Pedro Lemebelen omenez

Iñigo Satrustegi Andrés

Aste honetan bete dira 9 urte Pedro Lemebel idazle eta aktibista maritxu txiletarra hil zela. Doala hemendik gure omenaldia haren manifestuaren itzulpen saiakerarekin. Nire berezitasunetik mintzo naiz poema (edo) 1986koa da, eta, Pinocheten diktadurapean, ezkerreko zenbait agintarik egin zuten bilera klandestino batean performatu zuen.

Esteka honetan duzue jatorrizko bertsioa.

Ez naiz Pasolini kontu eske
Ez naiz Ginsberg Kubatik kanporatua
Ez naiz poetaz mozorrotutako marituxa
Ez dut mozorroen beharrik
Hauxe da nire aurpegia
Nire berezitasunetik mintzo naiz
Naizen hau defendatzen dut
Eta ez naiz hain berezia
Justiziak niri bost
Eta dantza demokratiko honi susmoa hartu diot
Baina ez etorri niri proletarioen kontuekin
Pobrea eta maritxua izatea okerragoa delako
Garratza izan beharra dago jasan ahal izateko
Izkinako matxitoak pikutara bidaltzea da
Semeari hanka okertu egiten zaiolako
gorroto zaituen aita bat da
Gaixo zaudenean
garbitasunak zaharkitutako
amaren esku lehorrak altzoan
Ohitura txarrak direla eta
Zoritxarra dela eta
Diktaduraren moduan
Diktadura baino okerrago
diktadura amaitu egiten baita
eta demokrazia datorrelako
eta atzetik dator sozialismoa
Eta orduan?
Zer egingo duzue gurekin lagun?
Txirikordak fardoetan lotuko al dizkiguzue
Kubako ihesdun etxe batera bidean?
Inora ere ez doan tren batean sartuko gaituzue
Ibañez generalaren ontzian bezala
igerian ikasi genuen horretan bezala
baina bakar bat ere ez ginen kostara iritsi
eta horregatik itzali zituen Valparaisok bere argi gorriak
Horregatik carambako etxeek
eskaini zieten malko beltz bat
karramarroek jandako ogi pusketei
Giza Eskubideen Batzordeak urte hura
ez du gogoan
horrexegatik lagun honako galdera hau
Existitzen al da oraindik propaganda erreakzionarioaren Siberiako trena?
Nire ahotsa goxoegi bihurtzen denean
Zuen begi ninietatik pasatzen den tren hura
Eta zuk?
Zer egingo duzu haurrak gineneko oroitzapen horrekin
Cartagenako oporraldian
elkarrekin masturbatzen eta jolasten ginenean?
Zuri beltzean izango al da etorkizuna?
Gaueko eta lan egunetako denbora
anbiguotasunik gabe?
Ez al da maritxuren bat egongo izkinaren batean
gizon berriaren etorkizuna kolokan jartzen?
Utziko al diguzue hegaztiak brodatzen
herri libre honen banderan?
Fusila zuri utziko dizut
odol hotzekoa zarenez
Eta ez da beldurra
beldurrik ez dut jada
labanak zorroztu baititut
ibili naizen sexu sotoetan
Eta ez ezazu sentitu eraso egiten ari natzaizunik
gauza hauetaz mintzo banaiz
eta hankartea begiratzen badizut
ez naiz hipokrita
Ez al dizute emakumeen bularrek
begirada jaitsarazten?
Ez al duzu uste
mendian bakarrik
zerbait okurrituko zitzaigula?
Nahiz eta gero nire burua gorroto dudan
zure moral iraultzailea usteltzeagatik
Bizitza homosexualizatuko ote den beldur zara?
Ez naiz ari sartzeaz eta ateratzeaz
eta ateratzeaz eta sartzeaz bakarrik
Goxotasunaz ari naiz lagun
Zuk ez dakizu
zenbat kostatzen den maitasuna topatzea
baldintza hauetan
Zuk ez dakizu
legenar honen zama eramatea zer den
Jendea ez da hurbiltzen
Jendeak ulertu egiten du eta dio:
Maritxua da baina ongi idazten du
Maritxua da baina lagun ona da
Super-ongi-dago-dena
Ni ez naiz dena ongi dago horietakoa
Mundua onartzen dut
Dena halako ongi egoteko eskatu gabe
Baina berdin egiten dute irri
Irrien orbanak ditut bizkarrean
Ipurdietan pentsatzen dudala uste duzu
eta CNIren lehenengo torturekin
dena askatuko nuela
Ez dakizu gizontasuna
ez nuela sekula kuarteletan ikasi
Nire gizontasuna gauak erakutsi zidan
zutoin baten atzean
Harrotzen zaituen gizontasun hori
erregimentuan sartu zizun
militar hiltzaile batek
boterean diren horietako batek
Nire gizontasuna ez nuen alderdian jaso
irriz ukatu baitzidaten
askotan
Nire gizontasuna urte gogor haietan
parte hartzen ikasi nuen
eta nire marikoi ahotsaz barre egin zuten
oihu egiten nuenean: Eta eroriko da, eta eroriko da
Eta gizon batek bezala oihu egiten baduzu ere
ez duzu joaterik lortu
Nire gizontasuna mozala izan zen
Ez zen izan estadiora joan
eta Colo Cologatik ukabilka aritzea
Futbola ezkutuko beste homosexualitatea da
boxeoaren, politikaren eta ardoaren moduan
Nire gizontasuna izan zen burlak irenstea
amorrua jatea mundu guztia ez hiltzeko
Nire gizontasuna da desberdina naizela onartzea
Koldarra izatea askoz gogorragoa da
Nik ez dut beste masaila jartzen
Ipurdia jartzen dut lagun
Eta hori da nire mendekua
Nire gizontasunak lasai espero du
matxoak zahar bihurtuko diren eguna
honezkero alderdian
ezkerrak txirikordatzen duelako bere ipurdi zimela
parlamentuan
Nire gizontasuna zaila izan zen
horrexegatik ez naiz tren honetan igoko
jakin gabe nora doan
Ni ez naiz marxismoagatik aldatuko
hainbestetan ukatu ninduen horrengatik
Ez dut aldatzeko beharrik
Zu baino iraultzaileagoa naiz
Ez naiz aldatuko soilik
pobreak ta aberatsak direla eta
Ez nintzen atzo jaio
kapitalismoa bidezkoa ez delako ere ez
New Yorken maritxuek elkar musukatzen dute kalean
Baina parte hori zuretzat utziko dut
hain interesekoa baitzaizu
iraultza guztiz usteldu ez dadin
Mezu hau zuretzat
Ez da nigatik
Ni zaharra naiz
eta zure utopia, etorkizuneko belaunaldientzat
Asko dira hego bat hautsirik
jaioko diren umeak
Eta nik hegan egin dezaten nahi dut lagun
zure iraultzak
eman diezaien zeru gorri zati bat
hegan egin dezaten

Benetan hobetzen al du azpidazketa (itzulpen) automatikoak itzulpenen kalitatea?

Josu Barambones Zubiria

Presaren kulturan bizi gara. Egungo gizartean dena da frenetikoa eta berehalakoa. Azkar bizi gara, azkarregi aukeran. Eta horrekin lotua beste sukar moduko bat ere bizi dugu: edukiak nahi beste hizkuntzatara automatikoki itzultzeko beharra, di-da batean eta merke bada, hobe.

Dena azkar eta automatikoa nahi dugu. Eta azkartasun eta automatikotasun hori ikus-entzunezko itzulpengintzara ere iritsi da, bai bikoizketara eta bai azpidazketara ere. Oraingoan horri buruz hausnartu nahi nuke blog honetan, eta nire kezka eta zalantzak zuekin partekatu.

Duela gutxi Elhuyarrek eskura jarri du bideoen transkripzioak eta azpitituluak automatikoki eta minutu gutxian egiteko software propio bat: Elhuyarren hizketa-ezagutzailea. Probatzeko tentazioan jausi naiz eta bi bideoklipekin egindako proben emaitzen berri emango dizuet. Biak ala biak gaztelaniaz daude (nahiz eta sorburu-hizkuntza ingelesa izan). Fitxategiak deskargatu eta makinari euskarazko azpitituluak sortu eta euskarara itzultzeko eskatu diot.

