Death in Murelaga

miel a. elustondo

Death in Murelaga Muerte en Murélaga da Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua liburuan: “Gero inprentako letretan ere ikusiko zuen euskara, halako egun batean Artekaleko paperdendara sartu zenean. Han egunkariak saltzen ziren eta dorre moduko hiru pilo zeuden, El Correo Español, La Gaceta del Norte eta El Diario Vasco. Goiok boligrafo bi erosi nahi zituen, baina dendaria egunkariak eman dirua jaso ia etenik gabe ari zenez gero, eskaparatean erakusten ziren liburuei begira geratu zen:

Jaio nintzan iltzeco
Aldi-oro noa iltzen
Ildakoan erabat
Asiko naiz bizitzen.

Hiru lau bider irakurri zituen bertsoaren lau mailak. Liburua eskuan hartu eta autorearen izena ikusi zuen: William A. Douglass.

Liburuaren tituluak ere hotzikara eman zion: Muerte en Murélaga.”

Hotzikararik gabe baina puntu berean, Death in Murelagako zenbait pasarte bizirekin jolasean…

Gaubeila

Gaubeilan zehar izaten diren ekintzek eta berbaldien tonuak partaideek heriotzarekiko duten benetako jarrera. Hala pena nola solemnitatea minimizatzen dira. Tartean-tartean, emakumeren bat arrosarioa esaten hasiko da bat-batean (gehienetan, euskaraz, baina ez nahitaez). Negartiek arrosarioaren hamabost misterioetatik bost esaten dituzte. Amaitzen dutenean, arrosarioa zuzendu duen pertsonak zer edo zer esango du hildakoaren izaeraren gainean.

“A.-k, arrosarioa esaten amaitu eta esan zuen: ‘Konturatuko zineten misterio mingarriak eta loriatsuak, biak nahastu ditudala. Ez da izan nahastu naizelako, ezpada Pantxika miseria eta pena artean bizi izan zelako mundu honetan, baina orain loriatan dago’”.

Orduan honetaz eta hartaz berbetan hasten dira partaideak. Esnearen prezioaz kexatuko dira, edo Eibarreko lantegietako lan-baldintzez. Batak semearen azken berriak kontatuko ditu, Idahon daukana ardi zaintzen. Besteren batek anaiaz berba egingo du, Australian ari dena azukre-kanabera ebakitzen. Hirugarrenak, semearen kontuak esango ditu, Caracasen taberna daukana. Gerta liteke beilan parte hartzen ari diren bi edo hiru lagun senide izatea, beste non edo nondik etorritakoak. Herrian dituzten senideekin familiako berriak trukatzeko amorratzen daude. Horrela, berbeta piztu egiten da, eta txantxa txikiak eta barreak ez daude zeharo lekuz kanpo. Ordu erdira, gutxi gorabehera, beste emakume batek beste arrosario baten lehen errezoa esaten hasten da. Denok berriz errezatzen hasteko seinalea da. Era honetara igarotzen dute partaideek gaua. Batzuk joan egiten dira; tartean-tartean, jende berria heltzen da.

Berbaldietan, jira-bueltarik gabe zuzen egiten da berba heriotzaren gainean. Uste izatekoa da unean uneko hildakoaz jardutea eta berba egitea. Etorri berri bakoitzak informe bizia jasoko du.

“Osaba gizajoa mahaian jesarrita zegoen, afaltzen. Atakea eman zion. Kafe-kikara bota zuen eta arropak zikindu zituen. Alboka jausi zen aulkitik, belauniko. Auhen egin eta narrastaka hasi zen behearen gainean. Orduan, Jainkoak hartu egin zuen”.

Da/du aditzen dadutasun irristakorra

Xabier Aristegieta Okiñena

Dakigunez, euskaraz aditz ugari daude iragankor nahiz iragangaitz direnak; hots, bitarikoak. Horrela, batzuetan NOR-NORK erako aditz laguntzailea hartzen dute, eta beste batzuetan, NOR erakoa. Hiztegi Batuak da/du oharrarekin markatzen ditu horrelako aditzak, eta Orotariko Euskal Hiztegiak, Aux. Trans. e Intrans. aipamenarekin. Sartu, atera, sortu, aldatu… bezalako aditzez ari naiz, gutxi batzuk aipatzearren.

Baina, iragankor/iragangaitz bitariko izaera hori dela-eta, aditz horiek ulermenerako arriskugarri gertatzen dira aski maiz; hain zuzen, bi izaera horietatik zein hartu duten argi gelditzen ez den kasu bakoitzean. Eta esango nuke printzipioz uste baino gehiagotan gertatzen dela hori; eta, agian, aurreikus daitekeen baino irismen handiagoko ondorioak eraginda.

Horretaz ohartaraztea da artikulu honen helburua. Halatan, kasu horietako batzuk bildu ditut jarraian.

1.- Aditz-laguntzailea desagertzen denean:

Aditz nagusiaren esanahi iragankorra edo iragangaitza ulertzeko giltza ematen baldin badigu zerk eta aditz laguntzailea du edo da erakoa izateak, aditz laguntzailerik agertzen ez denetan giltzarik gabe gelditzen gara, testuinguru lagungarririk ez badago. Halako kasu batzuk izan daitezke honako hauek:

1.1 Infinitiboa erabiltzean

  • Adibidea: Emaztea hil eta urtebetera, gizona beste emakume batekin ezkondu zen.

Hil aditza da/du tankerakoa izaki, esaldi horrek, bere horretan, ez digu jakinarazten emakumea berez hil zen ala senarrak erail zuen.

  • Adibidea: Lan-baldintzak aldatu ostean, emigratzea erabaki zuten.

Ez dakigu ea lan-baldintzak aldatu ote ziren (horrek berezko aldaketa bat iradokiko luke) ala aldatu ote zituzten (eta horrek gehiago emango luke aditzera, esate baterako, legedi-aldaketaren bat).

1.2 Partizipioa erabiltzean

  • Adibidea: genetikoki aldatutako organismo.

Bistan dago gaztelaniazko organismo modificado genéticamente esan nahi duela, baina ohar bedi nola, gaztelaniazko modificarek bere aditz iragankor izateari buruzko zalantzarik eragiten ez badu ere, euskarazko itzulpenak bidea ematen duen ulertze aldera aldaketa hori izan daitekeela gizakiak eragindakoa nahiz naturalki gertaturikoa.

