Hika nork bere buruari / nork bere buruarekin

Xabier Olarra

1.- Barne-bakarrizketa hitanoan

Nire gogoeta honen hasieran Ibon Sarasolak euskal nobelagintza berriaren nondik norakoez arduratzen zenean esandako zerbait dago, alegia, euskaldunok geure buruarekin mintzatzea hitanoan egiten dugunez, hala egin beharko zuketela pertsonaiek ere. Ez dakit Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza liburuxkan idatzi zuen hori edo beste nonbait. Sarean begiratu dut, eta ez dut aurkitzen aipamena (nire ustez oinohar bat zen), baina ez dut uste amets egin dudanik. Uste dut Sarasolak kritikatu egiten zuela Saizarbitoriaren lana, โ€œlegeโ€ hori ez betetzeagatik. Baina auskalo, orain dela 50 bat urteko kontuez ari gara, eta ez dago buruaz gehiegi fidatzerik adin honetan. Dena dela, horrelako zerbait zen.

Koldo Mitxelenari, handik urte batzuetara, irakurri nion nork bere buruarekin โ€“barne bakarrizketanโ€“ mintzatzean toka egiten genuela euskaldunok gizonezko nahiz emakume izan. Beste modu batera esanda toka zela termino markatu gabea eta noka markatua, eta emakumeari zuzenean mintzatzean bakarrik erabiltzen zela noka. Hori guztia (eta askoz gehiago) modu sistematikoan emana ikusi nahi duenak jo beza Ritxi Lizartzaren Hika egiten ikasteko gidara[1].

Nik ere hala dut gogoan, nire etxean emakumeek โ€“amak eta izebakโ€“, zerbait kontatzen ari zirela, beren baitako komentario bat egiten zutenean: ยซNik, nere arteanยป hasten zena, toka egiten zutela. Esate baterako: ยซNik nere artean: Ez diat ba hori egingo…ยป, ยซEz nauk ba joangoยป… eta abar, bien arteko jarduna noka izaten zenean beti. Hori bera egiaztatua dut beste zenbaiten gurasoen erabilerari buruz galdetu izan dudanean. Beraz, gure aurrekoen jokabidea (Gipuzkoa aldean behintzat) hori zen.

Orain dela urte batzuk F. Rey adiskideak haizatu zuen gaia blog honexetan eta izan zen eztabaida bat haren ondoren Iรฑaki Segurolaren โ€“gutxi bezain aditua, besteak beste, gai honetanโ€“ eta Ana Moralesen eta beste zenbaiten artean. Gero itzuliko naiz berriro kontu honetara. Bitartean, nahi adina argibide aurkituko ditu nahi duenak eztabaida horri buruz hemen.

Hori guztia kontuan hartuta, hona zein kontu ditugun hemen argitzeko, edo azaltzeko behintzat.

2.- Hitanodunak eta eta hitanogabeak

Bistan da euskaradun guztiok ez garela hitanodunak.

Ez dago oso argia izan beharrik ohartzeko hitanogabeek zuka egingo diotela bere buruari beren barne-bakarrizketetan. Are gehiago, ez nuke esango hikadunok ere beti hika egiten diogunik. Gauza jakina da badirela eskualde osoak hitanoa aspaldi galdu zutenak. Gero itzuliko naiz kontu honetara. Argibide gehiago nahi duenak hor du Irati Urdalleta Letek joan den otsailean Berrian argitaratutako artikulua hitanoaren osasunaren egoerari buruz:

Izan daiteke ari naun edo ari naiz; izan daiteke esan dinat edo esan dizut. Zuka, noka edo toka. Euskarak berez badu lagunarteko hizkera bat: hitanoa. Alabaina, ez da nagusi: herririk euskaldunenak ditu arnasgune, baina arnasestuka ari da Euskal Herriaren parterik handienean.

Egoera hori โ€“batetik atzerakada eta bestetik halamoduzko erabileraโ€“ kontuan izanda, badira hikaren sustatzaile sutsuak eta โ€œberreskuratzeโ€ lanean dihardutenak. Lehen ere aipatu nuen Fernando Oiartzun Sagastibeltza, Leitza aldeko hika eta nokari eustearen alde egiten ari dena. Eta sail honetako lehen artikulua idatzi nuenean, izan ziren hainbat komentario, artikulu horretan esaten zirenak hizpide hartuta, Azkoitia aldean hitanoari eusteko egindako lanaren berri ematen zutenak.

Atzerakada atzo goizean hasia ez dela jasota dago, esate baterako, Txomin Agirrek (1864-1920) Kresalari egindako hitzaurrean:

ยซBeste gauza bat. Danok dakigu iru eratako izketea egiten deutsagula euskaldunok alkarri: i-gaz esaten dana lenengoa, zu-gaz esaten dana bigarrena ta irugarrena berori-gazkoa. Lenengoaren zalea naz, zarrena dalako, ta opa dot bere bizitza luzea; baรฑa antziรฑa il zan Arranondon da orregaitik ezta emen agertuko izketa zar oriยป[2]. (azpimarra nirea).

Beraz, sinesgarritasun literarioa da argudio nagusia. Eta Txomin Agirrek esaten badigu Arranondon (Ondarroa) aspaldi hil zela hitanoa, pentsa dezakegu noizko kontuez ari garen, kontuan hartzen badugu 1920an hil zela abade ondarrutarra.

Esango nuke joera hori areagotu besterik ez dela egin XX. mendean zehar, baina horrekin batera hitanoari eusteko โ€œahaleginaโ€ egin dutenak ere ez dira gutxi izan, eta hor ditugu lekuko gisa Lizardi, Lauaxeta eta Orixe, besteak beste. XX. mende hasierako antzerkiari begirada bat ematea ere aski da horretaz konturatzeko.

Lehenago ikusi dugunez, โ€œarnasestukaโ€ baina bizirik da oraindik hitanoa. Eta ez dut dudarik egiten hori duela bere barne-bakarrizketa modu โ€œnaturalaโ€, esate baterako, X. Euzkitze bezalako hikadun peto batek. Berriki, bi-bitarako pilota-txapelketan esatari ari zela, pilotari baten โ€“ez naiz oroitzen nor, baina ez du axolaโ€“ buruan sarturik honelako zerbait esan zuen:

โ€œAurrera egin duenean, pentsatua izango du: ยซ… horrek (arerioak) eskuinera egingo dik, aurrekoan hara bota baitiot, eta jo dezadan atzeraยปโ€.

Esan bezala, seguru aski, automatismoek ezertan funtzionatzen badute, norbere baitako bakarrizketan funtzionatzen dute, eta norbaiten jarduna % handi batean zuka bada, haren barne-bakarrizketa ere zuka izatea ekarriko du horrek. Eta alderantziz. Baina hori neurtzen beti erraza ez den arren, hika/noka erabilera, oraindik behintzat, izan, bada. Ez dakit asko garen. Baina batzuk bai.

3.- Hitanoa barne-bakarrizketan toka ala noka

3.1. Nor bere buruari vs. Nor bere buruarekin

Lehenago aipatu dudan polemika horretan (Iรฑaki Segurola vs. Ana Morales et aliae) argi bereizten dira hasieratik bi jardun mota: emakumezkoa bere buruari zuzenean mintzo denekoa eta bere buruarekin (bere baitan, bere artean) diharduenekoa. Segurolak lehenbiziko kasuan emakumea aktantea dela dio eta bigarrenean ez.

Lehenbiziko kasu horretan (emakumea bere buruari zuzenean mintzo zaiola, ispilu aurrean ikusiko balu bezala bere burua, esate baterako), garbi dago emakumeak noka egiten diola bere buruari. โ€œEderra egin dun! Orain dena izugarri zailduko zain!โ€).

Eztabaida bestelako kasuetako erabileraren deskribapen eta azalpenean dago, alegia, nolakoa izan den eta den molde hori emakume hitanodunen artean, zein diren erabilera โ€œharrigarriโ€ horren sustraiak (emakumeak bere buruarekin toka) eta molde hori alda daitekeen ala ez.

3.2. Iรฑaki Segurolaren planteamendua

Oso polemika mamitsua izan zen, eta argudio sendoak erabili ziren bi aldeetatik, baina uste dut honela labur daitekeela Iรฑaki Segurolaren planteamendua:

a) Emakume hitanodunen barne-bakarrizketa toka izan da (eta da, bizi-bizirik baitago, bere inguruan behintzat).

b) Erabilera โ€œharrigarriโ€ horren arrazoiak bilatzea ez da funtsezkoa.

c) Erabilera horren arrazoiak โ€œjakinaren azpikoak diraโ€ (oharkabekoak esan nahi zuela uste dut), eta aldagaitzak beraz, gramatikaren arlokoak baitira, eta ez hiztegikoak.

