Iribas, zuretzat (IV)

Asier Larrinaga Larrazabal

Serie honi ekin nionean, orain hil batzuk, Nafarroako gobernuan zirenek jarrera guztiz pasiboa ―areriozkoa ez esatearren― zeukaten euskararen sustapenarekiko, Nafarroako agintariek 1979tik 2015eko maiatzera arte eduki duten bezala. Jarrerak berak kezka handia eragiten zidan, baina handiagoa jarrera horri eusteko argudioek. Hil hauetan, kontrargudio batzuk eskaini ditut ―hau, hau eta beste hau―, eta Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilari izan dena egin dut nire mezuen hartzaile.

Ez dut aurreikusten halako mezu gehiagoren beharrik, Nafarroak lehen aldiz lehendakari euskalduna izan behar baitu, baina ez dut gogoeta hau itxi nahi Iribasen orain dela hil batzuetako esanak gogoratu barik. Iribasen arabera, nafar bat ez da nafar hobea euskaraz jakiteagatik, ez espainiar bat espainiar hobea flamenkoa dantzatzen jakiteagatik. Hitzen mamia garrantzitsua da, baina garrantzitsuena, intentzioa: euskara gutxiestea, huskeria baten pare uztea.

Gehienetan, halako argudioak darabiltzatenek errespetu-koloreko berniz batekin estaltzen dituzte euren hitz umiliagarriak. Errespetu handiz hartzen dute batek euskara ikasi nahi izatea, baina errespetu bera nahi dute arku-tiroa ikasi nahi dutenentzat. Ez dute trabarik jartzen euskara-eskolak antola daitezen, baina erraztasun berdina nahi dute makrame-ikastaroak antolatzeko.

Euskararen balioa ezdeuskerien mailara jaitsiz, euren ezjakin-mailara jaitsi nahi gaituzte elebidun garenok, kultura bi ditugunok, munduan ibiltzeko komunikazio-baliabide bat baino gehiago erabil dezakegunok.

Eraso-argudioa: Batzuek euskara ikasi nahi dute; beste batzuek dantza flamenkoa, eta hori ere errespetagarria da.
Defentsa-argudioa: Ez nauzu zure ezjakin-mailara jaitsiko.

Euskara jakiteak hizkutza bat jakiteak duen balioa du, inondik inora ere konparatu ezin dena flamenkoa dantzatzen, makramea egiten edo musean jokatzen jakiteak duen balioarekin. Euskarak, ordea, ez du kosturik halako ondasunaren jabe egin nahi duenarentzat. Euskaldunok, gainera, doan eta atseginez partekatzen dugu, euskara zenbat eta banatuago aberatsago sentitzen garelako. Iribasek eta konpainiak, partekatu beharrean, euskarari uko egin diezaiogun nahi dute, ezin baitezakete eraman hain hizkuntza apal batek agerian uztea zein ezgauza eta zein ezjakin diren.

Nafarroan, garai berri bat hastekoa da, eta euskara sustatzearen aurkako argudio ergelak itzaliz joango dira. Beraz, gauza bat baino ez diet esan nahi Nafarroako legebiltzar eta gobernu berriei: nafar gaztetxoek ETB1eko “Gu ta Gutarrak” ikusi beharra dutela, une honetan gure pantailetan 12-16 urtekoentzat dagoen programarik onena da eta.