Hogeita batgarren mendea pentsatzen… euskararentzat eta euskarazko itzulpengintzarentzat

Oskar Arana Ibabe

Hogeigarren mende iraganaz gogoeta egiten dute Tony Judt eta Timothy Snyder historialari-pentsalariek Thinking the Twentieth Century[i] liburuan, mende horretan nagusi izan diren pentsamendu-ildo nagusien gaineko hausnarketa egiteko baliatuz Tony Judt heriotzara eraman zuen erialdiaren azkenetan Timothy Snyder adiskide eta lankideak egiten dion elkarrizketa, haren biografiako une garrantzitsuenak eta mendeko une esanguratsuenak uztartuz, eta hark bere bizitzari buruz egindako gogoetak mendearen gorabeherei buruzkoekin estekatuz.

John Maynard Keynesen aipu bat hartzen du goiburutzat abiaburuko orrialdeak: “Iritziaren historia ikasi behar da lehenik, adimena askatuko badugu.”

Eta, izan ere, liburu trinkoa eta mardula da, historian ezjakin samarrak garenok astiro irakurtzekoa, sakona. Ez dakit adimena askatuko didan, baina lana eragin, bai, eragiten dio nire buruari. Esker onekoa ere bada, zeren, gertaeren xehetasunetan galdu gabe, gertaera horiek ekarri zituzten egoeren, inguruabar, pentsamendu, ideologia, pentsalari eta joeren arteko loturak eta historiak ondoren hartu zuen norabidea argitzen baititu, orain arte irakurritakoan, bederen.

Baina, liburu hau hemen aipatu badut, ez da horregatik, baizik eta, Tony Judtek ikasle-garaia eta eskola aipatzen dituelarik, ingeles hizkuntzaren gainean egiten duen gogoeta batzuengatik. Itzuli egin ditut arreta deitu didaten pasarte horiek, ederrak iritzi dizkiedalako, zer pentsa eman didatelako, neure buruari galdera batzuk egitera bultzatu nautelako, eta gogoeta horiek, aski arruntak, agerkari honetan idatziz eman nahi ditudalako:

“Eskolak beste era batera egin ninduen ingeles: ingelesezko literatura ona irakurtzen genuen. Gure eskolak batxilergoko Cambridge programari jarraitzen zion, zeinari zorrotzena irizten ohi baitzitzaion arrazoiz. Poesia ikasten genuen: Chaucer, Shakespeare, hamazazpigarren mendeko poeta metafisikoak, hemeretzigarreneko augustar poetak. Prosa ere bai: Thackeray, Defoe, Hardy, Walter Scott, Brontë ahizpak, George Elliot. Sari bat irabazi nuen ingelesean, aski egokia,…”

“Hala, 1960ko urteetako ume batek oraindik ere aukera zuen heziketa bat hartzeko, aurreko belaunaldiei eman zitzaienaz ez oso bestelakoa, eta are agian hobea ere. Seguru asko, usadiozko kultur erreferentzien multzo horri esker, ez zehazki Ingalaterran baizik eta ingeles hizkuntzaren baitan etxean sentitzeko modu honi esker, izan genuen nik bezalako jendeak aukera bizitzan aurrerago gaztetako politika erradikaletik ildo liberalerako bidea eroso egiteko.”

“Nolanahi ere, eskolak erakutsi zidan ingelesa hizkuntza gisa prezatzen, bai eta ingelesez idaztea prezatzen ere, eta nigan iraun du preziamendu horrek harrezkero, atzerriko interes eta harremanak gorabehera. Nire garaiko historialari asko eta asko kontinenteko europar bihurtu ziren, halabeharrez, garaiko boladaren eraginez, kidetasunez hautu hori eginik, edo historialari-arreta han jarrita. Ni ere halaxe, ustez. Baina haietako gehienak baino hein handiagoan, irudipena dut ezen barru-barrutik ingeles sentitzen nintzela eta halaxe sentitzen jarraitu dudala, nahiz eta bitxia eman. Ez dakit beste batzuek baino hobeto idazten ote dudan ingelesez, baina badakit bene-benetako atseginez idazten dudala.”

Ingeles hizkuntzaren alderako maitasunaren aitorpen hori hunkigarria izan zait. Irrika pizten du nigan, euskararen baitan etxean sentiaraztea erdiets lezaten gure eskolek, horretarako behar den literatura eduki lezaten, gure prosa noranahikoa (Etxeparek bezala, oraindik) gozatua eta malgutua eta zaildua eta landua eta usatua eta baliatua eta hedatua izan ledin. Irrika edo desira bat beraz, hizkuntzari berari buruz eta hizkuntzaren irakaskuntzan jarduten diren erakundeei buruz, lorpen bat, helmuga bat, eginkizun bat xede duena.

Baina, baita ere, irrika edo nahikunde bat, hizkuntzarekiko jarrerari buruz. Pentsalari-historialariak ez daki beste batzuek baino hobeto idazten ote duen ingelesez, baina badaki bene-benetako atseginez idazten duela. Eta etxean bezala sentitzen da ingeles hizkuntzaren baitan, etxea du ingelesa, prezatu egiten du ingelesa hizkuntza gisa, eta prezatzen du ingelesez idaztea. Ahalegin horretan ari gara itzultzaile eta idazlari asko, gure hizkuntzak idazteko tresna doia eta eraginkorra, eta atsegingarria, izan behar duela guztiz jabeturik.

Askok aipatu dute lehenago, gure artean aspaldiko kezka da, ezen, beste hizkuntza handien moduko literatur tradiziorik ezean, sortzea dagokigula, edo, itzulpenaren bidez, euskarara ekartzea literatur tradizio horietako egileak eta obrak. Horretan ari gara, badakit, gure ahalen neurrian, baina ez dakit kontu honek behar bezalako arreta ote duen eskola-agintarien aldetik, eta Euskal Herriko agintari nagusien aldetik. Ezetz esango nuke, ez beharko lukeen tamainakoa. Ezta ere, beharbada, herritarren aldetik, edo ikasle eta ikasle-gaien aldetik. Tony Judten hitzak irakurrita, euskarak gurean beharko lukeen duintasun eta garaiera jartzen zait begien aurrean.

