Trajanoren arrautza

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Euskarazko Wikipedian Trajano erromatar enperadorearen sarreran begiratzen badugu, Daziako gerrei buruzko informazioen atalean, honako paragrafoa topatuko dugu:

Trajanok hiri berri bat eraiki zuen, “Colonia Ulpia Traiana Augusta Dacica Sarmizegetusa”. Izen bera izan arren, beste leku batean kokatu zuen Trajanok. Inperioko probintzia bihurturik, erromatarrek kolonizatu zuten Dazia. Estatuak, gainera, Daziako urrea eskuratu ahal izan zuen. Espezialistek diote, Frankok eta Hitlerrek bezela, arraultz bat zuela.

Beltzez azpimarratuta dagoen esaldiaren haritik egin nahi nuen gaurko gogoeta, euskarazko Wikipediari buruz, hain zuen.

Izan ere, ahaztu gabe bere testuinguruan (eta, egia esateko, beste edozein testuingurutan ere berdin) esaldi horrek ez duela inolako zentzurik, eta, badaezpada, ingeles, gaztelania, frantses eta italierazko sarreretan begiratu eta antzeko erreferentzia baten arrasto zipitzik aurkitu ez dudanez gero, uste dut esaldi hori adarjotze bat besterik ez dela (Interneten bilatuta, ez dut aurkitu kontu horren berri inon ere), are gehiago beste bi pertsonaia «historikoak» ere aipatu ondoren, asoziazio gutxienez harrigarri samarrean.

Kezkatzen nau euskarazko Wikipediarekin gertatzen denak; harro asko azaldu dira batzuk, euskarazko Wikipediak 160.000 sarrera dituelako, baina hobe genuke sarrera horietako asko eta askoren kalitateaz gehiago kezkatuko bagina.

Izan ere, 160.000 sarrera horietako makina batek ozta-ozta ditu bost lerro baino gehiago, gehienak seguru aski itzulitako testuak dira, baina gaizki itzuliak erantsi edo zehaztu beharko nuke, borondatezko lanez badakit, oso gauza eskertzekoa; baina hobe litzateke euskarazko Wikipedia kudeatzen dutenek arreta gehiago ipiniko baliote testuen kalitateari. Adibide pare bat besterik ez:

Petra sarrera:

Petraren finkapena haran estu batean dago, Araba haranaren ekialdean, Itsaso Hiletik Akabako golkoraino hedatzen dena. Petrako arrastorik ezagunenak, inongo zalantzarik gabe, haraneko arrokan bertan zizelkaturiko eraikinak dira, bereziki Khazneh (Altxorra) eta Deir (Monasterioa) bezala ezagutzen diren eraikinak.

Hiri baten finkapena haran batean egotea, ez dakit nork ulertuko duen, erdarazko bertsioa irakurri gabe (El asentamiento de Petra se localiza en un valle angosto); delako Araba haranaren izena gertuegikoa zaigu, eta hobe izango zen Arabah edo Aravah aukeratu balute, behar zen bezala; erlatibo apositiboa trakets samarra da; eta, azkenik, eraikin batzuk izatea Petrako arrastorik ezagunenak ere neke handiz ulertuko du edozeinek, erdarazko bertsiora jo gabe (Los restos más célebres de Petra son…).

Nefertari sarrera:

Bere hilobian Aÿ faraoiaren kartutxo bat agertzen zen kutxa baten eskutokiaren agerpenak Nefertari aurreko dinastia zen Egiptoko XVIII. dinastiarekin senidetuta egongo ote zen zioten zurrumurruak areagotu baino ez zituen egin, bere izenak berak ere, itxuraz, berresten zuena, jada jainkotutako matriarka zen Ahmose-Nefertari erregina. Hala balitz, litekeena da Nefertarik hegoaldeko Akhmin hirian jatorria izatea, eta Ay, honen izena XIX. dinastiako faraoiek jazartzen zutelarik, Ramses II.ak berak horien artean, bere birraitona, bere aitona edo bere osaba izan zitekeela zioten zurrumurruak.

