Aurreiritziak

Santi Leoné

Lewis Trondheim-en Approximativement espainolez irakurri nuen, Mis circunstancias izenburuarekin Astiberrik egindako itzulpenean. Itzulpen txukuna, erraz irakurtzen dena, trabarik batere egiten ez duena, puntu batean izan ezik. Une jakin batean, pertsonaia batek (ez dakit Trondheimek berak edo bertze marrazkilari batek –liburua ez dut eskuar, galdua baitabil nire gauzen anabasan, eta, hortaz, buruz ari naiz–) besta bat eman du bere etxean, eta, gonbidatuen arabera, dena xarmantki joan da, primeran; izan ere, hara bildutakoek gauza txar bakarra dute aipatzeko: bikote bat komunean harrapatu zuten, musukabesándose, espainolezko bertsioan–. Esaldia gutienez bi aldiz ageri da liburuan (berriz diot, buruz ari naiz), gertaerak pertsonaiei atentzioa eman zien seinale. Harritzekoa da, halere, musu tonto batzuek, komunean eta ezkutuan emanda ere, jende gazte desinhibituaren artean hainbertzeko eskandalua sortu izana, eta, beraz, uste izatekoa da komuneko bikote hura en train de baiser ari zela atzeman zutela, larru jotzen alegia, eta ez (bakarrik edo nahitaez) musuka.

Lehenengo irudia

Zinez liluragarria da baiser aditzaren balio bikoitz hori: erromantikoa izan daiteke, melenga izateraino, Charles Trénet-ek haurtzaroan huts eginiko amodio baten oroitzapenak zerrendatzen dituelarik bezala (Toutes les joies, tous les désirs, toutes les larmes, / La jalousie, les cris, les pleurs et les baisers…), edo zakarra eta are desafiatzailea ere, Virginie Despentes-en Baise-moi hartan bezala.

Filma ere egin zuen gero Despentesek (Coralie Trinh Thi-rekin batera), baina AEBko bertsioan ez zuten ongi eman titulua, han Fuck me (jo iezadazu larru) behar zuena, Rape me (bortxa nazazu) bihurtu baitzen. Eta, Trondheimen liburuaren itzulpenari esker, badakigu Kiss me ere ez zatekeela egokia izanen. Baina AEBko honetan, Astiberriko hartan ez bezala, ez dugu hutsune bat itzultzailearen ezagutza linguistikoan; ez dugu nahi gabeko akats bat. Filmaren kasuan, itzultzaileak bere aurreiritziak ekarri ditu itzulpenera, eta luze eztabaida liteke baise-moi-berdin-rape-me horretan ageri den ikuspuntua soilik itzultzailearena den edo xede kulturan nagusi den ikusmolde baten isla ote den.

Bigarren irudia

Nolanahi ere, egia da hizkuntza guzietan aurkitzen ditugula ideologiaren zantzuak, eta bakar bat ere ez dela matxismotik edo arrazismotik libre. Eta ongi da, nire ustez, gure hizkuntzan harrapatzen ditugun arrasto horiek agerian uztea eta kritikatzea (Iñigo Aranbarrik, konparaziorako, maisuki egiten duen bezala), eta bertze hizkuntzetan ikusten ditugunak nabarmentzea, baina etxekalte ariko ginateke gure aurreiritzien ondarea kanpokoekin aberasten ibiliko bagina.

Miguel de Unamunoren erbesteko sonetoak kaleratu berri ditu Maiatzek, Jean-Louis Davantek euskarara eta frantsesera bihurtuak. Ehun eta hiru poemaren itzulpen bikoitza: lan izugarri handia, beraz, gure esker onak merezi dituena. 77. sonetoan, baina, gauza batek atentzioa eman dit (gaiari heltzeko manera bat da: egia aitortzeko, Twitterreko txio batek eman zidan abisua). Unamunok «Un mariquita aquí, una marimacho / por allí» idatzi zuen tokian, Davantek honela eman du euskaraz: «Pederasta bat hemen, lesbiana bat han». Uste izatekoa da Unamunok, «marimacho» hori idatzi zuelarik, lesbiana erran nahi zuela (nahiz eta Davantek frantsesez «hommasse» aukeratu duen –jatorrizkoaren esanahi literaletik hurbilago, beraz–, eta ez «lesbienne»). «Pederasta», ordea, neketan iduritzen zait onargarri (frantsesez, «hommelette» izan da Davanten hautua).

Hirugarren irudia

Egia da frantsesez «pédé» irain gisa erabiltzen dela homosexualak izendatzeko, eta hori bezain egia da, hiztegian, «pédéraste» hitzaren bigarren adiera hauxe dela: «Homme qui a des relations sexuelles avec d’autres hommes», beti ere esanahi horrek ondoan «par extension» edo (non begiratzen dugun) «abusivement» zehazten duen oharra duela. Baina frantsesez nolanahi den ere, galdera da, batetik, erabilera horrek tradiziorik duen euskaran (nik ez dut horrelako adibiderik kausitu ez Orotariko Euskal Hiztegian, ezta Ereduzko Prosa Gaurren ere); eta, bertzetik, ea horren kutsu iraingarria eta nabaria duen solas bat –homosexualak eta pederastak nahierara nahasten dituen erabilera linguistiko bat– inportatu nahi dugun. Gure aurreritziak aski ez eta auzoarenak ere ekarri behar? Bada, aukeran hobe ez.

Oharra: goian ageri diren irudiak honako argitalpen honetatik hartuak dira: Mis circunstancias, Lewis Trondheim (Astiberri Ediciones)

Desberdintasunak eta diferentziak

Maite Imaz

Orain dela hilabete batzuk, desigualdad eta diferencia terminoak euskaraz nola eman galdera etorri zitzaigun Eusko Jaurlaritzako Itzultzaile zerbitzu Ofizialeko (IZO) Terminologia Atalera, generoaren eta berdintasunaren arloan dihardutenek gaztelaniaz biak bereizten dituztela eta, beraz, euskaraz ere bereizi beharra dauzkatela adieraziz.

Lehenengo tentazioa gauza bera esan nahi dutela pentsatu eta euskaraz modu bakarrean ematea izaten da askotan. Ohikoa da testu administratiboetan horrelakoak ikustea:

En la realización de la evaluación previa de impacto en función del género y la introducción de medidas para eliminar desigualdades y promover la igualdad que se prevén en los artículos 19 a 20 de esta ley, se ha de tener en cuenta la influencia que, en las diferencias entre mujeres y hombres, tienen los factores señalados en el último inciso del párrafo 1 del artículo 3.

Generoaren araberako eragina aurretiaz ebaluatzerakoan –legeko 19. artikulua– eta ezberdintasunak ezabatu eta berdintasuna sustatzeko neurriak ezartzerakoan –legeko 20. artikulua–, kontuan hartu behar da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunetan 3. artikuluko 1. paragrafoko azken tartekian adierazitako faktoreek daukaten eragina.

