Helduko gara horra ere

Isabel Etxeberria Ramírez

Itzuli beharra bezalakorik ez dago hizkuntzen bereizgarriez jabetzeko. Gure familiako kide elebakarrak eta elebidunak elkarrekin solasean ari direnean (erdaraz, noski), kide elebakarretako batek egin berri duen bidaia edo bisitatu berri duen herri, jatetxe, paraje…. zoragarriren bat aipatuz gero, kide elebidunetako batek han botako du, buruaz baietz eginez, onespena edo mira edo inbidia adieraziz bezala: «¡Ahí también ya llegaremos!» Eta jarraian, beharbada, jiratu eta begi keinu bat egingo dio bidaide izan ohi duen pertsonari, edo ukitu bat egingo dio ukondoaz, jostari, saihetsean, proposamena egiteko.

Berez, ezer txarrik ez du «¡Ahí también ya llegaremos!» horrek. Zuzena da gramatikari dagokionez, eta ulergarria. Eta hala ere, entzuten dudan bakoitzean (behin baino gehiagotan: bidaiazaleak dira, antza, gure familian!), zerbaitek krak egiten dit nire gaztelera-senean. Esaldi hori, komunikazio-egoera horretan, ez zait naturala egiten. Hitz hoberik ez dut, sortzen didan harridura azaltzeko: ez zait naturala iruditzen.

Eta, aztertzen hasita, konturatzen naiz esaldi horren ezegokitasunak zerikusirik ez duela «ha venido la prima y ha dicho…» edo «lo he aprendido de cabeza» edo «te ayudo yo a casa» esaldietan ageri diren gorabeherekin. «Ahí también ya llegaremos» esaldian ez dago kalko morfosintaktikorik (mi prima > lehengusina > la prima), ez kalko lexikalik (buruz > de cabeza), ezta polisemia barruko ordezkapenik ere (lagundu = ayudar/acompañaracompañar > ayudar). Orduan, zein da arazoa?

«Helduko gara horra ere!». Horrelaxe botako luke gure familiako kide elebidunak bere lehen hizkuntzan, euskaraz, ariko balitz. Ziur aski, badira esaldi horren hitzez hitzeko itzulpenean zenbait alderdi hizkuntza bakoitzaren barne-arauei eta erabilera-ohiturei lotuak. Heldu/llegar binomioa, adibidez. Gaztelera natural batean, ir aditza erabiliko genuke, translazioa adierazteko aditz bat erabili nahi izatekotan, eta ez helburua hain markatua duen llegar aditza. Euskarazko gu itzultzean gaztelerazko yo ohikoagoa baztertzeak eta nosotros gordetzeak ere (helduko gara = ya llegaremos > iré, tengo ganas de ir) ez dio naturaltasunari mesede egingo. Eta hala ere…

Nola edo zer erantzungo genioke, gazteleraz, leku zoragarri baten berri ematen ari zaigun norbaiti? Nire buru sortzetik erdaldunean, honelako aukerak bururatzen zaizkit: «¿Ah, sí? ¡Fíjate, qué interesante! ¡Que envidia! Ya tengo ganas de conocer aquello. No, no conozco ese lugar, pero ya me gustaría ir»… Horietakoren bat, edo horietako batzuen nahasketa bat. Hau da, helduko gara horren ordain, tengo ganas de ir, me gustaría ir edo antzekoren bat erabiliko genuke, halakorik esatekotan. Gauzak horrela, ez didazue ukatuko euskal hiztuna ausartagoa, adoretsuagoa, zirt edo zartekoagoa agertzen dela bere erantzuteko moduan. Harentzat, ez nahiko nuke, ez gustatuko litzaidake… Euskalduna, zirt edo zart, helduko da.

Kontua, nire ustez, ez da erdaraz ez genukeela horrela esango, baizik eta erdaraz ez genukeela hori esango. Euskarazko «Helduko gara horra ere» esaldiko lau hitzen atzean ―eta barkatuko ahal didazue gehiegikeria parodikoa― horrelako zerbait ulertzen dut nik: «Guri ere gustatzen zaigu hara eta hona ibiltzea, eta ibili ere ibiltzen gara, ez ezazu pentsa, eta ez, zuk aipatu duzun leku horretara ez gara heldu oraindik, baina aizu, zuri entzunda gogoa sartu zait, ba, eta bizitzak eta osasunak eta diruak hara-hona ibiltzeko aukera ematen diguten bitartean halaxe ibiltzeko asmoa dugunez, izango dugu aukera oraindik ere, eta helduko gara horra ere, ze demonio».

Adibide xume bat baino ez da hau, baina behin baino gehiagotan izan dut inpresioa, euskaldun peto-petoak erdaldunekin hizketan (erdaraz berriro ere, noski) ari direnean, elebakarrak harritu egiten direla elebidunaren zenbait adierazpide entzunda. Ziur aski, nire buru gaur-elebidun-baina-sortzez-elebakarrak aukera eskaintzen didalako bai elebidunaren gazteleraz komunikatzeko zailtasuna bai erdaldunaren harridura ulertzeko (euskaldun berria izateak ere izan behar du, ba, abantailaren bat!). Eta hizkuntzaren barne-arauetatik edo ohiko erabileretatik harago, ezegokitasuna beste zerbaitek sortu duela pentsatu izan dut maiz. Hau da, erdaldunen belarrietan bitxia edo ezegokia edo ulergaitza suertatzen den adierazpide horren gakoa ez datzala soilik gramatika-akatsetan edo erabilera ezegokietan edo lexiko-hautu okerretan. Eta zenbaitetan, zer esaten den, hots, hiztunak egoerari erantzuteko zer hautatzen duen, horrek ere zerikusia duela. Hiztunaren jarrera, nortasuna, mundu ikuskera…? Hitz potoloegiak dira horiek niretzat. Baina izan zerbait badela esango nuke.

Egia esan, Helduko gara horra ere esaldia beste adibide eta gogoeta baterako abiapuntu gisa nahi nuen erabili post honetan: ingelesezko bi hitz, sinpleak, ezagunak eta oso erabiliak. Esanahirik gabeak dira ia, baina era berean arazo handiak sortzen dizkidate niri, asko esan nahi dutela iruditzen baitzait. Oraingoan luzatu naiz, eta hurrengorako utziko dugu. Helduko gara horra ere.

2 Replies to “Helduko gara horra ere”

    1. Eskerrik asko, Iratxe. Interesgarria, benetan. Gainetik begiratzen ari naiz, eta ikaragarria da hor jasota dagoen adibide bilduma. Lan itzela. Zenbat eta zenbat paper mutur ez zituen beteko egileak.
      Bide batez, kasualitate hutsez, kontronimoei buruzko testuaren erantzunetan Iñaki Uritzek aipatzen duen “altxatu = ezkutatu, gorde” ikusi dut, artikuluaren 83. orrialdean (PDFaren 23. orrialdean). Gauzak zer diren…! Eskerrik asko berriro.

      Atsegin dut

Utzi iruzkina