Tolestu ditzagun liburuak!

Itziar Luri Ekiza

90eko hamarkadan Iruñeko institutu batean ikasten hasi eta ordura arte nire ametsik zoroenean ere tokirik ez zuen mundu berria ezagutu nuen. Ikastetxearen pasillo luzeetan ibiltzea oihana zeharkatzea bezalakoa zen, ordura arte ikastolan goxo-goxo egon ondoren bat-batean gu baino zaharragoak ziren gazte handi, arraro eta, batez ere, erdaldun kopuru ikaragarriaren artean ibiltzea muturreko esperientzia iruditzen zitzaigun. Edonola ere, behin ikasgelan sartuta oasi txiki batean sentitzen ginen, irakasleek goxoago hitz egiten ziguten, lagunen izenak ezagutzen genituen… etxean bezala geunden.

Lehen urte horretan natur zientzietako irakasle gazte bat etorri zen bere lehen klaseak gure institutuan ematera. Onartu beharra dut natur zientziak ez nituela sobera maite eta irakaslea hizketan hasten zenean nire pentsamenduak gai atseginagoetara hegan joaten zirela, maiz. Halako batean, irakasle hura plaken tektonikaren teoria azaltzen hasi zen, gelako bi liburu hartu eta eskuez bihurritu eta tolestu zituen liburu bakoitza plaka bat bailitzan. Irakaslea liburuak birrintzen ikustean harritu eta asaldatu egin ginen, eta ordutik, gure hamalau urtetako nerabekeriarekin, irakasle hori txiste eta antzeratzeen jomuga bilakatu zen. Barregarria iruditzen zitzaigun bi liburu erabilita honelako azalpen zientifikoak ematea.

Bada, 20 urte geroago gure semea ondoko auzoko institutuan ikasten hasi da eta gozagarria da bere begiez ikustea nola gauza batzuk ez diren batere aldatu. Formolean gordeak daude institutu garaiko lagunen arteko broma eta txisteak, irakasleei jarritako ezizenak, batzuk maitasunez eta beste batzuk nerabezaroko gaiztakeriaz, adin horretan edozein txikikeria handi egiteko joera…

Ta zer ez da berdin?, Hertzainak-ek galde egiten zuen moduan… Bada erabat desberdina den gauza bat. Gure semearen irakasleek ez dituzte jada liburuak tolesten; sarean topatutako material berri eta erakargarriak jartzen dizkiete historia, fisika edo teknologia bezalako ikasgaietan. YouTubeko bideo zein film horiek guztiak ikaragarriak dira, bai, soinu efektuak, emotikonoak, irudi ikusgarriak… eta, gainera, gaztelera jatorrean! Gure koadrilan oraindik gogoratzen dugu plaken tektonikaren azalpena, eta, noizean behin, afariren batean edo, bada txiste hori gogora ekartzen duen lagunen bat. Gure semeek, aldiz, longitud, volumen, mecanismos, visigodos eta imperio romanoa oroituko dituzte. Paula Kasares soziolinguistari entzun nion aurrekoan: “Zein inozoak izan ginen (aurreko belaunaldiez ari zen) pentsatuta eskolan euskaraz ikasita aski izanen zela hurrengo belaunaldiak euskalduntzeko”. Bai, inozoak izan ginen, baina ez gaitezen gaur egun ere inozoak izan pentsatuz D ereduko murgiltzea apetaren fruitua dela (hori ere aurrekoan entzun nuen, esalearen izena aipatu nahi ez badut ere). Ikasleek eskolan ematen duten denbora akaso ez da euskaldun hazteko nahikoa, baina, zalantzarik gabe, geroko hiztun horiek hizkuntzaren ezagutzan trebatzeko ezinbesteko tresna da. Nire kasuan behintzat hala izan zen. Murgiltzerik gabe, nola hezi ume euskaldunak? Bada, toles ditzagun liburuak, eta hiztunek eta liburuek eskertuko digute, bai, liburuek ere bai, norbaitek erabiltzen dituen seinale izanen baita.

Diglosiaren ajeak, lagunok!

