Lotsaizuna, 2001-2011

Isabel Etxeberria Ramírez

Ariketa polita iruditu izan zait beti hitzen erabileraren arrastoei jarraitzea. Egun batean konturatzen zara halako hitza —halako nobelan irakurri zenuena duela ez asko, eta ezezaguna edo ezohikoa zitzaizulako begira jo zizuna—, halako zutabegileak erabili duela bere eguneroko testuan. Handik gutxira hirugarren egile baten blogean agertuko zaizu delako hitz hori, eta hurrengoan laugarren baten txio batean. Hitzen berraurkikuntzak, zabalkundeak eta erabilera-modak fenomeno misteriotsuak dira. Nola uler daiteke, adibidez, azken urte hauetan begitandu hitzarekin gertatzen ari dena? Ziur naiz corpusen laguntzaz erraza litzatekeela hitz horren baturako berraurkikuntzaren bideari jarraitzea: zein mendebaldetar idazle edo kazetari garaikidek (ber)erabili zuen zein testutan lehenengoz; zer unetan egin zuen salto hitzak literaturatik prentsara, edo prentsatik literaturara, edo literaturatik sare sozialetara; zenbat hilabete edo urte behar izan diren Mendebaldekoak ez diren hiztunak hitzaren exotikotasunaz jabetu eta haiek ere (ondo edo gaizki) erabiltzen hasteko…

Batzuetan euskalki batek beste hiztunen belarrietan piztutako lilurak eragiten ditu halakoak. Beste batzuetan berrikuntzak izaten dira, nahitakoak zein laprast batetik sortutakoak (aix, ramegante dotore hura!, nik ikusten nizkion aukerak, ba, baina bidean galdu zitzaigun). Askotarikoak dira sorburuak eta pizgarriak. Eta horietako bat, beste hizkuntza-fenomeno askotan gertatzen den bezala, itzulpena delakoan nago: itzultzaileek erdal testuak euskaratzean testuok ezartzen dizkieten zailtasunei erantzun nahian proposatzen dituzten (ber)aurkikuntzak.

Aspalditik dut gogoa horrelako hitz bati arrastoa jarraitzeko, eta gaurko post hau erabiliko dut horretarako. Zuzenean, eta aurretiko probarik gabe. Itzulpen lan batek egindako ekarpen zehatz bat nola hedatu den aztertzen saiatuko naiz, Egungo Testuen Corpusa erabiliz.

2004. urtean, J.M. Coetzee hegoafrikar idazlearen nobela bat argitaratu zen lehenegoz euskaraz, Elkar argitaletxean, Oskar Arana blogkidearen itzulpen lanari esker. Disgrace zuen izenburu jatorrizko testuak, eta euskarazkorako Lotsaizuna aukeratu zuten. Ingelesezko Merriam-Webster hiztegiak honela definitzen du disgrace hitza:

1               a :  the condition of one fallen from grace or honor
                b :  loss of grace, favor, or honor

2               a source of shame <your manners are a disgrace> <he’s a disgrace to the profession>

Euskaraz desohore, lotsa, ahalke, ahalkeizun, laido edo lotsaizun, Elhuyar eta Morris hiztegien arabera. Gaztelerazko itzulpenerako Desgracia erabili zuten (deshonor edo deshonra egokiagoen kaltetan), eta eztabaidatxoren bat piztu zuen erabaki hark, Idoia Santamaríak duela gutxi argitu zigunez. Frantsesez ere gazteleraz bezala jokatu zuten: Disgrâce.

Nik lehenengoz irakurri nuen lotsaizun hitza 2004. urte hartan. Ez dut uste bakarra izan nintzenik. Eta harrezkero gero eta gehiago irakurri dudalako susmoa dut. Nobela ezagun bateko izenbururako hitz orain arte ezezagun samarra aukeratu izanak hitz horren erabilera bultzatu zuela uste dut, alegia. Eta Egungo Testuen Corpusa erabiliz saiatuko naiz susmo hori egiaztatzen.

ETCk 2001etik 2011ra bitarteko testuak jasotzen ditu une honetan. 204,9 milioi hitz guztira, prentsatik eta literatura lanetatik jasoak gehienak. Testu itzuliak zein zuzenean euskaraz sortutakoak. Bilaketa egin dut, bada, honako erabaki hauek hartuta:

  1. Hiru multzotan banatu ditut emaitzak: literatura itzulia, euskaraz sortutako literatura eta prentsa.
  2. Bi datu mota jaso ditut: zenbat agerraldi dituen hitzak, batetik, eta agerraldi horiek zenbat testutan biltzen diren, bestetik.
  3. Bazter utzi ditut Lotsaizuna nobelaren literatur kritika eta abarretan eginiko izenburuaren aipamenak.

Hona datuak:

laukia

 

Eta testu kopuruak diagrama gisa adierazita

grafikoa

Onartu beharra dut: emaitza ikusgarriagoak espero nituen. (Lehenago ere esan dut: aurretiko probarik gabe egin dut bilaketa, post hau idatzi ahala, eta atzera egiteko asmorik —eta astirik— gabe).

Eta, hala ere, datuak interpretatu eta ondorio batzuk atera daitezke:

  1. Hitzaren erabilera ia hutsaren hurrengoa zen euskal idazleen literatur lanetan Oskar Aranaren itzulpena argitaratu aurretik, eta zertxobait handiagoa harrezkero.
  2. Hitzaren erabilera nabarmen handiagoa izan da hamar urteotan itzulpenetan euskal idazleen literaturan baino.
  3. Erabilera proportzioek modu paraleloan egin dute gora eta behera literatura itzulian eta ez itzulian (marra urdina eta gorria paraleloak dira, eta behin baino ez dira gurutzatzen).
  4. Prentsan gorakada handia izan du hitzaren maiztasunak 2008tik aurrera. Egia da erabilera zehatz batek pisua izan duela (lotsaizunaren/lotsaizuneko harresia), baina ez erabakigarria izateraino: azken lau urteetan lau testutan erabili da termino zehatz horretan.
  5. Guztizkoei erreparatuz gero, erabilera handiagoa nabari da 2004tik aurrera.

Bistan da ezin dela ondorio erabatekorik atera (edo ez behintzat nik nahi eta espero nuen bezain erabatekorik), baina joera apalak identifikatzeko balio dute datuok: lotsaizun hitzaren erabilera ez behera, ez berdintsu; gora egin du azken urteotan. Coetzeeren itzulpenaren eragina ote den, frogatu gabe geratu beharko da. Oraingoz eta ziur aski betiko.

Martuteneko motelgarriak

Isabel Etxeberria Ramírez

Egin dezagun jolas. Zer adierazten du motelgarri hitzak? Horrela, testuingururik gabe.

Hiztegietan begiratuta, zera topatuko dugu: Elhuyarren, atenuante; Euskaltermen, testuinguru motelgarri = contexto empobrecedor (hezkuntza eta pedagogia arloan); Labayrun, atenuante; OEHn, entumecedor. Euskaratik frantseserako hiztegietan ez da ageri.

Eta izen gisa, objekturen batekin lotzen al dugu motelgarri hitza? Esango nuke ezetz.

Orain, irakur dezagun pasartetxo hau:

Gero, motxilez kargatuta ikastetxerako bidean doan beste ume talde bat pasa dadin itxaron ondoren, martxan jarri du motorra Pilarrek atzeko atea ireki eta poltsa eta maletatxo txikia botatzen dituenean justuki. Albokoan jesarri da blusaren botoiak lotzen dituela. Ohikoa du auto barnean amaitzea janzten. Aparailuren bat itzaltzera edo leihoren bat ixtera igo behar izan duela ostera, hainbeste berandutu izana justifikatzeko. Kale irteeran jarri berria duten motelgarrira hurbiltzerakoan ia gelditzeraino apaldu du abiada eta lehenengo martxan gainditu du, poliki oso, Pilarren begiratua soinean nabari duela, harrituta pentsatzen du, hainbesteko presa izanda horren zuhur dabilelako.

Pasarte hori Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobelatik hartu dugu. Eta hor, motelgarri hitzak, ikusten denez, egilearen erdara nagusian badén, resalte, resalto, bordo, guardia tumbado hitzen bitartez izendatzen den errealitatea adierazten du. Hiztegietan begiratuta, sakonune nahiz irtengune proposatzen da halakoei esateko. Itzul posta-zerrendan ere atera zen galdera, eta erantzun gutxi jaso zituen: pasabide goratua, errepideko muinotxoa. Saizarbitoriak hiztegiei muzin egin, eta beste bide batetik jo du bere proposamena egitean: objektuaren itxura fisikoa hautatu beharrean (planotik irten edo nabarmentzen den gunea), haren funtzioa edo erabilera aukeratu du objektua izendatzeko irizpide: abiada moteltzeko erabiltzen dena. Frantsesez bezala, bestalde. Internet eta hiztegiak azaletik kontsultatuta, halakoei frantsesez ralentisseur deritzela ondorioztatu dut.

Nire iritzian, bete-betean asmatzen du Saizarbitoriak pasarte honetan (eta nobelako beste askotan) lexikoa hautatzean. Testuinguruak eskaintzen duen informazio inplizitua baliatzen du ezohikoak, ezezagunak eta batzuetan guztiz pertsonalak diren lexiko hautuak egiteko, eta komunikagarritasun erabatekoa lortzen du. Irakurlea ez da esaldiaren erdian trabaturik geratzen, eta ulermena berez bezala gertatzen da. Esfortzurik gabe irensten eta ulertzen ditugu proposamen lexikalok.