Hori ikusita, pentsatuko genuke gaztelaniaz sinonimoak erabili direla eta euskaraz, berriz, ez. Baina ustezko sinonimoak ez dira sinonimo izango, dagokion arloko hizkuntza espezializatuan definituta dauden kontzeptu ezberdinak adierazten badituzte. Terminologia eta lexiko orokorra ez dira gauza bera; terminologia, hizkuntza espezializatua, konbentzio bat da: adituek kontzeptuak izendatzeko hartzen dituzten erabaki arbitrarioak, elkar ulertu ahal izateko. Kontzeptuak izendatzeko, terminoak erabiltzen dira, eta egoera ideala espezialitate eremu bateko kontzeptu bakoitzerako termino bakar bat erabiltzea, eta termino bakoitzak kontzeptu bakar bat adieraztea litzateke. Sinonimia eta polisemia desegokiak izaten dira espezialitate-eremuetako terminologian.

Kontzeptu bakoitzaren esanahiaz jabetu ahal izateko, galdera egin zigutenei testuingurua eskatu genien, eta bidali zizkiguten testuak ikusi ondoren konturatu ginen desigualdad kanpotik ezartzen den eta bereizkeria eragiten duen zerbait dela (introducción de medidas para eliminar desigualdades en función del género), eta diferencia berezko zerbait dela  (las diferencias existentes entre mujeres y hombres en cuanto a su biología, condiciones de vida, aspiraciones y necesidades). Horrenbestez, hauek izan ziren Terminologia Atalaren proposamenak desigualdad eta diferencia emateko:

desigualdad = desberdintasun

Kontzeptualki, igualdad terminoaren antonimoa litzateke; alegia, igualdad terminoa diskriminaziorik ezarekin lotzen da, eta desigualdad, berriz, diskriminaziozko egoeraren batekin.

Gaztelaniazko igualdad terminoa, bere adierarik zabalenean (igualdad de oportunidades, igualdad de acceso a la justicia, principios de  igualdad y progresividad…), berdintasun euskaratu da orain artean, eta, normala denez, generoaren arloan ere berdintasun erabili da (ia) sistematikoki. Hortaz, berdintasun terminoari eutsi egingo genioke, erabiltzaileen artean oso finkatuta dago eta.

Berdintasun kontzeptuaren aurrez aurre (edo antonimo gisa) desberdintasun proposatu dugu. Egia da beste aukera batzuk ere bazirela; esaterako, ezberdintasuna, berdintasunik eza, bereizkeria… Gure ustez, baina, behin berdintasun kontzeptua finkaturik, erro bereko izendapena erabiltzea komeni da kontrako esanahia adierazteko, kontzeptuak identifikagarriagoak izan daitezen.

Kontzeptuen identifikagarritasunaz gainera, terminologia-lanean aintzat hartu beharrekoa izaten da forma jakin batek eratorbiderako ematen dituen aukerak. Ari garen adibidean, igualdad (de género) eta desigualdad(es) (de género) izendapenek igual (trato igual) eta desigual (justicia desigual, atención desigual) adjektiboak erabiltzeko aukera eskaintzen dute. Euskaraz ere beste horrenbeste egitea komeni da, ahal dela, eta berdintasun eta desberdintasun hitzek horretarako aukera ematen dute, berdin eta desberdin adjektiboen bidez.

diferencia = diferentzia

Gaztelaniazko diferencia (de género) substantiboa diferentzia proposatu dugu. Ohartu gara beste ordain batzuk ere proposatu direla: alde(ak) eta ezberdintasun(ak), esaterako…, baina ikusirik ezen, gaztelaniazko testuetan, diferencia izena ez ezik diferenciado eta diferente adjektiboak ere erabiltzen dituztela kontzeptu beraren inguruko gertakariak izendatzeko (trato diferenciado, tratar de manera diferente…), euskaraz ere kategoria gramatikala aldatzeko aukera eskaintzen duen forma proposatzea komeni dela iruditu zaigu, eta diferentzia izena egokia da horretarako (diferente adjektiboa erabiltzeko aukera ematen digulako), alde(ak) ez bezala. Beste aukera (ezberdintasun) ez zaigu batere funtzionala iruditzen, desberdintasunak eta ezberdintasunak bereizten hastea oso nahasgarria iruditzen zaigu-eta.

Maribistako

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Hitz batzuek iragan denborako oihartzunak ekartzen dizkidate atzera, nire haurtzaroko koloreei, batzuetan margul besteetan bizi ageri zaizkidan irudi eta lurrinei atxikiak daudelako nolabait nire bihotz-burmuinetan. Eta holako hitz bat duzue gaur honat ekarri nahi dudana: maribistako.

Maribistako da hitz bat garai bateko Iruñeko erdaldunen ahotan noizean behin aditzen zena, gure auzoan ohiko samarra zenean aditzea «dicen que va a langarrear», «se están muriendo los zugarros», «no seas zacarro» edo «me tendrás que dar algo a ordea»; eta Unzu erostetxeetara amarekin tapaki bat erostera joan eta saltzaileak normal-normal esaten zuenean «qué le parece esta manta, señora, es muy gosho». Zeren, blog honetan agertutako Gaztelaniaz, nik beti «abuela» testuak eragindako iritzi-trukean aipatu zen bezala,  Iruñean ere euskarazko hitz anitz agertzen baitziren gaztelaniazko solasetan, hiztunen oharkabean maiz, euskal jatorrizkoak zirela jakin gabe erabiltzen ziren-eta askotan.

José María Iribarrenen Vocabulario Navarrok honela dio:

MARIBISTACO. De maribistaco: Aplícase a los objetos de bonita apariencia, pero de corta duración y pésimo resultado; a las engañifas. (Tierra Estella, Puente la Reina, Pamplona, Montaña).

Hauxe, berriz, Antzingo Udalaren (Egaibar, Lizarrako merindadea) web-orrian irakurgai dagoen hiztegiak, hango hizkeraren euskal jatorriko hitzak biltzen dituenak:

MARIBISTAKO: así le dicen todavía en una familia del pueblo a lo de mucha apariencia pero de poco valor: «Es un vestido de maribistako».

Baztango Mintzoa: gramatika eta hiztegiak ere badakar:

maribistako (maribisteko) ‘itxura egiteko bakarrik balio duena’: unek eztu balio, au maribisteko bat da.

Eta Elhuyar eta Labayru hiztegiek jasotzen ez badute ere, Orotarikoan badago (mari-bistako), aurreko adibide bera agertzen delarik, besteak beste.

Euskalerria Irratiko Pipitaki-papataki lehiaketan maribistako hitza proposatu zuten (orain dela 16-18 urte) eta, entzuleek esandakoaren arabera, Nafarroako eskualde askotan erabiltzen zen (da?).

Egun, gehien-gehiena maribistako den honetan (arropak, gailuak, gure ondasunak eta jendaurreko jarrerak), bitxia gure solas eta testuetan hitz horren hain premia txikia sumatzea.

