Termodinamika euskal kulturari aplikatua

Manu López Gaseni

Jaume Subirana literatura katalaneko katedradunak oraindik orain plazaratutako liburuxka batek piztutako interesaren harira idatzi dut denboraldiko neure lehen ekarpena. Jatorrizko bertsioan, Literatura, llengua i lloc. Termodinàmica aplicada izenburuko liburua ekainaren 11n argitaratu zen, gaztelaniazko bertsioarekin batera, Anagrama argitaletxean.

Aletzen dituen kontuak ez dira berriak; bai, ordea, azterbidea; eta oso originala da termodinamikaren legeekin egiten duen jolas metaforikoa. Liburuaren eragingarria da zer gertatzen ote den literatura, hizkuntza eta tokia elkartzen diren espazio gaur egun eraldatuan. Eta, hasteko, termodinamikaren bigarren legetik abiatzen da. Enuntziazio honetatik, esate baterako: “Sistema isolatu baten entropiak handiagotzeko joera du beti, eta prozesu hori itzulezina da”. Tira, kontua hauxe omen da, nilako ezjakinok dakigunetik ez genekienera: sistema batean gorputz bero batek gorputz hotz bati beroa aldatzeko joera izaten du, orekaren bila, baina bide horretan energia galtzen da beti. Energia galtze horri entropia deritzo eta, hori dela eta, termodinamikaren arloan desordenaren sinonimoa da entropia. Oreka edo uniformetasun bila, itxuraldatu egiten da sistema. Fisikarien kontuekin aurrera eginez (barkatuko ahal naute), energia eraginkorragoa da kontzentratuta dagoenean sakabanatuta dagoenean=entropia handiagoa denean baino.

Subiranak katalan literaturari aplikatzen dio aurreko hori guztia, eta ni euskararen sistemari aplikatzen saiatu naiz, tamalez entropia handiegiz, nire ustean. Adibidez (uler bedi Subiranaren liburua parafraseatzen arituko naizela etengabe), euskal kulturaren eta ingurukoen artean (gaztelaniazkoa, frantsesezkoa eta nazioarteko ingelesezkoa) gertatzen diren berezko energia-trukeak norabide bakarrekoak dira batez ere, oreka=homogeneotasun bila. Oreka bai, baina gure sistema desitxuratuz doa truke bakoitzean.

Katalunia delako “toki”ko idazleen sailkapena egitean, iruditu zait gurean baino zorrotzagoak direla katalan-osoak-eta-erabatekoak ez direnak izendatzeko moduetan. Irudipena baitut gurean iraganeko kontua dela euskaldunberri deitura gaitzesgarria, nahiz eta oraindik ere tarteka agertzen diren berezko hizkera edo euskalkia dutenen eta estandar txepelean mintzo direnen arteko hika-mikak. Hizkuntzaren erabiltzaileen kasuistika gero eta konplexuagoa da, identitateak lurraldetasuna galdu du eta ezegonkorragoa da. Hor dago, adibidez, idazle elebidunen kasua, bi hizkuntzetan idazten dutenak, alegia. Edo bi baino gehiagotan, itzultzaileen kasuan bezala. Galtzen da halakoen kasuan sistemako energia? Handitzen, entropia? Adierazpen gogoangarri hau egiten du Subiranak: “Katalunia ez da herrialde elebidun bat, askok uste duten bezala (elebakarrek, batez ere), baizik eta gaur egun 280 hizkuntza dituen tokia, eta non populazioaren % 10en ama-hizkuntza ez den ez katalana, ez gaztelania. Zein ote da, edo izango da, Kataluniako 800.000 herritar horien literatura edo literaturak?”. Gurearekiko paralelismo perifrastikora bueltatuz, agian kontua ez da euskal literatura birdefinitzea, gure jarrera aldatzea baizik (egiletzaz, kidetasunaz); izan ere, euskaraz aritzen ez diren idazleak agian ez dira euskal idazleak, baina euskal kulturaren parte dira, polisistemaren parte diren aldetik. Gurean ez dira gutxi (diot nik, oraingoan) munduan barrena euskal labela bizkarrean ibiltzen diren idazle, musikari, zinemagile eta artista plastiko erdaldunak. Baina (diogu Subiranak eta biok) edozein literatura definitzeko osagai zentrala hizkuntza da.

Eta hizkuntza-politiken bidez gauzatzen dira energia-truke asko: Europar Batasunean hizkuntza ofizialei buruz hartzen diren erabakiek eragina dute eremuko hizkuntza guztietan, ofizialak izan zein ez; gaztelaniazko literaturaren alde hartzen diren erabakiek eragina dute Espainiako beste literatura guztietan (baina ez alderantziz). Amazonen erabakiek eragina izango dute ohiko liburu-dendetan, eta ez dago atzera egiterik. Eta abar.

Inertzia da legea. Eta inertzia norabidez aldatzeko bide bakarra sistemari energia osagarriz hornitzea da. Bestela esanda, gurearen aldeko politikak=ekimenak bultzatzea. Ezegonkortasun- eta aldaketa-garai berri hauetan, entropia geldiarazi eta gure alde eragingo duten energia-iturriak bilatu behar ditugu. Eta, horretarako, bide-urratzaile izan diren ekimenei begiratzea komeni da, hala nola Durangoko Azoka (Sant Jordi antzeko bat), non batez beste baino prebalentzia handiagoa duten euskarak, euskal liburuek eta haien promozioak, salmentak eta irakurketak.

Amaitzeko, Subiranari itzuliko diot orain arte hainbestetan ebatsi diodan hitza, merezi du eta: “Uste askotan gure hizkuntza eta kultura hain jazarriak eta ahulak izan dira, ezen ziurtasun nuklear gutxi batzuei eutsi behar izan baitiegu, ustez funtsezkoak: tokia gutxi asko kontrolatua dugu (edo hala uste dugu behintzat), eta baita geure literatura, eta haren definizioak, beti hizkuntzari lotuak, baina oso gutxi dakigu mugako zenbait gune edo espaziori buruz, zeinetan literatura kultura bihurtzen den, identitatea identitate anitza edo aldaketa bihurtzen den, militantzia eragozpen bihurtzen den, merkatua egiazko jokaleku bihurtzen den (…). Arriskutik eta begiratzeko beste modu batetik soilik eutsi ahal izango diogu katalan literatura eta kultura deitzen diogunari”.

Euskaraz sortutakoa gaztelaniara itzultzeko itzultzaile automatiko neuronala

Maite Imaz Leunda

Uda honetan komunikabideetan irakurri eta entzun dugun berria izan da Osakidetzak itzultzaile neuronal bat jarri duela martxan, historia klinikoak euskaratik gaztelaniara itzultzeko: ITZULBIDE du izena. Hasiera batean Donostialdeko erakunde sanitario integratuan (ESI) ipini dute, baina berandu baino lehen Osakidetzako sare guztietan erabilgarri egongo den itxaropenarekin.

Orain dela lau urte inguru hasi ziren proiektua garatzen, Osakidetzan euskara lan hizkuntza ere izan dadin. Dokumentazio estandarra ele bietan argitaratzen da Osakidetzan, baina dokumentazio klinikorako irizpide zehatzik ez dagoenez, joera gaztelaniaz egitekoa izan omen da orain arte. Felix Zubia mediku, irakasle eta dibulgatzaileak EITBko programa batean adierazi zuenez, Osakidetzaren 3. Euskara Planaren barruan dagoen zerbait da, bertan jasotzen baita euskarak lan hizkuntza ere izan behar duela.

Zubiaren esanetan, unibertsitatean prestatzen dira profesionalak euskaraz, badituzte beraz apunteak euskaraz, eta medikuntzako hiztegi terminologikoak ere landu dira, baina behin lanean hasitakoan, pazientearekin izandako harremana euskaraz izan arren, txosten klinikoak euskaraz idazteko baliabiderik ez dute izaten. Izan ere, geroago beste medikuren batek irakurri beharko du txosten hori eta baliteke euskaraz ez jakitea. Badira euskaraz lan egin nahi duten medikuak, baina euskara ulertzen ez dutenak ere badirenez, txosten klinikoak beti gaztelaniaz idatzi izan dira orain arte.

