Ez genuen handik alde egin nahi. Gizonak guztiz edanda zeuden, autoei ematen zieten beren burua. Alderdi nagusiko buruzagiak etxerik etxe zebiltzan, jendeari joateko erreguka. Aginduak: «Ez eraman zeuen gauzarik».
Inork ez digu gehiago adarrik joko, ez gara inora joango. Ez dago dendarik, ez ospitalerik. Ezta elektrizitaterik ere. Keroseno lanpararen ondoan eta ilargipean jartzen gara. Eta gustatzen zaigu! Etxean gaudelako.
Poliziak garrasika ari ziren. Autoetan zetozen, eta gu basoan barrena joaten ginen korrika. Alemanengandik ihes egiten genuen moduan. Behin, fiskalarekin etorri ziren, purrustaka eta haserre, gu 10. artikuluaren azpian jartzera zihoazela. Esan ere nuen: «Utzi horiei niri urtebeteko kartzela ematen. Zigorra bete eta honaxe itzuliko naiz». Beraien lana garrasi egitea da, gurea, isilik egotea. Domina dut –uztabiltzailerik onena izana nintzen etxaldean–, eta bera 10. artikuluan ari da ni izutu nahian.
Halako kazetari batek esan zuen ez ginela etxera itzuli, besterik gabe, ehunka urte atzera joan ginela baizik. Mailua erabiltzen genuen uzta biltzeko, eta igitaia segarako. Asfaltoan bertan jotzen genuen garia.
Unean bertan itzaltzen genuen irratia. Batere albisterik ez dakigu, baina bizitza baketsua da. Ez gara haserretzen. Jendea etortzen da eta kontuak kontatzen dizkigu: gerra da leku guztietan. Eta horrekin batera, esaten digute sozialismoa bukatu dela eta kapitalismoaren azpian bizi garela. Eta berriro datorrela tsarra. Egia da?
Umeak hazten ari dira denak, uztara itzultzeko. Horixe da. Nork berea nahi du. Poliziak itzultzen utziko duen jendearen zerrenda dauka, baina hemezortzi urtez azpiko umeek ezin dute. Jendea itzultzen da eta oso pozik daude beraien etxe aurrean daudelako. Beraien lorategian, sagarrondoaren alboan. Lehenengo, hilerrira joango dira negar egitera, eta familiaren hilobietara. Han ere negar egingo dute, eta errezatu. Kandelak uzten dituzte. Beraien hesietan katigatzen dituzte. Edo hilerriaren hesi txikietan. Inoiz, girlanda bat ere utzi dute etxean. Eskuoihal zuria atean. Emakume zaharrak otoitza irakurtzen du: «Anai-arrebak! Izan pazientzia!».
Jendeak arrautzak, opilak eta zernahi eramaten du hilerrira. Nor bere familiarekin jartzen da. Hots egiten diete: «Arrebatxo, zu ikustera etorria naiz. Etorri bazkaltzera». Edo: «Ama, amatxo maitea. Aita, aitta maitea». Zeruko arimei hots egiten diete, behera datozen. Urte hartan hilak izan dituztenek negar egiten dute, eta aspaldi hilak dituztenek, ez. Hitz egiten dute, eta oroitzen. Errezatu egiten dute denek. Eta errezatzen ez dakitenek ere, errezatu egiten dute.
Ezin ukatuzkoa da nazioan nazioko edo tokian tokiko literaturak garatzean harreman dialektiko halako bat sortzen dela sormenezko eta itzulpen bidezko literaturen artean, bai eta literatur kritikak, orain artekoan, beregainki, sormenezkoari erreparatu diola ere. Baina hori bezain egia handia da gero eta areago kontsideratzen ari direla literatur sistemen barne antolamendutik globalizatzeraino doazen bideak eta moduak. Mota horretako ikerlanek bestelako dimentsio bat hartzen dute hegemoniko ez diren hizkuntza eta kulturen literatur ekoizpenari gagozkiola, zertan esanik ez.
Hermes Salceda-ren arabera, «itzulpena irakurketa baten idazketa da», eta kontuan izanez gero kritika literarioaren eginkizunetako bat testuak irakurtzen eta ulertzen laguntzeko bidaide izatean datzala, harrigarri samarra gertatzen da ikustea zenbateraino bizi diren elkarren ondoan elkarren albiste handirik izan gabe. Objektuak partekatzen dituzte, baina oso bestelako begirakuneak izaten dituzte.
Literatura (sormenezkoa nahiz itzulia) kritikarik gabe ere bizi liteke. Kritikak, berriz, bizimodu txarra duke jorratu beharreko lehengairik gabe (Borges zenak, beharbada, literatur kritikari ideal bat irudika zezakeen, kritika bakarrean liburu guztien gainean —izandakoak, direnak eta izango direnak— argi egiteko gauza dena, are idazleen edo liburuen beharrik ez izateraino ere). Halere, elkarren beharrekoak dira kritika eta sormena (itzulpena), sinbiosian jardun behar izaten dute, batez ere ikusita itzulpengintzaren «herria» ez dela eremu homogeneo bat: itzultzaileak, argitaratzaileak, idazleak, ikasleak, irakasleak, kritikariak eta ikertzaileak hainbat auzotan edo baserritan bizi izaten dira, eta askotan, ez dute elkar hartzen ia ezertan ere, auzolan gaitza izaten dute. Erdigunea ez ezik, zenbait aldiri ere baditu herri horrek: argitaletxeak, unibertsitatea, ikastetxeak, profesionalen elkarteak, hedabideak, irakurleak, dendak, irakurle klubak…
Errelatoez berba egitea puri-purian dago, alegia, historia bera (?) kontatzeko ikuspegi eta modu elkarren ezberdinez. Eta literatur kritikak literaturaren historia eraikitzeko lehengaian lagundu nahi badu, errelato anitz horietan ezinbestean jaso beharko du literatura itzuliaren gainekoa ere. Kritikariak testuaren gaineko galdera egokia egiten asmatu behar du… eta erantzun bat baino gehiago izan daitekeela onartu ere (itzultzaileak ongi ohi daki jatorrizko esaldia ordaintzeko modu on eta egoki bat baino gehiago egongo dela…). Gauza da, neurri batean, kanonak finkatzeko nahian, kritika totalitario ere bihur daitekeela, eta, sarri ere sarri, testu itzulia ez dela izaten totalitarismoaren laguna.