Oroitarazi didate hitz horiek eskolan, filosofia ikasten ari ginela, gertatu zitzaidan zerbait. Ez geneukan garai hartan euskarazko filosofia-testulibururik, irakasleak bere kabuz apailatzen zituen apunte hala-moduzko batzuk baizik ez. Behin, ordea, Platonen elkarrizketa batzuk ekarri zituen fotokopiaturik, ez berak itzulirik. Testu haiek maitasuna eragiteko modukoak ziren, ederrak ziren, mira eragiten zuten, asmo estetiko nabarmena zerien, ez zuten erdarazkoen inbidiarik. Gero jakin nuen Jokin Zaitegik itzuliak zirela. Ingeles pentsalari honek bezalako zerbait sentitu nuen lehenbiziko aldietakoa izango zen, ahaleginik gabe, miraz eta atseginez, antzinateko pentsalari batzuen hitzak euskaraturik irakurri nituenekoa.

Gogoeta eragin didate pasarte horiek, orobat, hizkuntzaren funtzioez, eta hizkuntzaren normalizazioak iritsi beharko lituzkeen eginkizunez. Hizkuntzak literaturaz besteko goi-mailako eginkizunetan, hala nola historian, pentsamenduan, arte eta zientzietan, eman dezakeenaz eta eman beharko lukeenaz. Bistan da euskara bidea egiten ari dela arlo horietan ere. Nik ez nioke mugarik ezarriko bide horri, eta bistan da ingelesa izango duela bikote bide hori egiten, zientzialarien komunitatean eta akademian hizkuntza nagusia denez gero.

Bazuen, gainera, Tonyk adiskide bat, unibertsitatean ezagutua, larreetan ibili zalea hura ere. Hizkuntzarekiko maitasun-harremanetan ez da lehena izango historialari hau, pentsalari hau. Guk artzain-bertsolariak ere izan ditugu, haietako bat eskola barruko eta eskolaz kanpoko eremuetan ezaupidea duena, hizkuntza maitatzen irakatsi izan diguna. Baina hona Tonyren lagun hori:

“Beste lagun bat, John Bentley, lehena izan zen beraren familian unibertsitatera joaten; horixe, ez beste askorik, izango genuen elkarren artean berdinetik. John Leedsen jaio zen, Ingalaterra iparraldean, langile-klaseko familia batean, eta, itxura batean, bizitzan gehien interesatzen zitzaiona, emakumeak, garagardoa eta erretzeko pipaz gain (garrantzi txikikotik handikora), larreetan ibiltzea zen. Eta, oraindik ere,  Ingalaterraz nolabaiteko maitasunarekin oroitzen naizenean, Johnen mundua etortzen zait gogora, ez neurea. Johnek ingeles-ikasketak egin zituen unibertsitatean, eta eskola maisu joan zen Ingalaterra iparraldera, Middlesboroug-a, eta ingeles literatura irakatsi du han lau hamarraldiz: hori izan ote zen  beti nahi izan zuena, ideiarik ez. Harreman alai, sarri dibertigarri, batzuetan zakar, nahiko estu eta maitekorra izan dugu beti, gaur e-mailaren magiaz suspertua.”

Beharbada, ingeles hizkuntzaren baitan bakarrik ez, Tony Judt, oharkabean, Ingalaterran ere etxean sentitzen zen, Ingalaterraz nolabaiteko maitasunez oroitzean gogora etortzen zitzaizkionei erreparatzen badiegu.


[i] Thinking the Twentieth Century, William Heinemann, 2012. e-book (www.randomhouse.co.uk)

Asaldua

Iratxe Goikoetxea Langarika

Hedabideetan, eguneroko kontua da itzulpena, kontatu behar dugun munduaren zati handi bat euskaraz zehaztu barik dago eta. Halakoak jasotzeko, HIKEA datu basea hasi ginen osatzen EITBn orain hamabost bat urte, eta bertara jotzen dugu hiztegiz kanpoko berben beharrizana dugunean. Lehengoan, esaterako, «assault weapons» behar genuen, Obamak armok debekatu nahi dituela eta. Badaukagu fitxa bat horrekin lotuta: rifle de asalto (es), assault rifle (en), fusil d’assault (fr). Eta euskaraz, eraso(rako) errifle. Eraso-ren beretik jo dute Berrian eta Wikipedian ere. Denok bat etorri gara, baina zuzen ote gabiltza? Eraso hitza ez ote da lausoegia asalto/assault-en aldean?

Armaren izena anekdotikoa da, baina badu loturarik blog honetan agertu izan diren zalantza batzuekin.

Garbizaleegiak gara? Hiztegiek bultzatuta eta guk geure burua estu hartuta, berba «jatorragoak» aukeratzen ditugu askotan, zehaztasunaren kaltetan bada ere.

Fernando Reyk aurrekoan esan zuen lexiko guztiak direla euskara batua Hiztegi Batuan edo OEHn baldin baditugu. Orotarikoan begiratu, eta badira asaldu (+asalto, asaltu) eta asaut sarrerak, tradizio zabal samarrekoak. Hiztegi modernoetan ez daude jasota, adiera horretan bederen.

Esanekoegiak gara? Batasunaren izenean, hitz edo aldaera bat bultzatu da hainbatetan, eta bazterrean utzi euskaldun askoren ahotan normalena dena. Esaterako, pelikula espainola alboratu, eta film unibertsala bultzatu da. Ondorioa? Film esangaitz horren ordez, «filme» entzuten dugu bazterretan.

Hitzak baztertzen eta debekatzen ibili barik, onuragarriagoa litzateke ahalik eta gehien onartu eta geuretzea, batez ere eguneroko gauzen izenetan. Gaztelaniazkoak, frantsesekoak zein ingelesekoak izan. Hor dugu OEHren adibidea: Koldo Bigurik batukotzat jotako txapin ez ezik, bertan agertzen dira auzitara ekarritako zapatilla, txinal eta pantufla ere gutxienez, etxeko oinetakoak izendatzeko.

Izan ere, ez dira nahikoa berba generikoak. «Oinetakoak» behar ditugu, baina baita era eta garai guztietako oinetakoak izendatzeko hitzak ere (espartinak, abarkak, zapatak, sandaliak, mokasinak, botak, botinak, txokloak, zuekoak, txankletak, flipflopak,  manoletinak, kanperak, oxfordak, peeptoeak…).

Generikotasunetik espezifikotasunera jotzeko bitartekoak behar ditugu. Eta horretan erabilgarri dugu tradizioa (edo tradizioak), behar izanez gero, asaltoa jotzeko.

«Euskaradunak» eta Roxali

Eneko Bidegain

Euskaradun hitzaren inguruan beti izan da eztabaida. Edo, hobeki erran eta horren gibelean, euskaldun hitzaren adieraren inguruan. Bigarren hitzaren inguruko eztabaida minbera da, biziki minbera. Ipar Euskal Herrian agertzen diren lan eskaintza batzuetan, eskatzen diren baldintzen artean badago «euskaraduna» izatea. Euskaraz, ordea, hitz elkarketak egitean, RA+DUN bihurtzen da LDUN. Horregatik, «euskaraduna» ez zait sekula naturala iruditu, eta oraino ere ez zait gustatzen.

