Sentimenduen hiztegian arakatzen

Oskar Arana Ibabe

Badakigu hitzek errealitateko erreferenteak izendatzen dituztela, eta errealitate hori izan daitekeela fisikoa edo ez; eta, fisikoa ez den errealitatean, ikusi eta ukitu ezin den errealitate horretan, arlo bat ideiei edo pentsamenduei dagokiela, eta beste bat sentimenduei eta emozioei. Atzenengo arlo horretan ikertzen aritzea ez zaie arrotz idazleei, ez baita alferrik esan izan badutela idazleek gizakiaren barne mundua edo psikearen nondik norakoak hautemateko eta ikertzeko (edo, agian zehatzago, adierazteko) gaitasun edo antze berezi bat. Eta, idazle izan gabe ere, sarri aurkitu ahal gara nork bere barneari eta sentimenduei begiratu beharrean, eta, diotenez, ariketa horretan, oso lagungarria izaten da zehaztasuna, gauza bakoitzari bere izena ematea. Gero, gainera, fisikoa ez den errealitate horretan, esan daiteke sentimenduak eta emozioak, errealitatearen eskalan, maila bat gorago daudela beste errealitate ideiazko edo pentsamenduzkoak baino, sentimenduak eta emozioak egiazkoak baitira, hau da, ikusi edo ukitu ahal dugun kanpoko errealitatea bezain egiazkoak, mahai bat bezainbeste. Eta atsegingarria baitzait oso hitzek edo hizkuntzak zehaztasunerako eskaintzen duten bide horretan ibiltzea โ€”hizkuntzaren aldera maitasun handiagoa sentiaraztera ere eraman ohi nau horrekโ€”, hona nire gogoeta hauek, hitz jakin baten inguruan.

Maiz gertatu zait gaztelaniazko rencor hitza eman nahi izatea euskaraz (ez dakit nire baitan beste batzuen baitan baino usuago pizten ote den sentimendu hori; ez nuke nahi hala izatea, baina, hala bada, beti izango da gozakari jakitea ezen sentimendua ezagutzea eta izendatzea dela lehen urratsa hura gure baitatik egozteko, edo ernetzeko hain aro egokia izan ez dezan), eta ez erabat gogobetetzea hiztegietan aurkitzen ditudan aukerek. Egia esan, RAEk berak ere, hitz horren gaztelaniazko definizioan, beste hitz batera igortzen gaitu, eta badirudi ez duela hain agerikoa nik eman ohi diodan adiera, bi definiziotara jo behar baita osoki erdiesteko. Hara:

RAEren hiztegian:

rencor
De rancor.
1. m. Resentimiento arraigado y tenaz.
 
resentirse
2. prnl. Tener sentimiento, pesar o enojo por algo.

Eta, oraindik ere โ€”hau bai bitxia, harrokeria eman baitezake eskas iriztea nik RAEk emandako definizioariโ€” esango nuke ez duela osoki jasotzen nik nahiko nukeen รฑabardura bat (por algo horrek nolabait iradokitzen duen arren, zabalegia da, orokorregia, ez da zehatza, beti izaten baitute kausaren bat sentimenduek edo emozioek).

Eta, hala, katalanezko rancor hitzera jo dut, eta han ere bi urratsetan erdiesten da esanahi osoa:

rancor
m. [LC] Ressentiment tenaรง. Desprรฉs de tants anys encara li guarda rancor.

ressentiment
2 m. [LC] Disgust, irritaciรณ, que hom sent per una ofensa, una burla, un engany, etc. El capteniment dels amics li va deixar el cor ple de ressentiment. Hem restat amics, sense rancรบnies ni ressentiments.

Hain zuzen, hori da bilatzen nuen zehaztapena, irain, laido, iruzur eta halakoengatik sentitzen den atsekabe edo haserrea baita, nire adieran, gaztelaniaz rencor hitzak hartzen duena.

Euskarazko aukeretan, ordain ugari ematen dizkigu Elhuyar hiztegiak:

rencor
s.m. ezinikusi, gorroto, aiher, aiherkunde, herra, hegigoa, inkurio
ya no te guardo rencor: ez zaitut gorrotatzen jada

Guztiek dute beren definizioa emanda Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta esan daiteke sinonimo bete-beteak direla, definizioetatik bederen. Alta, batek ere ez du jasotzen Institut dโ€™Estudis Catalans erakundearen DIEC2 katalanezko hiztegian rancor hitzaren definizioan (ressentiment hitzera bidaltzen gaituelarik) ematen den รฑabardura hau: que hom sent per una ofensa, una burla, un engany, etc.

Eta begiratu dut ea zer ordain ditugun euskal hiztegietan gaztelaniazko resentimiento hitzarentzat, eta, hara, gaztelaniaz eta katalanez bezala, hor bai, litekeena da รฑabardura hori jaso izana, baina ez ordea gaztelaniazko eta katalanezko hiztegiak bi urratsetan egiten duten bezala, ez baita loturarik ezarri โ€œherra-rencorโ€ eta beste hauen artean, esate baterako (Elhuyar):

resentimiento
s.m. erresumin, erremin, gaitzondo, kirrizki, korromio
no puedo olvidar mi resentimiento hacia รฉl: ezin dut berarekiko gaitzondoa ahaztu

Adibidea oso argigarria da, eta ordainen artean adibiderako hautatu dena ere bai: gaitzondo. Adibide horretan, gaztelaniaz, sinonimo beteak dira resentimiento eta rencor, RAEko definiziotik ondorioztatzen den bezala. Euskaraz, ordea, rencor hitzari buruz gaztelaniaz RAEren hiztegian bi urratsetan gauzatzen den osaketa hori ezingo genuke egin, non eta ez dugun rencor hitzaren euskarazko ordainetan erresumin ematen.

Soilago esatearren, rencor galdetuta hiztegi elebidun batean, ez ninduke eramango erresumin edo gaitzondo ordainetara, horiek izaki nik behar ditudanak, edo hobetsiko nituzkeenak.

Ingelesez ere, Cambridge Hiztegian, rancor galdetuta, definizio hau ematen du:

Rancor:
a feeling of hate and continuing anger about something in the past:
They cheated me, but I feel no rancor toward/against them.

Eta frantsesez, halaber, sarean, Laroussek:

rancล“ur
nom fรฉminin
(latin rancor, -oris)
Ressentiment tenace que l’on garde ร  la suite d’une dรฉception, d’une injustice.
Synonymes :
amertume – dent (familier) – dรฉpit – rancune – ressentiment

Alta, erresumin eta gaitzondo izan arren nik hautatuko nituzkeenak adierazi nahi dudan sentimendu hori adierazteko โ€”edo gaztelaniazko rencor (edo katalanezko nahiz ingelesezko rancor eta frantsesezko rancล“ur) eta resentimiento (eta katalanezko ressentiment) ematekoโ€”, Euskaltzaindiaren Hiztegian ematen zaizkien definizioak eskas gertatuko litzaizkidake, artean ere.

Euskaltzaindiaren Hiztegian:

gaitzondo
1 iz. Zah. g.er. Bihotzeko erresumina. Eta faltak besterenak badira ere, ongi egingo duzu, gaitzondorik erakutsi gabe, lehen bezala mintzatzeaz eta etsaiagana joateaz.

erresumin
2 iz. Atsekabe edo nahigabe sentimena. Bihotzeko erresumina. Nire lehengo gurak oinaze eta erresumin bilakatuko dira. Ez dute inoiz zaharragoek oso begi onez ikusten gazteagoen etorrera; gezurra nioke, neronek, baldin banio ez dudala halako erresumin isil baina bizi bat sumatzen.

Gainera, gaitzondo zaharra eta gutxi erabilia izanik, ez dirudi egokia denik ohiko erregistrorako (rencor eta resentimiento ez bezala).

Gainerakoen artean, egia da korromio hitzak baduela sarrera Orotarikoan (ez ordea Euskaltzaindiaren Hiztegian), eta aski egokia, gainera, gure adierarako:

korromio.
1. (O-SP 227โ†’SP, A, H (que cita a Axular)); gorromio (SP); korromu (SPโ†’A).
Rencor. “Transport de colรจre” O-SP 227. “Korromua, gorromioa. Korromun [sic] gaixtoz bethea, plein de mรฉchante rancune” SP. “Gorromioz bethea, plein de rancune” Ib. “Odio” A (que cita a Ax). “(SP), rencor” Ib.
[Barreneko] gorrotuak, korromioak eta herrak, arimari eta gorputzari egiten deraue kalte. Ax 279s (V 187). Barrena sastakatzen diotzaten korromioak ezin gorde detzake. Dv Telem 47. Barreneko harrak jaten nau, hira minak hiratzen, korromio beltzak herratzen! Dv LEd 229. Zure burua ikusten duzunean debruen eskuetan […] zer ez da izanen zure khorromioa? Ib. 215 (Cb Eg II 119 zer pena sentituko dezu?). Ziyo orregatik errezago oituko dira lanari korromuz begiratzera. “Con aversiรณn”. Zink Crit 213.
2. (H); gorromio (H).
“En gรฉnรฉral ver qui ronge le bois, les viandes, les รฉtoffes, ver rongeur” H.
3. “Korromioa […], vermoulure, trou fait par les vers dans le bois, papier, etc.; partie d’un objet attaquรฉ par les vers; petite poussiรจre produit par la vermoulure” H.
4. (AN ap. A (que cita el msLond) ; Izt).
“Cepillo del carpintero” Izt.

Eta baita kirrizki hitzak ere:

kirrizki. (V-och), resquemor, resentimiento” A.

Eta, zer ustekabea, Otxandioko hitza dela jasotzen du, gainera, eta ezagunagoa beharko luke niretzat, baina ez da.

Baina, guztietan definiziorik osoena, Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta ia bat datorrena katalanezko hiztegian dakarrenarekin (Disgust, irritaciรณ, que hom sent per una ofensa, una burla, un engany, etc.), erremin da (eta harridura gozoa izan da niretzat):

erremin
1 iz. Nahigabe, amorru edo haserre iraunkorra, zorigaitz batek edo iraintzat hartzen den zerbaitek eragina. Gerra guztiak galdu egiten direla larrutik ikasi duenaren erremina.

Oraintxe, berriz, idazten ari naizela, gogoratu naiz nola ikasi nion behinola gure eskualdean ia euskaldun elebakarra zen emakume edadetu bati beste berba bat, hemen aipagai dugun sentimendu hau izendatzeko, eta nola oso bakan erabiltzen dudan, eta poztu naiz Orotarikoan jasota ikusita. Hain zuzen, zapo da hitza, eta hirugarren adieran jasotzen du Orotarikoak:

3. (V); sapo (V-oroz-gip) Ref.: A (zapo, sapo); Iz ArOรฑ (sapรบa); Etxba Eib (sapua).
“Rencor, odio” A. “Sapรบa eukan neetako, tenรญa resentimiento conmigo” Iz ArOรฑ. . “Odio oculto en el pecho, rencor, resentimiento. Ondo gordeta, baรฑa sapua detsa bere bizi guztian” Etxba Eib. . “Sapua gordetzen eban mendakorra zan a gaistua” Ib. (s.v. mendakor).
Zeinbat suga, ta zapori leku emon deutseezu, ta menturaz zeure laguna juzgetan dozunian, emoten deutseezu zeure bijotzian? fB Ic II 234. Eta onegaz, lengo zapuan gaiรฑ, sortu jakozen andra gaiztuari zelo aundixak. Etxba Ibilt 482

Ez dira gutxi, gainera, Orotarikoak ematen dituen definizioen artean rencor hitza ageri duten sarrerak. Erresapio eman dit lehena; errenkore ere bai, sarrera moduan; enkoniadura (bigarren mailako adiera moduan); enkina ere bai (Lar); aiherkunde (Odio, rencor); aborrentzia; bekaitz (bigarren adieran); hagin (rencor, haginean izan esapidearekin); haina bera; herra; herrakunde; huduri; inkurrio; janiza; keru; kurruka (V-ger-arr-mโ€ฆ gure eskualdetik gertu, beraz, baina ezezagun, hala ere, niretzat); mardakeria; rankore; uherdura; arrakizuna (V-gipโ€ฆ eta ezezaguna niretzat, hala ere); epantxu; errekurea; gaitzeria; giarre (V-ger-och, G-goiโ€ฆ eta ezezaguna niretzat, hala ere); gibelmin (L, Ae, Sal, S, R); har (V-ger-gipโ€ฆ eta, bai, orain ohartzen naiz ezagutzen nuela, zapo bezala, gure hizkeran: poz bikoitza, ostera, beste baliabide bat berraurkiturik; sarria izan genduanetik, betiko arra desta gizon orrekโ€ฆ); hats (Zer hatsean den! esapidearekin); ipotsu; opil (rencor oculto, ematen du azalpena); otin (G-bet a.); samurgo (L-ain, BN-mix); samurraize (ligero rencor, eta hara, beste baliabide polit bat, zehaztu nahi izanez gero sentimenduaren gradua); sapite (sapite gaiztoan dago gizon oriโ€ฆ estรก lleno de rencor); tirria (niganako tirria); zapo (3. adieran: Ondo gordeta, baรฑa sapua detsa bere bizi guztian).

Ikaragarria, ezta? Zenbat hitz!, niretzat gehienak ezezagunak, edo oso noizbehinka aurkitutakoak testuetan (are gutxiago ahozko hizkeran), nahi duenak berreskuratzeko, edo, bestela, ikasteko eta norberak jakingo duen egoeran eta inguruan erabiltzekoโ€ฆ

Laburbilduz: beharbada, hiztegi elebidunetan, rencor sarrera resentimiento sarrerarekin lotu beharko genuke, sinonimoak baitira maila batean, eta halaber euskarazko haren ordainak. Nik, behintzat, erresumin eta erremin bera ere gehituko nizkieke rencor sarreran ematen diren ordain horiei guztiei. Eta, bestetik, Euskaltzaindiaren Hiztegian osatu egin beharko genuke erresumin hitzaren definizioa, katalanezko ressentiment hitzaren definizioaren bidetik, eta erremin ere eman haren sinonimotzat.

Bestalde, arakatzen ibilita, neuretzat ere atera dut onuratxoren bat: zapoa edukitze inorendako esapidea berreskuratu dut, guztiz ziur gure eskualdean erabiltzen dena, eta, halaber, harra izan norbaiti. Halaber, erregistro beharbada garaiagoetarako hitzen batzuk ikasi ditut, hala nola, gibelmin, Lapurdikoa eta Zaraitzukoa omen zena edo dena, eta arras baliagarria derizt literaturarako; definizio guztiz nire gogobeteko bat aurkitu dut Euskaltzaindiaren Hiztegian, nik izendatu nahi nuen sentimendu horretarako, erremin: nahigabe, amorru edo haserre iraunkorra, zorigaitz batek edo iraintzat hartzen den zerbaitek eragina, ematen baitu. Sentimendu horren gradazio moduko bat ere aurkitu dut Orotarikoan, samurraize hitzean. Eta gure euskalkiaren eremutik gertu ere bazirela batzuk, nik inoiz aditu gabeak, hala nola kurruka, arrakizuna, giarre, kirrizkiโ€ฆ Eta halaber aurkitu dut modua beste euskalkietako idazle eta hiztunek besterik darabilketenean haien berri aldez aurretik izateko: haginean izan, hatsean izan, mardakeria, uherdura, huduri, inkurrio, janiza, keru, epantxu, gaitzeria, otin, samurgo, samurraize, sapite, sapite gaiztoan egotea, โ€ฆ

Horra, bada, nire saiotxoa eta arduratxoa: margolariek koloreak nola, hiztegiek ere iker eta doi ditzatela sentimendu baten kolorearen gradu eta tonu biziago nahiz motelagoak.

Infinitua hiztegi batean

Joannes Jauregi Benavides

Azken bolada koskorrean, Bigarren Hezkuntzan ikasle ditudan gaztetxoei galdera berbera egin izan diet ikasturtea joan eta ikasturtea etorri: ea zer egiten duten euskarazko hitz bat konprenitzen ez dutenean โ€•eta, noski, zer esan nahi duen jakin nahi/behar duteneanโ€•. Xalo erantzuten didate, โ€œba Interneten bilatuโ€ soil batekin. Zer da, baina, Interneten bilatzea? Zenbaitek konpontxo egiten dute bilatzailean โ€œsignificado Xโ€ jarrita; beste batzuek itzultzaile automatikoak erabiltzen dituzte galanki, eta ez hiztegi gisa soilik; bakarren batek โ€œElhuyarโ€ aipatu izan du ahapeka, pedantearen sasilotsaz. Ordea, inori ez zaio bururatzen, ez euskaltzalerik sutsuenari ere, izango dela modurik euskarazko lexikoa gaztelaniaren makulurik gabe jasotzeko. Gehienak harritu ere egiten dira konturatzean baietz, badela euskarazko definizio-hiztegirik. โ€œRAE bezalakoaโ€, esaten dute, irakaslearen etsigarri.

Ez naiz, baina, hizkuntz gatazkaren eta diglosiaren ur handietan murgilduko, nik dezakedan baino hobeto mintzatuak baitira jada beste batzuk blog honetan bertan. Gazteen kontrako epai errazetan laketzea ere ez zait guztiz zilegi iruditzen, โ€œgaur egungo gazteakโ€ garai guztietan izan baitira historiako okerrenak, eta, egia esatera, ez dakit noraino lepora diezaiekegun sareak ematen dituen errazbideez baliatzea soluzioak merke eskuratzeko. Hezkuntzari gagozkiolarik, ni neu humanitateen gainbeherak kezkatzen nau gehien, eta gainbehera horri atxikirik ikusten dut hiztegiaren kulturaren aienatzea. Teknopedagogia izeneko munstroaren altzo digitalean, zeinak, labur-zurrean esanda, ordenagailuak eman baitizkie ikasleei liburuen truke, txit zaila bilakatu da ez bakarrik literatura eta filosofia irakastea, baizik eta baita hiztegiak kontsultatzeko ohiturak eta jakintzak sustatzea ere, merke-zurreko soluzio sinplista guztiak zorroztasuna eta esfortzua eskatzen dituztenen ondo-ondoan daudenez gero. Pantailan, distantzia berera biak.

Paperezko liburuak ondo eutsi zion eraldaketa digitalari, baina paperezko hiztegiak, nekez. Sareratu โ€•hodeiratuโ€• egin ziren, eta paperaren erromantizismo guztiek ezin diote buru egin hiztegi digitalen azkartasunari, eguneratzeko gaitasunari eta, oro har, eraginkortasunari. Itzultzaile eta bestelako profesionalok ere aise ohitu gara. Niri behintzat, paperean sekula itzuli gabea naizen honi, zaila egiten zait imajinatzea nola ekin ahal izan zion Bingen Ametzagak Hamlet euskaratzeko lanari Ameriketara bidean itsasoratuta, paperezko hiztegi pare bat beste laguntzarik gabe.

Hiztegiak gaur egun ez dira liburuak, ez behintzat liburuak bakarrik, eta egitate hori metaberretsia dago gure eta gure inguruko hizkuntzetako hiztegietako definizioetan ere. Paperetik digitalerako transmutazio horretan, ezin uka tresna eraginkor eta praktikoak bilakatu direnik, eta nabarmen errazten diotenik bizitza jende ugariri, ez ikasleei bakarrik. Duela zenbait aste, Amaia Astobizak ale benetan interesgarria eta eskertzekoa eman zion blog honi, Elhuyar hiztegiaren zenbait funtzionalitate aurreratu xehe-xehe azalduz. Sekulako lana egin baitu jende burutsu askok sareko hiztegiak gero eta tresna eraginkor eta erabilgarriagoak egiteko, eta hori eskertzekoa eta mirestekoa besterik ez zait iruditzen.