1.3 Aditz-izena erabiltzean:

  • Adibidea: Lehendakariak ez zuen baztertu prezioak jaistea.

Nola gara esaldi hori ulertzekoak? Lehendakariak ez zuela baztertu prezioak jaitsiko zirela, ala ez zuela baztertu berak geroago prezioak jaisteko erabakia hartzea?

  • Adibidea: Orain dela gutxi, lehendakariak adierazi zuen garrantzitsuena segurtasuna dela, eta ez zuen baztertu zailtasun gehiago sortzea.

Adibideak ez digu argitzen berez sor daitezkeen zailtasun batzuez ari zen, ala zailtasun probokatuez.

1.4 Substantiboa eratzean

Zalantzak guztiz uxatu ezinean nabil gaztelaniazko creación de empleo euskaraz enplegu-sorrera gisa itzultzearen zuzentasunaz. Nire inpresioa da ezen, oro har eta salbuespenak salbuespen, da/du motako aditz batek berak substantibo ezberdinak ematerantz jotzen duela, nola erabiltzen den: zentzu iragankorrean ala iragangaitzean. Alegia, oro har sortu iragangaitzak sorrera ematerantz jotzen duela, eta sortu iragankorrak, aldiz, sorkuntza, sorketa, sortzapen (interes-sortzapen edo devengo de intereses, kasu) edo are Sorkunde. Sartu iragangaitzak sarrera ematen duela, eta sartu iragankorrak sarpen, edo sarketa. Itzuli iragangaitzak itzulera, baina itzuli iragankorrak itzulpena eta itzulketa. Aldatu iragangaitzak aldaera, eta aldatu iragankorrak aldaketa edo aldakuntza bezalakoak ematen dituela. Aldaketa, ordea, aldatu iragankorretik nahiz iragangaitzetik irits daitekeen substantiboa izaki, problematikoa suertatzen da: goragoko adibide bat aprobetxatuz, lan-baldintzen aldaketa ez dakigu berezko aldaketa den, ala aldaketa probokatua.

2.- Aditz laguntzailea “degradatzen” denean:

Kasu batzuetan, NOR-NORK erako aditz nagusi iragankorra, izaera hori galdu gabe, NOR erako aditz laguntzailea erabiltzera “degradatzen” da, halako moduz non, NOR erako aditz laguntzaile hori ikusita, batzuetan ez den oso argi geratzen, lehenbiziko irakurraldi edo entzunaldian behintzat, aditza bere esanahi iragankorrarekin ala iragangaitzarekin erabilita dagoen. Alegia, aditz laguntzaileak bereizte-balioa galtzen du. Eta horren ondorioz, batzuetan efektu bitxi askoak sor daitezke.

2.1 Inpertsonalak:

Dakigunez, NOR-NORK → NOR “degradazioa” modu oso arrunta da euskaraz esaldi inpertsonalak sortzeko:

  • Adibidea: Xk esaten du Yk amorante asko izan dituela → Esaten da Yk amorante asko izan dituela. Adibide honetan, iragankortasun/iragangaiztasunari buruzko ulermen-problemarik ez dago, esan aditza beti delako esanahi iragankorrekoa, baita NOR motako aditz laguntzaile batekin doanean ere.

Baina ikus ditzagun adibide hauek:

    • Giza kontsumorako instalazio ofizialetan hiltzen diren abere guztiak (que se mueren? Edo que se sacrifican?).
    • [Ziudadela] eraitsi eta parke publiko bihurtu zen (kalabaza bat Errauskineren karroza bezala?).
    • Eskaera hori betetze aldera, Comptos Ganberak 2010erako duen jarduketa-programaren barruan sartu da San Adriango Udalaren kirol instalazio berrien erregulartasunaren fiskalizazioa (nor bere etxeko atetik bezala?). Gaztelaniaz: se ha incluido en el programa de actuación de 2010 (…) la fiscalización de (…).
  • Gutxieneko salbuetsia 800.000 euroraino igotzen da.
  • Printzipio hauek “herritarren eskubide” kategoriara igo dira (han ascendido a la categoría de derechos ciudadanos? Ala han sido elevados a?).

Eta “degradazioa” gertatzen zaio NOR-NORI-NORK aditz nagusi iragankorrari ere; baina bestelakoa, NOR-NORI aditz laguntzailea erabiltzera pasatzen baita (inpertsonala izateak berak esan nahi du, noski, ezin duela NORKik eduki):

  • Langileei soldata jaitsi eta izozten zaie.

Horrelakoak ikusirik, komeni da euskaraz aditz horiekin inpertsonalak egitean kontu handiz ibiltzea, eta “degradazio”aren teknika hori ez erabiltzea. Zer egin daiteke horren ordez?

Irtenbide bat izan daiteke, askotan gomendatu izan den bezala, hirugarren pertsona erabiltzea:

  • Giza kontsumorako instalazio ofizialetan hiltzen dituzten abere guztiak.
  • [Ziudadela] eraitsi eta parke publiko bihurtu zuten.

Alabaina, hirugarren (edo beste) pertsonako aditz horiek, batzuetan, subjektuarenganako arreta erakartzea izaten dute ondorio, eta, jakina, ez da preseski hori izaten inpertsonala erabiltzearen helburua:

  • Eskaera hori betetze aldera, Comptos Ganberak 2010erako duen jarduketa-programaren barruan sartu dute?/sartu dugu? San Adriango Udalaren kirol instalazio berrien erregulartasunaren fiskalizazioa.

Horrelakoetan, niri justifikatua iruditzen zait pasiboaren bidetik jotzea, ingelesak bezala (sartua izan da). Baita honako kasuan ere:

  • Tras haber sido rechazados los siete requerimientos interpuestos por el Gobierno Foral…

2.2 ARI partikula:

Abian diren baina bukatu gabe dauden aditz-ekintzak adierazteko erabiltzen dugun ARI partikula aplikatzeak ere lehen aipaturiko “degradazioak” eragiten ditu: NOR-NORKetik NORera, eta NOR-NORI-NORKetik NOR-NORIra. Ondorioz, honelako koskak ager daitezke:

  • Alaba zaharrenak zioen goiz izan nahi zuela ama, baina unea atzeratzen ari da. Esaldi hori duela hilabete batzuk topatu nuen idatzizko elkarrizketa batean, eta atzeratzen ari da nola interpretatu ez nekiela gelditu nintzen: iragangaitz gisa, “unea [berez] atzeratzen ari da” esanahiarekin? Ala iragankor gisa, “[alaba zaharrena] unea atzeratzen ari da” esanahiarekin?
  • Txostena bukatzen ari da esaten zuen testu batek, baina esanahia ez zuen el informe se está acabando, baizik eta se está ultimando.