Kritikak jakinduria sortzen du, itzulpengintzak, oroz gain, praktika, jatorrizkoa emateko trebezia eta senezko jokabide batzuk, mudakorrak haiek denboraren joanean. Kritikak, aldez edo moldez, testua historia bihurtzen du; itzulpenak, aitzitik, etorkizun berriak, unibertso paraleloak eransten dizkio jatorrizkoari, bidea ebakitzen die irakurketa modu berriei, kritikak halako maiteak dituen taxonomietatik urrun. Itzulpenari testua interesatzen zaio alderdi dinamiko batetik, efektu estetikoak sortzen dituen aldetik: kritikariak dena delako efektuaren zergatikoa jakin nahiko du, efektu hori sortzeko modua interesatuko zaio itzultzaileari, xede testuan birsortzeko orientabidea bilatuko du. Eta eremu horretan, oso interesgarri gerta daiteke kritikariaren eta itzultzailearen arteko elkarrekikotasuna. Kritikaren interesekoa da jatorrizko testuaren zentzua (bakarra ote?) finkatzea edo zehazten jakitea; itzultzailearen interesa, kontrara, jatorrizko testu literarioaren anbiguotasunei diren-direnean eustearen bidetik eta desafiotik joango da.
Literatur ikerlanen ikuspegitik, itzulpena idazketaren teoria eta praktika halako bat da: ez du literaturaz teorizatzea helburu itzultzaileak, baina irakurketaren praktika bat behar du, testuan gertatzen diren idazte eragiketen berri emango badu. Idazteko praktikan ere jardun behar du itzultzaileak, irakurtzean hauteman dituen egiturak birsortu ahal izateko.
Zer eman diezaiokete elkarri kritikariek eta itzultzaileek? Literatur teoriak itzultzaileari esan diezaioke zein berezitasun duen testu idazkuntza jakin batek. Hortaz, jakinduria filologikoa baino, irakurketa prozedura batzuk eman diezazkioke, testu bakoitzaren idazketa prozedura berezietara hurbiltzeko lagungarri. Itzultzaileak, ordainez, testua irakurketa berrietara eramango du, dinamikotasuna erantsiko dio testuari; kritikak, dena dela haren joera, testua finkatzea izaten baitu helburu nagusi, zelan edo halan.
Ezin ukatuzkoa da literatur ikasketek eta kritikek beti begiratu izan diotela halako mespretxu aire batez itzulpenari, praktika subsidiariotzat jota, lehenari bigarrenaren informatzailea izatea dagokiolakoan, itzultzaileari berridazle eta idazle adituaren eginkizuna ia aitortu gabe. Alde horretatik baino ez da ulertzen, sarritan, itzulpenaren kritika ustezko itzulpen akatsen katalogo bihurtzea. Baina elkarlan ederra egin dezakete literatur kritikariek eta itzultzaileek, elkarri testu literarioa hobeto ulertzeko jakinduriak emanda, testu baten estiloak sortzen dituen itzulpen zailtasunek bide berriak eman dizkioketelako kritikariei, eta kritikak azterturiko eta sailkaturiko estilo ezaugarriek nabarmen erraz diezaiokete eginkizuna itzultzaileari.
Azkeneko urteotan, Meschonnic-ek eta Steiner-ek ebakitako bidetik, eta Itamar Even-Zohar-en polisistemaren teoriari esker, itzulpenari bestela begiratzen hasi da kritika. Adibidez, Even Zoharrek itzulpengintzari buruz egindako ikerketen arabera, kulturen barneko arauen ondorio izan daitezke jatorrizko testuen eta itzulitakoen arteko aldeak. Hala, itzulpengintza ikasketa filologikoetan bazterreko arlo izatetik harreman interkulturalen ikerketarako gune muntadunak izatera igaro da. Itzulpena errenta da sistema literarioen funtzionamendua eta bilakabidea aztertzeko jokoan.
Ondorio soziopolitikoak ere baditu ikerlerro horrek: kultur praktikak planifikatzearen ingurukoak —itzulpen politika ere barruan dela—. Hala, bestelako garrantzia hartzen du gutxiengoek eta gehiengoek errekurtso kulturalak kontrolatzeko elkarren aurka duten borrokak, bai eta erdigune eta periferia direnen arteko erlazio arazoek ere.
Ildo horretatik, ikerketaren xedea ez litzateke testua, produktu kulturaltzat hartuta, kultural osagai jakin horien ekoizpena baldintzatzen duten kultur eredu dinamikoak baizik. Guztiarekin ere, oraindik nagusi izaten dira sorburu kulturatik xede kulturara doan ikuspegia, eta ez alderantzikoa, bestela esanda, itzulpenek kultura hartzaileak aberasteko moduari erreparatzen diote batez ere ikertzaileek. Itzulerako bidea ez da hain ohikoa, baina iraultza moduko bat sor lezake itzulpena sorburu kulturako irakurbideak berritu eta aberasteko baliabidetzat hartzen duen teoriak. Itzulpen kritika molde berri bat litzateke hori, eta itzulpenaren epaiketa zorrotza egitetik jatorrizkoaren eta itzuliaren arteko distantzian jatorrizko testuaren alde ezkutuak ageriago jartzera pasa liteke. Horren kasu paradigmatiko bat genuke polisistema frantsesarena: berbeta horretara itzulitako literatura errusiarrak ospea erantsi zion jatorrizkoari, bai eta beste hizkuntzetara itzulia izateko bidean jarri ere. Aldi berean, polisistema frantsesa aberatsago bihurtu zen.
Hortaz, ikergai berriak sor daitezke: testua aukeratzeko metodoa; itzultzailearen editoreak edo mezenak aukeraketa horretan izan duen eginkizuna; itzultzaileak testu itzulian erabilitako irizpideak, eta xede sistemak testu itzuliari eginiko harrera. Onartuz gero testuak ez daudela hutsean zintzilik edo isolaturik eta badagoela mugakizun testual eta estratestual balbe bat, bestela esanda, badirela itzuliaren erabakiak nolabait baldintzatzen dituzten manipulazio prozesu batzuk, oso bestelako ikuspegia zabaltzen da itzultzaileen eta kritikarien edo ikertzaileen arteko elkarlanerako. Koldo Mitxelenak esan bezala: «besterena nuen neuregana».
Tren-tren zer izan zitekeen galdetu nuen Tren-tren 1 artikuluan; hiru erantzun jaso nituela adierazi nuen Tren-tren 2an, hiru arrapostuetan balizko hitz hori bakoitzak bere gisara ulertzen zuela azalduz.
Nire hiru mintzakideon erantzunak ikusiz, egiaztatu nuen (zientifikotasunaren mailetara heldu nahi gabe, noski, lagin eta istorio horiek tarteko) ene buruarekin nerabilena, hau da, tren-tren hori ez zela –momentuz– ezer euskaraz edo, bestela esanda, euskaldunontzat.
Baina horra orain hor balizko ez den tren-tren horren nire ia eguneroko bizipen pizua: «Euskotren trena».