Eta, hala eta guztiz ere, tresna eta baliabide gisa dituzten abantaila guztiak gorabehera, paperezko hiztegiak hori baino askoz gehiago ere izan daitezkeela (zitezkeela?) iruditzen zait. Hezkuntzara bueltan, sinetsita nago lexikoa ez dela berdin barneratzen bilatzaile-barra batean enter sakatuta edo minutu bat(zuk) liburu batean orri-pasa arituta, hitz hori gogoan (ahoan) bueltaka erabiliz, bere testuinguru alfabetikoan begiztatu nahian. Paperezko hiztegietan hitz-paisaia bereziak aurki daitezke, zeinek bai baitute literariotik ere. Ikasle garaiko latineko hiztegietan, berriz, lexikoa ez ezik morfosintaxia eta fraseologia ere ugari aurkitzen da orriz orri โ€•gure latineko irakasleak irri maltzur batekin esaten zuen โ€œdenaโ€ zegoela hiztegian, baina aurkitzen jakin behar zelaโ€•; latin-ikaslearentzat, hitz jakinen esanahia ia bigarren mailako bihurtzen da tarteka, gainerako informazioaren aldean. Duela gutxi, bestalde, Julio Casaresen Diccionario ideolรณgico de la lengua espaรฑola harribitxia aurkitu nuen gurasoen etxean ahaztuta; hiztegi ideologiko bat zer zen ere ez jakin nik, eta seko liluratuta geratu nintzen liburukote hartan orri-pasa.

Izango da, seguru asko, horiek guztiak zeruratzeko modurik ere. Gaur-gaurkoz, baina, paperean, lurrean baino aurkitu ezin direlakoan nago.

Errespetua da hitza

Juan Garzia Garmendia

Maiatzaren 14an, Pasai San Pedroko Udal Aretoko antzoki koxkorrean nintzen, Godoten esperoanen euskarazko estreinaldian. Alegia, Becketten frantsesezko (eta ingelesezko) obra gailen hori (hogeigarren mendeko maisulan seinalagarrienetariko bat) neuk (Bidasoaldeko antzerki-talde batentzat) aspalditxo euskaratu (ez zen antzeztu), handik pixka batera liburu gisa argitaratu (2001), eta orain (2023) Zurriola Antzerki Eskolak bere gertaleku eta gozatoki naturalera itzulia.

Halaxe gabiltza, hain zuzen, itzulika zoro nahiz zuhurxeagoan, gure zirkuitu sorginduan euskal literatura-hamsterrok. Aritua nintzen ni askoz lehenago ere antzezlan batzuk euskaratzen, kasu horretan taularatu bai baina paperean argitaratu ez zirenak. Orainago, beste esperientzia bat ere egokitu zitzaidan, aski adierazgarria hura ere gure burubide bidegaldu samarrez. DSS2016 ekitaldi potolo(tu)en barnean, enkargua eman zidaten Shakespeareren komedia ospetsu bat itzul nezan, eta hala onlineratu zen (ezen ez papereratu) Uda-gau bateko ametsa. Aldi berean (!), egitasmo be(ra)ren inguruan (!!)ย eta izenburu โ€”marratxoa gorabeheraโ€” berarekin (!!!), liburu berri gisa plazaratu zen, eskuizkribu-gordailu zahar batetik, Uda gau bateko ametsa. Ez, ez da txantxa; eta ez da broma, gero.

Hori nahikoa ez, eta berriak iristen hasi zitzaizkidan bazela asmoa bestelako Uda-gau bateko ametsa arrandioski antzezteko DSS2016 egitasmoaren gailur-gailurreko erakusgarri modura. Kasu honetan, gehiegikeria latza litzateke itzulpen deitzea ekitaldi basa-dotore horri, gastronomiak ere rol nabarmena zuelarik, nola ez, gure turismo-kulturak eskatzen duen moduan. Zori onez edo txarrez, sarrera erosia edukirik ere, ez nintzen egon azkenean ekitaldi hartan (beste itzulpen zahar hura plazaratu izana zor zaionari pasatu nion, hara, txartela, hutsegite-komedia batean bageunde bezala). Nik neuk, aski nuen handik eta hemendik iristen zitzaidan informazioarekin: antzezburu bipilek ez zuten ezer jakin nahi obra euskaratuarekin, edo itzultzaileokin, edo testuarekin berarekin, edo jatorrizko pertsonaiekin, edo, beldur naiz, antzerki isabeldarrekin eta Willekin berarekin ere: berek zekiten hobeto, antza, zer komeni zen.

Tira: airean desegina geratu da guztia, Ametseko kontuak bezala, baina Hamleten Danimarkakoaren antzeko usain bat hor geratu zen Cristina Eneako lorategi-bazkaleku hartan, gaurdaino ere, hau idaztean berritu eta oraindik hor datorkidana sudur-muinetara.

Errespetua da hitza. Zaharkitua oso, terminoa, eta labaina, baina mamitsua kontzeptuz. Errespetua autorearenganako; errespetua ofizioen kontuan; errespetua aurretiko eta albotiko lanekiko; errespetua publikoari benetako kultura helarazteko eta ez jendea edozein entretenigarriz engainatzekoโ€ฆ Errespetua da, bai, hitza.

Eta โ€”gatozen itzuliaren itzulian hasierako hizpide baikorreraโ€”, errespetu bikaina ez ezik, bikaintasun gailena erakutsi ziguten Pasaian zurriolatar antzez-jendeok beren xumetasun itxuratik. Aitor dezadan beldur kizi batekin hurbildu nintzela emanaldira; batez ere, ez nekielako nola funtzionatuko zuen nire itzulpenak bere benetako saltsan, hots, ondo transmitituko ote zen hura antzezleetatik aditzaileetara.

Laster ahaztu nintzen kezka horretaz eta gainerakoez. Testuaz beraz, esan beza bestek zer deritzon, baina ni ezin pozagorik geratu nintzen โ€”eta berdin gustura sumatu inguruko guztiakโ€” han entzunik hura halako indar eta distira bizi jatorraz hats-haragitua. Batek gero guztiz egoki aipatu zuenez, defenditu beharra izaten du taula gainean dena delako testua, eta hara antzezle literalki amateur haiek, harrigarrizko trebetasun landuz defenditu ez ezik, baita ederki eraso ere Becketten nireari, behar zirenak oro gorderik dramaturgia bikainaz hobeturik den-dena.

Bikaina izan zen saioa: obra hura, dramatizazio, dinamika, espiritu, letra eta zaporea, Samuel Becketten jatorrizko hura zen, gurera ekarria mundu zabal guztira bezala. Errespetua, hara, eta hortik emaitza. Horretarako, aski agertokian zuhaitz bat, argi batzuk, atrezzo minimo bat, eta antzezlanarekin hezurretaraino inplikaturiko jende-talde jator bat.

Halakoek ematen edo berritzen diote bati gogoa bere itzultze-lan bakarti, isil, beti amateur tematian jarraitzeko ekin etsian[1]. Egunotan izan da hurrengo antzezaldia, Donostian, areto zabalago batean. Zirkuitu normal samar batean, miseriazko urritzat jotzekoa litzateke halako bakantasuna, uda osoa tartean: quosque tandem. Etsigarria, baiki, itxaronaldia.


[1] Ez zen aldi bakarra noski gurean baino kanpoan harrera hobea egin zaiena euskal itzulpenei.

Dakitenengandik ikasten

Idoia Santamarรญa Urkaregi

Liburu txiki bezain interesgarri bat gomendatzera nator gaur hona:

Traducciรณn: dieciocho conferencias nada magistrales y dos discursos de circunstancias.

Ez da berria, 2013koa baizik. Miguel Sรกenz da egilea, gaztelaniazko itzultzaile handia (handia? erraldoia).

Itzulpen batekin ezin aurrera egin nenbilela, gogoratu dut ezen, duela urte asko Luxenburgon gaztelaniazko itzultzaile gisa ari nintzelarik, Miguel Sรกenz etorri zitzaigula behin hitzaldi bat ematera, eta, haren orduko irudia buruan, apalera jo dut aipaturiko liburuaren bila (gauza ederra da, alafede, prokrastinazioa). Lehenengo egiaztapena: liburua ez da batere zahartu; bizi-bizirik dago.

Izenburuak garbi dioen moduan, Sรกenzek han-hemen emandako hitzaldiak eta diskurtsoak biltzen ditu, denak itzulpengintzaren ingurukoak, zein baino zein interesgarriagoa, eta horietako bat, gainera, โ€œAutor y traductorโ€ izenburukoa, Donostian emana, 1993an (liburuan jasotako lehenengo hitzaldia da). Itzuli diren hizkuntzaren literaturaren osagarri direla itzulpenak defendatzen du hor Sรกenzek, eta, are, hizkuntzen literaturaren hastapenetan itzulpenak egon ohi direla askotan:

Premisa hori onartuz gero, euskal literatura, adibidez, jatorriz euskaraz idatzitako lanek eta euskarara itzulitako lan guztiek osatuko lukete.

Pellokeria dirudi, baina, tamalez, esan beharreko esaldia da oraindik ere.

Liburuko hurrengo hamazazpi hitzaldietan, itzulpengintzarekin eta literaturarekin lotutako hainbat kontu jorratzen ditu[1]:

  • hitzak itzultzen ditugun edo hitz horiek diotena;
  • egileen eta itzultzaileen arteko harremana;
  • โ€œklasikoenโ€ itzulpena, literatura-itzulpena (โ€œitzultzailea poetaren poeta da, nobelagilearen nobelagileaโ€);
  • literatura-itzulpenaz bizi daitekeen ala ez (spoilerra: EZ);
  • zertaz jabetu behar duen itzultzaile orok (โ€œitzulpengintza hurbilketa-arte bat da infinitura arte hobetu daitekeenaโ€);
  • itzulpenen kritika eskasa edo kritika falta (Espainian eta herrialde gehienetan);
  • itzultzaileen akatsak;
  • zer esan nahi den hizkuntza โ€œneutroโ€ batera itzuli behar dela esatean;
  • itzultzailearen eta musika-interpretatzailearen arteko paralelismoa (โ€œtestu baten aurrean esertzen naizenean โ€”testua atril batean paratzen dut nik gehienetanโ€”, musikari sentitzen naiz, beste batek ondutako musika deszifratzen, neureganatzen eta adierazten saiatzeko prestโ€);
  • zer den literatura-itzulpena: kopia? jatorrizkoa? bertsioa? interpretazioa? berridazketa? faltsifikazioa? manipulazioa?;
  • zer den literatura unibertsala, halakorik baldin bada;
  • zenbaterainoko garrantzia duen arretaz irakurtzeak (โ€œitzultzean nabarmendu beharrekoa ez da irakurketaren intentsitatea, arreta baizik; itzuli beharrak baldintzatutako irakurketa da itzultzailearena, baina horrek ez du eragozten irakurtzeko plazera; aitzitik, areagotu egiten duโ€);
  • zer irakats daitekeen eta zer ez itzulpengintzako fakultateetan.