* * *

PERFORMATIBOEN AUZIA

Artikulu hau idazten ari nintzela, lankide bati kontsulta bat iritsi zitzaion, eta iruditzen zait lotura oso zuzena duela orain arte azaldu dudanarekin. Horregatik, kontsultagilearen baimenarekin, kontsultaren edukia aipatuko dut jarraian.

Galdera zen ea nola eman, xedapen baten testuan, dispongo epigrafearen baliokidea euskaraz; edo resuelvo epigrafearena, ebazpen baten testuan. Edo lege batek beste lege baten artikulu bat indargabetzen edo aldatzen duenean; adibidez, Se modifica el artículo 14 de la Ley 27/2015. Edo, erakunde jakin bat sortzeko legean, sortze-ekintza hori euskaraz nola adierazi; adibidez, Artículo 1.- Se crea el Colegio de (…).

Esakune horiei “performatibo” deitzen zaie, eta, esate baterako gaztelaniazko Wikipediak dioen bezala, horien ezaugarria da ez direla mugatzen ekintza bat deskribatzera, baizik eta, esakunea esatearekin berarekin, ekintza hori gauzatu egiten dela. Dispongo que (…) dioen xedapen baten testua ez da berriemate-testu huts bat, halakoa eta halakoa xedatu dela jakinarazten diguna, baizik eta hitz horiek esatearekin gauzatzen da kasuko xedapena. Zentzu horretan, garrantzitsua da kontuan izatea ezen kasuko testua (legea, erabakia…) ez dela akta bat, jadanik aginduriko edo gertaturiko zerbaiten berri ematen diguna; baizik eta lege batek esaten duenean se modifica el artículo X de la Ley Y, edo agindu batek se crea la institución Z, esakune hori esatearekin eragiten duela emaitza hori.

Performatiboak euskaratzean, batzuetan guztiz asegarri ez diruditen espresioak sortu izan dira (adibidez, se modifica el artículo X de la Ley Y esateko, Y Legeko X artikulua aldatzen da: ez da argi gelditzen ea hori arau bat den, ala gertakizun baten deskribapen huts bat), eta, horregatik-edo, zenbait testugilek gogokoago izan du Y Legeko X artikulua aldatu da idaztea; edo, X xedatzen dut idatzi beharrean, X xedatu nahi dut bezalako esamoldeak erabiltzea. Gertatzen dena da horrela jokatuz performatibotasuna kentzen zaiola kasuko esaldiari, eta gainditu gabe gelditzen dela erdietsitako testuaren izaera deskriptibo hutsaren arazoa.

Nire ustez, performatiboak euskaratzearen auzi honetan faktore ezberdinak nahasirik agertzen dira:

1.- Batetik, performatibotasuna. Baina esango nuke problema berezirik gabe ikus daitekeela euskaraz performatiboak modu burutugabean eman izan direla beti-edo: hitz ematen dizut egingo dudala, baietz esaten dizut, etor zaitezela erregutzen dizut, halakoa agintzen dut… Beraz, ez zait iruditzen hertsiki performatibotasunean datzanik koska.

2.- Gertatzen dena da testu juridiko askotan inpertsonaltasuna gehitzen zaiola performatibotasunari: se modifica el artículo X, se crea la comisión Y,…

3.- Eta, gainera, euskaraz problemak ematen dituzten performatiboak… ez al dira, ba,da/du motako aditzak? Modificar-aldatu, crear-sortu, elevar-igo, incorporar-sartu…

Horrela, ba, euskarazko performatiboen arazoa ez da, nire ustez, “performatiboen” arazoa, baizik eta “da/du motako aditzen inpertsonaltasunaren” arazoa; alegia, 2.1 puntuan azaldu dudanaren ildokoa.

Hori horrela, konponbidea ez litzateke pasako euskarazko performatiboen burutugabetasuna burututasun bihurtzetik, baizik eta euskarazko performatiboen iragankortasuna argi adieraztetik.

Hori lortzeko modu zehatzak? Bat izan daiteke 2.1 puntu horretan aipatzen dudan pasiboa erabiltzea (se deroga el artículo X = X artikulua indargabetua da). Beste bat, aditzari –arazi atzizki “iragankortzailea” (barkatu hitza) gehituz hura iragankorra dela agerian uztea: se crea el comité = batzordea sorrarazten da, se modifica el artículo X = X artikulua aldarazten da…

Atrizio kasu bat

Irantzu Epelde Zendoia

Nolaerran frantses-euskara hiztegi elektronikoan (www.nolaerran.org) euskara batua aurkituko du erabiltzaileak, Ipar Euskal Herriko hizkuntza ingurumenari egokitutako batua. Adibide hau accident sarreratik hartuko dugu:

L’an dernier, 86 personnes ont perdu la vie dans des accidents survenus sur les routes.

Joan den urtean, 86 jendek galdu dute bizia bideetan gertatu ezbeharretan.

Guztiz hedatua dago, gaur egun, goiko perpauseko “galdu zuten bizia”-ren ordez laguntzailean orainaldiko adizkia erabiltzea, eta hiztegiko adibide multzo handia horren lekuko ona da. Gertatu zait egun hauetan, Donibane Lohizuneko gizon bati neuk egindako grabaketak transkribatzerakoan, ikustea informatzaile honek iraganaldia orainaldiaren bitartez adierazten duela, ia salbuespenik gabe, eta kasu honetan ezinbestean, iraganaldiko formarik ez duelako, edo oso gutxi. Zeren gauza bat da forma jakitea eta ez erabiltzea, eta beste bat ez edukitzea delako aldaera hori, izan adizkia, edo beste edozer. Izan daiteke hizkuntzaren jabekuntza erabat bukatu baino lehen erdaldundu zelako, edo umetan euskara ongi ikasi arren heldutan guztiz arroztu zitzaiolako. Kontua da iraganaldia ez duela ia inoiz erabiltzen, eta iraganeko aditz paradigmak osatzeko zailtasun handi-handiak dituela. Zer esanik ez baldintza formak, irrealisekoak eta bestelakoak azaltzeko.