Itzulpen esperimentua

Angel Erro

Susmoa nuen bezala, joan den hileko artikuluari eman nion izena ez zen egokiena, gaurkoari izenburu bera para niezaiokeelako. Irudipena dut poesia (eta, zehazkiago poesia itzultzea (eta, zer esanik ez, poesia itzuliaren azterketa)) itzulpengintzaren erronka jakin batzuk gertuagotik ezagutzeko oso tresna baliagarria izan daitekeela. Orain gutxi berriro sentitu dut Rikardo Arregiren poema baten aurrean, itzultzeko ahalegina egin dudanean, baina ohartu naiz aspaldiko irudipena ere badela. Duela zortzi egun, Volgako Batelariak literatur blogean egiten nuen lehendabiziko testuetako batean, Optaziano Porfirioren olerki bat itzultzearekin batera.

Latinezko poema hark bezala, Rikardo Arregirenak ere (Amodiozko poemak edo ataleko hamalaugarrena) hitzekin eta hitzen jarrerarekin jolas egiten du, baina azken asmoa arras bestelakoa dute biek. Arregirena Billy Collinsen ereduari jarraitzen dion paradelle bat da. Billy Collinsek poesia formalaren estutasunez trufa egiteko (izan ere paradelle izena parody eta inspirazio iturri omen duen villanelle hitzen lotura da), poema estrofiko bat asmatu zuen, trobadoreen tradiziotik zetorrelako gezur esanez (Arregiren poema liburuan ere asko dira trobadoreei eginik keinuak) eta litekeen konposizio poetikorik zailena dela aldarrikatuz.

[Arauak hauexek ditu: Lehen ahapaldiko bigarren eta laugarren lerroak, hurrenez hurren, lehen eta hirugarren errepikapenak dira, baina bosgarren eta seigarrenak aurretik erabilitako hitzak berrerabili behar ditu behin kokapena aldatuta. Gauza bera bigarren eta hirugarren ahapaldiekin. Laugarrenak aurreko hiru ahapaldien hitzak  berriz erabili beharko ditu, oraindik ere kokapen berri batean. Jatorrizkoa nolakoa den ikusteko, jo hona]

Parodia denez gero, Collinsek ez du bere burua estutzen hitzen birkokapen bakoitzarekin pieza guztiak ahokatzeko. Hitzak birrordenatuta, emaitza ederrekin batera («Another pain for me to darken the mountain. / And find the time, cross my shore» edo «Quick, your nervous branch flew from love», hau da, «Beste oinaze bat niretzat mendia iluntzeko. / Eta denbora aurkitu, nire hondartza gurutzatu» edo «Arin, zure adar dardaratiak hegan egin zuen amodiotik»), horiek bezalakoekin batera, nioen, emaitza agramatikalak eta itzulezinak ere baditugu («find was my into it was with to to»).

Formulak arrakasta izan du, eta asmatzaileak berak paradelleen antologia bat atondu du, broma luzatuz. Ez dut eskuartean izan, baina esango nuke antologia horien egile gehienek (ausarta banintz, guztiek esango nuke) paradelle serio bat osatu nahi izan dutela, formak dakartzan zailtasunak gainditzen ahaleginduta. Literatur irakasgai bat ere bada hori, jarraitzaileen ingurukoa.

Euskal literaturan, oker ez banago, lehen ahalegina Rikardo Arregi Diaz de Herediak egin du Bitan esan beharra poema liburuan (Alberdania, 2012).

         

AMODIOZKO POEMAK EDO XIV

Billy Collins-en ereduari jarraituz, paradelle bat

eta matsaren urrezko orrijak.

Lauaxeta

Mahastietan zure eskuak lanean daude
Mahastietan zure eskuak lanean daude
Nire gorputza jeloskor dabil zuri begira
Nire gorputza jeloskor dabil zuri begira
Nire eskuak zuri begira jeloskor daude
Mahastietan zure gorputza dabil lanean

Lanen izenak ikasten ditut oinak zikindu
Lanen izenak ikasten ditut oinak zikindu
Praka urdinak lasai ikusi lurren desirak
Praka urdinak lasai ikusi lurren desirak
Praka desirak zikindu oinak lurren izenak
Lanen urdinak ditut ikusi lasai ikasten

Traktore gurdi bideen hautsa zure izerdi
Traktore gurdi bideen hautsa zure izerdi
Ur gazi hori da nire ardo jainkoen sua
Ur gazi hori da nire ardo jainkoen sua
Bideen sua da nire ardo ur gazi hori
Zure izerdi jainkoen hautsa traktore gurdi

Lurren urdinak lanean daude zuri begira
Oinak ikasten zikindu ditut praka izenak
Ur lasai hori nire gorputza traktore sua
Mahastietan jainkoen hautsa da nire ardo
Zure eskuak lanen desirak bideen gurdi
Jeloskor dabil gazi ikusi zure izerdi

Poema irakurrita, lehen aipatu bezalako paradelle serio bat zelakoan nengoen, euskararen morfologiak ahalbidetzen duen neurrian, zentzu berriak eta ezberdinak bilatzen nizkion lerro bakoitzari. Poetak bere lana errezitatzen entzuteak lagundu dit, horretaz aparte, edo horretaz gain, hitzen segiden liluran kiribiltzen direla esaldiak, zentzuaren eta zentzu ezaren ertzean eroso. Egingo nuke, ez baitiot egileari galdetu, poemaren aurrera egitean ez duela semantika gidari. Nire ustez, ez dabil Billy Collinsen asmoetatik urrunegi, parodiara iritsi ez bada ere.

Horrexegatik, hain zuzen ere, poema itzultzea erronka da, interpretazio erronka bat. Poema on bat estutu eta parodiatutakoen talderaino bultza dezakegu. Bestetik, morfologiak ere hain ezberdin izaki, loturak egiteko moduak eta abar, erronka ere bada, gaztelania usatuagoak esanahia bestela ainguratu baitezake. Azkenik, poemak berak barne mekanikaz eraikitzen du bere burua (ez Porfiriorena bezain estuki, hala ere), eta ondorioz egiaztatu ahal izan dut noraino aldentzen diren hizkuntza bakoitzeko azken emaitzak.

