Kalko fraseologikoak eta ideologikoak

Juan Garzia Garmendia

Biziki interesgarria iruditu zait Nork-etik nondik-era? Egilerik ez? sarrera. Horrexegatik, interesgarria delako, tira egin nahi dut hari horretatik. Bat etorrita han esaten denarekin, espero dut haren osagarri izatea nirea. Lehenik eta behin, zenbait galdera ez guztiz erretoriko:

  1. Zergatik halako joera, hain antzinadanik (Leizarragatik gutxienez) egiletasuna ergatiboaz besteko markaz adierazteko? Ordutik ote genbiltzan egiletasuna ezkutatu nahian?
  2. Nondik halako ugaritasuna (hots, zalantza) ergatiboaren alternatiba morfologikoa aukeratzean: -z, -gatik, -tik, -en aldetik…
  3. Nola liteke inork gehixeago sakondu ez izana, nik dakidala, erabilera horren testuinguru gramatikal eta semantikoetan, pasiboaren aipamentxo bat baino ez baitut aurkitzen azalpenetan? Bateragarria ote da egitura pasiboetan egilea markatzeko erabiltzea sasiergatibo-edo hori, eta, era berean, egilea ezkutatzeko?

Luza gintezke galdezka, baina ekin diezaiogun erantzuteko saioari, azkeneko horretatik hasita:

Egitura pasiboa zer den, aski garbi dagoke: egitura aktiboan semantikoki pazientea —gramatikalki, objektua— denak subjektuaren lekua hartzea. Hala izanik, besterik gabe, ezabatuta-edo geratuko litzateke subjektua (egilea), pazienteak kenduta hari lekua. Hala gertatzen da pasibo absolutua deritzonaren kasuan: ez da egilerik aipatzen. Adibidez: Lapurrak atxilotuak izan dira.

Joskera pasibo horrek, gustuak gustu, badu bere tradiziotxoa gure artean ere, eta ez da hor zer esan handirik. Hartara jo nahi ez duenak, jakina, aukeran du bestelako molde bat baino gehiago; besteak beste, egilerik eza adierazteko beste egitura inpertsonal direlakoak (alegia, subjektu guztiz generiko, zehaztu gabe bat baliatzen dutenak): Lapurrak atxilotu (egin) dituzte.

Hala ere, izaten da, egitura pasiboak arruntak diren hizkuntzetan, bere leku hura galdutako egile hori atzeko atetik sartzeko modua. Gaztelaniaz, gure garaian, ablativo agente esaten zitzaion horri, hala adieraziz normalean zirkunstantzia bat adierazteko erabiltzen zen forma batek egiletasuna adierazten zuela egitura pasiboarekin zihoanean: Los ladrones han sido detenidos [POR la policía].

Garbi dago pasibo ablativo agentedun hori egitura bereziagoa dela pasibo absolutua baino, aktiboan bezala ageri baita esaldian egilea, POR preposizio hori gorabehera (La policía ha detenido a los ladrones / Los ladrones han sido detenidos POR la policía).

Pasibozko aldaeran —Los ladrones han sido detenidos por la policía— desberdin dena aktante­ak agertzeko ordena da —La policía ha detenido a los ladrones—, eta, horrekin batera, informazioaren antolaera (abiapuntuko hizpidea zein den). Euskaraz, jakina, ez da pasiboaren beharrik horretarako (aukeretariko bi baino ez ditut emango, amaieran utziz aditza):

Poliziak lapurrak atxilotu (egin) ditu.
Lapurrak poliziak atxilotu (egin) ditu.

Horrenbestez, bi ondorio atera ditzakegu:

a)      Euskaraz ez da, berez, egitura pasibo ablativo agentedun horren beharrik, erdaraz ablativo agente horrek betetzen duen funtzioa ederki betetzen baitu ergatiboak, hitz-ordenaren malgutasunarekin konbinaturik. Alegia, hura gabe legokeen arazo edo hutsune bat konpontzera dator egitura berezi hori ERDARAZ (eta guk EZ dugu arazo zein hutsune hori).

b)      Hala ere, mimetismoz, interferentziaz, kalkoz, nahi izan dugu egitura hori ere geuretu, eta temati saiatuko gara horretan.

Arian-arian, etorriak gara lehen eta bigarren galderen erantzun-hipotesi aski sendo batera: kalkoa, diogunez, alferrikakoa zen, baina, gainera, ablativo agentea kalkatzerakoan, ez gara bat etorri, guztiok eta beti, POR preposizioa hartara egokitzeko oinarrizko balio semantikoa zehaztean, eta, hala, erdaraz dituen balio (ia) guztien arabera itzul-ordaindu izan dugu: instrumentala, kausala, ablatiboa… (mendiengatik inguratua ere entzun nuen behiala telebistan… edo mendiengandik inguratua zen?).

Hala, gure eztabaida tipiko horietariko bat irudikatzen dut hor, non bakoitzak sutsuki aldezten baitu atzizki bat besteen aurka… inolaz ere beharrezko ez dugun kalko ezin traketsago baterako. Horretarako proposamen —esperimentu, harrikada?— inplizituak, Leizarragarengandik hasita, bazterturik geratu dira, hautespen naturalez, euskarari onura garbirik ez zekarkiotelako noski. (Hala ere, bazuten oraingo askoren aldean, abantaila jator bat: praktikan erabiliak ziren testuetan, irakurgai bizi, eta ez teoria mortu).

Artikuluaren erantzunetan, erabilera (erretoriko) jakin berezi batean zentratu da eztabaida. Erabilera horretan, esaldiaren gune nagusitik ateratzen da NONDIK sintagma (egitura pasiboan ez bezala), eta, hala, inpertsonalarekin konbina daiteke (erdaraz, se partikulaz eraturiko pasiva refleja delakoarekin): #Aldunditik, neurriak hartu dira…

Edo, erakunde formala jada aparte aipaturik geratu denez, gu subjektu lauso-hurbil bat egokitu dakioke perpausari, itxura batean abilki ezkonduz, erretorika pertsuasiboagozko esamolde berrian, erakundetasuna eta jendetasuna: #Aldunditik, neurriak hartu ditugu…

Euskaraz eman ditut esaldiok, baina, nire ustez, ez da nahikoa erretorikaren zimikoa halako kalkoa euskara egokitzat hartzeko; ezta kasu berezi mugatu horretan ere (benetako NONDIK esanahiaz, jakina, zuzenak dira). Alegia, zozo-zozo kalkatzen ditugula halako guztiak, eta, gero, kalko oro arrazoi noblez zuritzen saiatzen garela; askotan, gainera, energia-inbestimendu handiagoa egiten du zenbaitek zuriketa horretan, adierazpideen txukuntasuna aurretik apur bat zaintzeko behar litzatekeena baino. Ez al genuke hobe ernexeago ibiltzea hasieratik?