Behin eta berriz irakurri arren, esaldi pilatu horien zentzuak ihes egiten dit, egun txarra izango dut akaso.

Nolanahi ere, bi adibide hauek ez dira bilaketa luze eta sakon baten emaitza, bi minututan nabigatzetik ateratakoak baizik, eta beste hainbat aldiz ikusi ditudan beste adibide trakets itzulien erakusgarri azkar bat baino ez dira.

Hemen, berriro ere, iruditzen zait euskaldunon bekatuetako baten beste adibide bat dugula Wikipedian: itxurakeria. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu euskararentzat sarean zabalduta egotea eta kasu honetan, beste askotan bezala, zenbatekoari begiratzen diogu, nolakoari baino gehiago; Wikipedian bertan animoak ematen dituzte, esanez 38.836 artikulu besterik ez «zaizkigula» falta 200.000era iristeko.

Bitartean, euskara ganorabako horrekin, zalantzazkoa izango da delako entziklopedia honen baliagarritasuna. Eta, okerrago dena, Trajano enperadorearen arrautzaren misterioak argitu gabe jarraituko du.

11 Replies to “Trajanoren arrautza”

  1. Ados zurekin, Koldo.

    Ñabardura bat gehitu nuke: sakoneko arazoa da gure komunitate zientifikoearen tamaina sarritan ez dela egokitzen gure zenbait itzulpen-proiekturen anbiziotara. Gehiegi itzultzen da dugun tamainarako, edo beste modu batean esanda, kantitateari erreparatzen zaio, eta ez kalitateari.

    Edo beste modu batean esanda, erabiltzaileen “kontrola” falta zaigu sarritan, ezta? Zeren aitor dezagun, nor dago pantailaren bestaldean, itzulpen horiek irakurtzen? Egon, badaude, baina zaila, oso zaila da erabiltzaileen oniritzia (edo gaitziritzia, edo dena delakoa) jasotzea. Itzultzea fede-kontua bihurtzen da, hala ikusten dut nik (tira, euskaraz produzitzea ere sarritan oso antzerako zerbait da).

    Euskal kulturaren problema klasiko bat, itzulpengintzan areagotzen dena, tamalez.

    Atsegin dut

  2. Iritzi helduak,
    Uste handikuak,
    Gure herrian.

    Bada, Trajanoren arraultzarena ez dago jada Wikipedian. Petra Aravah haranean dagoela ere argi eta garbi agertzen da. Nefertarirena hobe daiteke.

    Badakizu zer duen ona Wikipediak? Zu bezala asko dakitenek aportatu dezaketela, gauzak hobetu, artikuluak txukundu, euskara txukundu. Hori ezin da egin Lur Entziklopedian edo Encyclopedia Britannican. Baina noski, errazagoa da kexatzea egitea baino.

    Atsegin dut

  3. Koldo: “euskarazko Wikipedia kudeatzen dutenek arreta gehiago ipiniko baliote testuen kalitateari” esaldia barruraino iritsi zait.

    Ez galdetu zer egin dezakeen Amerikak zugatik, galdetu zuk zer egin dezakezun Amerikagatik.

    Blog honen eskuineko zutabean 27 izen daude, galdetu ea zenbatek egin duten aldaketa BAT gutxienez euskal Wikipedian. Euskal Herrian daukagun itzultzaileen hiperinflazioarekin, eta bakarra ezagutzen dut wikipedia hobetzen tematzen dena, eskerrik asko Xabier Armendaritz. Zure azken aldaketa, Koldo, 2013ko urtarrilaren 18koa da.

    Ni nekatu nintzen urritik ekaineraino Euskal Herriko gure seme-alabek Wikipedia bandalizatzen egiten dituztenak zuzentzen. Horrekin bakarrik, Wikipedian orain dagoena txukun mantentzearekin bakarrik, nahiko lan daukagu.