Ea ba:

En el viñedo hacen tus manos su trabajo
En el viñedo hacen tus manos su trabajo
Mis miembros sienten celos mirándote
Mis miembros sienten celos mirándote
Mis celos mirándote sienten manos
En el trabajo tus miembros hacen su viñedo

Aprendo los nombres de las labores ensucio mis pies
Aprendo los nombres de las labores ensucio mis pies
Tranquilo contemplo pantalones azules deseo de tierras
Tranquilo contemplo pantalones azules deseo de tierras
Los pantalones ensucio de deseo mis pies nombres de tierras
Contemplo las labores azules aprendo tranquilo

Tu sudor polvo del camino remolques y tractores
Tu sudor polvo del camino remolques y tractores
Ese líquido salado es mi vino fuego de dioses
Ese líquido salado es mi vino fuego de dioses
Camino del fuego es mi vino ese líquido salado
Tu sudor polvo de dioses tractores y remolques

Los azules de tierras mirándote hacen su trabajo
Aprendo mis pies ensucio nombres de pantalones
Ese líquido tranquilo fuego de tractores mis miembros
En el viñedo polvo de dioses es mi vino
Tus manos y las labores deseo remolques del camino
Sienten celos salado contemplo tu sudor

 

 

Ondorioak: Itzulpen batek esanahia finkatzen du, jatorrizkoak baino gehiago. Paradelle «serioak» gaitzetsi baditut lehenago, ondorioztatu behar dut, irizpide horri jarraiki, itzulpen honen emaitza den paradellea jatorrizkoa baino txarragoa dela. Jatorrizko «praka desirak zikindu», gaztelaniaz, derrigorrez jokatuta eta hala emateko tentazioari ezin eutsita, «los pantalones ensucio de deseo» bilakatu da. Oraindik ere, nire ustez, aldaera zilegia.

Azken ahapaldia (aurreko guztien hitz guztiak berrantolatu beharrekoa) itzultzailearen tenkaren amesgaizto moduan sentitu dut, bere ahalmen osoan, hau da, zeini lotu, jatorrizkoaren hitzez hitzezkoari edo beste hizkuntzaren posibilitate guztiak ustiatzeari. Esan bezala, «esanahi» gehiegi ez sortzea izan dut iparrorratz, nahigabe ere sortzen denaz aparte, baina hala ere aitortu behar dut tentazio handia izan dudala azken ahapaldi horretan «remolques del deseo» (poesia petrarkistaren irudia izan litekeena), «camino tus pies» (camino hitzaren izentasun eta adiztasunarekin jolasean), eta are hasierara jo eta «ese líquido» «dicha agua» bihurtu eta, horrela, gero «dicha» ere «esandako» moduan eta «zoriontasun» moduan erabili ahal izateko eta esanahi zurrunbilo berriagoetan murgiltzeko.

Ez dut egin, baina bekatua aitortu nahi dut.

Erlatiboen ezkerreko jirak

Asier Larrinaga Larrazabal

Lehengo batean, menderagailu prepositiboen auziaz aritzea agindu nuen, eta hitza betetzera nator, gaiari ZEIN-erlatiboen alderditik helduta, azkenaldian nonahi aurkitzen ditut-eta, batez ere non-dunak. Baina ezer baino lehen, barka eskatuko dizuet, irakurleak, testua luzetxo irten zait eta, adibideengatik.

ZEIN-erlatiboak

Euskaltzaindiak (1) datu hauek ematen ditu ZEIN-erlatiboen formaz eta funtzioaz.

  • Interpretazioari dagokionez, erraz hartzen dute balio ez-murrizgarria, baina balio mugagarria ere har dezakete (eta, beraz, murrizgarria ere bai).
  • Egitura orokor hau dute: [(…) (aurrekaria+kasua)] [(izenordain erlatiboa+kasua) (…) (aditza+menderagailua)]
  • Izenordain erlatiboa zein edo non izan daiteke. Zein mugagabean nahiz mugatuan joka daiteke, edozein kasutan (partitiboan izan ezik). Non leku-denborazko kasuetarako alternatiba da.
  • Menderagailua bait– edo –n izan daiteke.
  • Izenordain erlatiboa aurrekariaren aposizioan jartzen da, kasu hauetan izan ezik: a) aurrekariak posposizio bat du; b) aurrekaria izenlagun bat da; c) aurrekariak beste aposizio bat du; d) aurrekaria galdegaia da.
  • Adibidea: «Dantzariaren jirak ere, guztiak dira ezkerrekoak, zein den pausu egiteko eta ibiltzeko alde madarikatua Eskritura Santuan».

Erabilerari dagokionez, hizkuntza idatzirako eta hizkuntza jasorako baliabidea dela dio Euskaltzaindiak. Antzekoa esan zuen Villasantek (2): «La lengua escrita necesita útiles e instrumentos sin los que la lengua hablada puede pasarse».

Adibide bilketa

Ez da zaila egungo testuetan nahi beste adibide biltzea. Nik Sustatu eta Zuzeu erabili ditut adibide-iturri gisa.

(01) Lursoru hori bera 3,35 milioi euroan erosi zuen Eibar Berri enpresak, zeinaren atzean eraikuntza enpresa batzuk dauden. (sustatu.com/1303231503)

(02) Oraindik ez dugu aurkitu webgune bat ere, non euskaldunok murgil gaitezkeen lagun bila, Axularren hizkuntzan. (sustatu.com/1086788636)

(03) Jarraian Irritxoen eguneko irekiera ekitaldiari emango zaio hasiera non hitzaldi motz baten ostean Oreretako alkateak Irritxoen eguneko Alkate Txikia izendatuko du. (sustatu.com/irritxoeneguna/1350053022)

(04) [Salvados programan] Hezkuntza sistemak pairatzen dituen benetako hainbat arazoren aipamena egin zelakoan nago, oraingoan, ez beste hamaika aldiz bezala, non La Sexta katearen progresismo light horrek erdizka uzten nauen. (http://zuzeu.com/blogak/iruntzi-dana/)

(05) Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. (sustatu.com/aedelkartea/1353946898)

(06) Duela hilabete batzuek ikastoletan dabiltzan irakasle batzuek (gure IKTeroak tartean, esan egin behar da, mila mersi ideia, itzulpena eta guztiagatik) ZirIKTeroak izeneko txiringoarekin eman ziguten sorpresa. Halako txoko bat non teknologia, konpetentziak, katxarroak, internet eta hezkuntzaren gainean diharduten gustura eta alai. (sustatu.com/1224054654)

(07) Whatsapp da aplikazio bat telefono mugikorretan instalatu daitekeena, zeinekin zure kontaktuekin doan txateatu dezakezun, Internet konexioa baldin baduzu bederen. (http://sustatu.com/1310126750)

(08) Hirugarren gunea. Bertan bazkari herrikoia izango da non haur zein helduentzako menu bereziak izango ditugun. (sustatu.com/irritxoeneguna/1350053022)

(09) Adostasunetara iristea Politikan zaila izaten da. Eta are gehiago euskal politikan, non identitate kontuek dena baldintzatzen baituten eta gizartea erdibitzen baiten horretaz hasterakoan. (http://zuzeu.com/blogak/zintzotasunez)

Adibideak ikusita, gertakari hauek azpimarratuko nituzke:

a) Euskaltzaindiak azaldutako egitura orokorra betetzen duten testuak zainduagoak dira, bai erlatiboa eratzeko moduan, bai beste hizkuntza-ezaugarri batzuetan.

b) Izenordain erlatiboa zein denean, mugaturik erabiltzen da nagusiki.

c) Joera nabarmena dago menderagailu bietatik –n hobesteko.

d) Egitura orokorra betetzen ez duten esaldietan, lehenik eta behin, aditzari erantsi beharreko menderagailuan igartzen dira gorabeherak (03: elisioa; 09: bikoiztasuna).

e) Bigarrenik, hainbat esalditan (04, 06, 08) ez da oso garbi igartzen zer lotura duen erlatiboak aurrekariarekin; egiazko erlatibo bat baino gehiago, lokailu soil bat dirudi.

f) Egitura orokorra ez betetzea —d) eta e) atalak— akastzat jotzen badugu, akats gehiago detektatzen dira non-dun esaldietan.

g) Oro har, txukunagotzat dauzkadan autoreetan ez dut ZEIN-erlatiborik aurkitu. Bestalde, ZEIN-erlatiboa aurkitu dudan testu askotan, batik bat non-dunetan, gaztelaniatiko itzulpen baten aurrean nagoen sentsazioa sortzen zait. Onartzen dut, dena dela, azken g) atal honetan diodana subjektiboa dela.