ITZULBIDEk bi norabideetan egiteko aukera eskaintzen du, baina helburua euskaratik gaztelaniara erabiltzea da, euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzen baita horrela, eta baita pazienteak informazioa euskaraz jasotzekoa ere. Laburdurekin badu arazoren bat, ez ditu laburdura guztiak ondo atzematen, eta hori konpontzen ari dira.

Berri ona da euskarak espazio berriak irabaztea, orain arte gaztelania bakarrik erabili izan den eremuetan euskaraz egiteko aukerak jartzea, eta ni asko pozten naiz adimen artifizialean oinarritutako teknologia berriek euskara sustatzeko bideak irekitzen dituztenean.

Uda betean argitaratu zen, halaber, elcastellano.org gaztelania sustatzeko webgunean, medikuntzako itzulpen automatikoetan saihestu beharreko arriskuez ziharduen artikulu bat. Medikuntzako hizkera oso teknikoa eta zehatza izaten dela zioen, anbiguotasunetarako lekurik ez duena eta ñabardurak oso kontuan hartu behar dituena.

Adierazten zuen hitz edo termino baten itzulpen desegokiak oso ondorio larriak izan ditzakeela eta adibide gisa ipintzen zuen ingeleseko “stroke” hitza, gaztelaniara “ictus” edo “golpe” gisa itzuli behar den ezin duela asmatu neuronalak, edo zenbakizko adierazpenetan akatsak egitea zeinen larria izan daitekeen; gaizki jarritako hitz batek dena alda dezake: 0,5 eta 5 artean dosi bat nahasteak arriskuan jarri dezake paziente baten bizitza. Eta Itzultzaile automatiko batek inoiz itzuli behar ez lituzkeen dokumentuen artean sartzen zituen txosten klinikoak.

Orduan, elcastellano.org argitalpenean esaten denari kontra egitera ote dator ITZULBIDE? Ausartegia edo arriskutsua ote da hain eremu delikatuan itzultzaile automatiko neuronala erabiltzea?

ITZULBIDEri buruz zerbait gehiago ikasi nuen “Itzultzaile neuronalen eraginak euskararen erabileran” izeneko ikastaroan; hori ere udan izan zen, baina joan den urteko udan, 2024an. Olatz Perez de Viñaspre informatikari eta ikerlariari ondo ulertu banion, espezialitate eremu jakin horretako itzultzaile neuronal berezia osatu ahal izateko corpus orokor elebiduna sartzeaz gain, historia klinikoetako corpusa sartu zuten, gaztelaniaz, eta behar bezala anonimizatuta, datu pertsonalak ezkutatzeko. Medikuntzako hiztegi terminologikoak ere sartu zituzten. Ondoren, txosten klinikoak itzultzeko agindu eta itzulpenak zuzendu edo posteditatu ondoren horiekin osatutako txosten klinikoen corpus elebidunak sartu zituzten.

Orain dela 30 urte inguru itzulpengintza automatikoaz irakurri nuen liburu batean (W. John Hutchins & Harold S. Somers. An Introduction to Machine translation, 1992) garai hartako itzultzaile automatikoen artean METEO nabarmentzen zen. Orduko itzultzaile automatikoak arauetan oinarritzen ziren, ez zuten gaur egungo itzultzaile automatiko neuronalak bezain ondo egiten eta ez zirudien euskara bezalako hizkuntza batentzat arauetan oinarritutako eredu egokirik sortzea posible izango zenik.

Kanadan eguraldi parteak ingelesetik frantsesera itzultzeko jarri zen martxan METEO, 1976an: transferentzia lexikoa eta analisi sintaktikoa egiten zituen. Erabiltzen zuen hiztegia mugatua izatea eta norabide bakarrean egitea jotzen ziren arrakastatsua izateko gakotzat. Itzulpen automatikoaren aldeko adibiderik egokiena zen garai hartan METEO.

Gaur egungo ITZULBIDE lehengo mendeko METEOren parekoa izan daiteke agian. Eremu zehatz jakin baterako bereziki entrenatua, hizkuntza ez seguru asko eguraldi parteena bezain mugatua baina bai oso espezifikoa, eta norabide bakarrean erabiltzekoa, hasiera batean behintzat. Ezaugarri horiek izanda, tresna segurua izan daiteke.

Bada beste arrazoi bat segurua izango dela ziurtatuko duena, nire ustez. Euskaraz sortzen dugunok gaztelaniaratzeko itzultzaile automatiko neuronalak erabiltzen ditugunean ez gara botoi bati sakatuta konformatzen; zuzendu edo posteditatu egiten dugu. Gaztelaniazko testuaren estiloak ez gaituenean erabat asebetetzen ez dugu beti asmatuko txukuntzen edo ez dugu behar bada gaztelania naturalean nola ipini jakingo, baina ziurtatuko dugu testu biek gauza bera esaten dutela, jatorrizkoan esaten den guztia esaten dela itzulpenean, eta itzulpenean ez dela jatorrizkoan azaltzen ez denik esaten.

Gaztelaniatik euskaratu behar denean, ordea, askok pentsatzen dute botoi bati emanda nahikoa dela; klik bat egitea nahikoa dela euskararekiko betebehar guztiak gauzatzeko. Itxurari ematen zaio garrantzia, mamia kontuan hartu beharrean. Euskararen prestigio urria dago joera horren oinarrian.

Pentsatzen dut medikuntzako profesional euskaldunek euskaraz sortutako txosten klinikoak ez dituztela besterik gabe euskara hutsez gordeko ordenagailuan; hori egin aurretik emango diotela botoiari, irakurriko dela ITZULBIDEk emandako ordaina, ziurtatuko dutela gaztelaniara egindako itzulpena zuzena dela eta geroago etor daitekeen mediku erdaldunak ondo ulertuko duela.

Semaforo gorri monokromoa

Uxue Rey Gorraiz

Berriki, orain dela urtebete inguru izandako elkarrizketa bat etorri zait burura. Laneko mediku azterketan izan zen. Ni aurrez egin beharrekoak eginda azaldu nintzen kontsultara; pixez betetako flasko bat eskuetan eta lentillarik gabe ―haien ordez, betaurrekoak jarrita―. Aitortzen dut egun horretako oroitzapena dagoeneko ez dudala lehen bezain garden, baina neke aurpegia izanen nuen, seguru.

Sartu nintzen kontsultara, eta, kasik beste deus baino lehen ―gogoan baitut neronek esan behar izan niola erizainari faborez har ziezadala flaskoa ahalik lasterren, ez bainion horretarako batere presarik sumatu―, emakumeak zenbait galdera egin zizkidan. «Zer moduz bizi zaren jakin nahi dut, besterik ez», aurreratu zidan.

Galderetako batzuk aski bitxiak iruditu zitzaizkidan ―droga kontsumoari buruzkoak bereziki, zertan ezkutatu―, edo, behintzat, behin baino gehiagotan iruditu zitzaidan galderak formulatzeko zeukan manerak guztiz baldintzatzen zuela eman nezakeen erantzuna. «Si no fumas, drogas entiendo que tampoco, ¿verdad?», bota zidan lasai asko. Baina, tira, hori beste kontu bat da.

Hemen kontua baita zera galdetu zidala segidan: ea estresik banuen. Duda imintziorik ere egin gabe erantzun nion baietz, munduko gauzarik agerikoena kontatzen ari banitzaio bezala. «Bai? Zenbat?», segitu zuen hark galdezka, jakin-minez. «Tira, ba normala. Estres maila normala», esan nion nik. Haren errematea etorri zen ondotik: «Nola normala? Zuretzat zer da estres maila normala?».

Horretaz oroitzeak grazia egiten dit orain. Izan ere, esanen nuke emakumeak nahiko muturtuta eman zizkidala estresa apaltzeko gomendio batzuk, eta, oker ez banaiz, kontatu nizkion zenbait gauzak harritu ere egin zuten, neurri batean. Igual, gauza bat kontatzea ahaztu nuelako harrituko zen hainbeste? Ez niolako esan euskalduna naizela? Akaso horregatik datorkidalako, partez, ditxosozko estresa?