Amaia Lasheras Perez

Irudika dezagun familia euskaldun bat, UEMAk arnasgunetzat hartzen duen herri horietako batean bizi dena. Familia horretan, neskato bat jaio zen mende hasieran. Ainara deituko diogu. Inguru euskaldunean hazi zen Ainara. D ereduko ikastetxe txiki batean ikasi zuen, eta, klasekide guziekin, euskaraz aritzen zen, ikasgelan nahiz kanpoan, beti. Haurtzaroko eta nerabezaroko lagun-taldea ikastetxe horretako gazteek osatu zuten; eta euskaraz aritzen ziren, beti. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoa herritik kanpo egin zuen, baina, han ere, euskaraz ikasi zuen, eta ikaskide haiekin ere euskaraz mintzatzen zen beti.

Noizbait asaldatuta etorri zen etxera, ikastetxe berriko lagun batzuek akats larriak egiten zituztelako euskaraz solastatzean.

 –Ama, Obabako klasekide batzuek “ni egin dut” eta “nik joan naiz” esaten dute.

DBHko 1. ikasmailako irakasleak eskainitako liburuek Ainararen irakurzaletasuna piztu zuten. “Jara” irakurri eta gero, sail bereko gainerako liburuak eskatu zizkion amari. Gauza bera gertatu zen “Eskularru beltzak” bukatu eta gero. Durangoko azokara joaten zen urtero, eta, urte batean, ilusio handiz erosi zuen “Eta ez zen alerik ere gelditu”, baita gustura irakurri ere.

Batxilergoa ikasteko, hiri batera joan behar izan zuen. Han ere, jakina, D eredua aukeratu zuen, baina harrituta eta tristetuta itzultzen zen etxera, klasekide gehienak gaztelaniaz mintzatzen zirelako.

–Ama, batzuek ez dakite euskaraz solas egiten ere!

Urte horietan, gero eta gehiago irakurtzen hasi zen, eta euskarazko literaturarekin segitu bazuen ere, gaztelaniazko eskaintza zabalarekin txundituta, gaztelaniaz ere ikaragarri gustura leitzen hasi zen.

Batxilergoko 1. ikasturtea bukatu eta gero, euskarazko C1 titulua lortu zuen, inolako arazorik gabe.

Euskal kulturan ere, interes handia zuen. Bertso-eskolan ibili zen txikitatik eta, adibidez, azken Bertsolari Txapelketa Nagusian, saio gehienetara joan zen.

Unibertsitatera joateko orduan ailegatu zenean erabaki zuen euskaraz ikasten jarraitu nahi zuela. Espainiako unibertsitate batzuetan eskainitako ikasketak oso interesgarriak iruditu zitzaizkion, eta, nota onak zituenez, aukera zuen horietan izena emateko, baina euskaraz ikastea lehenetsi zuen.

Han ere, etsitu samar hasi zen lagun euskaldunen bila.

–Ama, gaur, ikasgelan, Lezoko mutil baten ondoan eseri naiz, eta hura bai, hura euskaraz aritzen da.

Edo

–Bai, Hondarribiko neska oso jatorra da eta euskaraz solastatzen da.

Ainararen etxean, euskaraz mintzatzeaz gain, euskararekiko kezka transmititu nahi izan zioten gurasoek, eta euskal kultura oso presente egon zen han. Aita bertsolaria eta idazlea zen (afizioz), eta ama, hizkuntzalaria.

Gure protagonista adinez nagusia zenez, gidabaimena ateratzea erabaki zuen. Herriko autoeskolara hurbildu zen, eta, han, azterketa teorikoa prestatzeko materiala eman zioten. Lehenbiziko testak egin eta gero, honela esan zion amari:

–Ama, ez dut ezer ulertzen. Zer “kristo” da errei bat? Igual, hobe nuke gidabaimena gaztelaniaz atera.