Gaztelaniaz idazten duen iragarki egileak komunikazioa, eragin lasterra, inpresio bat xerkatzen du eta horretarako ez du dudarik egiten gaztelania modu bizi eta jostarian erabiltzeko; hala gertatzen da «Ven en Euskotren» (Papá ven en tren) edo «Pásate a Euskotren» esamoldeetan, beste hainbat eta hainbat produktutako iragarki anitzetan gertatzen den bezala. Bestela da gaztelaniaz sortu joko horiek euskaraz eman behar direnean. Zeren esan beharrik ez da, noski, iragarkia ez da, ia inoiz, euskaraz sortzen. Jostaria izatea gaztelaniazko sortzaileari dagokio eta gero, bigarren egiteko bezala eta maiz baino maizago, bigarren mailako bezala, euskarazko ordaina edo ordain modukoa bilatzen zaio gaztelaniazkoari. Iragarkia asmatzean bilatzen ziren bezeroekiko harreman arin haiek, bezeroa zuzen eta laster jo nahi hura, ez da jadanik lehen-lehen asmoa; beste betebehar batzuk gailentzen zaizkio lehen asmo horri, bezeroarekiko harreman horiek batzuetan guztiz itotzeraino, tren-tren honetan bezala. Gramatikalkeria ageri da hor. Begiak erakarri nahi zituen molde jostakina itzulpena agindu eta ordainduko duenaren menpean eta jatorrizko hizkuntzaren menpean den itzultzailearen betebehar ilun bihurtu ohi da eta horrek zama gehiegi ekartzen dio testuari komunikazio zereginetan arin gertatzeko.
Baina zein trenetan zebiltzan gure zaharrak, euskotren trenean ala euskotrenean?
Gure oraingo euskal trenbidea ez zaio jadanik lehengo trenbide zaharrari jarraitzen; euskotren trenbide bilakatu da edo Y-trenbide noragabeko.
Jatorrizko hizkuntza nagusira itzuliz: el tren, el euskotren y la Y griega vasca.
Hori bai, «los vascos» orain «euskotren» omen da eta «el vascuence» «el euskera». Beharrik gaztelania euskara ikasten ari den!
Gure hiriburuetako batean gertatu da. Bertako seme bat, nere laguna, aspaldian ezbaika-moduan ibili da emakume batekin, harreman baten luzakizun edo deskontuko denboran bezala. Nere laguna libertate haundi xamarrean ibili da, eta emakumea, aldiz, zain bezala, ea besteak ze joera aterako, eta zirt-edo-zart egin nahian eta ezinean. Nere lagunak egiten duen euskara bakarra batua edo batu-antzekoa da, eta emakumea, berriz, herri koskor batekoa da eta erdara bigarren hizkuntza moduan bizi izan duena beti (nere modutsukoa, horretan). Zer gertatu da? Emakumeak, esan ohi den bezala, beste bat ezagutu duela, eta gustatu, eta laketu, eta maitemindu eta horiek denak gertatu, eta zer egin du? ba, nere lagunari despeida eman… eta hizkuntza aldatu, alajaina! Eta hauxe da ixtorio hau hona ekartzeko daukadan arrazoia, jakina.
Beren arteko hitzezko jardunean emakumeak bere herriko hizkeran hitzegin dio nere lagunari, baina oraingo honetan batuan esan dio esan beharrekoa, eta uaxapetik adierazi dio, gainera, zein den egoera berria. Harritu da zeharo gure gizona, eta pentsatu du ez zela benetan ariko emakumea, ez baitzen hura haren ohizko mintzatzeko modua[1], baina kontua zen oso benetan eta izugarri benetan ari zela, eta benetan ez ezik, «serio eta beltz» ari zela, guk esan ohi dugun moduan. Ez zituen emakumeak sobera zaindu manerak, hala pentsa daiteke, baina ez: manerak ongi zainduak zeuden nonbait; beren arteko aferak nola iragan ziren ikusirik eta sentiturik, despeida edo etenaren berri berariaz eman dio gizonari izan litekeen erarik hotz, motz eta lehorrenean; hau da: batuan eta uaxapetik.
Gure ixtorio honetan batuak etena adierazten du: bukatu dira nere igurtziak eta larrua; ez naiz zure aurrean gehiago erantziko; ez dizut emango oraindainoko gauzarik, eta bereziki edo guri hemen axola digun alderditik, ez dizut erakutsiko eta ez dizut emango nere benetako hizkuntzarik ere. Emakume honentzat, nere modukoentzat eta beste bakarren batzuentzat, batua eutsitasuna eta estalitasuna da, eta jantzitasuna ere bai: hizkuntza jantzia, hots, erantziaren kontrakoa; hizkuntza jasoa, hots, beheko zeren kontrakoa.
Desamodiozko ixtorio honetan bezala, uste dut esan daitekeela batua guretzat (euskarak gaurdaino bizirik iraun duen herrietako jendearentzat) etenaren hizkuntza dela; herriaren eta herriko hizkuntza baztertu eta Akademiaren eta Akademiakoa besarkatzea eten haundi xamarra da, inondik ere, eta erdi-ontzat jo baldin badugu (eta erabili ere egiten badugu, adibidez, hau bezalako tokietan), hori da etenik serioena eta beltzena erdara delako guretzat, eta batua gaitzerdi moduan hartzen dugulako, eta txarragoak ontzen duelako txarra. Gure gogo edo sentipentsaeran, euskarazko herri batean jaiotako batek hizkuntzaren aldetik egin dezakeen bekatu itsusiena da bere umeari erdaraz egitea, baina horren ondoren dagoen itsuskeriarik latzena da umeari batuan egitea. Etorkizun xerio baten izenean egin izan da eta egiten da gure artean umeari erdara hutsa edo batu hutsa opa izate hori; hau da: ez herriaren hizkuntza, baizik-eta Estatuarena (erdara) edo Akademiarena (batua).
Nere andre-lagunari[2] egin diot galde ea nola emango lidakeen berak gure artekoaren balizko etenaren berri «aldebakarrekoa», eta erantzun dit berak ere batuan egingo lukeela, eta gainera zuka. Esan beharra daukat guk ez genuela egin gure herrietan gehienek egin izan duten bidea edo mudantza, hots, elkarrekiko asuntoa mamitze edo sendotzearekin batera hika egitetik zuka egitera pasatzea. Batuan egitearekin gertatzen den modu samarrean, zukako hizketak binakako asuntoaren seriotasuna adierazi edo salatuko luke gure herri-giroan.
Euskaraz egitea ez zen gauza serioa. Gaur, batuari eta zuka orokortuari eskerrak, gauza oso serioa izan daiteke, eta da.
Biziari seriotasuna eta belztasuna kendu nahia egongo da beharbada guk batuarekin daukagun harreman neurotiko maite-gorrotozko honetan.