Jean-Pierraren kasua beste euskaldun askorena ere bada: jabekuntza ez bazen guztiz osatu, edo biziaren itzuliengatik erdarazko mundu batean murgildu bazen urteetarako, gero, behin euskara berreskuratzeko erabakia hartutakoan, ezin ba gaitasun osoz jokatu, ez aditz paradigmak eta ez beste hainbat kontu. Jean-Pierra emakume frantses batekin ezkondu zen, eta seme-alabei ez zien euskararik erakutsi. Hori arraroa da Hegoaldean, baina nahikoa arrunta, tamalez, Iparraldean. Ama Landesetakoa zuen eta aita donibandarra, Akotzekoa. Aitarekin beti euskaraz egiten zuten anai-arrebek etxean, eta aitaren aldeko familiakoekin ere noiznahi euskaraz. Ezkondu eta seme-alabak etorri zirenean, kontatzen du, batere igarri gabe, eskola garairako ahanzten hasia zitzaion etxeko euskara erabat galtzen-bezala sumatzen zuela, eta konturatu omen zen bere etxekoekin elkartzen zenean gero eta nekezago egiten zuela. Orduan hartu omen zuen erabakia: abesbatzako lagunekin eta lankide euskaldunekin euskaraz bakarrik egingo zuen aurrerantzean. Bere esanetan, halamoduzko euskara batean, baina euskara hutsean. Handik bi urtetara ezagutu nuen nik, eta hizkuntza herdoiltzearen ondorioak bere gordinean ikusteko paregabeko aukera eman zidan, jakin gabe, Jean-Pierrak, euskaraz alfabetatzeko inoiz klaserik hartu ez duen lekuko donibandar atseginak.

Hitz bakarrean laburbildu beharko banu zer aurkitu nuen haren hizkeran, hori murriztea izango litzateke, Andersen-ek[1] azaltzen duen erakoa: “(…) subordinate language distinctions not matched in the dominant language will be vulnerable to elimination”, dio (1982: 92). Gaurko frantses mintzatuan ia galdu da orainaldiaren eta iraganaldiaren arteko bereizketa; ondorioz, Iparraldeko hizkerek aukera handiak zituzten murriztapen horretara heltzeko.

El Salvadorko Errepublikan, batez ere mendebalean, espainolarekin diglosi egoeran eta jarraian galzorian egon zen pipil hizkuntzan aspaldi murriztu ziren, adibidez, bokal luzeak, eta bokalak bezala beste hainbat oposizio. Denak, hizkuntza nagusian falta zirenak. Hizkuntza gutxituen moldaerek antzeko jokaerak erakusten dituzte hor zehar, eta murriztea ezaugarri komunetako bat da, han eta hemen. Besterik ere bada murrizteaz gain, baina utz ditzagun gainerakoak hurrengo baterako.

[1] Andersen, Roger W. 1982. Determining the linguistic attributes of language attrition. In R. D. Lambert and B. Freed (arg.), The Loss of Language Skills. Rowley, MA: Newbury House, 83-118.

“Que veinte años no es nada”

Alfontso Mujika

Bada tango zahar bat, malenkoniatsua eta ederra, oso ezaguna, Volver izena duena. Haren bertso-lerro batean, esaten da hogei urte ez dela ezer, eta “Que veinte años no es nada” esaldi eginen kategoriara ig(ar)o da gaztelaniaren kulturan.

Tangoak dioena ukatu nahi dut, eta euskararen mundu txiki gurean hogei urte badela zerbait aldarrikatu. Edo, zehatzago esanda, aldarrikatu hizkuntzaren historian hogeialdi guztiak ez direla berdinak. Azken hogei urteak inoizko garrantzitsuenak izan dira euskararen corpusaren normalizazioan; hala uste dut nik, behintzat, eta horixe nahi dut plazaratu gaur leihotxo honetatik.

Inoiz edo behin, corpusaren normalizazioaren ondorioen aurkako iritziak edo kexu gisakoak irakurri ditut, baita blog honetan ere noiz edo noiz, normalizazio hori euskara jatorraren Arkadiaren galgarritzat-edo harturik. Beude hor. Mezu baikorra zabaldu nahi dut nik, eta azaldu dezadan hogei urteena.

Komunikabideetan ez da agertu efemeridea, Euskaltzaindiak berak ez du ezer plazaratu, baina joan den hilean hogei urte bete dira Euskaltzaindiak Leioako biltzarra egin zuenetik (Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarra). Euskara batuak 25 urte bete zituela eta Euskaltzaindiak 75 urte bete zituela-eta egin zen biltzarra.

Han eszenaratu ziren ordurako egosten ari ziren corpusaren normalizazioaren hainbat kontu, eta biltzar hark abiarazi zuen araugintza.

Gogoratu dezagun duela 20 urteko egoera:

  • Gramatika-lan ofizialetan, EGLUren lehen hiru liburukiak besterik ez zegoen. Laugarrena, juntagailuena, urte horretan argitaratu zen.
  • Ez zegoen euskararen hiztegi ofizialik.
  • Orotariko euskal hiztegia F letran zihoan.
  • Ez zegoen corpusik. XX. Mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa egiten ari zen.
  • Euskalterm ordainpeko zerbitzu bat zen; orain dituen sarrerak baino askoz gutxiago zituen, eta kontsulta telematikoa ondo motela zen.
  • Biltzarraren aurreko urtean, 1993an, lehenengo entziklopedia osoa argitaratu zen: Elhuyar hiztegi entziklopedikoa, eta Lur hiztegi entziklopedikoa zatika argitaratzen ari zen (1991-1995 bitartean argitaratu zen).
  • Hiztegi elebidunak “aurreko“ belaunaldikoak ziren.
  • Ez zegoen Jagonet, ez zegoen estilo-libururik. Joskera lantegi liburua ere ez zegoen.
  • Pentsamenduaren Klasikoak bilduma 1992an abiatua zen, eta dozena bat liburu besterik ez zuen.