Ezagutzen ez dudan bati deitu behar izaten diodanean, haren kontaktua eman didanari galdetu ohi diot: «euskalduna da?». Hots, ea euskaraz mintza nakiokeen jakin nahi izaten dut, ez ea Euskal Herrikoa den, Euskal Herrian sortua edo euskal herritartua. Izan daiteke Idahon sortu eta bizi den euskaldun bat, edo euskara ikasi duen japoniar bat.

Nahiz eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan hitz hori agertzen den, eta Orotariko Euskal Hiztegiak bi lerroko sarrera eskaintzen dion,

euskaradun, uskeradun. Vasco, vascoparlante. v. euskaldun. Ilunberritik datxikolako erriak uskeradunak dire (Ae). A EY III 305. En DFrec hay 2 ejs. de euskaradun.

ez da ohikoa hitz hori lan eskaintzetatik harago ikustea. Ereduzko Prosa Gaurek 26 agerraldi aurkitu ditu, horietatik 15 Herria astekarikoak. OEHk berak, euskaldun hitzera igortzen gaitu.

Baina lan eskaintzan euskaradunen ordez euskaldun idaztea proposatuz gero, batzuk asaldatzen dira, hizkuntza gaitasun baldintzaren ordez, baldintza etniko gisa ulertuko litzatekeen beldurrez: ea Bordeleko batek ez lukeen postu horretara aurkezteko eskubiderik, nahiz eta euskara jakin…

Bistan da arrisku hori ikusten dutenek, beren baitan, euskaldun hitza frantsesera (edo gaztelerara) itzuli dutela: basque edo vasco. Basque guztiak ez dira euskaldunak, gaur egun bereziki, eta zergatik behar genituzke baztertu, beraz, euskal erdaldun horiek guztiak? Ez naiz sartuko batzuek vasco hitzarekin egiten duten erabilera murriztaile eta politikoari buruzko eztabaidan (ildo politiko horretakoek nola izendatzen dute, euskaraz, EAEko biztanlea?).

Vasco eta basque hitzen itzulpena, Elhuyar eta Nola Erran hiztegien arabera, «euskaldun»  eta «euskal herritar» da:

Basque nom masculin | nom féminin. a) = natif ou habitant du Pays basque euskaldun – euskal herritar – euskotar (MD). b) = bascophone euskaldun

Elhuyar-en adibideak argiak dira:

adj./s. euskaldun [adiera hertsian, euskaraz dakiena; adiera zabalean, Euskal Herriko biztanlea]; euskal herritar, Euskal Herriko (biztanle). | Los vascos resistieron a los visigodos: euskaldunek bisigodoei eutsi egin zieten. | Muchos vascos emigraron a América: euskaldun asko Ameriketara joan ziren. | Muchos vascos no saben euskara: euskal herritar asko ez dira euskaldunak. | Yo soy vasco y por eso estoy aprendiendo euskara: Euskal Herrikoa naiz, horregatik ari naiz euskara ikasten.

Biziki adierazgarriak dira Tupindegiko Roxali kantuaren azken bertsoak, Paristik itzuli berri den eta euskarari uko egin nahi dionari buruzkoak:

Hari euskara ez aski,
baina frantsesa baleki!
Kiskun kaskun j’en suis gaskun
pas eskualdun.

Parisko lili Roxali,
bai frantximent bai t’es xoli.
Utz’an moda, utz’an pinta, ai potreta,
Parisko lili Roxali
hago euskaldun Roxali!

Paristartzearekin batera euskaldun izateari (eta euskarari berari ere bai) uko egiten dioten horietarik bat da Roxali. Eta Euskal Herrian ere badira holakoak. Bi gisetara erabiltzen dugu «euskaldun», Erramun Bachoc-en artikuluko taula batean biziki argiki ageri den bezala. Ipar Euskal Herriko herritarrak, euskaldun (euskal herritar), frantses edota euskaldun eta frantses sentitzen ote diren aztertu duen inkesta bat aipatzen du. Erdaldunen artean ere euskaldun sentitzen dira zenbait, nahiz eta gehiengoak bere burua frantses edo «euskaldun baino frantsesago» gisa ikusten duen. Bistan da, galdera frantsesez egin zitzaiela, eta pentsatzen dut ez zietela galdegin «sentez-vous euskaldun?», baizik eta «sentez-vous basque?». Galderako hitza bat ala bestea izan, segur naiz erantzunak ez zirela guztiz berak izanen.

Batzuk beldur baldin badira euskaldun hitza ez ote den nahasgarri, lan eskaintzetan jar daiteke beste gisa batez: eskatzen diren gaitasunen artean, «euskara jakitea» (eta nahi diren beste hizkuntza guztiak). Nahi bada maila ere zehaztu daiteke.

Andrea, Aitana eta besteak

Iñaki Segurola

Jakina da iraultza onomastiko latza gertatu dela euskal herrietan XX. mendean; badakizue: Xeledoni eta Leontxioren umeak Arantxa eta Josu, eta hauenak, aldiz, Ioritz eta Harkaitz. Adar gehiago ere izan ditu delako iraultza horrek, baina bego eskematxoa bere horretan.

Iraultza guztiek utzi ohi dituzte beren biktimak, eta gure honek ere utzi ditu bereak. Nik neuk, konparazio batera, ezin irentsi dut inola ere nexka bat Andrea izatea izenez. Ezina da osotara nere bihotz-belarrientzat. (Ariketa bat itzultzaileentzat: itzul bedi, orri-barreneko oharrik gabe, honako esaldi hau: «Kaixo, ni Andrea naiz, lau urte ditut, eta Azpeitiko lehengusina Olatzek burla egiten dio nere izenari.»)

Oraindik orain, berriz, hamaika urteko neskatila azkoitiar batek adierazi dit ea nola litekeen nexka bat Aitana izatea izenez, mundu guztiak dakielarik umea ama(re)na ere izaten dela. (Bigarren ariketa itzultzaileentzat: «Nere ahizpa Aitana amazulo hutsa da. Kar!».)