Dudarik balego, azken hori erdi txantxa da, noski, eta, akaso, analogia bezala ere ez zait nahi bezain fin gelditu azkenerako. Kontua da nolabait nahi nuela pasadizo hori azkenaldian aski interesgarria zaidan gai honekin lotu: hizkuntza estresarekin. Badago euskaldun izan eta estres linguistikorik ez sentitzerik?

Hizkuntza estresa: aurrean duzunarekin euskaraz edo erdaraz egingo duzun erabakitzeak sortzen du tentsioa, ezinegon sentimendua.

Hain zuzen, hori posible ote den da aurtengo Euskaraldiaren karietara han-hemenka ikusi dudan test batek zeharka plazaratzen duen aztergaietako bat. Zehazki, Kalkulatu zure hizkuntza-estresa izena du test horrek, eta, berez, Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak sortua da. Zinez interesgarria iruditu zait. Batetik, laguntzen duelako ikusten estres mota hori zer ekintzatan suma daitekeen; bestetik, noski, norberaren jokabideei erreparatzeko aitzakia ematen duelako, eta haietan zuzenketaren bat edo beste egiteko motibazioa biltzeko ere balio duelako, orobat. Hementxe duzue testa eskura; egizue, egizue.

Screenshot

Nik ez ditut nire erantzunak hemen aletuko. Baina bai aitortuko dudala estres maila «ertaina» omen dudala gaur egun. Asko pentsarazi dit.

Izan ere, normala da? Behar du izan? Adibidez, normala da oraindik ez izatea talde batean gaudelarik euskaraz aritzeko aski konfiantza, batek ulertuko ez duelakoan? Edo, bestela: normala da pertsona berarekin ari naizelarik etengabe euskaratik gaztelaniara saltoka-saltoka aritzea hizketan, eta horretara ohitu izana honezkero, edo, are gehiago, nik sorraraztea halako solasaldiak? Normala, batzuetan bai, baina oraindik ere kasuen erdietan baino gehiagotan egitea lehenbiziko hitza erdaraz, bestela zaila zaidalako «ay, perdona» horri hortzen atzean eustea, nahiz eta jakin badakidan ez dela zer barkatu?

Edonola ere, beste behin, galdera mordoarekin baina kasik erantzunik gabe nabil ni. Eta besteren hausnarketetan arakatzea beste erremediorik ez dut izan, ohi denez. Hona ekarri dizkizuet zenbait amu.

Esaterako, hizkuntza estresari buruz ari garen honetan, guztiz argigarriak dira Gemma Sangines Saizen azalpenak. 2016an Lehen hitza euskaratik, semaforo berdera izenburuko artikulua argitaratu zuen Berria egunkarian, eta hor jasoak dira hainbat gako. Besteak beste, semaforoaren analogia baliatuta, Sanginesek dio hizkuntza menderatzaileetan mintzo direnek «semaforoa gorri dagoenean» baizik ez dutela sentitzen oztoporik beren hizkuntzan aritzeko. «Hau da, solaskideak ez diela ulertzen esaten dienean edo bere hizkuntzan hitz egiteko eskatzen dienean. Horretara helduta bakarrik ulertzen dute ezinbestean egin behar dutela zerbait: edo komunikazio-modua aldatu, edo komunikatzeari uko egin». Aldiz, Sanginesen arabera, «hiztun minorizatuek» ―eta euskaldunak kokatzen gaitu talde horretan― oso bestela jokatzen dugu semaforoaren parean. «Berde dagoenean ere baztertzen dugu hizkuntza». Badaezpada, erdaraz, zer gerta ere.

«Besterik gabe onartzen dugu txinatar batek ezin duela euskaraz egin, Gasteizen ezin zaiola inori lehen hitza euskaraz bota, edo alukeria galanta litzatekeela nor-nori-nork iraganean jokatzeko arazoak dituenarentzat euskaraz jarraitzea. Ez dakigu koloreak bereizten. Den-dena ikusten dugu gorri monokromoan. Beraz, hiztun arruntek bezala jokatzea litzateke kontua, onarturik edonor izan litekeela gure hizkuntzaren hiztuna, haren itxura edozein dela ere, eta nekez hitz egiten badu ere ez zaiola batere kaltegarria izango elkarrizketarekin jarraitzea».

Gaiari buruzko beste hainbat gako ere eman izan du sarritan Sanginesek, eta, jakina, ohartarazi du guztia ez dagoela elkarrizketa abiatu beharra duen pertsonaren esku. Hain justu ere, ederki dakigu egoera desatseginak nahi baino gehiagotan sortzen direla halakoetan. Neronek ere nahi baino gehiagotan jaso ditut mespretxu begiradak bueltan, euskaraz aritzeagatik, eta nekagarria da; beti ez da izaten horretarako gogorik.

Hori bai: esperantzarako motibo bila-edo, bilaketa zabalagoa egin dut sarean, eta hara non aurkitu dudan Sangines beraren beste elkarrizketa bat ―Ipar Euskal Herriko Hitzan argitaratua hau―, titular eder-ederrekoa: «Hizkuntza estresa sendagarria da». Eta, horregatik, erabaki dut datorren urtean, Euskaraldiaren hurrengo edizioan bestela, berriz eginen dudala estres maila neurtzeko test hori. Ea, behintzat, arinagoa den orduan.

Bukatzeko, duda bat, guztia aldrebesteko. Euskaldunok hizkuntza estresa sentitzea ezinen da guztiz txarra izan, ezta? Kateak sentitze hutsa bada, neurri batean, mugitzen ari garen seinale. Eta, gainera, estresak haserrea pizteko ere balio badigu, aprobetxatu dezagun. Ikus gaitzatela amorratuta tarteka.

Hau esanda, uda polita opa dizuet guztiei. Besarkada bana.

Pauso txikiak eta jauzi handiak

Isabel Etxeberria Ramírez

Duela urte batzuk lagun talde handi bat astronauta jantzi ginen Inauterietan: mâché paperarekin kaskoak egin, buzo zuriak erosi, eta plastikozko botilen tapoiekin eta guk diseinatutako pegatinekin tuneatu genituen. Ez dut oso ondo gogoan norako ―pegatinetako bat, karroza gisara eraman genuen espazio-ontzia…?―, baten batek Neil Amstrongen esaldi ezaguna erabiltzea proposatu zuen, eta niri enkargatu zidaten hori euskaraz esateko modua bilatzea. Galdetu zidatena ez zen izango, noski, nola esan euskaraz “That’s one small step for man, one giant leap for mankind“, baizik eta nola esan “Un pequeño salto para el hombre, un gran paso para la humanidad”. Amstrongek ingelesez bota zuen esaldia, baina Hegoaldeko euskaldunok gaztelaniaz dugu gogoan gordeta, modu finko eta errotuan. Horrelaxe aipatzen dugu, hitzez hitz, gaztelaniaz mintzo garenean, eta ez, demagun, “un pequeño brinco para el ser humano, un enorme paso para la humanidad”. Euskaraz, ordea, ez dugu forma bat automatizaturik zilegi liratekeen aldaera guztien artean: pauso/urrats, salto/jauzi, txiki/hutsal, handi/erraldoi/itzel/sekulako, gizadi/gizateria…? Izan bada proposamen bateratzailerik, esaldi hori lehenago ere aipatu behar eta nahi izan baita euskaraz, noski; komunikabideetan, adibidez. Nik orduko hartan, hain zuzen, EITBren Hikea datu-basera jo nuen proposamen bila, eta han aurkitu nuen: “pauso txiki bat gizakiarentzat; jauzi handi bat gizateriarentzat”. Kontua da proposamen guztiz egoki hori ez dugula gogoan iltzatuta; ez dago euskal hiztunon esaeren ondarean sustraituta. Eta esan nahi badugu, bilatu edo asmatu behar izaten dugu aldiro. Edo irtenbide erraz eta ohikoenera jo, bestela: gaztelaniaz edo frantsesez aipatu. Esango nuke, gainera, hiztun askori euskarazkoa itzulpenago iruditzen zaiola gaztelaniazkoa edo frantsesezkoa baino. Izan ere, aldaera bakar bat finkatuta dagoenean, gaztelaniaren eta frantsesaren kasuan gertatzen den bezala, hiztun komunitateak ondarekoago edo berezkoago sentitzen du esapide hori. Aitzitik, adierazi nahi dugun bakoitzean nola esan pentsatu behar badugu, itzultzen ari garelako kontzientzia handiagoa dugu.

