Bi lagunen lanpostuak (1)

Mikel Taberna Irazoki

Bi hilabetetik behin edo, hiru lagun juntatzen gara herrian elkarrekin afaltzeko. «Jende guttixko», pentsatzen ahal luke bakarren batek, baina, bertze hark zioen bezala, hiru hanka aski mahaia ez erortzeko. Gustura egoten gara. Plater konbinatua erraten diogun horietako bana jaten dugu. Badakizue zertaz ari naizen, gurean horrelaxe zabaldu da gaztelaniatik zuzenean, frantsesez assiette anglaise erraten zaiola salatzen du Euskaltermek.

Bi lagun horiek, Jexux eta Txomin, euskaldun «onak» dira (ahantziak nituen zenbat hitz eta erranera ez ote ditudan berrikasi haiei esker!) eta, bai baitakite zer ofizio dudan, ez da misterio izaten tarteka euskara eta itzulpen kontuak ere aipatzea zurrut eta mau-mau ari garen bitartean. Txomin jeneralean isilik gelditzen da, baina Jexuxi gustatzen zaio xorrotx begiratzea komunikabideetan erabiltzen diren forma harentzat berri diren batzuei eta jende ilustratuok egiten ditugun itzulpenei, txartel-kartel-aldizkari eta gainerakoetan ikusten dituenei. Batzuetan xorrotxegi, nire iduriko. Espantu batzuk egin izan ditu horren kontura: «Hausnarketa eguna? Hausnartu?», galdetzen dit harridura keinuak eginez. Ahal dudan bezala defenditzen naiz. Ez du beti arrazoia izaten, nire ustez (alegia, batzuetan izaten du), baina frankotan pentsarazten dit, eta ikasi ere egiten dut haren purrustada batzuk adituta.

Kontua da biak, nire gisara, Administrazioarentzat ari direla lanean. Jexux udal langilea da, funtzionarioa, eta Txomin berriki hasia da Osakidetzan, ordezkapen bat egiten, fabrikan lanean urte mordoxka egin ondotik (krisiak itxi zuen lantegia, eta orain Eusko Jaurlaritzako zerrenda luze horietakoren batean sartua du izena). Euskaraz ari behar izaten dute, baina ahoz gehienbat, deus gutxi idatziz.

Administrazio handi nahiz txikietan hamaika lanpostu klase dago, bakoitza bere izenarekin. Eta izen bakoitzak bere izana, zeinaren ondorioa hilabetearen hondarrean ikusten baita: horrenbertzeko soldata (eta abar). Jexux zirikatzaile horrek (zirikatzea gustatzen baitzaio, lehenago erran ez badut) ez du inolako kexarik bere lanpostuaren euskarazko izenarekin, udaletxeko paper administratiboetan idatziz ikusten duenarekin, ahoz erabiltzen duen bezalaxe ageri baita. Euskara Administrazioan sartu baino lehenago ere jende guziak erabiltzen zuen Bortzirietan lanpostu horren izena halaxe (eta Nafarroako herri euskaldun gehienetan, oker ez banaiz, aldaerak goiti-beheiti): gaztelaniaz, «alguacil»; euskaraz, «albiente»[1] (gure herrian, zehazki, «albinte»).

     Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak «albiente» ez, «almirante» idatzi behar dugula agintzen du. Hala ere, guk (Nafarroako Aldizkari Ofizialean) eta gure probintzian euskaraz ere aritzen diren udaletan «albiente» idazten jarraitzen dugu/dute. Badakit zenbaitentzat eskandalagarria izanen dela gure intsumisioa, baina Hiztegi Batuaren lehenbiziko bertsioak iristen hasi baino dezente lehenago erabiltzen genuen eta zuten forma hori horrela. Orduan (1990. urteaz ari naiz) erabiltzen genituen hiztegietatik, Plazido Mujikarenak bederen berresten zigun gutako batzuek lehendik ezaguna genuen hitza. Garai hartan euskaraz aritzen ginen itzultzaile edo bertzelako administrarientzat hagitz pozgarria izan zen tradiziotik bilduta gure testuetan ustez problemarik gabe txertatzen ahal zen ordain ezin egokiago bat izatea. Eta ordutik honat, erranen nuke forma horretan «normalizatu» dela hitza, eta nik ezagutzen dudan lurraldean onarpen zabala duela (erabatekoa ez errateagatik).

     Jakingarri gisara ekarri dut «albiente/almirante» izenarekin gertatzen denaren gaineko informazioa, eta eztabaidarako gaia ere izan liteke bi forma horien arteko auzia, Jexux adiskidearen lanpostuaren deitura (izanen dira antzeko kasu gehiago segur aski, orain burutan ez ditudanak), baina nik bereziki bertzearena ekarri nahi nuen plaza honetara, Txominen lanpostuaren graziaz hitz egin nahi nuen! Ordea, gaurkoa sobera ez luzatzeko, iruditzen zait hobe izanen dela gai hori bertze aldi baterako uztea.


[1] Bidenabar aipatzeko, harrigarria zenbat hitz ditugun gaztelaniazko alguacil delakoaren ordain (ez dakit frantsesez horren parekoa nola den: agent municipal, huissier…?): albiente/almiente/almirante, amabi, herrizain, txinel, amaina, probestu, nuntzio, merio, aguazil…

Utzi iruzkina