Neskatila horren amamak —laurogei urtera doa— ezin irentsi duena Eñaut izena da. Bai, jaun-andreak: xalotasun eta xanotasun garbiz esplikatu dit berak e(i)ñ aut (‘egin haut’) aditzen duela hor, eta ez zaiola batere itxurazkoa iruditzen ume bati hola deitzea. Ez dut lanik hartu aditzera ematen euskarazko beste alderdi batzuetan herrikoia dela izen hori; arrazoiak oso gutxi lezake belarri on baten kontra.

Gure modukoen minak eta ezinak huskeriak dira, halere, atso-agure ez-informatuenen aldean. Izan dut aditzea, besteak beste, Susana eta Ainhoa izenik ezin onets zezaketen batzuena: batari susa(r)a ekartzen ziolako gogora, eta besteari aiñoa, zenbait landareri sortzen zaion gaitza adierazten baitu hitz horrek leku batzuetan. Gehiago ere luza liteke ezin-izan hauen soka.

Nik gero-eta gutxiago dakit edo ulertzen dut politikaz —politikoen politikaz—, baina goietako berri dakitenek diote bakezko aro berri batean gaudela eta biktima guztien aitortza egiteko garaia dela hau.

Bihotz-belarrizko biktima batzuen aitortza xume bat egin nahi izan dut hemen.

Merezi du saiatzea, moduren bat egon behar duelako nire zalantza argitzeko

Alfontso Mujika Etxeberria

Euskara ikasten hasi nintzenean, goiko izenburu hori honela idatziko nuen:

Merezi du saiatzeak, moduren batek egon behar duelako nire zalantza argitzeko.

Izan ere, gramatikaren itxurazko logikaz, du adizkiari subjektu ergatiboa dagokio.

Gero, ohartu nintzen itxurazko logika hori ez zetorrela bat kalean entzuten nuenarekin, ezta liburu batzuetan irakurtzen nuenarekin ere.

Lehen lasaitua duela 19 urte hartu nuen, 1994an, Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak, Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarrean, Leioan, merezi izan aditzarekin doan aditz-izena absolutiboan doala aldarrikatu zuenean. Aldarrikapen hura arau bihurtu zen 1995ean (31. araua: Ekartzea merezi du). Eta 1999rako Hiztegi Batuak berak ekarri zuen oharra:

merezi izan. du ad.: bere saria merezi du langile zintzoak; merezi du nolakoa den adieraztea. ( *joateak merezi du e. joatea merezi du ).

Merezi izan aditzarekikoa argituta ere, bazen oraindik zalantzarako tarterik. Adibidez, Oscar Wilderi hau irakurrita [1] Antton Olanoren itzulpenean:

Zergatik egon behar du lege bat gizonezkoentzat, eta beste bat emakumezkoentzat?

Galdera sakona, bai horixe, baina —aitor dezadan— zalantza eragin zidana ez zen sexu-berdintasunari buruzko galdera, zerbait prosaikoagoa baizik: nola behar luke, «lege bat» ala «lege batek»?

Beste hainbeste, Bernardo Atxagari [2] hau irakurrita:

Bordeletik promenatzeko edo paseatzeko era guztien artean, egon behar du bakarren bat Ameriketatik iristen zen kakaoaren edo kafearen aztarna gordetzen duena (…)

Bigarren lasaitua-edo urte batzuk geroago hartu nuen, 2005ean. Iratxe Goikoetxea blogkidearen bidez jakin genuen Euskaltzaindiko Gramatika batzordearen iritzia (ItzuL, 2005-02-23):

«Mendiak oso polita egon behar du elurtuta» eta «Moduren bat egon behar du hau konpontzeko» dira forma zuzenak. Izan ere, perpaus batzuetan, «existentzial» deitutako subjektu ezkutua dutenetan (eta horietakoa da «Moduren bat egon behar du hau konpontzeko»), badirudi, tradizioaren arabera, egokiagoa dela subjektu hori absolutuan ematea, eta ez ergatiboan.

Alabaina —zoriona inoiz ez baita betea—, lasaitua ez zen erabatekoa izan. Gramatika batzordearen beste iritzi baten berri eman zigun Bittor Hidalgok egun berean (ItzuL, 2005-02-23). Hau izan zen galdera:

«Oso gogorra behar du zure familiako norbait horrelako egoera batean ikustea(k)» esaldiak azkeneko -k hori behar duen ala ez.

Eta hau Gramatika batzordearen erantzuna (2002-o5-22):

Gramatika batzordearen ustez, auzi hori ez dago argi. Gutako askori -k gabekoa egiten zaigu normalagoa, baina ezin esango genuke bestea (-k duena) okerra denik. Ez gara, beraz, ez bata eta ez bestea txartzat ematera ausartzen.

Gaia ez zen, beraz, hor agortu, eta zalantza berriro agertu zen ItzuLen hurrengo urtean (2006-09-25). Beste blogkide batek, Juan Garziak, bere ikusmen periferiko apartaz baliaturik, gaia testuinguru zabalago batean ezarri zuen:

Badirudi tirabira gertatzen dela halakoetan gramatikak eskatzen duenaren (behar modalarekiko komunztadura) eta zentzuak nahi lukeenaren (izan, egon aditz nagusiekikoa) artean.

Koldar samarra irudituko zaizu, baina adierazpidea moldatzea iruditzen zait irtenbiderik egokiena (…) Hala ere, ergatibodunak, izan, zuzenak dira.

Eta segidako beste mezu batean, honela jarraitu zuen:

Oker ez banago, nolabaiteko inpertsonaltasuna tartean denean dugu arazoa, hots, behar horrek berez adierazten duen obligazioa («joan behar dut») nahiz eskasia («ura behar dugu») subjektu zehatzik gabe geratzen denean, edo subjektu hori abstraktua denean, adibideotan bezala («hori», «-tzea»…).

Uste dut halakoetan gertatzen dela eskema gramatikalaren eta sakoneko adieraren arteko tirabira hori. Bide batez, uste dut (…) hiztun guztiona edo gehienona dela zalantza hori (…). Hori esanda, hala ere, ez dut uste abantaila handia genukeenik orain joskerotan tematu eta ergatiboak sistematikoki kentzen hasita gure idatzietan…

Egia esatera, azalpen eta iritzi horien guztien ondoren, halako «ergatiboa kentzeko lizentzia bai, bainaaa…» atera nuen ondoriotzat. Ahaztuxea nuen, baina, lehengoan, egunkarian, izenburu hau:

«42 puntu eskuratzeak izan behar du lehen helburua» (Berria, 2013-01-10).

