Itzulpen kritikariez eta epaimahaikideez

Karlos del Olmo

Aspaldi da —norberak nahi baino gehiago eta dirudien baino gutxiago, azterketaren zorrotza kontuan— Valentin Garcia Yebrak esan zuenetik onartu besterik ez zegoela hedabideetan literatura itzuliaz diharduten zenbait kritikarik (gehienek, esan zuen, zehazki) ez dituztela biltzen horrelako lan bat egiteko behar diren baldintzak: dela jatorrizko lanaren hizkuntza nahikoa menderatzen ez dutelako, dela iruzkina edo kritika idaztean sorburu lana (hau da, itzultzaileak erabilia) eskura ez dutelako, dela jatorrizkoa eskuragarri izan arren bi testuak behar bezala alderatzeko betarik (edo gogorik) ez dutelako izaten.

Ez da harrigarria —itzultzailea edo itzulpen lana berariaz aipatzen badute, ez baita beti hala gertatzen— iritziak orokorregiak izatea ala itzulpena irakurterraza edo irakurgaitza dela esatea, edo euskal irakurlearentzat interesgarri gertatuko dela idatzi eta lasai asko geratzea… Hau da, benetako kritikarik ez egitea edo asmo oneko sasiko kritika bat paratzea, egiatia, itxuraz, baina laudatio hutsetik harantzago ez doan zerbait, azken buruan; dena dela, itzultzailearentzat nahiz irakurlearentzat, etekina edo onura, hutsaren hurrengo.

Beste joera bat izan ohi da akats edo hutsen xerka jardutea, edo itzulpenaren alde onak besterik ez nabarmentzea, kontu begi bistako bat ahaztuta: kritikariak akatsak nahiz ederrak modu orekatuan aipatu behar dituela, benetako kritika egingo badu.

Itzultzea eragozpide lasterketa eskerga halako bat bada —gertatzez, halakoxea baita—, kritika on batek ez luke gutxiago izan beharko: jatorrizko oztopagarriak eta horiek gainditzeko erabilitako baliabideak aztertu beharko ditu kritikariak, publizista izate hutsetik harantzago joango bada.

Testu literarioa estu loturik egon ohi da jatorrizko hizkuntzaren egiturari, baina, aldi berean, ohiko erabilera moldeetatik urruntzea izaten da araua literaturan, eta aldentze horrek —itzultzaileak egoki ordainduz gero— itzulpena txartzat jotzera eraman dezake bai editorea, bai kritikaria, bai, zertan esanik ez, irakurlea bera; itzultzailearen edo editorearen sarrera batek edo kritika orekatu batek behar bezala ohartarazi ezik. Forma eduki logikoa baino munta handiagokoa bada, izan ohi den moduan, horri erreparatu beharko lioke kritikak batez ere.

Newmark irakaslea ekarri ohi zuen gomutara Yebrak, Peter Newmarken ustez, ezin delako kritikarik egin itzulpen teoria orokor bat izan gabe (irakasle ingelesa testu informatzaileez ari zen, Yebrak literarioetara eta poetikoetara ere hedatu zuen ustea).

Esate baterako, teoria bat beharko du itzultzaileak elementu arroztaileei eusten dien ala «etnozentriko» jokatzen duen erabakitzeko. Eta horren berri eman beharko, ezin bestela, kritikariak, bai eta balorazioa egiterakoan behar bezala haztatu ere, ezin duelako berdin epaitu itzulpena «jatortzearen» aldeko aztertzaileak eta «arroztearen» aldekoak.

Eta itzulpen sariketetako epaimahaikideak, zer? Kritikaria baino «kritikariago» izan behar luke, hasi bidez, irakurleari gidalerro bat eskaintzetik baino haratago doalako itzulpen sariketa bateko kidearen eginbeharra. Eta oinarri etiko eta teoriko sendoak beharko ditu, itzultzailearen hizkuntzazko erabaki asko oinarri teoriko nahiz jarrera moral edo etiko batzuen ondorio baitira; nahiz eta, kontu ezaguna den argitaratzaileak eta lan egoerak erabat baldintzatu dezaketela itzulpengintza.

Gaia agortzeko inolako asmorik gabe, adibide doaz aurreko horri guztiorri loturiko bi egoera argigarri:

a) galiziera euskaratua: azken bi urteotan plazaraturiko bi literatur lanetan, jatorrizko izendapen eta toponimo batzuk euskaratuta ematea gurago izan dute itzultzaileek. Bat, haur-gazte literaturaren alorrekoa zen; bestea, helduen literaturakoa. Haietako bati gagozkiola, itzulpen aukera hori izan zen, hain suertez, lan horietako bat aztertzean epaimahaikidek neurturiko alderdietako bat, saria ematea baldintzatu ez bazuen ere, egia esan. Baina, ezin berdin jokatu joera baten aldeko aztertzaileak eta bestearen aldekoak.

b) epaimahaikide batek haur-gazte literaturaren alorrean argitaraturiko opera klasiko baten moldaketa saritzeko eragozpen etiko halako bat aipatu zuen sariketa bateko epaimahaiaren bilkura batean, lan horretan agertzen den emakume eredua dela kausa, hain suertez, XXI. mendean ezin onartuzkoa baita gizartean indarrean dauden balioen aldetik umeei eta gazteei mota horretako emakume eredu bat eskaintzea; argitalpenaren balio estetiko ukaezinak eta itzulpenaren alde onak ukatu gabe, bestalde. XIX. mendeko egoera baten berri ematen dute bai operak bai haren oinarrian dauden literatur lanek. Zer egin? Zelan epaitu?

Denborak aldatuz doaz, eta haiekin batera, erabaki behar berri batzuk agertzen, «aldia nolako, itzultzailea halako», aspaldiko erabaki behar unibertsal batzuek beren bostean badiraute ere.

Svetlana Aleksievitx, Txernobylgo ahotsak II

miel a. elustondo

Moskun, lehena ikusi genuen poliziari galdetu genion: «Nora eraman zituzten Txernobilgo suhiltzaileak?». Eta erantzun ere zigun, batere usteko ez bagenuen ere. Beldurra sartu ziguten, erabateko sekretua zela pentsarazi ziguten. «6. Ospitalea. Xukinskaian».

Ospitale berezia zen, erradiologiarentzat, eta ez zegoen hara paserik gabe sartzerik. Ateko emakumeari diru pixka bat eman, eta «Aurrera» esan zidan. Gero, beste bati ere galdetu behar izan nion, erregutu. Azkenean, Angelina Vasilievna Guskova erradiologo-buruaren bulegoan jartzera iritsi nintzen. Itzulingururik gabe galdetu zidan: «Haurrik baduzu?».

Eta zer esan behar nion? Ordurako konturatuta nengoen ezkutatu egin behar niola haurdun nengoela. Ez zidaten nire senarra ikusten utziko! Eskerrak argala naizen, inork ezingo luke ezer igarri.

«Bai», esan nion.

«Zenbat?».

Pentsatu egin nuen. Bi ditudala esan behar nion. Haur bat besterik ez nuela esanez gero, ez zidan sartzen utziko.

«Mutila eta neska».

«Hortaz, ez duzu gehiago izan beharrik. Ongi da. Entzun: zure senarraren nerbio sistema zentrala guztiz kaltetuta dago, burua guztiz kaltetuta».

«Ongi da», pentsatu nuen, «horrek esan nahi du are urduriago egongo dela».