Ahozko testuetan ere bai

Sail honetako adibideak ETBko analisi- eta debate-saioetan bildu ditut, parte-hartzaileen bat-bateko ahozko jardunetik zuzenean.

(10) Normalean erreferendumak irabazi egiten ditu galdera egiten duenak. Munduan horrela funtzionatzen du % 90ean; ez baldin bada leku bat non tradizio izugarri bat dagoen, eta kontzientzia bat hiritarrena, Suitzan bezala. (Egun on, Euskadi, 2013.06.24, 09:38)

(11) Entzun beharko lukete baita ere, behintzat, zer-nola pentsatzen duen herritargoak leku batean non aplikatu den atez ateko sistema. (Egun on, Euskadi, 2013.06.24, 09:40)

(12) Nik ez dut ezagutzen esperientzia historikorik, non federalismo asimetrikorik dagoen. (Debatea, 2013.06.20, 23:17)

(13) Nik uste dut lan handia geratzen da oraindikan egiteko, batez ere holako ekosistema batzuk sortzeko, eta eremu batzuk non euskaldun batek posiblea du integrala izatea, esan nahi dut, posiblea du bere eginkizun guztiak euskaraz egin. (Azpimarra, 2013.06.28, 19:21)

(14) Zer dira balioak? Zer baloreak transmititu nahi ditugu? Hainbat giza tratatuetan, nazioartean adostuta, non horietako batzuk Elizaren kontra ari den? Horiek dira balioak? (Debatea, 2013.06.27, 23:31)

(15) Beste alde batetik, guk sistema bat jarri dugu martxan, teknikoki, non topeak kontrolatzen diren. (Debatea, 2013.06.20, 22:35)

(16) Iritsiko da puntu bat, konbentzituta nago iritsiko dela puntu bat non jarreraz aldatu beharko dutela. (Azpimarra, 2013.06.26, 19:21)

(17) Euskal Herrian daude bi alderdi momentu honetan, Alderdi Popularra eta Alderdi Sozialista, zeinek esaten duten Bilduk oraindik ez duela onartu zoru etiko minimo hori. (Egun on Euskadi, 2013.09.10, 10:01)

Berriro ere, gertakari batzuk azpimarratu nahi ditut:

a) Euskaltzaindiak azaldutako egitura orokorra betetzen dutenak gutxienak dira (16, 17).

b) Izenordain erlatibo ia bakarra non da, zein-en adibide bat ere aurkitu dudan arren.

c) Aditzari itsasten zaion menderagailu bakarra –n da, elisioak (13) eta berrikuntzak (16) alde batera utzita.

d) Batzuetan (14, 15), ez da oso garbi igartzen zer lotura duen erlatiboak aurrekariarekin, batik bat ez dagoelako aurrekaria identifikatzerik.

e) Beste kasu batzuetan (10, 11, 12), erlatiboaren bidezko lotura traketsa da.

f) Oro har, hainbat hizkuntza-ezaugarrik salatzen dute esaldi gehienak traketsak direla.

g) Alor subjektiboan sartuta, ZEIN-erlatiboa duten diskurtsoek gaztelaniazko itzulpen baten aurrean nengoen sentsazioa sortzen didate. Txukunago iruditu zaizkidan hiztunei, berriz, ez diet ZEIN-erlatiborik entzun.

Areago, euskaldun askori ez zaie ezergatik ere etortzen ahora ZEIN-erlatiboa, nahiz eta, adibide deigarri honetan bezala, aukera-aukerakoa izan (multzo hutsa txertatu dudan lekuan, batek baino gehiagok non jarriko zuen).

(18) Nik uste dut denborarekin —errealitateari iskin egin gabe ere— iritsiko da unea Ø —denok aurrera egingo badugu eta etorkizuneko elkarbizitza horren izenean denok nahi dugun horretara begira— ez gauza batzuk ez ikusiarena egin baina bai gauza batzuk gainditze horretan indar gehiago jarriko duguna. (Azpimarra, 2013.06.26, 19:22)

Ondorioak

ZEIN-erlatiboa era guztietako testuetan zabaldu da. Gaur egun, beraz, ez da testu idatzi zainduen ezaugarria. Alderantziz, gehiago agertzen da testu traketsetan. Egitura orokorrari dagokionez, eskema hau eman dezakegu: [(…) (aurrekaria+kasua) (…)] [(non) (…) (aditza+n)].

Funtzio eta balioak direla eta, testu idatzi zainduetan egiazko erlatiboa da. Hortik kanpo, balio zehaztu gabeko lokailua baino ez da, hainbat eta hainbat ustezko aurrekaritik aldenduta agertzeak erakusten duen bezala.

_________________________________

(1) Euskaltzaindia (1999). EGLU V, 218-240.
(2) Villasante, Luis (1979). Síntaxis de la oración compuesta, 87-92.

Bi-biak, biak ala biak

Isabel Etxeberria Ramírez

Lehenago ere hizpide hartu dira blog honetan euskara itzuliaren eta ez itzuliaren arteko aldeak. Ba ote da euskarara itzulitako testuetan (eta ez euskaraz sortutakoetan) sistematikoki eta koherentzia handi samarrez gailentzen den joera linguistiko-estilistikorik, eta alderantziz? Auzi zinez interesgarria da, eta iker-eremu horretan lor litekeen ezagutzak argi egin lezake ulertzeko zer eragin duen itzulpenak hizkuntza baten bilakabidean.

Aurreko batean, horrelako alderaketa-saio baten emaitza bat ekarri nuen hona. Orduko hartan, Ereduzko Prosa Gaur corpusa probaleku hartuta, testu itzulien eta ez itzulien artean ñabardurarako eta espezifikaziorako joeran alderik ba ote zegoen aztertzen saiatu ginen. Oraingoan, beste alderdi bati erreparatuko diogu: euskarak bere-bereak dituen ezaugarrietan, nola jokatzen dute euskal itzultzaileek, eta nola euskal idazleek? Hau da, erdara gehienetan baliokide zuzenik ez duten euskal egiturak maiztasun berarekin erabiltzen al dituzte batzuek eta besteek? Lehen itxura batean, pentsa liteke ezetz; itzultzaileak sorburu-testuan euskal egitura horiek erabiltzera bultzatzen duen ordain zuzenik topatzen ez duenez, gutxiagotan baliatuko dituela halakoak.