Ez naiz ni terminologian aditua, eta suma ditzaket orain, entzun ia, post hau irakurtzen ari diren blogkide eta irakurle terminologoak beren eserlekuetan berregokitzen, deseroso, burua batera eta bestera mugitzen duten bitartean. Imajinatzen dut terminoek zenbait baldintza bete beharko dituztela egokiak izango badira, ondo aztertuta eta mugatuta egongo dela hori, eta komunikagarritasunaz gain, beste zenbait irizpide ere kontuan hartu beharko direla, hala nola esanahian espezifikotasun eta esklusibotasun gutxieneko bat izatea terminoak. Alegia, hartzaileak, terminoa irakurrita edo entzunda, izendatu nahi den errealitatea anbiguotasunik gabe identifikatu ahal izatea. Eta bistan da: enpresa batek udal bati aurkeztu dion aurrekontuan zazpi motelgarri kobratu nahi badizkio, ez dut uste dagokion udal teknikariak berehalakoan ulertuko duenik zer den ordaindu beharreko hori; zalantzarik ez du izango, ordea, siete badenes irakurtzen badu.

Eta, hala ere, a zer gozamena Martutenen halakoak irakurtzea.

Adibide gehiago: zer dira tantakakoa, haizegeriza, jertse mokoduna? Hara:

Abaituak binaka igo ditu orain ospitalera daramaten eskailerak. Bakarka nahiz taldean zigarroak ahitzen dituen jendea atarian. Batzuk bata zuriz. Gazte bat aulki gurpildunean kamisoia soinean zango meheak agerian dituela tantakako bati lotua, erretzen, aire malenkoniatsu batekin hori ere.

Well, esan du, eskua, eskuinekoa orain heldulekuan jarriz ostera, eta atea irekitzeko beste keinurik egiten ez duen arren, gizonak badaki orain bai, azkenean agur egiteko momentua iritsi dela. Isilik irautea erabaki du ezkerreko eskua bolantean, eskuinekoa balaztaren palankan, atea ireki dezan zain. Ez du berehalakoan egin. Aurrena haizegerizatik begira geratu da une batez, isilik bera ere, eta ireki ondoren beste apur bat iraun du, despeditzeko modua aurkituko ez balu bezala.

Aspaldiko partez blujinak ditu soinean, zetazko alkandora zuria, mokodun jertse urdin argia, eta perfume berri baten lurrina dario.

Inork zalantzarik izan al du hiztegietan ageri ez diren hitz horiek deskodetzeko orduan? Eta zer esan beste proposamen pertsonal eta ausartago honetaz:

Osteratu denean baretuagoa dirudi Pilarrek, baina ezagun du negar egin duela. Ez du deus esan eta berak ere ez dio deus galdetu. Isilik zirkulatu dute eta bi itzuli eman behar izan dizkio taloari irteera egokiaren bila. Seinale gehiegi. Amara, Erdialdea, Hernani, Frantzia. Hurrengoan Pilarrek seinalatu dio bidea ahots apalez, eta nola joan zaion galdetzen ausartu da.

Niri behintzat poz ikaragarria ematen dit ikusteak euskal idazleen liburuetan ere pertsonaien autoak motelgarrien gainetik igarotzen direla, edo autoko haizegerizatik begira geratzen direla pertsonaiak; eta beldurrik gabe aipatzen dela ospitalean gaixorik dagoenak tantakakoa duela besoari lotua; eta idazleak ausartu egiten direla halako pertsonaiaren janzkera xeheki deskribatzen, eta jertse mokoduna zeramala zehazten… Gure egunerokoan euskaraz izendatzen ez ditugun errealitate hain arrunt horiek euskaraz izendatzen direla, alegia, gure hizkuntzaren egoera anormala (edo normalizatu gabea) gorabehera, modu ulergarrian eta naturaltasun osoz aipatu ere.

Ramon Saizarbitoriaren izena erabili dut ahotan testuan honaino. Gauza jakina da, ordea, Koldo Izagirrek irakurri eta orraztu zuela nobela argitaratu aurretik. Ez dakit hona ekarri ditudan adibideak bietarik zeinen burutik atera diren. Nolanahi ere, Saizarbitoriak emanak balira, eskerrik asko, Koldo, haiek gordetzeko bezain jakintsua izateagatik; eta Izagirrerenak izan badira, eskerrik asko, Ramon, besteren proposamenak onartzen jakiteko bezain buruargia izateagatik.