«Eta aditu: negarrez hasten bazara momentuan bertan aterako zaitut. Ez besarkadarik, ez musurik. Ezta berarengana hurreratu ere. Ordu erdia duzu».

Baina ordurako banekien ez nuela handik alde egingo. Alde egiten banuen, berarekin joango nintzen. Zin egin nion neure buruari!

Sartu nintzen. Ohean jarrita zeuden, karta jokoan eta barrez. «Vasia!», hots egin zuten. Senarrak burua jiratu zuen: «O, tira, bukatu da! Aurkitu nau hemen ere!». Barregarri itxura zuen, 48 neurriko pijama jantzita baitzegoen, eta berak 52koa erabiltzen baitu. Mahukak motzegi zituen, prakak ere motzegi. Baina ordurako aurpegia ez zuen handitua. Nola-halako likidoren bat injektatzen zieten.

«Nora ihes egin zenuen?», galdetu nion. Besarkatu nahi izan ninduen. Medikuak ez zion utzi. «Jarri, jarri», esan zion. «Besarkadarik ez hemen».

Nolabait ere, txantxetan hartu genuen. Eta, gero, guztiak hurreratu zitzaizkigun, baita beste gelatakoak ere, denak Pripiatekoak. Hogeita zortzi ziren hegazkinean.

Senarrarekin egon nahi nuen, baina bakarrik, minutu bat besterik ez bazen ere. Gainerako mutilak konturatu ziren, eta nork bere aitzakia asmatu zuen, handik irten eta korridorean barna abiatzeko. Orduan, besarkatu egin nuen senarra, musu eman nion. Berak atzerantz egin zuen.

«Ez nigana hurreratu. Hartu aulkia».

«Horixe txorakeria!», esan nion, aulkia aparte utziz.

Hurrengo egunean joan nintzenean, etzanda zeuden, nor bere gelan. Korridorean ibiltzea galarazi zieten, baita elkar ukitzea ere. Horman jotzen zuten hatz-koskorrekin. Puntu-marra, puntu-marra… Medikuek esan zutenez, bakoitzaren organismoak diferente erantzuten du erradiazioaren aurrean, eta pertsona batek eraman dezakeen mina, beste batek ezin du. Medikuek gaixoak zeuzkaten gelako hormetako erradiazioa ere neurtu zuten. Eskuin aldera, ezker aldera, eta zorua. Beheko eta goiko solairuetako gaixo denak mugiarazi zituzten. Inor ez zuten bertan utzi.

Senarra aldatzen hasi zen; pertsona berria topatzen nuen egunero. Erredurak azalera etortzen hasi ziren. Ahoan, mihian, masailetan; hasieran zauri txiki zirenak, hazi egin ziren gero. Geruza bat osatu zuten; geruza txuri bat… haren aurpegiaren kolorea… haren gorputza… urdin… gorri… gris nabarra. Eta nirea zen hura dena! Ezina da deskribatzea! Ezina da idaztea! Ezina da jasatea.

Salbatu ninduen gauza bakarra izan zen oso arin gertatu zela dena; ez zegoen pentsatzeko astirik, ez zegoen negar egiteko astirik.

“Eta biok”

Iñaki Segurola

Aspaldiko urteetan esan liteke halako joera bat gailendu dela euskara batu-bakandu ofizialean, eta ni idaztea eragozten duena. Horren zuztarra ideologikoa edo ideiazkoa izan liteke eta, zehazkiago esanda, euskaldun jatorren ustezko joera edo nahikunde gu-zale eta ni-aren ezkutatzaile edo lausotzaileak ekarria izango genuke eta ni-ren eragoztea. Horren eragina zeharo ukatu gabe ere, iruditzen zait beste ustezko jatortasun bat dabilela hor zinez lanean, eta da jatortasun gramatikazkoa: eta biok/hirurok… litzateke beti egitura jatorra, «euskal senaren araberakoa», eta sekula ez eta ni. Munduko letrakuntza edo hizkuntza ofizial idatzizko guztietan daude holako hobe-beharrezko sasi-arau edo hiper-orokortze behargabekoak, eskola edo tzaindi edo antzeko erakundeek aginduta sartuak, baina, hori aski ez dela, euskara bezalako galerako hizkuntzetan (galeran doazen edo datozenetan) hizkuntzaren gaineko hiper-kontzientzia (eta, beraz, «naturaltasun» falta) batek hizkuntza gailenarekiko etengabeko desberdintze edo desberdindu-beharrera egiten du bultza, halako moldez non hizkuntza gailenean ez bezalakoa izango baita beti onena edo jatorrena. Gaurko kasuari gagozkiolarik, eta biok erako egitura hobea edo jatorragoa izango da beti eta ni erakoa baino. Esan beharrik ez dago jokabide hau «erdarari begira» egoteko eta aukeratzeko beste modu bat baizik ez dela.

Gure belarriek minik haundiena hartzen dute agindupeko hiztun ez-naturalen ahotik hi/zu eta biok aditzen dutenean, halakoak ezinezkoak baitira gure gramatikan; biok hutsa edo hi/zu eta ni dira holakoetan esaten direnak. Min ematera iritsi gabe ere, asko harritzen gaituena da X eta biok egitura zenbateraino hedatu den liburu eta pelikulen tituluetan. Ez dut uste inola ere hiztun natural bati berez ateratzen zaion egitura denik; aitzitik, esango nuke norbait noizbait argialdi itsugarri batek jo eta ohartu zela «erdaraz ez bezalako» egitura bat badagoela halakoetan erabil litekeena belarriko min haundiegirik eman gabe: dakigunaren arabera, argialdi hori Bingen Amezagari etorri zitzaion 1953an Platero ta biok izeneko itzulpena egiterakoan. Ordutik hona indartu besterik ez da egin joera hori, kasik baitezpadakoa edo kanonikoa bihurtzeraino, hegoaldean bederen.

Kontuan hartu behar da, bestalde, anbiguoa dela eta biok egitura, eta ez dela beti eta ni-ren baliokidea, eta izan daitekeela eta hi/zu edo eta hura-rena ere. Hona hemen testuetako adibide batzuk (neure hizkeratik asmatzen ibili gabe): 2. pertsonarekin, Lizardi lurra ta biok elkarri munka zaudete; 3. pertsonarekin, Barbier lamina eta biak heltzen dira ur bazterrera, Zaitegi badoaz Sokrate ta biok. Zer pentsatu behar dugu orduan? Berariazko anbiguotasun baten bila dabiltzala literatoak eta gainerakoak eta biok erabili beharreko aginduari obeditzen diotenean? Inola ere ez, jakina, gogoan izanik bereziki galerako hizkuntza batean literatoak eskuarki «belarrimotzak» izan ohi direla: hots, begi-buruzkoak, agindupekoak eta hizkuntza natural orok berezkoa duen anbiguotasuna nekez jasaten dutenak.