3.3. Eta honela Ana Moralesen planteamendua (I. Diez de Ultzurrun, B. Arrizabalaga ere horra bil daitezkeela uste dut):

a) Bera ez da hitanoaren erabiltzailea (ez da bere praktikan oinarritzen) baina oso gogorra egiten zaio emakumeak bere buruari toka egiten diola onartzea.

b) Horren azpiko arrazoiak historikoak eta sozialak direla uste du (patriarkatuaren ondorio, labur esanda, berak zuzenean esaten ez badu ere). Blogeko komentarioetan gaia sakonxeago azaltzen da.

c) Anomalia hori alda daiteke, eta adibidetzat jartzen du berak bere jardunean egindako aldaketa xume bat (gaztelaniaz betiere: Uno piensa (inpertsonala) > Una piensa). Bestalde, Moralesek honelakorik esaten ez duen arren, dioenaren ondorio logikoa litzateke jardun hori noka izan daitekeela etorkizunean. (Barkatu gehiegi sinplifikatu edo ondorioetan urrunegi joan banaiz).

4.- Barne-bakarrizketaren moldeak literatur itzulpenean

Adibide batzuk baizik ez ditut hona bilduko, artikulu hau gehiegi ez luzatzearren.

Hitanogabeek, bistan da, ez dute hitanoa erabiltzen beren itzulpenetako bakarrizketetan (edo nola erabili jakin arren, zerbaitegatik ez diote egoki iritzi kasu jakin batean erabiltzeari). Eta, ondorioz, eredu neutroan ematen dituzte. Horrela itzuli du, esate baterako, Josรฉ Ramรณn Vรกzquezek Melvilleren Benito Cereno. Eta Delano kapitainaren barne-bakarrizketa mordoxka dago bertan.

Puntu hauek binazkatuz gero, batak bestearen kontrakoa adierazten zutela zirudien nolabait. โ€œBaina orduan, zer?โ€, pentsatu zuen Delano kapitainak, ontzira hurbiltzen ari zen bere txalupari begira โ€œโ€ฆ orduan, zer? Tira, don Benito oso ontziburu apetatsua da. Baina bera ez da nik ikusi dudan mota horretako lehena; egia da, ordea, berak anitzez gainditzen dituela beste guztiak. Baina herri gisaโ€ jarraitu zuen bere ameskizunetan galdua, โ€œespainiar hauek xelebreak dira denak; espainiar hitzak berak badu soinu bitxi bat, halako konspiratzaile, Guy Fawkes-en kutsu zerbait. Eta hala ere, egingo nuke espainiarrak, erabat hartuta, Duxburyko edonor bezain jende jatorra direla. A, ederki! Hemen da Rover azkeneanโ€. (Benito Cereno, H. Melville, 69. or.).

Juan Garzia Garmendiak, berriz, bi moldeak erabili zituen Melvilleren Bartlebyren itzulpen ospetsuan. Esan dut lehenago ere hitanodunok ez dugula beti erabiltzen hitanoa barne-bakarrizketan, eta honela ageri da Bartlebyren nagusiarenetan:

ยซEz dut inolako kalterik egiten โ€“egin nuen neure arteanโ€“; ez naiz ari inolako jakin-min bihozgaberi gustua ematen; bestetik, nirea da idazmahaia, eta orobat haren edukia; ez da ausarkeria, beraz, barrua mia dezadan[3]ยป. (Bartleby, 51-2 or.).

Testu horretan bertan, aurrerago, pertsonaia berak honela dihardu bere baitan:

ยซZer egin behar dut? โ€“esan nuen orduan neure kolkorako, jaka azken botoiraino lotuzโ€“. Zer egin behar dut? Zer dagokit egitea? Zer dio kontzientziak egin behar nukeela gizon, edo, hobeki esanda, fantasma honekin? Gainetik kendu, horra nik zer egin behar dudan; eta berak, berriz, alde egin. Nola ordea? Ezin botako duk, gizaseme gaixo, zurbil, oldargabe… ezin botako duk atetik kanpora halako izaki babesgabea. Ezin belztuko duk heure ohora halako krudelkeriarekin. Ez ez diat egingo, ezin nezakek egin halakorik. Lehenago utziko niokek hortxe bizi eta hiltzen, eta gero gorpuzkiak ere bertan horma-arteratu. Zer egingo duk, orduan?ยป. (Ibidem, 75).

5.- Molly Bloomen barne-bakarrizketa

Literaturaren historiako barne-bakarrizketarik ospetsuenari ekin nionean, ez zen egun bateko lana izan Mollyk bere buruarekin nola jardun behar zuen erabakitzea, eta nolabaiteko azalpenak eman nituen Ulises liburuaren hitzaurrean nire erabakiaz:

Azkenik, beste bi hitz Molly Bloomen bakarrizketari buruz. Hor ere, bakarrizketa denez, alokutiboa erabili dut, baina, kasu horretan, Mollyk noka egiten dio bere buruari, nik hala erabakita. (Ulises, hitzaurrea, 9. or.).

Hitzaurrean azaltzen nuenez, egoera horretan toka jardun balu Molly Bloomek, senarrari ari zitzaiola emango zuen, eta barne-bakarrizketa lo zegoen senarrarekiko jarduna bihurtuko zen. Eta hori ez zitzaidan egokia iruditu. Kinka horretan, erabaki nuen Mollyri noka mintzaraztea zela hoberena. Usadioaren transgresio txiki bat, Segurolak, seguru asko, onartuko ez zidana. Baina honela argitaratu zen:

Bai izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala gaixo-ahotsarekin dena itxura hutsa txoratua zeukala uste zuen Riordan atso haren aurrean interesantearena egiteko (โ€ฆ) neri bere ajeak kontatzean kontua eta xaborra franko politika eta lurrikarak eta munduaren azkena utzigun aurrena pixka batean dibertitzen emakumea (Ulises, 735. or., ia 50 orrialdeko monologoaren hasiera).

Egia esan, ortodoxiaren mugetan mantenduz noka egiteko soluzioa ere begien aurrean neukan, Fernando adiskideak bere artikuluan emana, baina orduan ez nintzen horretaz ohartu: transgresio txiki bat eginez, eta ia testua aldatu gabe, aski nuen Molly bere buruari ari zela markatzea lehenbiziko esalditik, honela gutxi gorabehera:

Bai Molly izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala (Ulises, 735. or.).

Eta holaxe, hitz bakar batekin konponduko nuen ยซarazoaยป. Beraz, oraingo irakurleak aski du bakarrizketaren hasieran komarik gabeko bokatibo hori sartzea. Bazen beste irtenbide bat ere: hitanokeriak alde batera utzita dena zuka eta neutroan ematea, esate baterako. Hori irudituko zitzaion hoberena, noski, Irati Jimenezi, honelakoak esaten baititu Begiak zabalduko zaizkizue, bere saiakerako Kontuz hitanoarekin, azpiatalean:

โ€œ(…) Euskaldun gehienok โ€“ia guztiok ez esatearrenโ€“ zuka egiten dugulako. Logikoena zer litzateke, beraz? Ba kontrakoa egiteko motibo justifikaturik eta sinesgarririk ezean gure liburuetako pertsonaiek zuka hitz egitea, jendeak hitz egiten duen moduan, alegiaโ€[4].

Bai, begiak ez ezik aho zabalik ere gelditu gara hori eta gisa horretako beste zenbait argudio irakurtzean. ยซHonek jo ziguk/n adarra!ยป, aditzen diet Segurolari, Euskitzeri eta Molly Bloomi.

Aipatu saiakeran esaten direnei erantzuteko beste hiru artikulu beharko nituzke gutxienez, baina hori datorren urterako utzi beharko.


[1] Hika egiten ikasteko gida, R. Lizartza, Baigorri argitaletxea, Bilbo, 2009.

[2] ยซKresalaยป, Domingo Agirre, Arantzazuko frantziskotar argitaldaria, Oรฑati, 1967.

[3] Bartleby eskribatzailea, Herman Melville/Juan Garzia Garmendia, Erein, Donostia, 2016.

[4] Begiak zabalduko zaizkizue, Irati Jimรฉnez, Elkar, Donostia, 2021 (82. or. eta hur.).