_____________
[1] Bere herriko hizkeratik batura koska haundi xamarra dago, zeren gure emakumea —esan egin beharko dugu— Bizkaiko Txorierrikoa baita.
[2] «Neska» edo «neska-laguna» deitzea arinegia egiten zait, eta «andrea», berriz, astunegia edo serioegia. Horregatik «andre-laguna».
Gaurko «pherediki» honetan Ulyssesi eta haren itzulpenei helduko diet berriro, azkenekoz oraingoz, eta intsentsuaz ariko naiz, Eliza Katolikoaren errituetan erabiltzen den erretxin-hauts usaingozo hori garraiatu eta erretzeko erabiltzen diren ontziez, zehazki.
Hona Ulisesen lehenbiziko orrialdeetan ageri den esaldi bat, eta aurreko artikuluan aipatu nituen itzultzaileen ordainetan nola ageri den:
So I carried the boat of incense then at Clongowes (Ulysses, I. episodioa).
– Halaxe eramaten nian nabeta Clongowesen. (X. O. lehen zirriborroan)
– Halaxe eramaten nian intsentsu-ontzia Clongowesen. (X. O. 2015eko argitalpenean)
– Así llevé yo aquella vez el incensario en Clongowes. (Salas Subirat, 1947 eta 2015eko berrinprimaketa batean)
– Así llevaba yo el incensario entonces en Clonglowes) (Valverde, 1976)
– Del mismo modo llevé la naveta con incienso entonces en Clongowes (García Tortosa-Venegas Lagüens, 1999)
– Daquesta manera portava l’encenser aleshores, a Clongowes. (J. Malafré, 1981)
– Era así como levaba daquela o incensario en Clongowes. (Eva Almazán eta beste hiru, 2014)
– C’est ainsi que je portais l’encensoir à Clongowes (Morel, 1929) – C’est ainsi que je portais la navette d’encens jadis à Clongowes (Aubert et alii, 2004)
– So trug ich damals den Weihrauchkessel in Clongowes. (Georg Goyert, 1927)
– So hab ich das Weihrauchschiffchen getragen damals in Clongowes. (Hans Wollschläger, 1975)
– Cosí un tempo portai il bossolo dell’incenso a Clongowes. (G. Celati 2013)
– Così reggevo il bossolo dell’incenso in quel tempo a Clongowes. (Giulio de Angelis, 1950)
Argi eta garbi dago Eliza Katolikoaren hainbat erritutan erabiltzen diren bi tresna diferente direla: intsentsua eramateko ontzia bata (nolabaiteko itsasontzi-eitea izan ohi duena, eta naveta, navette, navicella nahiz ingelesezko «boat» eta Schiffchen) eta intsentsua erretzen dena eta usain gozoko kea zabaltzeko erabiltzen dena bestea (intsentsario, intsentsatzeko edo intsentsu-ontzi, OEHn agertzen denez).
Googlek, ahalegin handirik gabe, berehala ematen dizkigu biak. Eta hona hemen goian aipatutako hizkuntza horietan nola bereizten diren:
Kontua da Joycek oso ondo bereizten zituela biak, gaztetan katoliko sutsua izan baitzen, eta halaxe ageri da Artistaren gaztetako portretan, kasuan kasuan egokia den hitza: thurible bi aldiz eta censer bizpahiru aldiz.
he had shaken the thurible only slightly like such a one,
He would never swing the thurible before the tabernacle as priest.
The earth was like a swinging swaying censer
Ulisesen Joycek oroitzen duen eszena Portretan ere ageri da. Oraingoan ez da ageri «boat of incense», baina bai, ordea, «boatbearer», ‘intsentsu-ontziaren eramaile’ alegia.
He remembered the summer evening he had been there to be dressed as boatbearer.
Hor goian aipatutako intsentsu arteko peregrinazio horretan honako hauetaz ohartuko gara:
Bai alemanera, bai frantsesera, bai gaztelaniara egindako lehen itzulpenetan bi tresnak nahastu dituzte itzultzaileek, eta jatorrizkoan ageri den «boat of incense» (intsentsua eramateko ontzia, nabeta) «intsentsario» bihurtu dute. Joycek berak «gainbegiratu» omen zituen bi itzulpenetan ageri da akats hori. Frantsesezkoak beste bi gainbegirale ere izan zituen (Stuart Gilbert, Valéry Larbaud), baina inor ez zen ohartu edo ez zion garrantzirik eman.
Hiru hizkuntza horietara egindako bigarren (frantsesera eta alemanera) edo hirugarrenean (gaztelaniara) akatsa zuzendu dute.
Gaztelaniara Valverdek 1976an eta geroago Malafrék katalanera eta Eva Almazánek eta beste hiruk galegora egindakoetan, abiapuntuko frantsesezkoa bidelagun harturik agian, ez dute akatsa zuzendu.
Akatsaz oharturik, euskarazko lehen bertsioan «nabeta» jarri nuen, hala ageri delako UZEIren Erlijio-hiztegian eta Elhuyarrenean. Bigarrenean, ordea, emandako hitzaldi batean entzuleek iradokitako bidetik, «intsentsu-ontzi» utzi nuen, horrek ekar zezakeen nahastearen jakinaren gainean.
Orduan ez nuen aztertu ahal izan Artistaren gaztetako portreta, eta orain ikusi dut han Irene Aldasorok thurible, censer = «intsentsu-ontzi» egiten duela eta boat of incense = «intsentsuaren kaxa».
Eta zer ateratzen dugu intsentsu arteko peregrinazio luze honetatik? Nik, behintzat, bitarteko itzulpenak erabiltzen direnean kontu handiz ibili behar dela ikasi dut, are nolabaiteko mirespena diegun itzultzaileen lanez baliatzean, oroituz itzultzailerik onenek ere tarteka kuluxkaren bat egiten dutela.
Garbi dago horrelako akatsek ez dutela baliogabetzen, berez eta besterik gabe, itzulpen bat, are gutxiago Ulisesen tamainakoa, baina jainkozkotasun merezigabea bere lekuan jartzeko balio dezake.
Bestalde, gure gazte-denboran Salas Subiraten «itzulpen txarra edo oso txarra» omen zenean trabatuta J. M. Valverderenera itxaropenez beterik pasatzen ginenean «hura ona edo oso ona» zelakoan, ez ginen Lur Agindura besterik gabe iristen. Valverdek izan zuen bere itzulpenaren zuzenketa egiteko aukera, Hans Walter Gablerrek 1984an egindako edizio kritikoaren aitzakiarekin Lumenek 1988an egin zuen argitalpen berrian («Esta edición sigue exactamente las directrices de la edición crítica Garland, New York, 1984»).