Iruditzen zait belarrizko euskaldun bati X eta ni naturalagoa eta berezkoagoa egiten zaiola titulu batean X eta biok baino, eta ezin onets dezakeela X eta biok egituraren ia-derrigortze edo kanonikotzea. Azken esan-modu honek zerbait gehitzen duela dirudi, edo zerbait gehitu nahi lukeela gramatikalki, estilistikoki edo auskalo nola, baina, nere iritzirako eta belarrirako, zinez gehitzen duena halamoduzko jator-gehigarri bat besterik ez da. Izan ere, badirudi eta biok/hirurok… egituran nolazpait jakina izan behar duela –aurretik aitatua izan delako edo hizketako egoerak erakusten duelako– beste pertsona bat partaide dela sintagman (eta perpausak adierazten duen esankizunean), eta informazio jakin-beteegia ez emateagatik uzten dela adierazi gabe eta bi-, hiru– edo dena delakoarekin ordezkatua bezala. Adibidez: hizketako egoera batean, inork aurretik deus aitatu ez badu edo mintzaideentzat informazio ezezaguna baldin bada, Mikel eta ni atera ginen txapeldun esango du mintzo denak; aitzitik, jakina baldin bada ni dioena dela txapeldunetako bat, Mikel eta biok… esan ahalko du ni horrek; edo joera nagusiak horiek izango dira bederen. Titulu batean, jakina, ezin egon daiteke aurretik deus aitaturik eta jakinik, eta hargatik esango nuke naturalagoa dela eta ni erako egitura erabiltzea.

Euskara galbidean sentitu zuen Xalbadorrek bere inguruan, baina haren baitan euskara ez zen oraino galerako hizkuntza, ez zen agintaritza baten esanera erabiltzekoa, eta bai hizkuntza bizia eta bihotz-belarriz zuzenean sentitua. Gaurko jardun honi buru ematerakoan, haren 1974ko bertso-sail baten tituluarekin oroituko gara: Jainkoa eta ni.

Alfabetatzen

Juan Luis Zabala

Duela 40 urte inguru Alfabetatzen izenburua zuen liburu bat sartu zen gure etxean. Ezagutzen ez nuen gizon gazte baten aurpegia zuen marraztua azalean; geroago jakin nuen Rikardo Arregi zela. Arrebarena zen liburua; ikastaro batean izena zuen emana, etxeko hizkuntza, liburuaren kontrazalak zioen moduan, «noranaiko» bihurtzeko asmoz, garai hartako gazte euskaldun askok bezala.

Liburu hura etxean ikusi nuenean, nerabezaroan sartu behar eta sartu ezinda zebilen mutil koxkor praka motzeko eta ez bereziki buru-argia izanagatik ere, ulertu uste izan nuen Franco hila zenez gero denok alfabetatu beharko genuela aurrerantzean, denon artean bihurtu beharko genuela euskara «noranaiko».

Nik ez nuen halakorik nahi. Arrotza zitzaidan euskara idatzia, batua, alfabetatua, eta lan astunez betea irudikatzen nuen. Ez nuen begiko liburuaren azaleko gizon gaztea.

Gaztelaniaz egiten nituen ikasketak orduan, baina Euskara ikasgaia jarri ziguten bizpahiru urte geroago institutuan, BUPeko hirugarren mailan. Zenbakiak nola idatzi irakatsi zigun lehen egunean irakasleak: «Bat, bi, hiru, lau, bost, sei…». «Sei!?», pentsatu nuen neure artean, harrituta. «Zeatik esateik onek sei, xei esan berrin?». Alfabetatzearen lurralde ezustekoz, misterioz baina batez ere –hau alfergura!– lanez betean sartzen ari nintzen.

Kontu horiek etorri zitzaizkidan burura aurreko batean, Euskadi Irratian sortzaile gazte samar, ezagun eta euskal koolturan oso estimatu bat bere herriko euskaran mintzo zela entzutean, neure buruari galdera hau egin eta gero: «Hala nahiago duelako egiten ote du honek herriko euskaran, ala… alfabetatu gabe dagoelako?».

Ez zait gaizki iruditzen, berez, sortzaile hori, edo beste edozein, Euskadi Irratian bere herriko euskaran mintzatzea. Baina ezinegon bat eragiten dit horrek barruan, gogorarazten didalako artista eta sortzaile euskaldunen artean –idazleak salbuetsita, eta idazleak ere ez denak– nahiko urriak direla alfabetatze lanetan taxuzko maila bateraino iritsitakoak; eta berdin edo are okerrago dagoela kontua plazara sortzaile gisa agertzen ez diren euskaldunen artean.

Paradoxikoa badirudi ere, berak berariaz halakorik bilatu gabe, bizitzaren gorabeherek alfabetatzearen lurraldean bete-betean eta luzaz sarrarazi dute Alfabetatzen liburuak beldurtu zuen mutil koxkor hura, ez lanik gabe baina plazer handiz une askotan. Lurralde hau, ordea, duela 40 urte inguru irudikatu zuen baino askoz mortuago dago.

Tren-trenean

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Tren-trenean dabilela edo doala edo datorrela edo besterik erranen balizue inork, nola ulertuko zenukete dabilela: indar betean? Halamoduz? Besterik?

Ez inongo hiztegitara jo; alperrik zenukete, ez baita halako hitzik hiztegietan, ez beste inon ere; zuen irudimena, zuen belarriak, zuen asmamen eta ezagumena besterik ez dezakezue balia hitz horri erranahiren bat emateko.

Hitz hori sortzekotan zein erranahi ukan lezakeen edo egungo euskaldunok nola ulertuko genukeen jakin nahiak beste ezerk ez narama horrelako galdera egitera.

Badakit ohiko galdera ez dena, gehienetan izana duenaren izena galde egiten baita eta ez izen baten balizko izana, baina urte honetan txorakeriak egiteko aukera gutxi geratzen zaidanez, nola ez honako hau balia eta arratseko koplak baino lehen beste kopla hau bota?

Izena bera ez dut nik hutsetik asmatu; horren antzeko zerbait irakurrita etorri zait eta izate argirik eman ezinik nabil; hortik zuei galdera egitea, argi baita nik ezin dudala hitz bat neure kabuz asmatu eta hizkuntza batera sartu, hizkuntza horren mintzatzaileekin adostu gabe.

Badakit hitz berriak asmatzeko XX. mendearen hastapeneko bolada amorratuaren eskarmentu gorriaren ostean ia ezinezkoa dela hitzak asma daitezkeenik pentsatzea edo, are eta arriskutsuago, proposatzera ausartzea, baina hizkuntza jostagarri ez bada ez da beste ezertarako ere baliagarri gertatuko eta urtea joatearekin batera joan daitekeenez asmo ero hau ere, ez dut uste inoren kalterako gertatuko denik urte zaharrerako soberaxko den haize hego xelebre honek eraginiko nire proposamen zozoa. Heldu den urtean azalduko dizuet korapiloaren hariaren nondik norakoa, baina gustura hartuko nituzke zuen proposamen eta iradokizunak, hitzak zuen belarrietan egiten duen soinuaren oihartzunak.

Eta diostesalbe!

Ad verbum

José Ignacio Hualde

Batzuetan itzultzaileak baditu arrazoi indartsuak hitzez hitz itzultzeko, honela itzulpenak naturaltasuna galtzen badu ere; baita xede-hizkuntzaren egitura bortxatzen edo guztiz desegiten badu ere. Arrazoia sorburu testuaren sakratutasuna eta sorburu hizkuntzarenganako begirunea izan daiteke. Hau da, adibidez, sefarditen ladinamenduaren tradizioan aurkitzen duguna, hurrengo gaztelaniazko adibidean bezala:

Cuánto fue demudada la noche la esta más que todas las noches? (Agadá de Pesah)

Hona jatorrizkoa:

Ma nishtana ha-laila ha-ze mi-kol ha-leilot?
“Zertan bereizten da gau hau beste gau guztietatik?”

Ladinamendu edo hitzez hitzeko itzulpen honetan, egitura pasibo bat dugu gaztelaniaz hebreerazko testuan iraganaldiko forma bat erabiltzen delako eta —are harrigarriagoa dena— gaztelaniaren sintaxia erabat bortxatuz, la-noche la-esta hitz andanak hebreerazko sorburu-testuko ha-laila ha-ze itzultzen du gaztelaniara, hitzez hitz edo morfemaz morfema, verbum pro verbo: «a-gau a-hau».[1]

Hain urrun joan gabe, baina antzeko modu batean behintzat, ziur aski 1596ko Refranes y Sentencias errefrau bildumaren idazle anonimoaren gaztelaniazko itzulpenak askotan «demasiadamente a la letra» baldin badira —Larramendiren hitzetan (ikus J. Lakarraren RS-en edizioa)— arrazoia ez da egileak ez zuela gaztelania behar bezala menperatzen. Beharbada gure idazle anonimoak euskarazko atsotitzen jatortasuna erakutsi nahi zuen modu honetan, gaztelaniaz antzeko errafrau bat zegoenean ere. Euskarazkoa naturalagoa da iturria delako. Mezua hauxe da, beraz: Itzulpena euskaratik gaztelaniara egin da, eta ez alderantziz.

Literaturaren arloan ere, itzulpengintzaren teorilari batzuek (hala nola Friedrich Schleiermacher-ek eta bere jarraitzaileek), proposatzen dute itzultzaileak irakurlea jatorriko testuaren idazlearengana hurbildu behar duela, eta ez alderantziz. Irakurleak ohartu behar du, ia etengabe, itzulpen bat irakurtzen ari dela, eta ez bere hizkuntzan zuzenean idatzitako testu bat. Hein batean, itzulpenak ad verbum izan behar du. Arrazoia jatorrizko testuaren sortzaileari zor zaion begirunea izango litzateke. Ahal den neurrian, testuaren sortzailearen aukera estilistikoak errespetatu beharko lituzke itzultzaileak. Horretaz gain, irakurleak ikusi beharko luke itzulpenean testua beste ingurune kultural batean sortu zela. Testuaren arroztasunaz konturatu behar du. André Lefevere-k honelaxe esplikatzen du Schleiermacherren ikuspegia: «A translation should therefore sound ‘foreign’ enough to its reader for that reader to discern the workings of the original language that expresses the language game, the culture of which the original was a part, shining through the words on the translated page’» (1992 : 5). Irakurleak itzulitako hitzen artetik jatorrizko hizkuntzaren argia ikusi behar du Scheleiermacherrentzat. Walter Benjamin-ek ere esaten digu benetako itzulpen batek ez duela jatorrizkoa estaltzen, ez duela bere argia iluntzen edo oztopatzen (1996[1923]: 260).

Lawrence Venuti-ren iritziz, hau bereziki garrantzitsua da sorburu testua hizkuntza guttitu batean dagoenean eta itzulpena, aldiz, ingelesa bezalako hizkuntza hegemoniko batean. Ona da liburua ingelesez irakurtzen duena ohartzen bada idazleak beste hizkuntza batean eta bestelako testuinguru batean idatzi zuela. Kontu etiko bat da hau Venutirentzat.[2]

Nola aplikatzen zaizkio ideia eta iritzi hauek gaurko euskal literaturari? Askotan literatura liburu bat argitaratzen da euskaraz eta handik hilabete gutitara gaztelaniazko bertsioa agertzen da. Kasu batzuetan euskarazko liburuaren idazlea eta itzultzailea pertsona desberdinak dira; beste batzuetan, aldiz, pertsona bera. Hona galdera: Garrantzitsua ote da itzulpenean nolabait erakustea jatorrizko bertsioa euskarazkoa dela, eta ez gaztelaniazkoa? Eta nola? Gaurko euskal kontestuan badu zentzurik euskararen eragina nolabait erakusten duen gaztelania «arrotz» batean itzultzeak (Schleiermacherri jarraituz)?[3]

Itzulpena autoitzulpena denean, batzuetan gertatzen den bezala, ez dugu, noski, teorilari batzuek ikusten duten inperatibo etikoa, jatorrizko idazlea ez traditzeko. Itzultzailea testuaren jabea denez, printzipioz nahi duen moduan alda dezake testua itzulpenean inori azalpenik eman behar gabe.[4]

Baina, autoitzulpena izan edo ez izan, badu zentzurik Venutik hizkuntza guttitu eta hegemonikoei buruz esaten duena kontuan hartzeak? Gaurko egoeran, euskal idazleak egiten dituen aukeren artean, printzipalena hizkuntzaren hautua dugu. Axularrek ez bezala, gaurko euskal idazleak ez du idazten «guztiz ere euskararik baizen etziakitenentzat». Gaur egun euskaraz idazteko arrazoiak desberdinak dira. Aukera (est)etikoa da. Kontestu honetan, erdal itzulpenak aldarrikatu beharko ote luke itzulpena dela?

Esku artean Lourdes Oñederraren Intemperies (babes bila) izeneko azken eleberria daukat (Donostia, Erein, 2013). Mahai gainean, gaztelaniazko bertsioa dut (Donostia, Erein, 2015). Auto-itzulpena da. Zer nolako itzulpena egin du gure nobela-egileak? Badago biderik jakiteko zein den originala eta zein kopia? Hizkuntzaren erabileraren aldetik, nik esango nuke ezetz. Bi hizkuntzetan garbi dago Oñederra idazle bikaina dela; badakiela hitzak eta egiturak aukeratzen, hizkuntza erabiltzen. Bai euskaraz, baita gaztelaniaz ere. Hala ere, xehetasun batzuek erakusten diote itzulpenaren irakurleari jatorrizko sormen lana euskaraz egin zuela idazleak. Adibidez, euskarazko testuan hauxe kausitzen dugu bigarren partearen bigarren kapituluaren hasiera aldera:

Orduan usain txar bat etorri zaio gogora, hipotalamoak begiratzen ez duen gogoaren leku horretara. Usain txarra, zahar eta heze usaina, kanpamentu usaina, udaleku usaina. Garai hartan usaia esaten zuten, “n” gabe, sudurkaririk gabe, sudurretik sartzen den horren izenak ez bide zuen letra sudurkaririk behar. Orduan behintzat. (39 or.)

Eta gaztelaniazkoan, leku berean:

Y un mal olor le viene a la memoria, a ese sitio que el hipotálamo no controla. Mal olor, a viejo, a humedad, olor de campamento, de colonias de verano. Olor, usaina. En aquellos tiempos lo hubiera llamado usaia, sin la n, que le añadió luego al aprender el euskera estándar: usaia sin n, sin nasal, como si entonces no necesitara nasal el nombre de lo que entra por la nariz. Al menos entonces, no. (35 or.)

Alde batetik, xede-hizkuntzaren erabileran, Lourdes Oñederrak ez die jaramonik egin Schleiermacherri edo Benjamini. Ez du ad verbum itzuli. Inork ez luke esango gaztelaniatzen duela «demasiadamente a la letra». Baina aipatutako pasartean egiten duen gogoeta euskaldun baten gogoeta da. Guztiz posible zen Oñederrarentzat euskarari buruzko esaldi hauek kentzea edo aldatzea, bere testua da-eta. Baina gorde egin ditu. Jatorrizko hizkuntzak, euskarak, distiratzen du gaztelaniatutako orrialdean. Iruditzen zait Venutik onetsiko lukeela Lourdes Oñederrraren aukera.