Hogei urte geroago, gauzak nabarmen aldatu dira:

  • 173 arau eman ditu Euskaltzaindiak, ortografia, gramatika, lexiko eta onomastikari buruzkoak. Izango da zer aldatu, zer zehaztu eta zer hobeturik, baina ez da huskeria!
  • Hiztegi Batuak 36.776 sarrera ditu gaur egun. Gauza asko falta dira, barne-koherentzia hobetu behar du… bai, baina a ze tresna!
  • Euskaltzaindiaren hiztegia argitaratu da, 20.000 sarrerarekin.
  • Orotariko euskal hiztegia amaitu da, emendatu egin da eta bertsio elektronikoan kontsultatu daiteke.
  • Euskal Gramatika, Lehen Urratsak gramatika deskribatzailea, 7 liburukiz osatua, amaitu egin da, eta bertsio elektronikoan kontsultatu daiteke.
  • Hiztegi elebidunen belaunaldi berria 1996an abiatu zen Elhuyar euskara-gaztelania/gaztelania euskara hiztegiarekin, eta hiztegi elebidunak sarean kontsultatu daitezke.
  • Ikasmaterialen Aholku Batzordearen estilo-liburuak, 2004-2014 bitartean, zazpi liburuki argitaratu ditu, eta arauetan agertzen ez diren makina bat kontu jakingarri bildu ditu.
  • Euskalterm hazi egin da, hobetu egin da, eta azkar eta doan kontsultatu daiteke.
  • Zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa argitaratu da, eta sarean kontsultatu daiteke.
  • Pentsamenduaren Klasikoak bilduma, 130 liburuz osatua, amaitua dago, eta sarean eskuratu eta kontsultatu daiteke.
  • Hizkuntzaren erabilera errealaren berri izateko, hizkuntza-corpus ugari dugu, orokorrak eta espezializatuak, baita itzulpen-memoria batzuk ere, eta guztiak sarean kontsultatu daitezke.

Jarraituko dugu falta zaigunaz kezkatzen eta kexatzen; hala behar du, aurrera egingo badugu. Hala ere, une batez atzera begiratuta, uste dut “ez dago gaizki” behintzat esan dezakegula. Harrokeriarik gabe, baina.

“Las nieves del tiempo / platearon mi sien” jarraitzen du tangoak. Hogei urteotan askoren ilea urdinduko zen, eta bakandu, baina ez egonean egon izanagatik.

Shakespeare bertsotan

Iñaki Iñurrieta Labaien

Joan den ostegunean, Donostiako Lugaritz Kultur Etxean bildu ginen Shakespeareren ametsa biziarazten programako bigarren sukalde-saiorako. Orain hilabete aipatu nuen hemen programa hori, Donostia 2016k eta EIZIEk autore ingelesaren A Midsummer Night’s Dream komediaren itzulpena jendarteratzeko pentsatua. Bigarren sukalde-saio honetan, Shakespearen bertsolaritzara hurbiltzea zen ideia, edo bertsolaritza Shakespearerengana. Beste era batera esanda, Juan Garzia Uda gau bateko ametsaren itzultzailearen lana eta bi bertsolarik obra horretako zenbait pasarteren gainean egin zezaketena elkarrekin jartzea, ea hortik zer ateratzen zen ikusteko.

Bat izatekotan, obra hau zen aproposa horrelako esperimentu baterako, bera izaki proportzioz hitz neurtu gehien dituena Shakespearen antzerki-lanen artean.

Jon Martin eta Miren Ibarluzea izan ziren lantegi horretan parte hartzen ausartu ziren bertsolariak. Eta aurreko saioan bezala, Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak egin zituen gidari lanak. Bertso-jartzaile lanetan aritu zela esan behar nuen, baina bertso-jartzailea, kasu honetan, Shakespeare bera zela esan liteke; berak ematen zien aukera bertsolariei ofizioka bezala jarduteko: zu halako (pertsonaia bat) zara, eta halako egoeran zaude; ea zer asmatzen duzun, nahi duzun neurri eta doinuan. Egoera ez ezik, hitzak ere ematen zizkien, ingelesez. Bertsolariek itzultzaile jardun behar zuten, hortaz, bertso-jartzaileak ingelesez esanak euskaraz jartzen (Bingen Ametzagaren euskarazko bertsio prosazkoaren laguntzaz).

Bertso-saio baten taxua eman nahi izan zioten ekitaldiari, eta, bertso-saioetan ohi bezala, bertsolarien agurrarekin hasi zen. Ondotik, lau egoera edo obrako lau pasarte planteatu ziren, itzultzaileak eta bertsolariek zeinek bere bertsioa eskain zezaten. Bakoitzak hautaturiko neurriak (eta doinuak, halakorik hautatu zen kasuan) ematen du zer iruzkindu. Shakespearek 10 edo 11 silabako bertso-lerroak darabiltza obra osoan; Juanek, berriz, bi neurri batez ere: 8/7 silabakoa, Etxeparek bere maite-olerkietan ohi darabilen neurria, eta zortziko handiarena (10/8). Normaltzat jo behar da bertso-lerro luzeagoak erabiltze hori: ingelesak hitz asko eta asko ditu silaba bakarrekoak edo bi silabakoak, eta han esate den guztia euskarara pasatzean, ia nahitaezkoa da silaba gehiago sartzea lerro bakoitzean.

Miren Ibarluzeak ere hemezortzi silabako puntua (10/8) aukeratu zuen laginak bertsotan jartzeko. Jon Martinen hautua, berriz, bitxia gertatu zen: askoz neurri motzagoetan errenditu nahi izan zituen Shakespeareren arrazoiak, 11 silabako bertso-lerroa, inoiz zortziko txikia (7/6). Baina bertso-lerroen luzera laburraren truke, lerro gehiago erabiltzera jo zuen, jatorrizkoan esaten zirenak ahalik eta osoen jasotzeko.

Errima moduaren aldetik, Shakespearek darabilenari heldu zioten hirurek, bikotan antolatuz, kopla kateatuak balira bezala (AA, BB, CC…).