Honainokoan, pentsa liteke erretoriko hutsa zela aipaturiko artikuluarekiko nire adostasuna, baina ez da hala. Hori zehaztu eta argitzeko, orain arte agertu ez den kontu bat ekarri behar dut hona: nominalizazioena.

Aski luzatu naizenez, zuzenean ekingo diot adibideka:

Aldundiak hori proposatu du.
Hori proposatua izan da *norbait-X.
Hori proposatu du Aldundiak.

Aldundiak egindako proposamen bat jaso dugu.
Aldundiaren proposamen bat jaso dugu.
Proposamen bat jaso dugu #Aldundi(aren alde)tik
Proposamen bat jaso dugu, Aldundiak egina.
Proposamen bat jaso dugu, Aldundiarena.

Izan ere, egitura pasiboa islatzen dute nominalizazio askok edo gehienek (proposamen batean, esate baterako, proposatua fokalizatzen da askotan, proposatzailea aipatu gabe), eta nominalizazioak neurrigabe ugaltzetik datorkigu, noski, egiletasun kamuflatuzko halako uholde gaitza, lehen baino askoz ugariagoa.

Gakoa, bada, fraseologiaren kalko zozoan dagoke (eta zozo da hor, jakina, nabarmentzeko hitza, ezinbesteko baitugu fraseologiaren kalkoa). Jakina, fraseologia bereziena ere orpoz orpo kalkatu beharrez, gupida gabe bortxatzen eta desitxuratzen dugu hizkuntza, maila guztietan.

Hain zuzen ere, (la construcción) POR la Diputación eta gisakoen polisemia saihesteko garatu da, fraseologia modernoan, nominalizazioetarako ablativo agente espezializatu bat (ez guztiz espezializatua, zabaldua baita bestelako testuinguruetara ere): (la construcción) POR PARTE DE la Diputación. Hala, euskaraz ere, hor dabiltza biak: (proposamen bat jaso dugu) AldundiTIK zein AldundiaREN ALDETIK. [1]

Alegia, nominalizazio-estiloa erabat kalkatzen dugu, itsuki, mekanikoki, erdaratik [2]; gero, Troiako Zaldi fraseologiko hori jada gureturik, hari dagokion morfosintaxi-horniaren bila hasten gara, okerreko kalkabidean irmo, berrikuntza dotoretzat joz alferrikako edozein trakeskeria, esateko moduak guztiz bihurritzeraino.

A, eta garbi esan dezadan, badaezpada, zertan natorren bat: kalkatzen tematzen garen ergatibo-ordezkook disimulatu egin nahi dute, bai, egiletasuna, eta, bai, gaurko gizarte-martxaren ezaugarri ideologikoa da egiletasunik ez tekno-aseptiko hori: inork egin gabetzat aurkezten dira egintzak (negatiboak behintzat), eta, hartara, inork ez du erantzukizunik.

Egiletasuna erabat desagerrarazteko bidea, ordea, nominalizazioek ematen dute, eta horregatik ari zaigu guztiz nagusitzen nominalizazio-estiloa erregistro gehienetan, eta batzuetan bereziki: Por parte de la administración, desde esta institución, se instará a la necesaria remodelación de la insostenible política de ayudas…

Horregatik ere, esan nahi dut, alde guztietatik baikara kalkatzaile gero eta zozoagoak: lexikoa, morfosintaxia, semantika, fraseologia, erretorika… eta ideologia.


[1] Ez da nahastekoa erabilera hori, noski, beste esapide ongi errotu hauekin: Ez genuen halakorik espero Aldundiaren aldetik; Aldundiko arduraduna naizen aldetik, badut esatekorik.

[2] Tristea da hori ere zehaztu beharra gure artean, baina, badaezpada: arazoa ez dira, izatez, nominalizazioak berak, haien abusua baizik; alegia, gainerako fraseologian bezala, erdaraz nominalizazioz adierazten den edozer berdin eman nahi izatea euskaraz. Ai san Jeronimo, zer kasu gutxi egiten dizugun!

Literatur itzultzaile baten egunkaria II

Itziar Otegi Aranburu

Epemuga–2X

Badaukat itzulpenaren lehen bertsio bat. Osoa, baina gordina, trauskila. Hurbilketa primario bat. Nire begi eta garun jipoituetatik dagoeneko igaro dira jatorrizkoaren 382 orrialdeak eta 206.446 hitzak, gehi hitz horien euskal ordain izangaiak. Lan eskerga, baiki, baina eskergagoa oraindik egiteke daukadana: beste bi itzuli, bata jatorrizkoa eta itzulpena parez pare jarrita —jatorrizkoaren esanahi, ñabardura eta efektu estilistiko guztiak zehatz eta egoki bildu ote ditudan egiaztatzeko—, eta beste bat (are, beste batzuk), jatorrizkoa paretik kenduta, «ahaztuta». Gero etorriko da, gainera, zuzentzailearen «epaia», eta harekiko negoziazio zorrotz xehea. Begien bistan, beti, zorioneko esaldi hori: Ahal bezain hurbil, behar bezain urrun. Ados. Baina inork ba al daki non dagoen hurbilaren eta urrunaren arteko muga? Ezetz esango nuke nik. Negoziazio subjektibo batera mugatzen dela auzia. Tout processus de traduction se déroule sur des sables mouvants, esan zuen André Gabastouk Paueko mintegian. Egia berdaderoa. Nik, neure «metodoan», ahalik eta gehien hurbilduz itzuli ohi nuen lehen buelta, eta, gero, hurrengoetan, beharrezkoa irizten nion guztietan, urrundu. «Gaizki», esan zidan behin itzulpengintzaren guru batek, «ez baduzu hasiera-hasieratik zeure egiten testua, gero ez duzu lortuko». Umeak txikiak baino osatuak jaiotzen direla esan zuen Henrike Olasolok Pauen, eta itzulpenek ere, halaxe jaio behar luketela. Metafora egokia, zinez, itzulpen gehienak baitira erditze luuuuuuuuuze eta zail baten pareko. Eta, sarritan, borroka psikologiko latz bat, nekearen eta etsipenaren aurkakoa. Lestrygonak, zyklopeak, Poseidon hiratua…

Epemuga-X: Achtung!!!