Auzolanaz

Amaia Lasheras Perez

Azken boladan, artista pare bati aditu diet maiz jotzen dutela haiengana herri-ekitaldiren batean parte har dezaten, baina musu-truk. Horietako batek zioen karpa eta aulkiak eramaten dituen enpresari ordaindu eginen ziotela, baina berarentzat ez zegoela dirurik. Ziur naiz zuei guziei noizbait eskatu dizuetela testutxoren (edo testu luzeeeeeren) bat musu-truk itzuli edo zuzen dezazuen horrelako ekitaldi baterako. Ni, behintzat, zuzentzaile-itzultzaile โ€œofizialaโ€ naiz herriko elkarte batean baino gehiagotan. Eta aitortu behar dut gustura aritzen naizela, eta, are gehiago, pozten naizela elkarte horietan euskarazko testuen kalitatea aintzat hartzen dutelako.

Ez dut bertze herrialdeetako egoera ezagutzen eta ez dakit auzolanaren kontzeptua existitzen ote den Euskal Herritik kanpora (pentsatzen dut baietz), baina, gure inguruan, arlo askotan, sendo dago. Herri honetan, boluntarioei esker, ehunka elkarte aritzen dira lanean egunero denon bizitza hobetzeko: erretiratuen elkarteak, kulturaren eta kirolaren arlokoak, hezkuntzarekin lotutakoak, gurasoenak, emakumeenak, euskararen aldekoakโ€ฆ Horrelako erakunde batean aritzeko aukera izan dutenek ongi baino hobeki dakite zenbateko lana egin behar den horiek aitzinera ateratzeko, zenbat mesede eskatu behar diren, zenbat ordu eta buruko minโ€ฆ

Hala ere, balantzan jarriz gero, nik uste dut gehienei horrelako elkarteek eman dieten satisfakzioak gainditu egin duela egindako ahalegina. Badirudi besteei laguntza emateak zoriontsuago egiten gaituela, eta adituek, besteak beste, honako arrazoi hauek aipatzen dituzte hori azaltzeko: balio izatearen sentsazioa eta autoestimua handitzea, esker ona jasotzea, hazkunde pertsonala sustatzea eta elkarri laguntzea gizakiaren eboluziorako nahitaezko gertatu izana. Bai, horrela uler daitezke hainbat lagunek guregatik egiten dituzten sakrifizioak.

Orain dela urte batzuk, herritar batek herri-erakunde bateko lehendakaria izateko proposamena jaso zuen. Jakin bazekien ez zela lehen hautagaia izan, eta beste zenbaitek ezetz erran eta gero jo zutela berarengana. Hasieran, berak ere ez zuen โ€œgonbidapenaโ€ onartu. Baina, etxera joan eta luze pentsatu eta gero, ondorio batera ailegatu zen: โ€œNorbaitek hartu beharko du ardura, ezta? Denok ezetz erraten badugu, gure proiektuak ezin izanen du aitzinera eginโ€. Bertigo handiak jota, baiezkoa eman zuen azkenean.

Handik egun batzuetara, kontu bitxia gertatu zitzaion. Kalean, elkarteko kide bat hurbildu zitzaion eta zorionak eman zizkion karguarengatik. Harrituta begiratu eta honela erantzun zion: โ€œZorionak? Eskerrik asko erran nahiko duzu, ezta?โ€. Argi dago elkartekide hark asmo onenarekin zoriondu zuela, baina, segur aski, ez zen ohartu kargu horrek nolako ardura, lana, kritikak, buruko minak, etsipena eta abar ekarriko zituen berekin.

Beraz, lerro hauen bidez, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet orain arte EIZIE zuzentzeko ardura beren gain hartu duten Zuzendaritza Batzorde guzietako kideei, eta, une honetan, bereziki, gure elkartearen gidaritza hartu berri duen taldeari. Biba zuek eta gora auzolana!

Eta zorionak guri, jakina, inguruan zu bezalako jendea izateagatik! Izan ere, zuek zuen denbora librean denon interesen alde lan egiten duzuen bitartean, gainerakook tarteka herri-ekitaldietarako testuren bat zuzendu besterik ez dugu eginen.

P.D.: Zorionak EIZIEko Zuzendaritza Batzordeko kide berriei, alegia, โ€œzori (zorte) onโ€!

Biraorikan ez duen hizkuntza garbia?

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalร 

Nafarroako administrazioak itzultzaile sare handia antolatu behar izan zuen mendez mende, jende gehiena ez baitzen mintzatzen administrazioak zerabilen hizkuntzan, herritar gehienak euskaldun hutsak baitziren. Eskribauak aritu ziren bitartekari herritarren eta administrazioaren artean auzi, epaiketa eta gisakoetan. Erran nahi baita, jendeak euskaraz errandakoa gaztelaniaz jasotzen zuten eskribauek paperetan, baina tarteka euskarazko hitzak idatzirik, baita esaldiak ere, gure gozamenerako.

Epaiketa eta auzietako paperak Nafarroako Artxibo Nagusian daude gorderik eta, duela hamar bat urtetik hona, euskarazko hitzak dakartzaten izkribu aunitz argitaratu dira, garai bateko euskararen erakusgarri.

Konparazio batera, behin batean, kalapita ederra gertatu zen Barasoaingo kanposantuan, bi familiaren artean, hilobi baten kontura. Epaiketako paperen arabera, Martin Leotzek hauxe erran zion Margarita Lanari (parentesi artean eskribauaren itzulpena):

– Eme txarrak oihuak handi (ruin muger โ€“sicโ€“ grandes voces).

Eta Margaritak erantzun:

– Baita zuek kasta andurrak (malas castas).

Hortik aitzina, sekulakoak eta bi erran zizkioten elkarri, familia bakoitzeko bertze kide batzuek lagundurik.

Honatx Margaritaren alabaren etorria:

– Aho laxoak, fanfarron tzarrak, erroi kasta gaiztoak (bocas flojas, fanfarrones viejos, malas castasโ€ฆ).

Eta Martin Leotzek erantzun:

– Arrano txipiak egin nahi du hain oihu handia nola handiak (la aguila chiquita tan grandes voces quiere dar como la mayor).

Eskribauaren eskuizkribuaren arabera, Margaritak azken hitza bere:

– Kasta gaiztoak, perjuro kumeak, perjuro baten semeak ez dik hemen ortzi (ehortzi) behar.  

Orbaibarko gertakari horretan erabilitako erroi eta andur hitzak (gaiztoa, makurra, zitala) maiz ageri dira mende haietako paperetan. Adibidez, Agoitzen, behin batean, emakume batek bertze bati โ€œandurraโ€ erran, eta erantzun hau jaso zuen: โ€œNi ez naun andurra, nik andurtu ninduenakโ€ฆโ€. Hortaz, aditz bihurturik ere ageri da andurra.

Erroi ere izugarri erabiltzen zen: โ€œerroi zarraโ€, โ€œerroi adaburu handiaโ€. Eta Aรฑorben, ez dakigu zer gertatu ote zen bi lagunen artean, baina batak bertzeari honakoa bota zion: โ€œerroi mehaka ustela tripa handiaโ€. Eskribauak ez zuen itzulpen zehatzik ekarri, honakoa baizik erdaraz: โ€œarras hitz iraingarriakโ€.

Adaburu hitz hori ere ezin konta ahala aldiz ageri da (cornudo) eta ez dira gutxi gero apezei lotutakoak. โ€œAxeriโ€ eta โ€œaxerikumeโ€, apezen seme-alabei errateko. โ€œApezgoitiaโ€, apezarekin harremanak izan dituen emakumeari errateko.

Gainerakoan, โ€œburuhandiโ€, โ€œzakil erreโ€, โ€œzakil handiโ€, โ€œbragetandiโ€, โ€œsudur makurโ€, โ€œtraidore semeโ€, โ€œazkonlarruโ€, โ€œmairuaโ€, โ€œfrai zikinโ€, โ€œagot zarraโ€, โ€œagot askaziaโ€, โ€œozar likitsaโ€, โ€œerrumes zarโ€, โ€œdoilorraโ€, โ€œdoilor zarraโ€, โ€œollaka txarraโ€โ€ฆ

Edaten zuenari โ€œordiaโ€, โ€œordi zarraโ€ eta gisakoak erraten zizkioten edo, metafora bidez, โ€œardankopa matelaโ€, โ€œardanboteaโ€, โ€œardansaskiaโ€.