Liburuaren bukaera aldera, bi diskurtsoren testua dator: bata, Alemaniako Hizkuntza eta Poesia Akademian 2000. urtean emandakoa, eta bestea, 2002koa, Salamancako Unibertsitatean emandakoa, honoris causa doktore izendatu zutenean. Lehenengoan, itzulpengintzaren definizio eder bat ematen du:

Norbaitek esana da itzultzea dela pertsona apartak diren lagunak izatea eta lagun horiek artean ezezagun zaizkigun beste lagun batzuei โ€”irakurleeiโ€” aurkeztu nahi izatea.

Edozein kikiltzeko modukoa da Miguel Sรกenzek itzultzaile gisa egin duen ibilbidea. Ingelesetik eta, batik bat, alemanetik itzultzen du gaztelaniara, eta zerrenda luze bezain ikusgarria osatzen dute berak โ€œinterpretatutakoโ€ autoreek: Rushdie, Conrad, Faulkner, Goethe, Kafka, Bernhard, Grass, Schnitzler, Brecht, Sebaldโ€ฆ Berak hainbeste maite dituen austriar autoreek bezala, Sรกenzen itzulpenak irakurtzean badirudi bakoitzarentzako doinu egokia interpretatzen dakiela beti; maisuki menderatzen du esaldi eta paragrafo bakoitzaren erritmoa, belarriz itzultzen duela ematen du, partiturarik gabe ia, musikari handienek bezala.

Hemen aipatutako saiakeran jasotako artikuluetan ere nabarmena da musikari itzultzailearen (edo itzultzaile musikariaren) sena. Maisu handien patxadaz eta zehaztasunez mamurtzen du itzulpengintza, eta Sรกenzen erudizioak eskutik darama irakurlea, batere ikaratu gabe.

BIBLIOGRAFIA

SรENZ, M. (2013), Traducciรณn: dieciocho conferencias nada magistrales y dos discursos de circunstancias, Ediciones Universidad de Salamanca, 2013.


[1] Komatxoen arteko aipu guztiak M. Sรกenzen liburutik hartuak dira, eta nik itzuli ditut.

Okerreko atea jotzea

Angel Erro

Umberto Ecok itzulpenari (itzulpenari bere zentzu zabalenean) eskainitako liburuaren izena edukiaren sintesi perfektua zen, eta definizio ez txarra ere, itzultzea zertan datzan: Dire quasi la stessa cosa; โ€˜ia gauza bera esateaโ€™. Gogoak huts egiten ez badit, barruan batez ere ia horren, quasi horren, nolakoa eta norainokoa zehazteari ekiten zion nagusiki.

Erakargarria (eta itzulpenaren zereginaren sintesi ona) suertatu zaidan itzulpenari buruzko beste liburu baten izena aurkitu dut orain gutxi Nafarroako Liburutegi Nagusiko apalen artean: Hablo todas las lenguas, pero en รกrabe. Arabieraz eta frantsesez idazten duen Abdelfattah Kilito idazle marokoarrarena da. Izenburua gorabehera, frantsesez argitaratu du, itzulpena eta bere herrialdeko literaturaren egoera diglosikoa gai dituzten lehenagoko artikuluak bilduta. Berehala aitortzen du izenburua Kafkaren egunkarietatik hartu duela, non Pragako artista batek horixe esaten zuela idatzita utzi baitzuen: munduko hizkuntza guztietan mintzo zela bera, baina yiddishean.

Interesez irakurri badut ere, gutxitan iruditu zait Kilitok bertan dioena gurera aplikagarria, besteak beste, arabieraren eta frantsesaren arteko harremana ez baita euskararen eta erdararen artekoaren parekoa. Nolabait esateko, hor literario/kulturalki subalternoa den arabiera hegemonikoa da kalean eta egunerokoan, eta frantsesari kontrakoa gertatzen zaio.

Halere, gogoeta iradokitzaileak daude tarteka. Abdelkebir Khatibi idazleaz eta bere Amour bilingue liburuaz ari denean, esaterako, non bi hizkuntzetan bizi beharra eta bere bizitzatik pasatutako hainbat emakumeren istorioak txirikordatzen baititu, galdera egiten du: โ€œEta Abdelkebir Khatibi hizkuntza hautatzean okertu izan balitz? Galdera ezohikoa, agian errespetu gutxikoa, dudarik gabe deserosoa. Halako galderarik egiten ahal da, edonola? Eta nork du egiteko gaitasuna? Irakurleek? [โ€ฆ] Bada damutu dela aitortu duen idazlerik?โ€. Idazle bat, zer hizkuntzatan idatziko duen hautatzen duenean, bere patuak zer bide hartuko duen ari da erabakitzen, nor maitatu โ€œaukeratzenโ€ ari denean bezala, baina โ€œidaztea berez hizkuntzaz okertzea balitz, norabidea nahastea, okerreko atea jotzea?โ€.

โ€œAl-Jahiz-ek, bere Animalien liburua-n, antzeko iritzia azaltzen du elebiduntasunaren inguruan (bitxia da idazle honek elebiduntasunaz hitz egiteko zer eta animaliei buruzko liburu bat aukeratu izana; izaki ez elebidun eta imitatzeko ezgauzak). Zeren elebiduna, Al-Jahizek iradokitzen duenez, bigamoa da: bi hizkuntzak, bi emazte bezala, suhar lehiatuko dira eta, eginahalak eginahal, senarrak ez du lortuko biak guztiz asetzeaโ€.

Elebiduntasuna eta bigamia parekatzea, nik uste, barkakizun zaio IX. mendeko idazle bati. Niri, aldeak alde, konparazioak gogora ekarri dit duela hilabete pare bat irakurle klub baterako berriz irakurritako Ramon Saizarbitoriaren Rossettiren obsesioa. Dagoeneko behin baino gehiagotan irakurria duzun liburu bati ekitean, traman baino, arreta jar dezakezulako alderdi teknikoetan edo sinbolikoetan. Eleberrian, euskal idazlea den Juan Martin protagonistak bi emakume, bata madrildarra, bestea donostiarra, seduzitu nahi ditu testu bera erabilita. Ez al da hori, itzulpena tartean, edozein idazleren nahia? Bi publiko ezberdin erakartzea, geureganatzea? Victoria eta Eugenia ez dira, neurri batean, euskal eta erdal irakurlegoaren ikur?

Irakurketa hori egitea posible egiten duten pista batzuk egon daitezke. Eugenia madrildarrak Babelia bezalako literatur gehigarriek agintzen duten guztia leitzen du, irakurle midcult-agoa da, prototipikoagoa; bera limurtzeko bide onena, literatura ona baino, literatura onaren prestigioa izatearen lerro kurtsi batzuk aski dira. Victoria donostiarra elebiduna da, hobeki moldatzen da gaztelaniaz, baina protagonistarekin ahaleginduko da euskaraz egiten. Exijenteagoa da, kritikoagoa, baina euskararekiko duen lotura afektiboagoa da, kulturazkoa baino. Euskal irakurlegoa hala da edo hala irudikatzen du Saizarbitoriak? Edonola, testu berak eragin berdina izan ahal du bi emakumeengan, bi literatur sistemetan?

Irakurketa hori hankaz gora jartzen didaten gauza asko ere badaude eleberrian, agian, egileak nirea bezalako irakurketa errazak saihesteko asmatuak. Testua, bi emakumeekin erabili beharreko ohartxoa, lehenago idatzi eta erabili du gaztelaniaz Eugeniarekin eta Victoriarekin nahi du berrerabili, eta azken honi zer hizkuntzatan eskainiko dion ez du argi:

โ€œEgiaz duda bakarra zen Eugeniaren testua Victoriari bere hartan bidaliko nion ala euskaratu egingo nuen. Ez zen, ordea, zalantza hala-moduzkoa; zenbat eta gehiago pentsatu, arrazoi gehiago aurkitzen bainuen aukera bakoitzaren alde.

[โ€ฆ] Victoriari gaztelaniaz eta frantsesez mintzo zitzaion bere background kulturala, eta, nolanahi ere, oso gutxi euskaraz; eta horrek garrantzi erabatekoa zuen testu batez gozatu ahal izateko. Hain zuzen ere, Josu Zabaletak dioenez, background kulturala erdaraz osaturik izatea da euskaldun gehienok klasiko unibertsalak euskaraz irakurtzeko dugun zailtasunaren funtsaโ€.

Idazle bat, beraz, pentsarazi dit Ramon Saizarbitoriak bere eleberri horrekin, zer hizkuntzatan idatziko duen hautatzen duenean, bere patuak zer bide hartuko duen ari da erabakitzen, nor maitatu aukeratzen ari denean bezala, baina idaztea/maitatzea berez hizkuntzaz/pertsonaz okertzea balitz, norabidea nahastea, okerreko atea jotzea?

Hitanoa galderetan?

Xabier Olarra

โ€œHitanoa non eta nork erabiltzen duenโ€[1] artikuluan, Xabier Alberdi irakasleak hitanoaren gaur egungo erabilerari buruz bere tesirako egindako ikerketaren nolabaiteko laburpen bat egiten du. Nork-norekin eta zein testuingurutan erabiltzen den hitanoa aztertzen du, funtsean. Horrez gain, bere ikerketan erabilerari buruzko alderdi orokorragoak ere azaltzen ditu, esate baterako zein testuinguru gramatikaletan erabiltzen den hitanoa. Honela dio:

Aditz alokutiboak badu sintaxizko urrezko arau bat, soilik menpekoak ez diren perpaus adierazgarrietan (enuntziatiboetan) erabiltzen da literatur tradizio landuan. Orokorrean gaurko euskara mintzatuan ere halaxe gertatzen da; salbuespen batez, hala ere. Galderazko perpausetan alokutiboa erabiltzeko joera dago euskalki gehienetan, eguzki aldekoetan izan ezik (behenafarreran eta zuberoeran). Gainerakoan, salbuespenak salbuespen, bete egiten da sintaxizko arau edo debekua, menpeko perpausetan ez baita adizkera alokutiborik sartzen. Baldintzazkoetan, hala ere, sarritan urratzen da aipatu legea, gazteen artean batik-bat (45 urtez beherakoetan).