Aipamenak:

  • Benjamin, W. 1996 [1923]. “The task of the translator”[jatorrizkoan: “Die Aufgabe des Übersetzers”]. In: M. Bullock & M. W. Jennings, arg., Walter Benjamin: Selected writings, vol. 1, 1913-1926, 253-263 or. Cambridge, Mass.: The Belknap Press of Harvard Univ. Press.
  • Lakarra, J. (Arg.). 1996. Refranes y sentencias (1596). Ikerketak eta edizioa. Bilbo: Euskaltzaindia eta Bizkaiko Foru Aldundia.
  • Lefevere, A. (Arg.). 1992. Translation/History/Culture: A sourcebook. London: Routledge.
  • Schleiermacher, F. 1973 [1813]. “Methoden des Übersezen” [jatorrizko hitzaldiaren izenburua: “Ueber die verschiedenen Methoden des Uebersezens”]. In: Störig, H. J. (Arg.), Das Problem des Übersetzens, 2. arg., 38-70. Darmstadt: Wissenchaftliche Buchgesellschaft.
  • Venuti, L. 1995. The translator’s invisibility. London & New York: Routledge.
  • Venuti, L. 1998. The scandals of translation: Towards an ethics of difference. London & New York: Routledge.

______

[1] Itzulpen teknika honen bidez egindako Testamentu Zaharraren itzulpen baterako, ikus 1553ko Ferrarako Biblia edo, daukan izenburuaz, Biblia en lengua Española traduzida palabra por palabra dela verdad Hebrayca, hemen: [https://books.google.com/books?id=3qViAAAAcAAJ&printsec=frontcover&source=gbs_ge_summary_r&cad=0#v=onepage&q&f=false].
[2] Blog honetan, ikus Aiora Jaka, “Eta euskal itzultzaileok, ikusezinak ote?”, 31 eskutik, 2013/09/19
[3] Gai honen inguruan, blog honetan, ikus Karlos del Olmo, “Itzultzaile baten itaunak etikaren aurrean (I)”, 31eskutik, 2013/09/20
[4] ikus hemen http://www.eizie.eus/Argitalpenak/Senez/20080201/montorio autoitzulpenari buruzko eztabaida baterako.

Darwin, Atticus eta Pirritx eta Porrotx

Martin Rezola Clemente

Oso uste zabaldua da Galapago uharteetako txontak izan zirela Charles Darwin hautespen naturalaren arrastoan jarri zutenak, baina, horrelakoetan askotan gertatzen den bezala, honetan ere usteak erdia ustel. Eboluzioaren misterioetan barrena begiak benetan ireki zizkiotenak beste hegazti batzuk izan ziren: ingelesez gaur egun mockingbird izenaz ezagutzen direnak.

Egia da bi txori-taldeok bata bestea bezain harrigarria direla eboluzioaren ikuspegitik begiratuta. Baina bi bide ezberdinen erakusgarri dira: Galapago uharteetariko batean, adibidez, hamar txonta-espezie ezberdin aurki daitezke batera, elkarren lehian, espezie bakoitza bere nitxo ekologikoari atxikia; mockingbird espezieak, ordea, bakoitza bere uhartean bizi da, ez dago lehiarik beraien artean. Bi espeziazio-eredu dira. Horren azalpen polit bat hemen ikus daiteke, Darwinen herenilobaren hitzetan:

Utz ditzagun, bada, txontak alde batera, eta heldu diezaiegun beste… zera… mockingbird horiei. Zehazkiago, haien izenaren eboluzioari, zeren irakurlea dagoeneko susmo txarra hartuta egongo baita: «zergatik ez du mozolo honek euskarazko izena erabiltzen?». Erantzuna erraza da: ez dakidalako zer izen erabili.

Ingelesez, Darwinek mocking-thrush idatzi zuen, baina, esan bezala, gaur egun mockingbird da izendapen estandarra. Horrek bati baino gehiagori liburu (eta film) ospetsu bat ekarriko dio gogora: To kill a mockingbird, gaztelaniaz Matar a un ruiseñor izenburuaz kaleratu zena (bidenabar esanda, protagonista nagusia Atticus dugu… abizenez Finch —txonta!—): hara, berriro…). Ruiseñor idatzi dut? Bai, itzulpen «libre» samarrean, seguru asko arrazoi komertzialak hartaratuta, gaztelaniazko izen ohikoena sinsonte baita (nahiz eta ruiseñor ere erregistratuta dagoen).

Eta euskaraz?

Euskaraz ere erabili izan da sinsonte: Pirritx eta Porrotxen disko batean (Eskerrik asko, Kantu lehiaketa), Berzaizen ahotsean, oker ez banago.

Euskaltermek eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batu Oinarridunak beste ordain bat ematen dute (azken horrek zozo sarreran):

zozo isekari; burla-txori : Mimus polyglotus

[HBOk, berez, minus dakar, baina errakuntza tipografikoa dela ematen du]. Dena den, hiztegi orokorretan izen zientifikoa ematea arriskutsua gertatzen da, Mimus generoak espezie ugari hartzen baititu barnean, eta hor bakar baten aukera egiten da. (Beste batean xeheago aztertuko ditugu HBn izen zientifikoak sartzeak dituen arriskuak.)

Juan Rulforen Pedro Páramo liburuaren itzulpenean, txori burlati erabili zuen Juan Garziak (gaztelaniaz ere erabiltzen da, pájaro burlón, ingelesaren petoa, eta Rulforen jatorrizkoan ere horixe ageri da).

Kepa Altonagak birigarro deitu izan die, Darwinek halaxe izendatzen dituelako bere lanetan: mocking-thrush (alegia, besteak Galapagoetako txontak badira, hauek Galapagoetako birigarroak, nahiz eta senidetasunik ez izan Europako gure txonta eta birigarroekin).

Beste testigantza zeharkako bat egungo pantaila handian dugu. Zinemetan, Sinsajo ikus daiteke, gaztelaniazko emanaldietan. Alegiazko hegaztia, sinsonte x arrendajo bikotetik sortua; jatorriz mockingjay (mockingbird x jay), eta euskaraz eskinoso isekaria (eskinosoa x zozo/birigarro isekaria), Koro Navarrok itzulpen eder batean eman zuena (Gose jokoak trilogiaren barruan).

Beraz, lehengo galderara itzuliz, nola esan beharko genioke euskaraz hautespen naturalaren bidean hain garrantzizko izan den hegazti-mota honi? Nola eman beharko genuke lehen aipaturiko Harper Lee-ren eleberriaren izenburua euskaraz, noizbait itzultzen bada?

PD: artikulua idazteko, oso lagungarriak izan zait David Quammen-en The song of the Dodo liburua eta, jakina, Kepa Altonagaren hainbat liburu eta artikulu, hemendik biziki gomendatzen ditudanak.

ᐊᖑᓇᓱᑦᑎᐅᑉ ᓇᐅᒃᑯᑎᖓ

Aiora Jaka Irizar

Haizea uhurika zebilen; elur-erauntsiek gogor zafratzen zuten iglua. Halako aroarekin, ezin ehizara atera! Baziren hiru egun ekaitza joka ari zela. Sulukek bazekien egun gutxi batzuk baizik ez zitzaizkiela geratzen: ekaitza ez bazen berehala baretzen, gosea pasatuko zuten. Kamik semearekin batera, bi foka akabatu zituen lau egun lehenago. Baina bi fokak ezin dituzte gizon bat eta haren familia eta txakurrak luzaroan elikatu.

—Gaur, gure hurrengo ehizaldirako arpoiak zorroztu beharko genituzke. Lagundu egin beharko didazu, Kamik.