Lehen bideoklipa Bridget Jonesen egunerokoaren lehen bi minutuak dira. Hona azpidatzien euskarazko transkripzio osoa (sic):

Todo enpresoi día de año nuebo dmitrij ísimo segundo año de soltera. Une bermaz estaba sola egiten iec existi hidalgo urtean o aldekoa boal kurri de mi madre. Ez mesedez tratatzen pare jarduneko nago muermo de median eta Concarera. Espezia-ingetemeak. Ez da inon nos erionez dut zion extraños erdibidez egon daitekeenik. Islako medela sofistikazioan. Ez Jenny Andeba, ez ona, ez Realidades. 1000, ez haiek Insisten. Gero, Jameti omen Transverso. Balbulei meatze la pregunta que tenemos todos los halterak.

Bigarrena, Napoleonen gaztelaniazko trailer ofiziala, bi minutukoa hau ere (sic):

Jeneralak. No se han descubierto. Bien da. Ez ba. Jon, oso konplexutasun berez. Ez, jauna, zurea da. Edeski ospitaleko pertsonalaren komun burutu oraindik. Nori un alto. Kargo zurea da hitza. Brasil ez da zuri. Alejandro Romak. Cesar hitza. Beste BEZ. Beraz, bezeroa xede. Zergaldi ertza. Noscere segundo. Almandino janaria. Baserri zerbitzuez. Estatistika duela. Jendetza haien ekonomi. Francia por los suelos. Ia Orreagako lokatza. Mesedez. Mesedez. Zuz. Kirol portu saldu. Txikituz. Gurekin ez. Estibariz 1.000 ez.

Transkripzioaren kalitatea ez ezik deigarria ere da kasu bietan hizketa-ezagutzaileak ez duela den-dena transkribatu, erdia baino gehiago azpidatzi gabe utzi duelako. Ez dut dudarik egiten sistemak hobeto funtzionatzea lortuko dutela, baina absurdoa iruditzen zait inoiz baino teknologia gehiago erabiltzea hain emaitza kaskarrak lortzeko (oraingoz).

Horiek horrela, gerta daiteke, gertatzen denez, enpresa batek horrelako azpidatziak (itzulpenak) bidaltzea itzultzaile (posteditore?) bati zuzen ditzan ahalik eta azkarren (gaur, denak presa bide du). Bezeroek edo bitartekariek itzulpen amaitu baten berrikusketa gisa ulertzen dute postedizioa, eta horrela gutxiago ordaintzeko aitzakia gisa erabiltzen dute. Gaur egun eta teknologiari esker, itzultzaileen lansariak gero eta kaskarragoak dira (demagun minutuko bost euro ordaintzen dizutela azpidazteagatik; posteditatzeagatik zenbat?, bi euro?). Finean, irabazian irteten diren bakarrak enpresa teknologikoak eta bitartekariak dira.

Baina arazo honek badauzka beste adar batzuk. ATRAEk (Espainiako Ikus-entzunezko Itzultzaile eta Egokitzaileen elkartea) komunikatu batean esaten zuen legez, makina batek egindako prozesua posteditatzeak edo zuzentzeak “itzultzaileari berezkoa zaion sorkuntza-ahalmena mugatzen du eta erabat artistikoa den lanbide bat deshumanizatzen du”. Horrela sortutako itzulpenak lauak dira, erdipurdikoak eta arimarik eta ñabardurarik gabeak. Testu bat hutsetik itzuli behar duzunean, zure burua “itzulzaile moduan” jartzen duzu; testu bat posteditatu behar duzunean, zure buruak dio: “Testu hau berrikusi behar dut”. Itzulpenaren osagai kreatiboa, emozioak… dena desagertzen da. Zortzi ordu pasatzen baduzu makina batek egin duena konpontzen, zure sorkuntza-gaitasuna atrofiatu eta zure talentua maxkaldu baino ez duzu egiten, ahalmen sortzailea ez duzulako garatzen.

Hartara, makina itzulpen prozesuaren erdian jarri dugu eta itzultzailea mutur batean. Egoera berri honek berekin dakar paradigma-aldaketa funtsezko eta sakon bat. Itzultzailea morroi-lana egitera darama eta nolabait ere makinak umiliatu egiten du berak gaizki egin duena zuzendu behar duelako.

Eta itzultzailea ez ezik Itzulpengintzako irakaslea ere naizen aldetik, kezkatuta nago itzulpen automatikoak eta adimen artifizialak hartu duten abiadurarekin (euskaraz gaztelaniaz bezain azkar ez badoa ere), absurdoa iruditzen zaidalako Itzulpengintza eta Interpretazioko gradu bat lau urtez egiten pasatzea azkenean makina batek egiten dituen akatsak zuzentzeko. Ikus-entzunezko itzulpengintzaren kasuan, eta kontu etikoak alde batera utzita (zer gertatzen da film baten egile eskubideekin?), film bat egiteko talde oso batek gorputz eta arima eman badu lan artistiko bat sortzearren, gero guk makina batetik pasatuko dugu minutu gutxian film horren hala-holako itzulpen, bikoizketa edota azpidazketa-lan batekin konformatzeko? Badirudi bide horretatik goazela.

IA lagun

Estitxu Irisarri Egia

Ez naiz oso originala izango, plaza honetan jada behin baino gehiagotan aipatu dugun gaia ekarriko dut: inteligentzia artifiziala edo adimen artifiziala. Besteak beste, Naroa Zubillaga Gomezek maiatzean mahaigaineratu zigun adimen artifizialari buruzko gogoeta eta Asier Larrinagak abenduan aipatu zigun ahoz erabiltzeko siglarik praktikoena IA izan zitekeela. Blogeko bilatzailean “adimen artifiziala” idatziz gero, 12 sarrera aurkituko ditugu. 9 azken urtean. Egunerokotasunean gero eta presentzia handiagoa hartzen ari den kontua, zalantzarik ez.

Azken hilabetean zehar, lagun eta etsai horren inguruko testuak itzultzea egokitu zait, eta hortxe ibili naiz Open IA, ChatGPT, DALL-E, Microsoft Bing eta antzeko izen eta terminoen artean. Amets eta guzti egin dut! Eguneroko ogi bilakatuko zen beldur ere izan naiz! Gai horrekin jarduteak horretan murgiltzea ekarri dit eta mendekotasun bilakatzeko arriskua ere sentitu dut berritasunak eta teknologia horren magiak dakarren euforiaren ondorioz. IAk bere sareetan nindukan, Naroa. Hortaz, hortxe aritu naiz piztiari jaten ematen eta euskaraz nola moldatzen den aztertzen.

Konturatu naiz ezer gutxi nekiela gaiaz horretan jarri arte. Halere oraindik ezin dut esan aditu naizenik eta ez dut uste horretarako arriskurik dagoenik; izan ere, testu batzuk itzultzeak ez dakar berarekin itzulitakoa memorian gordetzea eta gaitz erdi! Itzultzen eta entzuten dugun guztia memorian gordeko bagenu, buruak desagertuta leudeke. Edo beharbada horregatik daude/gaude hainbeste burugabe? Bueno, natorren harira, hori ez da gaia eta.

2020an DBHn irakasle nintzela konturatu nintzen ikasleak gu baino aurreratuago zebiltzala (beti izan da hala, ezin harritu), are gehiago, haietako batek jakinarazi zidan zer tresna erabil zitzaketen testuak sarean bilatu eta testu horiek beste modu batez idazteko, eraldatzeko. Artean ez zegoen oraindik teknologia hori egunotan bezain aurreratua eta hedatua, baina, antza, lortzen zuten guri ziria sartzea. Eta kontu hark arduratu ninduen une hartan eta baita gaur egun ere.

Esan bezala, gaiaren inguruan gehiago jakiteko, azken asteetan OpenAIri eta Microsoft Bingi lan pixka bat jarri diet: errezetak bilarazi, logaritmoak eta algoritmoak zer diren azaltzeko eskatu, literatura-obra batzuen egiletasuna galdetu, hitz batzuk txertatuta luzera jakin bateko kontakizuna idazteko eskatu, etab. Ikusitakoaren arabera, OpenAI bainotrebeago dabil Microsoft Bing euskara kontuetan.