Hasi da atzerako kontaketa: hurbil dago amesgaiztoko epemuga. Ihes betea zilegi balitz… Baina ez, ez dago ihesbiderik. Segi, murgildu sakon lanean, ez egin kasu beste ezeri. Itzulpena eta hi, ez zagon besterik. Haatik…

…
geldi zaitez merkatu feniziarretan,
eta merkantzia ederretarik egizu pilakera,
perlak eta koralak, anbare eta ebanoak,
eta lurrin laketgarri era guztietakoak,
ahal duzun gehiena lurrin laketgarrietarik…

Nola harrapatzen hauten pantailaren goialdeko lauki berdexkak begien parean jarritako esaldi batzuek. Zenbaitetan, esaldi horiei darien ironia fina edo umore gaiztoa dela eta:

Soudain, au moment où il s’y attend le moins, (c’est toujours à ce moment précis que les malheurs arrivent),…

 

The doctors think it’s some trauma he suffered when he was in the army that resurfaced all of a sudden in his brain, like a piece of shit you suddenly see floating in the toilet long after you’ve flushed.

Beste batzuetan, min emateraino ederrak direlako:

MR. HEAD awakened to discover that the room was full of moonlight. He sat up and stared at the floor boards —the color of silver— and then at the ticking on his pillow, which might have been brocade, and after a second, he saw half of the moon five feet away in his shaving mirror, paused as if it were waiting for his permission to enter.

 

What but fear winged the birds, and hunger
Jewelled with such eyes the great goshawk’s head?

Edo irudi ezin lortuagoak dauzkatelako:

Aussitôt les yeux du Directeur se troublent comme si deux moucherons s’y étaient précipités soudain.

Edo izugarrizko pisu dramatikoa:

“Woman! Do you ever look inside? Do you ever look inside and see what you are not? God!” (…), “Malebranche was right: we are not our own light. We are not our own light!”

Edo etsipenez zipriztindutako samurtasuna:

Just to be sure, every time I start a shift I do a little something – put my name-tag on upside down, tie my apron the wrong way, anything, so if she ever does come in, she won’t be sad.

Garunean irarrita dauzkan esaldiok, hire stream of consciousness eleanitza osatzeraino, eta, unibertsal linguistikoak balira bezala, idatziko bahu, esaldi horien tankerakoak aterako litzaizkidaken, esaldi horien euskarazko islak, itzalak, aldaerak.

Baina segi, ez hadi galdu ameskeriatan. Itzulpena eta hi…

Bat-batean, zerbaitek tira egiten dinala nabaritu dun, murgilduta hagoen leku ilun honetatik erauzten, airerantz, arnasa kontra-erara hartzera behartzen. Hire baitatik kanpo, nekez egokitu ditun begiak argitasunera, eta, atzera errealitatera zerk ekarri hauen ikusteko begiratu dunanean, gizon bat eta bi ume ikusi ditun atean. Lehen istantean ez ditun ezagutu. Gero konturatu haiz: hire familia dun. Gizonezkoak, kezka begietan, zerbait galdetu din, ezer jan al dunan edo. Hire gorputzak beharrak dituela iradokitzen duen zerbait; alegia, ez dela garunari eusteko aulki-formako zutoin hutsa. Kostata altxatu haiz aulkitik, eta obeditu nahi ez dinan hire gorputz sorgortuaren kontra estutu dun alaba. Haren gorputz txikiaren berotasunak hire onera ekarri hau.

Ohetik altxatu zenean, Yvesek negu gorritik esnatutako hartza zirudien, motrizitatea baldartuta.

Epemuga + 2X

Amaitu dun itzulpena. Duela bost minutu sakatu dun Bidali dioen botoitxoa, eta hortxe joan dun mezua, behin betiko itzulpenarekin. Kito. Ezin deskribatuzko euforia sentitzen dun, eta sekulako arindua. Gaur, kalera irten aurretik, harriz edo txanponez bete beharko ditun poltsikoak, ez hazan haizeak eraman.

Atzera bizitza arruntean, egun arrunt batean

Ithakak bidaia eder bat eman zizun.
Bera gabe ez zinatekeen abiatu.
Baina ez dauka deus besterik zuri emateko

Itzulpena amaitu osteko talaia honetatik, zer irabazi dunan esan beharko bahu, esku artean perla, koral, anbare, ebano eta lurrin erabiltzearen plazeraz gain, idazle baten subjektibotasunaren barrurako begiratua esango huke lehenik. Bizitzaren eta paper zirrimarratuaren arteko bidegurutzean dagoen literatur persona horrek jakin-min bizia eragiten din. Flanneryrekin gertatu bezala. Aurrena haren ipuinak irakurri hituen; gero, hark idatzitako eskutitz (batzuen) bilduma (The Habit of Being). Zenbat xehetasun hunkigarri eskutitz horietan, ipuinetan ere ageri direnak, gutxi-asko eraldatuta. Amaren etxaldera lanera etorri ziren poloniar etorkinentzako pentsu-zaku loratuekin gortinak egin zituztela irakurri hion eskutitz batean. Aurrez, hori bera irakurri huen Pertsona deserritua ipuinean ere. Zer gehiago ote da, ipuin horretan, bizitzatik paperera eramana, eta subjektibotasunaren barna zer-nolako igarobidea egin ondoren? Itzulpenak aurrera egin ahala, testua ez ezik, idazlea ere «bere» egiten du itzultzaileak.

Horrez gain, beste leku, denbora, errealitate batzuei buruzko ezagutza-printza bat eskuratzen du, lehen susmatu ere egiten ez zituenak. Bera bezalakoa ez den «beste» arrotz horrenganako hurbilketa bat. Batzuetan, gainera, hezur-haragizko «beste» batzuk ezagutzeko eta haiekin hartu-eman bat izateko aukera ere ematen dio.

Funtsean, mundu ezezagun batera sartzeko giltza, eta koartada.

Hurrengo Ithakaren menturan.

Eleberri bat euskaraz sortua ala itzulia den jakiteko hirugarren aztarna

Angel Erro

Aurrekoan, euskaraz sortutako eleberri baten edo euskarara itzulitako baten aurrean gauden jakiteko bi aztarnaz aritu nintzen. Beste bat gehituko diot gaur: xenonomaklisefobia, hau da, atzerriko izenak deklinatzeko beldurra. Aztarna hau ez da guztiz fidagarria, xenonomaklisefobia hain indartsua izaten baita euskal hiztunaren baitan, non itzultzaileak ere kutsa baititzake. Hala ere, bereziki euskal idazleei (eta kazetariei) erasaten die, hauek izen arrotzak deklinatzea askeago saihets baitezakete, izen arrotzari epiteto bat gehituz. Ikus dezagun adibide bat, astelehen honetakoa:

Itzulpenei dagokienez, Sylvia Plath idazle amerikarraren Ariel izenburuko liburu poema (sic) Nafarroan euskaratuko da, Iñigo Astiz poeta nafarraren eskutik.

                                                          Diario de Navarra, 2013-01-07.

“Sylvia Plath idazle amerikarra”, “Ariel izenburuko poema liburua” eta “Iñigo Astiz poeta nafarra”. Gehiegizko informazio hori noraino den alferrikakoa eztabaidagarria izan daiteke. Irakurleari galdetuko nioke hori bezalako esaldirik posiblea zaion burura datorkion erdararen batean.

