Oraingoan ere, Twitterreko txio batekin abiatuko dut ekarpentxo hau. Duela hilabete batzuk, tweet misteriotsu eta interesgarri bat bota zuen Xabier Moraza (@xabiermoraza) gasteiztar musikariak, argazki eta guzti: 1948koa omen zen danbolin baten barruan, ezkutaturik, testu bat agertu zen; euskarari buruzko olerki bat, Etxegaray’tar Karmelo batek sinatua. Hona hemen Xabier Morazaren txioa:
Honela dio testuak:
MAITE DUGU EUSKERA
Zaŕa dalako
Edeŕa dalako
Gure mendietako
Usainduz usaindurik[1]
Datorkiguelako
Baña batez ere
Gure-gurea dalako
Jakintsuak goraltzen dute
Aspaldian jazo ziren gauzak
Adierazteko ongi datorkielako
Guri ere, oŕetarako
Ondo datorkigu
Baña ala ezpalitz ere
Maite izango genuke Euskera
Gure eŕia, gure anaia,
Gure ama, gure odola,
Maite oi dugun erara.
Etxegaray’tar Karmelo
Hori guztia idazmakinaz dago idatzia; gero, beherago, honako hau ageri da, eskuz:
(EMENTXE IPIÑITA DAGO NIGATIK 1.955’n URTEAN)
Geroago, beste argazki hau bidali zuen Morazak, non «FM 1-XII-1948» irakurtzen baita, danbolinaren barrualdean arkatzez idatzia:
Orduan —egun berean— lerro batzuk idatzi nituen aurkikuntza horri buruz, batez ere olerkia lehenbailehen jaso eta nolabait digitalizatzearren, baina galdera batzuk gelditu zitzaizkidan airean. Berriki lortu ditut erantzunak, Xabier Morazaren eta, batez ere, Aintzane Martinen laguntzari esker. Azken horrek, lehenengo txioa ikusi eta eskuz idatziriko lerroko idazkera beraren aitarena zela esan zuen. Eta bigarren argazkiak zalantza guztiak desagerrarazi zizkion (orduan izenik aipatu ez bazuen ere, duela gutxi harekin kontaktuan jarri naiz, misterioa argi ziezadan): Felix ‘Peli’ Martinen inizialak ziren.
Hona, beraz, azken ikerketatxoaren ondorio edo emaitzak:
Danbolina Jesus Moraza udal-txistulariak (Xabierren aitak) bildu zuen Arabako Aldunditik, eta hura berritzeko prozesuan aurkitu zuten ezustekoa.
Bestalde, orain badakigu, beraz, Peli Martin (1923-2013) —besteak beste— txistulari, euskaltzain urgazle eta Arabako garai bateko Hezkuntza eta Kultura Diputatua zela danbolinaren jabea, eta berak itsatsi (ezkutatu?) zuela hor Karmelo Etxegarairen olerki hura, 1955ean.
Olerkiari dagokionez, Karmelo Etxegarai Korta (1865-1925) historialari eta euskaltzaina izan zen —ia ziurtasun osoz— egilea, horren antzeko olerki ugari idatzi eta argitaratu baitzituen, batik bat Euskal-Erria aldizkarian.
Galderaren bat edo beste gelditzen da argitzeke, hala nola olerkia Peli Martinek berak makinaz idatzi ote zuen ala, aldiz, Etxegarairen eskuizkribu originala ote den, baita testua bera zein urtetakoa den ere. Hala eta guztiz, uste dut lortu dugula buru-hausgarriaren pieza nagusiak argitu eta lotzea, eta, bide batez, Karmelo Etxegarairen olerki —ustez— ezezagun eta argitaragabe baten berri ematea. Eta, azken baina ez hutsen, Peli Martin gasteiztar euskaltzale handia ekarri dugu gogora. Har bitez lerro hauek haren omenaldi xume gisa.
[1] Beharbada egileak honelako zerbait esan nahi zuen: «gure mendietako usainak usaindurik» (edo halako zerbait; «usainduz usaindurik» horri ez diot zentzu handirik aurkitzen).
Aurreko hilabetean Connie Fife poeta criaren bi poema euskaratu eta eskaini nizkizuen; emakume beraren beste poema bat dakarkizuet oraingo honetan. Ameriketako indigenei —eta Fife bezala guraso zuri baten eta indigena baten arteko elkarketatik sortutako mestizoei— deitzeko zuriek erabiltzen dituzten gutxiespenezko hitzen inguruko poema da. On egin!
historia-liburuek bortxatu nahi ninduten bakoitzean
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
uda oso bat eman nuen mozkortuta
inoiz egon gabeko leku batera itzultzeko asmo irmoaz
nire korridoreetan barrena bidaiatuz
poema itsusi baten atzaparretan harrapatuta
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
helen betty osborne[3] hil zutenak libre geratu ziren
hiltzaileek gobernatutako herrialde batean bizi naiz
normala negarrari ematea hogeita hamar urte bete nituenean
oraindik ere ez zait axola nire aita frantsesa izatea
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
jaio nintzen lekuan dinosauroak entzun daitezke oraindik
mantso-mantso munduaren beste alderantz mugitzen
urtean behin haien lorratza usnatzera itzultzen naiz
oraindik argi ikus daiteke errepide eta hirien artean
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
margotutako luma bat daramat nire kastore-larruzko kapelan
neure buruari barre egitea gogorarazteko
lagunek desengainua hartzen dute usoa dela esaten diedanean
heroikeriak aspergarriak dira eta sakratutasuna ohikotasunean datza
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
ez dut tipi batean bizi nahi
ez nire apartamentua epela denean
berogailu eta kafe eho berriaren usain eta guzti
nahiago dut herriko hotel batean ostatu hartu nor naizen gogoratzeko
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
nire hezurren artean harrapatutako ahotsak
oihuka hasten dira poema berri bakoitzean
bai baitakite bizirik jarraituko dudala
haiek hil ondoren ere
____________
[1]squaw: Ameriketako emakume indigenei deitzeko ingelesez erabiltzen den gutxiespenezko hitza. Hizkuntza algonkinei mailegatutako hitza da, nahiz eta jatorrizko hizkuntzetan “emakume” esan nahi duen soilik, konnotazio negatiborik gabe —ni bizi naizen herriko criek, adibidez, honela esaten dute “emakume”: ᐃᔅᐧᑳᐤ (iskwaau)— (itzultzailearen oharra).
