Hooligan

Iñaki Segurola

Aparteko adurra dauka J.L. Zabalak nere modukoei hizpidea ematen. Oraindik oraintsu, hementxe bertan adierazi digu «euskalzulo» izatea bihotzeko gorabehera bat dela, eta zerekin berdinduko? eta hooliganismoarekin berdindu ez digu ba! Nere gaurko hau berdintze edo konparazio horren okerra salatzera dator.

Tokatu ere halaxe tokatzen zait, neure eskutikakoa delako «euskalzulo» hitz horren gurasotza letrazkoa. Eta gogora ekar nezake nondik nora sentitu nuen nik ez nengoela batere gozo eta eroso «euskaltzale» hitzaren estalkipean. Orain urte batzuk, eta orain ere hortxe nonbait, euskaltzale hitzeko -zale horrek tankera haundiegia zeukan esnezale-ko zalearena: euskaltzaleak euskara-saltzailea gehiago zirudien euskaraz-egin-zalea baino. Dena zen –edo hala sentitzen nuen nik– euskalgintza (euskara egina ez balego bezala) eta dena zen euskararen industria, fakturazioa eta holako. Garaitsu hartan asmatu zuten Euskararen Unibertsoa izeneko haundikeria hura, eta garaitsu hartan gertatu zen estadioak «euskararen alde» bete beharra. Horrixe hartzen nion eta hartzen diot hooliganismoaren tankera, ezeri hartzekotan; ez bakarrik estadioetan izan zirelako ekitaldi eta erakustaldi jendetsu haiek, baina horregatik ere bai.

Zabalak elkarren parean ikusten ditu euskararekiko zaletasuna eta Donostiako Sozietate Reala deritzan fubol-taldearekikoa, eta nik ezin uler nezake inolako moduz nolaz izan litekeen hori. Ni ere izana naiz fubol-talde baten zalea, zale sutsua, baina Lagun Onak izeneko herriko taldearen zale izatetik ez nintzen sekula pasa, eta aspaldi itzali zitzaidan su hura, jakina. Oraindik ez daukat osotara atzendua ordea, eta, beraz, badakit zer den izen bat, kolore batzuk, herri bat… zer? bihotzean eramatea? sentitzea? Bai: egia da irabazitakoan poz hartzen zela, eta galdutakoan mina, baina poz-min haiek eta euskarak honako euskalzulo honi eman izan dizkionak ez dute gauak eta egunak baino elkarren antz haundiagorik.

Ez dut uste hooliganismoa oso barruko gauza denik; oso ikusgarria eta, nolazpait esateko, imintziotsua izan daiteke eta da, baina axaleko seta errea edo tema itsua delakoan nago funtsean. Nik esan behar banu, iruditzen zait zinezko deus sentitu edo adierazi ezinak daramala bat hooliganismoak duen senti-adierazte handizkatu eta lehertu horretara. Hooliganismoak etsai bat behar du, tamainako etsai bat, pareko etsai bat, baina euskalzuloak nahiago luke euskarak batere etsairik ez balu; hooliganismoak derbyak maite ditu, eta herri bat beste baten kontrako xextra amorratuan jartzen du, baina euskalzuloak ez dauka holakorik batere, eta munduko herri eta hiri guztiei opa die euskara eder batean mintzatzea.

Hooliganismoa «guka» mintzo da joan den aspaldian. Lehen, gehienaz ere, «irabazi dugu», «galdu egin dugu» eta holakoak esaten genituen, baina orain «gaizki jokatu dugu», «min hartu dugu» eta antzekoak botatzen dituzte, batasun eta inplikazio bat barregarrizko moduan antzeztuaz, fanatismo ikusmirante huts bat dela ezkutatu nahian eta ezinean. Fanatismo ikusmirantea, koloreak, izena, gutarrismo antzeztua: horiek oro egon litezke eta daude euskaltzaleen munduan, eta, besteak beste, horrexegatik atera behar izan genuen «euskalzulo» hitza plazara.

Euskararen amazuloak gara, eta bizia desengainutik desengainura daramagu. Galeraren eta galdu-beldurraren minak bizi gaitu. Ez da ideia bat, ez da izen bat, ez dira kolore batzuk, ez da etsai-premia bat. Ez dakigu zer den, baina bihotz-belarrietako zerbait da. «Maitasuna», «atxikimendua», «eraspena» dei dakioke, baina hobe da inolako moduz ez deitzea edo izendatzea: izen substantiboek ezinbesean sortzen dute zer diogun zehazki badakigulako irudipena, eta nik nahiago dut esatea bihotz-belarrietako zerbait dela, bere soilean eta bere ezean.