Benfican edo piztiak bizi diren lekuan

Isabel Etxeberria Ramírez

Duela urtebete baino gehiago, Asier Larrinagak euskarazko bikoizketaren aldeko aldarria egin zuen (ez lehenengoz eta ez azkenekoz ere) blog honetan. Eta aitortza gisa egin zuen, irakurleoi euskarazko bikoizketaren bere historia sentimentala eskainiz. Ariketa polita iruditu zitzaidan hura, aitortza guztiek bezala hunkigarritik ere bazuena. Denbora aurrera doa, blog honetako postak pilatzen doaz, eta, gehiago edo gutxiago, 31 eskuotako bakoitzaren interesguneak, setak eta obsesioak agerian geratzen ari dira. Niri, honezkero, nabarituko zitzaidan itzulpenak euskal literaturari eta euskarari oro har ustez egiten dizkion onurak bistaratzeko tema. Dela literatur kanona osatzen laguntzen duelako, dela literatur estilo eta korronte berriak ekartzen dizkigulako, dela hizkuntzaren garapenean eta (ber)hornitze-prozesuan laguntzen duelako, ni ere, Anjel Lertxundik 1993 hartan esan zuenarekin bat, itzulpena euskal literaturako albiste esanguratsuenetako bat delakoan nago[1]. Itzulpenetako euskara ezaugarritzeko ahaleginari buruz idatzi ditudan azken post akademiko(egi)etan ere igarriko zitzaidan itzulpenak euskarari dakarzkion onurak frogatzeko asmoa. Oraingo honetan bazter utziko ditut akademiakeriak, eta Asierren ereduari jarraituz helduko diot nire tema pertsonalari: aitortza eta omenaldi subjektibo-sentimentalaren bidetik.

Esango nuke 1990eko hamarkadatik aurrera euskarazko literatur itzulpenak izan duen garapen kuantitatibo eta kualitatiboari esker, garai hartan nerabe edo gazte ginenok —alegia, literatura unibertsala esploratzen hasteko adin zoragarrian geundenok— literatur eta kultur erreferente asko zuzenean euskaraz jasotzeko zortea izan dugula, orduan eta harrezkero, lehenbiziko aldiz denbora luzean[2]. Eta ordutik hona gutako bakoitza osatuz joan den literatur ondarean —oso zentzu zabalean ulertuta literatur ondarea: irakurritako liburuak, baina baita izenburu hutsez baino ezagutzen ez ditugunak ere, edo pertsonaien esaldi ospetsuak— aurreko belaunaldienean baino pisu handiagoa duela euskarak. Euskalduntasun hori, jakina, norberaren gustuen, zaletasunen eta ibilbidearen araberakoa da; errepikaezina, beraz, literatur ondarea bezalaxe.

Nire kasuan —Hegoaldeko hiztuna, etxe erdaldun batean jaio eta eskolan euskaldundutakoa, literaturazalea, nahi baino gutxiago baina estatistikek zehaztutako batez bestekoa baino gehiago irakurtzen duena—, Faulkner-en obraren bat aipatzeko eskatuko balidate, honela zerrendatuko nituzke, ziur aski: Mientras agonizo, Hotsa eta ardaila, SantuarioMientras agonizo aipatu eta gero, As I lay dying zehazteko gai izango nintzateke, modu automatiko samarrean. Eta Hotsa eta ardaila esandakoan, The sound and the fury. Eta luze gabe, El sonido y la furia itzuliko nuke. Baina, hara: lerrook idazten ari naizen bitartean wikipediara jo dut, ziurtasun bila, eta El ruido y la furia dela deskubritu dut.

Bartleby, ordea, hein berean da escribiente eta izkribatzailea nire garunean. Eta haren esaldi ospetsua gogoratu nahi badut, aukeran nahiago ez eta preferiría no hacerlo-ren artean duda egiten dute nire neuronek. Ziur aski garai bertsuan irakurri nituelako Ereinen argitaratutako euskarazko itzulpena eta Augusto Monterroso eta Barbara Jacobs-en Antología del cuento triste hartan topatu nuen gaztelerazko bertsioa.

Primo Levi-ren Sistema periodikoa iltzatuta geratu zitzaidan gogoan. Hau gizon bat bada-k, aldiz, heldu samarra nintzela harrapatu ninduen, eta susmoa dut liburu hori Si esto es un hombre izango dela niretzat betiko.

Duela ez asko, Spike Jonze-ren azken filma ikustera joan nintzen zinemara, eta gure auzoko Carrefoureko langileetako baten ondoan esertzea egokitu zitzaidan. Handik egun gutxira, supermerkatuan erosketak ordaintzen ari nintzela, filmaz galdetzera ausartu nintzen azkenean, eta Jonze-ren filmografiari buruzko elkarrizketa labur bat izan nuen mutil harekin, salgaiei barra-kodea irakurtzeko gailua pasatzen zien bitartean. Duda egin nuen ikaragarri gustatu zitzaidan film bat aipatzean: Donde viven las bestias edo Donde viven los monstruos? Filma inspiratu zuen liburua Where the wild things are da, Maurice Sendak-ena. Gure etxean Piztiak bizi diren lekuan da; halaxe irakurtzen diogu umeari gau askotan, eta halaxe geratu zait grabatuta nire literatur ondarean.

Garai bertsuan edo, El país egunkarian Bohumil Hrabal-en Trenes rigurosamente vigilados liburua aipatuta ikusi nuen. Ezaguna zitzaidan zerbaiten oihartzuna ekarri zidan izenburu horrek, baina ezin izan nuen erabat kokatu itzulpen intrakraneala egin nuen arte: Zorrotz begiratutako trenak obraz ari ziren.

