IKT: teknologiak baino ez?

Bego Montorio Uribarren

Eguneroko esamolde ditugun digitalizazio, IKT, e-book… eta antzekoei erreparatu nahi diet gaurkoan. Hitzei beraiei baino gehiago, atzean dauden kontu batzuei, sarritan pentsatzen baitut nahas-mahas pilatutako produktu, prozesu eta bilakaerak etiketatzeko erabiltzen ditugula hitzok.

Oso adibide argia izan daiteke e-bookena. Baten batek e-book bat erosi duela esaten badizue, zer esan nahi dizue?, halako liburua erosi duela formatu digitalean, ala gailu elektroniko bat erosi duela, gero bertan edozer irakurri ahal izateko? Bata ala bestea izan, teknologiaz edo idatzitako obra batez arituko ginateke; erositako aparailu hori fabrikatu duen enpresaz, edo idazleaz; programaturiko zaharkitzeaz (erdaraz obsolescencia programada esan dioten horretaz), edo nobela beltzaz.

Era berean, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiez berba egiten dugunean, teknologiaz haragoko kontuez ere aritzen gara –aditu ez garenok behintzat–, eta horietako bi aipatu nahi dizkizuet gaur, kezka eta gogoeta.

Lehenak zuzenean eragiten die nire lanbideei –itzultzailea eta irakaslea–: irakurtzeko eta informazioa jasotzeko modua aldatzen ari da (dagoeneko guztiz aldatu ez bada).

Pantailetan irakurtzen dugunean, batez ere Interneten edo sare sozialetan, batetik bestera saltoka ibiltzen gara, titularrak edo testu laburrak baino ez ditugu irakurtzen, laburpenak, azken ondorioak. Duela gutxi, erreportaje batean, Ipar Amerikako gaztetxo bati entzun nion irakurtzea gustatzen zitzaiola, dexente irakurtzen zuela gainera, baina liburuen laburpenak zituen webgune batera jotzen zuela, nahikoa zuela horrekin. Zertarako osorik irakurri, gehitu zuen beste batek, laburpenarekin moldatzen bazen institutuan galdetuko ziotenari zuzen erantzuteko.

Inork egindako lanak kopiatzearena, ahalik eta ahalegin txikiena egitearena, ez da gauza berria; horri irakurzaletasuna deitzea, berriz… Esango nuke hasi baino ez dela egin bilakaera, baina irakasteko eta ebaluatzeko moduan, baita idazteko moduan ere, eragin zuzena izango duelakoan nago.

Digitalizazioak dakarren, edota ez dakarren, demokratizazioa da kezkatzen nauen beste gaietako bat. Batetik, oinarrizko azpiegituren kontua dago, zeren, sarri ahazten badugu ere, munduan milioika eta milioika pertsona baitago argindarrerako konexiorik gabe (sarerako konexioa, ilargia bezain urrun eta eskuraezina), ordenagailu edo tableta bat eskuratzeko sekula modurik izango ez duena. Hasi baino lehen ere, jokotik kanpo gelditu dira/utzi ditugu.

Eta, bestetik, edukien eskuragarritasuna dago, digitalizatzearekin batera pribatizatu egiten baitira, zenbaitetan, edukiak. Orain, libre daude horietako asko, baina baliteke bihar edo etzi ordaindu behar izatea, eta orduan, argi ibili!, seguruen alferrekoak izango zaizkigu-eta gaurko DVDak eta gainerako trasteak. Zuei ez dakit, baina niri gertatu zait jada informazioa berreskuratu ezin izatea, garai bateko diskete txiki haietan gordeta nuelako eta orain ezin dudalako inon irakurri.

Auziok aipatu baino ez ditut egin. Labur, soka luzekoak direla jakin arren. Izpi batzuk agertu, besterik ez. Eta egia esan, nire ezjakinak bultzatu nau horretara, ez blogaren formatu eta eskakizunak. Edo, beharbada, horrek ere izango zuen zerikusirik… ;-).

Utzi iruzkina