Arrakasta liburuaren inguruan galdetu diet biei eta OpenAIko ChatGPT 3.5ek ez du arrakastarik izan, hauxe jakinarazi dit:

Erantzun horren ostean, duen informazioa osatzeko datuak gehitu dizkiot elkarrizketan eta gerora egin diodan kontsultan jada erantzun egokiak ematen dituela egiaztatu ahal izan dut.

ChatGPTk eman dizkidan erantzunekin ederki ikusi dut euskara zuzen eta egokian aritzeko entrenamendua falta duela, baina langa hori izateak ez nau sekula hainbeste lasaitu, are gehiago ergatiboa zer den ikastea eskatu diodanean eta horren inguruko informazioa gehitu diodanean barneratzeko gai ez dela ikusteko aukera izan dudanean.

Txata alboratu eta irudien Pandoraren kaxa ireki dut. Microsoft Bingen irudi-sortzailea ezagutzeko zoriona eta zorigaitza izan dut, OpenAIren DALL–E 3 ezin izan dut probatu, ordaintzeko gonbidapena ez baitiot onartu. Barkatu, ilustratzaileok, baina arte horretan hain trebeak ez garenoi sekulako unibertsoa ireki zaigu (uste dut gauza bera esango dutela komunikazioan eta idazketan trebeak ez direnek testuetarako adimen artifizialak ematen duten aukerez). Noski, kontuak etikaren inguruko eztabaida sortzen du eta mugak baditu, baina sareko bilatzaileek edo irudi-bankuek baino aukera zabalagoa eskaintzen digute gure lanak, aurkezpenak, txostenak, azalpenak eta abar apaintzerako garaian. Dudarik ez kontu honetan ere onura eta kaltea direla txanponaren aurki-ifrentzuak.

Bukatzeko, ea irudi hau sortzeko erabili dudan hitzen bat asmatzeko gai zareten:

Aitortzen dut saiakera asko egin ditudala nahi nuen emaitzatik hurbil zegoen zerbait lortu arte. Irudiak txertatutako hitzen bidezko deskribapenetik abiatuta proposatzen ditu, baina ez du aukerarik ematen gustuko irudiak zuzenean editatzeko edo eraldatzeko. Midjourneyk doaneko probaldian eskaintzen zuela ikusi ahal izan nuen bere momentuan eta aukera aberasgarria litzateke. Hori guztia esan eta gero, argi dago horrelako teknologiak mugak dituela eta egile-aitortzak eztabaida sor dezakeela; halere erabilera arduratsuarekin aliatu izan daitekeen esperantza dut.

Itzulminak

Amaia Astobiza Uriarte

Joe Sacco-ren Palestina (Astiberri, 2023) komikiaren euskarazko argitalpenaren harira, Julen Gabiria itzultzaileak adierazi zuen hasieran zaila begitandu zitzaiola testuaren tonuari eustea, bere ustez autorearen jarrera ez zetorrelako bat kontakizunean gertatzen ari zenarekin. Esan zuenez, bere ideologiak edo enpatiak talka egiten zuen egilearenarekin, eta horrek zaildu egiten zuen itzulpen-lana; nolabait ere, arantza batekin jardun behar izan zuen hasieran, bai-baina-ez sentipenarekin. Edozelan ere, liburuan aurrera egin ahala, eta autoreak Palestinaren historia eta uneko errealitatea hobeto ezagutzeaz bat, haren jarrera ere aldatuz doa apurka. Azkenerako, Gabiria Saccorekin adiskidetu zen, eta orain gogotsu dabil liburua aurkezten, baita, bide batez, Israel palestinarrekin egiten ari den genozidioa irmoki salatzen ere. Jakina, ez zuen orain izango Palestinaren berri, eta komikia itzuli izan ez balu ere jardungo zukeen zeregin horretan espazio pribatuagoetan; baina Palestina itzuli izanak —herritarren kontakizun eta aldarrikapenak euskaratzeak, dokumentazio-lana egiteak— ikuspegi jantziagoa emango zion arean ere, eta liburua han-hemen aurkezten aritzeak jende gehiagorengana heltzeko aukera ematen dio, eta jende horrekin bere ernegua eta ezintasuna partekatzekoa.

Izan ere, itzultzaileok testuan gure arrastoa uzten dugun ber gisan, testuek ere arrastoa uzten dute itzultzaileongan. Adibidez, Gabiriak aipatutako deserosotasun hori eragin diezagukete gureaz bestelako iritzia adierazten badute. Eta ez guztiekin, noski, baina batzuekin gertatzen zaigu itzulpena toki batean hasi eta beste batean amaitzen dugula. Eraldatu egiten gaituztela esan behar nuen, baina ez dut uste hori denik; tokialdatu-edo egiten gaituzte, maketa erraldoi bateko pertsonaiak bagina legez; esku batek burutik oratzen digu, eta beste leku batean jartzen, eta esaten digu: «Hau duzu kokapen egokia, hemendik begiratu behar diozu inguruari». Saiakera itzultzen dugunean askotan gertatzen zaigu hori, baina beste literatura-genero batzuetako testuek ere eragin dezakete halako lekualdatze bat. Agian Gabiriari ere gertatuko zitzaion Palestinarekin hein batean, nahiz eta ez dudan uste asko-askorik ere mugituko zenik bere hasierako posiziotik. Hori bai: begirada zorroztu eta kopeta are gehiago ilunduko zitzaion, eta mina, minik barrukoena, puska bat gehiago sugartu.

Nik ere badut Gabiriak duen samin hori, min gordin eta puntazorrotz hori, eta pentsatzen dut berba hauek irakurtzen ari zaretenok ere izango duzuela, gutxi-asko. Min gorria, Israelgo Armada egunero-egunero eta jada 101 egunez jarraian palestinarrei eragiten ari den sufrimendu ia izendaezina, adjektiborik garratz eta latzenak ere eskas geratzen baitira han egiten ari direna azaltzeko. Eta ezin diot utzi mina sentitzeari, ezin diodalako utzi hango irudiei begiratzeari. Nola ez ditut ba haurtxo hilberrien emakume tirokatuen gazte mutilatuen irudiak ikusiko, hori behintzat egin beharko dugu haiengatik, horretarako ari dira-eta beren seme-alaben garun lehertuak beren gorputz-atal erauziak beren dolu-aienerik intimoenak grabatzen eta mundura zabaltzen, hori dutelako bide bakarra jasaten ari diren ankerkeriak salatzeko eta nazioarteari laguntza eskatzeko. Palestinan ere behin eta berriro ageri da eskakizun hori: «Idatziko duzu zerbait gutaz? Erakutsi dizut, ikusi duzu! Hitz egin gutaz, bai?». Inork ez du reality-show bihurtu nahi bere herriaren eta haurrideen suntsiketa, eta, halere, besterik ezean, iruditzen zaie horixe dela egin beharrekoa beren lurretatik kanporako jendearengana iristeko eta haiek —gu— zerbait —«Gera ezazue sarraski hau!»— egitera bultzatzeko.

Baina begietan gainezka egiten dizuten malkoek ez dute fosforo zuriaren surik itzaltzen ez zerrendako odolik garbitzen, eta zer edo zer, zer edo zer egin behar duzu zuri ere barrua lehertuko ez bazaizu.