Pena da Valverde goraxeagoko adibidean eta aurreko artikuluan aipatutakoan ageri diren akatsak zuzentzeko aukeraz baliatu ez izana, zuzenketa batzuk egin baitzituen testuan, 1988ko argitalpeneko Itzultzailearen oharrean dioskunez: «En esta nueva edición he podido retocar mi traducción, en dos sentidos: ante todo, he corregido algún error tipográfico y he modificado alguna palabra o frase en forma que ahora me ha parecido más feliz». Esaldi hori irakurrita, badirudi ez zuela berrikuspen sakonik egin nahi izan. Agian intsentsu gehiegi arnastu izanak galaraziko zion bere lanari begi zorrotzagoz erreparatzea.
Dena dela, Ulisesen gaztelaniazko nahiz frantsesezko bertsio berrietan hemen eta aurreko artikulutxoan aipatutako akatsak eta beste asko zuzenduta aurkituko ditu irakurleak. Eta euskarazkoan, berriz, goian ageri den moduan.
Jon den igande iluntzean Azkoitiko euskaran ahal bezala idatzitako fikziozko autu edo solas labur hau irakurri nuen Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Independentzia osteko egunak errezitaldian. Iñigo Aranbarri, Jon Benito, Xabi Borda, Xabier Gantzarain, Juan Karlos Merino, Felipe Murillo eta Jose Luis Otamendirekin batera hartu nuen parte, eta musika jartzen Juan Azpillaga aritu zen:
–Antton, ba al dakik azpeittiarrak ze ein ber deben laister?
–Azpeittiarrak? Ez, eztiñat ezer aittu. Ze ba?
–I ez aiz ezertaz enteratzen.
–Ni azkoittiarra naun. Etziten inporta zapuek zertan ai din.
–Ba kontsultie ein ber diebe, erabaitzeko eskubidin gaiñin.
–Kontsultie? Zer kontsulta? Medikuna bezalakue?
–Ez, gizona. Botaixue. Referendume edo oixetako bat.
–A! Bale, bale. Ta… zertaz esan den, Anttoni?
–Erabaitzeko eskubidin gaiñin.
–Erabaitzeko eskubidie? Ze erabaitzeko ordie?
–Zer munduten bizi aiz hi? Ze erabaitzeko izengo dek ba? Ia Españixetik aparteko Euskadi bat nai al deben edo…
–A! Independentzixe?
–Bueno, bai, edo autodeterminazixue edo dana dalakue…
–Et, et, et… Dolores Redondorena bukau niñan lengokun, e!
–Euskeraz’e badaukek liburu ori, ederki asko traduziute.
–Baiñe ez naun orta oitzen. Etzaukeiñat eskolaik ta euskera batun kontu ori etzion gure morukuntzako einde.
–Ta erderie bai?
–Ba letzeko bai beintzet. Aukeran, askoz’e naixo erderaz.
–Batuekin’e azkar asko oituko itzean, besteik ez baleo.
–Puf! Naixo aprobarik ez eginde. Earki gatxauden gauden bezela.
–Baiñe i beti antiespaiñol sutsue ez al aiz ba izen?
–Y a mucha honra, e! Ori ez kendu neri geo!
–Ortaz?
–Joe , neska, dana esan ber altzain iri? Kolpetik Españixe kenduko baligue…
–Ze? Gaizkitxo, ezta?
–Bai zea! Eon ai ixillik! Ik ba al dakin zer dan taberna jun, telebixoko informatibue ikusi ta dana txerrikeri pute bat dala esateko daukeun aukerie. Ori ezten dirukin pagatzen. Ori osasune den, osasun uts eta purue. Ta Españixe kenduko baligue… kejatzeko dauzkeun motibun erdixek pasa aizie artzea kolpetik. Ni hablar, aizan! ¡Eso no se negocia!
–Ola ikusitte, arrazoie daukek, bai. Españixe ondo merezittekue bakarrik ez, ondo berrekue dek ik, gustora biziko baaiz.
Esana da euskaraz ez dagoela genero gramatikalik. Hau da, hitzek eta atzizkiek ez dutela forma bat femeninorako eta beste bat maskulinorako. Eta mendebaldeko euskaldunon erabilera bestelakoa bada ere (Ad: txotxolo/txotxola; txarrito/txarrita; temoso/temosa; koplero/koplera…), hartakotzat dugu batuko irizpidea.
Harritzekoa da, beraz, Hiztegi Batuan sarrera hau egotea: parrandera izond. Heg.Herr. ‘(emakumezko) parrandazalea’. Ez da berria, 2001ean onartu baitzen, baina horrek eman dit gaurko hizpidea.
Latineko -arius atzizkiaren ondorengoa da gaztelaniako -ero/-era (-ario eta euskarazko -ari bezala), eta adiera bitako hitzak sortzeko erabiltzen da nagusiki: batetik, gauza izenak eratzeko (costurero, mosquitera, jardinera…), eta bestetik, zerbaitetan diharduena izendatzeko (ogibidea: panadera, mamporrero…; kalifikazioa: friolero, sandunguera…).
Euskaraz, maileguen bidez sartu da gehienbat: txiskero, kulero, kafetera; torero, dultzainero… Baina euskal erroaren gainean eratutako hitzak ere badira: litxarrero, kuxkuxero, txorroskilero, zurrutero.
Bederatzi berbok Hiztegi Batuan jasota daude. Dena dela, berrogeita hamar ere ez dira orain arte bahea pasatutako –ero/-era atzizkidun hitzak. Gauza izenak alde batera utzita, osterantzeko gehienak sasoi bateko lanbide izenak dira (borrero, filibustero, danbolintero), eta bada kalifikatzaileren bat edo beste (enbustero, saltsero).
Izan ere, erdarakada gordintzat edo jota, maileguzko hitza baztertu izan da askotan euskal erroko hitzen mesedetan: bonbero → suhiltzaile; ganadero → abeltzain. Beste batzuetan, -ariri edo beste euskal atzizki bati eman zaio lehentasuna: albaitero → albaitari; bentero →bentari, bentazain.
Inoiz edo behin, -ari eta -ero, atzizki biak onartu dira, konnotazio ezberdina emanda: politikari vs politikero [peioratiboa]; zalapartari vs zalapartero [Heg.Beh. ‘(gizonezko) zalapartaria’]. Kasu honetan zehaztu egin da hitza maskulinoa dela, baina ez da jaso femeninoko formarik. Ezta gainerako kalifikatiboetan ere.
Esan bezala, Hiztegi Batuan bildutako gehienak lanbideari lotutako berbak dira: alero (ala motako txaluparekin dabilena), botilero, borrero, gaitero, haxero, jornalero, juntero, kaminero, kanpero, poltsero, tokero, trapero, txorroskilero... Eta ogibideotako gehienak, tradizioz, gizonenak izan dira. Baina ez denak: Hiztegi Batuak onartutako enplastero eta kartero-ekin batera enplasterak eta karterak ere izan dira. Baita batelerak ere.
