Haurrak irakasle

Gorka Lekaroz Mazizior

Hainbat lekutan galdu den berezko euskararen antzinako arrastoak ezagutu nahi dituenak ez du sarritan erabateko pozik hartuko; argiak baino gehiago izan daitezke ilunak eta ariketak halako masokismo-ukitu bat ere baduela pentsa liteke. Saiatu arren tokiren bateko euskararen behinolako bizitasunari buruzko idatzizko frogarik ez aurkitzeak dezepzioa sorrarazten du; frogak badirenean, bestalde, mintzoren baten galerari buruzko albisteak, albiste tristeak dira; eta han edo hemen aspaldi batean euskara sasoiko zebilela erakusten duten pasadizoek irakurtzeaz batera poza ematen badute ere, denboraren joanean sendo zirudiena desagertu izanari darion kutsu mingotsa nagusitzen dela uste dut.

Mingostasun-arrasto hori ez ezik, bestelako gogoeta ere eragin didate hemen aipatuko ditudan bi lekukotasunek.

XVII. mendean erdalduna zen Lerin, Lizarraz hegoaldera dagoen herri nafarra. Hantxe jaio zen 1600 baino lehen Miguel Gómez izeneko bat, urteak igarota konderriko handiki bihurtu eta espetxeko alkaide izatera heldu zena. Ez zegokion berez euskaraz jakitea; erdaldunak ziren garai hartan aztarna utzi zuten arellanoar, sesmar eta eskualdeko gainerako seme-alabak. Gómezek, ordea, bazekien euskaraz, neurri batean behintzat. Ez herrian jasota; zekiena umetan Iruñean hazi zelako ikasi zuela deklaratu zuen 1648an. Ez zuen Iruñeko eskoletan ikasiko, karriketan baizik; hiriko jendearekin, eta adin berekoekin batez ere, gora eta behera ibiltzearen ondorioz.

Mende eta erdi beranduago Agoitzera eraman zituzten hamar bat urteko lau gaztetxo zangozar. Euskalduna zen artean Agoitz; zeharo erdalduna ordea Zangoza, eta baita haur haiek ere, herriratu zirenean behintzat. 1790ean Francisco Arano izeneko benefiziadu batek jakitera eman zuenez bizileku berrira heldu eta bi urtera primeran hitz egiten zuten lau zangozarrek euskaraz, ‘bitarteko eta eskola bakarra adinkideekin ibiltzea izan delarik’.

Aldez edo moldez, umeak eta ikaste-prozesua dituzte hizpide bi adibideok. XVII-XVIII. mendeetan Nafarroako erdialdean nagusi zen euskarak ez zuen lekurik eskolan —gaurkoa baino hagitzez apalagoa zen eskola hartan—, baina ez zuen irakaskuntzaren beharrik belaunez belauneko jarraipena bermatzeko; aitzitik, kalea bera zen ikasleku, eta adiskideak zituzketen derrigorrezko maisu Lerindik edo Zangozatik bertaratutako haur erdaldunek. Jolasteko, hartu-emana biribila izateko, euskara ikasi behar. Haurrak irakasle.

XXI. mendean gaude eta gibelka egin du ordutik euskarak eskualde askotan; baita hizkuntzaren gotorlekutzat hartutako zenbaitetan ere. XVII eta XVIII. mendeetan karrikak jolastoki eta euskara jolas-hizkuntza zituzten haur iruindar eta agoiztarrek ez jaiolekua, ez beharbada egungo herrikide gehienen mintzoa bera ere ez lituzkete ezagutuko. Joan zen leku askotatik euskara (ordu hartan hainbatek oraindik arrotz zuten eskola tarteko, besteak beste) eta laguntzaile berriak bilatu behar izan ditu hizkuntza gutxituak, egungo gizartean bizirik iraungo badu. Irakaskuntza bera izan da horietako bat: eskolan jarri du euskarak itxaropena, halabeharrez, eremu batzuetan. Erantzuten ari al zaio itxaropen horri?

Ni hiri-giroko auzo aski erdaldunduan bizi naiz, eta guraso erdaldun kopuru hazia duen ikastetxe batean egiten dut lan; horren araberakoa da ezinbestean hemen agertuko dudan pertzepzioa.

Haur-hezkuntza etxe ondoko eskolatxoan hasi zuenean, euskara berezkoa zuen haur bakarra zen nire seme zaharrena gelakoen artean, eta etxetik gaztelania baino euskara gehiago eraman arren laster ikasi zuen haur eta erdaldun kontzeptuak identifikatzen. Berez etorri zitzaion, inork irakatsi gabe. Nahiz eta nirekin dena euskaraz egin gaztelania hartu zuten naturaltasun osoz nire semeek beste haurrekiko harremanetan. Egun ere, ingurune euskaldunagoetako adinkideekin ari direla, erdara-emaileago dira besteen euskara-hartzaile baino. Euskaraz ongi asko dakite, baina automatismoa gaztelaniaz dator.