Aurreko maiatzaren 24an, Europako Parlamenturako hauteskundeen bezperan, UEFAko Txapeldunen Ligako finala jokatu zuten Espainiako bi taldek Lisboan. Partida Estádio da Luz delakoan izan zen, Benfica auzoan, S.L. Benfica futbol-taldearen zelaian, hain zuzen. Egun hartan, edo aurreko egunetako batean, komunikabideren batean Benfica lehenengoz aipatzen entzun nuenean, harritu eta poztu egin nintzen nire ezjakintasun erabatekoan. “Hara, orduan, Lobo Antunesen nobelan hainbestetan aipatzen den Benfica horretan estadio bat dago!”. Eta Lobo Antunesen nobela, jakina, euskaraz irakurri dut: Gauzen ordena naturala[3].

Zerrenda amaigabea da. Coetzee Lotsaizuna obrari esker deskubritu nuen (bide batez, nola itzuli zuten gaztelerara: Desgracia? Deshonor?). Boris Vian Ttu eginen dut zuen hilobietan-en bidez. Flannery O’Connor ere euskaraz ezagutu dut. Eta Horace McCoy, eta Irène Némirovski, eta Raymond Carver, eta Steinbeck, eta…

Eskerrak ematea baino ez zait geratzen euskarazko nire literatur ondarea aberasten lagundu didaten guztiei: Maria Garikano, Juan Garzia, Mikel Irurtia, Koldo Izagirre, Fernando Rey, Oskar Arana, Juantxo Ziganda, Itziar Otegi, Xabier Olarra, Eider Rodriguez, Mikel Garmendia, Jose Antonio Sarasola, Juan Mari Mendizabal, Koro Navarro, Iñigo Errasti, Iñigo Roque… Bihotz-bihotzez.

[1] “Itzulpengintzan egin den ahalegina jotzen dut, batere zalantzarik gabe, azken urteotako euskal literaturan gertatu den albiste esanguratsuen”. Anjel Lertxundi (1993) Jakin 79, 59-60.

[2] Baina ez ezinbestean lehen aldiz euskal literaturaren historian. XVII-XVIII. mendeetan Kempisen Kristoren imitazioa edo XIX. mendean Brabanteko Genobebairakurtzen zutenek ere orduko bestsellerrak irakurtzen zituzten euskaraz zuzenean.

[3] Inork azken anekdota honetan pose bat ikusi usteko balu, jakin dezala ez dela hala. Inondik inora harrotzen ez nauen ezjakintasun baten seinale da, besterik ez.

Itzulpen-unibertsalak eta euskara (II)

Isabel Etxeberria Ramírez

Aurrekoan itzulpen-unibertsalen auziaz aritu ginen, eta azaldu genuen ahalegin ugari egin direla azken bi hamarkadetan hizkuntza itzulia ezaugarritzeko, edo, bestela esanda, testu itzuli orotan, edozein direlarik ere sorburu- eta xede-hizkuntza, nabarmentzen diren jokaera linguistiko ustez unibertsalak identifikatzeko. Unique item edo osagai esklusiboak dira itzulpen-unibertsala izateko hautagaietariko bat. Labur azalduta, hizkuntza bakoitzak bere-bereak dituen egitura linguistikoak dira osagai esklusibook, beste hizkuntzetan baliokide zuzenik ez dutenak. Pentsatzekoa da itzultzaile batek gutxi(ago)tan erabiliko dituela horrelakoak bere itzulpen lanetan; izan ere, molde hori hautatzera bultzatzen duen estimulurik ez badago sorburu-testuan, nekez aktibatuko da aukera hori itzultzailearen gogoan. Corpusak konparatuz egin diren ikerketa guztiek ez dute, ordea, hipotesi hori berretsi. Zenbaitetan, antzeko erabilera-maiztasunak hauteman dira testu itzulien eta ez itzulien corpusetan (edo are apur bat handiagoak itzulpenetan). Guk ere emaitza gorabeheratsuak lortu ditugu euskarazko corpusekin egindako saio honetan eta honetan, besteak beste.

Sandra Halverson[1] ikertzaile norvegiarrak diziplinartekotasunari probetxu atera, eta kognizio-hizkuntzalaritzaren ekarpenak aldean hartuta hurbildu da itzulpen-unibertsalen auzira. Proposamen interesgarria da Halversonena, handik eta hemendik datuak eta ideiak hartu eta ikusmolde integratzaile batez bateratzen dituena. Eta interesgarria da, orobat, beste ikuspuntu eta diziplina batzuetako ekarpenei atea zabalik uzten dielako.

R. Langacker[2] hizkuntzalariaren hitzetan oinarrituta, Halversonek kognizio-gertakarien (eta horietarikotzat jotzen ditu hizketa-gertakariak ere) sorrera azaltzen digu:

«[A cognitive event] is a cognitive occurrence of any degree of complexity, be it the firing of a single neuron or a massive happening of intricate structure and large-scale architecture. We can assume that the occurrence of any such event leaves some kind of neurochemical trace that facilitates recurrence. If the event fails to recur, its trace decays; recurrence has a progressive reinforcing effect, however, so an event (or more properly, event-type) becomes more and more deeply entrenched through continued repetition».

Alegia, gure neurona zirkuituetan kognizio-ekinaldi bat piztu eta gertatzen denean, gure garunean arrasto neurokimiko bat geratzen da. Kognizio-ekinaldi hori bera berriro burutzen badu gure gogamenak, arrastoa finkatu eta errotu egiten da gure neurona-zirkuituetan, eta aiseago gertatuko da, beraz, etorkizunean.

Halversonek asimetriaren eta gailentasunaren (salience) kontzeptuak proposatzen ditu ondoren. Elementu eta erabilera linguistiko guztiak ez daude berdin errotuta gure neurona-zirkuituetan, eta beraz asimetria gertatzen da haien artean. Zenbait erabilera nabarmendu edo gailendu egiten dira (prominence eta cognitive salience terminoak darabiltza Halversonek), eta halakoek grabitazio-indar bat sortzen dute beren inguruan (gravitational pull). Itzultzen ari garenean ere, eta sorburu-testuko elementuak xede-hizkuntzako elementuekin erlazionatu behar ditugunean, xede-hizkuntzan gailendu ohi diren osagaiak aktibatzen zaizkigu —indarguneak edo grabitazio-guneak, alegia—, xede-hizkuntzako (eta ez sorburu-hizkuntzako) grabitazio-indarren arabera.

Unique item edo osagai esklusibo horiek itzultzaileen testuetan itzulpen ez direnetan baino maizago ageri direnean (Anna Mauranen-ek[3] finlandierari buruz egindako ikerketa batean, kasurako, edo euskarazko gure adibideetan), osagaiok itzultzaileen neurona-zirkuituetan errotuago eta beraz aiseago aktibatzen direla pentsatu beharko dugu. Zer dela eta? Halversonek ez du erantzun zuzenik ematen, baina darabilen ikusmolde zabal eta integratzaileari esker, kogniziotik kanpoko faktoreei ere leku egiten die:

«It is important to point out, however, that the cognitive factors that I have described are by no means the only external factors that may be posited. Indeed, as I suggested (…), there are also social/cultural factors that must come into play».

Nik ere erantzun erabatekorik ez dut, noski, baina iritzia bai, eta nire iritzi horretan zeresan handia du euskararen egoera soziolinguistikoak. Euskal itzultzaileek ahalegin kognitibo handiagoa egin behar izaten dute, normalean ikergai izaten diren bi hizkuntza pareetako beste itzultzaileek baino, hautagai diren aukera linguistikoen artean bilaketa aktiboa egin eta egokiena aktibatzeko. Eta bi arrazoi nagusirengatik egin behar dute ahalegin handiagoa, nire ustez: euskararen eta erdaren arteko distantzia linguistikoagatik, batetik; eta, mendeetako diglosiaren ondorioz, pobretua dugulako hizkuntza erabilera mailan, eta euskal itzultzaileak beste hizkuntzetako itzultzaileek baino gehiagotan egin behar duelako bilaketa aktiboa sorburu-testuak ezartzen dizkion zailtasunei egoki erantzuteko. Eta, Halversonek dioenez, «clearly, if such active searches are repeated often enough, these more indirect activation patterns would also become entrenched, as the necessary connections are strengthened».

Bestela esanda, euskal itzultzailearen gogamenak zailago du ordain egokiak topatzea; ez du beste itzultzaileek bezain automatizaturik ordainen bilaketa; beste itzultzaileek baino ahalegin kognitibo handiagoa egin behar du (bilaketa aktiboa); eta, era berean, beste euskal hiztunek baino ahalegin kognitibo handiagoa egin behar du hizketa ekoizten duenean, bilaketa aktiboa egin behar baitu sorburu-testuaren estimuluek edo erronkek hartaratuta; euskal itzultzaileak bere bilaketa-lanean aurkitzen edo berreskuratzen dituen aukerak arian-arian errotuz doaz bere neurona-zirkuituetan, eta, ondorioz, gailenduz.

Uste dut ez dela kasualitatea euskararenaren antzeko emaitza gorabeheratsuak lortu izana non eta Finlandian. Eta hain zuzen ere Anna Mauranen ikertzaile finlandiarrak hizkuntzen arteko kultur harremana aipatzen du, besteak beste, bere azterlaneko emaitzen esplikazio gisa: sorburu-kultura hegemonikoa (ingelesa) eta xede-kultura menderatua (suomiera) ditu aztergai.

[1]Halverson, S. (2003) «The cognitive basis of translation universals» Target 15:2, 197-241.
[2]Langacker, R. (1997) Foundations of cognitive grammar 1. Stanford University Press, Stanford, California.
[3]Mauranen, A. (2000) «Strange strings in translated language: A study on corpora» in Olahan, M. (ed.) Intercultural faultlines: Research models in Translation Studies. Textual and cognitive aspects. St. Jerome, Manchester, 119-141.