Halako batean, proposamen bat iritsi zaizu postara: itzuliko dituzu nirekin batera Perry Anderson historialari eta analista politikoak Palestinari buruz idatzitako bi artikulu luze? Hara, neurri-neurriko egitekoa, aldi berean min-aringarria ere izan daitekeena. Baietz esan, eta gogoz ekin diozu lanari; azkenean, baduzu palestinarrei elkartasuna adierazteko modu eraginkorrago bat, ez haien sufrikarioa zure eginda —munduak ez du malko gehiagoren beharrik—, baizik eta sormenaren bidez, zerbait eraikiz. Eta aldez badirudi horretan ari zaren bitartean jada Israelek ez dituela horrenbeste bonba jaurtitzen Gazako bizilagunen artera eta ez direla horrenbeste hilotz pilatzen bide-bazterretako hobi inprobisatuetan. Berbak ingelesetik euskarara ekarri bitartean, xix. mendearen amaieratik datorren gatazka honen korapiloak askatzen saiatzen zara; zure burua bi zeregin horietara jarrita dago erabat, eta blokeatu egiten ditu erraiek garunera bidaltzen dituzten min-seinaleak. Bukatutakoan ere bake pixka bat sentitu duzu barrenean; iruditzen zaizu egindako lana Palestinaren eta Euskal Herriaren arteko zubi bat gehiago izango dela; ez beharbada oso ibilia, baina tira, zubiz zubi, iritsiko ote zaie gure epeltasuna, eta, batez ere, animatuko al dira agintariak gaitzespen instituzional irmoak egin eta dagokienei erantzukizunak eskatzera.

Fini da, baina. Bidali duzu lana, entregatu duzu minaren kontrako ezkutua. Tankeak itzuli dira Gazako hiribideetara, eta soldadu israeldarrek palestinarren auzo zartaraziak opaltzen dizkiete beren ezkonlagunei. Begiak anpuluz bete zaizkizu berriro, eta oraingoan uriola dakar.

Halako batean, (beste) proposamen bat iritsi zaizu postara…

Izanak izen bila

Itziar Otegi Aranburu

Oso interesgarria iruditzen zait zerbait izendatzeko egiten den bidea. Zerbaiti izena ematekoa, edo zerbaitek izena hartzekoa. Zeren, zer da lehenago? Izenak sortzen du izana, edo izana bazen lehenagotik, eta hor ibili da auskalo noiztik, nolabait kontzientziaren azpiko linbo batean, norbaitek arrantzatu eta argitara atera arte?

Egin dezagun kontu oraindik izenik –hitzik– ez daukan zer bat badela, gauza abstraktu lauso formagabe bat, oraindik izendatu ez duguna –edo ez guztiz, ez erabat– baina sumatu edo susmatu bai, zerbait-bada-baina-ezin-dut-adierazi moduko bat. Hor dabil, beraz, izan bat oraindik izenik gabea, eta, bat-batean, norbaitek liburu bat egiten du, edo film bat, edo kanta bat, nolabait gai horri heltzen diona, eta hain ondo heldu ere, ezen hortik ateratzen baita ideia hori adierazteko hitza edo esapidea. Adibide ugari daude, eta batzuek –askotan gure albo-hizkuntzetatik pasatu ostean– Euskaltzaindiaren hiztegirainoko bidea egin dute. Esaterako, donjuan, “Emakumeak seduzitzea atsegin duen gizonezkoa”, edo paparazzi, “Prentsako argazkilaria, ospetsuen argazkiak, haien pribatutasuna errespetatu gabe eta baimenik gabe, egiten saiatzen dena”. Azken hori Felliniren La Dolce Vita (1959) filmean agertzen den kazetariaren abizena da jatorriz (bueno, zehazki, Paparazzo zuen abizena) eta hortik hedatu da. Ingelesak bi forma hartu zizkion italierari, singularra (paparazzo) eta plurala (paparazzi). Gaztelaniak eta euskarak, plurala bakarrik.

Don Juan Tenorio eta Paparazzo pertsonaiak dira biak, eta pertsona mota bat edo lanbide bat izendatzeko hitz gisa igaro dira hizkuntza orokorrera. Baina beste bide batzuetatik ere gerta daiteke film baten ondoren hitz edo esapide berri bat sortzea.

Ez dakit ikusita daukazuen Georges Cukorren Gaslight filma, 1944koa. Thriller psikologiko bat da, oinarrian Peter Hamiltonen izen bereko antzezlana duena (1938). eLiburutegiaren eFilm plataforman ikus daiteke, adibidez. Ingrid Bergman da protagonistetako bat, eta Oskar saria irabazi zuen lan horrekin. Film horretan kontatzen da nola senarrak (Charles Boyer), helburu jakin batzuk lortzeko, emaztea (Ingrid Bergman) manipulatzen duen ezkutuan gas-argiaren intentsitatea aldatuz, zaratak eginez eta abar, dena imajinatu egin duela eta burua galtzen ari dela sinetsarazteko.

Oxford hiztegiaren arabera, to gaslight aditzak zera esan nahi du: To manipulate (a person) by psychological means into questioning his or her own sanity; hau da, norbait bere senean ote dagoen zalantza egitera eramatea, manipulazio psikologiko bidez. 1961ean kokatzen du hitzaren lehen idatzizko agerpena.

Merriam-Webster hiztegiak definizio zehatzagoa ematen du: norbait psikologikoki manipulatzea, normalean denbora luzean, halako moldez non biktimak zalantzan jartzen baititu bere pentsamenduak, oroitzapenak eta errealitatearen gaineko irakurketa. Konfiantza eta autoestimua galtzen ditu, nahasmena sentitzen du, ziurgabetasuna bere egonkortasun mental edo emozionalari buruz, eta manipulatzailearekiko mendekotasuna.

Gaztelaniaz batera dabiltza mailegua eta kalko bidezko itzulpena, nahiz Fundéuk hacer luz de gas a alguien gomendatzen duen, RAE hiztegiak jasotzen baitu: Intentar que dude de su razón o juicio mediante una prolongada labor de descrédito de sus percepciones y recuerdos.

Frantsesez, détournement cognitif proposatu da ordain modura, edo décervelage, baina hor dabiltza biak maileguarekin batera.

Gurean, batez ere genero-indarkeriaren arloan ari da bidea egiten, gas(-)argiarena egin, gas-argiaren indarkeria eta antzeko esapideetan, June Fernandezen Argiako artikulu honetan bezala. Beste agerraldi batzuetan adiera zabalagoa ematen zaio, adibidez lan-arlora edo politikara eramanda. Elhuyar hiztegiak gaztelaniatik jasotzen du, baina aldendu egiten da jatorrizkoaren moldetik:

hacer luz de gas: zorotzat jo/hartu, erotzat jo/hartu; zoro/ero sentiarazi

—¿quién ha dicho eso? —tú, querido. No me hagas luz de gas:
—nork esan du hori? —zuk, laztana. Ez nazazu ero sentiarazi

Izan ere, gas-argiak baditu bere mugak gure artean bere horretan hedatzeko, batez ere erreferentea urrun geratzen zaigulako. Oso argia da jatorria ezagutzen baduzu, baina ez hainbeste, nondik datorren ez badakizu. Horren adierazgarri da euskarazko agerraldi gehienetan (gaztelaniaz eta frantsesez bezala) terminoaren azalpen bat jasotzen dela, gaslight edo gaslighting parentesi artean, edo Georges Cukorren filmaren aipamen bat. Hala ere, ezin ukatu badagoela galera bat urruntze horretan.

Eremu anglofonoan, 1944tik gaurdaino bide luzea egin du hitz honek, bigarren adiera bat hartzeraino. Orain, batez ere norbaitek bere onurarako beste norbait engainatzeko ekintza adierazten du, fake news eta adimen artifizialaren zenbait erabilerarekin lotuta (deepfake edo faltsutze sakona). Merriam-Webster hiztegiak urteko hitzik esanguratsuena jo zuen 2022an. Gainera, haren eremu semantikoa zabaltzen ari da, kide berriak batzen ari baitzaizkio; adibidez, gaslighting eta ghosting elkartuta, ghostlighting sortu da: pertsona batekiko kontaktu (birtuala) apurtu eta mamu bat bezala desagertzea, inolako azalpenik eman gabe, eta gero, besterik gabe itzultzean denean, hala egin duenik ukatzea.

Atzetik goaz, eta herrenka, bistan da. Kontzeptualizazioa hizkuntza nagusietan egiten da, eta oso azkar gainera. Eta, fokua gure kultura-produkzioan jartzen hasita, orain behintzat ez zait etortzen euskarazko film batetik sortutako hitz edo esapiderik. Ez dakit halakorik baden. Euskarazko film (edo antzezlan) ezagunenen rankingean Aupa Etxebeste! eta Kutsidazu bidea, Ixabel gailentzen dira. Beharbada, esan edo idatziko zuen norbaitek “(Aupa) Etxebeste bat egin”, edo “juanmartinkeria/ixabelkeria bat bota”, edo halakorik. Ez dakit.