Gure egunerokoan ugari dira horrelako esaerak. Dei diezaiegun kale kultura. Amstrongen hura bezala, haietako asko ez ziren gaztelaniaz edo frantsesez sortu, baina guztiz naturalizatuak eta barneratuak ditugu bi hizkuntza horietarako itzulpenak. (Eta aurrera egin baino lehen, parentesi txiki bat barkamena eskatzeko: oso testu hegozentrikoa atera zait hau. Jarriko ditudan adibideak nire erdarakoak dira, gaztelaniakoak, alegia, ez baitut ezagutza nahikorik haien frantsesezko ordainak zein diren jakiteko). Esaera horien jatorria ezaguna izaten da batzuetan, lausoagoa beste batzuetan, eta askotariko iturrien bitartez iristen zaizkigu. Badakit, adibidez, “Siempre nos quedará París” Casablanca filmean Rickek Ilsari esandako hitzak direla. Eta Rickez ari garela, badakit “No lo sé, Rick, parece falso” Pawn Stars telesailetik datorrela. “Las mujeres y los niños primero” XIX. mendean sortu omen zen, HMS Birkenhead izeneko ontzi baten naufragioan ziurrenik, testu hau idazteko dokumentatzean jakin dudanez. Baina arrastorik ez dut non sortu zen “Arriba las manos, esto es un atraco”.

Esamolde horietako batzuk egiaz ez ziren ohi dugun bezala esan, eta sasiaiputzat jo daitezke. Jatorrizko esaldia dena delakoagatik aldatu egin zen, eta eratorritako horixe da hiztun guztiek gaur egun buruz jakin eta errepikatzen dutena. “Houston, tenemos un problema” (“Houston, we have a problem”) ez omen zuen zehazki horrela bota Apollo 13ko pilotuak, ezpada “Houston, we’ve had a problem here” (“Houston, hemos tenido un problema aquí”). Tom Hanksek antzeztutako pertsonaiak erabili zuen “Houston, tenemos un problema” Apollo 13 filmean, eta horixe da geratu dena. Gauza jakin samarra da Sherlock Holmesek sekula ez zuela “Elemental, mi querido Watson” esan Conan Doyleren nobeletan. Film batean esana da esaldia, eta gure esaerategian bilduta geratu zen harrezkero.

Halakoen jatorria eta gugana iristeko bideak direnak direla, kontua da finkatu gaztelaniaz eta frantsesez finkatu zaizkigula gogamenean, eta ez euskaraz. Haietako batzuk ―guk uste baino gehiago, ziurrenik― eman dira lehenago euskaraz. Hamleten “To be or not to be, that is the question” ezin famatuagoa modu bakar batean datorkigu burura Hegoaldeko euskaldunoi gaztelaniaz: “Ser o no ser; esa es la cuestión”. Euskaraz ez dut uste garunetik hain modu automatiko eta beti batean berreskuratzeko gai izango denik inor, nahiz eta 2002an jada Juan Garziak “Izan ala ez izan: horra hor auzia” proposatu zuen (eta “Izan ala ez izan: or dago arloa”, bide batez, Bingen Ametzagak berrogeita hamar urte lehenago). Ama izatearekin batera eskuratzen omen den dohain misteriotsua (“A que voy yo y lo encuentro”) “Baietz ni joan eta aurkitu” izendatu du duela gutxi Ane Labakak bere Hezur berriak poema liburuan. Poztuko nintzateke bidea egingo balu, baina badakigu zeinen zaila den erdarak gure bizitzaren geruza guztiak blaitzen dituen diglosia egoera honetan inertziaren kontra egitea. Ni behintzat erabiltzen hasiko naiz (eta izaten ditut izaten ditudanez esalditxoa erabiltzeko abaguneak).

Gure kale kulturako ondare immateriala osatzen duten esapide horiek, beraz, edo ez dira inoiz euskaraz eman edo, eman badira, ez dira finkatu. Horra hor gure auzia: esapideak izan zein izan ez, arazo bat daukagu, Houston. Adierazkortasuna aeragotzeko baliabide mota honetan ere motz dugu euskara (geuk kamusten dugu, egia esan), eta erdarara jotzea izaten dugu erraxkeriazko alternatiba. Diglosia da, ergela!

Denboratxoa da halako esaldiak nire mugikorreko post-it aplikazioan apuntatzen ditudala, eta zuekin konpartituko ditut gaur. Balio dezala jolasteko eta dibertitzeko, besterik ez bada ere. Haietako batzuk EITBren Hikean jasota daude; beste batzuk webean zertxobait arakatuta erraz topatzeko modukoak izango dira; eta beste batzuetarako, azkenik, lehenengoz proposatu beharko da ordaina. Osatu, luzatu, gozatu. Honatx:

Al abordaje
Al ataque
Alto o disparo
A que voy yo y lo encuentro
Arriad las velas
Arriba las manos, esto es un atraco
Corred, insensatos
Divide y vencerás
Elemental, mi querido Watson
Eso es todo, amigos
Hasta el infinito y más allá
Hombre al agua
Houston, tenemos un problema
La bolsa o la vida
Las mujeres y los niños primero
Le haré una oferta que no podrá rechazar
Levad anclas
Me llamo Iñigo Montoya. Tú mataste a mi padre. Prepárate a morir
Mi casa, teléfono
Nadie es perfecto
No lo sé, Rick, parece falso
No se vayan todavía, aun hay más
Pienso, luego existo
Qué hay de nuevo, viejo
Que la fuerza te acompañe
Que parezca un accidente
Sálvese quien pueda
Ser o no ser, esa es la cuestión
Siempre nos quedará París
Solo sé que no sé nada
Soltad amarras
Sujétame el cubata
Tócala otra vez, Sam
Un gran poder conlleva una gran responsabilidad
Un pequeño salto para el hombre, un gran paso para la humanidad
Yo que tú no lo haría, forastero
Yo soy tu padre

Izan gaitezen “belarriprest”

Amaia Lasheras Perez

Atzo bildu genituen aurtengo Euskaraldirako txapak. Nik ahobiziarena hartu nuen; nirekin joan zen lagunak, berriz, belarriprestena. Txapak partitzen ari zen lagunak harrituta begiratu zion, eta “zu, belarriprest?” galdetu zion. Azalpena ezin politagoa iduritu zitzaidan.

Lagun hori euskaldun zaharra da, ikasketa guziak euskaraz egin ditu, eta, bizitzaren ehuneko handienean, euskaraz bizi da: familian, herrian, lagunartean, lanean… Berak dio euskaraz ongi-ongi moldatzen ez diren horientzat bideratu nahi duela bere belarriprestutasuna. Suposatzen da ezen Euskaraldian “rol” hori hartzen duena euskarazko solasaldiak ulertzeko gai dela, baina zailtasunak dituela ideiak adierazteko; hala, gonbidapena egiten digu berarekin euskaraz egiteko. Denok dakigu euskara menderatzen ez duten pertsonek (berdin dio deus ez jakiteak nahiz ulermen maila polita izateak) ez dutela inolako arazorik inguru euskaldunetan mugitzeko, gainerako guztiok gaztelaniaz edo frantsesez ere badakigulako. Beraz, ez dute inoiz beren burua egiatan bortxatua sumatzen ikasteko edo dakiten hori praktikatzeko. Eta, hortaz, beharbada, zaila dute belarriprestetik ahobizira salto ematea, gibelean arrazoi hagitz indartsuak ez badaude, behintzat: seme-alabak, lan-kontuak, euskararekiko konpromiso hagitz handia…

Egoera hori iraultzen laguntzea da nire lagunaren asmoa; alegia, euskaraz egitera ausartzen ez diren lagun horiei erran nahi die bera han dagoela, prest, euskaraz erran nahi dutena entzuteko. Ez du axola zenbat denbora kostatzen zaien ideia bat adieraztea, akatsak egiten dituzten… Hantxe egon nahi du berak, pertsona horiek euskaraz lasaitasun osoz mintza daitezen.

Zer pentsatu handia eman zidan horrek. Egia erran, pazientzia ttikiko pertsona naiz ni, eta aitortu behar dut urduritzen naizela ondokoa euskaraz ezinean ari denean. Tentazioa izaten dut lagun horri esaldia neuk bukatzeko (gaztelaniaz ere gertatzen zait, ez uste). Horri nire deformazio profesionala gehitu behar diot. Zuzentzailea izanda, edozein pertsona hitz egiten ari dela, alarma bat pizten zait buruaren barruan akats bat harrapatzen dudan bakoitzean. Ezin dut saihestu. Tentsio batean bizi naiz beti, zuzentzaile sena ezin baitut “itzali”. Beraz, euskaraz ongi moldatzen ez den pertsona batekin ari naizenean, izerditan hasten naiz, bihotza bizkortu egiten zait, angustia-puntu bat ere sumatzen dut… Baina, ongi hezitako neska naizenez, itxurak egiten saiatzen naiz: irribarre egiten dut, buruarekin baiezko keinua egin, eta parean dudan pertsona hori euskaraz segitzera animatzen dut, jakina! Penak goikoan gordetzen ditut horrelakoetan.

Euskaraldiak egiten digun proposamena konponbide polita izan daiteke euskadunok behin eta berriz erdarara makur ez gaitezen, ezta? Zuk, erdaraz, bai, baina nik, euskaraz. Bide batez “euskarazko hartzailea” den pertsonak esposizio handiagoa izanen du eta, horrenbertzez, hobetzeko aukera, beharbada noizbait ahobizi izateraino. Hala ere, nik uste dut asmo on horrek porrot egiten duela, eta ni neu ere horren erruduna izaten naiz. Hizkuntzak komunikatzeko tresnak dira, hotz-hotzean hartuta behintzat. Ikerlari batzuek diote egunean 20.000 hitz inguru erabiltzen ditugula eta 30.000 jaso. Banaz bertze, erne pasatzen dugun egunaren zatiaren % 70 pasatzen omen dugu komunikatzen. Hala, argi dago gure eguneroko energiaren ehuneko handi samar bat horretara bideratu beharko dugula. Gizakiak garen heinean, eskuragarri dugun energia ahalik eta hobekien kudeatzen saiatzen gara, oharkabean bada ere. Horrek ondorio zuzena dakar: ekintza bakoitzean ahalik eta energia guttien gastatzea. Hala funtzionatzen omen dugu.

Horrek azalduko luke zergatik kostatzen zaion horrenbertze euskara ongi menderatzen ez duen hiztun bati euskaraz egitea (solasaldiak luze joz gero, behintzat) baldin eta badaki parean duenak berak ongi dakien hizkuntza batean ulertu behar diola. Biziraupen-ekonomia da, lagunok! Eta, gainera, bi noranzkoko bidea da hori. Izan ere, mezua jasotzen ari dena ere ahalegin bat egiten ari da mezu “ezperfektu” hori hartzeko. Hala, bizpahiru minutu pasatu eta gero, burmuinak traizioa egiten dio eta erdaraz hasiko da, energia aurrezteko.

Dena den, dei bat egin nahi dizuet (nire buruari ere bai). Beste batean euskaraz ongi-ongi moldatzen ez den lagun batekin solasean aritzen garenean, har dezagun belarriprest izateko jarrera eskuzabal hori. Eskain ditzagun gure denbora eta gure pazientzia pertsona hori euskaraz mintza dadin, askatasunez, epaitua sentitu gabe. Jar dezagun arreta edukian, eta ahantz gaitezen formaz. Itzal dezagun barruan daramagun zuzentzailea. Parean dugun laguna ongietorria senti dadila euskararen unibertsoan, etxean balego bezala. Sentiaraz diezaiogun gai dela euskaraz komunikatzeko. Egin diezaiogun kontra energia aurrezteko barne-bulkadari. Eta, gero, zoriondu dezagun gure burua ere egindako ahaleginarengatik.

Interpreteak hitzaldietan: Iparraldean beti, Hegoaldean ia inoiz ez

Kike Amonarriz Gorria

Askotan galdetu diot nire buruari. Zergatik? Azken urteotan Iparraldean eman ditudan hitzaldi guztietan egon da interpretazio-zerbitzua euskaraz ulertzen ez zuten edo ongi moldatzen ez ziren entzuleentzat. Hegoaldean eman ditudanetan, aldiz, nazioarteko partaideak zituzten batzarretatik, uda-ikastaroetatik edo oso kasu bereziren batetik aparte, inoiz ez. Zergatik horren funtzionamendu desberdinak mugaren bi aldeetara?

Bistan da Iparraldeko eta Hegoaldeko, bereziki EAEko, euskararen egoerak arras desberdinak direla, bi estatu desberdinetan bizi garela eta bizimoduetan ere aldeak nabarmenak direla. Ondorioz, euskalgintzaren egin moldeetan eta ohiko jardunbideetan ere badira aldeak, eta ohitura desberdinak. Alor honetan hain jokaera desberdinak eragiteraino, ordea?

Ez dut ikerketa berezirik egin gaiaren inguruan, baina, Iparraldeko eta Hegoaldeko adiskide batzuekin gaiari buruz hitz eginda, interesgarriak izan daitezkeen pista batzuk topatu ditut.

Euskararen ofizialtasunik eza litzateke lehen faktorea. Euskararen erabilera publiko formala oso murritza izan da Iparraldean. Frantsesa izan da nagusi, erabat. Egoera honen aurrean, Euskararen Erakunde Publikoaren deliberamendua izan omen zen interpretazio-lana egin ahal izateko tresnak eta material teknikoa eskuratzea eta berauen erabilera demokratizatzea eta erraztea, euskararen erabilera publikoa emendatzeko eta esparru gehiagotara iritsi ahal izateko. Horrekin batera, jende bat formatu egin zen lan horretan aritzeko. Konstatazio bat da “kaskoen” erabilerak aukera berriak zabaldu dizkiola euskararen erabilerari Iparraldean. Oso urte gutxitan, asko hedatu da interpretarien presentzia ekitaldi publikoetan, hitzaldiak barne.

Interpretazio-lanetan ari direnek aipatzen duten beste faktorea militantismoa da. Euskarak Iparraldean bizi duen egoera aintzat harturik, baldintza tekniko-ekonomikoak ere apaldu egin ohi dituzte, haien lana jende eta egokiera gehiagotara iristeko. Aintzat hartu behar da, bestalde, zenbait kasutan, tresnen erabilerarako aukeraz baliatuz, hitzaldien antolatzaileak berak jarduten direla interpretazio-lana egiten (oinarrizko prestakuntza duten pertsonak, gehienetan), bestela, arrazoi ekonomikoak tarteko, ezingo luketelako zerbitzu hau eskaini. Hegoaldean ere, “maletak” dituzten hainbat udalek doan uzten dituzte eta erakunde eskatzaileen esku geratzen da nola egin interpretazio-lana. Eskoletan, konparazio batera, gero eta gehiago erabiltzen dira material horiek, eta interpretazioa, askotan, eskoletako irakasleek edo gurasoek egin izan dute.

Erdaldunengana iristeko nahia litzateke beste arrazoi bat. Iparraldean erdaldun euskaltzale asko dagoela nabarmentzen dute, eta oso garrantzitsua dela gure diskurtsoak haiengana ere iristea. Eta aitortu behar dut, nire esperientziaren arabera, hitzaldietara beti hurbildu direla euskaltzale erdaldunak edo hizkuntzarekiko jarrera irekia dutenak, euskara-ikasleak, haurrak euskarazko irakaskuntzan dituzten guraso erdaldunak, hizkuntza erdi galdua duten pertsonak, etab.