Behin batean, Irunberriko jendea Leirera erromerian joan zelarik, sekulako istiluak gertatu ziren monasterioko fraideekin. Orduan, Irunberriko Trinitateko ermitauak, Irunberriko gurutzea zeraman gizonarengana hurbildurik, gurutzeari eusteko makila hartu zion, fraideen kontra jotzeko asmoz: โ€œIndak honat makil hori, nik adituko diat fraideokโ€ (Daca aca ese palo, que yo entendere a estos frailesโ€.

Bukatzeko, Ameskoako gizon batek bertze bati egindako heriotza-mehatxua: โ€œlehen ere begietan hadukat, eta gero bada, lehen bada, ene eskuetarik joanen haizโ€ (โ€œyo te tengo antes de agora sobre ojos y sea antes y sea despues, tu as de morir en mis manos o por mis manos).

Irain horietako aunitz Iruรฑeko karriketan bertan erabili ziren, bai eta Iruรฑerriko eta inguruko herrietan ere, hau da, euskarak XIX. mendean gibelera egindako bazterretan. Arestian erran bezala, aunitz dira eta ezin denak hona ekarri. Batzuk, gainera, egiazki dira itsusiak egungo belarrietarako. Hurrengo batean, agian. 

Bi mundutako ertzetatik barreka

Josu Barambones Zubiria

Egun batez, blog honetarako ideiarik gabe nengoela, ideiez antzu eta agor, eta Karlos Linazasororen azken liburuko pasarte bat irakurtzen ari nintzela (espero dut poztu egingo dela hau irakurtzen badu, bere ustez ez bide du-eta irakurlerik), otu zitzaidan, bururatu zitzaidan, txit egokia zatekeela plajioa baliatzea hilabete honetako artikuluarekin aurrera egiteko. Plajioak โ€œinoren esklaboak lapurtuโ€ esan nahi zuen antzinako Erroman, baina nik ez dut gaurkoan halakorik egingo, egon lasai, eta horren ordez urliaren eta berendiaren esaldiak ekarriko ditut hona nire gaia nik neurez egin ahalko nukeena baino eleganteago beztitzearren.

Linazasorok diosku oso modan jarri dela โ€œesango nukeโ€ zartailutxoa (sic). Orobat esaten digu Orixek ez zuela inoiz erabili. Nik ere esango nuke Orixek ez zuela sekula santan erabili, baina ausardia nahikoa izan zuen Tormesko itsu-mutilaren hainbat pasarte eta zazpigarren kapitulu osoa gazteleraz berridazteko gogoak eman zion bezala, eta gero euskarara ekartzeko autoitzulpenaren adibide ezin bitxiagoan. Gainera, konbentzimendu osoz aitortu zuen: โ€œErdel yaubearen idazti yatorretik yardun au osoa kendu dot, eta neure buruz ordaindu, edonoren eskuetarako iruditu etxatalako. Kendu dodaz ganera, esan zantar bat lelengo yardunean amazortzi lerro irugarrenean eta bi koma-tarte lau garrenean. Kritikuak begirapena zor ei deutsoe yaubearen idazti yatorrari; nik ostera begirapena zor deutsot neure buruari ta irakurle euskaldunariโ€. Zalantza barik, beste garai batzuk ziren, erlijiosoagoak, dogmatikoagoak, nahi baduzue, non jatorrizkoa desleial baitzitzaion itzulpenari.

Baina ez nadin desbidera eta saia nadin gaur hona ekarri nauen hizpideari ostera ere lotzen. โ€œEsango nukeโ€ bezalako esapide betegarriez edo makulu-hitzez ari nintzen goiko digresioak halako batean harrapatu nauenean. Esango nuke โ€œen planโ€ dela beste makulu-hitz bat, bereziki gazteek erabiltzen dutena, hitzetik hortzera erabili ere, gogaitzerainoko puntuan. Nik esango nuke duela hamar bat urte jaio zela. Gomutan daukadanez, artean gazte eta berde nintzela, inork ere ez zuen halakorik esaten. Uste dut Axularrek ere ez zuela Geron inoiz erabili, baina inongo corpusetan begiratu gabe botatako ustea da eta agian ustea ustela izan liteke. Aipatu makulua, makulu ia guztiak bezala, espainoletik mailegatua da, jakina, eta gazte euskaldunei oso baliagarria zaie euren diskurtsoa biziagoa eta adierazgarriagoa egitearren. Indar aurreratzailea du, eta euskarak, dena atzeratzeko duen mania absurdo bezain ulergaitz horrekin, ez du balio gure entzulearengan sorpresa moduko zerbait sorrarazteko, rollo zu orain pentsatzen ari zarena bezala.

Eta ondo iruditzen zait horrelako makuluak erabiltzea, inork ez dezala pentsa horren kontrako aurrejuzgurik dudanik, inondik inora ez baitut nire burua hizkuntzalari fundamentalistatzat hartzen. Aitzitik, norberaren hizkuntza aberasteko mailegua eta kalkoa oso tresna baliagarriak dira. Ez dut defendatzen a saco erabiltzea, en plan gure lagun urliak egiten duen legez, baina aitor dut baduela grazia apur bat horrela aritzeak, makulurik makulu, euskaratik espainolera eta espainoletik euskarara, jauzirik jauzi.

Eta orain, azkenik, hel diezaiodan zuekin partekatu nahi nuen gai nagusiari. Ez dakit kezka den edo kezka bainoago harridura. Izan ere harrigarria begitantzen zait gazte hizkera (bakarrik?) horren isla euskal literaturan ez ikustea. Ez dut euskaraz argitaratzen den oro irakurtzeko denborarik, baina nire begiek leitzen dituzten liburuetako orrietan elkarrizketetako hizkera Gasteizko Olarizuko zelaia bezain ordokia da. Ez al dago hor aukera bat benetako hizkera islatzeko, ingelesez egin ohi den bezala (bai, badakit, ez dugu zertan ingelesak kalkatu, gu desberdinak gara). Gaztelaniaz antzeko zerbait gertatzen da, elkarrizketak eta, zer esanik ez, narrazioak lauak izaten dira, salbuespenak salbuespen (Andrea Abreu idazle kanariarraren Panza de Burro liburua datorkit burura, non egileak aitortzen baitu errealitatearekin zintzoa izateko hizkuntzaren ofizialtasunetik aldendu behar izan zuela eta bere auzoko hizkera erabiltzea erabaki zuela hiztegi guztietan okerrak diren hitzak liburuan sartuz). Gure literaturan lagunarteko hizkera erabat neutralizaturik ageri da, errealitatetik guztiz aldendua. Ni ez naiz idazlea, baina euskaรฑol hori zergatik ezin da erabili literaturan edo ikus-entzunezkoetan inoren sentiberatasun linguistikoa mindu gabe? Jatorrizko film nahiz serietan bai erabiltzen da, ikus-entzunezko produktuak sinisgarritasunez janzteko, baina ez ordea bikoizturiko produkzioan. Literatura nahiz zinema fikzioa dira, baina errealitateari atxikiak behar dute izan, errealitatetik urrundu nahi badute ere. Mugak muga, literatura txikanoa datorkit burura, bi hizkuntzaren, bi kulturaren eta bi identitateren artean datzan espazioa betetzen duten idazle elebidunek sortua. Nago oraindik oso urrun gaudela euskaรฑol horren isla fikzioan ikustetik. Bitartean, euskaldun gizartearen zati handi batek lasai asko jarraituko du en plan, rollo, eskeโ€ฆ bezalako makuluak erabiltzen, norbaitek espantu egiten badu ere.

Eta plajioa aipatuz hasi naizen bezala, Pat Mora idazle txikanoaren poema bat plajiatuz bukatu nahi dut nire blog honetarako ekarpena:

Bi-eledun, bi-kultura,
Zer moduz-etik โ€œCรณmo estรกsโ€-era lerratzeko gai,
bulego dotore batean
euskara lau eta lehor batean idatziz,
lagunartean pattarra edaten euskara txolindu samar batean,
jatetxeko menua euskaraz nahiz erdaraz eskatuz,
edo biak nahasi-mahasian,
bai, guk erdaraz ere hitz egiten dugu,
baina ezberdinak gara,
alde batetik bestera igarotzeko abilezia dugu,
bi mundutako ertzetatik barreka,
aurrejuzguaren deserotasuna mozorrotuz bi aldetako talaiatik.

