Itzultzaileak eta sentimenduak

Isabel Etxeberria Ramirez

Bizitzaren arlo gehienetan bezala, sentimenduak eta afektibitatea tartean sartzen direnean sutsuak eta mamitsuak izaten dira itzulpengintzan ere eztabaidak eta gogoetak. Itzulpengintzako ikasleei Euskaratik Gaztelaniarako Itzulpen Praktikak ikasgaia ematea egokitu izan zaidanetan, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox nobelako pasarte bat erabili izan dut, joko handia eman izan duena. Hauxe da pasartea:

Antxon, tira, alperrontzi, ikastolara joateko ordua dela, ez gero zapatilak eta bata jantzi gabe sukaldera etorri, oraindik fresko egiten du goizetan, tira, Antxon, gaur goizago oheratu beharko duzu, ez tele eta ez ezer, bestela, egunero komeri berdina, zure ohea zuk txukundu, lagundu egin beharko diozu amatxori, bestela, ilunabarrean ez dugu jostatzeko denborarik izango.

Arantxa Urretabizkaia, Zergatik panpox, Hordago, 1979

Lehen eztabaida ikastola hitzak piztu ohi du: escuela, ikastola, colegio, cole? Eta hurrengo desadostasun sakonagorako argudioak prestatzen hasteko balio izaten du: zer egin amatxo hitzarekin? Gehienetan, bi iritzi-talde sortu ohi dira: mamá eta mamiren aldekoak, batetik, eta ama eta amatxoren aldekoak, bestetik. Eta urtetik urtera, bi joera nagusi gailentzen direla iruditu izan zait (iruditu diot, ez baitut datu objektiborik jaso nire iritzi subjektibo hau indartzeko): etxe erdaldunetan hazitako ikasleak (eskolan euskaldundutakoak, alegia) ama eta amatxoren aldekoagoak izaten dira; etxe euskaldunetan hazitakoek, aldiz, mamá eta mami hobetsi ohi dituzte.

Ikasleen arrazoiak entzunda, honela esplika liteke hautua. Jatorri erdalduneko ikasleak ohituta daude beren etxeko eguneroko gaztelerazko jardunean ama erabiltzen. Hau da, haien mundu afektiboan horixe da konbinazio normala: gaztelerazko diskurtsoan txertatuta, ama. Eta gogorskoa egiten zaie euskal herritarrak (ziur aski donostiarrak) irudikatzen dituzten nobelako ama-semeek mamáka jardutea. Etxe euskaldunetako ikasleei ere arrotza zaie amari mamá esatea, baina amari gazteleraz egitea arrotza zaien hein bertsuan. Eta, beraz, ikasle horiek beren mundu afektibotik urrun sentitzen dituztenez gazteleraz mintzo diren pertsonaiok, errazago irensten dituzte haien mamá eta mami guztiak. Inplikazio afektiborik gabe, errazagoa zaie diskurtsoaren barruko koherentzia hori onartzea.

Beste faktore eta argudio interesgarri asko ere aletu ohi dituzte ikasleek eztabaida horietan. Literatur obrari, argumentuari eta egilearen asmoei lotuak, batzuk; adibidez, zenbateraino den garrantzitsua nobelan pertsonaiak euskaldunak izatea, eta beraz zenbateraino den beharrezkoa bereizgarri hori itzulpenean ere islatzea (funtsezkoa ote da emakume protagonista euskalduna izatea edo besterik gabe XX. mendearen bigarren erdiko mendebaldar ama langile baten erretratua egin nahi izan du egileak?). Hartzaileei eta merkaturatzeari lotuak, beste batzuk: berdin jokatu beharko luke itzultzaileak Euskal Herriko erdaldunak helburu dituen itzulpen bat egin beharko balu eta mundu zabaleko gazteleradun ororentzat itzuli beharko balu? Hau da, erabaki berberak hartuko lituzke, demagun, Euskal Herriko gaztelerazko egunkari batek bere irakurleen artean euskarazko literatura ezagutzera emateko sortutako bilduma batean argitaratzekoa balitz itzulpena eta Hego Amerikako argitaletxe batean kaleratzekoa balitz?

Eta, hala ere, gogoeta horien guztien artean, ikasleak mamá eta amaren artean hautua egitera bultzatzen dituen arrazoi nagusia inplikazio afektiboa dela esango nuke. Haien esperientzia emozionala. Haien historia sentimentala. Itzultzailearen ideologiak itzulpenean eragin handia izaten duela esan ohi da. Bada, zenbaitetan itzultzailearen ondare emozionala ere oso garrantzitsua delakoan nago.

Hori esanda, uste dut argi geratu dela itzulpen ideal bakar bat ez dagoela pentsatzen dutenetakoa naizela. Ezin konta ahala faktorek bultzatzen gaituzte itzultzaile guztiok itzulpen lan bakoitzean erabaki hau edo bestea hartzera. Irizpide objektiboek zein subjektiboek mendean hartuta egiten ditugu hautuak. Eta hautuak zinez delikatuak izaten dira batzuetan.

Eskoletako saio horietan, behin eztabaida baretu denean eta denok besteen jarrera ustez ulertzera iritsi garenean, kasu nire ustez korapilatsuago bat landu dugu inoiz: Mikel Antzaren Atzerri nobelako pasarte bat. Ikasleak dokumentatu egiten dira, egileaz dakitena azaltzen diote elkarri, Interneten informazioa bilatzen dute, liburuaren kritikak irakurtzen dituzte Armiarma webgunean… Alegia, kokatu egiten dute liburua. Atzerrin, protagonistak, Mikel Antzaren alter egoak, erabaki garrantzitsu bat hartu behar du: Mexikora alde egin, paper faltsuekin bizimodu gutxi gorabehera lasaia egitera, ala Parisen geratu, ETAko kide gisa militantzia betean. Eta kinka horretan, pena du gurasoekin ezin hitz egitea:

Hain erraza litzateke orain telefonoa hartu eta gurasoenera deitzea: «Ama. Ni naiz. Ez naute atxilotu A.n. Larunbatean Prefekturan aurkezteko deialdia nuen arren Kortaturen kontzerturako gelditzea erabaki nuen, itxaron zezatela Prefekturakoek astelehenera arte. Eta gero, Iparraldeko atxiloketen berri izatean neure burua gordetzea erabaki nuen. Parisen nago babes-etxe batean. Bakarrik. Ez dakit noiz ikusiko dugun elkar berriro. Batek esan dit Mexikora joatea dudala hoberena. Zuei zer iruditzen zaizue? Hor al dago aita?».

Mikel Antza, Atzerri, Susa, 2012

 “Mamá. Soy yo. No me han detenido en A. (…) ¿A vosotros qué os parece? ¿Está papá?”.

Zuei zer iruditzen zaizue?

One Reply to “”

Utzi iruzkina