Kamikek oso gogoko zuen aitari halako zereginetan laguntzea. Ehiztari ona izan nahi zuen berak ere, Suluk bezalakoa. Berarentzat, aita zen iparraldeko ehiztaririk onena! Sulukek familia bat zeukan elikatzeko, baina, batzuetan, atsedenik gabe ehizatu arren, sabel hutsik geratzen ziren. Urtaro hartan, elikatzeko eta janzteko behar izaten zituzten animaliak urritu egiten ziren. Sarritan, bazirudien naturak berak haien galera desiratzen zuela.

—Espero dut hartz zuri bat akabatuko dugula gure hurrengo ehizaldian, aita! —esan zuen Kamikek itxaropenez betetako ahotsez.

—Horixe espero dut nik ere —erantzun zuen Sulukek—. Haragi asko ematen du, eta haren larruaz oso jantzi onak egin daitezke.

Ooramik, Kamiken ama, foka baten larrua murtxikatzen ari zen, biguntzeko. Hurrengo ehizaldirako bota berriak egin nahi zizkien Suluki eta Kamiki. Kamik zortedun sentitzen zen hainbeste gauza zekizkien ama bat izateaz: senideentzako jantzi onak egiten ematen zituen egunak Ooramikek. Hemen, inork ezin du bizirik iraun bero jantzi ezean. Arropa haiekin, aldiz, eguraldirik hotzenak ere ezin zituen garaitu.

Agian zortea izango zuten… Agian hartz zuri bat akabatuko zuten! Baina hartz bat ehizatzea zaila da; ondotxo zekien hori Kamikek. Askotan, ehiztariak gogor ahalegintzen dira zenbait egunez, baina esku hutsik itzultzen dira. Hartz-ehiza, iparraldean denik eta gauzarik zailena da! Hartzak, inguratuta sentitzen bada, erasora jotzen du, bai txakurren eta bai gizonen aurka… eta asko hil ditzake. Horrelakoa da bizitza! Lur basati hauetan, gizakiek nahiz animaliek ehizatu egin behar dute, hil egin behar dute bizirik irauteko. Hemen, indartsuenek baizik ez dute bizirik jarraitzen. Ahulak laster hiltzen dira.

* * *

Horrela hasten da ᐊᖑᓇᓱᑦᑎᐅᑉ ᓇᐅᒃᑯᑎᖓ edo Ehiztariaren arpoia, Kanadan inuktitutez argitaratutako lehen eleberria. Eta zergatik natorkizuen gaur eleberri inuit bat ahotan hartuta? Bada, hiru hilabete daramatzadalako Kuujjuaraapik izeneko inuiten herrixka batean, Quebec probintziaren ipar-mendebaldean, Hudson badiaren ekialdeko itsasertzean. Eta “ondoko” herrian jaioa delako eleberri honen egilea, Markoosie Patsauq: hemendik 500 bat kilometrora, Inukjuak izeneko herrixkan.

Uste baino zailagoa egin zait Kanadako inuiten literaturara hurbiltzea. Batetik, herrira Internet iritsi denez geroztik liburutegia taberna bihurtua dutelako (!). Bestetik, inuitek berek idatzitako literatura nahiko urria eta bereziki gaztea delako: Markoosieren eleberria 1969koa da. Esan daiteke, beraz, orain dela mende erdi inguru jaio zela idatzizko literatura inuita. Izan ere, idazteko modurik ezean, inuitek ahoz aho transmititu dituzte orain gutxi arte beren ipuin, kondaira, mito, kantu eta formula magikoak. Gaur egun Kanadako inuktituta idazteko erabiltzen den alfabeto silabikoa XIX. mendearen bigarren erdian garatu zuten Quebec iparraldera etorritako misiolari anglikanoek, Bibliako pasarteak inuiten hizkuntzara itzuli ahal izateko. Sistema silabiko hori beste misiolari batek asmatu zuen zenbait urte lehenago, Ontario erdialdeko ojibwa hizkuntza transkribatu ahal izateko. Bederatzi sinbolo sortu zituen kontsonanteak transkribatzeko; sinbolo bakoitza, bokalaren arabera, lau posiziotan idatz zitekeen. 36 ikur haiek nahikoa ziren ojibwa hizkuntzako soinu guztiak erreproduzitzeko. Sistema hura bera crien hizkuntza transkribatzeko ere moldatu zuten ondoren, eta Kanadako beste herri batzuek ere idazkera hori erabiltzen dute gaur egun beren hizkuntza idazteko; besteak beste, inuitek.

XIX. mendearen bukaeran agertu ziren, beraz, silabikoz idatzitako lehen testu inuitak. Testu erlijiosoak ziren, misiolariek inuktitutera itzuliak, kristau erlijioa inuiten artean zabal zedin. Alfabeto silabikoa arrakastatsua suertatu zen, eta azkar zabaldu zen Quebeceko eta Baffin uharteko inuiten artean: idazkera berria misiolariengandik ikasi zutenek beren senide eta bizilagunei irakatsi zieten, eta haiek beren seme-alabei, eta, hala, 1925 ingururako, Kanada ekialdeko inuit ia guztiek zekiten, inoiz eskolara joan gabe, beren hizkuntzan irakurtzen eta idazten. Mezu pribatuak, gutunak eta egunerokoak idazteko erabiltzen zuten silabikoa, eta telefonoa eta Internet iritsi ziren arte (1970eko eta 1990eko hamarkadetan, hurrenez hurren), horixe zen idatzizko komunikaziorako erabiltzen zuten sistema nagusia.

Zenbaterainoko arrakasta izan zuen Markoosieren eleberriak inuiten eta kanadarren artean? Daniel Chartier irakasleak frantsesezko itzulpenari egindako hitzaurrean dioen bezala, eleberriak ez zuen kanadar kritikarien arreta handirik bereganatu. Baina inuitentzat garrantzi historiko izugarria du nobelak, berriki arte ahozkoa soilik izan den literatura paper gainera ekartzeko ahalegina egiten duelako. Horixe dio autoreak 2010eko ingelesezko bertsioari egindako hitzaurrean: “Asko dira belaunaldiz belaunaldi istorio hau entzun duten haur eta helduak. Bizirik iraun dezan idatzi dut. Gure ahozko historiaren puska handiak galdu egin dira, edota ez dituzte transmititu oraindik gure iraganaren ezagutzaren jabe direnek. Kamiken istorioak hurrengo belaunaldietan ere iraun dezan nahi nuke, gure historiaren parte baita.

Gainera, eleberri honekin, inuitak berak bihurtu dira beren errelatoaren protagonista. Inuitak idazten hasi arte, inuitei buruzko iruditeria guztia kanpokoek eraikia izan da; Artikoari buruz idatzi diren liburu gehienek kanpoko ikuspuntu bat islatu dute, eta pertzepzio arrotz hori bereganatu dute azkenerako inuitek berek ere. Kolonizatutako herri guztietan errepikatzen den fenomenoa, zoritxarrez. Nire itzulpentxoarekin inuiten ahotsa entzunarazi nahi izan dizuet gaurkoan. Eleberria osorik irakurri nahi duenak, eskura ditu ingelesezko, frantsesezko, alemanezko eta danierazko bertsioak. On egin!

Oharrak:

Testua frantsesezko bertsiotik itzuli dut: Markoosie Patsauq (2011). Le harpon du chasseur, Québec: Presses de l’Université du Québec.

Beste liburu hau ere kontsultatu dut inuiten literaturari buruzkoak biltzeko: Dorais, Louis-Jacques (2010). The Language of the Inuit: Syntax, Semantics, and Society in the Arctic, Montreal & Kingston: McGill-Queen’s University Press.