Egiazko istorio batean oinarrituta dago aurreko kontakizuna, eta, horretan pentsatzen dudanean, behin eta berriz galdetzen diot neure buruari: Non egin dugu huts? Pentsa genezake ikasketa guztiak euskaraz egitearekin nahikoa dela eremu formalean euskara lehenesteko. Denok izango ditugu burutan garai batean gaztelaniaz ikasi behar izan zuten lagun euskaldun-euskaldun horiek. Eta bai, kasu horietan, ulertzen dugu idatzizko hizkuntzara hurbiltzean, gaztelaniaren edo frantsesaren alde egitea. Baina bizitza guztian euskaraz bizi eta ikasi duen pertsona batek zergatik hautatuko du gaztelania arlo formalerako?

Errei, biribilgune, bide-marra, galtzada, zeharbide, bazterbide, sestra, erdibitzaile, segurtasun-uhal, galga… Horrelako hitzekin topo egin zuen gure protagonistak autoeskolako liburua ireki zuenean.

Horietan pentsatuta, ohartu naiz termino horiek gaztelaniaz erabiltzen ditugula gehienok gure egunerokoan, pedante samarrak ez badugu izan nahi, behintzat. Autoan joaten naizenean, behin ere ez dut honelakorik esango: “Mikel, hartu ezkerreko erreia eta, hurrengo biribilgunean, joan ezkerretara”, “seme, lotu segurtasun-uhala” edo “auto honetako galga gogor samarra da”. Horren ordez, nik eta nire ingurukoek (eta ez dakit zuek), ezkerreko karrila hartuko dugu, rotondan ezkerretara joango gara, zinturona (zinturoia) lotuko dugu eta frenoa zapalduko dugu.

Aitortuko dizuet ezen, Ainararen istorioa entzunda ere, euskara salbatzeko ez naizela bat-batean hitz horiek erabiltzen hasiko (lotsa emango lidake), itzulpen bat edo testu formal bat egiteko ez bada, behintzat. Beraz, beharbada, nire ardura ere bada Ainara bezalako neskato batek gidabaimena ateratzeko gaztelania aukeratzea.

Neurri handi batean, gure subkontzientean, oraindik ere uste dugu gauza serioak, teknikoak eta zientifikoak adierazteko erdararen beharra dugula (gaztelaniarena, nire kasuan). Euskara hankamotz gelditzen zaigu horrelakoetan eta artifizialtzat jotzen dugu eskaintzen zaiguna. Horrek, jakina, ekartzen du gure gazteek ere horiek arrotz sentitzea. Egia da ikasketa guziak euskaraz egin ahal izanda gure hizkuntzak eremu batzuk konkistatu dituela, baina, ikusten denez, oraindik badago zereginik. Diglosiaren ajeak, lagunok!

Unibertsitatean euskaraz

Igone Zabala Unzalu

Unibertsitatea funtsezkoa da euskararen garapen funtzionalerako, bertan jorratzen baitira alorrez alorreko denetariko gai espezializatuak eta, beraz, bertan garatzen baitira alor horietan aritzeko beharrezkoak diren hizkuntza-baliabideak. Gainera, unibertsitatean prestatzen dira gizarteak behar dituen denetariko aditu-profesional euskaldunak. Adituen diskurtso-komunitateak komunitate epistemiko-diskurtsiboak direla esaten da alorreko jakintza espezializatua ez ezik komunikatzeko testu-generoak eta hizkuntza-baliabideak ere partekatzen dituztelako[1]. Hartara, ikasleek unibertsitatean ikasten dituzte beren alorreko adituen komunitateko kide bihurtzeko behar dituzten testu-generoak eta erregistroak, hizkuntza erabiltzea eskatzen dieten askotariko jarduerei esker[2]. Hori dela eta, unibertsitateko ikasleei ziklo bat bukatzen duten bakoitzean, lan akademiko bat idazteko eta ahoz defendatzeko eskatzen zaie, adituen komunitateko kide bihurtzeko ezagutzak eta komunikazio-gaitasunak garatu dituztela frogatu dezaten: gradu amaierako lana (GrAL), master amaierako lana (MAL) edota doktoretza-tesia. Lan akademikoak ezin egokiagoak dira unibertsitateko ikasleek komunikazio-gaitasun akademikoak garatu ote dituzten aztertzeko bai eta euskararen erregistro akademikoak zenbateraino garatu eta egonkortu diren aztertzeko ere. Euskararen garapenerako funtsezkoa da unibertsitateko irakaskuntzan duen presentzia bermatzea edota areagotzea eta lan akademikoak euskaraz idaztea. Ideia hori aldarrikatzeko eta argudiatzeko beharrak eraman nau, hain zuzen ere, artikulu hau idaztera, nazioartekotzearekin lotutako helburuek euskararen garapenaren helburuekin talka egin lezaketela dirudien une honetan.