Zer gertatu da emakumeen ogibide tradizionalekin? Sardinera, partera, eskabetxera, martxantera, bendejera… Gaitzesteko ere ez dira ageri Hiztegi Batuan[i], nahiz eta batzuek aparteko adierazkortasuna izan eta kalifikatzaile modura ere erabiltzen diren oraindik ere: sardinera (emakume zaratatsua eta lotsabakoa); martxantera (neska bizia, sorgina).
Itaun banaka bat sortu dit gai honek: Neutrotzat ala maskulinotzat hartu behar da –ero forma euskara batuan? Eta zer dela eta zaio halako ezinikusia? Neutrotasuna gordetzearren, ala ekialdeko eta mendebaldeko hizkeren arteko bereizketa ez handitzearren?
Hiztegi Batuak baino zabalago jokatu du Elhuyarrek, eta “ausartu” da gaurko euskaldunon lexikoaren parte diren txikitero, bakero, rockero eta halakoak jasotzera. Dena dela, anekdotikoa bada ere, deigarri egin zait falkoneria onartu eta horretan dabilena aipatzeko izenik ez jaso izana. Falkonero tokatuko litzatekeelako, beharbada[ii]?
Euskara ez dago baliabideak harrika botatzeko, eta kalifikatzaileak sortzeko baliabide emankorra da orain ere –ero.
______________
[i] Oker ez banago, bakarra jaso da: kantinera iz. Heg.: alardeetako eta danborradetako kantinera.
[ii] Martin Rezola blogkideak idatzitako artikulu interesgarrian eskuratu zizkigun esteka ederretan, Louis Dassancek eta Jean Elizaldek hiztegietan jaso gabeko beste izen bat aipatzen dute, polit askoa: mirotzai (mirotzez artha zaukan muthila).
Literatura unibertsaleko obra gutxik ikusiko zuten argia euskaraz hiru bertsiotan. Franz Kafkaren (Praga, 1883 – Praga, 1924) Metamorfosia kontakizunak merezi izan du horrenbeste. Obrak mendea bete berri duen aitzakian pilatu ditugu puska hauek, atari honetan ere izan dezan segida omenaldi sortak.
Orain bi hilabete pasatxo, Gregor Samsa protagonistaren zertasunaz aritu zen Martin Rezola Clemente «Labezomorroak eta kakalardoak» postean, eta, zomorroaren xehetasunak argitze aldera, euskarazko hiru itzulpenen hasierei jarri zien arreta. Hain zuzen, martxoaren 1ean bildu zituzten, Bilbo Zaharra Forumean, Die Verwandlung euskaraz eman duten hiru itzultzaileak: Xabier Kintana, Rufino Iraola eta Anton Garikano. Gaur egun Metamorfosia izenez ezagunago zaigun istorioa Itxura-aldaketa izenez ekarri zuen euskarara lehenengoz Xabier Kintanak 1970ean (Kriseilu argitaletxearekin), eta huraxe izango zen zenbait hamarkadatan kontakizun arrakastatsuaren euskarazko ordezkaria. Hiru hamarkada geroago ikusi zuen argia bigarren itzulpenak Rufino Iraolaren eskutik, Metamorfosia izenburupean (2000, Hiria). Hirugarrena, berriz, aurten bertan atera du Ereinek, jatorrizkoa argitaratu eta ehun urtera, Anton Garikanoren itzulpenean. Garai eta baldintza desberdinetan egindako hiru itzulpen dira, hasiera hartatik gaurdaino erruz aldatu baitira bai euskararen egoera, bai literatura unibertsalak gurean egin duen bidea, bai eta itzulpen joerak berak ere.
Die Verwandlung ez da inondik ere euskaraz irakur daitekeen Kafkaren idazlan bakarra; asko dira, izatez, aldizkaritan zein liburutan eman diren euskarazko testu kafkiarrak. Nolanahi ere, hura izango da, ziurrenik, imajinario kolektiboan sinbologia argiena utzi diguna.
Hizkuntzaz eta kontinentez beste egin, eta Kafka eta Borgesen artekoa ekarri nahi genuke orain gogora. 1938an Losada argitaletxeak atera zuen gaztelaniazko itzulpenak –Gregor Samsarenaz gain– beste istorio kafkiar bat ere badu bere baitan: Jorge Luis Borgesek itzulia balitz bezala aurkeztu zen obraren gaztelaniazko edizio hori, baina urteak igaro ahala zalantzan jarri zen itzulpenaren egiletza. Izan ere, ustez Borgesena zen bertsioa bat dator aurrez, 1925ean, José Ortega y Gassetek zuzentzen zuen Revista de Occidente aldizkarian argitaratu zen itzulpen anonimo batekin[1] (hara, hemen, itzultzailearen ikusezintasunaren adibide bat gehiago). Idazle argentinarra hartu bazen ere gaztelaniazko lehen edizioren itzultzailetzat, Borgesek berak aitortu zuen ez zuela berak itzuli La metamorfosis. Gerora jakin ahal izan denez, liburu bereko Un artista del hambre eta Un artista del trapecio lanak ere ez ziren haren itzulpenak izan. Itzulpenaren egiletzaren inguruko hipotesien artean emakumezko baten izena ageri da, Margarita Nelken idazle eta politikaria; baina, itxura guztien arabera, gaur gaurkoz ezin izan da misterioa erabat argitu[2].
Askotarikoak dira itzulpenaren zirrikituak, eta halakoak testuak bizi ditzakeen itxuraldaketak ere. Hizkuntza bat erantzi eta beste bat janzten asmatzen duten testuek, denboran irauteko eraldatzen direnek, zer ez dute ba jasaten, itxura aldaketa ez bada? Franz Kafkak alemanez idatzitakoek ibilbide luzea egin dute XX. mendearen hasieratik gaur arte: haren istorio eta pertsonaiak munduko hizkuntza askotara pasatu dira, bai eta idatzizkotik beste zenbait diziplinatara ere (zinemara, teatrora…), metamorfosia burututa.
Luzea du arnasa, gurean, aire kafkiarrak. Elena Odriozolaren ilustrazioek jantzita ageri da, esaterako, Jordi Sierra i Fabraren Kafka eta panpina bidaiaria (2008, Elkar, itzul.: Juan Kruz Igerabide). 2011n, berriz, gaztetxo eta ez hain gaztetxoentzako modukoa den istorio horixe gorpuztu eta taularatu zuen Ttanttaka antzerki konpainiak. Agertokian ikusi dugu, halaber, 2013an hasi eta gaur arte, musika, bertsolaritza eta literatura uztartu asmo dituen Kafkaren aulkiaemankizuna, inprobisazioa maite duten edo ez duten sortzaileen topaleku gisa. Joan den urteko euskarazko nobedadeen artean aurkituko du, bestalde, saiakera irakurleak, Walter Benjaminen «Franz Kafka» testua (Walter Benjamin, Literatura oharrak, 2015, Sans Soleil). Mendeurreneko ospakizunen artean, Metamorfosia aukeratu dute aurtengoan Klasikoen IX. Irakurketa jarraituan hamaika ahotsetara berpizteko. Ekainaren 9an izango da hori, Bilboko Arriaga antzokian.
Eta, metamorfosiez ari garela, behar bada erantsi nahiko luke zer edo zer Pragako Olšany hilerrian datzan egileak berak, hiriak turisten joan-etorriagatik azken urteetan jasan duen itxuraldaketaz jabetuko balitz. Mende betez askotariko formak eta itxurak hartuta utzi digula arrastoa, Kafkaren zomorroak.
Testu honek neure buruari eta Euskaltzaindiari (apal-apalik) zuzenketa txiki bat egitea du helburu. Neure buruari, zeren nerau izan bainintzen Sareko Euskal Gramatikan (SEG) perpaus erlatiboei buruzko atala paratzeko ohorea jaso zuena eta lerrootan zuzenduko dudan akatsa SEGen baitzegoen (jada zuzenduta dago: mundu digitalaren onurak…).
EGLU-Vek eta SEGek izenordain eta adberbio erresuntiboak aipatzen dituzte perpaus erlatibo arruntak osatzeko estrategia gisa. Hainbatek gaitzetsi eta gutxi batzuek (hala nola Xabier Amurizak, bai teorian, bai praktikan) goraipatutako baliabide horren adibide zenbait ematen dizkigu EGLUk. Haietako bat, honako hau (191. orr.):
Haren aurrean egia esateko agindu zenigun gizona.
Eta honatx SEGen aipatutako bat:
Bertatik botako ez nauten egoitza seguru baten jabe egin nahi dut (Anjel Lertxundi,Paper-festa, 212).
Bada, bietan dago akats bera (hobeto esanda, EGLUn badago eta SEGen bazegoen): erresuntibo hitzaren erabilera okerra. Izan ere, euskal erresuntibo adjektiboa ingelesezko resumptive eta espainierazko reasuntivo adjektiboen baliokide da, zeinak, hurrenez hurrez, «berriz ere hartu» esanahia duten resume eta reasumir aditzetatik eratorriak baitira. Hortaz, erresuntiboak, berez, deiktiko anaforikoak dira, hots, erreferentzia egiten dioten hitzaren ostekoak, eta goiko bi adibideetan, ordea, kataforikoak dira, zeren lehenago ageri baitira erreferentzia egiten dioten izen ardatza edo izen sintagma ardatza (hurrenez hurren, gizona eta egoitza seguru bat) baino. Hortaz, bi adibide horiei gagozkielarik, izenordain/adberbio erlatibo horiek kataforikotzat jo behar dira, eta ez erresuntibotzat.
Zeintzuk har ditzakegu, hortaz, erresuntibotzat? Euskarari dagokionez, perpaus erlatibo aposatuetan ageri direnak soilik, horiek izen ardatzaren atzean ageri baitira, deiktiko anaforiko gisa. Honatx ahozko adibide bat:
Batetikan poza, bestetikan tristura haundia, amets zoragarri bat izan zalako neretzako egi bihurtu dena baina prezio haundia ordaindu behar izan dana honengatikan.
(Mariano Kamio, 2011ko ekainean ETBri egindako adierazpenetan).
Hortaz, terminologia egokia erabiltzekotan, hobe dugu «izenordain eta adberbio erlatibo kataforiko eta anaforikoak» esan edo, nahi bada, anaforikoei deitu erresuntibo.
Nahasmendua nondik datorren pentsatzen jarrita, kontuan hartu behar dugu honelako erlatibakuntza estrategia oso ohikoa dela hainbat hizkuntza indoeuroparren ahozko hizkeran eta hizkuntza horietan perpaus erlatiboa izen ardatzaren eskuinean ageri dela. Eta, hortaz, hemen aztergai (edo aipagai) ditugun izenordain eta adberbio horiek anaforikoak direla beti hizkuntza horietan. Hortaz, erresuntiboak.
Orixek euskararen «doinu harrigarriaz» idatzi zuenean (ikus artikulu honen lehen partea), batez ere hobekien ezagutzen zituen hizkera nafarrak zituen buruan. Beharbada, beste inon baino hobeki Goizuetan gorde da Orixek aipatu zuen doinu harrigarri hori. Ikus dezagun nola den azentuera hau.
Goizuetako hizkeran, azentuaren kokagunea bereizgarria da: hitz batzuetan azentua lehendabiziko silaban kokatzen da eta beste batzuetan bigarrenean. Horretaz gain, silaba azentudunak daraman doinu mota ere bereizgarria da: hitz batzuetan silaba azentudunak goranzko tonua du eta bete batzuetan beheranzkoa. Badira, beraz, lau hitz mota ezaugarri prosodikoen arabera:
I. klasea: goranzko azentua bigarren silaban: até, mendí, basó ‘oihan’, alába, ittúrri, arrántza (astoarena), nekázari, emákume…
II. klasea: goranzko azentua lehen silaban: áte ‘ahate’, úme, áma, zéru, séme…
III. klasea: beheranzko azentua bigarren silaban: eskòla, basèrri, arràntza (arrantzaleena), arràno, belàrri…
Alde handiz, hitz klaserik handiena I. klasea da; beste hiru klaseak askoz ttikiagoak dira. Hau da, arau orokorra azentua bigarren silaban kokatzea da —baita hitzaren azkena denean ere— eta azentu ez-markatua goranzkoa da.
Hitz-erroak, berez, goranzko azentua badauka, eta laburra bada, beheranzko azentua hartzen du pluralean. Adibidez, ardí hitzaren singularreko formak ardía, ardík, ardíri, ardíkin dira, goranzko azentuarekin, baina pluralekoak, aldiz, ardìk, ardìri, ardìkin dira, beheranzko azentuarekin. Era berean, séme hitz-erroak goranzko azentua du lehen silaban singularrean: sémea, sémek, sémeri, sémekin; pluralean ere azentua lehen silaban darama, baina azentu hau beheranzko azentua da: sèmek, sèmeri, sèmekin. Hitza galdegaia denean eta beste zenbait talde prosodikoren amaieran tonu altu bat sartzen da bukaeran, erroan beheranzko tonua duten hitzekin, hitz klaseen arteko doinuzko diferentziak nabarmenagotuz. Bestalde, Bizkai-Gipuzkoetako hizkera gehienetan ez bezala, silaba azentuduna asko luzatzen da (eta azentugabeak murrizten). Hau da Nafarroako hizkeren ezaugarri bat, askotan bokal laburren galera eragin duena. Hona bi adibide goranzko eta beheranzko tonu kontornuen erakusgarri:
(1) sémekin (e)san dut ‘semearekin’
(2) sèmekin san dut ‘semeekin’
Irudietan ikusten denez, singularrean tonu altu bat dago lehen silaban. Pluralean, aldiz, lehen silabak tonu beherakada bat erakusten du eta hitzaren azken silaban tonu gorakada bat dago: sèmekín. Esan bezala, testuinguru guztietan azken gorakada ez da agertzen. Erroaren tonu bereizkuntza (altua/goranzkoa vs beheranzkoa) sistematikoagoa da eta kontestu batzuetan dagoen bakarra, adib. alában itxéa (sg.) vs alàban itxéa (pl.), edo mendík (erg. sg.) vs mendìk (pl.).
Orain arte ikusi ditugun euskal sistema prosodikoak erkatuz, hizkeren artean korrespondentzia ia sistematikoak aurkitzen ditugu. Salbuespenak salbuespen eta xehetasun batzuk albora utziz, Goizuetan beheranzko azentua duten hitzak Bizkaiko kostaldeko hitz azentudunak dira —eta Bizkai eta Gipuzkoako beste hizkera batzuen hitz markatuak edo bereziak—. Aldiz, Goizuetako I. klaseko hitzak —bigarren silaban goranzko azentua dutenak— azentugabeak dira Bizkaiko kostaldeko sistema prosodikoan. Adibide bat emateko, belàrri hitzak beheranzko azentua du Goizuetan eta azentuera markatua du Bizkaiko kostaldeko hizkeretan. Aldiz, ittúrri hitza, konparaketarako, klase ez-markatu edo orokorrean dago (Bizkaiko doinu-azentua duten hizkeretan, azentugabea da). Korrespondentzia hitzen banaketa edo sailkapenean aurkitzen dugu, eta ez azentuaren gauzatze fisikoan.
Gure oharmen test edo inkestan parte hartu zuten goizuetarrek ez zuten zailtasun berezirik hurrengo adibideak marrazkiekin identifikatzeko. Eta zuk? Zein da zein? Aipatu ditudan hizkeren arteko korrespondentziak kontuan hartuz beharbada asmatuko duzu, Goizuetako azentua zuretzat guztiz berria bada ere:
Sistema prosodiko hau inguruko hizkuntzenak baino askoz konplexuagoa bada ere, antzeko doinu-azentuzko sistemak beste zenbait hizkuntzatan aurkitzen ditugu, hala nola, Europatik atera gabe, suediera/norvegieraz, Linburgo eta inguruko hizkera germaniarretan, latvieraz eta serbiera/kroaziera/bosnieraren dialekto batzuetan. Antzinako grezierak ere antzeko sistema bat zeukan. Mota honetako doinu-azentuzko sistemetan, tonu lexikalak aldatzen dira intonazio desberdinekin (galderetan, harridurazko perpausetan, etab.) eta sistema prosodiko osoa oso konplikatua izan daiteke. Goizuetako hizkeraren sistema prosodikoaren kasuan, oso gutti dakigu oraindik. Ikerketa lan gehiago egin behar da.
Aipatu bezala, batetortze aipagarria aurkitzen dugu hitz markatuetan, [+markatu] vs [-markatu] bereizkuntza gorde duten hizkeretan. Hitz markatu batzuk oso mailegu zaharrak dira, erromatarren garaikoak (adib. tipula, kipula [+m]). Aldiz, ‘fruta-saltzaile’ [-m] vs ‘fruta-ontzi’ [+m] kontrastea, adibididez, askoz modernoagoa da, noski, baina Lekeition ere aurkitzen dugu. Beste adibide bat emateko, kafe hitzak azentuera markatua du Getxon (káfe) eta Goizuetan (kàfe) (eta garai batean bazuen Bergaran, ikus http://www.bergarakoeuskara.net/hiztegia/letra/K), nahiz eta gaztelanian azentua bigarren silaban izan. Mailegu hau nahiko zehazki data dezakegu, XVIII. mendean.
Kasu batzuetan azentu markatua garapen morfologiko berankor baten ondorioa da, hala nola pluralaren azentuera edo partizipio inperfektiboarena (adib. ikusten [+m] vs ikusi [-m]), edo kontrazio bat gertatu dela erakusten du, adib. barazkari > bazkari [+m] (vs. afari [-m]), *behagarri > belaarri > belarri [+m] (vs iturri [-m]).
Denak garamatza pentsatzera denbora luzean eta duela oso gutti arte sistema prosodiko bera erabiltzen zela Getxotik Goizuetara behintzat; ziur asko doinu-azentuzko sistema bat, gaur egun Bizkaiko eta Nafarroako hizkera batzuetan aurkitzen ditugun ezaugarriak biltzen zituena.
Goizuetako eta inguruko azentueraz gehiago jakiteko
Apalauza Ollo, A., 2010. Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa. Doktoretza tesia, UPV/EHU, Gasteiz.
Hualde, J.I. & Lujanbio, O. 2009. “Goizuetako azentuaz zerbait gehiago: oharmena”. In: R. Etxepare, R. Gómez & J. Lakarra (arg.), Beñat Oihartzabali Gorazarre/Festschift for Beñat Oyarçabal, ASJU 43: 485-502.
Hualde, J. I., Lujanbio, O. & Torreira, F., 2008. “Lexical tone and stress in Goizueta Basque”. Journal of the International Phonetic Association 38: 1-24.
Hualde, J.I., Lujanbio, O. & Zubiri, J.J., 2010. “Goizueta Basque”. Journal of the International Phonetic Association 40: 113-127
Ibarra, O. 1995. Ultzamako hizkera. Inguruko euskalkiekiko harremanak. Iruñea: Nafarroako Gobernua.
Olano, M. 2000. “Gipuzkoa ondoko bi hizkera nafar: Areso eta Leitzako paradoxa”. In: Zuazo, K. (arg.), Dialektologia gaiak, 123-147. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia.
Ormaetxea, N. 1918. “Acento vasco”. RIEV 9: 1-15.
Ormaetxea, N. 1958. “Leitza’ko mintza-doiñua. Euskaltzaindian sartzerakoan Ormaetxea jaunak egindako itzaldia eta Mitxelena jaunaren erantzuna”. Euskera (2. garaia) 3: 29-36.
Zubiri, J. J. 2000. “Arano eta Goizuetako hizkera”. In Zuazo, K. (arg.), Dialektologia gaiak, 85-120. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia.
Zubiri, J. J. & Perurena, P. 1999. Goizueta eta Aranoko hizkerak. Iruñea: Nafarroako Gobernua & Goizuetako eta Aranoko udalak.