Askotan aipatu ziren doinuak. Berez, obra euskaraz estreinatuko denean (2016an, Donostiako Maria Cristina parkean), aktoreek deklamatu egingo dituzte hitz neurtuak, kantatu gabe, baina joan den asteko ekitaldian hainbat doinu probatu ziren, kantariak kasuan kasuko egoera imajinatzean egokiena zeritzona erabiliz: Juana Bixenta Olaberenak, Axuri beltza, Amurizaren bat, Oskorrik kanta batean darabilena… Eta entzuleok ere kantatu genituen, tarteka, itzultzaile-bertsolariekin batera, pantailan ageri ziren-eta.

Ekitaldiari amaia emateko, bertso-saioetan bezala, agurra bota zuten hirurek. Juanek, hain zuzen ere, Robin Goodfellow iratxoak –Mattin Onpuxka, haren itzulpenean– antzerki-lanaren amaieran entzuleei zuzenduz esaten dituenak hautatu zituen. Bi bertsolariak, hasierako agurrean bezala, bat-batean aritu ziren azkenean ere.

Saioak ordu eta erdi iraun zuen, eta, zailtasunak zailtasun, laburra egin zitzaigun hara bildutakoei. Erritmo arina izan zuen, osagaiak bata bestearen atzetik egoki kateatzeari esker: batetik, Juan Garziaren azalpenak, deklamatu edo kantaturiko zati bakoitzaren testuingurua azaltzeko, zenbait zertzelada tekniko emanez; bestetik, itzultzailearen eta bertsolarien bertsioen arteko kontrastea. Batzuen eta besteen artean zubi-lanak eginez, Idoia Noblek ondo asmatu zuen galderak une jakin batzuetan egiten jardunari bizitasuna emateko. Horrez gainera, bat-bateko lanean ere jarri zituzten tarteka bertsolariak, eta gehigarri polita gertatu zen hori.

Printzipiozko herria

Bakartxo Arrizabalaga

Printzipioz lanera joatekoa denari entzunik, pentsa daiteke hala dioenak ez duela ogi beharrik. Printzipioz etxean geratuko dena, etxea norena den lehiatzen ari ote, hipoteka egin dion bankuarekin? Printzipioz zinemara joatekoa dena zentsurak debekatu filma ikustera ote doa? Mendira printzipioz joatekoa denari gogoratzen zaio, akaso, bozka eguna dela egun hura eta hortik mendira behar?

Biharamunean printzipioz hondartza joatekoa zela erran zidanean, kanpoan egurasten nuen erropa barnera bildu nuen, hurrengo egunerako sekulako ekaitza agindu zigutelakoan. Alabaina, bezperan baino ere garbiago argitu zuen biharamunak. Bazuena burutik? Zer printzipio mota behar du horrek halako egun ederrarekin hondartzara joateko? Orduan hasi nintzen konturatzen printzipioetan blai bizi ginela gure herri jansenista honetan; nolanahiko printzipio zentzu eta funts gabe xelebreetan. Loriaren erdian igeri bizi dena ere, printzipioz eta printzipioz ari omen, hara eta hona. Oporretan Txinara? Printzipioz, bai, printzipioz, prefosta; gauean festara? Hori ere printzipioz baita, beihalako garai zorionez pasatu haietan, festa ere borrokaren parte zela argi utzi baitziguten gure herriaren gidari autoproklamatu haiek. Zorrak kita? Printzipioz ez, nola bestela? Egungo moda berriaz jantzi betiko borroka santuari jarraiki, nonbait.

Hasian hasi, printzipioz hasi dena, printzipioz bukatu ere behar.

Beharrik horretarako badugun ere FINA.

Hizkuntza-ingeniaritzaz ohartxo bat (-rentzakoa?)

Jesus Mari Makazaga Eizagirre

Bihar bertako lana, biharko bertako lana egiturak zuzenak dira?

Bilboko autobusa ala Bilborako autobusa?

Etxeko lanak ala etxerako lanak?

Latineko hitzak ala latinetikako/latinetiko hitzak?

Era horretako hainbat galdera jaso izan ditugu Euskaltzaindiaren Jagonet aholku-zerbitzuan hura sortu zenez geroztik.

Bai eta, postposizioetara etorririk, honako egitura hauen eta tankerakoen ingurukoak ere:

Aurrera begirako proposamenak

Munduan zeharreko bidaiak

Hortik gorako prezioak

Literaturaren gaineko jardunaldiak

Birusarengatiko infekzioa

Ez dirudite bolaluma gorria atera, eta di-da ezabatzekoak edo kondenatzekoak direnik: egitura horien gramatikaltasuna ez dirudi zalantzan dagoenik. Hala ere, ez dira gutxi halakoen inguruan iristen diren galderak. Zer dela eta, ordea, agramatikalak ez badira?

Bada hor gramatikaltasunetik harantzago den zerbait, hiztun batzuen hizkuntza-konpetentzian argi gorria (edo laranja behintzat bai) piztuarazten (pitzarazten esaten ez dit, ba, Hiztegi Batuak!?) duen zerbait. Askotan ez da izaten ea zuzenak diren, baizik ea erabili izan diren, ea tradiziorik baduten euskaraz.

Goian eman ditugun egitura guztiak ez dira beharbada konparagarriak onargarritasunaren aldetik, baina oro har esan genezake ez dirudiela euskal hiztunak behar handirik ikusi duenik halakoak erabiltzeko; alegia, horien oinarrian dagoen egitura sinpletuz perpaus erlatibo bidez ([[perpausa]-en + izena]) eman ohi den egitura [izenlagun + izen] egituraren bidez emateko:

Bihar bertan egiteko lana  bihar bertako lana / biharko bertako lana?

Bilbora doan autobusa  Bilborako autobusa?

Etxera eramateko lanak → etxerako lanak?

Latinetik datozen hitzak  latinetiko hitzak?

Aurrera begira egindako proposamenak  aurrera begirako proposamenak?

Munduan zehar egindako bidaiak  munduan zeharreko bidaiak?

Hortik gora doazen/dabiltzan prezioak  hortik gorako prezioak?

Literaturaren gainean egindako jardunaldiak  literaturaren gaineko jardunaldiak?

Birusarengatik sortutako infekzioa → birusarengatiko infekzioa?

Berriz ere badiot ez direla guztiak beharbada maila berean ematekoak, batzuek bai baitute tradiziotxo bat euskaldunen erabileran; beste batzuk, berriz, izartxoa ere beharko lukete seguru asko (biharko bertako lana horrek, adibidez).