Jakina da egun ingelesak erabateko hegemonia duela komunikazio akademikorako lingua franca modura. Horrek gutxiagotasun-egoeran jartzen ditu hiztun ez-natiboak, beren lehen hizkuntza ez den batean irakurri, ikertu eta idatzi behar dutelako[3]. Hori dela eta, ingeles hizkuntzaren hiztun ez-natiboek hizkuntza-gaitasunak garatu behar dituzte hizkuntza horretan, eta ohikoa izaten da unibertsitateko ikasleak eta ikertzaileak herrialde anglofonoetara mugitzea beren prestakuntza osatzera. Areago, herrialde ez-anglofonoetako unibertsitate askok ingelesa sustatzen dute irakaskuntzarako eta lan akademikoetarako.

Gurean ere ezartzen ari diren politika horiek hainbat ondorio dituzte diskurtso espezializatuen garapenerako. Batetik, ikertzaile batzuek ez dute garatzen diziplinako komunikazio espezializaturako gaitasuna beren lehen hizkuntzan eta, bestetik, ingelesaren eraginak nabariki baldintzatzen ditu lekuan lekuko diskurtso espezializatuak[4]. Batzuen arabera, joera globalizatzaileak erregistro profesionalen galera nabarmena ekarri du hainbat herrialdetako kultura nazionaletan[5]. Europaren eremuan, aipatu beharrekoa da aleman hizkuntzaren akademiak (Gesellschaft für deutsche Sprache) unibertsitateei aspaldian helarazi ziela alemana funtzionalitate mugatuko hizkuntza bihurtzeko arriskuari buruzko kezka. Europako Iparraldeko Herrialdeetan ere, duela bi hamarkada jarri zuten abian ikerketa-egitasmo bat (Nordens språk som vetenskapssparåk ‘Hizkuntza nordikoak zientzia-hizkuntza’) haien hizkuntzen helburu zientifiko eta akademikoetarako erabilera defendatzeko, nahitaezkotzat jotzen baitzuten kulturaren eta zientziaren eremuan lehiakorrak izateko. Honela definitzen zuten hizkuntzaren erabilera-eremua[6]:

«A domain of language usage: a specialist field for which a language is capable of being used, i.e. it has at its disposal the necessary means of expression and is therefore of use within this domain. A specialist field can in casu be defined as the domain of a science, a practical occupation or a category at a suitable level of the international Universal Decimal Classification system.»

Eremuen konkista ez da itzulezina, eta atzera egiteko bi modu bereiz daitezke. Eremu-galera gertatzen da hizkuntza-komunitate batek espezialitate-alor baterako komunikazio-baliabide egokiak garatzeko orduan huts egiten duenean, eta oharkabean gertatu ohi da. Eremu-uztea, aldiz, kontzientea izaten da maiz, eta askotan gertatzen da nahiz eta eremu horretarako hizkuntza-baliabideak ondo garatuta egon, adibidez, arrazoi ekonomikoengatik.

Ingelesaren hegemonia dela eta, hizkuntza nazionalen estatusa duten zenbait hizkuntza garatuk testuinguru akademikoetan dituzten emankortasuna eta biziraupena arriskuan daudela onartuta, zer ez ote da gertatuko euskararen kasuan? Euskarak konkistatu al ditu eremu akademikoak? Askotariko hiztun-profiletakoak dira ikasle eta irakasle-ikertzaile euskaldunak, baina lan akademikoak edota irakaskuntzarako materialak euskaraz ekoizten dituzten ikasle eta aditu guztiek egin behar diete aurre zailtasun eta oztopo bereziei: batetik, berrikuspen bibliografikoa egiteko erabili behar dituzten artikulu eta liburuak, beren diskurtsoa garatzeko eredu modura erabiliko dituztenak, ingelesez idatzita daude gehienbat eta, bestetik, euskarazko eskola eta irakas-materialetatik jasotzen duten inputa asistematikoa eta hobetzeko modukoa izaten da maiz.

