Langilea hil da Euskadi Irratian

Alfontso Mujika Etxeberria

Harrapatua nauka, aitor dut. Gizakia ohitura-animalia izaki, ez da harritzekoa. Oso maiz, ia egunero, gauza bera egiten duzunean, urteen poderioz, mendetasuna sortzen da. Halaxe gertatzen zait niri Euskadi Irratiarekin. Anje Duhaldek kantatzen zuen bezala, «Goizero, goizero, jaiki orduko»… Euskadi Irratia pizten dut, eta, etxetik irten arte, hantxe izaten ditut, sukaldean, kontu-kontari, nire belarriak orain gozatzen, orain larritzen, Euskadi Irratiko berri-emaileak.

Esatari bikainak eta hiztun trebe askoak dira gehien-gehienak, ahots ederrekoak, eta urteek ematen duten eskarmentua dute.

Horregatik, harritu egiten naiz —eta behin ere ez ohitu—, urtea joan eta urtea etorri, Euskadi Irratian honelakoak entzuten ditudanean titularretan:

Bizkaian, gizonezkoa hil da lan-istripuan

Beasaingo langilea hil da lan-istripuan

Zoritxarrez, iraila benetan beltza izan da lan-istripuei dagokienez, eta behin baino gehiagotan txunditu naute era horretako titularrek.

Ziur naiz Euskadi Irratiko esatariak irakurtzen ari direla hori mikrofonoratzen dutenean, ez baitago inor horrela hitz egiten duenik (badaezpada, esan dezadan ez dudala inor ezagutzen mundu errealean horrela hitz egiten duenik). Klixe moduko zerbait da, ia esamolde bihurtua, eta horrexek ematen dit atentzioa, Euskadi Irratiko kazetari prestuek hori irentsi izanak, normaltzat hartze hori zait ulertezin.

Titular batean, dena da berria, informazio guztia da berria. Nolabait esateko, titularrak, beti, «Zer gertatu da?» galderari erantzuten dio. Beasaingo langilea hil da lan-istripuan esaten duenak entzulearen lekuan jarri behar luke, eta pentsatu hori entzuten duenak ulertu behar duela Beasainen langile bakarra bizi zela eta huraxe hil dela, edo, bestela, nonbait bazela langile bat Beasaingoa zena, guztiok ezagutzen genuena, eta huraxe hil dela. Jakina, interpretazio horiek, biak, absurduak dira (Bide batez, «langilea» bezain harrigarria da «Beasaingo» hori. Izan ere, lan-istripuan hil zen langilea ez zen Beasaingoa, gero egiaztatu nuenez, baina istripua Beasaingo enpresa batean izan zen. Alegia, Beasainen, langile bat hil da… behar lukeena Beasaingo langilea hil da… bihurtzea larria da, gero!)

Inoiz pentsatu dut hi ergela haiz behar lukeen tokian hi ergel bat haiz gisako kalko gaiztoak zuzendu nahian garai batean abiatu zen bat-en aurkako gurutzadaren bala galduren bat izan zitekeela arrazoia, baina kosta egiten zait hori sinestea, batez ere arazoa titularretara mugatua ikusten dudalako.

Beraz, Beasaingo langilea hil da lan-istripuan aldrebeskeriaren arrazoia beste nonbait izan zitekeela eta, talaian egon naiz, zer aurkituko.

Eta bururatu zait ez ote den erdal titularren kalko oker bat; alegia, ez ote den asmo onez efektu telegrafiko bat bilatu nahian egindako zerbait. Gaztelaniaz, badira nombres escuetos edo, zehatzago, grupos nominales escuetos direlakoak, hau da, ezkerrean determinatzailerik (el, adibidez) edo zenbatzailerik (un, adibidez) ez duten izen-sintagmak (Tengo coche), murriztapen sintaktiko larriak dituztenak (*Tengo coche en el garaje). Murriztapen horietako bat, nagusietakoa, zera da, subjektua izanik aditzaren aurrean agertzea (*Turistas llegaron a la ciudad). Hala ere, onargarria da albisteen buruetan, labur beharrez erabiltzen denean («cuando toda la información que trasmite la oración es remática», RAEk dioenez, hau da, esaldiak «Zer gertatu da?» galderari erantzuten diotenean, nolabait esateko):

Alcalde desobedece una sentencia

Ministro implicado en fraude

Pánico causa falsa alarma de maremoto

Alcalde sorprendido por ´linchamiento´ por palabras sobre detenida en Huelva

Horrelakoak ikusten dira, tarteka, Espainiako prentsan, baina ez ugari; erabiliagoak dira Hego Amerikako gaztelanian.

Hori da, beraz, nire burutazioa: ez ote den efektu hori gurera itsuan kalkatu nahia euskarazko izenburu harrigarri horien eragilea.

Euskadi Irratian sufritzen ditut nik holakoak, baina, badaezpada, bila ibili naiz sarean ea idatzizkoan ere antzekorik ba ote den. Batzuk aurkitu ditut, baina oso gutxi, oso bakan:

Langilea hil da Beasaingo Arcelor enpresan, lan istripuan

Obra bateko langilea hil da Donostian

33 urteko langilea hil da Zigan

20 urteko Basauriko gaztea hil da auto istripuan, Galdakaon

«Goizero, goizero, jaiki orduko» jarraitzen dut Euskadi Irratia pizten, istripuan hildako langilerik izango ez den itxaropena galdu gabe.