Literatur agenteez

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Euskal literatur eremuan dauzkagun itzulpen fluxuak aztertzen aritu naiz azkenaldian, itzulpen joeren garapena zer nolakoa izaten ari den ikusteko batetik, eta literatur trukeetan parte hartzen duten eragileek betetzen duten rola ezagutzeko bestetik. Gai horri tiraka, literatur sustapenaz eta esportazioaz arituko naiz oraingoan.

Edozein kulturatan, sustapena eta hedapena ezinbestekoak dira literatura bat bere hizkuntzaren mugetatik kanpo ezagutarazteko. Literatura-sistemaren biziraupenerako nahitaezkoak direla ere esan liteke, bi norabideetan egiten diren kultur trukeek aberastu eta aldarazi egiten baitute literatura bat. Itzulpena tresna ezinbestekoa da literatura gutxitu baten zabalkunderako; alabaina, erdaretarako itzulpenak egin eta ezagutaraziko badira, bultzada bat beharko dute. Heilbronen eta Sapiroren arabera (2016), itzulpen gehien-gehienak hizkuntza nagusi edo hiper-nagusietatik egiten dira, eta hizkuntza periferikoek, aldiz, gutxi esportatzen dute. Asimetria horiei aurre egiteko, ohikoa izaten da gobernuek haien herrialdeetako kultura-ekoizpena atzerrian sustatzeko erakunde espezifikoak sortzea, baita itzulpenak sustatzeko politikak bultzatzea ere.

Bai Euskal Herri mailan bai estatu mailan, erakunde publikoek eskaintzen dituzte euskal literatura atzerriratzeko laguntzak. Dena den, Montero Küpperrek (2016), Castrok eta Linaresek (2022) eta nik neronek beste nonbait (2021) ondorioztatu dugun moduan, erkidego mailako erakundeak dira batik bat hizkuntza gutxituetako kultur esportazioa finantzatzen dutenak, eta estatu mailako erakundeek batez ere gaztelaniaz sorturiko lanen itzulpena sustatzen dute. Frantzian ere Centre National du Livrek (CNL) eskaintzen ditu laguntzak Frantzian sorturiko literatura lanak esportatzeko, baina oraingoz ez da euskaraz idatzitako lanik itzuli laguntza horien bitartez.

Euskara eta euskal kultura eta sorkuntza nazioarte mailan sustatu eta ezagutzera emateko helburuz sortu zen Etxepare Euskal Institutua 2007an. Etxeparek egitasmo ugari ditu euskal literatura gure mugetatik kanpo sustatzeko, konparazio batera, itzulpenerako dirulaguntzak, testu laginak ingelesera edo frantsesera itzultzeko dirulaguntzak, Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria eta euskal sortzaileak nazioarteratzeko bidaia-poltsak. Horietaz gain, itzultzaileen trebakuntza ere bultzatu du, Idazlea itzultzaileen lantegian egitasmoa sustatuz, zein Itzultzaile berriak programa abian jarrita. Urteotan ibilbidetxo bat egin du Etxeparek euskal literatura atzerrian sustatzeko ahaleginean.

Erakundeen bultzadaz gain, euskal literatura atzerrian ezagutzera emateko itzultzaileek rol baliotsua betetzen dute, ez bakarrik literatur lanen itzultzaile gisa, baita beren kulturetako preskriptore gisa ere; izan ere, askotan, liburuek xede kulturan izan dezaketen interesa neurtuko dute, bai eta zer lan itzuliko den hautatu, jatorrizko lanak ulertu ezin dituzten argitaratzaileei haien egokitasuna iradoki, eta itzulpenak argitaratu ondoren promozioan lagundu. Gero eta itzultzaile gehiago da euskaratik itzulpenak egiteko gai, eta haien lana sarritan ez da itzulpena egitera mugatzen.

Ugari dira euskal literatura beste hainbat hizkuntzatan eskuragarri izan dadin lanean dihardutenak eta lan horien zabalkundean parte hartzen dutenak: itzultzaileak, idazleak, editoreak, kultur ekoizpena sustatzen duten erakundeak, literatur agenteak. Azken horiek ekarri nahi nituzke hizpidera. Itzulpen-eskubideak saldu eta literatur lanen zein autoreen sustapena kudeatzeko ardura dute literatur agenteek. Euskal Herrian tradizio gutxi izan du literatur agentearen figurak. 90eko hamarkadan, Ikeder literatur agentzia sortu zen, Euskal Herriko lehenengo literatur agentzia. Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi zein Kirmen Uribe idazleak ordezkatu zituen, besteren artean. Duela zenbait urte amaitu zuen bere jarduna Ikederrek, baina literatur agentearen figurak garrantzia hartu du azken urteetan euskal literaturan, eta gero eta idazle gehiagok du agente bat. Esaterako, Ute Körnerrek ordezkatzen ditu Bernardo Atxaga, Mariasun Landa eta Xabier Etxeberria; Casanovas & Lynchek, Kirmen Uribe; Ella Sher agenteak ordezkatzen ditu Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Oihane Amantegi, Irati Elorrieta, Karmele Jaio, Hasier Larretxea eta Nerea Loiola; SalmaiaLitek, berriz, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano eta Amets Arzallus; Mertin Wittek, Unai Elorriaga. Zerrenda horri erreparatuta, bada datu deigarri bat: Euskal Herritik kanpokoak dira aipatu agente guztiak. Euskal Herrian literatur agenterik ez egoteak beste nonbaiteko profesionalak bilatzera bultzatzen ditu euskal idazleak. Galdera ugari sortzen ditu egoera horrek. Esaterako: euskal sistemaz kanpoko eragileak izanik euskal literatur lanen eskubideak kudeatzen dituztenak egun, jatorrizko literaturaren zer nolako ezagutza dute agente horiek? Gaztelaniazko itzulpenaren bitartekaritza ezinbestekoa da lan baten eskubideak beste hizkuntza batzuetara saltzeko? Zein hizkuntzatako bertsioa hartzen da iturri gisa itzulpenerako? Galderak galdera, ahuldade bat erakusten du gabezia horrek, hizkuntza gutxituak hizkuntza nagusiagoetako literatur sistemen menpeko izan beharra literatur lanen eskubideak kudeatzeko.

Aipaturiko iturriak

Castro, Olga eta Linares, Laura. 2022. Translating the literatures of stateless cultures in Spain: translation grants and institutional support at the Frankfurt Book Fair. Perspectives 30(5). 792-810.

Heilbron, Johan eta Sapiro, Gisèle. 2016. Translation: Economic and Sociological Perspectives. In Ginsburgh, Victor eta Weber, Shlomo (edk.), The Palgrave Handbook of Economics and Language, 373-402. London: Palgrave MacMillan.

Manterola, Elizabete. 2021. Euskal literatura itzuliari buruzko gogoeta. In Ayerbe, Mikel (ed.) Euskal ediziogintzaren hastapen ikerketak, 65-95. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU).

Montero Küpper, Silvia. 2016. Políticas para la traducción de textos literarios. In Galanes, Iolanda; Luna, Ana; Montero, Silvia; Fernández, Áurea (edk.), La traducción literaria. Nuevas investigaciones, 53-72. Granada: Comares.

One Reply to “”

  1. Elizabeteren zalantzak areagotzeko, Etxeparek antolatzen dituen itzulpenetarako laguntzetan, ez da esaten “euskaratik edozein hizkuntzatara itzultzeko” direla, ezpada “Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-lanak edozein hizkuntzatara” itzultzeko; nire ustez, hor ere zirrikitua uzten da gaztelaniazko bertsioetatik itzultzeko.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina