Ekintzailea

Maite Imaz Leunda

Gaur egun, batik bat ekonomiaren gaiari lotuta erabiltzen da ekintzaile hitza. Ekonomia batean ondasun eta zerbitzu berriak sortu, horiek modu berritzaile batez merkaturatu edota ekoizpen edo kudeaketa-metodo berriak asmatu eta aplikatzeari ekiten dion pertsona da ekintzailea, wikipediaren arabera. Emprendedor/a eta emprendimiento barra-barra erabiltzen hasi zirenean zabaldu zen ekintzaile, eta ekintzailetza ere asmatu genuen. Dirudienez, jatorria frantseseko entrepreneur hitzean dago eta XVII. mende amaieran, Irlandan jaiotako Richard Cantillon izeneko ekonomialariak definitu zuen:”entrepreneur achète des produits et services à un prix certain pour le revendre à un prix incertain sur le marché, après défraiement des frais de transport”.

Geroago, entrepreneur formak arrisku ekonomikoak hartzen zituzten pertsonak (garai hartan seguruena gizonak bakarrik) adierazteko esanahia hartu zuen. Eta gaur egun ekintzailea arrisku ekonomikoak hartzen dituena izatetik berritzaile izatera igaro da. Krisia hasi zenetik nonahi ikusten dira ekintzaile eta ekintzailetza. Google-en begiratuz gero, aurki daitezke Gazteentzako Enplegu eta Ekintzailetza estrategiak, ekintzaileei laguntzeko programak eta abar.

Orain dela gutxi jakin nuen beste hitz bat ere badabilela horri lotuta, itzultzaile batek intraemprender euskaraz nola eman zitekeen galdetu zigunean; barrutik ekitea da intraemprender: enpresa baten barruan egiten den ekintzailetza. Beren enpresa propioa eratzen duten pertsonentzat erabili izan da ekintzaile hitza. Kontzeptu berri honek, ordea, lan egiten duten enpresan bertan ekintzaile izatea, lan egiten duten erakundean ideia berriak garatzeko denbora hartzea eta praktikan jartzea da jasotzen duen ideia.

Definizioa ikusita, barne-ekintzailetza proposatu genuen.

Norman Macrae kazetari britainiarra izan omen zen kontzeptua lehenengo aldiz erabili zuena, ingelesez, 1976an, The Economist aldizkarian argitaratu zuen artikulu batean: “The Coming Entreprenurial Revolution: a Survey”. Artikuluan intrapreneurship erabili zuen.

Nik kontzeptuaren berri izan eta biharamunean Euskadi Irratian intra-ekintzailetza entzun nuen. Geroztik Google-en begira ibili naiz eta ikusi dut sarrien agertzen den forma barne-ekintzailetza izan arren, intra-ekintzailetza ere maiz agertzen dela, baita intraekintzailetza ere. Geroak esango digu zein den nagusitzen den forma.