«Ekidin» eta «saihestu» sinonimoak al dira?

Igone Zabala Unzalu

Aspaldi-aspaldian ekidin aditza erabili nuen testu batean eta erabilitako testuinguruan saihestu aditza erabiltzea zela egokiena esan zidan testua irakurri zidan irakasle batek. Ez dut oso ondo gogoratzen zer arrazoi eman zidan zuzenketa horretarako baina, ordutik aurrera, bi aditz horiek ez dira erabateko sinonimoak izan niretzat, eta ez ditut testuinguru berean erabiltzen. Nire ezagutza lexikoaren arabera, ekidin aditzaren subjektua aktiboagoa da, eta objektuari eragiteko ahalmena, edo helburua behintzat, aintzat hartzen du. Saihestu aditzaren subjektuak, aldiz, ez dio eragiten objektuari, objektu horretatik aldentzea da helburua. Hartara, honela erabiliko nituzke bi aditz horiek:

Suteak ekiditeko neurriak hartu behar dira.
Alkohola saihesteko aholkua eman dit nutrizionistak.

Suteak ez gertatzea da helburua lehen esaldian, baina bigarrenean, aldiz, helburua ez da alkohola desagerraraztea edo debekatzea, alkohola nire dietatik kanpo uztea baizik. Hartara, eztabaidak, arazoak edo arriskuak ekiditea eta saihestea gauza diferenteak dira niretzat: eztabaida ekiditea eztabaida gerta ez dadin saiatzea dateke eta, eztabaida saihestea aldiz, eztabaidan parte ez hartzen saiatzea: eztabaida gerta liteke, baina subjektuaren helburua dateke eztabaida horretan parte ez hartzea. Beste modu batera esanda, RAEren hiztegiko evitar aditzaren 1. adierarako erabiliko nuke ekidin aditza, eta 2. eta 3. adieretarako, aldiz, saihestu.

evitar
Del lat. evitāre.
1. tr. Apartar algún daño, peligro o molestia, impidiendo que suceda.
2. tr. Excusar, huir de incurrir en algo.
3. tr. Huir el trato de alguien, apartarse de su comunicación.
4. prnl. desus. Eximirse del vasallaje.

Behin baino gehiagotan zuzendu dizkiet ikasleei ekidin aditzaren erabilerak eskema horren arabera. (Esango nuke ez dudala inoiz egin alderantzizko zuzenketarik). Urrunago joan gabe, duela aste pare bat saihestu erabiltzeko aholkua eman nion ikasle bati testu batean idatzi zuen esaldi honetan: Ama-esnea arazorik gabe emateko aholkuak:… Alkohola, tabakoa eta freskagarri bizigarriak ekidin Egindako zuzenketak azaltzeko eskatzen diegu ikasleei, eta idatzi zidan hiztegietan kontsultak egin zituela eta ez zuela aurkitu nire zuzenketarako oinarririk. Ohiko hiztegietatik txango txiki bat egitea erabaki nuen orduan.

Orotariko Euskal Hiztegira jo nuen ezer baino lehenago eta ikusi nuen saihestu aditzak azpisarrera eta adibide ugari dituela baina, ekidin aditzak aldiz, oso informazio gutxi[1]. Gure tradizio idatzian oinarritutako hiztegiak ez zizkidan zalantzak askorik argitu, eta sarean kontsultagai dauden eta, beraz, ikasleek gehienetan erabiltzen dituzten hiztegi elebidunetara jotzea erabaki nuen. Elhuyar hiztegietara jo, evitar bilatu, eta lehen azpisarrerari erreparatuz gero, badirudi saihestu, itzuri, ekidin eta eragotzi sinonimotzat har ditzakegula, eta gaztelaniazko impedir aditzaren ordainak ere izan daitezkeela.

evitar
1  v.tr. [impedir] saihestu, itzuri, ekidin; (zerbait gertatzea) eragotzi, (zerbait ez gertatzea) lortu
frenando el automóvil ha evitado el peligro: automobila balaztatuz arriskua saihestu du
con el muro se ha evitado la inundación: hormarekin uholdeari itzuri zaio
2  v.tr. [rehuir a alguien] ihes egin, alde egin
Amaia me evita porque no quiere hablarme: Amaiak ihes egiten dit nirekin hitz egin nahi ez duelako
3  v.tr. [rehuir hacer algo] saihestu, itzuri, ekidin
voy en autobús para evitar los atascos: autobusez joaten naiz auto-ilarak saihesteko

Zehazki hiztegira jotzen badugu, antzeko ordainak aurkituko ditugu. Baina eragotzi aditza aparteko azpisarrera batean aurkituko dugu:

evitar
1
t saihestu, itzuri, ekidin: evitó una confrontación, aurrez aurrekoa saihestu zuen; para evitar la prohibición, debekua saihesteko.
2 (impedir) eragotzi: para evitar el calentamiento, berotzea eragozteko.
3 (rehuir) ihes egin, izkintxo egin: su novio me evita, bere senargaiak ihes egiten dit.

Euskaltzaindiaren Hiztegira jotzea da saihestu ezineko hurrengo urratsa.  ̶ Ea laster dugun sarean kontsultagai. ̶  Hizpide ditugun aditzak eta bidean agertu zaizkigunak (saihestu, ekidin, itzuri, eragotzi) bilatuta, definizio hauek aurkituko ditugu:

saihestu
1
da ad. Bidetik, atera, baztertu. Bidean saihestu zen Judas abisu ematera non zen Jesus…

2 du ad. Kaltegarria, zaila, desatsegina edo arriskutsua den zerbaiti buru ez egiteko, hari itzurtzeko edo hura alboratzeko eran aritu. Traba eta debekuak saihesteko. Kolpea saihestu. Ezin saihestuzko borroka.

ekidin 1 du ad. Saihestu; ihes egin. Ez entzun meza eta bai ekidin errazki. Lege iruzurra ekiditeko baliabideak.

itzuri 1 da/zaio ad. Norbait, beste norbaiten edo zerbaiten mendetik, edo loturik dagoen tokitik, askatu eta ihesi joan. Cassio zoro itsu haren mendetik ezin itzur daitekeelako… Eroa da behin presondegitik itzuri ondoren… Solasa segitzean behar ez den zerbait itzur dakizun beldurrez…

eragotzi 1 du ad. Heg. Zerbait egiten edo burutzen ez utzi. Ik. galarazi 1; debekatu. Argia ikustea eragozten didatenak. Zerk eragozten dizu zoriontsu izatea?…

2 dio ad. Heg. (nor osagarririk gabe). Norbaiten lasaitasuna edo ongi izatea asaldatu. Eragozten dizu hain berandu deitzeak? Zigarroaren keak eragozten dizu?

2 du ad. Ipar. (Zah.). Egotzi, bota. Ez nire gainera eragotz zeure haserrea.

Euskaltzaindiaren Hiztegiko definizio horien artean, esango nuke saihestu aditzarena bat datorrela nire ezagutza lexikoarekin. Ekidin aditzaren definizioa, aldiz, ez dator bat nik aditz horri egozten diodan semantikarekin, baina harrigarria egiten zait bigarren adibidea, behintzat, bat etortzea nik ekidin aditzari egozten diodan erabilerarekin. Izan ere, Lege iruzurra ekiditeko baliabideak esaldiak ‘Lege iruzurra gertatzea eragozteko baliabideak’ esan nahi duela ulertzen dut nik. Ez ditut, beraz, ondo uztartuta ikusten definizioa eta adibidea. Bestalde, itzuri aditzaren semantika saihestu aditzarenetik gertu ikusten dut, nahiz eta argumentu-egitura desberdina duten, eta ekidin aditzaren semantika, aldiz, gertuago ikusten dut eragotzi aditzarenetik.