Har ditzagun adibide gisa [bi-biak, bi-biok, bi-biek…] eta [biak ala biak, biek ala biek…] egitura multzoak. Salbuespenak salbuespen, nekez aurkituko du erdaretan euskal itzultzaileak [biak, biok, biek…] soilen ordez [bi-biak, bi-biok…] edo [biak ala biak, biok ala biok] egitura enfatikoak ezinbestean erabiltzera bultzatuko duen ezer. Frantsesezko tous les deux egitura izan daiteke, jakina, salbuespen horietako bat, eta bilaketa oso azaleko baten ondoren horixe baieztatu ahal izan dugu: aztergai izan dugun corpusean, euskarazko egitura horietakoren bat darabilten frantsesetiko itzulpenetan, tous les deux agertzen da maiz jatorrizkoan. Ikusiko dugunez, dena den, frantsesetiko adibideek ez dituzte datuak askorik aldatzen.

Orduko hartan bezala, Ereduzko Prosa Gaur corpusa hartuko dugu probaleku, eta egitura horietako bakoitza euskaraz sortutako zenbat liburutan eta euskarara itzulitako zenbatetan erabili den zenbatuko dugu. EPGn itzulpenen eta euskaraz sortutako testuen kopuruak bat ez datozenez (111 testu itzuli vs euskaraz sortutako 176), faktore zuzentzaile bat erabili dugu bi azpicorpusak orekatzeko: 1,58 (176/111 zatitzetik lortua).

Emaitzak ez dira ikusgarriak, baina bai, nire iritzian, esanguratsuak:

 Euskarara itzulitakoak
(liburu kopurua)

 Euskaraz sortutakoak
(liburu kopurua)

bi-biak
bi-biek
bi-biok (abs.)
bi-biok (erg.)
bi-biei
bi-bioi
bi-bien
bi-bion
bi-biotan
bi-bietatik
bi-biez

25,28
12,64
6,32
4,74
0
0
4,74
4,74
0
0
1,58

22
6
1
2
3
1
4
1
1
1
0

GUZTIRA  60,04  42

.

 Euskarara itzulitakoak

 Euskaraz sortutakoak

biak ala biak
biek ala biek
biok ala biok (abs.)
biok ala biok (erg.)
biei ala biei
bioi ala bioi
bien ala bien
bientzat ala bientzat

 33,18
23,7
4,74
1,58
1,58
1,58
1,58
1,58

40
14
3
1
3
0
2
0

GUZTIRA

 69,52

 63

Guztizkoei begiratuz gero:

  • Bi-biak multzoko egitura guztiak kontuan hartuta, 60,04 itzulpenetan erabili dira halakoak, eta euskaraz sortutako 42 liburutan. Frantsesetik itzulitakoak 11 dira (17,38, zuzenketa-faktorea aplikatuta). Frantsesezkoak kenduko bagenitu ere, 42,66 itzulpen eta euskaraz sortutako 42 liburu geratuko lirateke konparagai.
  • Biak ala biak multzoko egitura guztiak kontuan hartuta, 69,52 itzulpenetan erabili dira halakoak, eta euskaraz sortutako 63 liburutan. Frantsesetik itzulitakoak 5 izanik (7,9, zuzenketa-faktorea kontuan hartuta), 61,62 itzulpen eta euskaraz sortutako 63 geratzen dira.

Esan bezala, muturreko daturik ez du ematen konparazio-ariketak, eta hala ere jakingarria iruditzen zait itzulpenetan euskaraz sortutako testuetan adina agertzea bi egiturok. Itzultzaileen kalitateaz mintzo dira datuak, nire ustez. Izan ere, baldin eta jatorrizko testuetan euskal egitura enfatiko horiek erabiltzera bultzatzen duen ezer ez badago, emaitzek aditzera ematen dute itzultzaileek hizkuntza-sen garatua eta jarrera ernea ageri dutela beren itzulpen-lana egin bitartean. Ereduzko Prosa Gaur corpuseko datuak dira, noski. Beharbada horixe da testuok ereduzkotzat jotzeko arrazoietako bat?

«Espinilla» nola esan

Fernando Rey Escalera

Nik maiz esaten dut itzulpen-lana, bakarlari-lanaren itxura hartzen bazaio ere, taldelana dela, baita lana etxezuloan bakarrik egiten dugunean ere. Egiten dugun edozein itzulpenetan beste askoren laguntza izaten dugu. Hori gabe, jai genuke.

Adibide hoberenetakoa hiztegiak eta hiztegigileak dira. Sekulako lana egin eta egiten dute, eta, haiei eskerrak, burua sobera estutu gabe izaten ditugu aukeran gure buruhausteetarako konponbide franko.

Baina behin baino gehiagotan gertatu zaigu guztioi hiztegietara jo eta ematen zaigun ordainarekin pozik ez gelditzea. «Honek ez zidak balio», «hemen tranpa egin ditek» esaten diot neure buruari. Hiztegia baliabide bat baita, lagungarri bat, baina ez itsu-itsuan jarraitu behar zaion zerbait.

Azkenaldi honetan aski sartua nagoenez anatomiarekin edo semiologiarekin ikustekoa duten gauzetan, arlo horretako problema batekin heldu naiz gaur, denon artean konponbidea aurkituko diogulakoan. Hogeitaka urte eman ditut nire lankide gehienekin, eta oraindik ere ez diogu behar bezalako soluziorik aurkitu.

Eta hauxe da: «espinilla» euskaraz nola esan, ez bernazakia, noski, baizik eta azaleko mutur beltzeko pikor mota hori. Gaztelaniaz, «comedón» ere esaten zaio, edo «barrillo». Nik frantsesez jakin ez, eta galdeka ibili naiz: «comédon» edo «point noir» esaten omen zaio.

Dermatologiaren zehaztasunetan sakondu gabe, nik hiru hitz esateko premia izaten dut.

a) Grano. Larruazaleko trastornoa izendatzeko hitz inespezifikoa, ez baitugu esaten pustula edo makula den edo nolako sintomak dituen. Nire aukera: pikorra.

b) Divieso edo forúnculo. Azaleko inflamazioa da, ile-folikuluaren eta inguruko azalazpiko ehuna infektatzean gertatzen dena. Estafilokokoa izeneko bakterioak eragiten du gehienetan. Pikor hauek zornea dute, materia. Nire aukera: erlakizten edo zaldarra.

c) Espinilla. Aknearen efloreszenzia primarioa. Hiperkeratosiaren ondorioz bilgor-guruineko folikulua ixten denean gertatzen da. Tapoi bat eratzen da, eta folikuluaren kanala erabat betetzen. Melanina, airearen eraginez, oxidatu eta belztu egiten da, eta puntu beltz gisara ikusten dugu azalean. Euskaraz nola? Hau da problema.espinillaren irudia

Nire euskaran eta nire ingurukoenean –galdeka ibili naiz han-hemenka–, «grano» esateko «pikorra», edo «granoa» da modu ohikoena, zabalduena. Hiztegiek zer dioten ikusita, ematen du pikorta eta pixika ere esaten direla.

