Erdibidean, lexikalizazioa

Igone Zabala Unzalu

Erdibizitza terminoa izan nuen hizpide irailaren hasierako artikuluan eta, Iratxe Goikoetxeak bere iruzkinean oso egokiro agerian utzi zuenez, zenbait kontu geratu zitzaizkidan jorratu gabe. Iratxek “erdi-prezioan saldu” eta “erdi-lanak egin” aipatzen zituen, baina horiek, bukaerarako utzi, eta abiapuntutzat hartuko dut erdibide izena. Izan ere, aurreko artikulua prestatzen ari nintzenean atentzioa deitu zidaten Orotariko Euskal Hiztegian sarrera horretan ageri diren bi adierek:

1. Punto intermedio, punto a medio camino. “Solución intermedia” Bixak nai dabe beriakin urten, baiña erdibide batera aillegau biako dabe derrior” Elexp Berg… Diddote ‘diote’ dela eta idatzi ohi den diote-k baduela, bi bokalen artean, erdibideko hots bat. MEIG VI 127. 2. La mitad del camino. Azaroak erdibidea egin dizu. Etxde JJ 26.

Lehen adiera aurreko artikuluan aipatzen genuen “objektu baten antzeko objektuekiko kokapen erlatiboa” esaten genion irakurketaren ildotik dator: erdiko bide batera ailegatu sintaxi-segidatik, erraz hel gaitezke erdibide batera ailegatu segida lexikalizatura. Lexikalizazioaren bidezidorrean aurrera eginez, erraz hel gaitezke erdibideko adjektibora ere. Lexikalizazioaren azpian metaforizazio prozesu bat ere badago, konponbideak, ikuspegiak, ezaugarriak… “bide” bezala ulertzera eramaten gaituena. Hartara, lehen adiera horretan “punto intermedio” dioen lekuan “camino intermedio” ulertu beharko litzateke eta ez “bide baten erdian dagoen puntua”. Adiera horretako adibide ugari aurki daitezke corpusetan. Hona hemen Ereduzko Prosa Gaur (EPG) corpusetik ateratako adibide batzuk:

  • Lopez: «Aldaketa soilik PSOErekin etorriko da, ez dago erdibiderik».
  • Baina ustekaberik handiena eman didana, CiUk erdibidetik jotzeko hartu duen jarrera.
  • Indar abertzaleak irtenbide hitzartuaren bilaketan noraino amore emateko prest dauden orain argituko ez duten bezala, subjektu erabakitzailearen alorrean abertzaleekin erdibide bat bilatzeko prest daudela esateko goizegi izan daiteke Lopezentzat.
  • Gure kasuan, erdibidean da, erdi tutorizatua baita: irakasle bat dugu bere tresna guztiekin, eta ordutegi librean datozen ikasleen bi talde ditu.
  • Orain ere erdibidearen bila nabilek, mutila!
  • Beraz, garai hartako anglo-eskandinaviar planteamendua erdibide bat aurkitzeko ahalegina zen, enpresa pribatua eta gizarte-justiziaren interesetan gobernu-arauketa konbinatzeko proba eginez.
  • Erdibideko 37 zuzenketa onartu ditu hirukoak .
  • Urkaregik erdibideko jarrera hartu zuen: ez zen Etxague bezain baikorra izan, baina Gonzalezen etsipenik ere ez zuen erakutsi.

Bigarren adierak, aldiz, aurreko artikuluan “zatiki-irakurketa” esaten genionera garamatza. Eta, kasu honetan, sintaxi-egituretatik abiatutako bide konposizionalak bidearen erdia egin dugu eta bide erdia egin dugu modukoetara eramango gintuzke, ez erdibidea egin dugu modukoetara. Hala ere, halako adibide ugari ere aurki daitezke edozein corpusetan. Hona hemen EPG corpusetik ateratako adibide batzuk:

  • Bestalde, beste hainbeste salaketa erdibidean geratu izana salatu du Babestu Bizitza taldeak: «Gertatu da Ertzaintzara joan eta ertzainek salaketa ez onartzea».
  • Bai eskolak euskalduntzeari! kanpainak erdibidea egin du, eta herritarren artean izan duen harrerarekin gustura agertu dira antolatzaileak.
  • Zerbitzu meteorologikoak joan den mendearen erdibidean sortu ziren.
  • Eta horren azpian zegoena, azken batean, hizkuntza naturala artifizial bihurtzeko prozesu bat zen, nahiko erdibidean gelditzen zena, sen onarekin bakeak egitearren.
  • Iztuetaren hitzetan, «gaur egun gazteek EGA azterketa egiten dute 18 urterekin, baina bitartean ez dago erdibideko titulaziorik».

Nola azaldu bidearen erdia / bide erdia egituretatik erdibidea hitzerako jauzia? Nire iritziz, lehen adierako erdibide izenaren zabalkuntza semantikotik etorri da bigarren adiera. Baliteke baita gaztelaniazko “a medio camino” esamoldeak eragina eduki izana, eta horren adieren eskutik lotuta etorri izana euskaraz gertatu den zabalkuntza semantikoa.

Nabarmendu beharrekoa da Euskaltzaindiaren Hiztegiak lehen adiera baino ez duela jaso:

erdibide iz. Bi mutur edo burutatik distantzia berera dagoen puntua. Hor ere erdibidetik ibili zen Moret, euskararen eta erdararen artean.

erdibideko izlag. Bi bururen arteko erdian edo erdibidean dagoena. Bi bokal horien artean badagoela erdibideko hots bat. Erdibideko irtenbide bat bilatu behar da. Gorputz-zale nahiz soin-zale nahiz erdibideko.

Iratxe Goikoetxeak bere iruzkinean aipatzen zituen Hiztegi Batuko “erdi-prezioan saldu” eta “erdi-lanak egin” adibideak, hizpide dugun bigarren adierako “erdibidea egin dugu” bezain zailak dira azaltzen bide konposizionaletik. Hala ere, hauen kasuan ere, adibide ugari aurki daitezke corpusetan. Nola sortu dira? Erdi daukaten beste era bateko egitura batzuen forma-analogia hutsetik? Erdarazko antzeko egituren (a mitad de precio…) analogiatik? Erantzuna ez da begi-bistakoa. Nolanahi ere, nire ustez, lexikalizatutako esamoldetzat hartu behar dira horiek guztiak, eta ez hitz edo termino berriak zuzenean sortzeko balio diguten eraketa-arau emankortzat.