[2]Princess Mini Ha-Ha: Minnie Devereaux, txeiene herriko aktore kanadarra; XX. mende hasieran hainbat filmetan hartu zuen parte, Ameriketako indigenen irudi oso negatibo eta estereotipatua emanez beti (i.o.).
[3]Helen Betty Osborne: 1973an bahitu eta hil zuten 19 urteko emakume cria. Informazio xeheagoa hemen (i.o.).
Harrigarri xamarra egiten zait aspalditxotik izan aditza edo aditz-ustekoa. Forma hutsari gagozkiola, nola uztartzen dira paradigma bakarrean naiz, gara eta da bezalako formak? Zenbat zakutako adabakiak bildu dira hor ezinezko batasun bat antzeztera? Hartzen dugu beste «antzeko» aditz bat, eta zer aurkitzen dugu? Nabil-dabil-gabiltza, nago-dago-gaude (< *gagode) eta gainerakoetan zentzuzko itxura bat du gauzak, izan-en paradigman inondik ere ez baitago holakorik. Eta esan beharra dago, harriduraren aringarri, beste hizkuntza askotako «izan aditzari» orobatsu gertatzen zaiola: gure munduko hizkuntza ezagunena aitatzeagatik, nolatan batu dira sail bakarrean, be, am,are eta is? Zerk bultzatu ditu paradigma bakarra osatzera? Sasipoetikoki esanik: zer dago hor azpian: esan nahi bat, esan behar bat edo esan ezin bat?
Geurera gatozela, naiz eta gara moduko formak jatorrian batu ditzakeen esplikazio bat bilatzen saia gaitezke, baina nork sinetsiko du da adizkian izan partizipioa (edo beste edozein partizipio) dagoela? Ez: badirudi da seinalagarri hutsa dela, «gertukoaren seinalagarria» edo: alde batetik, De Rijk-en «Nunc» vasconice artikulu ederrean erakutsi zitzaigunez, orain ustezko maileguaren balioa zukeen antzinagoko da– (dan, danik, dara) elementuarekin berdindu liteke, eta –gehitzen dut nik– baita agian pertsona gertukoenaren (lehenengoaren) marketako batekin ere (duda-, zaida-).
Horri gehitu beharra dago hirugarren pertsonaren status berezia. Benvenistek erakutsi zuen «hirugarren persona» deitzen den hori ez-pertsona dela berez. Arrazoi asko daude hala pentsatzeko, eta horietako bat da izan aditz ustezko honetan ere ikusten den koska formala: singularretik atera gabe, bateko naiz-haiz eta besteko da oso sail banatakoak dira, inondik ere. Jakina da, bestalde, zehazki hitzeginda, ez dagoela hirugarren pertsonako izenordainik: naiz, nago eta abarri ni dagokio, haiz/hago-ri hi, gara/gaude-ri gu, eta dena hola, baina da, dira eta besteri zer dagokio?: di edo/eta du? Ez noski. Eskolan edo didaktikan ustezko izan horren paradigma honelatsu adierazten da: ni naiz, hi haiz (edo zu zara), hura da… nik uste dela era usatuena, baina garai batean eta zenbait ingurutan bera da ere erabili izan zen eginkizun didaktiko horietan. Eta ez hura eta ez bera dira berez izenordain pertsonalak; eskolan eta didaktikan egokitutako paradigma-betegarriak besterik ez dira. Horrezaz gainera, nabarmendu beharra dago joskera in-pertsonaletarako erabili diren adizkiak «hirugarren pertsona» deitzen den sail horretakoak direla eskuarki, eta horren adibiderik esanguratsuena eguraldiaren berri emateko esaldietan dago: ari-rik ez dagoen hizkeretan euria da esanez adierazten da euria ari duela[1].
Esanahiari gagozkiola, berriz, ez dut uste oker haundirik egiten dugunik izan hori kasik esanahirik gabea dela badiogu. Funtsean kopula edo lotura gramatikal hutsa da, izan ere, delako izan aditz harrigarri hau, eta hizkuntza askotan egon ere ez dago holakorik batere, eta izan-en ustezko adizki hauen ordez hizketako eten ttiki bat genuke hizkuntza horietan. Eta begira nola letrakuntzan eta kulturan aditz txit garrantzizko bilakatua dagoen aspalditxodanik, hainbesteraino non ia umeek ere bai baitakite hemen asuntoa dela to be or not to be. Bai: hizkuntza askotako eten edo ixilune ttiki baten parekoa den lotura xume bati (gurean da forman ikusi dugu hobekienik soiltasun hori) esanahi sublimeetan sublimeena erantsi zaio; ia deus esan nahi ez zuenari ia dena esanarazi zaio (izateak den-a oso berea du); seinalagarri batetik jakingarri oso eta beteena jaio da: izana, izatea, Orixeren izatena eta zer ez? Grekoz bezala, euskaraz ere aditzak izen-itxura har lezake, artikulua ere lot dakioke, eta horrek irudipena sorrarazten digu gauza bati buruz ari garela hizketan, guk izendatu baino lehen «hor» zegokeena norbaitek izendatu zain.
Izan aditza: hizkuntzan ia ezereza; letrakuntzan… that is the question. Nekez aurkituko da koska edo jauzi haundiagorik.
[1] Eta, jakina, ari du diogunean ere, «ari duena» hirugarren pertsona da, hots, inor ez, edo, nahiago bada, gramatiko arabiarren erara adierazirik, al-γā‘ibu ‘ez dagoena’ (Benvenisten arabera).
Planetako erabiltzaile konektatuen % 98 iristeko, gutxienez, 48 bat hizkuntzatara itzuli behar dituzte edukiak enpresek. Eskaintza hizkuntza bakarrean baino ematen ez badute, munduko kontsumitzaile batzuk besterik ez dute erdietsiko; bestela esanda, 50 bilioi dolarreko merkatu baten txatal bati salduko diote.