Orotariko Euskal Hiztegiak aukera hauek ematen ditu:

bona. “(V-m-ger), granillos de la cara, que producen vivo dolor al querer hacerles supurar” A.

pikor.  Grano, erupción, absceso.

erlakizten, erlakaizten. “Divieso mayor” Lar. “Cirro, divieso sin ojo” A. “Divieso”

zaldar. Divieso. “Clou ou furoncle” O-SP 222. “Divieso mayor”

ZALDAR-BELAR (-bedar V; saldarbedar V-m). Ref.: A (zaldar-bedar); Arzdi Plant1 279. “Hierba para curar diviesos”

zuldar 1. “Divieso […] si es menor, susterra, (V) zulderra” Añ. “Cierto grano de la piel” A. “Barro, granillo de la piel” Ib. “Divieso, forúnculo.

Zehazgabetasuna da aurkitu dudan problema, gehienbat erdaratik euskarara ari garenean, zeren, grano, divieso, forúnculo edo espinilla begiratuta, hauxe aurkitzen dugu:

Adorez 5000

espinilla: f. 1 grano purulento: zaldar, bona
divieso: m. zaldar, erlakizten, bixika, basasto
forúnculo: m. (Med.) zaldar, erlakizten
grano: 4 m. (Med.) grano de la piel: zaldar, pinporta, pikor, bixika, pirikorna, borna.

Elhuyar hiztegia

forúnculo: erlakizten
divieso: ezlakizten
espinilla: zaldar. Me ha salido una espinilla en la cara: zaldarra atera zait aurpegian.

Zehazki

forúnculo m med erlakizten, furunkulo.
divieso m erlakizten
grano
_ 4 (en la piel) pikorta, pinporta, bixika: me ha salido un grano en la nariz, pikorta (bat) atera zait sudurrean.
_ 5 (con pus) zuldar.
espinilla 2 f (grano) zaldar.

Euskalterm

Nik gaizki begiratu ez badut, ez du ordainik ematen sarrera hauetarako: divieso, comedón, forúnculo, grano, espinilla.

Beraz, problema bat dugu «espinilla» esateko: zenbait hiztegitan «zaldar» eta «espinilla» elkarren ordain direla esaten zaigu, baina, oker ez banaiz, premia terminologiko bat nola edo hala bete beharrak bultzatuta. Zaldarra ez da espinilla edo puntu beltza, bikor gaiztotu eta materiaduna baizik. Hiztegiren batean horrela agertu izanak ez du justifikatzen erabilera hori, eta beste bide batzuk bilatu beharko genituzke.

Nik eta nire inguruko askok, esan, «espinilla» esaten dugu, gaztelaniaren maileguaz baliatzen gara, eta hori izan daiteke konponbideetako bat. «Puntu beltzak» ere ez litzateke soluzio txarra izanen. Nire lankide Joxemari Sestorain leitzarrak dioenez, «zoztor» erabiltzen dute. Jakina, testuinguruan erabilita ulertzen da, ez bestela, baina balio liezaguke oinarri gisa terminoa sortzeko («azaleko zoztorrak”?).

Ikusten duzuenez, nik problema bat aurkitu dut, eta plazaratu.

Hiztegigileek dute hitza, jakintza arlo bakoitzeko adituekin batera, jakina.

Baina bitartean, gustura irakurriko nituzke zuen iritzi eta proposamenak, tokian tokiko erabilerak eta euskara estandarrerako iradokizunak.

Itzulpena eta poesia

Angel Erro

Berehala damutuko naiz post honi izen hain generiko hau eman izanaz, hemendik mende amaieraraino jardunaldi eta udako ikastaroak betetzeko bestekoa, hain kontu ñimiñoaz jarduteko nik. Hainbat itzulpenek uzten duten poesia zaporeaz. Liburuaren barruan galduta oharkabean pasa daitezke, izenburuan distira egiten duteneko egokierari eskaini dizkio poeta batek hainbat lerro. Poeta Juan Antonio González Iglesias da. Poemaren izena, El arte de traducir, eta Eros es más liburuan jaso zuen. Hona nire itzulpena.

ITZULTZEKO ARTEA

Asmatzen duten itzulpenak ospatu
behar ditugu. Ustelaren laburpena
bihurtu duten Cioranen Précis de
Décomposition
-ena bezalakoak.
Kultur segurtasun gabezia handiko uneotan
itzultzeko artea bihurtu da
ezagueraren ezin dudatuzko bide.
Historiaren dorrea
behin betikoak izan daitezkeen setioak
pairatzen ari den honetan,
adituengana jo behar dugu
eta haiek, presarik gabe, ausardiaz,
idatziaren azken zentzuaren senaz,
itzultzen dituztenengana.
Urte hauetan gertatzen
ari den guztia ulertuko badugu,
beste garai batez diharduen
Arnaldo Momigianoren liburu hau
aski dugu: The Alien Wisdom,
norbaitek ederki Barbaroen
Jakituria
gisa eman duena.

Itzultzaileen lanaren garrantziaz, idatzitakoaren zentzuaz jabetu eta itxuraz araua haustera ausartzearen egokitasunaz, eta haren ederraz mintzo zaigu poeta. Hemen, jatorriz, irakurleak egiazta dezan, zalantzarik balu, nola nagoen olerkiak jasotzen dituen ezaugarrien eskas.

Esaterako, ez dut asmatu gaztelaniazko «último» eta «final» adjektiboak egoki ematen. Zerbaitek esaten dit bietako batek ere ez duela gaztelania-euskara hiztegietan ematen duten adiera, baina behin baino ez naiz ausartu «azken» ez euskaratzen. Gonzalez Iglesiasek goraipatzen dituen bi liburuen izenburuekin ere ziur aski ez dut asmatu. Breviario de podredumbre eta La sabiduría de los Bárbaros dira jatorrian.

Horrek pentsarazi dit Andolin Eguzkitzak azken liburu honen izena nola emanen zukeen, esanen nuke nik baino are gutxiago asmatuz: Erdaldunen jakituria. Izan ere, horrelaxe itzuli zuen Konstantino Kafavisen poema ospetsu baten izenburua: Erdaldunen esperoan. Grezierazko barbaro hitzaren etimologia eta jatorrizko erabilera erdaldun hitzaren berbera edo antzekoa izan daitekeen arren, hitz bakoitzaren background historiko apartekoak zirrara eragiten du elkartrukatuta ikustean. Eta ez goiko poemak deskribatzen duen zirrara bera. Zirrara zail horren bila abiatu behar du, poesia ala besterik, itzuli nahi duenak.

