Euskadi gehiago

Eneko Bidegain

Hauteskundeetarako lema edo esloganak hautatzea ez bide da beti ariketa erraza. Zaila da zerbait berezia asmatzea. Joan den egunean, afixa bati begira nengoela, lema batek zer erran nahi zuen ezin ulertuz ibili nintzen: «Euskadi gehiago, Europa berrian». Euskadi gehiago? Gatz gehiago, ogi gehiago, ur gehiago, diru gehiago… edo gutxiago, zer izan daitekeen uler dezaket. Edo bestela bi lagun gehiago etorriko dira bazkaltzera, eta horretarako lau haragi xerra gehiago beharko ditugu erosi. Baina zer da «Euskadi gehiago»? Metafora bat baldin bada, ez dut ulertzen. Zer da Euskadi? Likido mota bat? Eta likido horretatik dosi handiagoa nahi da Europan? Edo Euskadi gehiago nahi ditugu? Zenbat? Lau? Bat? Hiru? Bost? Zazpi?

«Aritmetika arazoak» (Koldo Izagirreren hitzak, Tapia ta Leturiak kantatuak) datozkit gogora. Zenbat lurralde, aditu, euskaldun, aurkari, maitale, bekatu, gobernu, arazo, galdera eta erantzun dituen galdetzen du. Denak kuantifikatu daitezke. Bakoitzetik erdia balu poztu beharko genukeela dio kantuak, maisuki. Dauzkan aurkarien erdiak balitu hobe, eta biztanleen erdiak euskaldunak balira ere bai…

Baina zenbat Euskadi nahi ditugu Europan? Kantuaren haritik segituz, konformatu behar ote genuke Euskadi erdiarekin? Baina bi Euskadi izan ez daitezkeen bezala, Euskadi erdia ere nekez…