Ezagutzak terminologia behar du

Maite Imaz Leunda

Joan den azaroaren 3an Espainiako Terminologia Elkartearen (AETER) jardunaldia izan zen Euskaltzaindiak Donostian duen egoitzan. AETER hainbat pertsonak eta erakundek sortutako erakundea da, 1997an, Madrilen. Terminologiari eta espezialitate-hizkuntzei buruz ikertzeko eta espainierazko eta Espainiako gainerako hizkuntzetako terminologia-baliabideak prestatzeko eta kontsultatzeko interesa zuten erakunde horiek guztiek. UZEI terminologia eta lexikografia zentroa izan zen jardunaldiaren antolatzailea, AETER-eko kidea baita.

Entzun genituen hitzaldien artean interesgarria izan zen terminologia eleaniztunek etorkizunean izango duten garrantziaz jabetzeko erakutsi ziguten TERESIA metabilatzailea; espainieraz eta estatuko gainerako hizkuntza ofizialetan dauden terminologien topagune eta adimen artifizialerako teknologien ataria izateko asmoarekin eratutakoa, besteak beste, espainieraz eta estatuko bere testuinguruan erakusteko, baliozkotzeko eta hainbat ingurunetan eskuragarri jartzeko aukera emango du.

Katalanek aurkeztutako proiektu bat ere aipatu nahi nuke, euskararekin terminologian jardun izan dugunok Katalunian zer egiten duten oso kontuan izaten dugu eta. Prospektiba terminologikoa eta ezarpena: maileguak hedatzen aurrera egiteko estrategia izenarekin aurkeztu zuten Institut d’Estudis Catalans eta Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko Iulaterm ikerketa-taldeak sustatutako proiektua.

Proiektuaren helburua oraindik katalanez erabiltzen ez ziren ingelesezko termino berrien hustuketa egitea zen, horretarako eremu anitzetako eta garai ezberdinetako erreferentziazko testuak erabilita; gero, baliokide egokiak bilatu behar zituzten katalanez, horrela, ingeleseko maileguen zabalkundeari aurrea hartzeko.

Lehenengo fasean (2018-2021) ingelesezko erreferentziazko eskuliburuak erabili zituzten: orain dela urte batzuetako eskuliburuak eta horien bertsio eguneratuak. Ondoren, bertsio zaharretako eta berrietako testu-corpusetatik abiatuta hustuketak egin zituzten, terminoen zerrendak lortu eta zerrenda horiek alderatu. Bigarren fasean (2022-2023) ingelesez dauden gai hauei buruzko aldizkari zientifikoetako artikulu osoen hustuketak egin zituzten: biokimika, mikrobiologia, ekonomia eta komunikazioa. Zerrenda guztiak alderatu ondoren neologia izateko hautagaiak eskuratu zituzten eta horiek bakoitzari zegokion gaiko adituekin egiaztatu eta berrikusi ondoren, katalanezko ordainak proposatu zituzten.

Metodologia egokia iruditu zaie terminologia neologikoa detektatzeko, datu-base terminologikoak elikatzeko (Cercaterm) eta ordainak garaiz proposatzeko, jakintza zabaltzen hasi berria denean, horrekin espero baitute katalanezko ordainak ezartzeko aukera gehiago izango dutela. Cercaterm kontsulta terminologiko eleaniztunak linean egiteko Termcatek eskaintzen duen tresna da; Termcateko Kontseilu Begiraleak normalizatutako terminoak kontsultatzeko aukera ematen du. Termcat, katalan hizkuntzako terminologia zentroa, 1985ean sortu zen Kataluniako Gobernuaren eta Institut d’Estudis Catalansen eskutik. Euskara ez da ageri Cercatermen baina, hala ere, euskal terminologoek asko jotzen dute bertara, kontzeptuen definizio eta informazio osagarri bila.

Terminorik gabe ez dago ezagutzarik.

Utzi iruzkina