Itzulpen merkatua nabarmen eta arin aldatzen ari da, itzulpen automatikoa hobetuz doa egunean-egunean, eta horren emaitzak erabilgarri gerta daitezke (hizkuntza gorabehera) batez besteko erabiltzailearentzat, baina nabarmenegia izaten dirau itzulpen automatikoaren eta profesionalaren arteko aldeak. Nora joango da itzulpengintza datozen urteotan? Makinak nagusituko dira? Egin dezagun igarle lan apur bat:
1.- Nabarmen haziko da makina bidezko itzulpena, baina ez ditu ordezkatuko pertsonak
Makina itzulpena ez da gauza jendearen zehaztasunik edo jariotasunik lortzeko, oraingoz. Dena delako hizkuntza darabilen hiztunak berba berriak erants diezazkioke hiztegiari, lehengo eleei beste esanguraren bat erantsi, gramatika aldatu edo ortografia aldrebestu. Ikusi besterik ez dago zer gertatzen den lineako txatetan, sare sozialetan eta bestelako erabilera «herrikoietan».
Ordenagailuak ez dira gauza etengabeko bilakaera hori guztia eguneratuta izateko (ezta hiztunek eurek ere, ezin hizkuntza bat bere osotasunean menderatu une jakin batean). Guztiarekin ere, itzulpengintza automatikoak lortu duen mailan, erabiltzaile arruntak erosotzat ez ezik, ezinbestekotzat ere jotzen du. Munduan izan daitezkeen 250.000 itzultzaile profesionalak, gutxi gorabehera, ez dira gai 6.000 hizkuntzaren baino gehiagoren arteko itzulpen eskari gero eta handiagoa asetzeko.
Halere, itzulpen motor automatikoak eta gorabideko eskaria —bai eta erabiltzaileek erdipurdiko itzulpen arinak gero eta hobeto onartzea ere— direla bitarte, gero eta nabarmenagoa izango da itzulpen automatizatua gizartean.
2.- Bizidunek egindako itzulpena gero eta baliotsua bilakatuko da
Ohiko itzulpen automatikoaren inperfekzioaren ondorioz, pertsonek landutako kalitatezko itzulpenaren onurak onartuko ditu gizarteak, orain arte itzulpengintza eta itzultzaileak itzalean samar egon diren arren. Gero eta jende gehiago konturatuko da testu bat hainbat modutara ekar daitekeela beste hizkuntza batera, eta itzulpen erosleak ulertzen hasiko dira zeinen garrantzitsua den kalitate handiko «artisau» itzulpena, batez ere produktuak eraginkortasunez saltzeari edo atzerriko erosle talde jakinenganaino heltzeari gagozkiela.
3.- Itzulpenak gero eta txertatuago egongo dira enpresako lan fluxuan
Enpresa batek eskaintzen duen hizkuntza berri bakoitzeko, edukien kopurua biderkatzen zaio lan fluxuan. Halere, behartuta egongo da itzulpena negozioetarako edukiak sortzeko prozesuan integratzera; beraz, gai izan beharko du edukiak itzuli, editatu, zuzendu eta eduki lokalizatuak sinkronizatuta izateko, eta hori guztia, modu eraginkorrean.
Hartarako, edukiak kudeatzeko paketeak (CMS) nahiz pakete espezializatu gehigarriak erabili beharko dituzte enpresek, eta, guztiarekin ere, gero eta nabarmenago izango da itzulpena eta lokalizazioa eranskintzat edo beranduagoko prozesutzat hartzea ez dela praktikoa.
4.- Itzultzaile jendeak eginkizun berri eta zabalagoak izango ditu
Dagoeneko, itzulpen automatikozko motorrak beren espezialitateen arabera pertsonalizatzen hasi dira ordenagailuz lagundutako itzulpenaren alde hautu egindako itzultzaileak, bai eta itzulpen memoriak bezeroen beharren arabera garatzen eta lantzen ere.
Makina bidezko itzulpena gero eta gehiago erabiltzearen ondorioz —batez ere pertsonak eginiko itzulpena praktikoa edo beharrezkoa ez den egoeretan—, sarritan, itzultzaileek lan egingo dute itzultzeko makina ataza berezietarako trebatzen.
Makinak lanik egin ezineko egoeretan, jatorrizko testua besterik itzultzen ez duen pertsona izatetik lokalizatzaile edo «trans-sortzailea» izatera igaroko da itzultzailea, marka baten atzean dautzan kontzeptu abstraktuagoak tokian tokiko merkatuetara sartu eta edukiak egokitzearen ardura izango duelarik. Era berean, itzultzaileak hasita daude egiaztatzen produktuen izenek beste kulturetan esanahi egokia dutela eta ez dela agertuko produktuaren edo enpresaren izen ona zalantzan jartzeko moduko hizkuntz tranparik.
Ondorioa
Sortu zenetik, bide luzea egina du lineako itzulpenak. Nonahiko itzulpen automatikoko zerbitzuak ez ezik, kalitatezko itzulpenak ere lor ditzakete enpresek pertsonen bidez, ia automatizaziotik hurbil. API (ingelesez, Application Programming Interface, hau da, aplikazioak programatzeko interfazea) izenekoei esker, itzulpen prozesua integra dezakete itzulpen zerbitzuek beste software paketeetan, lokalizazio eraginkorra lortzeko, erraz askoan lortu ere. Itzulpena negozioaren alderdi gero eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da lineako negozio mota guztietarako, eta industriak hasita daude egokitzen egiteko modu berri horretara, menturaz, zenbait itzultzaile baino arinago.
Kaleko istorioak nireak dira,
espainiar ahotsak barrezka daude.
Cadillac autoak arrastaka jaisten dira
gauean eta gas toxikoan zehar.
Nik aukeratutako hotel zahar honetan,
nire leiho-hegian nago.
Bai, esku bat nire buru-hiltzean
eta beste bat arrosaren gainean.
Badakit amaiera gertu dagoela diotela
eta ziurtzat jo daitekeela gerra hastea.
Hiriak erditik puskatuta daude
eta bitartekariak joanak dira.
Baina utzidazue galdetzen berriro,
oi, hautseko umeok,
oihuka ari diren ehiztari horiek guztiek
guretzat hitz egiten dute?
Eta nora doaz autobide horiek guztiak,
orain, libre garenean?
Zergatik desfilatzen dute oraindik ere
niregana hurbildu behar zuten armadek?
Oi, zango ederreko dama,
oi, bolanteari eusten dion atzerritarra,
zuen oinazean harrapatuta zaudete
eta zuen plazerak zigilua dira.