Perla trukerako gonbita

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Iraila hagitz hilabete aproposa da antolaketa lanetarako, nire ustez. Ikasturte berriarekin batera, dena atontzeko joera sumatzen dut inguruan; inguruan eta, batik bat, neure baitan, antolakuntzarako isuria oso neurea dut eta. Larrazken usainak igarri orduko, zernahi antolatzeko irrika etortzen zait ezustean: armairuak eta asmoak, ordutegiak eta ametsak, tiraderak eta balizko errotak… antolatzeko modukoa den oro, antolagai iruditzen zaidan oro. Nahiz eta gero bizitza nagusituko den beti, eta pozarren erakutsiko dizkidan, berriro ere, bere ahalmen paregabeak bazterrak desantolatzeko, garrantzitsua den ia guztia antolagaitz bihurtzeko. Baina, tira, saiatu egin behar behintzat.

Aurrekoan, antolatzearen onurez solasean ari ginela lagunartean, adiskide bat –teknologia berrietan bipilen eta ausarten ibiltzen dena– Pearltrees[1] programaz mintzatu zitzaigun, Interneteko edukiak bildu, antolatu eta gainerako erabiltzaileekin partekatzeko aukera ematen duen programaz. Pearltrees tresnaren bidez web orrialdeak bil daitezke, eta nork bere modura sailkatu, perla zuhaitzak osatuz. Programak, bestetik, gainerako erabiltzaileen bildumak ikusteko aukera ematen du, baita haien perla interesgarriak nork bere zuhaitzari eransteko ere. Hala, bada, iraila hagitz hilabete aproposa denez gauzak ordenatzeko eta nik oso neurea dudanez antolakuntzarako isuria, sareko itzulpen baliabideen perla zuhaitz bat osatzen hasi naiz. Hona hemen zer itxura hartzen ari den perla zuhaitz hori (Pearltrees programa instalatu beharra dago, eta kontua ireki, zuhaitzean barrena ibili, perlak ireki eta erabili ahal izateko):

Itziar1

Eta hauexek lirateke Hiztegiak perlak barnean dauzkan perlak eta perletako izpietako batzuk:

Itziar2

Zuhaitza osatzeko, beste hainbat erabiltzaileren perlak neureganatu ditut jada. Oraingoz saio xume bat besterik ez da (bizitza errealeko armairu, baliabide, ordutegi eta enparauen antolaketa lanek nahi baino ordu gehiago hartzen baitute), baina programa horren bidez euskal itzultzaileok kontsultarako darabiltzagun iturrien bilduma ederrak era daitezke, eta beste itzultzaileen eskura jarri. Hortaz, baten bati nire perletako bat interesgarri irudituz gero, hortxe dauka beretako, eta inork bere baliabideen zuhaitza eraikitzen badu, ni oso gustura ibiliko naiz perlaz perla kuxkuxean, baita baliagarria deritzodana neureganatzen ere.


[1] Esteka honetan duzue programari buruz maiz egiten diren galderak (ingelesez): http://www.pearltrees.com/s/faq/en; eta beste honetan, berriz, labur-labur azaltzen da programa zertan den (euskaraz; eskerrik asko Marije Uraga egileari): http://www.slideshare.net/marijeuraga/pearltrees-tutoriala

Lexiko sorkuntzako bide berriak

Asier Larrinaga Larrazabal

Egungo kultura hiritar globala ingelesez sortzen da, eta ingelesa du —ia— hizkuntza bakarra. Ondorioz, ingelesezko hitzak oldeka sartzen dira hizkuntza modernoetara, baita euskarara ere. Euskarak ez die muzin egiten maileguei, baina ingelesetikoak ez dira beti samurrak: grafia arrotza izan dezakete (backstage), edo ahoskera korapilatsua (crowdfunding), eta belarriz identifikatzen zail bihur daitezke deklinatutakoan (jet laga).

Normalean, mailegu gordinaren lehen inpaktuaren ostean, eboluzioa hiru bide hauetako batetik joaten da:

a) mailegua irentsi egiten da (meeting > «mitin», «mitinlari», football > «futbol», «futbol-zelai»)

b) ordain bat ematen zaio (feedback > «atzeraelikadura», play-off > «kanporaketa»)

c) maileguak ordezkatu duen hitza berrezarri egiten da (checkpoint > «kontrol», crowdfunding > «diru-bilketa»).

Hain zuzen, lehengo batean Eneko Bidegainek crowdfunding eta fracking hitzei buruz idatzi zuenaren ildotik dator hemendik aurrera esan nahi dudana.

Uste dut ingelesetiko maileguen kontu honetan lotsagabekiago jardun beharko genukeela, eta errazago egin beharko genukeela mailegua erabat irensteko zein ordezteko urratsa. Ordeztea erabakiz gero, ordaina sortzeko ere, lotsagabekiago.

Izan ere, ingelesa bera ausarki aritzen da lexiko-sorkuntzan, bide heterodoxo samarretan barrena.

  • Siglen lexikalizazioa: laser (light amplification by stimulated emission of radiation).
  • Laburduren lexikalizazioa: condo (condominium), mayo (mayonnaise).
  • Amalgama: modem (modulator-demodulator), codec (coder-decoder), brunch (breakfast + lunch).
  • Kapritxozko eratorpena: humongous («huge»-etik abiatuta), zillion («million»-en irudira).
  • Izen berezietan, berdin: AC (Atlantic City), LA (Los Angeles), Philly (Philadelphia), Tribeca (Triangle below Canal Street —New Yorkeko auzoa—).

Iruditzen zait euskaraz ere zilegi direla bide horiek, eta saiakuntza txiki bat egin nahi izan dut azkenaldian mailegu deseroso edo eredu inbidiagarri iruditu zaizkidan ingelesezko hainbat hitzi euskarazko ordaina emateko.

  • jet lag: jet-jauzi (hegazkin-bidaia luze batek gorputzaren erritmoetan eragindako alterazioa)
    Txinatik itzuli naizenetik, eta badira hiru egun, ez dut jet-jauzia gainditu.
  • mall: merkagune («merkataritza-gune» erabilera formaletarako utziko nuke)
    Merkagunera noa, praka batzuk erostera.
  • smartphone: azkarfono (erabilera formalean «telefono adimendun» esango nuke)
    Azkarfono bat zozkatuko dute erantzuna asmatzen dutenen artean.
  • sext / sexting (sex + text): sexuketa (eduki sexual esplizitua duten mezuak eta irudiak trukatzea baliabide elektronikoen bitartez).
    Nerabeen % 62k sexuketarako erabiltzen dituzte sare sozialak.
    Anthony Weinerrek New Yorkeko alkategai izateko aukera guztiak galdu ditu sexuketa-eskandalu batengatik.