Berriz ere lehengo zalantza izan genuen hizpide. Moldatu egin zitekeela, edo hobe litzatekeela moldatzea:

  • «42 puntu eskuratzea izan behar dugu lehen helburua»
  • «Lehen helburuak 42 puntu eskuratzea izan behar du»
  • …

Bai, baina —ezin lasaitua behar bezala hartu— nahitaez moldatu beharrekoa da? Eta, gero, Goenkaleko testuen corpusa begiratzen ari nintzela:

  • Gogorra izan behar du bakarrik bizitzea.
  • Gogorra izan behar du ama horrela galtzea.

Lasaitua ezin harturik bizitzen ohituko naiz, baina, eskatzea libre denez eta dagoeneko bi blogkide —Iratxe Goikoetxea eta Juan Garzia— aipatu ditudanez idazkitxo honetan, hirugarrena ere aipatu nahi dut, eta bera gai honi buruz iritzia ematera gonbidatu, betiere baita plazer handia Beñat Oihartzabalen iritzia irakurtzea.


[1] Fidel izan beharraz, Oscar Wilde / Antton Olano (Ibaizabal, 2000).
[2] Groenlandiako lezioa, Bernardo Atxaga (Erein, 1998).

Gipuzkeratik haratago

Fernando Rey Escalera

Orain dela hilabete batzuk, Xabier Olarrak, gure liburu bati buruzko kritika bat ikusita, mezu hau bidali zidan posta elektronikoz:

Kaixo, Fernando:

Hona hemen zer ikusi berri dudan orain dela bederatzi hilabeteko Twitterreko mezu batean: ‘Hilabete bat Montalbanorekin’ irakurtzen ari naiz, italiar hizkuntzatik nafarrerara itzulitako bertsioan (!!!!!)”

Nik itzulitakoak gipuzkerara itzuliak izango dituk, beraz!!! Hamaika ikus-entzuteko jaioak gaituk!!!!”

Kritikak pizgarri izaten dira, eta zer pentsatua eman dit esaldiak. Haserregarri ez, baizik eta gogoetarako akuilu izan zait aipamena.

Andrea Camilleri idazle italiarraren hiru liburu euskaratu dira orain arte. Lehenbizikoa, Gauaren usaina, Josu Zabaletak itzuli zuen. Bigarrena nik, Hilabete bat Montalbanorekin izenburukoa, eta Ander Irizarrek, berriki, hirugarrena, Uraren forma.

Camilleriren ezaugarrietako bat, besteak beste, italiera ezohikoa da, italiera batutik asko urruntzen dena, sizilieraren kutsu nabarmena duena.

Mintzatu naiz beste bi itzultzaileekin, eta, nor bere estiloan, hirurok erabaki genuen euskara batutik sobera ez urruntzea, nahiz eta hirurotako bakoitzak bere ukitua eman jatorrizkoaren tonua nolabait adierazteko.

Itzulpen lanak egiterakoan, eta gehienbat literatur itzulpenetan, gauza bat izan dut gogoan beti: euskara batuan idatzi beharra dagoela, eta jatorrizkoaren berezitasunek behartuta baizik ez dugula atera behar batutik.

Hori hala dela, borroka edo tentsio pixka bat izaten dut gehienetan: neure buruarentzat ez naizela ari garbi edukita, hartzailea nor den aintzat harturik idatzi nahi dut, eta, horregatik, komunikazioa eta ulergarritasuna izanik helburua, garbi dut euskara aski estandarrean egin behar dela, baina, bestetik, nire euskara ez den batean idazteko nolabaiteko deserosotasuna sentitzen dut. Ni, bederen, bi dei horiei kasu eginez aritzen naiz itzulpengintzan. Eta, okerrak oker, ustez behintzat, euskara batuan idazten dut. Jakina, egunero aditzen dudan euskararen oihartzuna dute nire testuek, eta iruditzen zait zilegi dela. Baina, nik dakidala, txokokeriak uxatu nahian, euskara batua da idazten dudana, salbu eta jatorrizkoaren joko bereziren bat adieraztearren espres egindako transgresioak.

La forma dell’acquaren itzulpena irakurri dut, eta zuzenketa egin, nire adiskide Ander Irizarrek eta Xabier Olarrak eskatuta, eta irakurri dut, bestetik, Josu Zabaletaren L’odore della notte ere. Biek ala biek nork bere kutsua eman diote itzulpenari, euskara batutik deus gutxi aldenduz betiere, baina ez zaio inori iruditzen gipuzkerarako itzulpena denik. Baina, nonbait, traba bihurtzen dira jende askorentzat nafarreraren edo bizkaieraren aportazioak.

Irudipena dut euskara batuari buruzko kontzepzio hertsiegia dagoela. Nik dakidala, Euskaltzaindiak bere arau eta gomendioetan adierazitakoaz gainera, euskalki guztien baliabide sintaktiko eta lexiko guztiak dira euskara batua, Hiztegi Batuan edo OEHn baldin baditugu, eta EGLUn deskribatutako guztia da euskara batua.

Itzulpenetan, euskara zentral samarra erabiltzen saiatzen naiz. Dena dela, aberasgarria da literaturarentzat eta euskara batuarentzat mendebaldeko zein ekialdeko moldeek ere tokia izatea. Jende gehiegiren gogoan, gipuzkera aberastu bat da euskara batua, eta, denon hobe beharrez, askoz ere gehiago da edo izan beharko luke.

Ideia batzuk dabilzkit bueltaka buruan: nolako lekua duen euskalkiak itzulpengintzan; zilegi edo komenigarria ote den batzuek «Marteko euskara» deitzen duten hori erabiltzea —hango eta hemengo baliabide sintaktiko eta lexikoak nahasiz sortutakoa—, zenbateko autozentsura egin behar izaten duten Euskal Herriko muturretako euskaldunek…

Baina orain denari ezin heldu. Izanen dugu aukera geroago ere.

Ia gauza bera esatea larria izan daiteke zenbaitetan

Bego Montorio Uribarren

Literatura itzultzea «ia gauza bera esatea» dela azaldu zuen Umberto Ecok bere saiakera batean (Dire quasi la stessa cosa [1]), eta baietz egin genuen buruaz hura irakurri genuen askok. Horra langintzaren definizio polit bat, pentsatu genuen, eta egiazkoa (edo egiatik oso gertukoa, zuhurrago esanda).

Itzulpena tarteko, testu bakarra zegoen tokian orain bi ditugu: jatorrizkoa eta hark sorrarazitako bestea, «ia» gauza bera dioen beste hori. Parekoak biak? Bata bestearen gainekoa?