Desiraren aroa jaiotzen ari da
baina bi gurasoek maitagarrien ipuinak
kontatzeko eskatzen diote erizainari
beiraren bi aldeetatik.
Orain haurra bere lokarriarekin
jaso dute kometa bat balitz bezala,
begi bat proiektuz betea
eta bestea gauez.
Oi, zatoz nirekin, ene txikia
eta landetxe hura aurkituko dugu,
eta belarra eta sagarrondoak haziko
animalia guztiak epelean izan daitezen.
Eta ausaz gau batez esnatu eta
eta galdetzen badut nor naizen,
oi, eraman nazazu hiltegira.
Han izango naiz zain bildotsarekin.
Esku bat hexagrama batean
eta esku bat neska batengan,
aldaroka nabil gizon guztiek mundu
deitzen dioten desioen putzu batean.
Hain gara txikiak izarren artean,
hain handiak zeruaren kontra.
Eta metroko jendetzaren artean galduta,
zure begirada harrapatzen saiatzen naiz.
* * *
Stories of the street
The stories of the street are mine,
the Spanish voices laugh.
The Cadillacs go creeping down
through the night and the poison gas.
I lean from my window sill
in this old hotel I chose.
Yes, one hand on my suicide
and one hand on the rose.
I know you’ve heard it’s over now
and war must surely come.
The cities they are broke in half
and the middle men are gone.
But let me ask you one more time,
O children of the dust,
these hunters who are shrieking now,
do they speak for us?
And where do all these highways go,
now that we are free?
Why are the armies marching still
that were coming home to me?
O lady with your legs so fine,
O stranger at your wheel,
You are locked into your suffering
and your pleasures are the seal.
The age of lust is giving birth
but both the parents ask
the nurse to tell them fairy tales
on both sides of the glass.
Now the infant with his cord
is hauled in like a kite,
and one eye filled with blueprints,
one eye filled with night.
O come with me my little one
and we will find that farm,
and grow us grass and apples there
to keep all the animals warm.
And if by chance I wake at night
and I ask you who I am,
O take me to the slaughter house.
I will wait there with the lamb.
With one hand on a hexagram
and one hand on a girl,
I balance on a wishing well
that all men call the world.
We are so small between stars,
so large against the sky.
And lost among the subway crowds
I tray to catch you eye.
Honako idaztea ez da erraza: artikuluaren ernamuina aukeratu eta gero, garatu egin behar da, hitzetaratu eta egituratu. Eta azkenik, blogeratu, ahal dela izenburua amutzat erabilita.
Blogeratu eta hitzetaratu berbak, hitzegietan jasota egon ez arren, guztiz ulergarriak eta arruntak ere egingo zaizkizue ziurrenik, eratorpen bide normaletik sortuta daude eta.
Aditzgintzarako oparotasuna gure hizkuntzaren ezaugarrietako bat. Esana da edozein izen edo adjektibo hartuta aditza sor dezakegula. Normalean, izen edo adjektibo horren ezaugarriak ematen dira aditzaren bidez: otsotu, astakirtendu, marroitu, enbortu, plastikotu…
Mugimendu aditzak sortzeko, berriz, lekutzat har daitekeen edozein izeni NORA adlatiboa erantsi diezaiokegu eta harako mugimendua adierazten duen aditz bat eratu: kotxeratu, elurretaratu, zuganatu, tontorreratu, bularreratu, Hawaiiratu… Horrela sortutako aditz batzuek, erabileraren erabileraz edo premia lexikologikoengatik, lekua hartu dute hiztegietan: auzitaratu, ilargiratu, botilaratu, eskolaratu, pantailaratu, hilobiratu… Auzi, botila, hilobi edo dena delakoetara joan edo eraman.
Itxuraz, horrela eratu da nire artikuluko ernamuina ere: deshobiratu.
Aditz sortu berria da (2001ean du lehen agerraldia Egungo Testuen Corpusean), eta, adlatiboaren artizkia ez ezik, des- aurrizkia ere badu. Aurrizki horrek beste aditz baten kontrako ekintza adierazten du, buelta emateko ekintza: hidratatu/deshidratatu, armatu/desarmatu, jabetu/desjabetu…
Ondo lotzen ote dira, ordea, des- eta -ra- aditz berean? Deshobiratu kenduta, adibide parea baino ez dut topatu elementu biokin: desbideratu eta deserriratu. Kasu biotan, baina, badira desbide eta deserri izenak, eta pentsa liteke izenon gainean eraiki direla aditzak.
Dena dela, deshobiratu-ren kasuan, ez dakit deshobi-rik ez dagoelako ala zergatik, baina deserosotu egiten nau. Hiztegietan ere ez du onarpenik oraingoz, nahiz eta deshobiratze gero eta gehiago erabiltzen den erdaretako exhumation/exhumación-en pare. Izan ere, hiztegi gehienetan aditz lokuzio berberak ematen dira exhumar-en eta desenterrar-en ordainetan: «lurpetik / hilobitik atera». Hor bada beste aukera bat, bazterrean gelditu dena: desehortzi[1]. 5000 hiztegiak bakarrik dauka jasota, eta desenterrar-erako soilik.
Hiztegien hautuak erakusten duenez, «lurpetik / hilobitik atera», «hilobia ireki» eta halakoak esapiderik berezkoenak eta arruntenak dira euskaraz. Baina termino zehatzagoa (edo errespetuzkoagoa[2]) behar da batzuetan, honelakoak esateko: «No podemos continuar con las exhumaciones por falta de fondos», «Detrás de las exhumaciones no hay ánimo de revancha», «L’exhumation des rois», «The Stories Behind 5 Famous Exhumations».
Halakoetan zer egin? Deshobiratze deserosoari bide egin? Desehorzketa esangaitza bultzatu? Nire erabakia, exhumazio nazioarteko kultura hitza erabili.
_____________
[1] Xabier Amurizak 1974an argitaratutako zerrenda honetan ageri da, baina bertako euskal erroko beste aditz askorekin gertatu den bezala, ez du aurrerabide handirik egin.
[2] Errespetuzkoa da adibidez lur eman (erritual batzuei jarraituz egindako ekintza adierazten du), eta errespetubakoa lurperatu.