“The New York Times egunkarian” irakurritako pasartez, “Faluja hirian” gertatutako atentatuez eta “Schopenhauer filosofoak” erakatsitako lezioez inguraturik bizitzeak batzuetan zalantza eragiten dit euskaldun jendearen artean inork ez ote dakien The New York Times egunkari bat dela; Faluja, hiri bat, eta Schopenhauer, filosofoa. Informazio gehigarri eta alferrikako hori ez ohi da itzuli. Hortaz, testu bat jatorriz euskaraz edo erdaraz idatzi den jakiteko erabilgarria izan daiteke.

Hala ere, Diario de Navarra egunkariko testuan agertzen den beste kontu bat itzulpen askotan ikus daiteke. “X izenburuko” edo, maizago, “X izeneko” egitura barra-barra erabiltzen da, bai jatorrizko, bai itzulitako testuetan. Batzuetan erabilera bidezko bat dauka (“llamado/a”, “called” edo “nomé(e)” ordezkatzen duenean), eta gehienetan erabilera xenonomaklisefobiko bat (adibidez: “Center for Basque Studies izeneko ikergunean”. Bigarren kasu honetan lagungarri izan dakiguke testu baten jatorrizko hizkuntza bereizteko zeregin honetan.

Euskarazko bikoizketaren historia sentimentala

Asier Larrinaga Larrazabal

Urte batzuk dira euskarazko bikoizketaren historia prestatu nuela, ordura arte inon jaso gabeko datuak eta informazioak protagonisten memoriarekin batera itzal ez zitezen. Oraingo historia hau subjektiboa da zeharo, euskarazko bikoizketak eskaini dizkidan une gozoekin osatua. Iraungitzear susmatzen dudan jarduera baten aldeko deiadarra da, nire lankide Iratxe Goikoetxeak duela hil batzuk zabaldu zuen SOS deia bezalakoa.

Nire lehen gogorapenak Dallas telesailarekin daude lotuta. Ewingdarrek ETB benetako telebista izateko asmoz zetorrela ikusarazi zidaten, eta barre asko eragin, Pamelak «nire anaia» esaten zuen bakoitzean. Dotakon marrazki bizidunak ere asko gustatzen zitzaizkidan. Dena zen zorakeria: Txopinko, gure heroiaren arreba, arrautza-oskoleko burua zeukana; gaiztoei hortzetan jartzen zizkieten tiritak Dotakonen astinaldi baten ostean, eta beste mila gauza. Dotakonen antzera, hasierako garaietakoa da Dragoi bola Z.

Hasiera hartatik hona, hainbat euskaldun-belaunaldik izan dute marrazki bizidun gogoangarriak euskaraz ezagutzeko aukera. Ziur nago Doramon gehienei izan zaiela atsegingarri.

Shin Chan-i buruz nekez esango dugu «atsegingarri», baina ez dago zalantzarik jarraitzaile-andana duela.

Heidi beste hizkuntza batean ezagutu genuen sasoi batekook. Belaunaldi berriek, euskaraz.

Euskaraz, eta luxuzko bikoizketa batean. Ezin dezaket esan barik utzi kareta horretako abestia Miren Aranburuk kantatua dela. Luxua! Tentatuta nago euskarazko bikoizketan entzun daitezkeen beste ahots bikain batzuk aipatzera, Iñaki Beraetxe, Klara Badiola, Xeberri, Nekane Sarobe, Jose Manuel Goikoetxea, Jaione Insausti, Kandiko Uranga, Ana Egileor, Maribel Legarreta, Eduardo Gorriño, Jon Goirizelaia, Iñigo Puignau, Ane Aseginolaza, Joseba Etxebarria, Loinaz Jauregi, Beñat Narbaiza, baina ez diot zerrendari ekingo, denentzako toki falta ez dadin txarto ulertu.

Bikoizleak aipatzea, gainera, ez litzateke bidezkoa izango Begoña Huegun, Kiko Jauregi, Monika Erdozia, Tere Eguskiza eta gainerako bikoizketa-zuzendarientzat. Who doktorea telesail liluragarriaren txatal honetan oso ondo jabe gaitezke zer den zuzendariaren lana. Txatalak lau minutu ditu, baina merezi du.

Txatal horretan, itzultzaile-egokitzailearen lana ez da merezimendu gutxiagokoa. Idoia Gillenea, Maite Eizmendi, Iñaki Zubizarreta, Txaro Idiakez, Jesus Eguskiza “Eguzki”, Leire Lekuona, Bea Zabalondo, Jesus Otzerinjauregi eta gainerako itzultzaile-egokitzaileei esker, zer ondo pasatu dugun! Barre ere egin dugu, Dinamita-rekin, esate baterako.

Bikoizketak mundu osoko berri ere eman digu dokumentalen bitartez. Piztiei buruzkoak ez dira gutxi izan.

Pelikulek bazkalondo eta afalondo gozoak eskaini dizkigute. Batman, zaldun iluna-k, ostera, bihotzerrea emango zion bati baino gehiagori.

Filmak ia hiru ordu irauten du, eta akziotik badu, baina askoz gehiago du erretolikatik eta kalamatrikatik. Filma bikaina izango da —gustuak gustu dira—, baina elkarrizketa kriptikoak bere-bereak ditu, ez euskarazko bikoizketarenak. Beharbada, pelikula hau ez zen euskarara bikoizteko aukerarik egokiena. Imanol Unzurrunzaga gure lankide erretiratuak askotan esaten zuenez, zuhurtasunez hautatu beharko litzateke euskaraz zer film bikoizten diren, ohitura eta zaletasuna sortzeari lehentasuna emanez. Euskarazko bikoizketan, ordea, nik ez dut inolako hizkuntza-politikarik sumatzen, eta Airbag, Año mariano, No controles eta abar, eta abar bikoizteak kontrako efektua eragin du. Dena dela, gai hau hurrengo artikulurako utziko dut, bi edo hiru gauza esan nahi baititut bikoizketa eta azpidazketako politikari buruz.

Natorren berriro, beraz, euskarazko bikoizketak eman digun kalitatezko entretenimendura. Nik esango nuke arlo horretan zientzia-fikzioa dela ikusle euskaldunen artean arrakastarik handiena duen generoa. ETBk eskaintza zabala du; Fringe, mugako zientzia, esate baterako.

Euskaldunok bikoizketan ere agertu dugu gizarte-gaietan abangoardian joan nahi dugula. Hego zoroa (Queer as folk) datorkit burura.

Une honetan, banpiroak eta Banpiroen kronikak direla eta ez direla, mundu osoa dago aztoratuta eta odolgabetu beharrez. Kronika horietako protagonistek euskaraz ere badihardute.