D ereduan ari dira biak, eta ni ere D zein B ereduetan ibili ohi naiz eskolako lanean; A eredua desagertu egin da gurean, ofizialki behintzat (errealitatea, ordea, legea baino setatsuagoa delakoan nago). Batean zein bestean nire ikasle askotxorentzat euskara ikasketa-lanerako tresna hutsa da, beste aukerarik ez dagoelako eta ahal den moduan —tirriki-tarraka, maiz— erabili eta kudeatu behar dena baina gelako lanetik kanpo ibilbiderik (ia) ez duena. Nabarmenago B ereduan, baina D ereduan ere ez gutxitan; ereduak eredu, pentsatu ohi dut nekez aldaraz dezakeela aise letra batek familia askoren edo inguruaren nondik norakoa. Etxean euskara ematen duten ikasleek ere gaztelania berenganatu ohi dute eskolako harreman-hizkuntza gisa. Zenbait gaztek (hizkuntza etxean errotuago dakartenek ia beti, eta DBH ostean, eskuarki) euskara gehiago erabiltzeko ahalegin kontzientea egiten dute batzuetan; oso gutxi izan ohi dira, nik uste. D ereduan bertan gaztetxoenak entzun izan ditut sarriago euskaraz lehen hezkuntzan; hauetako asko hazi eta erreferentzia nagusi adinkideak —ez maisu-andereñoak— bihurtu ahala, ingurukoen mintzoa jarraibide bilakatu eta olatuak eraman ohi du halakoen sustrai sendorik gabeko euskarazko jarduna. Kideek erakusten dute bidea. Haurrak irakasle, beti ere.

Ideia hauek buruan, errealitatea aldatzea luzea eta nekeza dela pentsatu ohi dut, eta ezkutatzea, aldiz, denbora galtzea. Zenbait diskurtso ofizialentzat baztertu nahi den egia ezatsegina izan arren, behinolako erdialde nafar hura, Iruñea, Agoitz eta beste, euskalduna zen; erdaldunek ere egokituko baziren kaleko hizkuntza ikasi behar izateraino euskaldun. Egia ezkutatzeak ez du inondik ere desagerrarazten. Gaur, nire inguru hurbilean bederen, errealitatea oso bestelakoa da, baina hura bezain tematia hau ere. Irakaskuntzak hedatu egin du euskara hiriguneetan; egin beharrekoa zen. Errotzea besterik da, ordea.

Baliagarri sentitzen duguna erabiltzen dugu. Zentzuzkoa da, gainera. Nire ikasle askok euskara ikasi bai, baina horixe egiten dute, ikasi. Ez dute erabili beharrik sentitzen, aukera izan arren; baliorik ikusten ez dioten seinale? Ez guk nahiko genukeen balioa, agian.

Ingurua da beti hezibide. Irakaskuntzak urrats garrantzitsuak eman ditu (eta ematen ari da) bestela inola ere euskaraz jabetuko ez liratekeen gazte asko hizkuntzara hurbiltzea bermatuz. Goia jo ote du hainbat eremutan benetako erabilpena sustatzeari dagokionez? Nire errealitateak baietz esaten dit.

Zein da euskararen etorkizuna hizkuntza bizi gisa, hemen aipatutakoa bezalako giroetan batez ere? Izango al dira egungo ikasle hiritarren bilobak, haien jolasetan, Iruñeko haur haien antzekoak? Ez dakit, baina mezuak ez du derrigorrez guztiz ezkorra izan behar. Gauza asko egin dira; sinestezina izango zen ikastetxe askotan duela hogei urte D eredua nagusi izango zela entzute hutsa. Errealitatea burugogorra da hala ere, lehen bezala orain: haur eta gaztetxoek elkarri zer irakasten dioten eta zertan egiten duten, haiek ari zaizkigu apal eta tolesgabe beraien gaurko lehentasunak erakusten; eta gure erronkak agerian jartzen ere bai. Errealitate hori ahaztu gabe eta den bezala onartuz, egunero ereiten jarraitu beharra dago, euskararen irudi baikor eta baliagarria egunez egun sortzen eta helarazten, euskaldun hazterik izan ez duten gazteei bidean laguntzen, aurrera begira. Azken batean, artxibo-lanean bezala irakaskuntzan, aspaldi galdutakoaren nostalgian trabatuta geratzea masokismotik hurbil dagoen ariketa hutsala iruditzen zait.