Orain kontsumitzaileak gara

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Kapitalismoak ingelesa eraldatu duela irakurri nion aurrekoan kazetari bati. Ingelesa eta gainerako hizkuntzak, pentsatu nuen, hizkuntza orotara eta hizkuntzaren esparru guztietara zabaldu baitira kapitalismoak eraldaturiko ingelesaren hizkera-moldeak. Hala, ohitu gara langileei โ€œgiza kapitalโ€ edo โ€œgiza baliabideโ€ deitzen, idazlanei โ€œekoizpen idatziโ€ eta jendeari โ€œbezeroโ€ edo โ€œkontsumitzaileโ€. Honetaraz gero, geu ere bihurtu gara produktu: ez oso aspaldi โ€œGestiรณn de una/o misma/oโ€ esaldia itzultzea tokatu zitzaidan (uste dut Nafarroako Gobernuak antolaturiko ikastaro baten helburuetako bat zela).

Eta ohitu garen arren โ€œrecurso de apoyo educativoโ€ euskaraz โ€œhezkuntza-laguntzako baliabideโ€ paratzen zirkinik egin gabe eta jakinik langile bati buruz ari garela, aurreko batean soberaxko eta ia ezinezko iruditu zitzaidan esaldi bat itzuli behar izan nuen: โ€œEl alumnado consume poesรญaโ€. Egiari zor, nire kezka nagusia ez zen izan erabaki beharra nola eman esaldia euskaraz โ€“ea hitzez hitzezkora jo beharra nuen, edo munduaren merkantilizazio mugagabea mugatzeko moduko beste aditz bat aukeratuยญโ€“, kezka handiagoa eragin baitzidan Hezkuntza Departamentu batek ekoitzitako testu batean holako esaldiak agertzea normaldu izana. Badakit garaian garaiko gizarte-antolamenduak zizelkatzen digula hizkuntza, eta gure gizarte kapitalistaren enegarren erakusgarri bat besterik ez dela, baina, esaldi hura irakurrita, zoliago eta barrenago sumatu nuen ohiko kirrinkaโ€ฆ

Nolanahi ere, ongi dakit kirrinka zoliago horietara ere ohituko naizela, arrazionaltasun ekonomikoa arteetara ere hedatu da-eta aspaldi. Nire beldurra bestelakoa da: kapitalismoaren hizkuntza erabat nagusitzearekin batera ez ote dugun galduko ahalmena beste ikuspegi eta hitzen bitartez sortzeko mundua, gizartea, gure euskara eta geure buruak; izan ere, erabiltzen ditugun kontzeptuek gure ezaguera eta ulerkerei eragiten diete, eta batzuk oztopo izan daitezke inguru bizigarriagoak amesteko.

Ingelesa aldatzeaz gain, garbi dago kapitalismoak ingelesa hedatu duela, eta, batzuetan, tentazioa dut pentsatzeko inperioaren hizkuntzari mugak jarrita oraindik ere modua izan genezakeela hesiak paratzeko kapitalismoak blaitu hizkera-moldeei. Jabetzen naiz kontua ez dela hain sinplea, baina nik, adibidez, ongi ikusiko nuke halako batean Euskal Herriko Haur Hezkuntzako haurrek geletan ingelesa gutxiago kontsumituko balute, nahiz eta ohartzen naizen horrek galtzaileen frikikeria dirudiela oraindik eta, gainera, ikastetxeak merkatu diren honetan bezeroak galtzeko bide zabala litzatekeela hori. Bestetik, badakit ezen, tamalez, ingelesari mugak jarri arren, poesiaren kontsumoaz kezkatuko diren arduradun pedagogikoek beren postuetan jarraituko luketela, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako arduradunek segituko luketeela adierazten fikzio euskaratua oso zurruna dela eta oso zail egiten duela haren kontsumoa.

Julien Vinson itzultzailea (1843-1926) eta Prokrustesen oheak

Gidor Bilbao Telletxea

Euskalari orok daki Julien Vinsonek euskal bibliografiari buruzko lan erraldoi oraindik erabili beharrekoa idatzi zuela, hain zuzen Essai dโ€™une bibliographie de la langue basque (1891, 1898) ospetsua. Wikipedian hizkuntzalari moduan aurkezten da (ez bakarrik euskarazkoan, baita frantsesezkoan, katalanezkoan eta ingelesezkoan ere), eta zehazten da Indiako hizkuntzak (bereziki tamilera) eta euskara landu zituela. Eta esango nuke antropologiaren eta etnografiaren alorrean eginiko lana ere aitortzen zaiola (Julio Urkixok 1927an argitaraturiko ohar nekrologikoan eta Auรฑamendi Entziklopedian, behintzat). Georges Lacombek, 1927an Gure Herria aldizkarian argitaraturiko ohar nekrologikoan, azpimarratzen du Julien Vinsonek askotariko lanak idatzi zituela, askotariko alorretan: historia, folklorea, literatura, antropologia, bibliografia, filologia eta linguistika zerrendatzen ditu, askotarikotasunaren berri emateko.

Baina ez dut inon ikusi haren itzultzaile-lana aintzat hartu denik, hark eginiko itzulpen-lan batzuk aipatzen diren arren. Frantsesezko Wikipedian dagokion sarreran, bada Traductions atala, eta hiru itzulpen-lan aipatzen dira:

Hemen, euskaratik frantsesera eginiko itzulpenak aipatu nahi ditut: Le folk-lore du Pays Basque (1883) izen laburrarekin ezagutu ohi den liburuaz ari naiz, izan ere, funtsean, budisten eta djainisten elezaharrez osaturiko bilduman tamilerarekin bezalatsu, liburu honetan ere euskaraz bilduriko elezaharren, ipuinen, kantuen, asmakizunen, atsotitzen, koplen, pastoral-zatien… eta oro har ahozko literaturako adierazpen orotarikoen itzulpenak dauzkagu.

Esanguratsua da zein bildumatan argitaratu zen liburua: Les littรฉratures populaires de toutes les nations. Traditions, lรฉgendes, contes, chansons, proverbes, devinettes, superstitions bildumako 15. liburukia da. Bilduma osoko izenburuak begiratzen baditugu, ikusiko dugu Euskal Herrikoak baino lehenago argitaratuak zirela Bretainiakoak, Antzinako Egiptokoak, Gaskoiniakoak, Korsikakoak, Pikardiakoak, Maurizio Uhartekoak… eta frantsesez bilduak ez direnean, beti jartzen zaiola arreta berezia itzulpenari eta itzulpena egiteko moduari.

Julien Vinsonek ere, bere hitzaurrean, beste ezertaz baino lehen, eta beste kontu batzuei buruz baino suhartasun kartsuagoz, itzulpenaz dihardu: โ€œJโ€™ai naturellement traduit directement sur le texte basqueโ€ (XIV. orr.). Zuzenean jatorrizkotik (kasu honetan euskaratik) itzuli ahal izatea ezinbestekoa dela uste du, eta funtsezkoa iruditzen zaio zehaztasuna. Ez ditu onartzen ez parafrasiak โ€•โ€œles traductions fournies ร  M. Cerquand par ses collecteurs sont trop souvent de dรฉporables paraphrasesโ€ (XIV. orr.)โ€•, ez moldaketa edo egokitzapenak โ€•โ€œUne traduction, pour รชtre exacte, ne saurait รชtre une adaptation, un arrangementโ€ (XXXIV. orr.)โ€•.

Pasarte luzetxoago bat ekarriko dut osorik:

Jโ€™ai traduit en effet, suivant mon habitude, aussi littรฉralement que possible; jโ€™ai cherchรฉ ร  serrer le texte de prรจs et, dans les poรฉsies, ร  conserver les divisions originales. Je nโ€™ai jamais admis le systรฉme qui consiste ร  habiller dโ€™un franรงais acadรฉmique et guindรฉ des pensรฉes exprimรฉes dans des langues รฉtrangeres; ร  jeter sur le lit de Procuste du beau langage les productions nรฉes au delร  du Rhin, Des Alpes, ou des Pyrรฉnรฉes (XXXIII. orr.).