Nolanahi ere, eta aurreko guztia gorabehera, esperantza pixka batez amaitu nahi nuke sarrera hau. Sinbolikoki, eta literalki. Burura etorri baitzait Gariren Esperantzara kondenatua, oso hedatuta dagoen erreferentzia bat. Legebiltzarrean, gutxienez hiru taldetako parlamentariei entzun izan diet aipu hori beren hitz-hartzeetan, eta sarean, berriz, agerraldi ugari ditu testu idatzietan. Irudipena dut erreferentzia izatetik esapide izatera igarotzeko bidean-edo dela. Arrakastatsua da esapide gisa, adierazkorra. Esperantza eta kondena, binomio ezohiko bat, binomio inprobable bat. Esperantza beharrezkoa, ezinbestekoa, baina nekeza, zaila, fatalismo puntu bat duena. Oso gure garaikoa, esango nuke. Irudipena dut sentipen hori lehendik ere bazela, gure artean genuela, bazebilela kontzientziaren azpiko linboan, eta Jose Luis Padronek bere hitzekin eta Garik bere musikarekin arrantzatu eta argitara atera zutela; horregatik txertatu dela hain ondo gurean. Izanak izena aurkitu duela, alegia.

Literatur agenteez

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Euskal literatur eremuan dauzkagun itzulpen fluxuak aztertzen aritu naiz azkenaldian, itzulpen joeren garapena zer nolakoa izaten ari den ikusteko batetik, eta literatur trukeetan parte hartzen duten eragileek betetzen duten rola ezagutzeko bestetik. Gai horri tiraka, literatur sustapenaz eta esportazioaz arituko naiz oraingoan.

Edozein kulturatan, sustapena eta hedapena ezinbestekoak dira literatura bat bere hizkuntzaren mugetatik kanpo ezagutarazteko. Literatura-sistemaren biziraupenerako nahitaezkoak direla ere esan liteke, bi norabideetan egiten diren kultur trukeek aberastu eta aldarazi egiten baitute literatura bat. Itzulpena tresna ezinbestekoa da literatura gutxitu baten zabalkunderako; alabaina, erdaretarako itzulpenak egin eta ezagutaraziko badira, bultzada bat beharko dute. Heilbronen eta Sapiroren arabera (2016), itzulpen gehien-gehienak hizkuntza nagusi edo hiper-nagusietatik egiten dira, eta hizkuntza periferikoek, aldiz, gutxi esportatzen dute. Asimetria horiei aurre egiteko, ohikoa izaten da gobernuek haien herrialdeetako kultura-ekoizpena atzerrian sustatzeko erakunde espezifikoak sortzea, baita itzulpenak sustatzeko politikak bultzatzea ere.

Bai Euskal Herri mailan bai estatu mailan, erakunde publikoek eskaintzen dituzte euskal literatura atzerriratzeko laguntzak. Dena den, Montero Küpperrek (2016), Castrok eta Linaresek (2022) eta nik neronek beste nonbait (2021) ondorioztatu dugun moduan, erkidego mailako erakundeak dira batik bat hizkuntza gutxituetako kultur esportazioa finantzatzen dutenak, eta estatu mailako erakundeek batez ere gaztelaniaz sorturiko lanen itzulpena sustatzen dute. Frantzian ere Centre National du Livrek (CNL) eskaintzen ditu laguntzak Frantzian sorturiko literatura lanak esportatzeko, baina oraingoz ez da euskaraz idatzitako lanik itzuli laguntza horien bitartez.

Euskara eta euskal kultura eta sorkuntza nazioarte mailan sustatu eta ezagutzera emateko helburuz sortu zen Etxepare Euskal Institutua 2007an. Etxeparek egitasmo ugari ditu euskal literatura gure mugetatik kanpo sustatzeko, konparazio batera, itzulpenerako dirulaguntzak, testu laginak ingelesera edo frantsesera itzultzeko dirulaguntzak, Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria eta euskal sortzaileak nazioarteratzeko bidaia-poltsak. Horietaz gain, itzultzaileen trebakuntza ere bultzatu du, Idazlea itzultzaileen lantegian egitasmoa sustatuz, zein Itzultzaile berriak programa abian jarrita. Urteotan ibilbidetxo bat egin du Etxeparek euskal literatura atzerrian sustatzeko ahaleginean.

Erakundeen bultzadaz gain, euskal literatura atzerrian ezagutzera emateko itzultzaileek rol baliotsua betetzen dute, ez bakarrik literatur lanen itzultzaile gisa, baita beren kulturetako preskriptore gisa ere; izan ere, askotan, liburuek xede kulturan izan dezaketen interesa neurtuko dute, bai eta zer lan itzuliko den hautatu, jatorrizko lanak ulertu ezin dituzten argitaratzaileei haien egokitasuna iradoki, eta itzulpenak argitaratu ondoren promozioan lagundu. Gero eta itzultzaile gehiago da euskaratik itzulpenak egiteko gai, eta haien lana sarritan ez da itzulpena egitera mugatzen.

Ugari dira euskal literatura beste hainbat hizkuntzatan eskuragarri izan dadin lanean dihardutenak eta lan horien zabalkundean parte hartzen dutenak: itzultzaileak, idazleak, editoreak, kultur ekoizpena sustatzen duten erakundeak, literatur agenteak. Azken horiek ekarri nahi nituzke hizpidera. Itzulpen-eskubideak saldu eta literatur lanen zein autoreen sustapena kudeatzeko ardura dute literatur agenteek. Euskal Herrian tradizio gutxi izan du literatur agentearen figurak. 90eko hamarkadan, Ikeder literatur agentzia sortu zen, Euskal Herriko lehenengo literatur agentzia. Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi zein Kirmen Uribe idazleak ordezkatu zituen, besteren artean. Duela zenbait urte amaitu zuen bere jarduna Ikederrek, baina literatur agentearen figurak garrantzia hartu du azken urteetan euskal literaturan, eta gero eta idazle gehiagok du agente bat. Esaterako, Ute Körnerrek ordezkatzen ditu Bernardo Atxaga, Mariasun Landa eta Xabier Etxeberria; Casanovas & Lynchek, Kirmen Uribe; Ella Sher agenteak ordezkatzen ditu Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Oihane Amantegi, Irati Elorrieta, Karmele Jaio, Hasier Larretxea eta Nerea Loiola; SalmaiaLitek, berriz, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano eta Amets Arzallus; Mertin Wittek, Unai Elorriaga. Zerrenda horri erreparatuta, bada datu deigarri bat: Euskal Herritik kanpokoak dira aipatu agente guztiak. Euskal Herrian literatur agenterik ez egoteak beste nonbaiteko profesionalak bilatzera bultzatzen ditu euskal idazleak. Galdera ugari sortzen ditu egoera horrek. Esaterako: euskal sistemaz kanpoko eragileak izanik euskal literatur lanen eskubideak kudeatzen dituztenak egun, jatorrizko literaturaren zer nolako ezagutza dute agente horiek? Gaztelaniazko itzulpenaren bitartekaritza ezinbestekoa da lan baten eskubideak beste hizkuntza batzuetara saltzeko? Zein hizkuntzatako bertsioa hartzen da iturri gisa itzulpenerako? Galderak galdera, ahuldade bat erakusten du gabezia horrek, hizkuntza gutxituak hizkuntza nagusiagoetako literatur sistemen menpeko izan beharra literatur lanen eskubideak kudeatzeko.

Aipaturiko iturriak

Castro, Olga eta Linares, Laura. 2022. Translating the literatures of stateless cultures in Spain: translation grants and institutional support at the Frankfurt Book Fair. Perspectives 30(5). 792-810.

Heilbron, Johan eta Sapiro, Gisèle. 2016. Translation: Economic and Sociological Perspectives. In Ginsburgh, Victor eta Weber, Shlomo (edk.), The Palgrave Handbook of Economics and Language, 373-402. London: Palgrave MacMillan.