    Gehiago nekatzen nau Interneteko toki eta alde guztietan betiko jende bera ikustea lanean musutruk euskarazko edukiak eta tresnak sortzen. Noski, dirua tartean dagoenean beste kontu bat da; orduan bai, euskaltzaleak asko ugaritzen dira.

    Wikipedia utzita daukat azken aldian, baina arrazoia duzu asko hobe daitekeela. Ni pertsonalki sartuta nagoen gainerako proiektuak baztertuko ditut (Euskalbar, Librezale, OpenStreetMap) eta ea berriro buru-belarri honetan sartzen naizen.

    Atsegin dut

  4. Bai, Asier. Ni ere ibili naiz Wikipediarako proiektuak sartzen eta nire ikasleak horretan lanean jartzen; denon artean hainbat artikulu egin genituen, baina orain beste ikasgai ematen nabil unibertsitatean eta lanaldi murriztuarekin gainera: ezin, beraz, gustuko gauzei tarte handirik eskaini.
    Nolanahi; kontua da Wikipediarako artikuluan sartzen genbiltzan garaian, euskal wikipediaren “arduradunek” (hola deitzerik baldin badago), arreta handia ipintzen zutela eskubidedun argazki edo irudi guztiak erretiratzeko; horretarako sistemak oso ondo funtzionatzen zuen, berehala desagertzen ziren argazki horiek. Aldiz, testuetan ez da jarri antzeko babesbiderik, eta, bai, badakit oso zaila dela eta abar. Baina berehala sortzen zaizu galdera: hainbeste “bandalizatzen” bada, zuk diozun bezala, benetan merezi du ahaleginak? Baliabide erabilgarria ala alferrikakoa izango da euskarazko wikipedia?
    Bukatzeko; ondo dakigu denok gauza asko ondo daudela eta seguru aski gaizki daudenak ez dira portzentaia handiegia izango; baina zerbait egin beharko da, baliabide hain interesgarria pikutara bidal dezaten baino lehen, ez?

    Atsegin dut

  5. Arratsalde on, Koldo. Lerro hauen gaineko zure iruzkinak nolabait ere erantzuna eskatzen duela iruditu zait, eta horretan saiatuko naiz, ditudan datuak erabiliz.

    Adierazi duzu euskal wikipedian sartzen diren irudiekin zorrotz jokatzen dugula, eta testuekin ez hainbeste. Hori egia da, neurri batean: izan ere, erabilera librerako egile eskubide egokiak ez dituzten irudiak ezabatzeaz arduratzen dira, euskal wikipedian administratzaile garen wikilari euskaldunok ez ezik, Commons webguneko administratzaile ugariak ere. Eta kontrola oso erraza da: egile eskubide egokiak ez dituen irudiren bat zuzenean euskal wikipediara igotzen baduzu, oso nabarmen geratzen da, euskal wikipediara ez baita irudi bat bera ere igo behar (guztiak Commonsera igo behar dira). Commonsera igotako irudiak kontrolatzeaz, aldiz, webgune horretako administratzaile ugariak arduratzen dira, munduko hainbat eta hainbat bazterretatik (Euskal Herriko bat ere ez, nik dakidala).

    Euskal wikipedian sartzen diren testuak kontrolatzea, ordea, askoz nekezagoa da. Batetik, gutxiago gara zaintza lan horretan gabiltzanok; bestetik, sartzen den testu kopurua askoz handiagoa da (txertatzen den irudi bakoitzeko, milaka eta milaka hitz sartzen dira).

    «Hainbeste “bandalizatzen” bada, zuk diozun bezala, benetan merezi du ahaleginak? Baliabide erabilgarria ala alferrikakoa izango da euskarazko wikipedia?» galderari, berriz, bere horretan, baietz erantzuten diot nik. Bandalizatzeko egiten diren aldaketa gehien-gehienak atzera botatzen ditugu, nahiz eta baten batek itzuri egingo digun, ez baikara perfektuak. Kezkatuago naukate, ordea, asmo onez baina hizkuntzaren edo gaiaren jakintza handirik gabe egindako ekarpenek. Hor bai ez garela inola ere iristen taxuzko kontrolik egin ahal izatera. Erremediorik onena? Jakintza duten gehiagok parte hartzea, dudarik gabe. Euskal itzultzaile profesional bakoitzak eta euskal hiztegigile profesional bakoitzak egunero bere denborako ordu laurden eskainiko balio, euskal wikipedia harribitxirik preziatuenetakoa genuke euskararen aldetik; eta euskal zientzialari, irakasle eta zernahi gaitako adituek (arriskuko kirolari izan nahiz igeltsero izan) beste horrenbeste egingo balute, edukiaren aldetik ere halakoxe altxorra genuke euskal wikipedia.

    Tamalez, dozena bat besterik ez gara egunero-edo parte hartzen dugun euskal wikilariok. Eta, batzuetan nik ere merezi ote duen zalantza egiten dudan arren, garbi dut duela lau urte —nolabaiteko jarraitutasunez wikipediagintzari ekin nionean— baino askoz hobeto dagoela gaur egun euskal wikipedia, egunero ordu erditxo bat horretara eskainita asko ikasten dudala, eta neure buruarekin gusturago sentitzen naizela denon eskura dagoen entziklopedia hori zertxobait hobetzen dudanean.

    Atsegin dut

  6. Kaixo, Xabier:
    Ondo dago diozuna, eta banekien kontatzen duzuna; auskalo beste zenbatek dakiten, ordea, gauzak nola diren.
    Nolanahi ere, ondo dago bide honetatik ere eusarazko wikipediaren kalitatearekiko kezka eta, zergatik ez, parte hartzen laguntzeko “harra” zabaltzea. Baina ez dakit zergatik ez den pentsatzen zerbait kritikatzen denean hobe beharrez egiten dela, eta, batez ere, wikipedia lan kolektiboa baldin bada, onartu beharko dugu, denok, badirela hobetu beharreko hainbat gauza. Baten batek pentsatzen du, hori ere oso jarrera euskalduna da, “trapu zikinak” etxean garbitu behar direla, ezin dela publikoki esan trapuetako batzuk zikin daudela, eta, esaten baduzu, zerorrek garbitzeko esaten dizute. Ez dut ulertzen zergatik “patrimonializatzen” edo pertsonalizatzen diren horrela honelako jarduera kolektibo batean topatzen diren akatsak, horien ardura ez baita borondatez dabiltzan pertsona urrien erantzunkizuna, argi eta garbi; eta nik ez diot inori leporatu nahi izan hori. Oso baieztapen inpertsonala izan da nire artikulukoa, eta ez dut uste inork esan dezakeenik egia ez denik. Orain, egin behar duguna baldin bada gaizki egindakoen aurrean isilik egon eta lanean jarri, agian bide ona izan daiteke gauzak garbi esan eta jendea lanera erakarri, batzuen kritikarekiko eraman-ezina eta irain-erraztasuna gaindituz, ahal dela. Eta, argi gera dadin, hau ez diot zugatik.

    Atsegin dut

  7. Lehenik eta behin, Koldo (eta hau lehenago esan behar nuen), gaia plazaratzea eskertzen dizut: irakurleren bat euskal wikipediara erakartzeko balio badu, sekulako mesedea litzateke.

    Bestetik, euskal wikipediari egiten diozun kritikan, «euskarazko Wikipedia kudeatzen dugunoi» («hobe litzateke euskarazko Wikipedia kudeatzen dutenek arreta gehiago ipiniko baliote testuen kalitateari») leporatzen diguzu, nolabait ere, errua. Eta kontua da ez dagoela gure esku hori: euskal wikilari apurron artean, hizkuntzaren aldetik kalitatea eman diezaiokegun oraindik gutxiagook ahalegintzen gara, bai, ahal dugun neurri osoan, baina ez gara iristen.