Hizkuntzak ez dio errealitateari iskin egiten, eta ez dugu guk ere halakorik egingo atari honetako lehenengo postean. Bestelako burutazio posibleak ordenagailuko karpetan gerorako utzita, Warsan Shire gaztearen poema bat ekarriko dugu blogera: «Home».
Warsan Shire (1988) Nairobin jaiotako poeta somaliarra da, Londresen hazia, eta egun ere hiri britainiarrean bizi da. Idazle eta aktibista, idatziz lantzen ditu traumaren zirrikituak eta joan-etorrien inguruko istorioak. 2011n eman zuen argitara lehen liburua (Teaching my Mother How to Give Birth, flipped eye publishing, 2011), baina haren poemak han-hemenka aurki ditzakegu aldizkari eta antologietan ere (esaterako: The Salt Book of Younger Poets, Salt, 2011 eta Ten: The New Wave, Bloodaxe, 2014). Dena dela, inon izatekotan, sarean zabaldu dira batik bat Shireren poemak —poema bakoitzaren bertsio bat baino gehiago ere bai zenbaitetan—, bereziki, errefuxiatuen krisia bere gordinean ikusten hasi garenetik. Azken urteotan hainbat sari eskuratu ditu somaliarrak, tartean, African Poetry Prize, eta 2013an hiriko lehenengo poet laureate gazte izendatu zuten. Britainia Handian ez ezik nazioartean ere ibili da poemak irakurtzen, besteak beste, Hego Afrikan, Italian, Alemanian, Kanadan, Ipar Amerikan eta Kenyan.
Badirudi batzuetan hizkuntzak hozka egin nahi izaten diola errealitateari. Halakoxeak behar lukete nazioarteko larrialdi neurriek.
Etxea
inork ez du etxea uzten
etxea marrazo-aho izan ezean
mugarantz egiten duzu korri soilik
hiri osoa ere korrika ikusten duzunean
bizilagunak zu baino azkarrago korrika
eztarrietan odoltsu arnasa
eskolara zurekin joan zen mutila
lata fabrika zaharraren atzean mozolo musu eman zizuna
gorputza baino handiagoko fusila eskuan
etxea uzten duzu soilik
etxeak geratzen uzten ez dizunean
inork ez du etxea uzten etxea jarraika izan ezean
oinpean sua
odol beroa sabelean
inoiz ez zenuen halakorik egiterik pentsatu
erre zizun arte labana-ahoak lepoa
mehatxuz
eta orduan ere himnoari eutsi zenion
ahopean
pasaportea aireportuko komunetan negar-zotinka puskatzeak
paper ahokadaka bakoitzak baino ez zuen argi utzi
ez zenuela atzera egingo
ulertu behar duzu
inork ez dituela seme-alabak ontziratzen
ura lurra baino seguruagoa izan ezean
inork ez ditu esku-ahurrak erretzen
trenen azpialdean
bagoipean
inork ez ditu egunak eta gauak ematen kamioi baten urdailean
egunkariak janez, egindako kilometroak
bidaia baino zerbait gehiago izan ezean
inor ez da hesi azpitik arrastaka igarotzen
inork ez du jipoirik
errukirik nahi
inork ez ditu errefuxiatu-eremuak
edo gorputza minberaturik uzten duten
arroparik gabeko miaketak hautatzen
edo espetxea,
seguruagoa delako espetxea
suzko hiri bat baino
eta espetxe-zaindari bat
gauean
hobe delako zure aitaren eiteko
kamioikada bat gizon baino
inork ezingo luke jasan
inork ezingo luke pairatu
inoren larrua ez litzateke hain sendo
zoazte-etxera
beltzak
errefuxiatuak
immigrante zikinak
asilo-eskatzaileak
gure herrialdea xurgatzen ari zaretenak
eskuak kanpoan dituzten beltzak
usain arraroa dute
basatia
beren herrialdeak hondatu eta orain
geureak hondatu nahi dituzte
nola erortzen ote zaizkizue hitzak
begirada zikinak
bizkarrean behera
akaso kolpea leunagoa delako
gorputz-adar erauzi bat baino
edo samurrago direlako hitzak
zure hankartean
hamalau gizon baino
edo errazagoak irensten
irainak
zaborra baino
hezurrak baino
zure haur gorputz
zatikatua baino.
etxera joan nahi dut,
baina etxea marrazo-ahoa da
etxea arma baten kanoia da
eta inork ez luke etxea utziko
etxeak kostaraino jarraitu ezean
etxeak esan ezean
azkartu hankak
utzi atzean arropak
zoaz arrastaka desertuan
igaro ozeanoak
ito zaitez
salbatu
izan gose
ibili eskean
ahaztu harrotasuna
kontuzkoago zaizu bizirautea
inork ez du etxea uzten etxea belarrian ahots izerditu izan artean
esanez:
zoaz,
zoaz orain nigandik urrun
ez dakit zer bihurtu naizen
baina badakit seguruago zaudela
hemen baino beste inon
Askotan aipatu izan da poesia dela itzulpengintzak aurki dezakeen erronkarik zailena, eta testu mota itzulgaitzik badago, hura dela guztietan itzulgaitzena. Iritzi hori areagotu egiten da poesia neurtuaren kasuan, izan ere, ukaezina da metroari eta/edo errimari eusteak erabat baldintzatzen duela poema baten itzulpena.
Alabaina, itzultzaileen jardunak betidanik erakutsi digu badirela poesia-itzulpena posibletzat jotzen dutenak, eta gurean asko dira historian zehar poesia euskaratzeari heldu dioten itzultzaileak, Lazarragaren sasi-itzulpenetatik hasita gaur egun arte, jatorrizko hizkuntza edozein delarik ere.
Haietako gutxi batzuek hitz lau edo prosazko itzulpenetara jo izan dute, Bedita Larrakoetxea kasu –Shakespeareren itzulpen horiek xede berezi batekin egin baziren ere–, baina gehien-gehienek poema gisa antolatutako testua baliatu dute jatorrizko poema baten euskarazko ordaina emateko. Itzulbide horri buruz idatzi dutenek, halaber, desadostasun nabaria agertu dute poesia neurtua bertsotan itzultzearen inguruan, eta eztabaida dikotomiko dezente topa dezakegu jarraitu beharreko ildoari dagokionez: xede-testuak neurriduna ala neurrigabea izan behar du? Errimari eutsi behar zaio ala ez? Edukiari ala formari eman behar zaio lehentasuna?