Beraz, laburbilduz hau genuke:

1.- Hitanoa perpaus enuntziatiboetan bakarrik erabiltzen da
2.- Ez da erabili behar menpekoetan
3.- Ez da erabili behar ez galderetan ez baldintzazkoetan

Holaxe dago jasoa, besteak beste, Euskaltzaindiaren 14. arauan[2], non espresuki agertzen baita โ€œAlokutiboaโ€ atalean honako adierazpen hau:

โ€œe) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?)โ€.

Baina argi eta garbi azaltzen du Alberdik lege hori literatur tradizio landuan hala den arren, galderazkoetan ere erabiltzeko joera aski zabaldua dela gaurko erabileran. Eta berdin baldintzazkoetan gazteen artean. (Alde batera utziko dugu esaldien artean inolako bereizketarik egin gabe beti hitanoa erabiltzeko joera, non agertzen baitzaizkigu *Hura etorri dekelako (delako +hi) eta gisakoak).

Alberdik aipatzen duen salbuespena (galderazkoetan ez erabiltzea) ez errespetatzearena aspaldi samarrekoa da. Hala ere, J.B. Elizanburu (1828-1891) saratarraren Piarres Adame irakurtzen badugu, ohartuko gara ia inoiz ez duela erabiltzen galderetan (ezta menpekoetan ere, noski). Hona adibide batzuk:

โ€”Beha nezak ongi, eta orhoit hadi!… zer! ez duk ezagutzen Piarres Adame?… Eta Saratarra haizela diok? Nork ez du ezagutzen Piarres Adame, Saran eta bertzetan, famaz bedere?… Behin ikhusi nauenak ez naik ahanzten!…

Bainan, nola haur on bat baitzen, eta uste izan baitzuen, nik erran nion bezala, axaleko xoriaren ikhusteko galdetzen niola bere liburua, Mattinek onhexi zian beraz, lagun on gisa, axegin horren egitea.

Jean Etxepare Landerretxe (1937-1961) jatsuarraren Mendekoste gereziak (1962) hartzen badugu, honako hau aurkituko dugu ipuin-bildumako Kurutze gorriak narrazioan:

โ€”Zer tenore da? Hamarrak abantxu. Ez gintuztela sarraraziko? Hozten ari nuk.
โ€”Menturaz eguerditan hemen izanen gituk. Hago gustuan; ez dik balio kexatzea;

Beraz, bistan da zorrotz gordetzen duela lege โ€œzaharraโ€.

Argi zirrinta izenburua duen narrazioan, berriz, honako hau:

Frangotan buruan ibiltzen diat nola gure haurreko adixkidetasun goxo hura amodio baten hastapen eta erroa gertatu den. Ez nian holakorik uste. Alta haurdanik gure artean zerbait izan duk. Eskolarako bidean zonbat aldiz ez gira elgarrekin gertatu? Zonbat aldiz ez gira bidean gelditurik egon xori txar bati beha, ezdeus bati beha? Egia duk. Betidanik ukan diat hiretako, ez dakiat nola erran, halako goxotasun bat. Elgarrekin ginelarik, beti hiri zerbitzu egiterat ekarria nintian, ez hintudan kolpatu nahi, azkar nintian hirekin.

Otto Pettanen astoa izenburukoan, berriz,

โ€”Ba araiz, zertako nahi duk preso egon dadin?
โ€”Edo bere kafira hemen dik? (du+hika)
โ€”Ez die urtxoek kafirarik egiten hemen. Galdua duk. Eta joan den eguneko elur hura!

Hor ikusten dugu galdera batean hitanoa erabilia.

Gauza bera aurkitzen dugu, baina askoz ugariago, Nikolas Ormaetxea โ€œOrixeโ€ (1888-1961) orexarraren Quitoโ€™n arrebarekin (1950) liburuan, irakurtzeko pazientzia hartzen badugu (adizkiak, besteak beste, Areso-Huitzi aldekoak-edo dira, eta horrek ez ditu gauzak errazten). Arrebarekin elkarrizketan aurkitzen dugu Orixe liburu osoan zehar, eta aukera bikaina da hitanoaren erabilera aztertzeko.

D.โ€” Arkitu ote litezke une berean guregan Aingeru ona ta gaiztoa?
N.โ€” Ez uke arrigarri; baรฑa naiago diรฑat txandaka iduritaratzea, batak edo besteak eragiten gaitunean. Alaxe Yesus Bera ere txandaka artu ziรฑatenan: aingeru gaiztoak zirika, ta, arek aldegin zunean, Aingeru askok agurka. Egon ere batean zeuden guregan, anima ta Yainkoa nastu gabe. Zergatik ez litezken egon bi aingeru oiek ere?
Testuan ageri denaLege orokorraren arabera behar lukeenaNeutroa (batua)
litezkelitezkelitezke
uke (lukek)uke (lukek)litzateke
diรฑat (dinat)diรฑat (dinat)dut
ziรฑatenan (zitenan)ziรฑatenan (zitenan)zuten
zeudenzeuden (zeuden)daude
litezkenlitezkelitezke
N- Illobia bedeikatzen dutenean, ango Aingeru Bergiralea aipatzen yunate. Ez al yunat arrazoirik aski, zerua emen ere ba dagola, aldez aldez beรฑipein esateko?
Testuan ageri denaLege orokorraren arabera behar lukeenaNeutroa (batua)
yunateyunate (dinate)dute
yunatdutdut

Adibideak nahi adina aurki daitezke, baina bistan da joera hori aski nabarmena dela Orixeren idazkietan. Tormesko itsu-mutila itzulpenean ere (bizkaieraz) joera horri atxikitzen zaio. Gauza bera aurkituko dugu Mireio irakurtzen badugu.

Eta zer gertatzen da gaur egungo itzultzaileen artean? Bi joera nagusi aurkituko ditugu: lege zaharrari zorrotz atxikitzen zaizkionak eta joera โ€œberriariโ€ jarraikiz, galderazkoetan ere erabiltzen dutenak. Lehenbizikoen artean (hurbilen zaizkidan itzultzaileen lanei gainbegirada bat emanez) Juan Garzia, Fernando Rey, Amaia Apalauza, Idoia Santamarรญa, Aroa Uharte eta nerau dauzkagu. Galderetan ere sistematikoki erabiltzen dutenen artean bi baizik ez ditut aipatuko, baina askoz gehiago izango dira: Miel Elustondo eta Joxe Mari Berasategi.

Xehetasun gehiago nahi duenak, irakur ditzala, esate baterako, honako hauek: Hamlet, Kale gorriko umeak, Puskak, Aldibereko, Erle langileen amodioak, edo Ulises. Eta beste joerakoak zer egiten duten jabetzeko, eman diezaiela begirada bat, esate baterako Hiltzailea nire baitan edo Paradisuari.

Horiek horrela, uste dut agian garaia dela hizkuntza gaietan agintaritza eta autoritatea dutenek hainbatetan hartzen dituzten erabaki salomoniko horietako bat har dezaten. Zuzentzaile edo editore lanetan aritzen direnei zama arinduko liekete pixka bat, baldin eta aukerakotzat utziko balute. Halabiz.


[1] Hitanoa non eta nork erabiltzen duen, EUSKERA – XXXIX (2. aldia), 983-993

[2] https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_ebe&view=bilaketa&Itemid=1715&task=bilaketa&lang=eu&id=100&highlight=hika

Unibertsitatean euskaraz

Igone Zabala Unzalu

Unibertsitatea funtsezkoa da euskararen garapen funtzionalerako, bertan jorratzen baitira alorrez alorreko denetariko gai espezializatuak eta, beraz, bertan garatzen baitira alor horietan aritzeko beharrezkoak diren hizkuntza-baliabideak. Gainera, unibertsitatean prestatzen dira gizarteak behar dituen denetariko aditu-profesional euskaldunak. Adituen diskurtso-komunitateak komunitate epistemiko-diskurtsiboak direla esaten da alorreko jakintza espezializatua ez ezik komunikatzeko testu-generoak eta hizkuntza-baliabideak ere partekatzen dituztelako[1]. Hartara, ikasleek unibertsitatean ikasten dituzte beren alorreko adituen komunitateko kide bihurtzeko behar dituzten testu-generoak eta erregistroak, hizkuntza erabiltzea eskatzen dieten askotariko jarduerei esker[2]. Hori dela eta, unibertsitateko ikasleei ziklo bat bukatzen duten bakoitzean, lan akademiko bat idazteko eta ahoz defendatzeko eskatzen zaie, adituen komunitateko kide bihurtzeko ezagutzak eta komunikazio-gaitasunak garatu dituztela frogatu dezaten: gradu amaierako lana (GrAL), master amaierako lana (MAL) edota doktoretza-tesia. Lan akademikoak ezin egokiagoak dira unibertsitateko ikasleek komunikazio-gaitasun akademikoak garatu ote dituzten aztertzeko bai eta euskararen erregistro akademikoak zenbateraino garatu eta egonkortu diren aztertzeko ere. Euskararen garapenerako funtsezkoa da unibertsitateko irakaskuntzan duen presentzia bermatzea edota areagotzea eta lan akademikoak euskaraz idaztea. Ideia hori aldarrikatzeko eta argudiatzeko beharrak eraman nau, hain zuzen ere, artikulu hau idaztera, nazioartekotzearekin lotutako helburuek euskararen garapenaren helburuekin talka egin lezaketela dirudien une honetan.