Horiek jakinda, hitzaldi ugari antolatzen dituzten euskalgintzako hiru laguni galdetu diet, beraien ustez, Hegoaldean zergatik ez den interpretazio-zerbitzua gehiagotan erabiltzen, eta jasotako erantzunak hauek izan dira:

– Inoiz ez delako planteatu. Aukera hori ez da inoiz aipatu ere egin euskarazko hitzaldiak antolatzen dituzten entitate askotan.
– Antolatzen diren euskarazko hitzaldien hartzailetzat herritar euskaldunak hartzen direlako bakarrik, eta badugulako euskaraz ulertzen duen masa handi bat. Interpreteak bakarrik erabili dira hartzaile erdaldunengana (ere) heltzeko helburu zehatza izan duten ekitaldietan.
– Arazo teknikoak; batez ere, ondo prestatutako interpreteen falta.
– Kostua.

Arrazoi gehiago ere izango dira, seguruenik, baina honaino jasotakoak.

Horiek horrela, iruditzen zait gehiagotan planteatu beharko geniokeela gure buruari interpretazioa erabili ala ez hitzaldi nahiz ekitaldietan. Are gehiago, teknologia horretarako aukera errazten ari zaigun garaiotan.

Euskal Herritik mundura

Amaia Lersundi Pérez

Duela gutxi berri bikaina jaso dugu euskal ikerlarion artean: Euskera aldizkaria JCR datu-basean indexatu dute. Agian ez da albiste handia hedabide handientzat, baina guretzat, euskaraz ikertzen eta idazten dugunontzat, mugarri esanguratsua da. Izan ere, maiz entzuten dugu euskaraz ezin dela goi mailako zientziarik egin, edo ekoizpen akademikoek balio izateko, derrigorrez ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez edo beste edozein hizkuntza hegemoniko batean idatzi behar direla. Baina horrek ez du zertan hala izan. Euskaraz ikertzea ez da soilik aukera bat, eskubide bat ere bada. Eta horrelako lorpenek erakusten dute hizkuntza gutxitu batean egiten den zientzia ez dela bigarren mailako zientzia, eta bideak irekitzen dituzte beste aldizkari batzuk ere maila horretara heltzeko.

Euskera aldizkaria urte askoan aritu da euskara hutsean kalitatezko lan akademikoak argitaratzen, eta orain, indexatuta egonik, bertan argitaratutako edukiak nazioarteko datu-baseetan kontsultatu ahalko dira. Honek esan nahi du euskaraz idatzitako ikerketak ikusgarriagoak izango direla, balio handiagoa hartuko dutela akademikoki, eta, batez ere, euskara ikerketa-hizkuntza gisa legitimatzeko urrats sendo bat dela. Bide horretan, ezinbestekoa da unibertsitate, ikerketa-talde eta kalitatezko agentziek, batez ere, euskarazko ekoizpenari behar duen aitortza egitea, ikerlariek ere ausardiaz eutsi diezaioten euskarazko ekoizpenari.

Soberan dakigu euskaraz irakastea ez dela nahikoa: euskaraz pentsatu behar dugu, sortu, euskaraz zalantzan jarri, eta euskaraz argitaratu behar dugu. Hizkuntza batek bizirik iraun dezan, goi mailako diskurtsoak ere behar ditu, eta zientzia da horietako bat. Euskara akademikoki erabili, landu eta aberastu behar dugu, gure belaunaldiaren eta ondorengoen mesedetan. Horregatik, Euskera aldizkariaren indexazioa ospatzeaz gain, etorkizunari begira konpromisoa hartu behar dugu: euskarazko ikerketa sustatu eta defendatu, gure hizkuntzari ere ikerketa munduan bere lekua emanez.

Itzultzaile neuronalak eragindako kexak

Maite Imaz Leunda

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzan lanean ari naizenez geroztik, herritarrek ingurune digitala dela-eta noizean behin bidaltzen dituzten kexak jasotzea ere egokitzen zait, eta kexa horiek ITZULI itzultzaile automatiko neuronalaren jarduerarekin izaten dute zerikusia batzuetan.

ITZULI itzultzaile neuronala 2019an jarri zuten herritarren eskura, eta, besteak beste, IDABA Eusko Jaurlaritzako itzulpenen datu-basearen erabilerak behera egin zuen. Ordura arte, EJko teknikariek bazuten IDABAra jotzeko ohitura, administrazioko fraseologia edo terminologia kontsultatzera, eta zegokion terminorako ordainik topatzen ez zutenean edo ordain bat baino gehiago topatzen zituztenean, DUDANET hizkuntza-zalantzak argitzeko zerbitzura ere jotzen zuten. Itzultzaile neuronala zabaldu zenean, ohiturak aldatu egin ziren: IDABAren erabilerak behera egin zuen.

Orain dela ia urtebete kexatu zen pertsona batek zioenez, discapacitado/a itzultzerakoan minusbaliatu eman zuen eta termino hori oso gaizki zegoen, desgaitasuna idatzi behar baita, desgaitasuna duen pertsona edo desgaitasunen bat duen pertsona. Kexaren helburua zen itzulpen tresna eguneratzea eta hobetzea.

Proba egin genuen, eta konturatu ginen ITZULI orokorra zela okerreko terminoa ematen zuena, ITZULI juridiko-administratiboak desgaitu ematen baitzuen. Gaur ere proba egin dut, kexa eragin zuen esaldi berarekin, eta ezindu eman dit bietan, orokorrean eta juridiko-administratiboan: ezindu ez da minusbaliatu bezain aldrebesa, baina ez da terminorik egokiena ere.

Ni saiatzen naiz azaltzen itzultzaile automatiko neuronalek ez dutela gizakiak bezala lan egiten, probabilitateetan eta algoritmoetan oinarritzen direla, gizakiek baino askoz ere azkarrago itzultzen dutela, baina esaldiz esaldi, testuingurua ezagutu gabe, eta akatsak egiten dituztela; ez dituztela terminoak askotan ondo ematen, ez dituztela sinonimoak bereizten; itzultzaile neuronalek datu asko behar dituztela entrenatzeko, eta zaila dela nola funtzionatzen duten kontrolatzea eta ulertzea; eguneratzea ez dela itzulpen-memoria bat eguneratzea bezain gauza sinplea; urtean behin edo bitan elikatzen eta eguneratzen dituztela, corpus elebidunak eta ordenagailu sendoak erabilita; corpusak bolumen nahikotxo izan behar duela, prozesuak bere denbora behar izaten duela eta bukatu ondoren probak egin behar direla kalitatea hobetu dela egiaztatzeko. Eta esaten diet itzultzaile automatiko neuronalak itzulitakoak beti-beti posteditatu behar direla. Baina ez dakit inor konbentzitzea lortzen ote dudan.

Aste honetan beste kexa bat jaso dugu eta betiko erantzuna eman diot, baina oraingo honetan poz pixka bat eragin dit kexak: Tutore klinikoak eta beste hainbat langilek (erizaina, hidroterapiako zaintzailea…) itzultzerakoan, ITZULIk el tutor clínico y otros trabajadores (enfermeras, cuidadoras de hidroterapia itzuli du. Generoa kontuan hartu behar lukeela dio kexa egin duenak.

Nik proba egin dudanean, egiaztatu dut ITZULI orokorraren emaitza dela kexa eragin duena. ITZULI juridiko-administratiboak el tutor clínico y otros profesionales (enfermeros, cuidadores de hidroterapia… eman dit. Ez dakit maskulino generikoa zuzenagoa den edo maskulino eta femenino estereotipatuak ematea bezain okerra den.

Poz pixka bat eragin didana kontsulta euskaratik gaztelaniara egina zegoela ikustea izan da. Itzulpengintzan ibiliak garenok susmoa izaten dugu neuronalaren erabilera euskararen kalterako izaten dela sarriegi.

Euskara hizkuntza ofizial bihurtu zenez geroztik, nabarmen ugaritu da euskara idatziaren zein ahozkoaren presentzia, eta ugaltze hori, hein handi batean, itzulpengintzari esker izan da. Itzultzaileek ekarpen handia egin dute administrazio-hizkera finkatu ahal izateko; euskarazko testu administratiboen eta teknikoen fraseologia eta terminologia itzulpengintzaren eskutik jorratu dira, neurri handi batean, urte hauetan guztietan. Eta hizkuntza finkatzeko prozesua ez da oraindik bukatu.

