.
Linazasorok diosku oso modan jarri dela โesango nukeโ zartailutxoa (sic). Orobat esaten digu Orixek ez zuela inoiz erabili. Nik ere esango nuke Orixek ez zuela sekula santan erabili, baina ausardia nahikoa izan zuen Tormesko itsu-mutilaren hainbat pasarte eta zazpigarren kapitulu osoa gazteleraz berridazteko gogoak eman zion bezala, eta gero euskarara ekartzeko autoitzulpenaren adibide ezin bitxiagoan. Gainera, konbentzimendu osoz aitortu zuen: โErdel yaubearen idazti yatorretik yardun au osoa kendu dot, eta neure buruz ordaindu, edonoren eskuetarako iruditu etxatalako. Kendu dodaz ganera, esan zantar bat lelengo yardunean amazortzi lerro irugarrenean eta bi koma-tarte lau garrenean. Kritikuak begirapena zor ei deutsoe yaubearen idazti yatorrari; nik ostera begirapena zor deutsot neure buruari ta irakurle euskaldunariโ. Zalantza barik, beste garai batzuk ziren, erlijiosoagoak, dogmatikoagoak, nahi baduzue, non jatorrizkoa desleial baitzitzaion itzulpenari.
Baina ez nadin desbidera eta saia nadin gaur hona ekarri nauen hizpideari ostera ere lotzen. โEsango nukeโ bezalako esapide betegarriez edo makulu-hitzez ari nintzen goiko digresioak halako batean harrapatu nauenean. Esango nuke โen planโ dela beste makulu-hitz bat, bereziki gazteek erabiltzen dutena, hitzetik hortzera erabili ere, gogaitzerainoko puntuan. Nik esango nuke duela hamar bat urte jaio zela. Gomutan daukadanez, artean gazte eta berde nintzela, inork ere ez zuen halakorik esaten. Uste dut Axularrek ere ez zuela Geron inoiz erabili, baina inongo corpusetan begiratu gabe botatako ustea da eta agian ustea ustela izan liteke. Aipatu makulua, makulu ia guztiak bezala, espainoletik mailegatua da, jakina, eta gazte euskaldunei oso baliagarria zaie euren diskurtsoa biziagoa eta adierazgarriagoa egitearren. Indar aurreratzailea du, eta euskarak, dena atzeratzeko duen mania absurdo bezain ulergaitz horrekin, ez du balio gure entzulearengan sorpresa moduko zerbait sorrarazteko, rollo zu orain pentsatzen ari zarena bezala.
Eta ondo iruditzen zait horrelako makuluak erabiltzea, inork ez dezala pentsa horren kontrako aurrejuzgurik dudanik, inondik inora ez baitut nire burua hizkuntzalari fundamentalistatzat hartzen. Aitzitik, norberaren hizkuntza aberasteko mailegua eta kalkoa oso tresna baliagarriak dira. Ez dut defendatzen a saco erabiltzea, en plan gure lagun urliak egiten duen legez, baina aitor dut baduela grazia apur bat horrela aritzeak, makulurik makulu, euskaratik espainolera eta espainoletik euskarara, jauzirik jauzi.
Eta orain, azkenik, hel diezaiodan zuekin partekatu nahi nuen gai nagusiari. Ez dakit kezka den edo kezka bainoago harridura. Izan ere harrigarria begitantzen zait gazte hizkera (bakarrik?) horren isla euskal literaturan ez ikustea. Ez dut euskaraz argitaratzen den oro irakurtzeko denborarik, baina nire begiek leitzen dituzten liburuetako orrietan elkarrizketetako hizkera Gasteizko Olarizuko zelaia bezain ordokia da. Ez al dago hor aukera bat benetako hizkera islatzeko, ingelesez egin ohi den bezala (bai, badakit, ez dugu zertan ingelesak kalkatu, gu desberdinak gara). Gaztelaniaz antzeko zerbait gertatzen da, elkarrizketak eta, zer esanik ez, narrazioak lauak izaten dira, salbuespenak salbuespen (Andrea Abreu idazle kanariarraren Panza de Burro liburua datorkit burura, non egileak aitortzen baitu errealitatearekin zintzoa izateko hizkuntzaren ofizialtasunetik aldendu behar izan zuela eta bere auzoko hizkera erabiltzea erabaki zuela hiztegi guztietan okerrak diren hitzak liburuan sartuz). Gure literaturan lagunarteko hizkera erabat neutralizaturik ageri da, errealitatetik guztiz aldendua. Ni ez naiz idazlea, baina euskaรฑol hori zergatik ezin da erabili literaturan edo ikus-entzunezkoetan inoren sentiberatasun linguistikoa mindu gabe? Jatorrizko film nahiz serietan bai erabiltzen da, ikus-entzunezko produktuak sinisgarritasunez janzteko, baina ez ordea bikoizturiko produkzioan. Literatura nahiz zinema fikzioa dira, baina errealitateari atxikiak behar dute izan, errealitatetik urrundu nahi badute ere. Mugak muga, literatura txikanoa datorkit burura, bi hizkuntzaren, bi kulturaren eta bi identitateren artean datzan espazioa betetzen duten idazle elebidunek sortua. Nago oraindik oso urrun gaudela euskaรฑol horren isla fikzioan ikustetik. Bitartean, euskaldun gizartearen zati handi batek lasai asko jarraituko du en plan, rollo, eskeโฆ bezalako makuluak erabiltzen, norbaitek espantu egiten badu ere.
Eta plajioa aipatuz hasi naizen bezala, Pat Mora idazle txikanoaren poema bat plajiatuz bukatu nahi dut nire blog honetarako ekarpena:
Bi-eledun, bi-kultura, Zer moduz-etik โCรณmo estรกsโ-era lerratzeko gai, bulego dotore batean euskara lau eta lehor batean idatziz, lagunartean pattarra edaten euskara txolindu samar batean, jatetxeko menua euskaraz nahiz erdaraz eskatuz, edo biak nahasi-mahasian, bai, guk erdaraz ere hitz egiten dugu, baina ezberdinak gara, alde batetik bestera igarotzeko abilezia dugu, bi mundutako ertzetatik barreka, aurrejuzguaren deserotasuna mozorrotuz bi aldetako talaiatik.