Jakina da egun ingelesak erabateko hegemonia duela komunikazio akademikorako lingua franca modura. Horrek gutxiagotasun-egoeran jartzen ditu hiztun ez-natiboak, beren lehen hizkuntza ez den batean irakurri, ikertu eta idatzi behar dutelako[3]. Hori dela eta, ingeles hizkuntzaren hiztun ez-natiboek hizkuntza-gaitasunak garatu behar dituzte hizkuntza horretan, eta ohikoa izaten da unibertsitateko ikasleak eta ikertzaileak herrialde anglofonoetara mugitzea beren prestakuntza osatzera. Areago, herrialde ez-anglofonoetako unibertsitate askok ingelesa sustatzen dute irakaskuntzarako eta lan akademikoetarako.

Gurean ere ezartzen ari diren politika horiek hainbat ondorio dituzte diskurtso espezializatuen garapenerako. Batetik, ikertzaile batzuek ez dute garatzen diziplinako komunikazio espezializaturako gaitasuna beren lehen hizkuntzan eta, bestetik, ingelesaren eraginak nabariki baldintzatzen ditu lekuan lekuko diskurtso espezializatuak[4]. Batzuen arabera, joera globalizatzaileak erregistro profesionalen galera nabarmena ekarri du hainbat herrialdetako kultura nazionaletan[5]. Europaren eremuan, aipatu beharrekoa da aleman hizkuntzaren akademiak (Gesellschaft fรผr deutsche Sprache) unibertsitateei aspaldian helarazi ziela alemana funtzionalitate mugatuko hizkuntza bihurtzeko arriskuari buruzko kezka. Europako Iparraldeko Herrialdeetan ere, duela bi hamarkada jarri zuten abian ikerketa-egitasmo batย (Nordens sprรฅk som vetenskapssparรฅk โ€˜Hizkuntza nordikoak zientzia-hizkuntzaโ€™) haien hizkuntzen helburu zientifiko eta akademikoetarako erabilera defendatzeko, nahitaezkotzat jotzen baitzuten kulturaren eta zientziaren eremuan lehiakorrak izateko. Honela definitzen zuten hizkuntzaren erabilera-eremua[6]:

ยซA domain of language usage: a specialist field for which a language is capable of being used, i.e. it has at its disposal the necessary means of expression and is therefore of use within this domain. A specialist field can in casu be defined as the domain of a science, a practical occupation or a category at a suitable level of the international Universal Decimal Classification system.ยป

Eremuen konkista ez da itzulezina, eta atzera egiteko bi modu bereiz daitezke. Eremu-galera gertatzen da hizkuntza-komunitate batek espezialitate-alor baterako komunikazio-baliabide egokiak garatzeko orduan huts egiten duenean, eta oharkabean gertatu ohi da. Eremu-uztea, aldiz, kontzientea izaten da maiz, eta askotan gertatzen da nahiz eta eremu horretarako hizkuntza-baliabideak ondo garatuta egon, adibidez, arrazoi ekonomikoengatik.

Ingelesaren hegemonia dela eta, hizkuntza nazionalen estatusa duten zenbait hizkuntza garatuk testuinguru akademikoetan dituzten emankortasuna eta biziraupena arriskuan daudela onartuta, zer ez ote da gertatuko euskararen kasuan? Euskarak konkistatu al ditu eremu akademikoak? Askotariko hiztun-profiletakoak dira ikasle eta irakasle-ikertzaile euskaldunak, baina lan akademikoak edota irakaskuntzarako materialak euskaraz ekoizten dituzten ikasle eta aditu guztiek egin behar diete aurre zailtasun eta oztopo bereziei: batetik, berrikuspen bibliografikoa egiteko erabili behar dituzten artikulu eta liburuak, beren diskurtsoa garatzeko eredu modura erabiliko dituztenak, ingelesez idatzita daude gehienbat eta, bestetik, euskarazko eskola eta irakas-materialetatik jasotzen duten inputa asistematikoa eta hobetzeko modukoa izaten da maiz.

Bestalde, ez da ahaztu behar terminologiaren eta fraseologia akademikoaren garapenak nahitaezkoa duela diskurtso-komunitate akademikoek testuak eta komunikazio-egoerak partekatzea, baliabide horiek finkatzeko, eta horien ezagutza semantiko-pragmatikoa komunitatearen erabileren bereizgarri bihurtzeko. Alorrez alorreko terminologiek oraindik ere dituzten hutsune nabarmenak alde batera utzita, azken hiru urtean aurrera eraman dugun proiektuaren emaitza batzuk aipatuko ditut[7][8]. GrAL eta MAL lanez osatutako corpus konparagarriak osatu ditugu gaztelaniarako eta euskararako[9], eta diskurtso-formula eta kolokazio akademikoak erauzi eta aztertu ditugu bi hizkuntza horietan, testu akademikoen idazketarako laguntza-tresna elebiduna garatzeari begira[10]. Gure aurreikuspenen kontra, hizkuntza nagusietarako erabiltzen diren maiztasun- eta dispertsio-irizpideak aplikatuta, unitate fraseologikoen pareko zerrendak lortu ditugu euskararako eta gaztelaniarako, urte hauetan guztietan lortu den garapenaren seinale. Nolanahi ere, unitate fraseologiko zuzen eta egokiak ez ezik, zuzentzeko edota hobetzeko moduko zenbait unitate ere identifikatu ditugu. Bestalde, corpusera jotzen dugun bakoitzean konturatzen gara zaila dela oro har erabat zuzenak eta egokiak diren adibideak aurkitzea. Ondorio modura esan daiteke euskara akademikoaren garapenean aurrerapauso kualitatiboak egin direla baina bide luzea egin behar dela oraindik ere, eremu-galtze prozesu batean sartu nahi ez badugu behintzat.

Eremu espezializatuen konkistan aurrera segitzeko funtsezkoa da euskarak unibertsitatean duen presentzia babestea, baita lan akademikoak euskaraz idaztea ere. Kezkagarria litzateke, ordea, unibertsitatean sendotzen doazen nazioartekotze-politikek ikasle-irakasle euskaldunen hizkuntza-kontzientzia lausotzea eta, besteak beste, lan akademikoak ingelesez idaztera bultzatzea. Halako politikak eremu-uztea eragin lezake alor akademikoen konkista bukatu baino lehen.


[1] SWALES, John M. (1990). Genre Analysis. English in academic and research settings. Cambridge: Cambridge University Press.

[2] BIBER, Douglas (2006). University Language. A corpus-based study of spoken and written registers. Amsterdam: John Benjamins.

[3] VAN DIJK, Teum (1994). Academic Nationalism. Discourse and Society 5, 275-276.

[4] GOTTI, Maurizio (2012). Academic Identity Traits. A Corpus-Based Investigation. Bern, Switzerland: Peter Lang.

[5] SWALES, John M. (2000). Language for Specific Purposes. Annual review of Applied Linguistics 20, 59-76.

[6] LAURร‰N, Christer, MYKING, Johan, eta PICHT, Heribert. (2002). Language and domains:ย a proposal for a domain dynamics taxonomy. LSP & Professional Communication, 2 (2).

[7] ARANZABE, Maria Jesus; GURRUTXAGA, Antton, eta ZABALA, Igone (2022). Compilaciรณn del corpus acadรฉmico de noveles en euskera HARTAvas y su explotaciรณn para el estudio de la fraseologรญa acadรฉmica. Procesamiento del Lenguaje Natural, 69: 95โ€“103.

[8] Ministerio de Ciencia e Innovaciรณn erakundeak 2019ko deialdian finantziatuko Coruรฑako Unibertsitateko eta UPV/EHUko ikerketa-talde biren arteko proiektu koordinatua: PID2019-109683GB-C21 eta PID2019-109683GB-C22.

[9] HARTAeus corpusa Garaterm corpusean (http://garaterm-corpusa.ixa.eus/ )ย integratuta dago, eta kontsulta publikoetarako zabalik dago, Bilaketa-interfaze aurreratuan, โ€œNonโ€ botoia sakatuta, eta โ€œHARTAeusโ€ aukeratuta.

[10] Oraindik ere HARTA/TAILA tresna osatzen eta fintzen ari bagara ere, kontsulta-interfaze publikoa prest dago jadanik: http://harta.ixa.eus/

โ€œEz naiz ni, hura daโ€. Ohar laburrak hirugarren ez-pertsonez eta egitura inpertsonalen historiaz

Borja Ariztimuรฑo Lรณpez

Ahots (aktibo, pasibo, erdi-pasibo), argumentu-egitura, balentzia, diatesi, ez-akusatibo, ez-ergatibo… Termino ugari dago aditzek beren morfologian eta beren inguruko elementuetan erakusten dituzten ezaugarri jakin batzuk eta eragin dakizkiekeen aldaketak deskribatzeko eta aditzok horren arabera sailkatzeko. Hemen, egitura inpertsonalak aipatuko ditut, adierazpide morfosintaktikoa edozein dela ere.

Euskal aditz jokatuen eta jokatugabeen arteko desberdintasun nabarmenetako bat pertsona-komunztadurak dira; alegia, dena delako egoera, prozesu edo egintzan nork parte hartzen duen adierazten duten markak. Denbora edo aspektua ere aipa litezke, baina, joko analitikoan ere badu halako marka aditz nagusiak, jokatugabetzat hartu ohi den arren (ikusi, ikusten, ikusiko).

Era berean, hizkuntzalaritzako kontu ezaguna da 3. pertsona, hizkuntza askotan, ez dela egiazko partaidea; ez bederen besteak bezalakoa, hizketa-ekintzatik kanpokoa baita (gogoan izan euskaraz 3. pertsonak benetako izenordainik ere ez duela, berez).

Hala, euskaraz egitura inpertsonalak (alegia, partaide orokor edo zehaztugabeko aditz predikatuak) eratzeko bide bat baino gehiago dugu, maiz 3. pertsonari lotuak. Hauek izan litezke nagusiak, zein bere helburu eta รฑabardurekin: aditz iragankorraren iragangaiztea, pluraleko 3. pertsonaren komunztadura, eta singularreko 2. pertsonaren komunztadura.

Azken horretatik hasita, kontakizun bati balio orokorra eman nahi diogunean, baina, era berean, gertutasunez-edo aritu nahi dugula (dela geuri gertaturiko zerbaitetaz ari garelako, dela solaskidearen interesa biltzeko), 2. pertsona erabiltzen dugu:

– Eta zer egin ote dezakezu holako egoera batean?
– Zeken horrek ez dizu inoiz ezer musu-truk emango!

Bigarren estrategia, aditz iragankorrekin bakarrik, subjektu orokorra edo zehaztu ezin/nahi ez dena pluraleko 3. pertsonaz adieraztea da:

– Atea jo dutela iruditu zait.
– Babarrunak bezperatik beratzen uztea gomendatzen dute.

Azkenik, jatorrizko subjektua guztiz ezabatu eta aditz laguntzaile iragangaitza (ergatiborik gabea) erabil dezakegu:

– Zarata honekin ez zaizu ondo ulertzen.
– Gailur hartatik itsasoa ikus daiteke.

Horrelakoak testu zaharretan arakaturik, Milia Lasturkoren eresi ezaguneko hau izan liteke adibide garbi bat, pluraleko 3. pertsonarena:

– Bidaldu dogu zeruetara kartea: arren, diguela [โ€˜itzul diezagutelaโ€™] gure andrea.

Alabaina, badira egun ezinezkoak diren ale batzuk ere: iragangaizterik gabeko inpertsonal adierako adizkiak, trinkoak zein laguntzaileak.

Jakina da, izan ere, forma sintetikoetan ez dela ergatiboa kentzeko aukerarik (esaterako, darama-tik, daramakio eratu dezakegu, baina, egun ez dugu โ€˜eramaten daโ€™ moduko inpertsonalak adierazteko modu trinkorik). Ez bide zen hala antzina, eta horren arrastoak ditugu XVI-XVII. mendeko testuetan. Honatx adibide batzuk:

– O, jaun ona, gogo dizit garizuma denian
egiazki egiteko neure konfesionia.
Bai etaโ€™re konplitzeko didan [= ematen didan {โ€˜ematen zaidanโ€™}] penitenzia,
othoi, jauna, zuk konfirma ene borondatia (Etxepareren LVP, I: 194)

– Gatza lora ditean artean beste gauza lekuske [โ€˜ikus litekeโ€™]. En tanto la sal floreciese otra cosa se verรญa (Refranes y Sentencias, 145)

– Ezi[n]egina harria baino gogorrago. Harriari mailuaz ere baledeko [โ€˜edeki lekioke, edekitzen zaioโ€™]. El no poder, mรกs duro que la piedra: a la piedra se puede quitar con el martillo (Isastiren errefrauak, 26)

Aditz perifrastikoetan ere, egun aditz laguntzailearen alternantziaz baliatuko ginatekeen kasu batzuetan, inolako aldaketa lexiko-morfologikorik gabe izan dezake egiturak balio inpertsonala:

– Kuidadua eduki begie, ikasi dezaen etseko persona guziak doktrinea, eztakianari irakasten diagola [= diola {โ€˜zaiolaโ€™}] (Azkoitiko ordenantzen โ€œsumario brebeaโ€, I: 12-6)

– Gauza gaizki egina da, eta itsusia, adiskideari deiez dagotzunean, ez ihardestea, athean iguriki arazitzea ; eta berehala eman ahal diazaion [โ€˜dakiokeenโ€™] errepuestaren eta egin ahal diazaion [โ€˜dakiokeenโ€™] zerbitzuaren geroko luzatzea (Axularren Gero, 304-5/6)

Adibide horietan guztietan, aditzaren ohiko konfigurazioko argumentuetako bat orokorra edo zehaztugabea da, eta hala interpretatu behar da, adizkiaren morfologia gorabehera. Kontuan hartuta, baina, 3. pertsonako subjektuak ez duela inolako markarik euskaraz, ez zaigu horren harrigarri gertatu behar hura isiltzeko aukera morfologikoki anbiguoa.

Izan ere, horixe bide da iritzi โ€˜izena ukanโ€™ aditzaren sorburua: โ€˜etsi, -tzat edukiโ€™-tik (deritzo โ€˜irizten dioโ€™), โ€˜deituโ€™ adiera iragankorrera (deritzo โ€˜deitzen dioโ€™) eta, hirugarren pertsonako subjektudun formak inpertsonaltzat interpretaturik (deritzo โ€˜deitzen zaioโ€™), iragangaitz gisa berrinterpretatzera igaro zatekeen (deritzo โ€˜deitzen daโ€™). Hala bada, testu zaharrek gaur egun ezinezkoak diren bideak lehen posible zirela erakusten digute, eta egungo zenbait formaren sorburu eta bilakaera argitzen laguntzen.

***

Azken asteotan, zoritxarrez, egitura inpertsonal ugari gabiltza irakurtzen, pasibo-antzekoekin batera, zenbaitek ez-pertsonatzat dituztenez (Gazako bonbardaketan auskalo zenbat haur hil direla, Zisjordanian ugari izan direla zaurituak, eta abar). Halakoetan, sarraskigileak ez aipatzeko eta haien ardura eta erantzukizuna estaltzeko erabiltzen da inpertsonala. Ezen, esan ohi den bezala, pertsonala politikoa da; hizkuntza-kontuetan, ordea, inpertsonala ere bada politikoa.

Argi esan dezagun: Palestinakoari genozidio deritzo.

Nere sentimentua nai det deklaratu

Alfontso Mujika

Aurtengo udaberrian Baltikoko errepubliketara joateko parada izan nuen, eta hiru herrialde txiki horietan ibili ginen hara-hona hango garraio publikoa baliatuz ekaineko egun luze ere luzeetan. Hiru errepublika berri, txikiak eta lasaiak. Ez dira jendetsuak; banaka hartuta, Euskal Herria baino txikiagoak dira hirurak, ez hedaduraz, baina bai biztanlez. Bakoitzak bere hizkuntza du. Estonierak finlandieraren antza du, familia bereko hizkuntzak dira. Letoniera eta lituaniera, berriz, hizkuntza baltikoen familiakoak dira (kasu-markak dituzte, guk bezala); hitz komun asko dituzte eta badute elkarren antza, baina ezin diote elkarri ulertu.

Pozgarria da ikustea hain herritar gutxi izan arren (Lituaniak 2.860.000 biztanle, Letoniak 1.883.000 eta Estoniak 1.365.000) beren hizkuntzan bizi direla (alde batera utzita errusieradunekin dagoen arazoa), eta administrazioak, hezkuntzak, hedabideekโ€ฆ arazorik gabe funtzionatzen dutela hiru hizkuntza horietan, beren literatura dutela, zinema, ikuskizunak, hizkuntza-paisaiaโ€ฆ

Bukatu zen oporraldia. Itzulerako hegazkina hartuta iritsi ginen Loiuko aireportura. Buruan nerabilen orduan zer tankera hartuko zion estoniar, letoniar edo lituaniar batek gure hizkuntzari, gure egoerari, aireportuko seinaleak ikusita, seinale horiek baitira atzerritar batek gurera iritsita gure hizkuntzaz jasotzen duen lehen zantzua. Hizkuntzaโ€‘paisaia hirueleduna da Loiuko aireportuan: euskara, ingelesa eta gaztelania.

Iritsi ginen hatuak jasotzen diren gunera, eta, handik, irteerara. Han, guardia zibilen ondotik  igaro aurretik, kartel ikusgarri batek nabarmen-nabarmen ohartarazten dio bidaiariari nondik joan behar duen dakarrenaren arabera, gorrira edo berdera:

Orduan ohartu da gure estoniar/letoniar/lituaniar begizoliak ze hizkuntza aberatsa den euskara. Ingelesak eta gaztelaniak aditz bera erabiltzen dute (to declare eta declarar). Euskaraz, berriz, aitortu baiezkoan eta azaldu ezezkoan.

Gogoeta eragin dit: azaldu ote zioten testu horien euskal itzultzaileari zein zen testuingurua? Eman ote zizkioten esaldiak elkarren ondoan edo alfabetoaren hurrenkeran jarritako esaldi sorta bat emango zioten, gaztelaniaz, N letran nada que declarar eta O letran objetos a declarar zioena, tartean beste esaldi batzuk zeudela? Gainbegiratu eta zuzendu ote zituen inork itzultzailearen itzulpenak? Itzulpen-enpresa taxuzko bati eskatuko zioten itzulpena edo โ€œnik badaukat lehengusu bat euskaraz ondo dakiena eta galdetuko diotโ€ kasu horietako bat (gehiago) izango zen?

Eta, jarraian, barruan daramadan zuzentzaileak kartela nola zuzenduko nukeen galdetu dit. Hor hasi zaizkit zalantzak: urtero, ogasunean, errenta-aitorpena egiten dugu, esango nuke aski estandarizatua dagoela errenta-aitorpen terminoa, baina ez dakit, egia esan, errenta aitortzen dugun. Nolanahi ere, hor nonbait dabil esanahia. Euskaltzaindiaren Hiztegian aitortu sarrera arakatuta, ez dut aurkitu adiera gogobetegarririk:

aitortu, aitor/aitortu, aitortzen
1 du ad. Huts bat edo gorde nahi den zerbait adierazi. Errua aitortu. Egia esan, dena aitortu behar bada, urdaila asaldatzen hasia nuen ordurako. Epailearen aurrean aitortu.
2 da ad. Bekatuak aitortzan adierazi. Aitortzera joan. Aitortu gabe hil. Hilero aitortzen da.
3 du ad. Bekatuak aitortzan entzun. Erretoreak emakumea aitortu du.
4 du ad. Zerbait hala dela onartu; zerbait edo norbait halakotzat ezagutu. Azkenean aitortu zidan arrazoia nuela. Semetzat aitortu du. Bakoitzari zor zaiona aitortu behar zaio. Barojaren euskalduntasuna aitortu berria da, edo salatu berria, gutxien uste genuen aldetik.
5 du ad. Norbaitenganako edo zerbaitekiko fedearen aitormena egin.

