Zeinu diakritikoekin bueltaka

Alfontso Mujika Etxeberria

Apirilaren 25ean Karlos Cidek blog honetan “Zeinu diakritikoak, hizkuntza eslaviarrak eta euskara” izenburupean idatzitakoaren nolabaiteko erantzuna edo segida da gaurko hau. Hura irakurri nuenean, erantzun bat bidaltzea pentsatu nuen, baina, erantzun luzeegia irtengo zela eta erantzuna baino gehiago ere izango zela eta, aparteko gai gisa aurkezteko lizentzia hartu dut. Blogari ez zaio komeni endogamia (ez ahal da endofagia izango!), baina noiz edo noiz gertatzea ez da kalterako izango.

Literaturako itzulpen batean egindako hautu batetik abiatu bai, baina, gaiaren ikuspegi osoa izango badugu, esparru zabalagoa behar dugu aztergai. Hau da: zer egin behar dugu gure alfabetoa erabiltzen duten beste hizkuntzetako izenekin? Zilegi da grafia aldatzea?

Ez naiz ari, jakina, mailegatzen eta etxekotzen ditugun hitz arruntei buruz (hala nola kanpin grafia hartzea ingelesezko camping hitz arrunterako), edo maiztasun handiko leku- eta pertsona-izen garrantzitsuetarako —exonimoak— (Erroma grafia italierazko Roma leku-izenerako, edo Gilen grafia erabiltzea William bataio-izena zuten Ingalaterrako erregeak aipatzeko), baizik eta gainerako leku- eta pertsona-izenei buruz.

Nazioartean —gure inguru zabalean, behintzat— betetzen den printzipio edo hitzarmena da grafiak ez aldatzea (pertsona-izenen kasuan, gutxi gorabehera Erdi Aroaz geroztiko izenetarako balio du hitzarmen inon idatzi gabeko horrek). Horregatik, pentsaezina da Shakespeare abizen ingelesaren grafia Xekspir idaztea euskaraz edo Chopin abizen frantsesa (musikaria poloniarra bazen ere, abizen frantsesa zuen) Xopen idaztea euskaraz, ingelesez eta frantsesez ez dakitenek nola ahoskatu jakin dezaten.

Zuk nola ahoskatzen duzu Zürich leku-izena? Alemanez ez badakigu, ziur asko zuritx edo züritx (ü letra zubererazko ü bezala ahoskatuta) ahoskatuko dugu, ez baitakigu alemanezko z letra tz ahoskatzekoa dela, eta ez baitakigu alemanezko ch digrafoa j ahoskatzekoa dela (gipuzkoarrok iota letra ahoskatzen dugun bezala; alegia, gaztelaniaz jamón hitzeko iota ahoskatzen den bezala). Hau da, tzürij ahoskatu beharrean zuritx/züritx ahoskatzen badugu, erabat desitxuratzen dugu jatorrizkoa, baina, ahoskera gorabehera, grafia ez dugu aldatzen.

Eta, beste adibide bat jartzearren, jatorrizkoa desitxuratzea da italieraz ez jakinik Chieti probintzia txieti ahoskatzea (eta ez kieti) edo Lazio eskualdea lazio ahoskatzea (eta ez latzio).

Jatorrizko ahoskera desitxuratzea norberaren ezjakintasunaren araberakoa da, baina hori konpontzeko bidea ez da pertsona- eta leku-izenen grafia aldatzea. Horraino, uste dut denok ados egongo garela.

Goazen aurrera. Zer gertatzen da tiletekin eta gainerako zeinu diakritikoekin? Martxoan eman nuen horri buruzko iritzi orokorra; tartean, Euskaltzaindiaren leku-izenei buruzko arauetan diakritikoei buruz zer agertzen den ere ikusi genuen orduan:

159. araua: (…) zeinu diakritikoak (…Soča…, Mureş, Vištytis…) idaztea komeni da idazkera jaso zainduan.

154. araua: (…) Euskarazko testu arruntetan, ohikoa da diakritiko bereziak (gure ingurunean ohikoak ez direnak) ez idaztea. (…) Zeinu diakritikoarekin (Crişana) nahiz gabe (Crisana)

157. araua: (…)Wroclaw. Zilegi da euskaraz ere jatorrizko grafian duen letraz idaztea: Wrocław.

Txekieraren zeinu diakritikoen gaia plazaratu zuen Karlos Cidek aurrekoan. Labur esanda: txekieraren š grafema euskal x grafemaren hotsa duenez, Švejk jatorrizko grafia (pertsona-izen bat da) egokitzea eta Xveik idaztea erabaki zuen itzulpen batean, irakurleek zuzen ahoska zezaten.

Alegia, ez zuen diakritikoa desagerrarazi, Berria egunkariak jokatuko lukeen moduan, eta Euskaltzaindiak, leku-izenetarako, eta diakritiko “berezietarako” (guretzat nolabait arrotzak edo urrunak direnak, hau da, gaztelaniarenak edo frantsesarenak ez direnak) ontzat ematen duena —diakritikoa jartzea ere ontzat ematen du, jakina—, baizik eta grafia ahoskerara egokitzea —transkribatzea, nolabait esateko— hobetsi zuen.

