Muga dezagun «mugatu»

Xabier Aristegieta Okiñena

Mugatu aditzari oinarrizko bi zentzu ematen zaizkio hiztegietan eta testuetan:

a) Zentzu kuantitatiboa: zerbait gutxitu edo, behintzat, zerbait horri gehieneko muga bat jartzearena. Esate baterako, abiadura mugatu, erantzukizun mugatuko sozietatea, gonbidapen kopurua mugatu (azken adibide hori, Zehazki hiztegian jasoa).

b) Bereizketa-zentzua: gauza bat (edo gehiago) mugarritu edo zedarritzearena; hau da, «mugak finkatuz zehaztu», Euskaltzaindiaren hiztegiak dioen bezala. Eta adibide hau ematen du: euskara idatziaren ohiturak ongi finkatuak eta mugatuak zeuden punturik gehienetan.

Kontua da esanahi-bitasun horretatik esaldi anbiguoak eratortzen direla. Adibide gisa, har dezagun esaldi hau:

  • Toki-entitateen eskumenak mugatu behar dira.

Esaldia bi modu hauetara uler daiteke (eta argi dago honako bi esaldi hauek ez dutela inola ere gauza bera esan nahi):

  • Hay que limitar las competencias de las entidades locales.
  • Hay que delimitar las competencias de las entidades locales.

Eta, hiztegien arabera, bi ulerkera horiek dira zilegiak.

Horregatik, hiztegiek diotena diotela ere, uste dut mugaturentzako adiera bakarra adostea beste erremediorik ez zaigula geratzen. Nire proposamena da mugatu «limitar» zentzurako uztea, eta zedarritu edo mugarritu erabiltzea «delimitar»erako.

Ez dadin egia izan Elhuyar hiztegiak mugatu aditzari –hain zuzen– ematen dion hirugarren adieran eskainitako adibidea, zeina xelebrea ez ezik bi bider etxekaltea ere iruditu baitzait, euskarazkoa eta hiztegia den obra batean jasotako adibidea den aldetik:

«euskal hitzak ez daude gaztelaniazkoak bezain zehazki mugatuak: las palabras vascas no están tan bien definidas como las del castellano»

4 Replies to “Muga dezagun «mugatu»”

  1. “Xelebrea eta bi aldiz etxekalte”. Bada zerbait Elhuyar hiztegiaren adibide malapartatu hori. Hizkuntza behar lukeen bezala erakutsi beharrean, ez zaio ba okurritu hiztegigileari hizkuntza den bezala erakustea! Zer dela-eta erabili behar du hiztegi horrek Koldo Mitxelenak idatzitako esaldi bat adibide gisa? (Hitz horiek ez daudela erdarazkoak bezain zehazkiro mugatuak. MIH 87). Halakorik!

    Atsegin dut

  2. A, bueno, horrek guztia aldatzen du! Adibidea Koldo Mitxelenarengandikoa bada, oso adibide aproposa, alajaina! Zer moduz geldituko litzateke Euskaltzaindiaren edo Etxepare Institutuaren goiburu bezala?: “Euskal hitzak ez daude gaztelaniazkoak bezain (edo, zer demontre, edozein erdaratakoak bezain, Koldo Mitxelenak hala esan zuela baldin badiozu) zehazkiro mugatuak”.

    Atsegin dut

  3. Nik ez diot ikusten inolako koskarik “limitatu” eta “delimitatu” bikoteari, baina, jakina, ez naiz Mitxelena bat 🙂

    Atsegin dut

  4. Ni acort kin erran duena Gilentxoc. Eta dut gainera galdetzen ea zergatic ez diran -batzuentzat- hitz horiec euscarazcoac noiz-eta halan erran daroagu euscaldun guziac an euscararen varietate guziac. Zer duquete atchaquiatzen?

    Atsegin dut

Utzi iruzkina