Eta kito! Honaino heldu da historia hau. Hauxe da kontakizunaren azken paragrafoa, baita subjektuaren beraren azkena ere. ETBk ez ei du gehiago bikoiztuko, marrazki bizidunak izan ezik. Ez deritzot nahikoa bikoizketaren industriari eusteko, eta luze gabe hau dena arkeologia izango da.

 

Frantzisko Laphitz irakurtzen

Miel Anjel Elustondo

Egun batez Aingeruen komentutik etxerakoan, Iñazioari eta apez sainduari bi moro, bidera aterarik, makil ukaldika hasi zitzaizkien. Apez saindua hil gogorra erori zen. Iñaziok kolpeak hartu zituen moroer batere jazarri gabe; kontrarat, ezagutza gal artean ez zen baratu hobendunentzat otoitz egitetik. Eiherazain batek hil hurrana altxatu zuen, eta mandoaren gainean doña Iñesen etxerat ekarri. Barreatu zenean gaiztoak zituela kolpeak eta nekez sendatuko zela, osteka abiatu ziren ikusleak. Haren gainean nigar egiten zutener erraiten zioten.

—Zerentzat egiten duzue nigar? Enekin bozkaria zaitezte jasaiteko ditudanez.

Zilizioa kenarazi zion bere kofesorrak. Doña Iñesen semea jabetu zen zilizio hartaz, eta ez zion behin ere itzuli nahi ukan, ziolarik:

—Hau izanen da ene ondokoer utziko diedan oroitzapenik ederrena.

Berrogeita hamahirur egun eman zituen eri, eta sendatzen hastearekin lehengo urrats guziak hartu zituen.

Lehenbiziko agertzea Aingeruen komenturat egin zuen.

—Ez da hori zuhurtzia —erran zion doña Iñesek—, berriz ere makur bidean jartzen zara.

—Ene zoriona —ihardetsi zion Iñaziok—, liteke Jainkoaren loriakotzat hiltzea.

Baina ez zuen gehiago irriskurik. Urrikia sartu zen moroak igorri zituenaren bihotzean. (…)

Bertze behin, Belloko karrikan iragaitean, etxe batetatik nabaritzen ditu garrasia batzuk. Zer ote den sartzen da etxe hartan. Gizon bat dakusa anaiaren kontra auzi bat galdurik, bere burua urkatu duena eta jende multzo bat heiagoraz eta nigarrez haren inguruan. Iñaziok berehala trenkarazten du urka bilurra. Gorputzari maina frango emanarazten dizkio, balinba ez  dela hila. Maina guziak alferretan, hila baita. Indarrik handiena egiteko du oraino Iñaziok. Belauniko jartzen da, urrikalmenduzko Jainkoa otoizten du arima dohakabe hari aski bizi eman diezaion apez bati bere bekatuen erraiteko. Iñaziok otoitza akabatzean hila pizten da, begiak zabaltzen ditu eta apez bat galdatzen du. Kofesatzen da, erdiesten du bekatuen barkamendua eta hiltzen da.

(Bi saindu heskualdunen bizia)

Nork-etik nondik-era? Egilerik ez?

Elixabete Perez Gaztelu

Bi hitz nahi nituzke ekarri agente edo egiletasuna adieraztearen gainean, gaiak eskatzen duen baino askoz arinago eta, nolanahi dela ere, galdera batzuk paratzeko aitzakiatan.

Kalkoen behatokiak erdal egitura pasiboaren ispilu trakestzat ematen du -EN aldetik (“agurra jaso X-ren aldetik”) egilea adierazteko erabiltzea. Euskaltzaindiak ere 2002ko Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna (EGLPB) lanean desegokitzat joa du egiletasuna adierazteko ergatiboaren ordez postposizio batzuk erabiltzea: instrumentala (-Z) dela,

Partizipioa pasiboaren zentzuan erabiltzen delarik, bada joera handi bat aditzaren egilea edo agentea  instrumentalean jartzeko:

(85) Jainkoa deabruaz tentatua izan zen

Hala ere, badirudi hor egokiago litzatekeela ergatiboa (deabruak) jartzea. Zernahi gisaz ez, jakina, deabruagatik edo halako zerbait, horrek perpausaren adiera osoa aldatzen baítu.

(EGLPB: 485)

motibatiboa (-GATIK) dela:

Forma hau erabiltzen dute zenbaitek egiletasuna edo adierazteko, nigatik idatzia da, nigatik egina da eta halakoak esanez edo idatziz.

21. Adberbio sintagma: Adizlagunak

Erabilera hori ez da batere egokia horretarako euskarak bestelako bideak baititu:

(89) etxea nik egina da

(EGLPB: 486)

Eskas bide den ergatiboaren ordez, guk behinik behin apenas topo egiten dugu instrumentalarekin. -EN aldetik postposizio konplexuarekin, eta kausaren, arrazoiaren adierazpidea den motibatiboarekin (‘egiletasuna’ eta ‘kausa’ batzuetan horren urrutikoak ez izaki?), berriz, gehixeagotan.

Eguneroko jardunean, guk behintzat, egiletasuna adierazteko ergatiboaren ordez askotxotan postposizio ablatiboak irakurtzen (eta ikus-entzunezko komunikabideetan entzuten ere) ditugu; sintagma bizidunak (NORENGANDIK), eta sintagma bizigabeak (NONDIK) oinarri dituztela. Arestian ahotan hartu dugun EGLPBk ablatiboaren erabileraren deskripzioa ez du egiletasunarekin uztartzen. Nik, berriz, horrixe heldu nahi diot; ablatiboaren erabilera bati.

Begietan ematen du ablatiboa erabiltzeak egilea, agentea eskatzen duten aditzez eratutako perpausetan. Batez ere giza taldeak (erakunde nahiz bestelako talde antolatu era askotakoak) izaten dira egileak.

Hona, konparazio batera, erakundetik, udaletik, aldunditik, gobernutik eta unibertsitatetik galdetuta eskuratutako adibide batzuk, batez ere euskal egunkari-kazeta batzuetako edizio digitaletatik hartuak.

Pentsa daiteke, beharbada, postposizio ablatiboa isilpeko ‘etorri’ edo antzeko mugimenduzko aditzen baten osagaia dela: “Udako Euskal Unibertsitatetik [datorren] proposamena” edo, Fernandez eta Sarasolaren bidetik, jaso duguna izenburua izanik, izen sintagma beregaina dela. Ez dugu uste, hala ere, azalpen itxurako honek nonahiko balio duenik.

Har ditzagun testuinguru zabalagoa duten adibide gehiago. Bidenabar errepara diezaiogun, beti hala ez bada ere, askotan subjektua singularra izanik (dena delako erakunde edo giza taldea), adizkiko subjektuaren morfema pluralezkoa dela.

Nonbaitetik eskatu dute?

Nonbaitetik aldatu dute epea?

Nonbaitetik ezarri nahi dute bazterketa?

Nonbaitetik egin dute balorazioa? Nonbaitetik azpimarratu dute arazoak gutxitu direla?

Nonbaitetik iragarri dute materialak baliagarriak izan daitezkeela?

Ez dirudi alboratu ditugun galderek zentzurik dutenik hor.

Igandeko egunkaritik hartu dugu sorta honetako azken adibidea. Hor, esate baterako, badirudi irakurleak kazetariari “nondik erran dioten” baino gehiago inferituko duela kazetariari “jatetxekoek adierazpenik ez dutela egingo erran diotela”:

Egiletasuna ez da beti ez modu berean ez subjektuaren bitartez adierazten. Urrutirago gabe, lehen ekarri dugun gramatikan (EGLPB: 192) Euskaltzaindiak esana du instrumentala ere erabil daitekeela egiletasuna adierazteko.

(59) Jainkoa deabruaz tentatua izan zen

 […]

Bigarrenean, deabruaz sintagmak egiletasuna markatzen du, nahiz ez den subjektua.

Baina, kontrara,  ergatiboa beti da subjektua eta egilea adierazten du (aditz iragankor agentedunak dituzten perpausez ari gara):  esan duen, erabaki duen, jakinarazi duen horren erantzulea da nork.

Norketik nondikera? Ergatibotik postposiziorako urratsean ikusten al dute kazetari batzuek informazio-iturriak ez zehazteko bide hala moduzkoa? Erakundeetako taldekideen aukera (erabakia?) da subjektu agerikorik gabe esan beharrekoak esatea? Bizi dugun munduaren seinalearen, erantzukizunik bizkarreratu nahi ez izatearen arrastoa da egilerik berariaz ez aipatzea? Edo… lerro hauen egilearen paranoiatzakoa?

Erretorikak gramatikari ximiko

Beñat Oihartzabal

Gauza ezaguna da desberdintasunezko maila-konparazio perpausak beti norabide positiboan egiten direla euskaraz. Ondoko adibideetakoak, beraz, gaizki eratuak dira, gutiagotasunezkoak baitira:

*Jon  gutiago handi da Gorka baino.
*Aitatxi amatxi baino gutiago zaharra  da.

Ondoko erdaretan, aitzitik, menos/moins konparazio hitzen bidez, arazorik gabe moldatzen baitira horrelako perpausak, euskal itzultzaileek beste bide bat erabili beharra dute gutiagotasuna adierazten duten maila konparazioak euskarara itzultzean. Biderik ohikoena da orduan, berdintasunezko konparazio perpausak ezezkoan erabiltzea :[1]

Jon ez da Gorka bezain handia.
Aitatxi ez da amatxi bezain zaharra.

Nik uste, orain arte, hizkuntzaren erabilera arruntean bederen, ongi begiratua izan da euskarazko maila konparazio perpausen berezitasun hori, desberdintasunezko konparazioen morfologia izenondoekin atzizki batean gauzatu beharrak ekarria. Ez da harritzekoa, beraz, Euskarazko Prosa Gaur corpusean maiztasun handiko dozena bat izenondo baliatuz egin dudan bilaketak kontrako adibide bihirik ez baitit eskaini.

Bizkitartean, testuetako lekukotasunei behatuz, iduri luke badela gutiagotasunezko konparazioa izenondoekin ere nolabait zilegiztatzen duen testuinguru bat. Era honetakoa da:

Ez da gutiago IZENONDOA

Hona zenbait adibide molde horretakoak, azken bi mendeetako Iparraldeko testuetarik hartuak:

  • Zure konduita gordea izan arren, ez da gutiago adoragarria (Mihura)
  • Estonagarri bada hainbertze neskatxa gazte ikustea, bere gaztetasunetik hasirik debruari betiko emaiten, ez da gutiago espantagarri  jakitea nola debrua nahi zen guziz jabetu haur gaztez (M. Elizanburu)
  • Nork ez ditu ezagutzen Xuriko, Pilotariak, Betirisants? Kopla hoik oro kasik pollitak dira biziki. Erlisioneari doazkon koplak ez dira gutiago ederrak (Hiriart-Urruty zaharra)
  • Ez da gutiago trebe xinaurri hatzemaiten (Almanaka)
  • Ez da gutiago atsegingarri orain berean Agorrila disketxearen bidez plazaratzen duen “Goazen!” bigarren diska (Herria)

Ikus daitekeenaz erabide horretan konparazio ardatza den izenondoa predikatu osagarria da eta ezezko perpaus batean jarria. Ohargarri da, bestalde, desberdintasunezko konparazioen morfologia erabilirik ere, baino konparazio hitza ez dela agertzen adibideetan, konparazio kanoniko ez direlako seinale, hain segur.

Horrelako perpausen gibelean, erretorika figura ezaguna dugu: negazioaren bidezko litotea, konparazio  jokoa  gaineraturik. Horrela, Hiriart-Urrutyren adibidea hartzen badugu, lehenik gogoratzen du Ademak zenbait kopla ezagun, biziki politak, egin zituela, ondotik erlijio gaiez egin zituenak ere hala zirela azpimarratzeko; hauek ere ederrak zirela, hots, besteak bezain ederrak. Horren egiteko, haatik, ezezkoan emanikako gutiagotasunezko konparazioa baliatzen du, horrela gauzaturik aipatu erretorika figura.

Baliabide diskurtsibo hau euskarara ekartzean ezinbestekoa gertatzen da izenondoekin ere gutiagotasunezko konparazioen morfologia baliatzea, eta, itzulika markatua izanagatik, badirudi azken bi mende hauetako idazleek, Iparraldekoek bederen, arazo handiegirik gabe egin izan dutela, frantsesezko testuetarik ekarririk, seguraz ere.[2] Erran gabe doa, oker geundekeela, hortik ondoriozta bageneza aldatua dutela idazle horiek maila-konparazio perpausen eratzeko gramatika. Nekez, adibidez, hizkuntzaren izkutuko xikana guziekin jostatzen hain trebe zen Hiriart-Urrutyk horrelakorik egin zezakeen maila konparazio kanonikoak josterakoan. Erretorikaren pribilejioen ondorioa da, urrunago joan gabe, delako erabidea.

Azken hitz bat, eredu horri jarraikirik Iparraldeko testuetan, 19. mendean hasirik, biziki hedatu den erranbide baten seinalatzeko. Hartan, izenondoaren orde, egia izena baliatzen da: «ez da gutiago egia … -ela», ondoko adibidean bezala:

  • Ezen politika makurrak ondorio gaixto anitz, ikusten dugun bezala, balin badakarzke, ez da gutiago egia, bertze asko eta asko gaitzen eta gaizkiren ondorio bat dela politika tzarra delakoa ere. (Hiriart-Urruty zaharra)

Kasu honetan ere, lehen aipatu litote mota bera dugu, eta morfologiazko arau-urratze bera ere, predikatu osagarri gisa baliatzen diren izenek desberdintasunezko konparazioetan izenondoek bezalako morfologia hartzen ohi baitute: -ago atzizkia. Gertatu zaio A. Lukuri egiago hartaz baliatzea hemen aipatu litoteaz beste erretorika joko batzuk erabiliz. Balia bekit, bada, haren ateraldi hau, luzeegi joan zaidan ele-mele honen besterik gabe bururatzeko:

Batzutan gezurrak egia baino egiago dira. (Botoiletan)


[1] Antonimoen baliatzea, edo konparazio kideen ifrentzikatzea dira beste itzulbide baliagarriak (perpausen egia balioa aldarazten ez duten neurrian):

Gorka baino ttipiago da Jon. / Jon baino handiago da Gorka.
Aitaxi gazteago da amatxi baino. / Aitatxi baino zaharrago da amatxi.

[2] Hegoaldean, erabidea izenondoa isildua izanik bereziki, aurkitzen da, nik uste. Gaurko testuetan bederen. Hona JM Irigoienen hiru adibide, gisa horretakoak (EPG corpusetik):

Sara urduri zegoen, bai… baina ama ez gutxiago, itxura batean
Ekain berezia zen, Leire ez gutxiago
Maizterrak gogorrak dira, bai, baina ez gutxiago nire emaztea

Hiru adibide horietan, isildua da gutiagoko mailakatzea hartzen duen izenondoa, aurreko perpausean adierazia baita. Iparraldeko adibideetako erretorika figura bera baliatua da, baita morfologiazko tresna berak (gutxiago) ere. Izenondoaren isiltzeak, halere, errazten bide du erabidea.

Datsegit

Leire Mendiburu Garaiar

Abenduaren 26an, blog honetan, Jesus Maria Agirre Berezibarrek Xabier Amuriza aipatu zuen bezala, nik ere halaxe egin nahi nuke egun. Zazpi ebidentzia birjaiotzarako liburuan euskararen inguruko hainbat proposamen egiten ditu Amurizak (Zuzeun egin elkarrizketan ere entzun dugu liburuaren ideia nagusiez). Besteak beste, euskal aditzaz dihardu. Haren hitzetan, «aditz deabruzkoaz, ebidentzia da laburtu egin behar dela lehiakorra izateko, trinkoak erabili», eta, aditz trinkoen kopurua mugatua izaki, «beste hizkuntzetatik analogiaz, zabalduz joan behar da». Egun gazteek sortzen dituzte aditz trinko berriak, mezu laburrak idazteko beharrak eraginda (SMSak, Twitter), eta, honela, «adituek ez direnek erakutsiko diete adituei zein den bidea». Euskararen mundu akademikoaren parean, freskotasunaren alde egiteko tresna baliagarritzat dauka Amurizak aditz trinkoa.

Tonu ludikoagoan, hortxe dugu Twitterreko @trinkotzaindia (Aditz Trinkoaren Erret Akademia, ATEA), aditz trinkoa bultzatu nahian, aukera-emaile, aditzak asmatzeko, proposatzeko eta kontrastatzeko gunea eskaintzen baitu. Adibide politak irakurtzen ahal dira bertan. Gazteen inguruan dabiltzan irakasleak erdigune dituen DBH telebista-saioan ere entzuten ahal ditugu modan-edo jarri diren zenbait aditz trinko.

Azken boladan, han-hemenka agertzen ari den gaia da euskal aditzarena, euskal aditzaren luzetasunarena, hain zuzen; edo aditz laburren beharrarena, bestela esanda. Modu teorikoan batzuek, praktikoan, bestetzuek. Tonu serioan ala arinean. Dena dela, inpresioa dut, gero eta gehiago, aditz trinkoaren aldeko joera dakusagula.

Aditz trinkoak asmatzeak jostatzeko balio duela argi dago, eta testuinguru informalean erabilera zabal liteke, baina sor al liteke paradigma oso bat? Edo sortu behar al da paradigma oso bat? Edo bere bidea egiten utzi behar al zaio, eta beharra delarik, sortu? Zenbateraino eragin lezake egungo gure aditz sisteman? Ba al du funtsik honek?

Nik jokoa ikusten diot gaiari, ariketa polita ere izan liteke. Datsegit.

On naturaltasuna

Iñaki Iñurrieta Labaien

Gombrowiczez eta Paul Austerrez jarduteko asmoa nuen gaurkoan, baina, Juan Garziak EEEAAA elkarteaz eta magiaz idatzitakoak irakurri ondoren, hurrengo baterako utziko ditut.

Garbi asko esaten baita blog honen Asmoan: hau talde-blog bat izango da, lankidetzazkoa, ezaugarri nagusitzat ekarpenak egitea, proposamenei zabalkundea ematea eta elkarrizketa sortzea dituena.

Aurrekoek esandakoaren ildoari jarraitzea elkarrizketan lotzeko modu bat da. Bakarrizketak ere izan dezake, badu bere lekua, jakina, baina nik neuk, aukeran, nahiago tarteka sarrera batzuk besteekin arrazoibideetan lotzen eta katigatzen badira. Endogamia-arriskua? Blog hau definizioz da endogamikoa, barruti jakin mugatu batekook ari gara hemen; baina 31 esku gara, ez hiruzpalau, eta horrek endogamikoegia ez izatea bermatzen du, nik uste. Bestalde, muturrera jotzen hasita, beti bakarlari aritzeak ere badu  autokontenplazio solipsistan erortzeko arriskua, eta hori ez da endogamia baino hobea.

Besteek esandakoari heltzeko joera hori, bestalde, izan daiteke geure kezka eta arrazoibideak besteenekin bat eginda edo katigatuta sumatzen ditugulako; kezkakide, gogaide garelako. Eta besteen arrazoiei erantzun nahian aurkitzen dugulako bestela aurkituko ez genukeen geuretzako arrazoiren bat. Niri, behintzat, gertatu zait.

Eta bide horretan sartuta, ez gaude inor kanpoan uzteko moduan: EEEAAA taldekook beharrezko gara, noski, baina baita EZENekin esperimentuak egin nahi ditugunok zein errezildarren mira iritzita gaudenok ere. Ni neu hiru –ok horietan sartzen bainaiz (eta aurki, baita errezildarren multzoan ere: zain nago Juan Luis Zabalak aipatzen zuen liburu hori noiz agertuko, pixka bat errezildartzen hasteko). Batzuen eta besteen jarrerak kontrajarritzat ikus daitezke, edo elkarren osagarritzat: nondik begiratzen den.