Eta, jarraian, azaldu sarrera ere arakatu dut, badaezpada:

azaldu, azal/azaldu, azaltzen
1 du ad. Zerbaiti buruz hitz egin, hura ulertarazteko edo ezagutarazteko. Hauxe azaldu nahi nuke txosten honetan. Gauza beharra da hemen erakusten zaiguna behin eta berriz azaltzea. Soldadu zaharra zuen aita, berak ederki azaltzen duen bezala. Nola egin zuen ihes azaldu zigun. Entzunda nago, zuk amets bat entzun orduko azaltzen duzula. Orain arte ez da dinosauroak nola desagertu ziren azaltzen duen teoria egokirik sortu.
2 du ad. Agertu, adierazi. Ez zuen gurekin etortzeko asmorik azaldu. Hor, dirudienez, delako morrontza ez da bekatu, harro-harro eta lotsagabeki azaltzen baitute. Euskal esaldiari buruz aspaldi azaldu zituen iritzietan. Sartu zaizkigun kezkak eta katramilak artean azaldu gabe zeuden.

Are nabarmenago ikusi dut azaldu aditz hori orokorregia dela guardia zibilarekikoak adierazteko. Azkenik, deklaratu aditzera jo dut:

deklaratu, deklara, deklaratzen
1 du ad. Zuz. Epailearen aurrean adierazi. Epaiketan deklaratu behar izan zuen.
2 du ad. Adierazi; aitortu. Ik. agertu; azaldu; gerra deklaratu.

Gaztelaniaren akademiaren hiztegian ere (DRAE) ez dut aurkitu berariazko adiera erabat esplizitaturik, baina garbi dago 3. adieran dagoela:

declarar 1. tr. Manifestar, hacer pรบblico. 2. tr. Dicho de quien tiene autoridad para ello: Manifestar una decisiรณn sobre el estado o la condiciรณn de alguien o algo. El Gobierno declara el estado de excepciรณn. El juez lo declarรณ culpable. 3. tr. Hacer conocer a la Administraciรณn pรบblica la naturaleza y circunstancias del hecho imponible. 4. intr. Manifestar ante el รณrgano competente hechos con relevancia jurรญdica. El testigo declarรณ ante el juez.

Frantsesez, berriz, bai, TLF hiztegian zein Akademiaren hiztegian:

dรฉclarer 3. Affirmer oralement ou par รฉcrit un รฉtat de fait. Dรฉclarer des marchandises, ses revenus : ย 3. โˆ’ Vous n’avez rien ร  dรฉclarer ? โˆ’ Vous savez bien, dis-je au prรฉposรฉ des douanes, vous savez bien que l’on a toujours quelque chose ร  dรฉclarer quand on revient de ces pays d’outre-mer… Cendrars, Bourlinguer, 1948, p. 49.
dรฉclarer 2. Faire connaรฎtre, proclamer par acte public ou judiciaire. Dรฉclarer la partie en danger. Spรฉcialt. Dรฉclarer la guerre, annoncer officiellement qu’on va engager les hostilitรฉs avec un ร‰tat souverain. Fig. Dรฉclarer la guerre aux prรฉjugรฉs, aux abus. DROIT ADMINISTRATIF. Faire une dรฉclaration auprรจs d’une administration. Dรฉclarer un dรฉcรจs. Dรฉclarer ร  la mairie la naissance d’un enfant ou, par mรฉton., le dรฉclarer. Dรฉclarer un vol au commissariat de police. Le douanier demanda aux voyageurs s’ils n’avaient rien ร  dรฉclarer.

Beste hainbeste ingelesez (Merriam-Webster):

declare
5. to make a full statement of (one’s taxable or dutiable property)
Large purchases must be declared at customs.

Euskaltermen argitu dit bidea (aditza ez da ageri, Euskaltermen terminoak baitaude, baina bai izenarekin).

aduanako deklarazio (4) Eu
es declaraciรณn de aduana
fr dรฉclaration de douane / dรฉclaration en douane
en custom entry / customs declaration

Eta Lexikoaren Behatokiak 10 emaitza itzuli dizkit aduana eta deklarazio lemak elkarrekin eskatuta.

Kaxkazuri oiartzuar bertsolariaren anaiak duela ehun bat urte bezala, nik ere nere sentimentua nai det deklaratu gaur: urteak joan eta urteak etorri, oraindik ez dugu iritsi estandarizazioa esamolderik oinarrizkoenetako batzuetan.

Ni gune berdetik irten nintzen aduana-kontroletik, inori ezer azaldu gabe, eta zinez aitortzen dizuet ez nuela ezer aduanan deklaratzeko.

Erortzen zatzaizkit

Uxue Rey Gorraiz

Euskalduntzen hasi berri-berria den lagunaren begietatik ari natzaio euskarari behatzen azkenaldian, tarteka. Hogeita asko urte dituelarik eta aurrez euskara apurrik ere ez zekielarik eman du izena euskaltegian. Ez du falta motibaziorik batere, eta nik, euskaldun zahar baina oraindik gazte honek โ€“adiera horren gaineko eztabaida beste baterako utziko duguโ€“, atseginez aditzen dizkiot niri inoiz okurritu ez zaizkidan galderak. Balio didate gure hizkuntzaren aukerez konturatzeko. Baita nire dudak begietaratzeko ere, batzuetan.

โ€•Uxue, nola esaten da โ€œencantada de conocerteโ€ euskaraz? Nola da โ€œencantadaโ€? โ€“galdetu zidan lagunak joan den astean.
โ€•Urte askotarako โ€“erantzun nion nik, seguru xamar.
โ€•Bai? Interneten ez da horrela โ€“erantsi zuen hark.

Segituan susmatu nuen zerk eragina zen nahasmendu hura. Elhuyar hiztegi neuronalean โ€œencantadaโ€ hitza bilatuz gero, โ€œsorginduaโ€ hitza ageri da ematen duen lehenbiziko sarreran โ€“ez da bakarra, jakinaโ€“.

Hori ez da blogaren sarrera honetan plazaratu nahi dudan duda, baina ilusioa egiten dit imajinatzeak laguna โ€œsorginduaโ€ azalduko zela azken egunotan izandako enkontruren batean. Gainera, beste hau nabarmentzeko ere balio du adibideak: zinez uste dut euskarak ez dituela zertan bilatu erdaretan sortutako esamoldeen kalkoak, baina bistan da joera hori normala dela euskalduntze prozesua hasi berria duen batengan.

Horregatik, honakoa galdetu zidan handik gutxira:

โ€•Uxue, eta nola esaten da โ€œme caes bienโ€?

Eta, orduan bai, etorri zitzaizkidan dudak; kaskoan zirika ditut oraindik. Euskarak baditu esamolde horren baliokideak, jakina, baina, egia esateko, bakar batek ere ez nau asebetetzen. Behintzat, baldin eta kale hizkeran baliatzeko modu baten bila bagabiltza. Kapritxo handiegiak ditut?

Aukera hauek okurritu zaizkit, baina ez naiz guztiz konforme.

a) โ€œJatorra zaraโ€. Ziztuan etorri zait aukera hori burura, baina deskriptiboegia da nire irudiko. Jakina da gure lagun guztiak ez direla objektiboki โ€œjatorrakโ€. Nireak ez behintzat.

b) โ€œGustuko zaitut / atsegin zaitutโ€. Imajinatzen dut aukera hau balekoa irudituko zaizuela gehien-gehienei, frantsesezko โ€œJe tโ€™aime bienโ€ formularen antzekoa ere bada gainera, baina franko molestatzen nau zentzu sasi-erromantikoan interpretatzeko arriskua izateak. โ€œGustuko zaitutโ€ esan, eta akaso laster letorke galdera: โ€œBaina gustatu, lagun modura? Edo nola?โ€. Konplexu kontua izan daiteke, baina tira.

c) โ€œParte onekoa zaraโ€. Asko estimatzen dudan itzultzaile batek iradoki zidan aukera hori bazegoela, baina, ondotik, elkarrekin egin dugu kontrastea, eta ez zaigu iruditu egokiegia.

Euskaltzaindiaren hiztegiak hala baitio:

parte oneko
adj. Behar bezalakoa; parte txarrekoa ez dena.
(Ezezko esaldietan).
Erre usain hori ez zen parte onekoa.

=/= parte txarreko
adj. Badaezpadako gauzekin zerikusiren bat duena.
Parte txarreko jendea.

Esandakoa: baztertu egin dugu formula hori, kontua ez delako parean dugun pertsona hori โ€œzintzoaโ€ edo โ€œgaiztoaโ€ den epaitzea.

d) Kausitu aditzaren erabilera. Sekula ez nuen pentsatu gaztelaniazko caer bien aditzaren baliokide izan daitekeenik. Orain arte, esanahi hauen berri baizik ez nuen:

Euskaltzaindiaren hiztegiak hala dio:

kausitu, kausi, kausitzen
1 da/du ad. Aurkitu, ediren. Kausitu du bilatzen zuena. Mina berehala kausitu dit eta berehala sendatu. Han kausituko dugu betiko atsedena. Lo zuten kausitu. Bi nagusien artean kausitzen nintzen. Hor kausitzen da egiazko atsedena.
2 du ad. Ipar. Lortu; (azterketa edo kideko bat) gainditu. Gure elkarteak lehen urratsa egina du kalitate erreferentzia ofizial bat kausitzeko. Gure gazteek kausitu dituzte beren etsaminak.

Baina, sorpresa:

Elhuyar hiztegiak hala dio โ€“Euskaltzaindiak jasotzen dituen esanahiez gaineraโ€“:

kausitu, kausi, kausitzen
(โ€ฆ)
3 dio ad. (Ipar.) complacer, agradar, gustar
orori kausitzea lan da: agradar a todos cuesta trabajo

Irakurle, zer formula lehenesten duzue zuek? Edo, are: hemen bildu ez dudan beste zer esamolde gomendatuko zeniokete nire lagunari? Atseginez irakurriko ditut zuen erantzunak.

Aitortuko dut: ez nuen espero blog honetan idatziko nuen lehenbiziko sarrera halako duda bat plazaratzeko baliatuko nuenik, inozente eta lotsati. Ordea, seguru nago aurrerantzean ere izanen dudala aukerarik kazetari baten itzulpen zalantzak esplikatzeko. Edo nabarmentzeko euskarazko kazetariok zenbateraino gauden kondenatuak etenik gabeko itzulpen lanera; onerako eta txarrerako.

Sarri arte.