Muga dezagun «mugatu»

Xabier Aristegieta Okiñena

Mugatu aditzari oinarrizko bi zentzu ematen zaizkio hiztegietan eta testuetan:

a) Zentzu kuantitatiboa: zerbait gutxitu edo, behintzat, zerbait horri gehieneko muga bat jartzearena. Esate baterako, abiadura mugatu, erantzukizun mugatuko sozietatea, gonbidapen kopurua mugatu (azken adibide hori, Zehazki hiztegian jasoa).

b) Bereizketa-zentzua: gauza bat (edo gehiago) mugarritu edo zedarritzearena; hau da, «mugak finkatuz zehaztu», Euskaltzaindiaren hiztegiak dioen bezala. Eta adibide hau ematen du: euskara idatziaren ohiturak ongi finkatuak eta mugatuak zeuden punturik gehienetan.

Kontua da esanahi-bitasun horretatik esaldi anbiguoak eratortzen direla. Adibide gisa, har dezagun esaldi hau:

  • Toki-entitateen eskumenak mugatu behar dira.

Esaldia bi modu hauetara uler daiteke (eta argi dago honako bi esaldi hauek ez dutela inola ere gauza bera esan nahi):

  • Hay que limitar las competencias de las entidades locales.
  • Hay que delimitar las competencias de las entidades locales.

Eta, hiztegien arabera, bi ulerkera horiek dira zilegiak.

Horregatik, hiztegiek diotena diotela ere, uste dut mugaturentzako adiera bakarra adostea beste erremediorik ez zaigula geratzen. Nire proposamena da mugatu «limitar» zentzurako uztea, eta zedarritu edo mugarritu erabiltzea «delimitar»erako.

Ez dadin egia izan Elhuyar hiztegiak mugatu aditzari –hain zuzen– ematen dion hirugarren adieran eskainitako adibidea, zeina xelebrea ez ezik bi bider etxekaltea ere iruditu baitzait, euskarazkoa eta hiztegia den obra batean jasotako adibidea den aldetik:

«euskal hitzak ez daude gaztelaniazkoak bezain zehazki mugatuak: las palabras vascas no están tan bien definidas como las del castellano»