Manterola, Elizabete. 2021. Euskal literatura itzuliari buruzko gogoeta. In Ayerbe, Mikel (ed.) Euskal ediziogintzaren hastapen ikerketak, 65-95. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU).

Montero Küpper, Silvia. 2016. Políticas para la traducción de textos literarios. In Galanes, Iolanda; Luna, Ana; Montero, Silvia; Fernández, Áurea (edk.), La traducción literaria. Nuevas investigaciones, 53-72. Granada: Comares.

Dibulgazio historikoa

Santi Leoné

Dibulgazio historikoa eta, batez ere, dibulgazio historiko ona eskuar izatea luxua da beti. Mintzatzeko manera bat da, bistan dena, baina bada erramoldea aski modu literalean ulertu duena, luxuzko dibulgazioa kontzeptu oximoroniko samarra –baliteke oximoroniko solasa lerro hauek idatzi ahala asmatu izana– sortzeraino. Berriki, Amaiurko gaztelua defendatzen aritu zirenen 51 gutunen edizioa aurkeztu zuen Mintzoa argitaletxeak, eta editorea harro eta hunkiturik agertu zen “publiko orokorrak ezagutzen ez dituen testu hauek argitara atera izanaz”; eta zera gaineratu zuen: “Haiek sinaturiko gutun hauek edukitzea, dena lehen pertsonan kontatzen baitute, luxu bat da”. Egoera ezin da hobeki laburbildu: hain zuzen ere, egin duten edizioa edukitzea luxu bat delako segituko du publiko orokorrak gutun horiek ezagutu gabe.

Wilhelm Gottlieb Soldan historialariarekin, berriz, haizea alde izan dugu, eta etxea hipotekatu gabe erosten ahal den edizioa prestatu digute. 1849an, Nafarroako konkistari buruzko testu labur bat argitaratu zuen Soldanek, eta XX. mendean Iruñeko intelektual euskaltzale batek gaztelaniara itzuli zuen –sarreran, Alexander Tapia edo Angel Irigarai proposatzen du testuaren balizko itzultzaile gisa Peio J. Monteanok–. Itzulpena Nafarroako artxiboan aurkitu dute, eta horixe da Mintzoak prestatu duen edizioak eskaintzen duena: Monteanoren sarrera eta gaztelaniazko itzulpena, gehi jatorrizko testu alemana.

Gaizki-ulertuak saiheste aldera, testua bera eta testua XX. mendeko lehen hamarkadetan Iruñeko euskaltzale batek itzuli izana, bi gauzak arrunt interesgarriak iduritzen zaizkit. Baina, dibulgazioa txukun egitearen alde nagoenez, nahiago nuke edizioa gehixeago zaindu izan balute. Orain artio sekulan hutsik egin ez didan teoria –hain zuzen ere, espainolezko testu batean alemanez egindako edozein aiputan gutienez akats bat izanen dela dioen teoria– bertze behin berresteko balio izan dit liburu honek. Monteanoren sarreran Johhan aurkitzen dugu Johann-en ordez; Fiedrich, Friedrich-en partez; Jhare, Jahre-ren hatxea aldatuta; eta von Groiman, von Grolman behar zukeen tokian.

Itzulpena egin zen tenorean nafar historialari gehienendako alemana aski eskuraezina zela gaztigatzen zaigu sarreran. Uste izatekoa denez gauzak dezente aldatu direla, eskertzekoa izanen zatekeen norbaitek itzulpena eta jatorrizkoa konparatzeko lana hartu izan balu, zeren testuaren edukia interesgarria izanda ere, itzultzaileak ez du beti behar bezain fin jokatu. Gaztelaniazko testuak, zenbaitetan, alemanezko testuak erraten ez dituen gauzak erraten ditu, baina desbideratze ttiki edo handi horiek inork seinalatzen ez baditu, irakurleak arrunt bertsio fidela irakurtzen ari dela sinesten ahal du. Izan ere, izenburuak berak pistaren bat ematen digu pentsatzeko balitekeela itzultzaileak lizentziaren bat hartu izana: Wie Navarra spanisch ward und bliebNafarroa nola bihurtu zen eta iraun zuen espainol– titulutik De cómo España conquistó a Navarra y la retuvo titulura igaro gara. Bien artean salto ttiki bat bada, nire ustez.

Itzulitako testuan, badira hanka-sartzeak: errege-erregina katolikoen Juan printzea lau urtekoa da alemanez (vierjährig), baina hamalau urtekoa gaztelaniaz. Badira haurkeriak: Soldanek dio Nafarroak ez duela Aragoirekin eta Gaztelarekin muga naturalik, baina Pirinioetako adar batek bereizten duela euskal probintzietarik –nur gegen die baskischen Provinzen hin hat es eine Pyrinäenast zur Seite–; hondarreko esaldi hori desagertu egin da itzulpenean.

Badira jatorrizko testua gaizki ulertzetik egindako pasarte traketsak: Soldanek kontatzen du kardinal espainol eta frantses batzuk aita sainduarekin etsaitu zirela eta, haren atsekaberako, lanean hasi ziren kontzilio orokor bat deitzeko –Etliche spanische und französische Cardinale waren mit dem Papste zerfallen und gingen damit um, ihm zum Verdrusse ein allgemeines Concilium zu berufen–; espainolez, berriz, algunos cardenales franceses y españoles estaban seriamente disgustados con el Papa por no convocar el concilio ecuménico que había prometidokardinal frantses eta espainol batzuk arrunt atsekabetuak zeuden aita sainduarekin, agindutako kontzilio ekumenikoa ez deitzeagatik–.

Badira alemanez ez dauden izen nahiz izenondoak paratzeko joera ere: anakronismo larri bat –Ein arger Anachronismus!¡Oh anacronismos traicioneros!O anakronismo traidoreak!– bihurtu da; Karlos V.ak gatazkari konponbide arbitrala emateko harturiko konpromisoa –die schiedsrichterliche Beendigung des Streites– honela dago gaztelaniara ekarria: Carlos […] se había comprometido con Francisco I a procurar por todos los medios el que se diera satisfacción a los monarcas destronados Karlosek Franzisko I.arekin tronugabeturiko monarkei kosta ahala kosta erreparazio emateko konpromisoa hartua zuen–.

Hiztegi politikoan ere, ez da zaila irristada batzuk harrapatzea, aski mamitsuak gainera. Alemanez Die Politik der Nachbarn auf beiden Seitenbi aldeetako auzoen politika– dioen tokian, gaztelaniaz la política de ambos estadosbi estatuen politika– dugu. Gaztela eta Frantziaren arteko talkan, dio Boldanek, Navarra […] erfuhr das Schicksal, das in politischen Verwickelungen den Kleinen gewöhnlich wird, und wurde auf immer untergestecktgatazka politikoetan txikiei egokitzen zaien patua izan zuen Nafarroak, eta baztertua gelditu zen betiko–; itzultzailea ez dago guziz ados: Navarra sufrió la suerte reservada a los pueblos pequeños en toda conflagración internacional: fue borrada del número de las nacionesnazioarteko gatazketan herri txikiei egokitzen zaien patua izan zuen Nafarroak: nazioen multzotik desagerrarazi zuten–.

Beharbada makur nabil, baina erranen nuke Soldanen testu osoan ez direla agertzen Staat, Nation edo Volk solasak. Gaztelaniaz, berriz, estado, nación eta pueblo ditugu. Ez dela hain larria? Ez dakit, bada. Peio J. Monteanok aipatu dudan hondarreko esaldia erabili du sarreran Soldanen mezua laburbiltzeko. Alegia, jatorrizko testuan ez dagoen –ez, behinik behin, horrela– esaldi bat.

Interesgarria izanen zatekeen, berriz diot, itzulpen honen edizio txukun bat egin izana: itzulpena zergatik ez den beti jatorrizkoari fidela, nola islatzen dituen horrek itzultzailearen asmo eta ideologia, zergatik merezi duen halere itzulpen horrek irakur dezagun… Alta bada, editoreek bertze bide bat hartu dute: Soldan historialari neutroa da, zientzia alemanaren sendotasun guziarekin –eta bada mundu honetan zientzia alemana baino gauza sendoagorik?– arrazoi dugula erakutsi zuena, eta guk itzulpena ekarri dizuegu. Ederki. Pena bakarra da itzulpenak ez duela beti Soldanek dioena erraten.