Bestalde, ez da ahaztu behar terminologiaren eta fraseologia akademikoaren garapenak nahitaezkoa duela diskurtso-komunitate akademikoek testuak eta komunikazio-egoerak partekatzea, baliabide horiek finkatzeko, eta horien ezagutza semantiko-pragmatikoa komunitatearen erabileren bereizgarri bihurtzeko. Alorrez alorreko terminologiek oraindik ere dituzten hutsune nabarmenak alde batera utzita, azken hiru urtean aurrera eraman dugun proiektuaren emaitza batzuk aipatuko ditut[7][8]. GrAL eta MAL lanez osatutako corpus konparagarriak osatu ditugu gaztelaniarako eta euskararako[9], eta diskurtso-formula eta kolokazio akademikoak erauzi eta aztertu ditugu bi hizkuntza horietan, testu akademikoen idazketarako laguntza-tresna elebiduna garatzeari begira[10]. Gure aurreikuspenen kontra, hizkuntza nagusietarako erabiltzen diren maiztasun- eta dispertsio-irizpideak aplikatuta, unitate fraseologikoen pareko zerrendak lortu ditugu euskararako eta gaztelaniarako, urte hauetan guztietan lortu den garapenaren seinale. Nolanahi ere, unitate fraseologiko zuzen eta egokiak ez ezik, zuzentzeko edota hobetzeko moduko zenbait unitate ere identifikatu ditugu. Bestalde, corpusera jotzen dugun bakoitzean konturatzen gara zaila dela oro har erabat zuzenak eta egokiak diren adibideak aurkitzea. Ondorio modura esan daiteke euskara akademikoaren garapenean aurrerapauso kualitatiboak egin direla baina bide luzea egin behar dela oraindik ere, eremu-galtze prozesu batean sartu nahi ez badugu behintzat.

Eremu espezializatuen konkistan aurrera segitzeko funtsezkoa da euskarak unibertsitatean duen presentzia babestea, baita lan akademikoak euskaraz idaztea ere. Kezkagarria litzateke, ordea, unibertsitatean sendotzen doazen nazioartekotze-politikek ikasle-irakasle euskaldunen hizkuntza-kontzientzia lausotzea eta, besteak beste, lan akademikoak ingelesez idaztera bultzatzea. Halako politikak eremu-uztea eragin lezake alor akademikoen konkista bukatu baino lehen.


[1] SWALES, John M. (1990). Genre Analysis. English in academic and research settings. Cambridge: Cambridge University Press.

[2] BIBER, Douglas (2006). University Language. A corpus-based study of spoken and written registers. Amsterdam: John Benjamins.

[3] VAN DIJK, Teum (1994). Academic Nationalism. Discourse and Society 5, 275-276.

[4] GOTTI, Maurizio (2012). Academic Identity Traits. A Corpus-Based Investigation. Bern, Switzerland: Peter Lang.

[5] SWALES, John M. (2000). Language for Specific Purposes. Annual review of Applied Linguistics 20, 59-76.

[6] LAURÉN, Christer, MYKING, Johan, eta PICHT, Heribert. (2002). Language and domains: a proposal for a domain dynamics taxonomy. LSP & Professional Communication, 2 (2).

[7] ARANZABE, Maria Jesus; GURRUTXAGA, Antton, eta ZABALA, Igone (2022). Compilación del corpus académico de noveles en euskera HARTAvas y su explotación para el estudio de la fraseología académica. Procesamiento del Lenguaje Natural, 69: 95–103.

[8] Ministerio de Ciencia e Innovación erakundeak 2019ko deialdian finantziatuko Coruñako Unibertsitateko eta UPV/EHUko ikerketa-talde biren arteko proiektu koordinatua: PID2019-109683GB-C21 eta PID2019-109683GB-C22.

