Leire Azkargorta Mintegi
Euskal interprete askoren lana izaten da bai euskaratik, bai euskarara interpretatzea, bi norabideetan. Esango nuke gehienbat euskaratik interpretatzeko eskatu ohi dela gure merkatuan (adibidez Hegoaldeko erakunde publikoetan gehienbat euskaratik interpretatzen da, edo euskaratik bakarrik, oker ez banago), baina euskararako interpretazioak ere badu bere lekua, adibidez askotariko elkarteek eta eragileek antolatutako hitzaldietan, prentsaurrekoetan eta abar.
Interpreteek, beraz (eta batez ere autonomoek, seguruenik), bi norabideak eskaintzeko gaitasuna izan behar dute; eta hala irakasten zaie Itzulpengintza eta Interpretazio Graduan Aldibereko Interpretazioa I eta II hautazko ikasgaiak hartzen dituzten ikasleei ere.
Hego Euskal Herrian, euskarara interpretatzeko eskatzen denean, askotan gaztelania izaten da jatorrizko hizkuntza, eta batzuetan ingelesetik eta frantsesetik ere euskaratzen da, besteak beste.
Hitzaldi edo ekimen horietako antolatzaileen artean euskaltzaleak ere egoten dira batzuetan, eta hizkuntza eskubideak bermatzea izaten dute eskaera hori egiteko abiapuntu. Hau da, euskaraz hitz egitean gaztelaniazko itzulpena eskaintzen baldin bada, zergatik ez gaztelaniazko hitzaldietan ere euskarazko bertsioa eskaini?
Azken finean, gaztelaniaz idazten den hainbat eta hainbat testu ere euskaratu egiten da, hain zuzen ere Euskal Herriko eremu handi batean bi hizkuntzak ofizialak direlako, eta testuak bi hizkuntzetan argitaratzeak hizkuntza-eskubideak bermatzen dituelako.
Baina interpretazioari dagokiola, ahozkoan alegia, nik neuk ez dut hain argi ikusten gaztelaniazko hitzaldi bat aldi berean euskaratzeak hizkuntza gutxituaren alde egiten duenik, edo ez behintzat kasu guztietan. Gainera, nire esperientziaren arabera, zerbitzu hori eskaintzen denean entzule euskaldunek ez dute entzungailuak jartzeko ohiturarik izaten, zuzenean gaztelaniazkoa entzun ohi dute, eta, seguruenik, hala egiten dute ez dutelako entzungailuak erabiltzeko beharrik sentitzen, jatorrizko hizlariari ondo ulertzen diote eta.
Interpreteen lana komunikazioa ahalbidetzea da, jendeak elkar ulertu ahal izatea. Euskara ulertzen ez duenak behar du interpretearen lana, eta ez bi hizkuntzak ulertzen dituenak. Interpretea egoteak euskaldunei euskara jendaurrean erabiltzeko (eta erdaldunei hori ulertzeko) aukera emateko izan behar luke, eta ez mikrofono batetik euskaraz aritu eta beste aldean entzulerik ez izateko.
Nire irudiko, egoera horiek euskara funtzio estetikora mugatzeko arriskua dute, edo aurreko batean Itziar Diez de Ultzurrunek azaldu zuenez, “elebitasun-simulakro” hutsa egiteko, azken batean euskara funtzio komunikatibotik aldendu eta apaingarri polit bihurtzen delako.
Konferentzia ofizial oso bat gaztelania hutsean antola liteke horrela, eta gainera kexatzeko aukerarik eman gabe, euskara “presente” egon baita, nahiz eta inork ez entzun.
Bestalde, konferentzia elebidun bat bi norabideetan itzultzeak aurrekontua nabarmen igotzen duela ikustean (iraupenaren arabera bi interprete kontratatu beharko dira eta, beraz, aurrekontua bikoiztuko da), antolatzaileek erabaki dezakete gaztelaniazko itzulpena soilik eskaintzea. Nire ustez, auzi ekonomikotik harago ikusi beharko litzateke kontua.
Euskarara interpretatzeak zentzua izan lezake gaztelania ulertzen ez duten euskaldunentzat balitz (demagun, Iparraldeko norbaitentzat), edo atzerriko hizkuntzaren bat ulertzen ez duten euskaldunentzat (ingelesez eskainitako hitzaldi batean, esaterako). Beste kasu batzuetan, praktikoa izan liteke, adibidez, errele bidez ere gaztelaniatik euskarara itzultzea, adibidez interprete batek alemana-gaztelania eginda, eta beste batek gaztelania-euskara. Hau da, ez nago berez ahozkoan gaztelaniatik euskararako norabidea lantzearen aurka, baina bai uste dut, ariketa horretan euskarak ere beste edozein hizkuntzak betetzen duen funtzio sozial eta komunikatibo bera betetzen ez badu, orduan ariketak euskarari kalte handiagoa egiten diola, mesede baino.
Hizkuntza batentzat funtzio sinbolikoa batzuetan garrantzitsua den arren, interpretazioari dagokionez funtzio komunikatiboa garrantzitsuagoa da sinbolikoa baino.
Interprete modura, noizbait gomendio bat edo beste eman izan diet ekitaldien antolatzaileei, baina ez dakit zein neurritan izan behar duten interpreteek gai honen inguruko pedagogia egiteko ardura. Aitzitik, ekitaldien antolatzaileei dagokie erabaki politikoak hartzea eta euskara erdigunean jartzea, eta interpreteak hor izango gaituzte, hori posible izan dadin.