Asko hitz egin eta idatzi izan da horren inguruan –adostasunik ez, jakina–, eta fikzio gaia ere izan da; urrunago joan gabe, hor dugu Iban Zalduak berriki kaleratutako Idazten ari dela idazten duen idazlea [2] liburuko Itzulpengintza ipuina. Kasu horretan, kumea, klona, itzulpena gailendu egiten zaio jatorrizkoari, protagonista den idazleak hobea baiteritzo itzulpenari, eta hura jatorrizkotzat hartzeko agintzen du beste hizkuntzetarako itzulpenetan; amaierarik gabeko sorgin gurpilean galduko da idazlea, itzulpen berri orok aurreko testua hobetzen duelakoan.

Halako obsesiora heldu gabe, Eider Rodriguezek honako gogoeta hau egin zuen, autoitzulpenaz ziharduela, itzulitako testua hobea zela iritzita sentitu zuena azaltzeko: «Quizás autotraducirse sea eso: ponerse frente al espejo y verse todas las impurezas que una tiene. Pero mayor traición sería no poder aceptarlas». [3]

Ezaguna da, halaber, Jorge Luis Borgesen beste esaldi hura: «Quizá el oficio del traductor es más sutil, más civilizado que el del escritor: es obvio que el traductor viene después del escritor. La traducción es una etapa más avanzada»; Itziar Otegik goian aipatutako artikuluan egiten dion iruzkina eta guzti irakurri beharrekoa, bidenabar esanda: «Nahiz eta, aintzat hartuta Borges paradoxa zalea zela oso, aipu hori bera ere tentuz hartu beharrekoa izan».

Literaturaz ari ez garenean, baina, bi letra horiek, bi bokal xume horiek –i eta a, ia; ia gauza bera– amildegi arriskutsua zabal dezakete. Lege testuetan, esaterako.

Hona adibide bat, eta, zoritxarrez, ez da bakarra. (Beste artikulu, literario?, baterako gaia ematen du aipatuko dudan dekretua argitaratu zeneko aldizkariaren izen ofizial bikoitzak: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria – Boletín Oficial del País Vasco).

175/2007 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzekoa.
35. artikulua(…)
2.– Hezkuntza-etapa horretako irakasgai guztiak gainditzen dituzten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua jasoko dute. Halaber, titulu hori lortuko dute, ikasturtea amaituta, irakasgai batean edo bitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleek. Salbuespenez, titulu hori lortuko dute hiru irakasgaitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleek, baldin eta irakasle-taldeak uste badu, irakasgaien izaerari eta garrantziari erreparatuta, irakasgai horiek ez gainditu arren, ikasle horiek oinarrizko gaitasunak eta etapako helburuak lortuak dituztela. Titulua lortu ez duten ikasleek aukera izango dute, hurrengo ikasturtean, aparteko proba bat egiteko, gainditu gabeko irakasgaietan.
DECRETO 175/2007, de 16 de octubre, por el que se establece el currículo de la Educación Básica y se implanta en la Comunidad Autónoma del País Vasco.
Artículo 35(…)
2.– Quienes superen todas las materias de esta etapa obtendrán el título de Graduado en Educación Secundaria Obligatoria. Asimismo podrán obtener dicho título aquellos que hayan finalizado el curso con evaluación negativa en una o dos materias, y excepcionalmente en tres, si el equipo docente considera que la naturaleza y el peso de las mismas en el conjunto de la etapa no les ha impedido alcanzar las competencias básicas y los objetivos de la etapa. Quienes no hayan obtenido la titulación podrán realizar una prueba extraordinaria de las materias que no hayan superado en el curso inmediato posterior.

Euskaraz, ikasturtea amaituta irakasgai batean edo bitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleek titulu hori lortuko dute. Baldintzarik gabe. Salbuespenak eta baldintzak geroago datoz, hiru irakasgaitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleentzat. Gaztelaniaz, berriz, bestelakoa da kontua: baldintzak denentzat dira, bat zein bi irakasgaitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleentzat, eta, salbuespenez, baita hiru irakasgaitan halakoa jasotakoentzat ere.

Orri berean, elkarren ondoan, hala daude argitaratuta gauza bera ez dioten bi aginduak. Bata bestearen itzulpena dira? Baliteke. Azken orduko zuzenketak testu bakarrean egin dituzte? Baliteke. (Edozein kasutan, itzultzaileari egotziko zaio errua, bai horixe!). Garrantzitsuena, edozelan ere, beste hau da: Zeini egin behar zaio jaramon?

Indarrean dago dekretu hori, bere horretan. Institutuetan nola aplikatzen den ez dakit; ez dakit tokian tokiko zuzendaritzaren berezko hizkuntza hautuak, ikaslearenak, haren gurasoenak edo zerk baldintzatzen duen testu baten edo bestearen alde egitea. Dona-dona-katona… egitea ere balukete, ze, parte batean kontrajarriak izan arren, testu biak baitaude indarrean, biek dute lege balio bera, Jon Agirrek aspaldiko artikulu batean [4] adierazi zuen moduan:

Beraz, Konstituzio Auzitegiak dioenez, hizkuntza bat berez ezin da nagusitu, ezin du lehentasunik izan interpretazioetarako, orijinala izan nahiz itzulpena izan. (…) Jatorrizkoak balio duen beste balio du itzulpenak, administrazio-egintza gauzatu duen organo berak egiten badu.

Orduan, zer? Badu ala ez du titulua eskuratzeko eskubidea DBH amaituta bi ikasgai gainditu gabe dituen ikasleak, irakasleek ezetz pentsatu arren? Ikasle euskaldunak bai, eta erdaldunak ez?

Ea zalantzak argitzen ditudan etxean hori gertatu ahal izateko tenorea baino lehen!


[1]  Tascabili Bompiani, 2003.
[2]  Elkar, 2012.
[3] Eider Rodriguez in: Pizti jendea: katuak, itzultzaileak eta idazleak, Itziar Otegi.
[4]
  “Euskarazko itzulpen juridiko-administratiboen balio ofiziala”, Senez 19, 1997.

Beriain (II): «Latinik aditzen eztuena eztidila deskontsola»

 Iñigo Roque Eguzkitza

Gaur ere, Beriaini helduko diogu. On izango da, hala ere, aurrenik gogora ekartzea Lutherrek urte batzuk lehenago Bibliaren itzulpenari buruzko gutun famatu hartan esandakoetako batzuk (Sendbrief vom Dolmetchen, 1530), ohartzeko nolako aldea zegoen Erromaren eta Erreformaren artean itzulpengintzaren arloan.

Nik interpretatu egin ditzaket salmoak eta profetak; haiek [papistek] ez. Nik itzuli egin ditzaket; haiek ez. […] Neke handiak izan ditugu itzulpena gozatzen aleman garbi eta argi bat lortzeko.

Zer aleman klase da hori? Zer alemanek esango luke hori horrela? […]

Itzultzaile jardun nahi duenak elemenia bat hitz eduki behar ditu, esku-eskura izateko beste hitz batek kirrinka egiten duenean. […] Hala ere, nahiago dut alemanari irain egin esanahitik aldendu baino.

Argi dago Lutherrek ontzat ematen duela testuen interpretazioa (horixe da, hain zuzen, katolikoek errefusatzen zutena), eta hizkuntza aberatsa eskatzen diola itzultzaileari, baina, era berean, badaki esanahiari eutsi behar zaiola, ahal dela alemanaren moldeei uko egin gabe. Beriainek, berriz, ez zituen kontuan izaten ez aukerako interpretazioak, ez tokiko hizkuntzaren naturaleza. Gaur ere, esaldi batek zer esan nahi duen galdetuta, nori ez diote behin edo behin erantzun «Jartzen duena»?

Eliza Katolikoaren liturgia osoa latinez egiten zela-eta, Joan Beriainek Tratatzen da nola entzun bear den meza (1621) liburua ondu zuen. Liburuxka elebidun hartan, idazleak gomendioak ematen dizkie eliztarrei, latinez dakitenak eta ez dakitenak bereiz harturik.

Batetik, ez luke traba izan behar latinez ez jakiteak.

Meza entzuten duenak bear du otoitz egin, eta eskatu Jaungoikoari sazerdoteareki batean hark eskazen diona, eta adizen eztuenak zer eskazen duen Latinik, ez jakin faltas eztidila deskontsola, oroi bedi dagola Jaungoikoaren aurrean, eta humildadereki, eta debozioreki erran brazo, Jauna Meza erraten duenak eskazen dizuna Elizako ministrok bezala nik neure partetik areki batean otoitz egiten drauzut eman drazaguzun Jesu Kristo gure Jaunaren medios […]

Bestetik, ordea, komeni da zenbait otoitzetan herriko hizkuntza erabiltzea, fededunak behar bezala uler ditzan, bestela debozioa galtzen aterako litzateke eta.

Orazio onetan eskazen diraden zazpi gauzetan, sartzen dirade gauza bear ditugun guziak ala arimaren, nola gorpuzarendako. Baia obekiago erdesteko konbeni da orazioau, errandedin adizen duen lenguajean, bertzela eztu jakinen zer eskazen duen: nola Latinik eztakienak erran bales, Pater noster qui es in cœlis: Eta nola ezpaitu adizen zer erraten duen, ezta egonen anbat debozioreki nola egonen bailizate adizen balu, argatik konbeni da orazioau, eta bertzeak erran ditezen adizen duen lengoajean.

Halakoak utzi zituen idatzirik Utergako erretoreak. Gure literaturaren historietan leku apala duen arren (Villasantek dio ez dela «lehen mailakoa», eta Mitxelenak ia aipatu baino ez du egiten bere literaturaren historian), zenbait pasarte interesgarri utzi zizkigun euskal itzulpengintzaren historiarako.

Antropologoen begiradak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Blog honetan gai, kezka, proposamen, iritzi-truke eta galdera asko agertu dira dagoeneko. Hamaika ikuspuntu baliatu ditugu hizkuntzari eta hizkuntz erabilerei begiratzeko, interesgarriak ez ezik elkarren osagarri eta aberasgarriak guztiak. Eta, horixe da, jada esan den bezala, blog honen dohain handienetako bat.

Horregatik, gaur, gure kezka eta arduretako zenbaiti beste talaia batetik so egiten dieten adituen lanak aldarrikatu nahiko nituzke: gizarte eta kultur antropologoen lanak eta begiradak. Sinetsita nago hagitz komenigarria izanen litzatekeela antropologoen eta euskalgintzako eragileen arteko solasa eta elkarlana indartzea.

Antropologia eta euskalgintza elkarri begirago jarri behar ditugula uste dut, baiki. Euskal antropologoek, besteak beste, hizkuntza-komunitate sendo bat osatu nahian gabiltzan euskaldunoi komeni zaizkigun estrategiak, ibilbide, tresna eta politikak diseinatzen laguntzen ahal digute: batetik, etnografien eta azterketa kualitatibo txikien bidez, egungo errealitateak beste modu batez argitzen lagun diezagukete, eskuartean darabiltzagun auzi eta korapilo batzuen ertz ikusezinak ikusarazten; eta, bestetik, beste zientzia arlo batzuetarako garatutako hausnarketa eta kontzeptu teoriko baliagarriak ekar ditzakete euskalgintzaren intereseko aztergaietara.

Har dezagun blogean agertu den kezka bat: hiztun batzuen euskalkikeria eta zenbait testuingurutan ahoskatu bezala idazteko zabaltzen ari omen den ohitura. Paskual Rekaldek, gaia plazaratu dutenetako batek, hauxe galdetzen dio bere buruari (eta gainerakoei): “Ez dakit zer erdiesten dugun edo zertan aberasten dugun hizkuntza “itenalkoizu” (egiten ahalko duzu), “fan biu” (joan behar dugu) edo “eingo al deu” (egingo al degu) modukoak idatziz”. Ikerketa etnografikoaren baliabideak, nire ustez, oso emankorrak izan daitezke halako galdera motak erantzuten saiatzeko. Etnografiak teknika eta kontzeptu bereziak baliatzen ditu ikertzeko eta informazioa bildu eta tratatzeko (parte-hartuzko behaketa, objektibotasunaren ordez intersubjektibotasuna bilatzea, jarrera dialogikoa…), helburua beti izanik azterturiko subjektuen jokamoldeak (gure kasu horretan hizkuntz jokamoldeak) gidatzen dituzten arrazoibideak ulertzen saiatzea.

Ikerketa antropologikoaren eta hizkuntza antropologiaren corpus teorikoak, metodoak eta teknikak erabil genitzake, orobat, aztertzeko euskal kulturgintzaren ikusezintasunaren nondik-norakoak; ikusteko noraino duen arrazoi Koldo J. Garaik dioenean gure burmuinen konfigurazio kognitiboa aldatu eta espainolez formateatu zaigula; argitzeko benetan egia ote den hiztun guztioi beti “zapatilak, mikroondasa edo labadora” erabiltzea naturalki erosoagoak zaizkigula “txapinak, mikrouhina edo garbigailua” esatea baino (edo, batzuetan behintzat, tartean ez ote dagoen ere pedante izateko edo pedantetzat hartua izateko beldurra, edo gainerakoek erabiltzen duten hitza erabiltzera hertsatua sentitzea, edo euskaldun zahaaaaaaaaarren mintzamoldea antzeratzeko gogoa, edo barregarri agertu nahi ez izatea, edo solaskideak ulertuko ote duen zalantza, edo, edo… edo ez ote dagoen, zenbaitetan, denetarik pixka bat); eta, orobat, ikertzeko, besteak beste, zergatik, inguru soziolinguistiko berdintsuetako ikastola edo D eredu batzuetako gaztetxoen hizkuntz gaitasunak, oro har, hobeak izan ohi diren beste ikastola edo D ereduetako ikasleenak baino…

Tokian tokiko landa-lan ugari egin daitezke gure errealitate soziolinguistiko eta hizkuntz jardun anitzen argigarri. Antropologo batzuk horretan hasiak dira: Jone Miren Hernandez ikerlariak, esate baterako, hizkuntzak etnografia ere behar duela esan zigun aspaldi, eta bere ikerlanen bitartez alor horretan egin daitekeen bidea erakusten ari zaigu.

Baina Euskalgintzaren eta Antropologiaren arteko elkarlana indartuko bada, ezinbestekoa da halaber itzultzaile, zuzentzaile, lexikografo eta terminologoen ekarria, antropologo euskaldunek aukera izan beharko luketelako beren prestakuntzan baliatzen dituzten ikasliburu zein irakurgaiak euskaraz ere irakurtzeko, hartara beren jardun akademikoan, ikerlanetan eta etnografietan behar dituzten hizkera eta termino zientifikoak euskaraz ere egoki erabili ahal izateko (zeren, gaur egun, adibidez, Euskaltermek ez bailieke argituko, nola esan euskaraz etnografia lanetan hain gakoa den estrangement).

Bestetik ere, bada arrazoi handi bat antropologoen begiradak emankorrak izan daitezkeela pentsatzeko: antropologia, gaur egun, euskalgintzaren periferian dago eta, Mª Luz Esteban EHUko Antropologiako irakasleak dioen moduan, kokaleku periferiko horretatik antropologoak ausartagoak izan daitezke (eta are baten batek eskatu duen haize freskoaren ekarle, esanen nuke nik). Horren erakusle izan daiteke Mª Luz Estebanek berak Feminismotik Euskalgintzarako interesgarriak izan daitezkeen hainbat gako proposatuz eman dituen zenbait hitzaldi. Haren ustez, jabekuntza kontzeptua, besteak beste, arras baliagarria izan daiteke euskararen arloko prestakuntza eta hausnarketarako. Eta, bestalde, gure gorputz eta emozioei arreta handiagoz begiratzeko ere proposatzen digu. Ausarta bera, ausartuko al gara gu?

Mintzagai hanpatuaz

Irantzu Epelde Zendoia

Euskara lantzean galdegaiari arreta handia eskaini izan diogula dio Pello Esnalek 2009ko lan batean; mintzagai hanpatua, berriz, baztertuta-bezala daukagula joan den aspaldian (2009: 125) [1]. Pako Aristiren poema batetik [2] hartutako adibidea dakar monografikoan, delako mintzagai hanpatuak ondotik koma nola eskatzen duen erakusteko:

Taberna bat ireki zuen, kanpoan bere izen eta guzti:

“Beckett”.

Samuel,

urte hartan bertan

jaioko zuen semearentzat

utzi zuen.

Mintzagai hanpatuarekin lotutako gaiak Euskaltzaindiko Gramatika batzordeak tratatu izan ditu, eta gehiago jakin nahi duenak EGLUn aurkituko ditu xehetasunak (Euskaltzaindia 1987: 28-29) [3]. Gaurko sarrera honetara ekarri nahi nuen gogoeta Samuel-en inguruan itzulika sortu zen hain zuzen, baina puntuazioaz besteko alderdi batetik: egungo testuetan nola azalduko ote litzateke mintzagai hanpatu hori? Koma hutsa eskuinean duela? Pausaldi prosodikoari eta doinuari lotuta dago kontua erabat, eta badut uste idatzian motz-edo gelditzen ari zaigula mintzagai hanpatuari lagun egiten dion koma txikia. Ziur asko, honela agertuko litzateke orain: Samueli dagokionez, … Bestelako indar bat emango balio bezala hor, delako -i egon-ek.

Gainera, bestalde, badut irudipena zernahitarako hitz edo egitura bihurtua dugula -i dagokionez, edo itzulpen batzuetan behintzat ez da zaila perpaus astun antzekoekin topo egitea, jatorrizko testuekin leial jokatu beharraren beharraz. Ondorengo bi adibide hauetako lehenbizikoan, gaztelaniazko en relación a itzultzeko erabili da; bigarrenean, para preposizioaren ordainetan:

1. Arabako Foru Aldundiak berdintasunaren inguruko txosten bat egin zuen 2009an, eta sarean dago eskura, Aldundiaren webgunean. Hauxe du izenburua, gaztelaniaz eta euskaraz:

Informe-diagnóstico de la realidad alavesa en relación a la igualdad

Berdintasunari dagokionez Arabako errealitatearen txosten-diagnostikoa

2. Baten batek ez badu aditu zein diren Osasun Sailak Osakidetzako langileei tabakismoaren kontra proposatutako Hamalau Aginduak, ikus dezala Osakidetzaren ataritik hartutako idatzi hau. Izenburu hauekin topo egingo du delako gomendio sortan, oraingoan ere gaztelaniaz eta euskaraz:

Código para el control de tabaco de las Organizaciones Profesionales Sanitarias

Tabakoaren kontrolari dagokionez osasun arloko erakunde profesionalen praktika-kodea

Ohartzen naiz hizkera mota bati dagokion esapidea dela hau, ezin erabilgarriagoa eta berriz ere hizkuntzaren goi maila eratzeko ahaleginean dabilen profesionalari erabat erakargarri egiten zaiona, baina neure buruari galdetzen diot ezinbestean eta beti behar ote dugun, eta mintzagai hanpatu soilak ez ote duen, tarteka bada ere, toki pixka bat gehixeago merezi.


[1] Esnal, Pello. 2009. “Testu-arkitektura eta gramatika, ekintza komunikatiboaren baitan”. Hizpide 71: 3-160.
[2] Aristi, Pako. 1998. Oherako hitzak. Donostia: Erein.
[3] Euskaltzaindia: Gramatika batzordea. 1987. Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-1 (Eranskina). Bilbo: Euskaltzaindia.