Itzulpen-unibertsalak eta euskara (I)

Isabel Etxeberria Ramírez

1993an Mona Baker-ek[1] itzulpen-unibertsalei buruzko bere proposamena formulatu zuenetik, ahalegin ugari egin dira hizkuntza itzuliaren bereizgarriak identifikatzeko, zehazteko eta frogatzeko. Baker-en proposamenaren arabera, badira testu itzuli orotan, edozein direlarik ere sorburu eta xede hizkuntzak, testuok ezaugarritzen dituzten joera edo jokamolde linguistiko batzuk, itzultze-prozesutik beretik eratorriak. Hau da, hizkuntza itzulia, itzulia izateagatik, beste hizkera batzuetatik bereizten da zenbait ezaugarritan.

Horrela, bada, Baker-ek (eta gerora beste hainbatek) azaldu dute itzultzaileek mezua esplizitatzeko joera dutela, jatorrizkoan ageri ez diren konektoreak eta birformulatzaileak txertatuz, adibidez; edo jatorrizkoaren anbiguotasunak hausten eta argitzen saiatzen direla; edo sinplifikazioa gertatu ohi dela testu itzulietan, hala lexikoaren aberastasunean nola sintaxiaren konplexutasun mailan; edo testu itzulietako hizkera kontserbadoreagoa izaten dela, eta jatorrizkoaren egilearen ausardiak neutralizatu nahiago izaten dituztela itzultzaileek (testu itzulietako kolokazioak, kasu, estandarragoak eta ohikoagoak izaten direla, eta kolokazio berri eta berritzaileak itzulpen ez diren testuetan ageri ohi direla maizago).

Unibertsal, arau edo erregulartasun horien existentzia frogatzeko hainbat ikerlan egin dira, corpusetan oinarrituta, azken bi hamarkada hauetan. Testu itzulien eta ez itzulien corpusak erkatuta, askotariko adierazleak neurtzen saiatu dira: corpus bataren eta bestearen lexiko-dentsitatea, sintaxi-konplexutasuna, perpausen batez besteko luzera, eta sinonimoen erabilera-maiztasunak, besteak beste. Emaitzak gorabeheratsuak izan dira. Zenbait azterketak eta datuk berretsi egin dute unibertsalen teoria, baina beste ikerlan batzuetan ustekabeko emaitzak ere lortu izan dira, eta ahots kritiko batzuek unibertsalen unibertsaltasuna zalantzan jarri dute. Kritikak ez du ukatzen, oro har, itzulpenetako hizkuntza itzulpen ez diren testuetako hizkuntzatik bereizten denik, eta onartzen du, beraz, itzultzaileek idazleenak ez bezalako zenbait joera ageri dituztela beren idatzietan. Baina zuhurrago jokatzen du, eta halako jokaera edo jaiduren orokortasunaz duda egiten du. Kritiko ageri direnen ustez, arreta handiagoa eskaini beharko litzaieke zenbait faktoreri, hala nola itzulpen mota edo generoari, sorburu hizkuntzaren eta xede hizkuntzaren arteko hurbiltasun/urruntasun tipologikoari, eta abar.

Unique item delakoa da espero ez bezalako datuak eman dituzten unibertsaletariko bat. Hizkuntza bakoitzak bere-bereak dituen osagai linguistikoak dira unique item edo item esklusibo horiek, gainerako hizkuntzetan baliokide zuzenik ez dutenak. Euskaraz, adibidez, baldintzazko perpaus ezezko bat eraikitzeko, beste hizkuntzetan ohikoa den bideaz gain (ez + ba-), bi ezaugarriok batzen dituen menderagailu bat dugu: ezean. Pentsatzekoa da horrelako osagai linguistikoak gutxiago erabiliko direla itzulpenetan itzulpen ez diren testuetan baino. Izan ere, sorburu testuan itzultzailea halako osagaia erabiltzera bultzatuko duen estimulurik (baliokide zuzenik) ez dagoenez, aukera linguistiko hori nekez aktibatuko da itzultzailearen gogoan. Gai honi buruz egin diren ikerketetako batzuetan, ordea, zalantzari bide ematen dioten datuak lortu dira: halako osagaien erabilera-maiztasuna antzekoa edo are handiagoa zen testu itzulietan testu ez itzulietan baino.

Euskarari dagokionez, horrelako proba bat aurkeztu genuen blog honetantxe duela ez asko. Orduko hartan, bi-biak eta biak ala biak egituren erabilera-maiztasunak aztertzen genituen Ereduzko Prosa Gaur corpusean. Eta emaitzak, ikusgarriak izan gabe ere, esanguratsuak ziren: bi-biak egiturari dagozkion aldaerak (bi-biak, bi-biok, bi-biek, bi-biei…) itzulpenen azpicorpuseko 60,04 liburutan[2] erabiltzen ziren, eta euskaraz sortutako testuetarik 42tan; biak ala biak multzoari dagozkionak, 69,52 testu itzulitan eta 63 ez itzulitan.