Itzultzaile automatiko neuronalen erabilera nagusitu denez geroztik, ordea, arrisku nabarmenak ikusten ditugu: itzultzaileen eta interpreteen bitartez euskarak orain arte irabaziak dituen espazioak adimen artifizialarekin sortutako hizkuntza-teknologiek ordeztekoa; eta horrek, jakina, kalte handia eragiten dio euskararen erabilerari eta kalitateari.

Baina euskara gehiago erabiltzeko eta euskarak espazio berriak irabaz ditzan aukera ere eskaintzen du itzultzaile automatiko neuronalak. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko udal batzuek beren langileen eskura jarri dituzte itzulpen neuronaleko tresnak, euskaraz sortutako testuak gaztelaniara eta beste hizkuntzetara automatikoki itzuli ahal izateko; edo barrurako den agiriren batek hizkuntza-eskakizunen derrigortasun-araudia betetzetik salbuetsita dagoen langileren bati eragiten dionean, eta langile horrek euskara-gaitasun nahikoa ez badu, udal-funtzionamendua ez trabatzeko itzulpen-tresna elektronikoetara jo dezan.

Nolanahi ere, tresna elektronikoak erabili ala ez, sustatu behar dena kalitatezko euskararen erabilera da.

Eta, beren ustez, euskaraz ari ziren

Amaia Lasheras Perez

Orain dela hilabete batzuk, hagitz kezkatua utzi ninduen programa bat ikusi nuen, euskarazko kate batean. Saioaren atal batean, hiru gazte euskaldun ari ziren solasean: aurkezlea, gonbidatua eta kolaboratzaile bat. Aurkezlea txukun ari zen euskaraz; galderak egiten zizkion gonbidatuari, iruzkin burutsuak…; horraino, ongi. Gonbidatuak kezka handia sortu zidan. Ez dut izenik emanen, baina pertsona ezagun samarra da. Berez euskara ama-hizkuntza duen pertsona bat, ikasketak euskaraz egin dituena, eta “arnasgune batean” bizi dena. Artista da eta bere ekoizpena euskaraz egiten du, baita hura euskara txukunean sortu ere. Bertze hizkuntza batean lan eginen balu, beharbada, diru gehiago irabaziko luke eta ospe handiago lortu, baina euskaraz sortzea erabaki du. Horraino, hagitz ongi.

Aipatu dudan bezala, solaskideak gazteak ziren eta lagunarteko tonu informalean ari ziren. Aurkezlea, erran bezala, txukun ari zen, baina gonbidatua…. Ai ene! Lau hitzetik bi gaztelaniaz egiten zituen: gauza guziak “increíble”ak ziren, dena “zen una pasada”, “una gozada”. “Aunque sea opor batzuk”, “idatzi nion eta a ver qué pasa”, “super fana nintzen”, “idatzi nion tipo…”. Gisa horretakoak bota zituen behin eta berriro.

Hala ere, kolaboratzailea sartu zenean hasi zen okerrena. Hiritar-itxurako gazte ultramoderno hark zailtasun handiak zituen euskaraz esaldi konplexuak osatzeko, eta zer erran gazte-hizkera erabili nahi zuenean… Halakoetan, esaldi batzuk oso-osorik botatzen zituen gaztelaniaz! Ikuskizun penagarria, inondik ere.

Ikaragarri tristatu ninduen egoera hark. Batetik, kolaboratzailea ikusita, ohartu nintzen euskarazko ekoizpenean ez dela garrantzitsutzat jotzen hizkuntzaren kalitatea zaintzea. Euskarazko kate batean lan egiteagatik dirua jasotzen duen pertsona batek probaren bat egin behar luke jendaurrean euskaraz nola moldatzen den ikusteko, ezta?

Bertzetik, hagitz kezkagarria iduritzen zait ohartzea gazteek euskaran ez dutela topatzen beren hizkera sortzeko nahiko baliabiderik (badakit ez naizela deus berririk erraten ari). Gonbidatuari eta kolaboratzaileari ezin zaie leporatu saio hartan modu naturalean ez mintzatzea, kalean solastatzen den bezala ez aritzea. Seme-alaba gazteak ditut eta badakit horrelaxe mintzatzen direla lagunen artean (nahiz eta inguru oso euskaldunean bizi: ikasketak, familia, lagunak, herria…). Tristea da, bai, baina euskaraz bizi diren neska-mutil anitzek horrelako gazte-hizkera erabiltzen dute.

Telebista-saio batean zeudela kontuan hartuta, espero genezakeen estiloa pixka bat zainduko zutela; horrek tristura handiz pentsarazten dit beharbada bi lagun horiek ez direla gai euskara formal txukunean aritzeko. Eta, segur aski, errealitate hori gazteriaren multzo handi batera estrapolatzen ahal da.

Dena den, nire ustez, bada okerragoa den kontu bat. Gazte haiek uste zuten “euskaraz” ari zirela. Ez ziren ohartu ere egiten hitzen proportzio handia gaztelaniaz erraten ari zirela, eta, agian, ikaragarri pentsatu behar lukete esapide edo hitz horiek euskara txukunean eman ahal izateko. Erraietaraino sartua dute erdara.

Idazten ari naizena berrikusi ahala, burutara etorri zait alabak erranen lidakeena. Egungo gaztetxoen musika, ohiturak, aisialdia… kritikatu eta gure gaztarokoak hobesten ditudanean, aipatzen dit jende “zaharrak” beti uste duela bere garaiko gauzak hobeak zirela. Eta arrazoia eman behar izaten diot halakoetan; guk gauza bera entzun behar izan genuen gure guraso edo aitatxi-amatxien ahotik. Horretan pentsatzen hasita, akaso, kontua ez da hain larria izanen. Hizkuntzak bizirik daude eta etengabe aldatzen ari dira, eta, beharbada, ni “zahartu” izanen naiz, bertzerik ez. Agian ere, belaunaldien arteko talka horietako bat izanen da, bertzerik ez.

Unibertsitateko hizkuntza-plangintza eta eleaniztasuna

Igone Zabala Unzalu

Euskal Herriko Unibertsitateko Plan Estrategikoak (2022-2025) nazioartekotzea funtsezko ardatz gisa definitzen du:

«Sakondu egin behar dugu gure nazioartekotzean, mundu osoan aitortua izango den unibertsitate bihurtzeko. Horretarako, unibertsitate guztiz eleanitza izan behar dugu, gai izango dena leku guztietako ikasleak erakartzeko, nazioartean erreputazio sendoa izango duena, ikerketaren kalitateagatik eta irakasle-ikertzaileen ospeagatik. Nazioartekotze ikuspegi integral bat behar dugu, ezaugarri izango dituena gure zerbitzuen kalitate maila handia eta gure jardueren garrantzia, gure egresatuak eta langileak prest egon daitezen egoki erantzuteko toki eta mundu mailako desafioei.»

Plan estrategikoari jarraiki, UPV/EHUren Nazioartekotze Plana 2023-2026 garatu da, eta horren barruan bereizten diren bost erronken artean, “prestakuntza” dago, gradu eta graduondoko tituluen maparen nazioartekotzea helburu duena. Helburu hori lortzeko, hurrengo ikasturteko irakas-eskaintza antolatzeari begira, irakaskuntza hizkuntza ez-ofizialetan baimentzeko deialdiak egiten dira, “UPV/EHUko ikasleei zein ikasle bisitariei zuzendutako gradu-eskaintza eleanitza sustatzeko”. Frantsesezko eskaintza hutsaren hurrengoa izaten da, eta benetan sustatzen dena da ingelesezko irakasgaien eskaintza. Irakasgai solteak baino areago, irakasgaien ibilbideak sustatzen dira, Unibasqen nazioartekotzeko kalitate-zigilua lortzeko xedearekin (graduko kreditu guztien % 20).

Ildo horretatik, ingelesa graduetan txertatzeko prozesua gidatzen duten dokumentuei eta zuzendaritzei “eleaniztasun” etiketa jartzen zaie. Hortaz, gure unibertsitatean funtsezkoak diren hizkuntza ofizialak (euskara eta gaztelania) planetatik aparte uzten dira, eleaniztasunak jokoan dauden hizkuntza guztiak barne hartzen dituela ahaztuta. “Euskara Plan Gidariak” egiten dira lau urterik behin, nazioartekotze-planetik aparte. Gaztelania, aldiz, ez da kontuan hartzen plan horietan, gure unibertsitatean ezarpen handiena duen hizkuntza dela eta nazioartekotze-helburuetarako pieza garrantzitsua izan daitekeela alde batera utzita.

Azpimarratu beharrekoa da UPV/EHU lehenengoa izan dela Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendan garapen iraunkorreko 18. helburua (Hizkuntza eta Kultur Aniztasuna) gaineratzen. Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren ekimena izan zen helburu hori gaineratzea. 18. GIHaren justifikazioa da hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren defentsa eta tokian tokiko hizkuntza gutxituen errespetua, biodibertsitatea bezala, garapen iraunkorrerako faktore agerikoak direla, eta horrekin lotutako dokumentuetan nabarmentzen da funtsezkoa dela UPV/EHUrentzat ardatz nagusi horretan euskararen eta euskal kulturaren garapena. Nolanahi ere, helburu horren zentzua ez zaio egokiro helarazi unibertsitateko komunitateari, edota eleaniztasuna ingelesaren ezarpenarekin identifikatzeak gaizki-ulertuak eragin ditu. Izan ere, behin baino gehiagotan entzun dut 18. GIHarekin lotuta, adibidez, GrAL eta MAL moduko lan akademiko gehiago idatzi beharko liratekeela ingelesez eleaniztasuna sustatzeko, GIH horren helburua hain zuzen ere kontrakoa bada ere: euskara bezalako hizkuntza gutxituak babestea eta ez erabateko nagusitasun globala duen ingelesaren hegemonia areagotzea.

Ez du zentzu handirik unibertsitatearen nazioartekotzearen kontra egiteak, baina funtsezkoa dugu horrekin batera zaintzea nazioartekotze-politikek euskararen garapen eta ezarpen prozesua oztopa ez dezaten. Horretarako, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialak eta ez-ofizialak kontuan hartzen dituen hizkuntza-plan integrala egitea. Izan ere, une honetan jada begi-bistakoa da euskararen ezarpena nabariki motelduta dagoela eta, ziurrenik, atzera ere egiten ari dela. Hori uzten dute agerian ikasleen kexek, gero eta ozenkiago erakutsi ere.

Gure unibertsitatean ikasleen erdiak baino gehiago matrikulatzen dira euskaraz, baina oraindik ere gradu batzuetan enborrezko irakasgaiak ezin dira egin euskaraz, eta gradu gehienetan badira hainbat hautazko irakasgai euskaraz ezin egin daitezkeenak. Nolanahi ere, badirudi azken urteetako politiken oinarri modura onartuta dagoela euskara jadanik nahiko garatuta eta ezarrita dagoela graduko ikasketetan. Nahikotasun horren azalpen modura ohikoa izaten da esatea, adibidez, ikasleek nahikoa ECTS egin ditzaketela euskaraz C1 mailako ziurtagiria egiaztatzetik salbuetsita geratzeko. Nolanahi ere, gradu askotan ikasleek hautazko jakin batzuk hautatu behar dituzte nahitaez, euskaraz ikasi nahi badute, alegia, espezializazioa ala hizkuntza hautatzeko beharra dute. Garbi dago, beraz, euskaraz ikasteko eskubidea ez dagoela bermatuta, gaztelaniaz ikasteko eskubidea bermatuta dagoen maila berean behintzat.

Areago, zenbaitetan, irakasgai jakin batzuk euskaraz egin nahi dituzten ikasleak gaztelaniaz matrikulatzera behartzen dira, gaztelaniazko taldeen bideragarritasuna bermatzeko, argudiatuz ikasle guztiek dakitela gaztelaniaz baina ez euskaraz. Argudio horrek oinarri faltsuak ditu. Izan ere, ez da egia ikasle guztiek gaztelaniaz dakitenik. Adibide batzuk emateagatik, badira euskaraz dakiten eta gaztelaniaz ez dakiten etorkinen sema-alaba batzuk, badira beti euskaraz ikasi duten eta komunikazio akademikorako gaztelaniaz oso ondo moldatzen ez diren ikasleak ere, eta badira Iparraldetik etorritako euskal hiztunak, frantses hiztunak ere badirenak eta gaztelania akademikoa menderatzen ez dutenak. Nolanahi ere, horiek guztiak gaztelaniaz euskaraz bezain ondo moldatuko balira ere, haien hizkuntza-eskubideak urratzen ditu egun aukera bakarra balitz bezala ezarritako hizkuntza-politikak. Hortaz, gaztelaniazko taldeak ikasle kopuru txikiagoekin mantentzea hizkuntza-politika egokiagoa litzateke, euskaraz ikasi nahi duten ikasleak gaztelaniaz matrikulatzen behartzea baino, eta, jakina, alderantzizkoa ere onartu beharko litzateke eta ikasle kopuru txikia duten euskarazko hautazkoak ere mantendu.

Iparraldeko ikasleei dagokienez, teorian behintzat, badago erakartzeko helburua, eta garbi dago nazioartekotzearen alorrean helburu garrantzitsuenetako bat izan beharko lukeela, Euskal Herriko Unibertsitatearen izenak adierazten duenera inoiz hurbilduko bagara. Nolanahi ere, gure unibertsitatean frantsesa ez da inon ageri, Iparraldeko hiztunen lehen edo bigarren hizkuntza dela erabat ahaztuta. Urratsak egin behar ditugu frantsesak ere presentzia izan dezan. Areago, frantsesa ikasteak etorkizunean izan dezakeen balioa ere helarazi beharko genieke ikasleei. Izan ere, Iparraldean irakasle euskaldunen behar handia dago, eta gure egresatu batzuentzat lan-aukera erakargarria izan daiteke hori. Nolanahi ere, lau urte lanean egon ondoren beren lanpostuan egonkortu nahi badute, frantseseko gaitasunaren akreditazioa aurkeztu beharko dute, eta EHUk informazio hori ere zabaldu beharko luke.

Azkenik, azpimarratu beharra dago irakasgaiak euskaraz emateak eskatzen duela kalitatezko irakasmaterialak erabiltzea euskaraz, eta horretarako nahitaezkoa dela, besteak beste, espezialitateko alorrez alorreko terminologia eta fraseologia garatzea eta ikasleei transmititzea. Hautazko irakasgaiak ere euskaraz ematea garrantzitsua da, espezializatuagoak izaten baitira enborrezkoak baino, eta hizkuntza-baliabide espezializatuak garatu eta partekatu egiten baitira horietan. Azken urteetan english friendly courses deritzon estrategia jarri da abian. Ideia da irakasgai jakin bat euskaraz edo gaztelaniaz ikasten duten ikasleei materialak ingelesez ere eskaintzea. Hala ere, irakasle edo sail batzuek interpretazio okerra egin eta ulertu dute irakasgaiak euskaraz edo gaztelaniaz emanda ere materialak ingeles hutsean eskaini behar dizkietela ikasleei. Garbi dago interpretazio hori erabat urruntzen dela euskararen normalizaziorako helburuetatik. Izan ere, ingelesezko artikuluak, liburuak, bideoak eta denetariko materialak nonahi aurki daitezke edozein gai espezializaturi buruz, baina horrelako materialak euskaraz egon daitezen guk geuk sortu behar ditugu eta guk eskaini behar dizkiegu ikasleei. Zentzu gehiago izango luke “irakasgai euskara-lagunak” eskaintzea edozein hizkuntzatan matrikulatzen diren ikasleei. Izan ere, ikasle horien artean badira zenbait euskal hiztun ere, edota euskararekiko jakin-mina edo interesa duten estatuko beste komunitate batzuetatik edo beste herrialde batzuetatik etorritako ikasleak ere. Euskarazko materialak eskura jartzea baliagarria izan liteke horiek guztiak gure hizkuntza eta kulturara hurbiltzeko.