Ahalik eta modurik literalenean itzuli duela dio, jatorrizko testuari gertutik jarraitu diola, eta poemetan jatorrizko zatiketak gordetzen saiatu dela. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaio uko egitea frantses apain eta akademikoari, ahozko literaturako testuen itzulpenetan frantses hori erabiltzea Prokrustesen ohea erabiltzea bezalatsu baita: luzeegia behar gabe laburtzea. Prokrustesen mitoaren Antzinateko bertsioetan, Gaio Julio Higinorenean (K.a. 64 – K.o. 17) adibidez, Prokrustesek bi ohe zituen:

Procrusten Neptuni filium. Ad hunc hospes cum venisset, si longior esset, minori lecto proposito reliquam corporis partem praecidebat; sin autem brevior statura erat, lecto longiori dato incudibus suppositis extendebat eum, usque dum lecti longitudinem aequaret. Hunc interfecit. (Hyg. Fabulae, XVIII, 3)

Prokrustes Neptunoren semea hil zuen [Teseok]. Prokrustesengana ostatu-hartzaileren bat iristen zenean, handia bazen, ohe laburra eskaintzen zion, eta kanpoan geratzen zitzaion gorputz-zatia mozten zion; altuera txikikoa bazen, ordea, ohe luzea eskaintzen zion eta ingudeen pisuaz tiraka eginda luzatzen zuen, ohearen luzera berdindu arte.

Dirudienez, zehaztasunaren izenean, Julien Vinson gehiago amorratzen zuen luzea laburtzeak laburregia behar gabe luzatzeak baino. Nolanahi ere, gure ustez, bildumaren helburuetarako, itzulpen onak egin zituen. Hona hemen bat, ia-ia ausaz hautatua (Vinson 1883: 209-210):

Kuku! miku!
Chorijak sasian umiak ditu!
Sagusarrak jango al ditu!
Sagusarra alkate:
Marijak bai gura leuke!
Coucou! Couvรฉe!
Lโ€™oiseau a ses petits dans le buison!
La chauve-souris pourra les manger!
La chauve-souris est alcalde:
Maria le voudrait bien, oui!

Eta beste hau ez da ausaz hautatua, nik gaztetan (ikasle-garaian, o tempora!, o mores!) irakurritako Vinsonen lehenengo itzulpena baita. Jean Mekol Garindainekoak idatziriko Edipa pastoralaren 1793ko eskuizkribuaren edizioa prestatzen ari nintzen, eta hara non aurkitu nuen Azken Pheredikia Vinsonek frantsesera itzulia. Lehenengo bost bertsetak kopiatuko ditut hemen, euskarazko jatorrizkoak nire ediziotik hartuta, eta frantsesezkoak Vinsonen itzulpenetik (Vinson 1883: 338):

Haur duciela, populia,
goure trageria finitcen,
ceren eta niq beiteriot
coroua eรงarten.
ย 
Badugu eรงagutcia
etciratela satisfactu
eta suget miraculous haur
eztugula ounxa representatu.
ย 
Icoussy ducie pheรงa haur
miraculus cella cargaturiq,
sugurky merechy beiรงukian
gu beno atur hoberiq.
ย 
Icoussy ducie erregue Laya
semiaq noula cian erho,
eta hanty landan
ama ezpoussatu guero.
ย 
Suittan hirour haur
amareky eguin cian,
eta bere beguiaq idoky
hilceko desertian.
Voici que vous avez, peuple,
notre tragรฉdie terminรฉe;
et je vais, moi, lui
mettre la couronne.
ย 
Jโ€™ai la connaissance
que vous nโ€™รชtes pas satisfaits,
et que ce sujet merveilleux
nous nโ€™avons pas le bien reprรฉsentรฉ.
ย 
Vous avez vu que cette piรจce
est chargรฉe de merveilles;
sรปrement elle aurait mรฉritรฉ
des acteurs meilleurs que nous.
ย 
Vous avez vu le roi Laius,
comment son fils lโ€™a tuรฉ,
et en suite de cela
quโ€™il a รฉpousรฉ sa mรจre.
ย 
Puis trois enfants
il a fait avec sa mรจre,
et il sโ€™est tirรฉ les yeux
pour mourir dans le dรฉsert.

Halako itzulpenez osaturiko ia laurehun orrialdeko liburua idatzi duen gizona itzultzailea ere bada, ezta?

Oharkabean pasatzea

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Nor bere zoroak bizi du, eta blog hau irakurtzeko ohitura duzuenok konturatuko zineten jadanik zerk dantzarazten nauen ni. Azken aspalditxoan, euskarara itzulitako literatur testuetako hizkera eta euskal idazleek sortutako testuetakoa konparatzen jardun dut, nire doktorego-tesiaren aitzakian edo haren erruz. Labur azalduta, lexiko-aberastasuna, zehaztasunerako eta รฑabardurarako joera, eta lexiko-sorkuntzari lotutako jarrera berritzaileak/kontserbadoreak izan ditut aztergai. Ez da hau lekua gai horiei buruzko ondorio nagusiak aurkezteko. Baina izan dira han eta hemen ezustean bidera atera zaizkidan zenbait auzi, txikiagoak-edo, zer pentsatua eman didatenak; bada, hemen gaur horietako bat.

Tesian, besteak beste, denbora-adberbioak aztertu ditut. Hiztegiak eta gramatikak arakatu, eta 391 denbora-adberbioko zerrenda bat osatu nuen. Ondoren, aztergai izan dudan corpuseko[1] itzulpenetan termino horietatik zenbat erabili diren neurtu nuen, bai eta termino bakoitza zenbat aldiz eta zenbat liburutan erabili den ere. Eta gauza bera egin nuen testu ez-itzulietan. Datuek erakutsi didate termino zehatz batzuetan alde handia dagoela testu ez-itzulietako agerraldi kopuruaren eta testu itzulietakoen artean; hau da, termino batzuk askoz gehiagotan erabili dira testu ez-itzulietan testu itzulietan baino, eta alderantziz. Tira, alderantziz ez horrenbeste. Gehiagotan gertatzen da termino bat euskal idazleen testuetan askotan erabiltzea eta euskal itzultzaileek itzulitako testuetan oso gutxi agertzea, kontrakoa baino. Bada, testu itzulien eta ez-itzulien arteko erabileran alde handia antzeman diedan denbora-adberbioetako hainbatetan, erabilera hori luma bakar bati edo ia bakar bati zor zaiola ikusi dut. Adibideren bat jarrita hobeto ulertuko dugu:

  • Gauak gauari iparraldeko forma testu ez-itzulietan erabiltzen den 15 aldietako 13 Itxaro Bordaren 8 testuri dagozkie. Gainontzeko biak Xipri Arbelbiderena eta Lucien Etxezaharretarena dira. Itzulpenetan ez da ageri.
  • Orainik formak testu ez-itzulietan dituen 48 agerraldietako 39 Pello Salabururenak dira. Gainontzekoak beste 5 idazleren testuetan ageri dira, eta horietako 3 Xalbadorren bertso famatuaren aipuak edo aipuaren aldaerak dira (ยซtxistuak jo dituzute bainan / maite zaituztet orainikยป). Itzulpenetan ez da ageri.
  • Santa sekulan: Testu ez-itzulietako 19 agerraldietatik 14 Patziku Perurenarenak dira. Gainontzeko 5ak beste horrenbeste idazlerenak dira. Itzulpenetako 7 agerraldiak, bestetik, 2 itzultzaileren lumatik iritsi dira: Elena Touyarou eta Karlos del Olmo.

Bada kasuren bat zeinetan agerraldi gehienak itzultzaile bakar bati zor zaizkion (noizik behinka formak itzulpenetan dituen 14 agerraldietatik 13 Karlos Zabalarenak dira, eta testu ez-itzulietan Ramon Saizarbitoriak baino ez du erabili, behin), baina, esan bezala, halako desorekak euskal idazleen lumatik iristen dira gehien-gehienetan.

Badirudi, beraz, erabilera pertsonalak ugariagoak direla idazleen artean itzultzaileen artean baino. Hau da, termino zehatz bat maiztasun nabarmen handiagoz erabiltzeagatik bereizten direnak idazleak izaten dira, itzultzaileak baino sarriago. Kopuruak ez dira bereziki nabarmenak, baina bide ematen digute baieztatzeko itzultzaile baino idazle gehiago ausartzen direla erabilera idiosinkratikoak egiten.