Ni ez ezik, itzultzaile gehienak sartzen gara EEEAAA multzo horretan; gehienok ari gara “lan kolektibo ez-ozen iraunkor errealista egunerokoan”, Juanen hitzez esanda. Ricardo Piglia idazle argentinarrak “estilo ertaina” deituko liokeen horren atzetik gabiltza; naturaltasun egoki baten bila.

Naturaltasunaren bilaketa gisa ere ikus daiteke itzultzaileok joan deneko hogeita hamar urte honetan egindako bidea. Alfabetatu berritan hasi ginen itzultzen, ia hutsetik. Orduan ere bazen tradizioa, hari mehe ezkutu bat, baina ez genuen ezagutzen edo ez zigun balio (hala iruditzen zitzaigun behintzat). Nola izan naturaltasunik? Kontraesanaren muinetik ari ginen, ezetik baia sortuz. Naturaltasunak ohitura, errepikapena, egunerokotasuna esan nahi baitu; eta gure egunerokotasuna perla berrien aurkikuntza sorta bat zen; Aldizkari Ofiziala itzultzea, poesia hutsa egitea.

Nola edo hala, ordea, egin dugu bidea, iritsi gara norabait (Koldo Bigurik atzo hemen esandakoarekin egiten dut orain bat). Itzultzaileok (eta kazetariok, eta irakasleok, eta beste idazlari guztiok) arau inplizituei men egiten, aldian-aldian garaiko komunikazio- eta literatura-estilo nagusiko erregistroak erreproduzitzen saiatuz, estilo ertain, konbentzional bat helburu: gauzak natural esateko moduaren bila, testu gordin, belarria mintzen zutenak nagusi ziren garai haietatik gaur arte.

Oraindik ere egunero egiten dugu talka mugekin, eta ezinbestean sortzen zaigu forma berriak probatu beharra. Estilo ertain, arrunt hori eraikitzearekin batera, itzultzailea hizkuntzaren mugetan dabil betiere, hemen eta Argentinan. Beti ari da, iruditzen zaio, hirugarren hizkuntza batean idazten; hizkuntza asmatu, artifizial batean. Itzulpen txarrek ere balio dute, hori esateraino iristen da Piglia; beren hizkera gordin, aizun, sasiko horretan, efektu estilistikoen artxibo dira (azken hori gehiegizkoa da oraingoz guretzat; EEEAAA elkartea ugaritu eta sendotu artean behintzat).

Nahikoa luzatu naiz, eta buka dezadan. Irakurle, hitzok irakurri ondoren begiak eskuinaldera lerratzen badituzu, hor ikusiko duzu aldamenean goraxeago, “AZKEN ERANTZUNAK” zerrendatxoa, eta bertan, esate baterako, “Santi Leone on Zenbaiten euskalki…”, “Itziar Diez de Ultzu… on EEEAAA elkartea”, “Juan Luis Zabala on…”: ez al zaizu iruditzen “On” hori ikusezin bihurtzeraino naturaldu —alegia, ondu— zaigula hor? Hor bakarrik, oraingoz. Integrazio-hasiera bat izan daiteke. Dagoeneko, harrikada hori ez dateke hain futurista.

Nola esaten da euskaraz…?

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Euskararen corpus lexikoaren normalizazioan aurrerapauso nabarmenak egin ditugu aspaldi honetan, idatzizkotik abiatuz, noski, baina ahozko hizketara ere iritsiz; gaur egun ez da batere harrigarria hainbat euskaldunen ahozko jardun bat-batekoan ere entzutea jasangarri, zehar-lerro, baldintzagabe, irisgarritasun, su-eten, garapen, langabezia… hitzak, duela (harrigarriro) urte gutxi euskaldun (baita) eskolatu askorentzat ere ezezagun peto-petoak zirenak.

Urte gutxian, izan ere, euskararen corpus lexikoak nahiko normalizazio maila aipagarria irabazi du hizkuntzaren esparrurik formalenetan, erregistro landuan; nire gaurko ikasleen adina neukanean, adibidez, garatu aditza ez zegoen hain zabaldua, eta, nire ikasle horien harridurarako, desarroilatu esan-idazten genuen trankil asko. Honen antzeko ehunka adibide bururatuko zaizkie blog honetako irakurleei, norbere esperientziaren eta bizi-ibilbidearen arabera. Urtez urte, itzulpena bitarteko, aise samar joan gara aurkitzen gure hizkuntzaren puzzle lexikoari falta (edo) zitzaikion hainbat pieza, gehienetan lehenagoko erdarakada edo mailegu ezinbestekoen ordez.

Aldiz, erregistro landutik eta esparru formaletatik aldendu eta geure bizitzaren eguneroko eta hurbileneko behar eta ohitura pragmatikoagoetara jaisten bagara, argi dago normalizazio horretarako arazo gehiago topatzen ditugula, gehiago kostatzen zaigula hiztegietan jada jasota dauden baliokideak erabiltzea, ahozkoan bereziki. Esate baterako, gutako zenbatek etxeko ate aurrera iritsi eta esaten die seme-alabei zapata-azpiak lanpasean garbitzeko eta zenbatek felpudoan? Edo, etxera iritsi ondoren, izerditzeko jertsea (sudadera erabili beharrean) kendu eta garbitzeko makinan (ala ikuzgailuan?) sartzeko? Zenbat aldiz esaten dugu, geure etxean gaudenean, mikro-uhin labea, edo txapinak, edo plater–ikuzgailua, tapiza, lanbasa edo tiradera, ahozko euskararen paradisutik urrun egotzita mikroondasa, etxeko zapatilak, labaplatosa, alfonbra, fregona eta kajoi hitz tematiak? Kanpoan uso, etxean otso, lexikoan ere? Badirudi resilientziarik handieneko erdarakada edo maileguak direla gertueneko horiek, eta kontraesan handian erortzen gara idatzizkoan erabili beharrekoak iruditzen zaizkigun hitz horiek etxeko goxoan euskaldun formalaren soinetik kendu eta besteak (erosoagoak?) janzten ditugunean, arazorik batere gabe, itxuraz.

Kontraesan horren akuiluagatik erortzen dira nire itzulpen ikasleak klaseen hasieran egiten diedan galdera-tranpan, galdetzen diedanean «Nola esaten da euskaraz… felpudo?». Gehienek ez dakite erantzuten… esan, felpudo esaten dela, haiek horixe esaten dutela, behintzat. Hori bai, gero, txintxo-txintxo, ikasketak bukatu eta lanari ekitean, hiztegietan bilatu eta euren (eta gure) testuak lanpasez eta tiraderaz betetzen zaizkigu, baina, hala ere, susmoa dut dexente gehiago kostatuko zaigula hiztegietako hitz horiek mihiratzea.