Shakespeare bertsotan

Iñaki Iñurrieta Labaien

Joan den ostegunean, Donostiako Lugaritz Kultur Etxean bildu ginen Shakespeareren ametsa biziarazten programako bigarren sukalde-saiorako. Orain hilabete aipatu nuen hemen programa hori, Donostia 2016k eta EIZIEk autore ingelesaren A Midsummer Night’s Dream komediaren itzulpena jendarteratzeko pentsatua. Bigarren sukalde-saio honetan, Shakespearen bertsolaritzara hurbiltzea zen ideia, edo bertsolaritza Shakespearerengana. Beste era batera esanda, Juan Garzia Uda gau bateko ametsaren itzultzailearen lana eta bi bertsolarik obra horretako zenbait pasarteren gainean egin zezaketena elkarrekin jartzea, ea hortik zer ateratzen zen ikusteko.

Bat izatekotan, obra hau zen aproposa horrelako esperimentu baterako, bera izaki proportzioz hitz neurtu gehien dituena Shakespearen antzerki-lanen artean.

Jon Martin eta Miren Ibarluzea izan ziren lantegi horretan parte hartzen ausartu ziren bertsolariak. Eta aurreko saioan bezala, Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak egin zituen gidari lanak. Bertso-jartzaile lanetan aritu zela esan behar nuen, baina bertso-jartzailea, kasu honetan, Shakespeare bera zela esan liteke; berak ematen zien aukera bertsolariei ofizioka bezala jarduteko: zu halako (pertsonaia bat) zara, eta halako egoeran zaude; ea zer asmatzen duzun, nahi duzun neurri eta doinuan. Egoera ez ezik, hitzak ere ematen zizkien, ingelesez. Bertsolariek itzultzaile jardun behar zuten, hortaz, bertso-jartzaileak ingelesez esanak euskaraz jartzen (Bingen Ametzagaren euskarazko bertsio prosazkoaren laguntzaz).

Bertso-saio baten taxua eman nahi izan zioten ekitaldiari, eta, bertso-saioetan ohi bezala, bertsolarien agurrarekin hasi zen. Ondotik, lau egoera edo obrako lau pasarte planteatu ziren, itzultzaileak eta bertsolariek zeinek bere bertsioa eskain zezaten. Bakoitzak hautaturiko neurriak (eta doinuak, halakorik hautatu zen kasuan) ematen du zer iruzkindu. Shakespearek 10 edo 11 silabako bertso-lerroak darabiltza obra osoan; Juanek, berriz, bi neurri batez ere: 8/7 silabakoa, Etxeparek bere maite-olerkietan ohi darabilen neurria, eta zortziko handiarena (10/8). Normaltzat jo behar da bertso-lerro luzeagoak erabiltze hori: ingelesak hitz asko eta asko ditu silaba bakarrekoak edo bi silabakoak, eta han esate den guztia euskarara pasatzean, ia nahitaezkoa da silaba gehiago sartzea lerro bakoitzean.

Miren Ibarluzeak ere hemezortzi silabako puntua (10/8) aukeratu zuen laginak bertsotan jartzeko. Jon Martinen hautua, berriz, bitxia gertatu zen: askoz neurri motzagoetan errenditu nahi izan zituen Shakespeareren arrazoiak, 11 silabako bertso-lerroa, inoiz zortziko txikia (7/6). Baina bertso-lerroen luzera laburraren truke, lerro gehiago erabiltzera jo zuen, jatorrizkoan esaten zirenak ahalik eta osoen jasotzeko.

Errima moduaren aldetik, Shakespearek darabilenari heldu zioten hirurek, bikotan antolatuz, kopla kateatuak balira bezala (AA, BB, CC…).

Askotan aipatu ziren doinuak. Berez, obra euskaraz estreinatuko denean (2016an, Donostiako Maria Cristina parkean), aktoreek deklamatu egingo dituzte hitz neurtuak, kantatu gabe, baina joan den asteko ekitaldian hainbat doinu probatu ziren, kantariak kasuan kasuko egoera imajinatzean egokiena zeritzona erabiliz: Juana Bixenta Olaberenak, Axuri beltza, Amurizaren bat, Oskorrik kanta batean darabilena… Eta entzuleok ere kantatu genituen, tarteka, itzultzaile-bertsolariekin batera, pantailan ageri ziren-eta.

Ekitaldiari amaia emateko, bertso-saioetan bezala, agurra bota zuten hirurek. Juanek, hain zuzen ere, Robin Goodfellow iratxoak –Mattin Onpuxka, haren itzulpenean– antzerki-lanaren amaieran entzuleei zuzenduz esaten dituenak hautatu zituen. Bi bertsolariak, hasierako agurrean bezala, bat-batean aritu ziren azkenean ere.

Saioak ordu eta erdi iraun zuen, eta, zailtasunak zailtasun, laburra egin zitzaigun hara bildutakoei. Erritmo arina izan zuen, osagaiak bata bestearen atzetik egoki kateatzeari esker: batetik, Juan Garziaren azalpenak, deklamatu edo kantaturiko zati bakoitzaren testuingurua azaltzeko, zenbait zertzelada tekniko emanez; bestetik, itzultzailearen eta bertsolarien bertsioen arteko kontrastea. Batzuen eta besteen artean zubi-lanak eginez, Idoia Noblek ondo asmatu zuen galderak une jakin batzuetan egiten jardunari bizitasuna emateko. Horrez gainera, bat-bateko lanean ere jarri zituzten tarteka bertsolariak, eta gehigarri polita gertatu zen hori.

Utzi iruzkina