Bada, bigarrenik, beste auzi bat, euskalkien erabilerari lotutakoa, bereziki interesgarria iruditu zaidana. Hain zuzen ere, oraintsu azaldu dudan erabilera pertsonalen kontu hori eta oraintxe aurkeztuko dudan euskalkien erabilerari buruzkoa lotuta ikusten ditut, eta joera beraren erakusgarri direla uste dut. Azaldu dezadan. Euskalkien erabilerari buruzko auzia blog honetako aurreko testu batean ere aipatu nuen. Orduko hartan kolore-izenen eremu semantikoaz jardun nuen, baina bi eremuetan ikusi dut joera bera: koloreenean zein denbora-adberbioenean. Izan ere, ohargarria da ezen, testu ez-itzulietan koloreak izendatzeko zein denbora markatzeko euskalki bateko formak erabiltzen direnean, euskalki hori hitz egiten den eremuko idazleek erabiltzen dituztela nagusiki, baina joera hori ez da hain argia testu itzulietan. Hau da, itzultzaileek euskalkietako formak erabiltzen dituztenean ez dute sistematikoki beren euskalkiari dagozkion formetara jotzen; itzultzaileek gutxiagotan erabiltzen dituzte euskalkietako formak oro har, baina erabiltzen dituztenean edozein euskalkitakoak aukeratzeko joera handiagoa ageri dute. Egun oroz, noiztenka, ordukotz eta hemendik aitzina formen atzean forma horiei dagokien euskalkiko itzultzaileen eskua ikusten bada ere, beste hainbat adibidetan dena delako euskalkiari dagozkion itzultzaileak eta ez dagozkionak antzeko kopuruetan dabiltza, eta batzuetan are gehiago dira beste euskalki bateko itzultzaileak euskalki horri dagozkionak baino (ardurenean, jagoitik, orainokoan, belu, eten barik, oraindino eta beste orduz formetan, adibidez). Idazleak, esan bezala, nor bere euskalkiari leialago ageri dira.

Gauzak zertxobait sinplifikatuz, beraz, esan daiteke ia beste inork erabiltzen ez dituen terminoak erabiltzen aiseago animatzen direla idazleak itzultzaileak baino, eta era berean idazleak direla beren testuetan beren euskalkiko hitzak sueltoen erabiltzen dituztenak. Itzultzaileak, aldiz, nekez ausartzen dira ia beste inork erabiltzen ez duen termino bat beren itzulpenetan erruz baliatzen, eta euskalkietako hitzak txertatzen dituztenean han-hemengoak hautatzen dituzte, beren euskalkia oso agerian utzi gabe. Niri Lawrence Venutiren[2] itzultzailearen ikusezintasunaren ideia datorkit burura ezinbestean. Balirudike itzultzaileek beren ahots bereizgarria agertzeari uko egiten diotela eta beren idiosinkrasia ezkutatzen saiatzen direla, sorburu-testuaren egilearen estiloa beren tasun pertsonalez ez zipriztintzeko. Oharkabean pasatzen saiatzen dira, desagertzen (vanishing, dio Venutik), alegia, testuaren benetako egileari (jatorrizko testuaren idazleari) itzal edo traizio ez egiteko moduan.

Ez dugu, ziurrenik, ez genekienik azaldu. Denok gutxi-asko erraz errekonozituko dugu geure burua jokabide horretan. Baina datuek berretsita ikusi dugu behintzat.


[1] Probaleku gisa erabili dudan corpusa Egungo Testuen Corpuseko literatura atala da gutxi gorabehera, eta 2001 eta 2019 bitartean argitaratutako euskarazko 1.134 literatur testuk osatzen dute: euskaraz idatzitako 698 liburuk eta hainbat hizkuntzatatik euskarara itzulitako 436 liburuk.

[2] Venuti, Lawrence (1995). The Translatorโ€™s Invisibility. A History of Translation. Routledge.

Oilarrak kukurruku?

Iรฑigo Satrustegi Andrรฉs

Aitortu behar dut haurrentzako ipuinak itzultzen aritu izan naizenetan, generoak dituen zailtasunen artean, onomatopeiek buruhauste handiak sortu dizkidatela. Batzuk txiki-txikitatik ongi ikasiak ditugu, beste batzuk irakurri eta kontsultatu ahala barneratu. Baina, ai, batzuetanโ€ฆ Gehiegitan ikusi dut nire burua sekula lehenago pentsatuko ez nituzkeen soinuak euskaraz eman nahian.

Hala sortu da hain justu blogerako ideia zoro hau. Zer onomatopeia eta nola eman dituzte gure idazle eta itzultzaileek? Nola egiten du katuak gure haurrentzako albumetan, miau, mau ala marramau? Oiloek benetan esaten al digute kukurruku? Eta korrokadak nola adierazi?

Tira, ba horietako batzuk bildu ditut hurrengo tauletan. Arratsalde pasa izan naiz egun bat baino gehiagoan Txantreako Liburutegiko haurren txokoan. Han ibili naiz, irizpide eta zehaztasun zientifiko gehiegirik gabe, โ€œlehenengo irakurketakโ€ saileko zientoka albumak aztertzen. Batzuetan marrazki bidez, besteetan testuan bertan topatu ditut bilatzen nituen hots horien ordainak. Kolpeak, animaliak eta gizakion hotsak imitatzen dituztenak nagusiki. Beste batzuk, berriz, han edo hemen sartu ditut, irudimenaren mugek gure errealitateak gainditzen dituztelako. Bide batez, hau zortea gure umeena, istorio ederrak ditugu irakurgai, eta liburutegietan gainera, muxutruk.

Jarraian ikusiko dituzue topaturiko onomatopeiak sailkaturik. Testuingurua, onomatopeia bera, itzultzailea edo egilea, liburua eta argitaletxea jaso ditut.

1. oharra: Grisez adierazitakoak itzulpenak dira, eta zuriz ageri direnak, berriz, jatorriz euskaraz idatzitakoak.

2. oharra: Hartu bedi biltegia den horren moduan, zerrenda soil baten gisara alegia.

Kaierik ez duten bi ale

Fernando Rey Escalera

Estimatzekoa, eskertzekoa eta goraipatzekoa da Munduko Poesia Kaierak proiektua, eta, nola ez, haren bultzatzaileak.

Proiektuak, gutxienez, balio handiko bi osagai ditu: hari esker, batetik, munduko poeta handien obra irakurtzeko aukera ematen zaigu, pixkana-pixkana kanoneko poeta aunitzen poema sorta ederrak itzultzen ari baitira euskarara; bestetik, itzultzaile eskarmentudun zein hasiberri askori atea ireki zaie errekonozimendua duen idazle baten obra ekartzeko euskarara.

Niri ere egin zidaten eskaintza, eta, une hartan, baiezkoa esanik ere, itxoiteko esan nion Maialen Berasategiri, bestelako lanak bainituen esku artean, eta burua kezkaz aski betea.

Dena dela, Maialenek asmatu egin zuen eskaintza eginez, aspaldikoa baitut gustuko poemak euskarara ekartzeko zaletasuna.

Berriki, EIZIEk eskaini eta Maialenek berak martxoaren 12an gidatutako ikastaro batean, poemen itzulpen prozesuaz aritu ginen, gakoez, zailtasunez, erronkez. Eta gogoa piztu zitzaidan berriz. Ez diot heldu inongo lani, baina ohartua naiz aleka-aleka poema asko ditudala euskaratuak, noizbait neure barreneko zerbait ukitzen duten poemak itzultzeko bulkada sentitzen baitut tarteka.

Hemen dira haietako bi. Jatorrizkoa ere hemen da, inork konparaziorik (edo kritikarik edo hobetzeko proposamenik) egin nahi badu ere. Lehenbizikoa Bertalicia Peralta panamarrarena da, โ€œLa รบnica mujerโ€ izenekoa. Bigarrena, Eduardo Galeanorena da, eta โ€œNosotrosโ€ du izena.

LA รšNICA MUJER
Bertalicia Peralta
 
La รบnica mujer que puede ser
es la que sabe que el sol para su vida empieza ahora
la que no derrama lรกgrimas sino dardos para
sembrar la alambrada de su territorio
la que no comete ruegos
la que opina y levanta su cabeza y agita su cuerpo
y es tierna sin vergรผenza y dura sin odios
la que desaprende el alfabeto de la sumisiรณn
y camina erguida
la que no le teme a la soledad porque siempre ha estado sola
la que deja pasar los alaridos grotescos de la violencia
y la ejecuta con gracia
la que se libera en el amor pleno
la que ama
la รบnica mujer que puede ser la รบnica
es la que dolorida y limpia decide por sรญ misma
salir de su prehistoria.
 
 
EMAKUME GUZTIZKOA
 
Emakume honek baizik ez du iristen izana:
ongi dakiena orain ateratzen ari dela bere bizitzarako eguzkia;
malkorik isurtzen ez duena,
baizik eta bere lurraldearen hesia ereiteko azkonak;
erreguka ari ez dena;
bere iritzia esan eta, burua tentetuz eta bere gorputza inarrosiz,
lotsarik gabe goxoa dena eta, aldi berean, gogorra gorrotorik gabe;
mendekotasunaren alfabetoa desikasi
eta tente dabilena;
bakardadeari beldurrik ez diona beti egon delako bakarrik;
indarkeriaren uhuriei iskintxo egin
eta xarmaz bortizkeria suntsitzen duena;
maitasun bete-betekoan askatasuna erdiesten duena;
maite duena.
Emakume bat baizik ez daiteke izan emakume guztizkoa:
minberaturik ere, aratz, aske erabakitzen duena
bere historiaurretik ateratzea.

___

NOSOTROS
Eduardo Galeano
 
Nosotros
tenemos la alegrรญa de nuestras alegrรญas.
Y tambiรฉn tenemos
la alegrรญa de nuestros dolores.
Porque no nos interesa la vida indolora
que la civilizaciรณn del consumo
vende en los supermercados.
Y estamos orgullosos
del precio de tanto dolor
que por tanto amor pagamos.
Nosotros
tenemos la alegrรญa de nuestros errores,
tropezones que muestran la pasiรณn
de andar y el amor al camino,
tenemos la alegrรญa de nuestras derrotas.
Porque la lucha
por la justicia y la belleza
valen la pena tambiรฉn cuando se pierde.
Y sobre todo tenemos
la alegrรญa de nuestras esperanzas
en plena moda del desencanto,
cuando el desencanto se ha convertido
en artรญculo de consumo masivo y universal.
Nosotros
seguimos creyendo
en los asombrosos poderes
del abrazo humano.
 
 
GUK
 
Guk
geure pozen poza daukagu.
Bai eta gure minen poza ere.
Ez zaigulako interesatzen
kontsumoaren zibilizazioak
supermerkatuetan saltzen duen
bizitza oinazegabea.
Eta harro gaude
hainbesteko maitasunagatik
ordaintzen dugun
min handiaren prezioaz.
Guk
gure okerren poza dugu,
estropezu horiek
ibiltzeko grinaren eta
bideari diogun maitasunaren
adierazgarri direlako.
Gure porroten poza dugu,
justiziaren eta edertasunaren
aldeko borrokak
merezi duelako frakasatuta ere.
Eta, desilusioa puri-purian dagoen garaian,
desilusioa jende guztiaren
kontsumo-gai bihurtu den honetan,
gure esperantzen poza dugu batez ere.
Guk
gizon-emakumeen besarkadaren
ahalmen harrigarrietan
jarraitzen dugu sinesten.

Armadiloa

Estitxu Irisarri Egia

Bazen behin jakin-minez beteriko armadilo bat, bere begiek, sudurrak, belarriek eta hankatxoek hara eta hona egiten zuten gauza berriak ikusteko, sentitzeko, ikasteko eta bizitzeko gogoz. Gauero bidaiatzea gustatzen zitzaion eta, ahal izanez gero, lagun berriak egitea. 

Udaberriko lehen gau hartan bidaia luze bat egiteko garaia zela pentsatu zuen, ausardia bildu eta ohi baino urrunago joan nahi izan zuen. Hankatxoen, buruaren eta bihotzaren indarra neurtzeko eskualde ezezagun ederretako lurrak bisitatu nahi zituen. 

Halere bere barruko beldurrak gainditzeko herriko jakintsuarengana joatea erabaki zuen:

โ€•Gabon, jakintsu. Zure hitz lasaigarrien bila nator. Bidaia luze bat egitekotan naiz eta konfiantza eta lasaitasuna nahiko nituzke.

โ€•Gabon, armadilo. Konfiantza eta lasaitasuna zure baitan daude beti, zurekin doaz noranahi. Bidaia ederra izan dezazula, ikusi arte.

Armadiloak muturra okertu zuen, zerbait lasaigarriagoa espero zuen. Baina urduritasun eta guzti bidaiari ekin zion. Dena dela, zalantzati eta beldurti sumatu zuen bere barrua. Are gehiago, gorputzaren kolorea ere ilundu zitzaiola nabaritu zuen. Ardurak loa ere nahastu zion. 

Nekeak jakin-nahiak baino pisu handiagoa zuen une hartan atseden hartzea ezinbestekoa zitzaion. Ur-ertz batean egin zuen pot. Flamenko bat hurbildu zitzaion:

โ€•Ondo zaude? Zerbaitetan lagun zaitzaket, armadilo?

โ€•Leher eginda nago. Inguru eta jende berria ezagutu nahi nuenez, nire lurraldetik urrundu nahi izan dut, baina beldurrak oztopoak jartzen dizkidala sentitzen dut.

โ€•Armadilo, beldurra zerbait naturala da, egoera larrietan salba gaitzake, baina indar handiegia ematen badiozu, geldiarazi egingo zaitu. Beldurra izan arren, norberarenganako konfiantza indartzea ezinbestekoa da. Hori bai, pazientzia eta denbora beharko dituzu berriz ere zure buruaren lagun izateko.

Bekozko iluna jarri zitzaion eta eskerrik eman gabe bizkarra eman eta aurrera jarraitu zuen. Argi zegoen: bihotza itxita zuenez, zentzumen guztiak itxita zituen. Bidaia atsegin izan zitekeena sufrimendu-iturri bilakatu zitzaion. Belztasun hartan zarigueia batekin egin zuen topo. Hara eta hona zebilen, une berean hainbat gauza eginez, sekulako energia eta argitasuna helarazten zizkion armadiloari:

โ€•Kaixo, zarigueia. Nola egin dezaket zu bezain kementsu izateko?

โ€•Kaixo, armadilo. Galdera itzela egin didazu! Zure barnean izango duzu erantzuna. Zuk zeuk ezagutzen duzu ondoen zeure burua. Nire kasuan, egunean zehar indarra izateko, lo egitea, ondo jatea, kirola egitea eta pentsamendu positiboak izatea ezinbestekoa da, eta, noski, goizero nire barnearekin elkarrizketa izatea.

Erantzun bereziaren aurrean armadiloak bekain bat altxatu zuen. Eskerrak eman eta bideari jarraitu zion. Porru eginda zegoen. Hala ere, burua eta gorputza ez zetozen bat. Buruak ez zionez gorputzari kasurik egiten, halako batean, indarrik gabe ziplo erori zen lurrera.

Neke hark behartutako egonaldi hartan, barnearekin elkarrizketan hastea baino ez zitzaion gelditu. Begi-belarriak itxi zituen eta bihotza entzuten hasi zen une hartan, hainbat hitz eta irudi etorri zitzaizkion: Konfiantza eta lasaitasuna zure baitan daude beti, zurekin doaz noranahi; beldurra zerbait naturala da, egoera larrietan salba gaitzake, baina indar handiegia ematen badiozu, geldiarazi egingo zaitu; zure barnean izango duzu erantzuna. Zuk zeuk ezagutzen duzu ondoen zeure burua.

Hitz horiek guztiak berdez margoturik eta dirdira handiz agertu zitzaizkion barne-munduan. Maitasun handia sentitu zuen niarekin izandako elkarrizketa hartan, aurrez aurrekoetan ulertu ez zituen hainbat kontu ulertu zituen. 

Aginte-makila koloretsu eta miragarri batekin irudikatu zuen bere burua. Sekulako indarra eman zion irudi hark. Segurtasuna eta konfiantza berreskuratu zituela sentitu zuenean, begiak ireki eta kementsu ekin zion bideari.

Berehala sumatu zuen betikoa zela, gogoa eta kolorea berreskuratu zituen. Ematen zuen pauso bakoitza deskubrimendutzat hartzen hasi zen berriz. Begi-belarriak zabal-zabalik zituen berriro, bihotzak bere lekua berreskuratu baitzuen. 

Eta hala jarraitu zituen hainbat hilabete. Lagun, leku eta ikasketa nahikoa bildu zituela sentitu zuenean, jaioterrira itzuli zen eta herriko jakintsuaren etxera joan zen. Ez zegoen inor. Harritu egin zen. Ezohikoa zen hustasuna nabaritu zion etxeari. Pentsamenduetan zebilela, harri bati ostikoa eman eta paper bat ikusi zuen lurrean. Jakintsuaren ohar bat zegoen:

Armadilo, bidaian zehar hainbat gauza ikasiko zenituen, orain zurea da jakinduriaren makila, nire meditazio-txokoan utzi dizut, herrikoen gidaritza-lanari sendo ekin diezaiozun. Nire bidearen bukaerak eta zurearen hasierak bat egin dute. Ikusi arte edo sentitu arte.