[9] HARTAeus corpusa Garaterm corpusean (http://garaterm-corpusa.ixa.eus/ ) integratuta dago, eta kontsulta publikoetarako zabalik dago, Bilaketa-interfaze aurreratuan, “Non” botoia sakatuta, eta “HARTAeus” aukeratuta.

[10] Oraindik ere HARTA/TAILA tresna osatzen eta fintzen ari bagara ere, kontsulta-interfaze publikoa prest dago jadanik: http://harta.ixa.eus/

Semeek gaztelaniaz hitz egiten didate

Isabel Etxeberria Ramírez

Gero eta gehiago, gero eta gehiagotan. Etxean afaltzen ari garela, edo kalean nonbaiterako bidean oinez goazela, beren intereseko zerbaitez hitz eta pitz ari zaizkidanean, gaztelaniaz hitz egiten didate semeek. Harridura eta kezka sortzen dit horrek, baita lotsa ere, batez ere etxeko intimitatetik kanpo jendaurrean eta lekukoak ditugula gertatzen denean. Eta konturatu naiz zenbait estrategia garatu ditudala inkontzienteki, eta ikusten badut, adibidez, semeetako bat zerbait gaztelaniaz kontatzen ari zaidan bitartean espaloian aurrerago halako datorrela, hizpide duen gaiari buruzko galderaren bat egingo diot semeari —euskaraz, noski—, dena delako herrikidearekin gurutzatu behar dugun momentuan nire euskarazko jarduna izan dadin entzuten duena, edo semea une horretantxe euskaraz erantzutera bultzatuko dudan esperantzan.

Ez da broma. Seme nagusiak 13 urte ditu; txikiak, 8. Txikiagoak zirenean hizkuntza-banaketa bitxia egiten zuten jolasean ari zirenean, niri garai hartan (inuzente halakoa!) barregarria egiten zitzaidana. Demagun:

A: Ni pirata bat nintzen eta zu lapurra, eta altxorra lapurtu nahi zenidan.
B. Bale. Dime dónde está el tesoro!
A: Nuncaaaaaa!
B: Eta orduan nik ezpata magiko bat ateratzen nuen. Dime dónde está el tesoro o te daré con mi espada mágica.
A: Eta orduan nik nire lagun dragoiari deitzen nion. Dragón, ayúdame! Tenemos que quitarle la espada!

Banaketa argia da: narratzailearen ahotsa, argibideak, hizkuntzaren erabilera instrumentala, euskaraz; edukia, fikzioa, hizkuntzaren erabilera estetikoa, gaztelaniaz. Hau da, funtzionatzeko, euskara erabiltzen zuten. Baina adierazkortasuna bilatzen zutenean, gaztelaniara jotzen zuten. Zergatik? Garai hartan beren fantasiak eta asmakizunak elikatzen zituzten ereduak gaztelaniaz jasotzen zituztelako nagusiki, marrazki bizidunen, filmen eta bestelako bideoen bitartez. Haien begietara, piratak, lapurrak, dragoiak, superheroiak eta dinosauroak gaztelaniaz mintzo ziren.

Bada, semeak koskortzen ari dira, eta haien interesak (zaharrenarenak batez ere) gero eta lotuago daude ikus-entzunezkoetara: telesailak, bideojokoak, streamerrak, youtube shorts, tik-tokeko bideoak… Gaur egun haien artean eta gurekin dituzten elkarrizketak eduki horiei buruzkoak izaten dira neurri handi batean, horixe baita haientzat une honetan, guk nahi ala nahi ez, haien bizitzetako atal garrantzitsu bat. Hala, bada, seme nagusiak ilusio handiz bideojoko batean maila goragoko bat nola lortu duen esplikatzen didanean, gaztelaniaz azaltzen dit. Eta seme txikiak bere gustuko telesail batean pertsonaia batek beste bati egin dion zirtoa barre-algaraka errepikatzen didanean, gaztelaniaz kontatzen dit. (Eta hau esanda, zera bururatu zait: gure seme txikiarentzat umorearen eta adierazkortasunaren eredu nagusietako bat estatubatuar gidoigile batek ingelesez pentsatu eta beste norbaitek gaztelaniara itzulitako txisteak eta hitz-jokoak direla. Marka da, gero!).