Nolanahi ere den, hagitz kontu interesgarri bat utzi du agerian liburu honek. Segur aski, orduko itzultzailea Soldanen testua itzultzera eta oraingo editoreek itzulpena argitaratzera eraman dituen motibazioa berbera da: deusek ez digu hainbertzeko poza ematen, kanpoko norbaitek arrazoia emateak nola. Gogora ekarri dit Pedro Vallínek ezkertiarrak izanda ere zinema popularra gustuko izateko baimena eman zigunekoa: arras ongi dago, baldin eta baimena behar badugu. Historia kontuetan konplexu gutiago eta segurtasun handiagoak izanen bagenitu, lasaiago aztertuko genituzke iraganeko testuak. Eta dibulgazio hobea eginen genuke.

Sigla lexikalizatuak

Asier Larrinaga Larrazabal

Zorabiozko abiaduran doan mundu honetan, hitzak ere luuuze egiten zaizkigu. Hedabideetan, are arrazoi handiagoarekin, espazio falta baita arazo handienetako bat. Idatzietako esturetarako, oso mesedegarriak izaten zaizkigu laburtzapenak, eta inoiz bitxiak iruditu zaizkigunak ere naturalizatu egin dira: M (milioi), haut. (hautagaia), M8 (martxoaren 8a), cc (zentimetro kubiko), MWh (megawatt ordua)… Siglak, zehazki, beren-beregikoak dira: EB (Europar Batasuna), EJ (Eusko Jaurlaritza), AEB (Ameriketako Estatu Batuak), BN (batzar nagusiak)…

Idatziz ez ezik, ahoz ere oso baliagarriak dira siglak testua laburtzeko, eta, kazetarien hizkeran, erabiliaren erabiliaz, sigla horietako asko guztiz lexikalizatu dira. Gaztelaniazko batzuk aipatuko ditut: ERE (expediente de regulación de empleo), OTA (ordenación del tráfico y aparcamiento), RGI (renta de garantía de ingresos), ELA (esclerosis lateral amiotrófica), OPA (oferta pública de acciones)… Lexikalizazioa egiaztatzen duten ezaugarriak bat baino gehiago izan daitezke: letra xeheko grafia (‘dana’, ‘pyme’…), numero-mozioa (‘un ERE’, ‘dos EREs’…), zabalkuntza semantikoa («nuestro edificio ya ha pasado la ITV», ITV: inspección técnica de vehículos), eratorpena (‘otero’ < OTA, ‘sidoso’ < SIDA, ‘opar’ < OPA…).

Gaztelaniazko adibideetatik hasi naiz, euskaraz arazoa dugulako. Euskaraz, zail baino zailago egiten zaigu lexikalizazio-maila horretara heltzea, adibide bat edo beste badugun arren. Beharbada, sendoena ‘hies’ da, hartutako immunoeskasiaren sindromeari dagokiona, eratorri bat ere baduena: ‘hiesdun’. TAO (trafiko eta aparkamenduaren ordenamendua) siglak ere badu eratorria, ‘taozain’, baina euskaldunen aho-lumetan lehiakide gogorrak dira OTA eta ‘otazain’. KPI (kontsumorako prezioen indizea) oraintsu hasi da lexikalizatzen EITBko kazetarien albiste-testuetan.

Hortik aurrera, oso beltz ageri zaigu panorama. Hasteko, gaztelaniazko sigla “ahoskagarri”en ondoan, euskaraz, mordoiloak sortzen zaizkigu askotan: ERE vs LEE (lan-erregulazioko espedientea), ERTE vs ABLEE (aldi baterako lan-erregulazioko espedientea), RGI vs DSBE (diru-sarrerak bermatzeko errenta), ELA vs AEA (alboko esklerosi amiotrofikoa), dana vs GGDI (goi geruzetako depresio isolatua), pyme vs ETEE (enpresa txiki eta ertain(ak))… EITBn, sigla baztertzeko eta siglaren azpian dagoen hitz-katea soiltzeko gomendioa ematen diegu kazetariei: LEE > erregulazioa, DSBE > gutxieneko errenta, GGDI > goialdeko depresioa…

Ahoskeraren arazoaz gainera, ezarpenarena dago. Euskarazko hedabideok ez gara gaztelaniazkoak bezain ugari eta indartsuak sigla bat hamaika mila bider errepikatuz hiztunen burmuinetan txertatzeko. Are txarrago, euskarazko komunikazio-eremuan “etxekalte” ari denik ere bada, kezka handirik gabe erabiliz ERE, ERTE, pyme, ELA (ez, hain zuzen, euskal sindikatua), OPA… Arazo hau saihesteko, batzuetan ingelesaren olatura igotzeko estrategia erabili dugu euskaraz: NATO (> ‘natozale’), covid, RNA… Nik horri beste estrategia bat gehituko nioke, interesgarriagoa, beharrezkoagoa. Hedabideetan dabilen erdal sigla baten euskarazko ordaina sortzeko unean, presak alde batera utzi beharko genituzke inplikazio guztiak aintzat hartu eta irtenbiderik egokiena ondo pentsatzeko.

Esate baterako, IA (inteligencia artificial / intelligence artificielle) / AI (artificial intelligence) hedabideetako albiste-tarteak betetzen hasita dago. Euskaraz, ‘adimen artifizial’ terminoa dabil nagusiki, baina horrek AA sigla ematen du, berriro ere ahoz erabiltzeko gauza eskas bat. ‘Inteligentzia’ erabiltzeko eragozpenik ez dagoenez gero, ez al litzateke praktikoagoa izango ‘inteligentzia artifizial’aren alde egin eta, horrenbestez, IA sigla bultzatzea, gure auzo erdaretan bezala? Sasoiz gaude komenigarriena zer den pentsatzeko.

Ezagutzak terminologia behar du

Maite Imaz Leunda

Joan den azaroaren 3an Espainiako Terminologia Elkartearen (AETER) jardunaldia izan zen Euskaltzaindiak Donostian duen egoitzan. AETER hainbat pertsonak eta erakundek sortutako erakundea da, 1997an, Madrilen. Terminologiari eta espezialitate-hizkuntzei buruz ikertzeko eta espainierazko eta Espainiako gainerako hizkuntzetako terminologia-baliabideak prestatzeko eta kontsultatzeko interesa zuten erakunde horiek guztiek. UZEI terminologia eta lexikografia zentroa izan zen jardunaldiaren antolatzailea, AETER-eko kidea baita.

Entzun genituen hitzaldien artean interesgarria izan zen terminologia eleaniztunek etorkizunean izango duten garrantziaz jabetzeko erakutsi ziguten TERESIA metabilatzailea; espainieraz eta estatuko gainerako hizkuntza ofizialetan dauden terminologien topagune eta adimen artifizialerako teknologien ataria izateko asmoarekin eratutakoa, besteak beste, espainieraz eta estatuko bere testuinguruan erakusteko, baliozkotzeko eta hainbat ingurunetan eskuragarri jartzeko aukera emango du.

Katalanek aurkeztutako proiektu bat ere aipatu nahi nuke, euskararekin terminologian jardun izan dugunok Katalunian zer egiten duten oso kontuan izaten dugu eta. Prospektiba terminologikoa eta ezarpena: maileguak hedatzen aurrera egiteko estrategia izenarekin aurkeztu zuten Institut d’Estudis Catalans eta Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko Iulaterm ikerketa-taldeak sustatutako proiektua.

Proiektuaren helburua oraindik katalanez erabiltzen ez ziren ingelesezko termino berrien hustuketa egitea zen, horretarako eremu anitzetako eta garai ezberdinetako erreferentziazko testuak erabilita; gero, baliokide egokiak bilatu behar zituzten katalanez, horrela, ingeleseko maileguen zabalkundeari aurrea hartzeko.