    Wikipedia hierarkiarik gabeko proiektu bat da, parte hartzen dugun guztiok erabaki ahalmen berbera dugu, gure ekarpenek ematen diguten autoritate morala baino ez dugu. Guztiok dugu erabakietan parte hartzeko eta parez pare bozkatzeko eskubidea. Zer egingo dugu, euskaraz ondo-ondo idazten ez dakienari ekarpenak egiteko aukera ukatu, Wikipediako arauen kontra? Ala euskaraz ondo-ondo idazten jakinda, okerrak ederki asko azaldu dituenari (bikain azaldu baitituzu) ekarpenak egin ditzala eskatu?

    Garbi dago galdera horiei zer erantzun eman diogun. Nik ere uste dut euskal wikipediak artikulu kopuruz neurri egokia baduela dagoeneko; horretan ere baditu gabeziaren batzuk («euskal gramatika» artikulua sortzera animatzen al da inor?), baina artikulu askoren eta askoren luzera eta kalitatea osatzea du, dudarik gabe, hutsune nagusi-nagusia, ederki esan duzunez, Koldo.

    Eta artikulu hau idatzita eman diguzun aukera aparta baliaturik: ongi etorri, bihotzez, euskal wikipediari ekarpenak egin nahi dizkiozuen guztioi. Wikipediagintzan ibiliak garenok saiatuko gara laguntzen eta zalantzak argitzen.

    Atsegin dut

    1. Onartzen dut eta ulertzen ere ondo egiten duzuela egin dezakezuena, eta ziur aski ez nizuen inolako ardurarik leporatu behar, aski eta asko egiten duzuelako. Gaizki esanak barkatu, beraz. Hala ere, mezuaren zati nagusiak hor darrai: bila dezagun ahalik eta gehienon artean kalitatezko wikipedia bat, artikulu kopuruari garrantzi gutxiago emanez, beharbada. Alegia, izan dadila euskal wikipedia tresna erabilgarri bat, hizkuntzen arteko norgehiagoka eroetan sartu gabe.

      Atsegin dut

  8. Euskal kulturaren arazo handienetako bat kritikak naturaltasunez (kiroltasunez, nahiago bada) egiteko eta irakurtzeko ohitura falta da. Saia zaitez ohar kritiko bat egiten, edonon, eta mila eta probalitate handiak dituzu muturreko dialektiko pare bat jasotzeko. Zalantzarik baduzu, egin aproba.

    Ez dut uste pertsona batzuen arazo pertsonala denik. Aitzitik, arazo soziala da, hitzaren adiera zehatzean. Euskaldunon artean (euskaltzaleon artean berdin antzera) ez dago horretarako gizarte-ohiturarik. Kitto.

    Bada, hasi beharko gara ohiturak sortzen, kostata bada ere. Ea noiz iristen garen anglosaxoien arteko (edo frantses edo alemanen arteko) “fair play” dialektikoa usaintzera. Bidean akats asko egingo ditugu, jakina, baina azkenean lortuko dugu. Hori nahi nuke behintzat.

    OHARRA: itzultzaileen artean gabiltzanez gero, ohar hau idaztean “fair play” sarrera egiaztatu nahi izan dut (Wikipedian, noski) eta aurkitu dut gaztelaniazko eta frantsesezko bertsiotan sarrera bat dela (horrelaxe, “fair play”, beste dozena erdi hizkuntzetan bezala) baina, aldiz, ingelesez ez dela existitzen eta, horren ordez, “Sportmanship” sarrera dagoela. Esplikazioarik?

    Atsegin dut

    1. Arazoa ez da kritika egitea. Arazoa da erraz konpondu daitekeen zerbaiti kritika egitea. Onartuko nuke esatea, 23 arazo hauek aurkitu ditut, konpondu ditut, baina jakin ezazue ez dela serioa. Ez da hori artikulu honetan proposatzen dena.

      Atsegin dut

Utzi iruzkina