Egindako ibilbideak balio izan dit lau aditzon semantikaren konplexutasunaren tamaina sumatzeko. Harantzago joateak foro honen mugak, eta agian nire gaitasunaren mugak ere, gaindituko lituzke eta, besteak beste, corpusetan oinarritutako azterketak eskatuko lituzke. Datu kuantitatiboak atera ditut ohiko corpusetatik, eta milaka agerraldi dituzte aditz horiek, banan-banan aztertu beharko liratekeenak. Beheko taulak lagundu lezake azterketa horren abiapuntuko hipotesi modura.

ekidin4

[1] Badirudi ekidin aditzaren erabilerak gora egin duela euskararen erabilera berrietan. Izan ere, corpus guztietan du presentzia handia. Bereziki azpimarratzekoa da oro har unibertsitateko testu akademiko zuzendu gabeez osaturik dagoen Garaterm corpusa nabariki gailentzen dela ekidin aditzaren erabilerari dagokionez:
XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa: ekidin (66 = % 38 ) saihestu (109)
Ereduzko Prosa Gaur: ekidin (412 = % 14 ) saihestu (2.508)
Ereduzko Prosa Dinamikoa: ekidin (263 = % 12 ) saihestu (1.995)
Egungo Testuen Corpusa: ekidin (6.047 = % 22 ) saihestu (21.341)
Lexikoaren Behatokiaren Corpusa: ekidin (1.638 = % 22,5 ) saihestu (5.639)
Web-corpusen ataria (corpus elebakarra): ekidin (5.413 = % 33 ) saihestu (11.108)
Web-corpusen ataria (corpus paraleloa): ekidin (363 = % 38 ) saihestu (592)
Zientzia eta Teknologiaren Corpusa: ekidin (107 = % 33 ) saihestu (220)
Garaterm corpusa: ekidin (1440 = % 65 ) saihestu (784)

Doitxerrira nahi

Lierni Garmendia Arratibel

Grimm anaien ipuinak 1990ean ekarri ziren euskarara azkeneko aldiz. Hala ere, bada Juan Mari Sarasolaren itzulpenaren aurrekaririk. Hipolito Larrakoetxea “Legoaldi” izan zen 1929an argitaratu zen lehen itzulpenaren egilea, Grimm anayen berrogetamar ume ipuin. Itzulpena ala egokitzapena den eztabaida baliteke ere, bildumatik kanpo aurkitutako bitxikeria bat izango dugu hizpide. Izan ere, honela dio itzultzaileak hitzaurrean:

Emen esango dautzuedazan ipuñak eztira, benetan neuk asmaukoak, Doitxerri’ko (Alemania’ko) umeai amaika gozaldi emoteko Grimm anai ospatsuak idatzitakoak baño. Nik doitxeratik euzkeraldu egin dautzuedaz, ez baña sarritan itzetik-itzera, nasaitxoago baño, onan euzkerea be azkatutxoago ibili eiten.

Doitxerri eta doitxera. Alemania eta aleman. Noiz ahaztu ote genituen forma eder horiek? Noiz geuretu ote genituen inguratzen gaituzten hizkuntzetako formak?

Zalantza horientzako erantzun baten bila abiatu nintzen. Hiztegi Batuak ez zidan berri onik eman Doitxerri bilatu nuenean; doitxera, ordea, alemanen sinonimo gisa ematen zuen. Halaber, Orotariko Euskal Hiztegiak ere jasotzen du doitxera:

Doitxera (Bera), dotxera (Bera). (Neol.). Creado por AG (la primera mención es de 1902), de dotx (de deutsch) y era ‘lengua’ (AG 2087).

Idioma alemán. v. doixtarrera. Doitxe-n doitxeraz / egiten dabe. Enb 141. Schiller-en Wilhelm Tell. Goenaga-tar Iñakik S.I. Doitxeratik euskeratua. Goen Y 1934, 89.

Nire susmoak egia ziren: bai Doitxerri eta bai doitxera oinarri beretik eratorritako neologismoak dira. Hain zuzen, oinarri hori alemanezko Deutsch (aleman) hitzaren egokitzapen fonetikoa da, doitx. Lehen kasuaren sarrerarik aurkitu ez izan arren, bigarrenarenean oinarritu gaitezke baieztatzeko alemanezko Deutschland (Alemania) hitz elkartuaren egitura errespetatu dela, Deutsch (aleman) eta Land (herrialde), eta bigarren osagaia zuzenean itzuli dela euskarara. Inoiz euskalerri erabili izan den bezala.

Erabilerari dagokionez, Egungo Testuen Corpusera jo nuen lehenengo, ezer aurkitzeko esperantza gutxirekin. Doitx, doitxera, doitxerri… Han ez zen ezer ageri. Ez ninduen gehiegi harritu corpusak forma horiek ez jasotzeak; alderantziz, espero nuen forma horien erabilera ez zela XXI. mendera arte luzatuko, antzinako formak direla, alegia. Hain zuzen, Euskal Klasikoen Korpusak hirurak jasotzen ditu: 8 agerraldi, 5 liburutan eta 3 egilerenak; guztiak ere XX. mende hasierakoak, 6 bizkaieran eta 2 gipuzkeran. Hauek dira agerraldi batzuk:

Batek bein esan eutson: – Zelan da ba? Etzenduan zuk esaten Bilbon etxean erderaz egiten zenduela, erdalerrian bizi ezkero, erderea bear-bearrekoa dala, ta zeuk eta sendiak erderea obeto erabiltearren alde batera itzi zenduela gure euskerea, onek kalterik ekarri ez egizuen zeuen erderea makalduta? Emen, Doitxerrian bardin egitekotan, etxean doitxeraz bakarrik itz egin bear zeunkie, Gaztelako erderea itzita, emen ez dozu bere bearrik eta.

(Ebaristo Bustuntza “Krikikiño”, Edo geuk edo iñok ez)

Orreik eta ango olerkaririk onenak Italieraz, Prantzeraz, Doitxeraz eta agertu dira.

(Estepan Urkiaga “Lauaxeta”, Azalpenak)

Españak Catalunya-n ezer gutxi egin omen du – zer esango guk! -; Barcelona añako uri batean, Cuenca-n ala Soria-n bezelaxe ” Instituto ” bakarra, Doitxerria-n berrogei ta Prantzia-n amalau legozkiolarik Ta, irakaskintzari buruz bezela, gañontzeko gaietaz esan omen liteke.

(Xabier Lizardi, Itz-lauz)

Adibide guztiak XX. mende hasierakoak dira, bai eta Legoaldiren itzulpena ere. Horrenbestez, argi dago bi formak antzinakoak direla eta XX. mendearen erditik aurrera erabilerak behera egin duela, Alemania eta aleman formen mesedetan. Zerk eragin du hori, baina? Zergatik lehenetsi atzerriko forma neologismoaren aurrean?

Euskara: Alemania
Gaztelania: Alemania
Frantsesa: Allemagne

Doitxerri eta doitxera. Adiera baten aldaera ederrak. Aholku ere badira, ordea. Euskara jator erabiltzeko oihukatzen digute. Garrantzitsu eta besteri ehun urteko lehortea opa ez badiegu, inportante eta bestek ur guztia edan dutelako.