Interpreteon iraultza

Maitane Uriarte Atxikallende

Ekainaren 29an honako izenburu hau zeraman albistea iritsi zitzaidan WhatsApp bidez: “El sorprendente motivo del parón de 20 minutos en el Pleno de las Juntas Generales de Álava”. Jakin-minez, albistea irakurri nuen eta benetan diotsuet ez nuela amaiera batere espero: “la persona encargada de la traducción se ha negado a continuar traduciendo el discurso de Ramiro González al no haber recibido de forma previa el texto que el candidato iba a leer desde el estrado”.

Hasieran, testua aldez aurretik jaso ez arren, ahal den moduan interpretatzen jarraitu beharra dagoela pentsatu nuen. Show must go on. Horixe sartu zidaten buruan bere garaian, baina… non dago muga? Birritan pentsatu nuen eta nik neuk ere behin baino gehiagotan gauza bera egin beharko nukeela konturatu nintzen. Bai nik eta bai gainerako interpreteek. Badakit ahal dugun guztia egin behar dugula eta azkenean gure lana beti aurrera ateratzen dugula, oztopoak oztopo, baina nik behintzat ez dut gehiegizko estresaren edo buruko zirkuitulabur baten ondorioz kabinan ziplo hilda geratu nahi, eta beldur naiz bide horretatik ez goazen.

Batez ere pandemiaz geroztik, gero eta ohikoagoa da dena azken ordurako uztea eta interpretazio-enkarguetara aldez aurreko dokumentaziorik gabe joatea, eta horrek izugarri kezkatzen nau. Beti diot profesionalak garela eta dena aurrera ateratzeko gai garela, prestakuntzari zein esperientziari esker, baina ez gara David Copperfield. Hitzaldiak, aurkezpenak, txuletak eta abar aldez aurretik bidaltzeko eskatzen dugunean, zerbaitengatik da: gizakiak gara eta aldez aurreko dokumentazio-lana egin behar dugu ezinbestean, gure lana ondo egin ahal izateko. Gainera, enkargu horretan testuak ziztu bizian irakurriko badira, ezinbestekoa da interpreteok testu horiek aldez aurretik jaso eta lantzea, gure burmuinak ere mugak dituelako.

Giza eboluzioaren historian, ezerk ez du interpreteon garuna programatu horren zeregin berezi eta nekagarrirako. Gure burmuinak aldibereko interpretazioan zehar duen funtzionamendua ezin dute ordenagailu potenteenek ere simulatu (momentuz, behintzat). Neurozientzialariek urteak eta urteak daramatzate hizkuntza ikertzen, eta hiztun eleaniztunei buruzko ikerketa ugari egin dituzte; hala ere, aldibereko interpretazioaren prozesua ulertzea erronka zientifiko izugarria da. Hainbeste gauza gertatzen dira interprete baten burmuinean, zaila baita nondik hasi jakitea. Modu sinplean esanda: interpretearen burmuinak orkestra-zuzendari baten pare funtzionatzen du. Garuneko eskualde askoren jarduera koordinatu behar dugu, portaera harrigarri eta konplexuak sortzeko. Naturaz gaindikoa dirudi, ezta? Ba imajinatu horri ziztu bizian irakurritako testuen aldibereko interpretazioa itsu-itsuan egin behar izatea gehitzen badiogu.

Unibertsitateko ikaslea nintzenean, asko miresten dudan irakasle batek esan zidan nik neuk erabaki eta sortu behar nuela interprete gisa nahi dudan etorkizuna, eta ez dut esaldi hori sekula ahaztu. Dirudienez, ez naiz bakarra izan, Arabako Batzar Nagusietako interprete hark ere horren alde egin baitzuen egun hartan. Interpreteok sasi guztien gainetik dantzan egiten ikasi dugun arren, bazen gutako batek aski dela ozen esateko garaia. Iraultza izan zen interprete haren aukera bakarra, eta egoera aldatzen ez bada, besteona ere hori izan beharko da azkenean.

Utzi iruzkina