Haien arteko elkarrizketek ere txikiagoak zireneko haiek gogorarazten dizkidate neurri batean, baina gazteleraren pisua are handiagoa da orain. Adibidez:

A: Badakizu egin ahal duzula una máquina para teletransportarte a tu casa cuando quieras?
B: Bai. Baina kalkulu hori egiten duzu eta izango zen super zaila.
A: Bai, baina nola egiten duzu la máquina?
B: Ez dakit.
A: Nola egin ahal duzun con arena de almas y agua un ascensor…?
B: Bai.
A: Ba jartzen duzu un ascensor de esos. Lurrean. Tiras un ender pearl y el ascensor sube el ender pearl, y se queda arriba y no se choca con nada. Pones al lado un pistón y una palanca. Imagínate que estoy super lejos. Le digo a X: X, por favor, teletranspórtame. Le da a la palanca, entonces el pistón se abre, toca la ender pearl y yo me teletransporto ahí. Ulertzen duzu?
B: Bai.

Hau da errealitatea, lagunok. «Hau da gure etxeko errealitatea» esan beharko nuke agian, baina egingo nuke inguruan adin bertsuko haur eta gaztetxoak dituzuenoi ez zaizuela arrotza egingo erretratua.

Inoiz zaharrenari ohartarazi izan diodanean («konturatzen al zara bost minutu daramazula niri gaztelaniaz hitz egiten?»), gaztelaniazko zerbait kontatzen ari zitzaidala erantzun dit. Eta ondoren: «Ni ez naiz itzultzailea, ama». Hori da, nire ustez, kontua: ez dutela zertan itzultzen aritu, beste hizkuntza batzuetako gaztetxoak aritzen ez diren bezala. Euskarara itzulita (edo euskaraz sortuta) jaso beharko lukete dena, baina erdarara itzulita (edo erdaraz sortuta) jasotzen dute gehiena. Haientzat inportanteak diren erreferenteak erdaraz iristen zaizkie.

Batek pentsa lezake halako edukiei buruz hizketan ari direnean bakarrik jotzen dutela erdarara. Baina konturatuta nago azken aldi honetan bideojoko eta telesailetatik kanpoko kontu pertsonalez ari direnean ere gaztelaniara pasatzen direla batzuetan. Eta etxe barruko erabileraz ari naiz; guri —guri!— erdaraz hitz egiteaz. Bestea, kalekoa, lagunen artean erdaraz aritzearena, galdutako borrokatzat jotzen dut aspalditik. Bada, dena delako kontakizuna emozioz jantzi nahi dutenean —etxeko lanengatik purrustadaka ari direnean, adibidez, edo eskolan ikaskideren bati gertatuko injustizia batez…— gaztelania erabiltzen dute tarteka. Beren diskurtsoa indartzeko gainantzezten dutenean, alegia, euskara motz-edo geratzen zaie, eta gaztelaniara jo behar izaten dute adierazkortasun bila.

Baten bati zalantza piztu balitzaio ere… Gure semeek gero eta gaztelania gehiago erabiltzeak ez du zerikusirik euskararen zailtasunarekin. Gure semeek lasai asko esan dezakete diezazuket, eta ez dute batere arazorik erlatibozkoak erabiltzeko. Gakoa beste bat da hemen: interesgarriak zaizkien eta erreproduzitu nahiko lituzketen edukiak eta hizketa moldeak erdaraz jasotzen dituzte.

Hiztun-lotsa baten harira

Juan Luis Zabala

Eman dezagun Frantziako Tourreko etapa bat ikusten ari zarela lagun batekin.

Mikel Landa ihesaldiko txirrindularien artean dago, eta pantailan erakusten den aldi bakoitzean besoa altxatzen du, poto bat eskuan duela, ur eske.

Halako batean, ordea, helikopterotik ikusitako gaztelu dotore baten eta iheslarien atzetik datorren tropel nagusiaren ikuspegi orokor baten ondoren, berriro ageri da Landa pantailan, baina oraingoan, eta hurrengo agerpenetan, ez du urik eskatzen.