Karlosen hautuaren helburua irakurleentzat mesedegarri gertatzea izan da. Nik, Karlosen asmo ona ulerturik ere, uste dut gaur egun ez genukeela horrela jokatu beharko. Hau da, Xveik (eta ez Švejk) idazteko arrazoia Xekspir (eta ez Shakespeare) idazteko arrazoi bera da, funtsean.

Bestalde, aldatzekotan, zergatik aldatu nobelako pertsonaiaren izenaren grafia bakarrik? Liburu horren azalean bertan dago arazoa: Xveik (eta ez Švejk) ageri da izenburuan, baina grafema hori bera ageri da egilearen abizenean (Hašek), eta ez da aldatu. Ez da koherentea.

Xveik soldadu onaren

Nire iritziz, errazagoa litzateke ahoskerari buruzko ohar bat sartzea eta jatorrizko grafia uztea (gure alfabetoa baita —latindarra, alegia— txekierarena, hau da, ez da alfabeto zirilikoa, eta ez dugu, beraz, zertan transkribatu edo transliteratu). Hala, txekieraz ez dakigunok ikasiko genuke, bide batez, Hašek ez dela hasek irakurtzen, haxek baizik.

Egia da alemanezko itzulpenean grafia aldatu ziotela, baina hori 1920ko hamarkadan izan zen (Grete Reiner izan zen itzultzailea; 1944an hil zuten Auschwitzen). Hain zuzen ere, aurten argitaratu da liburu horren alemanezko bigarren itzulpena, eta, oraingoan, alemanez, Švejk grafia erabili da (Die Abenteuer des guten Soldaten Švejk im Weltkrieg; Reclam argitaletxea, Stuttgart, 2014). Itzultzailea Antonín Brousek da, Pragan jaioa 1962an; Berlinen bizi da, eta epaile gisa lan egiten du. Itzulpen fidelago bat behar zela iritzita egin du itzulpena.

Dieabenteuer

Antzera gertatu da, adibidez, gaztelaniaz. 1980an, Las aventuras del valeroso soldado Schwejk izenburupean argitaratu zen (Destino argitaletxea; itzultzailea: Alfonsina Janés), eta 2008an eta 2010ean, berriz, Las aventuras del buen soldado Švejk izenburupean (itzultzailea: Monika Zgustová).

Lasaventuras

Beste hainbeste ingelesez: 1930ean, The Good Soldier Schweik (1930; itzultzailea: Paul Selver) izenburupean, baina, gerora, Švejk grafiarekin: The Good Soldier Švejk and His Fortunes in the World War (1973; itzultzailea: Cecil Parrott); The Fateful Adventures of the Good Soldier Švejk During the World War (1997; itzultzaileak: Zdeněk Sadloň eta Emmit Joyce).

thefateful

Baita italieraz ere: Il buon soldato Sc’vèik izenburua izan zuen 1992ko itzulpenak (itzultzaileak: Renato Poggioli eta Bruno Meriggi; ISBN 88-07-81048-4), eta Le vicende del bravo soldato Švejk, berriz, 2010eko itzulpenak (itzultzailea: Giuseppe Dierna; ISBN 978-88-06-19621-9)

italieraz

Azken batean, Frantziako Besançon hiriaren grafia aldatzea eta —frantsesez ez dakitenek zuzen ahoska dezaten— Besanzon idaztea ontzat jotzen ez badugu, berdin jokatu beharko genuke gainerako hizkuntzetako diakritikoekin, errespetu bera zor baitiegu hizkuntza guztiei, frantsesa izan zein txekiera izan.

Beste jokabidea, hau da, diakritikoa kentzea (Berriaren irizpidea eta Euskaltzaindiak zilegitzat duena gure inguruan ohikoak ez diren diakritikoetarako) ulergarriagoa zen garai batean, duela 25 bat urte arte ez baitzen hain erraza zeinu horiek idaztea ordenagailuetan (eta, lehenago, idazmakinak erabiltzen zirenean, ezinezkoa zen, hemengo idazmakinekin behintzat). Horregatik, sinplifikazioak egitea zen ohikoa (Elhuyarren ere, hori proposatu genuen duela 24 urte euskarazko entziklopedia egiten hasi ginenean). Eta ulergarria izan daiteke, neurri batean, gaur egun ere, baina dagoeneko desagertu da diakritikoak idazteko zailtasuna (egia da, hala ere, gehienak ez daudela hemen erabiltzen ditugun teklatuetako tekletan, baina testu-prozesadore guztietan eskura daude, tekla gisa ez badaude ere). Onartu behar dugu sinplifikazioak egitea zuzen ahoskatzeko informazioa kentzea dela eta gaizki ahoskatzeko bidea zabaltzea dela. Adibidez, Kroaziako gaur egungo lehendakaria da Ivo Josipović da (ć grafema tx ahoskatzen da: josipovitx). Horren ordez, Josipovic idazten badugu, zuzen ahoskatzeko informazioa kentzen ari gara. Beste adibide bat: oraindik orain santutu duten Joan Paulo II.a aita santuaren jatorrizko izena Karol Wojtyła zen (ł grafema u/w ahoskatzen da: voitiwa). ł idatzi beharrean l idatzita, voitila ahoskatzeko bidea zabaltzen ari gara eta zuzen ahoskatzeko informazioa ezkutatzen.