Lehenengo fasean (2018-2021) ingelesezko erreferentziazko eskuliburuak erabili zituzten: orain dela urte batzuetako eskuliburuak eta horien bertsio eguneratuak. Ondoren, bertsio zaharretako eta berrietako testu-corpusetatik abiatuta hustuketak egin zituzten, terminoen zerrendak lortu eta zerrenda horiek alderatu. Bigarren fasean (2022-2023) ingelesez dauden gai hauei buruzko aldizkari zientifikoetako artikulu osoen hustuketak egin zituzten: biokimika, mikrobiologia, ekonomia eta komunikazioa. Zerrenda guztiak alderatu ondoren neologia izateko hautagaiak eskuratu zituzten eta horiek bakoitzari zegokion gaiko adituekin egiaztatu eta berrikusi ondoren, katalanezko ordainak proposatu zituzten.

Metodologia egokia iruditu zaie terminologia neologikoa detektatzeko, datu-base terminologikoak elikatzeko (Cercaterm) eta ordainak garaiz proposatzeko, jakintza zabaltzen hasi berria denean, horrekin espero baitute katalanezko ordainak ezartzeko aukera gehiago izango dutela. Cercaterm kontsulta terminologiko eleaniztunak linean egiteko Termcatek eskaintzen duen tresna da; Termcateko Kontseilu Begiraleak normalizatutako terminoak kontsultatzeko aukera ematen du. Termcat, katalan hizkuntzako terminologia zentroa, 1985ean sortu zen Kataluniako Gobernuaren eta Institut d’Estudis Catalansen eskutik. Euskara ez da ageri Cercatermen baina, hala ere, euskal terminologoek asko jotzen dute bertara, kontzeptuen definizio eta informazio osagarri bila.

Terminorik gabe ez dago ezagutzarik.

Zer gertatzen da interpretearen burmuinean?

Maitane Uriarte Atxikallende

Aurreko batean, entzule bat hurbildu zitzaidan interpretazio-saio baten ostean. Jakin-minez, aldibereko interpretazioa egiten ari garen bitartean gure burmuinak nola funtzionatzen duen galdetu zidan. Ez da, ez, batere galdera txarra, eta hain zuzen ere, neurozientzialari askok ikertu izan dituzte interpretazioan zehar gertatzen diren prozesu mentalak.

Aurreko artikulu batean adierazi nuen bezala, giza eboluzioaren historian, ezerk ez du interpreteon garuna programatu horren zeregin berezi eta nekagarrirako. Izan ere, interpretatzen hasi aurreko unean eta interpretatzen gauden bitartean izugarrizko festa gertatzen omen da gure burmuinean. Era sinplean esanda, badirudi interpretearen burmuinak orkestra-zuzendari baten pare funtzionatzen duela. Izan ere, garuneko eskualde askoren jarduera koordinatu behar dugu, portaera harrigarri eta konplexuak sortzeko.

Interpretazio-prozesuan, garunak milioika neurona erabiltzen ditu entzumenaren bidez jasotako informazioa prozesatzeko. Soinu-seinaleak jaso ondoren, deskodetu eta ezagunak zaizkigun soinu bihurtu behar ditugu, prozesa ditzagun eta mezuak guretzat zentzua izan dezan. Soinuen tratamendu hori egindakoan, mezua bera ulertzeko fasea dator eta fase horren ostean, mezua xede-hizkuntzan ekoizteko fasea. Baina… garunaren zein partetan egiten da gauza bakoitza?

Lehenik eta behin, esan beharra dago hizkuntza garunaren ezkerreko hemisferiotik kontrolatzen dela. Hemisferio horretan hainbat atal daude, baina bi dira interesatzen zaizkigunak: Wernickeren eremua (hizkuntza ulertzeko) eta Brocaren eremua (hizkuntza ekoizteko). Eremu biak nolabait konektatuta daude, eta gainera, mintzamenerako muskuluak kontrolatzen dituen kortex motorrera lotuta ere badaude. Zentzua hartzen doa kontua, ezta?

Ahozko hizkuntza ulertu ahal izateko, hitzei esanahia ematen dien oroitzapenetara jo behar dugu. Wernickeren eremuak egiten duen lan hori ezinbestekoa da hizkuntza ulertzeko eta pentsamenduak hitz bihurtzeko. Mezua deskodetu ondoren, hurrengo urratsa mezu berbera xede-hizkuntzan sortzea izango da eta Brocaren eremuan egiten da hori, bi azpieremu “dantzan” jarrita: azpieremu triangeluarra (Brocaren eremuaren aurrealdean dago eta ahozko erantzunak sortzeaz arduratzen da) eta azpieremu operkularra (atzealdean dago eta fonazio-organoak koordinatzeaz arduratzen da, hizkuntza sortzeko). Brocaren eremuari esker, hizkuntzaren forma guztiak sor ditzakegu: ahozkoa, idatzizkoa zein keinuzkoa. Nerbio-sistemaren zatitxo honek forma gramatikal zuzena aukeratzeko eta hura adierazteko soinuak antolatzeko lan egiten du, eta horretarako, hitzen, letren eta fonemen arteko loturak ezartzen ditu. Era berean, fonemen ahoskera erregulatzen eta monitorizatzen du, hitzaren zati bakoitzari ez dagozkion fonemak ager ez daitezen. Azkenik, artikulazio-kode moduko bat igortzen du, kortex motorrak jaso dezan eta azken horrek fonazio-organoak koordina ditzan.

Aipatu ditudan prozesu guztien ardatza memoria da. Horixe da garunaren gaitasunik garrantzitsuena, informazioa kodetzea, datuak gordetzea eta iraganean gordetako informazioa gogora ekartzea ahalbidetzen baitu. Bi memoria nagusi daude: epe luzeko memoria eta epe laburrekoa edo berehalakoa. Epe luzeko memoriak informazioaren kodifikazio semantikoa egiten du hura gordetzeko, hau da, kontzeptuen arteko loturari erreparatzen dio, eta ikerlariek diotenez, ezagutza edo informazio jakin batek 6 bat hilabete behar izaten ditu memoria honetan finkatzeko. Epe laburreko memoria, berriz, soinuen prozesamenduari lotuta dago. Informazio gutxi gordetzeko gai da, 30 segundotik minutu batera arteko tartean. Memoriaren azpi-atal gisa, memoria operatiboa ere daukagu, informazioa biltegiratu eta manipulatzeko, hizkuntza ulertzeko, irakurtzeko, ikasteko eta arrazoitzeko.

Arestian aipatutako eragiketa guztiak egiteko, interpreteak memoria mota guztiak erabiltzen ditu: epe luzeko memoriak interpretazio-saioaren aurretik barneratutako ezagutzaren datu-base gisa funtzionatzen du, interpretazio-saioan zehar erabiltzeko; epe laburreko memoria, berriz, topera aritzen da aldibereko interpretazioan, modalitate horren berehalakotasuna dela-eta. Hain zuzen ere, aldibereko interpretazioa egiten ari garenean, prozesu mental guztiak oso-oso azkar gertatzen dira, eta ondorioz, kontzeptu batzuk ez dira inoiz epe luzeko memoriara iristen. Hala, interpretazio-saioa bukatu eta gerora saio horretan esandakoa azaltzeko eskatzen badiguzue, ziurrenik memoria-ariketa galanta egin beharko dugu, eta hala ere, ez ditugu gauza asko gogoratuko. Bestalde, interpreteok kontu handiz ibili behar dugu epe luzeko memoriarekin eta, oro har, aldez aurretik barneratutako ezagutza guztiarekin, oso erraz “kutsa” baitezake interpretatu beharreko mezua: gure burmuinak entzundako mezuaren eta aldez aurretik gordetako informazioaren arteko lotura logiko eta azkarra egiten badu, jatorrizko diskurtsoan agertzen ez diren elementuak gehitzeko arriskua dago, epe luzeko memorian gordetako informazioa entzundako horrekin erlazionatze hutsagatik. Bestalde, memoriari askatasun osoa ematea bezain arriskutsua da hura blokeatzen duten egoeretatik pasatzea: antsietatea, hanka sartzeko beldurra, estresa…

Ikusten duzuenez, interpretearen burmuina orkestra sinfoniko paregabea da, eta sormenaren adibide eder honetan, burmuinaren atalak gogoz entrenatzen dituzten interpreteak baino ezin dira izan munduak hainbeste behar duen hizkuntza-kantuaren zuzendari.