Halako kontsultak etortzen zaizkigunean, “konstrukto“ horien tradizio urriko datuak erakustearekin batera, ahalegintzen gara (plurala erabiltzen dudanean gramatikako galderei erantzuten dihardugun lankideez ari naiz, edo Gramatika Batzorde osoaz) gogorarazten, erakusten euskarak, euskaldunak ez duela beharrik izan halako ingeniaritza-egiturak osatzeko.

Horien artean mailak zehaztu beharra dago, esan bezala: adibidez, latinetiko hitzak (eta latinetikako ere bai) Mitxelenak (ikus OEH XI, 352. or.) darabil nahiko sarri bere lanetan (eta ulertzekoa da bereizketa egin nahi izatea (latineko hitzaklatinetik datozen hitzak, latinetiko hitzak), eta hortik gorako prezioak egiturari ere erreparo handirik ezin jarri.

Geroak esango du bestelakoek zer bide egiten duten halakoek.

Hizkuntzaren erabilera espezializatuetan aspalditxotik dabiltza –gatiko erako egiturak ate-joka, eta sartu(ko) dira hizkuntzaren erabilera berezitu horietan; gain postposizioaren erabilera hori zabalduz/ezagutuz doan neurrian badirudi denbora kontua dela –ri buruzko bezala –ren gaineko ere hedatuz joatea. Eta abar.

Era honetako kontsultak ditugunean, gure eginkizuna izaten da, egindako galdera hain zuzen hori izan ez bada ere, tradizioko datuek zer dioten gogoraraztea,

bihar bertan egiteko/egin beharreko lana

Bilboko autobusa

etxeko lanak

aurrera begira egindako proposamenak

munduan zehar egindako bidaiak,

betiere horren gainean eraiki behar baitugu egungo eta etorkizuneko euskara, erabilera arruntekoa nahiz espezializatukoa: jakinik zer erabili den, ikusiko dugu egungo beharretarako balio digun ala ez, eta ezezkoa baldin bada, zer egin dezakegun tradizio hori (behin ezagututa) urratu eta bide berriak egiteko.

Mendebaldetik dator gutuna

Estitxu Garai

Etsita, zuri idaztea erabaki dut. Zelan zabiltza? Egunkarien bidez baino ez dut zure berri, eta, egia esan, ez dakit ondo ala gaizki zauden. Batzuetan ederto zaudela dirudi, beste batzuetan, ordea, zuri buruz esaten dituztenak ez dira hain onak.

Zure buruari galdetuko diozu zergatik idazten dizudan orain. Bada, faltan botatzen zaitudalako. Urteak eman genituen batera, nire bizitzako une zoragarrienetarikoak. Ederra izan zen. Gogoan al duzu Urbasara egin genuen txangoa? Nola ahaztu. Andereño Miren guri errieta egiten, bainua hartu nahi genuela-eta. Izango dira hamar bat urte ordutik, ezin dut sinetsi hainbeste denbora pasa denik.

Ikasle garaian gauza mordoa egiten genuen batera. Nire eskola-ibilbidea, ostera, ez zen oso luzea izan. Ondo baino hobeto dakizu ez nintzela puntarengo ikaslea. Ikasketak utzi ostean, ez nuen zurekin kontaktuan jarraitzeko biderik izan. Harreman-sareak harrapatu gintuen. Inguraketa-sare bihurtu zen. Ez nuen gure artekoa zaindu, baina ba ote nuen zaintzeko modurik? Apurka-apurka, nigandik urruntzen joan zinen, zugandik urruntzen joan nintzen. Heldu ahala, ezin izan nizun heldu. Zugandik aparte zegoen nire heldu-lekua. Ni handitu, zu txikitu. Eta, konturatu orduko, alde egin zenuen.

Ez zaitut baloratu, nirekin ez zaudela jabetu naizen arte, galdu zaitudan arte. Gaur behar zintudan, eta ez zeunden hemen. Zu gabe ñimiño sentitu naiz, hankamotz. Nire burua madarikatzen dut behin eta berriro. Ni naiz gertatzen zaidanaren errudun, baina ni al naiz errudun bakarra? Zergatik ez zaitut aurretik behar izan?

Berreskuratu nahi zaitut, eta ez dakit nondik hasi. Egoera honi aurre egin behar diot, aurrera egiteko. Ezin esanaren jasanezinak bizi nau. Belarriak mutu. Ahoa gor. Euskara, itzuli nigana.

Gorpu batzuk agertu dira

Mikel Taberna Irazoki

Lasa eta Zabala ikustera joan ginen gaur zortzi semea eta biok. Kezka zerbait gure baitan ─nola ez?─, bagenekielakoz zer-nolatsuko istorio izugarria kontatu behar ziguten. Iruñeko Baiona etorbideko Golem zinema-aretoetako batean ematen zuten, eta haraxe abiatu ginen ilundu berritan.

Filma, egia erran, berriz ere ikusi beharko nuke artelan modura baloratzeko; informazio-karga sobera eramaki nuen bizkar-zakuan erakutsi behar zigutena aurreiritzirik gabe juzgatzeko. Ordea, erraten ahal dut harritu nintzela pelikularen hain parte handia euskaraz ematen delakoz (gaztelaniazko azpitituluak), hala mintzatzen baitira euskal herritarren paperak jokatzen dituzten guziak, Gipuzkoako gobernadore zibilarena eta guardia zibilekin tratu ilunetan aritzen zen kontrabandistarena egiten dutenak izan ezik; bi horiek eta Espainiako Gobernuaren mendeko guardia zibil nahiz poliziek gaztelaniaz hitz egiten dute, eta hizkuntza horretan aditzen dira epailearen aitzineko aitorpenak eta epaiketa bera (halakoetan, euskarazko azpititulurik ez).

Aitortu behar dut Juan Luis Zabalak joan den larunbateko bere sarreran aipatzen duen hitanoaren erabilera eztabaidagarriari buruzko oharpena ez zitzaidala gelditu gogoan. Ez nituen begi-beharriak behar bezain zorroztuak izanen, duikabe; sakelan altxatu nituen Juan Luisek jauntzi bide zituen kazetari-luneta kritikoak, orduan ez bainekien filmari buruz idatziko nuela gure blogean gaur.

Guk hagitz aisa segitu genuen kontakizuna; euskarazko ahotsak (abokatuaren paperean ari den Unax Ugalde, filmean laguntzaile dituen Itziar Ituño eta Iñigo Gastesi, Joxi eta Joseanen larruan sartu behar izan zuten Jon Anza eta Cristian Merchan, gainerako etakideen eta jendakien izenean ari direnak, etab.) natural-natural eta erabat sinesgarri sartu zitzaizkigun, salbu, nire kasuan, ertzainenak, kostatzen baitzait irudikatzea halakoekin elkarrizketa normal bat gure hizkuntza honetan (ez nion xehetasun hori semeari galdetu; beharbada hark ez zuen halako sentipenik izan).

Nolanahi ere, euskararen aldetik ere ikusi beharrekoa da lan hau, nire ustez, euskararen presentzia nabarmenagatik. Alde horretatik pozgarria, egileak zoriontzekoa. Euskaraz sorturiko honen gisako filmak bezalaxe, euskarara bikoiztuak ere eduki beharko genuke urtero multxo koxkor bat, baina ez edozein pelikula, nahitaez ikusi behar diren horietako batzuk edo zerbaitengatik ikusle izan gaitezkeenon baitan nolabaiteko interes berezia sorrarazten dutenak baizik. Badakit gai honi buruzko eztabaida badela plazan (filmak jatorrizko hizkuntzan ala bikoiztuak), eta, inon inoiz bozka eman behar baldin bada, horixe da nire iritzia.

Pelikularen gaiari berriz helduta, gauza jakina da Lasa eta Zabalaren gorpuak Alacanteko Busot herriko paraje baztertu batean ehortzi zituztela kare bizitan, handik urtebetera-edo ehiztari baten zakurrek aurkitu zituztela eta gero dozena bat urte eman zutela gorputegi batean hiltzaileek ez bertze inork jakin gabe norenak ote ziren hezur haiek. Noizbait, ordea, norbait hasi zen pentsatzen gorpuak bi tolosar gazte haienak ote ziren, eta hortik etorri zen gainerako guzia.

Hilotz haiek nor-norenak ziren ez zuten komunikabideek berehala segurtasun osoz jakinarazi izanen. Kazetariek halako kasuetan irakurle-entzuleei aditzera ematen diete ez dela egiaztatu hildakoen nortasuna, baina hipotesi sinesgarri samar batzuk badaudela. Ez dakit zer lokuzio-klase erabili ote zuten euskarazko esatariek orduko hartan; aukera bat baino gehiago dugu euskaraz suposizioa eta egiantzekoa dena adierazteko.

Etsenplu bat irratitik aditzeko aukera izan nuen berriki, eta kolkoan gelditu zitzaidan kazetariak notizia kontatzeko baliatu zuen maneragatik (orduan erne izaki ni horrelakoei erreparatzeko, joan den astelehenean ez bezala). Bi gorpu agertu ziren Espainiako edo Italiako kostaldean, eta esatariak honelako zerbait erran zuen: “… bi gorpu horiek orain dela bi egun hondoratu zen pateran zihoazen bi senegaldarrenak lirateke”.

Ez dut erran nahi “gaizki” egin zuenik (ez naiz nor), baina iruditzen zait halakoak azaltzeko bertze bide batzuk maizago erabiltzen ditugula eta direla euskarazko hedabideetan: “… dirudienez/nonbait… bi senegaldarrenak dira…”; “…zenbait informazio-iturriren arabera… bi senegaldarrenak dira…”; “… bi senegaldarrenak omen dira …”. Bakanago aditzen da izan behar aditz lokuzioa: “… bi gorpu horiek orain dela bi egun hondoratu zen pateran zihoazen bi senegaldarrenak izan behar dute”.

Iruditzen zait irratiko ahotsaren lirateke horrek zerikusia duela espainolez antzeko kasu batean normal adituko genukeen se trataría de-rekin. Han-hemenka irakurri dudanez, aditzaren erabilera horri condicional de rumor deitzen diote, eta gaztelaniara frantsesetik etorria omen da, galizismo bat da, conditionnel journalistique erraten zaiona. Inguruko bertze hizkuntzetan (portugesean…) ere erabiltzen ote da? Eta ingelesez?

Ez dakit adizki hipotetikoen erabilera honek tradiziorik duen euskaran edo, berria baldin bada, zabaldua dagoen gaur egun gure artean, baina niretzat arrotza zen lehengoan aditu nuen arte.

Hiperritanoa ‘Lasa eta Zabala’ filmean

 Juan Luis Zabala

Pablo Maloren Lasa eta Zabala filmari buruzko komentarioetan askori entzun edo irakurri diet hasierako pasarteak, errefuxiatuen Baionako giroa erakusten dutenak, direla ahulenak eta sinesgarritasun gutxienekoak. Neu ere horretan nago.

Ez dakit benetan zer neurriko eragina izango zuen siniesgarritasunean, akaso batere ez, baina atal horren akatsetako bat, aski nabarmena nire ustez, nik –modu trakets eta hobegarrian seguru asko– hiperritanoa deituko nukeenaren erabilera sistematikoa da. Hau da, modu teknikoan ahalik eta zehatzen azalduta: bigarren pertsona singularraren markarik gabeko aditz formak hitanoan emateak galderetan eta menpeko esaldietan.

Adibide bat jarriko dut, ez filmetik ateratakoa, neuk asmatutakoa baizik: «Ez zakiat etorri dituken» esatea, «Ez zakiat etorri diren» esan beharrean, hiperritanoa litzateke; edo «Hau ondo al zagok?» esatea, «Hau ondo al dago?» esan ordez.

Azalpen zehatzago bat HABEren Ikasbil webgunean aurki daiteke, adibidez; helbide honetan.

Guztiz alderantzizkoa da Iñaki Perurenak azkenaldian aski sarri ikusten den telebistako iragarkia batean egiten duena: hikako forma erabili behar zuenean zukakoa jaurti, nahiko modu desatsegin eta mingarrian, nire ustez, Xabier Eizagirrek (1) Berrian salatu duen moduan.

(1) Ohar bat nahasketarik izan ez dadin: artikuluaren egilea ez da, haren izen-abizen berberak dituen arren, Jakin aldizkariaren erredakzio burua.