Zer esango zenioke lagunari?:

a) “Ura eman bide diote, eskatzeari utzi dio eta”.

b) “Ura emango zioketen, eskatzeari utzi dio eta”.

c) “Ura emango zioten, eskatzeari utzi dio eta”.

d) “Ura emanik izango diote, eskatzeari utzi dio eta”.

Antzeko galdera bat planteatuz egin zuen kontsulta orain hurrengoan Joxe Mari Berasategi itzultzaileak Itzuliz Itzulpen Zerbitzuan, eta erantzun ugari jaso zituen, neurea ere tartean.

Lau aukera horien artean, laugarrena iruditzen zait niri egokiena, eta horretarako dauzkadan motiboen berri eman nion Joxe Mariri, gaiaren harira egin nituen hainbat gogoetarekin batera. Hona ekarriko dut, orain, orduan idatzi nuena, edo orduan idatzi nuenaren mamia bederen.

Aukeratutako forma hori —laugarren adibidekoa, “Ura emanik izango diote, eskatzeari utzi dio eta”— Azkoitiko eta inguruko “zaharrengandik” ikasi dut (ni baino are zaharragoengandik, alegia), baina ez naiz hizketan erabiltzeko kapaza, ezinezkoa zait, ez Azkoitian eta Azkoitiko euskaran aritzean, eta ez batuan aritzean.

Zergatik ez Azkoitian eta Azkoitiko euskaran? Nire adinari eta hiztunak esleitzen didan hizkuntza-gaitasunari ez dagokion hizketa-moldea erabiltzen ari naizela sentituko nukeelako, eta horrekin solasaldiaren naturaltasuna urratzen ari naizela, hiztunon arreta neure hizketa-moldera desbideratzea eragitearen ondorioz.

Zergatik ez batuan hizketan aritzean? Pedante edo sasijakintsu itxura emateko beldurrez.

Ez nuke, beraz, inoiz eta inola, hizketan ari naizela, esango (nahiz eta egokiena iruditu):

“Ura emanik izango diote, eskatzeari utzi dio eta”.

“Bere izena ezabaturik izango du, ez da inon ageri eta”.

“Aspaldi laketurik izango da, euskaraz ederki asko egiten du behintzat”.

Baizik eta:

“Ura emango zioten, eskatzeari utzi dio eta”.

“Bere izena ezabatuko zuen, ez da inon ageri eta”.

“Aspaldi laketuko zen, euskaraz ederki asko egiten du behintzat”.

Idazketa da, horrenbestez —euskara batuko idazketa, jakina—, nik forma horri, hiztun-lotsarik gabe, presentzia eta bizitza ematen jarraitzeko dudan bide bakarra.

Azkoitian gazteak, oro har, oso harro daude beren euskararen naturaltasunaz, jatortasunaz eta aberastasunaz, hala sumatzen ditut nik behintzat, eta ez zaie arrazoirik falta horretarako, euskara bizi eta naturala darabilte oro har. Bejondeiela! Baina belaunaldiz belaunaldi gertatzen ari den galera nabarmena da.

Okerrena da norberaren hizkerarekiko harrotasuna, kasu askotan, batuarekiko halako gutxiespen batekin lotzen dela, eta hori ere sumatu izan dut Azkoitian eta beste hainbat “arnasgunetan”.

Ondorioa begien bistakoa da, nire ustez: batetik, herriko hizkeretan bilatu behar du —ez soilik baina bai neurri handi batean— hazkurria eta adierazkortasuna euskara batuak; bestetik, herriko euskara jakite hutsa ez da nahikoa, batuaren gutxieneko ezagutzarik eta praktikarik gabe, gaur eta hemen behintzat, euskaltasun kultural praktiko eta txukun baterako, hori gabe hiztunik jatorrenak ere erdararekiko menpekotasun handia izango baitu, batez ere —baina ez soilik— lagunartetik edo etxeko girotik aparteko gaietan.

Batua baita, azken batean, Azkoitiko zaharrenek hitzetik hortzera darabilten forma nire ustez aberats era adierazkor horri bizirik eusteko modu bakarra.

Artikulu honek panfleto itxura hartu duenez, lelo batekin amaituko dut:

Herri alfabetatua inoiz ez zanpatua!!!