Bidenabar esanda, euskalzuloak gutxi gara. Euskaltzale imintziotsuak asko, eta axolagabeak, aldiz, gehiengoa. Ez ditut epaitzen: eskubide osoa dute axolarik ez izateko, eta boladatan neuk ere haietakoa izan nahi nuke, baina euskalzuloarentzat, bihotz-belarrietako euskalzuloarentzat, axolarik ez izate hori bihotz-gogortasun eta barruko gorraize bat besterik ezin liteke izan, eta horrexegatik nahigabetzen gaitu ezin esan ahalako moduan. Ez luke hala behar, baina euskalzuloak berekin dakar maiz belaka eta ustel-antxa izatea (hipersentibera, euskara zurian esanik).

Ohartxo bat, azkenik, hooliganismoa eta bihotza elkarren parean jartzeaz. Buru-bihotzen arteko etena da gure oker askoren zuztarra, bai, baina berez eta izatez, gauza burutsuek ez dute zertan izanik bihozgabeak eta ankerrak eta, orobat, bihotzeko gauzek ez dute zertan izanik burugabeak, arrazoigabeak eta hooligantiarrak. Komeni da esanda uztea ama euskarak erakutsitako era argi eta gozoan.

2 Replies to “Hooligan”

  1. Belaka eta ustel-antxa: hipersentibera, euskara zurian.

    Munstroak vs alienijenak

    Edo alderantziz.

    Adjetibazioan daukagu, besteak beste, sekulako arazoa. Hireak bezalako adjetibo-marabilla horiek, nork eta, batez ere, nola sozializatuko?

    Ageriko modu pedagojiko batean, orain arte bezala -ala ez bezala, berdin dit- ala ezkutuko modu kutsagarri -orain ez bezala, seguru naiz- batean?

    Helburu pedagojikorako, eskola eta kitto, Hortik aurrera, ez dezagun gehiago gure burua -are euskara bera- umiliatu, jendeari negarrez eta enegarrez eskatuz, gurasokeria irringarriaz, euskaraz bizitzeko. Gainera, ez digu kasu ostiarik egiten ez eta egingo, ez orain, ez independentzia etorri ostean, ez eta Azkoitiko Anaitasunak Championsa irabazita ere.

    (Besteak beste, proselitistoi ikusten zaigulako hizkuntzatik bizi garela)

    Bigarren helbururako baina, badauzkagu esaten dena baino baliabide gehiago: botere publikoaren kontrolpeko hedabideak, handiak eta txikiak.

    Plan estrategiko sekretuak behar dira, orokorrak zein tokian tokikoak, zabaltzeko beharra diitugun kategoria linguistiko jakinak subliminalki zabaltzeko.

    Hizkuntza den bizipen estetikoa euskararen bitartez experimenta dezaten hiztunek modu saretuan, haiek jakitun izango ez diren plan bat edo batzuen arabera.

    Zertan dabil gure soziolinguistika? Ekolojiaz teorizatzen, edo feminismoaz, edo veganismoaz…

    (Hire moduko euskalzuloak, funtsean, hiper-esteta linguistiko batzuk zarete, Euskararen mod baten antzera irudikatzen haut. Hortik beraz, eredu estetiko baten bukaeraren aurrean, zuon min eta baita, honezgero, oroimin … belaka eta ustel-antxa?)

    Atsegin dut

  2. Gerora jabetu nauk, Iñaki, ez nuela “hooligan” hitza erabili behar, ez nintzelako ari inondik ere Peña Mujikako zaleei edo antzeko espantuzaleei buruz, baizik eta haurtzarotik, kanpora begirako inolako imintziokeriarik gabe, bihotz-buru-ipurdietan, barrunberik gordeenetaraino muinetaratua eta hantxe erauziezintasun erabatekoraino pega-pega eginda, futbol talde batekiko atxikimendua —atxikimendu nire uste arrazionalaren arabera absurdu eta tamalgarria— dugunoi buruz, urte askoan geuk ere jakin gabe kasu askotan, minbizi edo mesotelioma bat izaten den antzera. Baina bego hori horretan. Bestelako foro batean sakonduko diat, halako batean, gai horren inguruan.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina