Da/du aditzen dadutasun irristakorra

Xabier Aristegieta Okiñena

Dakigunez, euskaraz aditz ugari daude iragankor nahiz iragangaitz direnak; hots, bitarikoak. Horrela, batzuetan NOR-NORK erako aditz laguntzailea hartzen dute, eta beste batzuetan, NOR erakoa. Hiztegi Batuak da/du oharrarekin markatzen ditu horrelako aditzak, eta Orotariko Euskal Hiztegiak, Aux. Trans. e Intrans. aipamenarekin. Sartu, atera, sortu, aldatu… bezalako aditzez ari naiz, gutxi batzuk aipatzearren.

Baina, iragankor/iragangaitz bitariko izaera hori dela-eta, aditz horiek ulermenerako arriskugarri gertatzen dira aski maiz; hain zuzen, bi izaera horietatik zein hartu duten argi gelditzen ez den kasu bakoitzean. Eta esango nuke printzipioz uste baino gehiagotan gertatzen dela hori; eta, agian, aurreikus daitekeen baino irismen handiagoko ondorioak eraginda.

Horretaz ohartaraztea da artikulu honen helburua. Halatan, kasu horietako batzuk bildu ditut jarraian.

1.- Aditz-laguntzailea desagertzen denean:

Aditz nagusiaren esanahi iragankorra edo iragangaitza ulertzeko giltza ematen baldin badigu zerk eta aditz laguntzailea du edo da erakoa izateak, aditz laguntzailerik agertzen ez denetan giltzarik gabe gelditzen gara, testuinguru lagungarririk ez badago. Halako kasu batzuk izan daitezke honako hauek:

1.1 Infinitiboa erabiltzean

  • Adibidea: Emaztea hil eta urtebetera, gizona beste emakume batekin ezkondu zen.

Hil aditza da/du tankerakoa izaki, esaldi horrek, bere horretan, ez digu jakinarazten emakumea berez hil zen ala senarrak erail zuen.

  • Adibidea: Lan-baldintzak aldatu ostean, emigratzea erabaki zuten.

Ez dakigu ea lan-baldintzak aldatu ote ziren (horrek berezko aldaketa bat iradokiko luke) ala aldatu ote zituzten (eta horrek gehiago emango luke aditzera, esate baterako, legedi-aldaketaren bat).

1.2 Partizipioa erabiltzean

  • Adibidea: genetikoki aldatutako organismo.

Bistan dago gaztelaniazko organismo modificado genéticamente esan nahi duela, baina ohar bedi nola, gaztelaniazko modificarek bere aditz iragankor izateari buruzko zalantzarik eragiten ez badu ere, euskarazko itzulpenak bidea ematen duen ulertze aldera aldaketa hori izan daitekeela gizakiak eragindakoa nahiz naturalki gertaturikoa.

1.3 Aditz-izena erabiltzean:

  • Adibidea: Lehendakariak ez zuen baztertu prezioak jaistea.

Nola gara esaldi hori ulertzekoak? Lehendakariak ez zuela baztertu prezioak jaitsiko zirela, ala ez zuela baztertu berak geroago prezioak jaisteko erabakia hartzea?

  • Adibidea: Orain dela gutxi, lehendakariak adierazi zuen garrantzitsuena segurtasuna dela, eta ez zuen baztertu zailtasun gehiago sortzea.

Adibideak ez digu argitzen berez sor daitezkeen zailtasun batzuez ari zen, ala zailtasun probokatuez.

1.4 Substantiboa eratzean

Zalantzak guztiz uxatu ezinean nabil gaztelaniazko creación de empleo euskaraz enplegu-sorrera gisa itzultzearen zuzentasunaz. Nire inpresioa da ezen, oro har eta salbuespenak salbuespen, da/du motako aditz batek berak substantibo ezberdinak ematerantz jotzen duela, nola erabiltzen den: zentzu iragankorrean ala iragangaitzean. Alegia, oro har sortu iragangaitzak sorrera ematerantz jotzen duela, eta sortu iragankorrak, aldiz, sorkuntza, sorketa, sortzapen (interes-sortzapen edo devengo de intereses, kasu) edo are Sorkunde. Sartu iragangaitzak sarrera ematen duela, eta sartu iragankorrak sarpen, edo sarketa. Itzuli iragangaitzak itzulera, baina itzuli iragankorrak itzulpena eta itzulketa. Aldatu iragangaitzak aldaera, eta aldatu iragankorrak aldaketa edo aldakuntza bezalakoak ematen dituela. Aldaketa, ordea, aldatu iragankorretik nahiz iragangaitzetik irits daitekeen substantiboa izaki, problematikoa suertatzen da: goragoko adibide bat aprobetxatuz, lan-baldintzen aldaketa ez dakigu berezko aldaketa den, ala aldaketa probokatua.

2.- Aditz laguntzailea “degradatzen” denean:

Kasu batzuetan, NOR-NORK erako aditz nagusi iragankorra, izaera hori galdu gabe, NOR erako aditz laguntzailea erabiltzera “degradatzen” da, halako moduz non, NOR erako aditz laguntzaile hori ikusita, batzuetan ez den oso argi geratzen, lehenbiziko irakurraldi edo entzunaldian behintzat, aditza bere esanahi iragankorrarekin ala iragangaitzarekin erabilita dagoen. Alegia, aditz laguntzaileak bereizte-balioa galtzen du. Eta horren ondorioz, batzuetan efektu bitxi askoak sor daitezke.

2.1 Inpertsonalak:

Dakigunez, NOR-NORK → NOR “degradazioa” modu oso arrunta da euskaraz esaldi inpertsonalak sortzeko:

  • Adibidea: Xk esaten du Yk amorante asko izan dituela → Esaten da Yk amorante asko izan dituela. Adibide honetan, iragankortasun/iragangaiztasunari buruzko ulermen-problemarik ez dago, esan aditza beti delako esanahi iragankorrekoa, baita NOR motako aditz laguntzaile batekin doanean ere.

Baina ikus ditzagun adibide hauek:

    • Giza kontsumorako instalazio ofizialetan hiltzen diren abere guztiak (que se mueren? Edo que se sacrifican?).
    • [Ziudadela] eraitsi eta parke publiko bihurtu zen (kalabaza bat Errauskineren karroza bezala?).
    • Eskaera hori betetze aldera, Comptos Ganberak 2010erako duen jarduketa-programaren barruan sartu da San Adriango Udalaren kirol instalazio berrien erregulartasunaren fiskalizazioa (nor bere etxeko atetik bezala?). Gaztelaniaz: se ha incluido en el programa de actuación de 2010 (…) la fiscalización de (…).
  • Gutxieneko salbuetsia 800.000 euroraino igotzen da.
  • Printzipio hauek “herritarren eskubide” kategoriara igo dira (han ascendido a la categoría de derechos ciudadanos? Ala han sido elevados a?).

Eta “degradazioa” gertatzen zaio NOR-NORI-NORK aditz nagusi iragankorrari ere; baina bestelakoa, NOR-NORI aditz laguntzailea erabiltzera pasatzen baita (inpertsonala izateak berak esan nahi du, noski, ezin duela NORKik eduki):

  • Langileei soldata jaitsi eta izozten zaie.

Horrelakoak ikusirik, komeni da euskaraz aditz horiekin inpertsonalak egitean kontu handiz ibiltzea, eta “degradazio”aren teknika hori ez erabiltzea. Zer egin daiteke horren ordez?

Irtenbide bat izan daiteke, askotan gomendatu izan den bezala, hirugarren pertsona erabiltzea:

  • Giza kontsumorako instalazio ofizialetan hiltzen dituzten abere guztiak.
  • [Ziudadela] eraitsi eta parke publiko bihurtu zuten.

Alabaina, hirugarren (edo beste) pertsonako aditz horiek, batzuetan, subjektuarenganako arreta erakartzea izaten dute ondorio, eta, jakina, ez da preseski hori izaten inpertsonala erabiltzearen helburua:

  • Eskaera hori betetze aldera, Comptos Ganberak 2010erako duen jarduketa-programaren barruan sartu dute?/sartu dugu? San Adriango Udalaren kirol instalazio berrien erregulartasunaren fiskalizazioa.

Horrelakoetan, niri justifikatua iruditzen zait pasiboaren bidetik jotzea, ingelesak bezala (sartua izan da). Baita honako kasuan ere:

  • Tras haber sido rechazados los siete requerimientos interpuestos por el Gobierno Foral…

2.2 ARI partikula:

Abian diren baina bukatu gabe dauden aditz-ekintzak adierazteko erabiltzen dugun ARI partikula aplikatzeak ere lehen aipaturiko “degradazioak” eragiten ditu: NOR-NORKetik NORera, eta NOR-NORI-NORKetik NOR-NORIra. Ondorioz, honelako koskak ager daitezke:

  • Alaba zaharrenak zioen goiz izan nahi zuela ama, baina unea atzeratzen ari da. Esaldi hori duela hilabete batzuk topatu nuen idatzizko elkarrizketa batean, eta atzeratzen ari da nola interpretatu ez nekiela gelditu nintzen: iragangaitz gisa, “unea [berez] atzeratzen ari da” esanahiarekin? Ala iragankor gisa, “[alaba zaharrena] unea atzeratzen ari da” esanahiarekin?
  • Txostena bukatzen ari da esaten zuen testu batek, baina esanahia ez zuen el informe se está acabando, baizik eta se está ultimando.

* * *

PERFORMATIBOEN AUZIA

Artikulu hau idazten ari nintzela, lankide bati kontsulta bat iritsi zitzaion, eta iruditzen zait lotura oso zuzena duela orain arte azaldu dudanarekin. Horregatik, kontsultagilearen baimenarekin, kontsultaren edukia aipatuko dut jarraian.

Galdera zen ea nola eman, xedapen baten testuan, dispongo epigrafearen baliokidea euskaraz; edo resuelvo epigrafearena, ebazpen baten testuan. Edo lege batek beste lege baten artikulu bat indargabetzen edo aldatzen duenean; adibidez, Se modifica el artículo 14 de la Ley 27/2015. Edo, erakunde jakin bat sortzeko legean, sortze-ekintza hori euskaraz nola adierazi; adibidez, Artículo 1.- Se crea el Colegio de (…).

Esakune horiei “performatibo” deitzen zaie, eta, esate baterako gaztelaniazko Wikipediak dioen bezala, horien ezaugarria da ez direla mugatzen ekintza bat deskribatzera, baizik eta, esakunea esatearekin berarekin, ekintza hori gauzatu egiten dela. Dispongo que (…) dioen xedapen baten testua ez da berriemate-testu huts bat, halakoa eta halakoa xedatu dela jakinarazten diguna, baizik eta hitz horiek esatearekin gauzatzen da kasuko xedapena. Zentzu horretan, garrantzitsua da kontuan izatea ezen kasuko testua (legea, erabakia…) ez dela akta bat, jadanik aginduriko edo gertaturiko zerbaiten berri ematen diguna; baizik eta lege batek esaten duenean se modifica el artículo X de la Ley Y, edo agindu batek se crea la institución Z, esakune hori esatearekin eragiten duela emaitza hori.

Performatiboak euskaratzean, batzuetan guztiz asegarri ez diruditen espresioak sortu izan dira (adibidez, se modifica el artículo X de la Ley Y esateko, Y Legeko X artikulua aldatzen da: ez da argi gelditzen ea hori arau bat den, ala gertakizun baten deskribapen huts bat), eta, horregatik-edo, zenbait testugilek gogokoago izan du Y Legeko X artikulua aldatu da idaztea; edo, X xedatzen dut idatzi beharrean, X xedatu nahi dut bezalako esamoldeak erabiltzea. Gertatzen dena da horrela jokatuz performatibotasuna kentzen zaiola kasuko esaldiari, eta gainditu gabe gelditzen dela erdietsitako testuaren izaera deskriptibo hutsaren arazoa.

Nire ustez, performatiboak euskaratzearen auzi honetan faktore ezberdinak nahasirik agertzen dira:

1.- Batetik, performatibotasuna. Baina esango nuke problema berezirik gabe ikus daitekeela euskaraz performatiboak modu burutugabean eman izan direla beti-edo: hitz ematen dizut egingo dudala, baietz esaten dizut, etor zaitezela erregutzen dizut, halakoa agintzen dut… Beraz, ez zait iruditzen hertsiki performatibotasunean datzanik koska.

2.- Gertatzen dena da testu juridiko askotan inpertsonaltasuna gehitzen zaiola performatibotasunari: se modifica el artículo X, se crea la comisión Y,…

3.- Eta, gainera, euskaraz problemak ematen dituzten performatiboak… ez al dira, ba,da/du motako aditzak? Modificar-aldatu, crear-sortu, elevar-igo, incorporar-sartu…

Horrela, ba, euskarazko performatiboen arazoa ez da, nire ustez, “performatiboen” arazoa, baizik eta “da/du motako aditzen inpertsonaltasunaren” arazoa; alegia, 2.1 puntuan azaldu dudanaren ildokoa.

Hori horrela, konponbidea ez litzateke pasako euskarazko performatiboen burutugabetasuna burututasun bihurtzetik, baizik eta euskarazko performatiboen iragankortasuna argi adieraztetik.

Hori lortzeko modu zehatzak? Bat izan daiteke 2.1 puntu horretan aipatzen dudan pasiboa erabiltzea (se deroga el artículo X = X artikulua indargabetua da). Beste bat, aditzari –arazi atzizki “iragankortzailea” (barkatu hitza) gehituz hura iragankorra dela agerian uztea: se crea el comité = batzordea sorrarazten da, se modifica el artículo X = X artikulua aldarazten da…

One Reply to “”

Utzi iruzkina