Gauzak horrela, bi hautabide nagusi antzeman ditzakegu poesia neurtua itzultzeko orduan, eta adibide gisa bi itzultzaile garaikideren lan bana ekarri nahi dut jarraian:
Alde batetik, zenbait itzultzailek jatorrizko poemaren edukia hitzez hitz erreproduzitzea erabaki dutela aurki dezakegu, bertso-lerro bidezko egituraketari eutsita baina euskarazko poeman neurria eta errima kontuan hartu gabe. Jokabide hori antzeman daiteke, esaterako, Gerardo Markuletak eginiko poesia-itzulpenetan:
Ikus daitekeenez, Markuletak sonetoaren itxura estetikoa errespetatzen badu ere, jatorrizko poemaren edukia erreproduzitzeari ematen dio garrantzia, alde batera utzita ahapaldiaren errima gurutzatuak eta, batez ere, hamaika silabako bertso-lerroak. Edukiaren aldeko lehentasun horrek ez dio itzulpenari inolako muga formalik ezartzen, eta esan daiteke edukia bera dela itzultzailearen lana markatzen duen baldintza bakarra.
Bestalde, itzultzaileen beste sektore batek, jatorrizko poemaren edukiari garrantzizko deritzon arren –azken batean, hura izan behar baitute abiapuntu–, poesiaren alderdi estetikoa ezinbestekotzat jotzen du, eta estetika horrek itzulpenean funtzio garrantzitsua bete behar duela defendatzen du. Hala, testu berriaren metroari eta/edo hoskidetasunari lehentasuna ematen diote zenbaitek, Xabi Payá bertsolari eta itzultzaileak adibidez:
Itzulpen horretan argi ikusten da jatorrizko poemaren egitura –hots, neurria eta errima– gordetzea izan dela Payáren lehentasuna: ahapaldi berdina –décima– darabil xede-testuan, eta horrek jatorrizkoaren efektu estetiko berdina lortzea bilatzeko balio dio. Edukiari dagokionez, esan beharra dago Payák neurri handi batean lortzen duela jatorrizko poemaren edukiari eustea eta, hortaz, zentzu hertsian itzulpen-lana egin duela, eta ez jatorrizko poema baten antzeko sorkuntza berri bat –batzuk arrisku horretan erortzen dira–. Edonola ere, argi dago formak baldintzatu egin duela euskarazko itzulpena, eta itzultzaileak prosazko itzulpen batek eginaraziko ez lizkioken hautuak egin dituela neurriari eta errimari eutsi ahal izateko.
Ondorio moduan, esan daiteke poesia neurtua itzultzeko bi bide nagusi argi eta garbi bereiz daitezkeela. Edukia eta forma lehenesten duten bi itzulbide horiek aldeko eta aurkako argudioak izan ditzakete, baina ezin daiteke esan bata zilegi denik eta bestea ez denik. Gustatu bai, gehiago ala gutxiago gusta dakioke irakurleari, baina hori bakoitzaren iritziaren araberakoa izango da, poesia –eta itzulpena– ulertzeko eta sentitzeko moduaren araberakoa.
Artikulu honen lehendabiziko zatian ikusi genuen bezala, Bizkaiko kostaldeko hizkeretan —zentzu zabalean: Getxotik Ondarruraino eta baita Busturialdean ere—, badira hitz azentudunak eta azentugabeak. Plurala azentuduna da beti, eta, aldiz, hitz gehienen singularra eta mugagabea azentugabeak dira deklinabidearen kasu gehienetan; adib. hiru lagúnen etxea (plurala) vs hiru lagunen etxea (mugagabea). Hona hemen beste adibide pare bat, Getxoko hizkeran: lagunena ‘lagunarena’ vs lagúnena ‘lagunena’. Irudietan ikusten denez, singularrean doinua laua da eta pluralean, aldiz, badago beherakada azkar bat silaba azentudunaren ondoren:
(1) hori lagunena da ‘hori lagunarena da’ (Getxo)
(2) hori lagúnena da ‘hori lagunena da’ (Getxo)
Esan bezala, hau honela da hitz gehienekin. Badira, hala ere, beste azentuera bat erakusten duten hitz batzuk: hitz bereziak edo markatuak. Hitz markatuetan erroak azentua darama beti eta singularra eta plurala ez dira bereizten azentuaren bidez. Adibidez, Getxoko hizkera tradizionalean léku hitza markatua da, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste hizkera askotan bezala. Hitz markatuak azentudunak dira beti: singularrean, pluralean eta mugagabean. Konpara itzazu hurrengo irudiak: 3. irudian, gure herriko abade da perpausean, hitz guztiak azentugabeak dira berez, eta azentu bakarra perpausaren azken silaban dago (oharra: /p, t, k/ eta beste kontsonante batzuk ahots-korden dardararik gabe ahoskatzen dira eta arrazoi honegatik hutsuneak eragiten dituzte tonuaren kurban irudietan).
(3) hori gure herriko abade da (Getxo)
Aldiz, 4. irudian ikusten da lékuko hitza azentuduna dela eta tonu beherakada bortitz bat eragiten duela:
(4) hori gure lékuko abade da (Getxo)
Lekeition gauzak oso antzekoak dira, baina hitz azentudunen azentua hitzaren azken-aurreko silabara mugitzen da (adib. léku, lekúa, lekúko, lekukúa), Azkuek ikusi zuen bezala (Azkuek pentsatzen zuen Lekeitioko azentuera ia-ia orokorra zela euskaraz, baina hau beste kontu bat da):[1]
(5) Gure herriko abadia da (Lekeitio)
(6) Gure lekúko abadia da (Lekeitio)
Hitz markatuekin singularra eta plurala ez dira bereizten. Adibidez, herri, sagar edo esku hitzak modu desberdinetan azentuatzen dira singularrean eta pluralean; baina leku hitza ez, markatua baita.
Azentugabetasunaren fenomenoa Bizkaiko parte batean bakarrik aurkitzen bada ere,[2] Bizkai-Gipuzkoetako beste leku askotan ere singularra/mugagabea eta plurala bereizten dira azentuaz, beti ere hitz markatuen salbuespenarekin. Azentu arauak, hala ere, oso desberdinak izan daitezke hizkera batetik beste batera.
Ikus dezagun Azpeitiko azentu moldea, konparaketarako. Azentu sistema honetan, araurik orokorrena da azentua aitzin-hirugarren silaban kokatzen dela (hau da, hirugarren silaban, hitz-hasieratik kontatuz): alkatíe, izerdíye, alargúne, emakúmie, korrikálaiye, ikarágarriye, mendikúe, aldapákue. Patxi Altuna zenaren garaian, behintzat, guztiz emankorra zen arau hau azpeitieraz eta erdal leku-izenei ere aplikatzen zitzaien: Extremádura, Guadalájara, Txekoslóbakia, Torremólinos (ikus §23). Berezitasun aipagarria da hau, munduko hizkuntzetan oso maiztasun ttikia baitu arau honek. Hizkuntza askotan azentua lehen, azken edo azkenaurreko silaban doa normalean, baina oso oso hizkuntza guttitan hirugarren silaban. Tipologiaren aldetik, ergatibotasuna baino askoz bitxiagoa da Urolaldeko euskal hizkeren azentuera hau.
Azpeitiko arauak beste konplexutasun bat dauka: hitz-prosodikoaren azken silabak ez du azentua onartzen. Beraz, zehazkiago, azentu araua hauxe da: azentua aitzin-hirugarren silaban doa, baldin eta silaba hau hitz prosodikoaren azkena ez bada. Hitzak hiru silaba baditu, azentua bigarren silaban kokatzen da, baina hirugarrenera mugitzen da (edo mugi daiteke) aditz klitiko baten aurrean: lagúne, laguné da; etxíe, etxié da.
Pluralean, azentua atzeratzen da eta ez da mugitzen, hurrengo adibideetan ikusten den bezala:
Azpeitia
Sg
Pl
Sg
Pl
lagúne
lagúnek
alkatíe
alkátiek
laguné da
lagúnek die
alkatié da
alkátiek die
lagunéi
lagúnei
alkatíei
alkátiei
lagunéna
lagúnena
alkatíena
alkátiena
lagunéntzako
lagúnentzako
alkatíentzako
alkátientzako
Garai batean, Azkoitian erro bisilabadunen pluralean azentua hitzaren lehen silaban jartzen zen, lágunek, gízonak. Hau zen bi hizkera hauen arteko desberditasun nabari bat; baina badirudi Azkoitiko belaunaldi berrien hizkeran azentu patroi hau ez dela erabiltzen.
Esan dudana hitz gehienei aplikatzen zaie. Hitz markatuek, aldiz, azentua lehendabiziko edo bigarren silaban dute: báserriye,bílbotarra, éuskerie, éuzkiye, errúkiye. Hauekin singularra eta plurala ez dira bereizten. Adibidez, bílbotarrai izan daiteke bilbotar bati zein askori.
Azentu arau orokorra oso desberdina da Bizkai-Gipuzkoetako beste eskualde batzuetan, baina singularraren eta mugagabearen vs pluralaren azentueren arteko bereizkuntza eta hitz markatuen kontua antzekoak dira eremu geografiko handi batean (adin batetik gorako hiztunen artean, behintzat).
Antzuolan eta Bergaran, adibidez, arau orokorrez, azentua hirugarren silaban kokatu beharrean, azken-aurreko silabara mugitzen da hitz gehienekin. Urolaldeko arauarekiko diferentzia hitz luze samarretan ikusten da: lauésku, eskúa, eskuandáko, eskuandakúa; lau lágun, lagúna, lagunána, lagunandáko; emakumía. Hala ere, pluralean azentua atzeratzen da, beste arau bat aplikatuz: lágunena, lágunendako. Hitz markatuetan azentua lehen edo bigarren silaban dago: áixkoria, líburua, zápatua, dómekia (Azpeitian edo Getxon bezala). Ikus Juan Martin Elexpururen Bergarako hiztegia.
Hitz markatuen zerrenda oso antzekoa da bereizkuntza hau duten hizkera guztietan, Iñaki Gamindek eta biok duela zenbait urte bildu genituen datuen arabera (ikus hemen).
Adibidez, leku gehienetan baso ‘oihan’ markatugabea da eta báso ~ básu ‘edalontzi’, aldiz, markatua. Hitz markatu asko maileguak dira, batzuk oso zaharrak (liburu, denbora, kipula, aizkora). Beste asko konposatuak dira, zaharrak zein berriak, edo kontrazioren bat jasan dute, nahiz eta hori hain begi-bistakoa ez izan beti (eguzki, egia).
Zuretzat normalean singularra eta plurala bereizten badira azentueraz, zeintzuk dira hitz markatuak hurrengo hitzen artean, singularrean eta pluralean guztiz berdin azentuatzen direnak? (hurrenkera arbitrarioan ipini ditut hi hitzak bikote bakoitzean—beharbada da/dira aditzarekin esan behar duzu ikusteko):
Azkenik, beste bilakaera diakroniko baten ondorioz, Gipuzkoako eta Bizkaiko beste herri askotan bereizkuntza beste modu batean egiten da. Oñatin, adibidez, hitz gehienek bigarren silaban daramate azentua (berriz ere, azkena ez bada): adárra baina ádar bat;abáre, abária; burdíña, burdíñia, etab.; baina hitz markatuek lehendabizikoan: áje, ájia, díru, dírua; dénda, déndia; dénpora, dénporia. Adibideak Kandido Izagirreren hiztegitik hartu ditut. Oñatin singularra eta plurala ez dira bereizten azentueran, baina antzeko sistema bat duten beste hizkera batzuetan bai: gizónai ‘gizonari’vs gízonai ‘gizonei’, etab.
Gipuzkoan aurkitzen ditugun hiru azentu-arau nagusiak hauxek dira, beraz:
[+2, -1] = azentua aitzin-bigarren silaban, baina ez azkenean
[+3, -1] = azentua aitzin-hirugarren silaban, baina ez azkenean
[-2] = azentua azken-bigarren silaban
Hiru azentu-arauek emaitza berdinak ematen dituzte hitz laburrekin. Aldea hitz luzeagoekin bakarrik agertzen zaigu:
[+2, -1]
óna
gizóna
alkátea
emákumea
gizónantzakoa
[+3, -1]
óna
gizóna
alkatéa
emakúmea
gizonántzakoa
[-2]
óna
gizóna
alkatéa
emakuméa
gizonantzakóa
Hiru azentu-sistemek lotura historiko garbia dute eta Bizkaiko kostaldeko doinu-azentu sistemarekin ere lotzen dira diakronian.
Artikulu honetan Bizkai-Gipuzkoetako hizkera batzuen azentueraz aritu gara. Hala ere, beharbada euskal azentu sistemarik konplexuenak Nafarroako zenbait hizkeratan aurkitzen ditugu gaur egun. Horretaz, hurrengoan.
[1] Antzeko azentu-lerratze bat Ondarrun ere aurkitzen dugu. Bizkai-Gipuzkoetako hizkera gehienetan, aldiz, hitz azentudun edo markatuen azentua ez da mugitzen: léku, lékue, lékuko, lékukue.
[2] Bizkaiko doinu-azentu sistemaren isoglosak lan honetan saiatu ginen zehazten: Hualde, J.I., G. Elordieta, I. Gaminde & R. Smiljanić. 2002. “From pitch accent to stress accent in Basque”. In: C. Gussenhoven & N. Warner, arg., Laboratory Phonology 7, 547-584. Berlin: De Gruyter.
(Ingelesez birding / birdwatching eta gaztelaniaz pajarear / pajareo erabiltzen da, euskaraz «txoritan ibiltzea» «txoritara joatea» esan genezakeena adierazteko. Egia da adin batetik gorakoek euskarazko esamoldea errazago lotuko dutela txori-harrapaketarekin, baina, zorionez, garaiak aldatzen ari dira, eta gero eta gehiago zabaltzen ari da bigarren adiera honetan: halaxe darabil, esate baterako, Asier Sarasua Aranberri txorizale nekaezinak.)
Bukaeratik hasiko naiz: bi artikulutan, saiatuko naiz azaltzen hegaztien izendegietan euskaraz dauden hutsuneak, premiak eta eguneratzeko beharrak. Izan ere, uste dut garaia dela UZEIk 2003an egindako bilketa eta estandarizazio-lana berraztertzeko eta, hura gaitzetsi gabe, zientziaren eremu horretan egon diren aldaketak aintzakotzat hartzeko. Ez da apeta hutsa; itzultzaile eta naturazale gisa, sinetsita nago Euskaltermen bitartez eskaintzen den materiala jada «iraungita» dagoela, ez diela gaurko premiei erantzuten, eta beharrezkoa dela horren gaineko gaurkotze-lanari ekitea.
Duela gutxi, Euskal Herrian ornitologiari buruz dagoen fororik aktiboenean honako eskaera hau egin zuen erabiltzaile batek:
Aupa:
Un amigo necesita un listado de aves en Euskara ya que en el listado multilingue de aves de la SEO de 2005 parece que faltan muchos de los nombres que le hacen falta.
Un saludo
Forokideen artean txorizale euskaldunak egon arren, inork ez zion erantzunik eman, nik dakidala. Oso esanguratsua iruditu zitzaidan. Neuk ere ez nuen jakingo zer esan: espezie batzuk euskaraz bataiatu gabe daude; beste batzuek izen bat baino gehiago dituzte (dela Hiztegi Batuak izen berriak proposatu dituelako, dela iturri ezberdinetatik ordain ezberdinak ematen direlako…).
Baten batek pentsa dezake gaztelaniaz ere korapilo bera dagoela, baina ez da hala.
Gaztelaniazko zerrendak
2012an argitaratu zuen SEO Birdlife Espainiako Ornitologia Elkarteak Espainiako hegaztien azken zerrenda[1], non hainbat aldaketa biltzen ziren aurreko zerrendaren aldean (2005ekoa). Aldaketa gehienak ikerketa zientifikoek emandako datu berrietan oinarritzen dira: espezie berriak identifikatzen dira batzuetan, espezie batzuk taxonomikoki beste genero batean sailkatzen dira beste batzuetan (eta, ondorioz, izen zientifikoa ere berria izango dute), eta, azkenik, badira izen arrunt egokiago bat hartzen dutenak, besterik gabe.
Euskarazko zerrendak
Euskaraz dagoen erreferentzia nagusia Euskalterm datu-baseak eskaintzen duena da. Baina Euskaltermek Espainiako 2005eko zerrenda zaharra erabiltzen duenez, gaztelaniaz ematen dituen baliokideak zaharkituta geratu dira kasu askotan. Proba bat egin dut: SEOren zerrendan A letraz hasten diren hegaztiak bilatu ditut Euskaltermen; eta kolorez markaturiko datuak ez ditu zuzen jasotzen (taulan ez da aztertzen euskarazko izenaren egokitasuna; bakarrik gaztelaniazkoarena eta zientifikoarena):
Euskaltermetik kanpo, beste erreferentzia garrantzitsu bat SEOk berak eskaintzen dituen euskarazko izenak dira (beharbada, Euskaltermek baino zabalkunde handiagoa dutenak, paradoxikoki). Tamalez, SEOren euskarazko zerrendak oinarriko akats batzuk ditu jatorritik beretik, eta Interneten, inertziaren bitartez, akats horiek edonora zabaldu dira nahi gabe (karnava, butzangora, ego-gailupa, ezkal-txinboa, sai zuia…).
BirdLife International eta HBW
Baina nork erabakitzen du zein diren munduan dauden txori-espezieak eta zein den haien izen zientifikoa –eta, bide batez, ingelesezkoa–? BirdLife International izeneko erakundeak, eta bere lana Munduko Hegaztien Eskuliburua deritzonean plazaratzen du: HBW. (Duela gutxi eguneratu dute zerrenda, eta 462 espezie berri ateratzen zaizkie.)
Jakina, etengabeko lana da, ez dago behin betiko bertsiorik. Zergatik da, hortaz, orain une egokia guretzat? Bada, horrexegatik, berriki plazaratu delako munduko hegazti-espezie guztiak biltzen dituen lan ikaragarri mardul hori; gainera, horri segika gaztelaniaz ere zerrendak berritu direlako eta, gainera, gurean, euskaraz,izendegia zaharkituta gelditu delako.