Beste zenbait egitura morfosintaktikorekin proba eginda, emaitzak gorabeheratsuak dira. Hemen zenbait adibide:

isabelena

Batzuetan handiagoa da erabilera testu itzulietan, eta beste batzuetan testu ez itzulietan. Baina ez da ikusten, edonola ere, halako osagai esklusiboak maiztasun handiagoz erabiltzen direnik, nabarmen eta sistematikoki, euskal idazleek sortutako testuetan itzultzaileenetan baino.

Bistan da azterketa zabalago, xeheago eta sakonagoa egin behar dela oraindik. Baina, aurreragoko beste erkaketa batzuetako kopuruek lehen inpresio hau berretsiko balute, balio beharko al lukete datuok ere itzulpen-unibertsalen existentzia zalantzan jartzeko? Edo haien unibertsaltasunari ñabardurak egiteko, behintzat?

Uste dut oso garrantzitsua dela, itzulpenetako hizkera ezaugarritu nahi honetan, euskara ikertzeak egin dezakeen ekarpena. Euskara, bere hizkuntza-ezaugarrietan, ikerketa akademikoan aztergai izan ohi diren hizkuntzetatik oso urrun dagoelako, batetik; bestetik, eta batez ere, hizkuntzaren estatusak auzi honetan zeresan handia duelako, nire ustez, eta euskararen diglosia-egoerak, beraz, jokaera batzuk sustatu eta esplikatu ditzakeelako.

Martxoaren 26an eta 27an I. Hermeneus Kongresua egin zen Soriako Itzulpengintza eta Interpretazio Fakultatean. Hitzaldietako batean, Valentziako Jaume I unibertsitateko Josep Marco Borillo irakasleak unibertsalen inguruko eztabaidaren laburpen zentzuzko bezain argigarri bat aurkeztu zuen, eta osagai esklusiboen auzia ulertzen lagundu dezakeen hurbilpen teoriko baten berri eman zigun. Proposamen hori euskararen kasuari ondo egokitzen zaiolakoan nago. Gaurkoa luze jotzen ari da, eta intriga apur bat sortzeko baliatuko dut. Maiatzerako utziko dugu teoria horri buruzkoa, beraz. Oraingoz, izen bat baino ez, inork jakin-mina balu: Sandra Halverson.

[1] Baker, M. (1993) «Corpus linguistics and translation studies: Implications and applications», M. Baker, G. Francis, eta E. Tognini-Bonelli (arg.) Text and technology: In honour of John Sinclair, John Benjamins, Philadelphia / Amsterdam, 233-250.

[2] Ereduzko Prosa Gaur corpusean 111 testu itzuli eta 176 testu ez itzuli biltzen dira literatura arloan. Bi azpicorpusen arteko desoreka konpentsatzeko, testu itzuliei dagozkien kopuruak bider 1,58 egin ditugu (176 zati 111 egitearen emaitza).

Bi-biak, biak ala biak

Isabel Etxeberria Ramírez

Lehenago ere hizpide hartu dira blog honetan euskara itzuliaren eta ez itzuliaren arteko aldeak. Ba ote da euskarara itzulitako testuetan (eta ez euskaraz sortutakoetan) sistematikoki eta koherentzia handi samarrez gailentzen den joera linguistiko-estilistikorik, eta alderantziz? Auzi zinez interesgarria da, eta iker-eremu horretan lor litekeen ezagutzak argi egin lezake ulertzeko zer eragin duen itzulpenak hizkuntza baten bilakabidean.

Aurreko batean, horrelako alderaketa-saio baten emaitza bat ekarri nuen hona. Orduko hartan, Ereduzko Prosa Gaur corpusa probaleku hartuta, testu itzulien eta ez itzulien artean ñabardurarako eta espezifikaziorako joeran alderik ba ote zegoen aztertzen saiatu ginen. Oraingoan, beste alderdi bati erreparatuko diogu: euskarak bere-bereak dituen ezaugarrietan, nola jokatzen dute euskal itzultzaileek, eta nola euskal idazleek? Hau da, erdara gehienetan baliokide zuzenik ez duten euskal egiturak maiztasun berarekin erabiltzen al dituzte batzuek eta besteek? Lehen itxura batean, pentsa liteke ezetz; itzultzaileak sorburu-testuan euskal egitura horiek erabiltzera bultzatzen duen ordain zuzenik topatzen ez duenez, gutxiagotan baliatuko dituela halakoak.

Har ditzagun adibide gisa [bi-biak, bi-biok, bi-biek…] eta [biak ala biak, biek ala biek…] egitura multzoak. Salbuespenak salbuespen, nekez aurkituko du erdaretan euskal itzultzaileak [biak, biok, biek…] soilen ordez [bi-biak, bi-biok…] edo [biak ala biak, biok ala biok] egitura enfatikoak ezinbestean erabiltzera bultzatuko duen ezer. Frantsesezko tous les deux egitura izan daiteke, jakina, salbuespen horietako bat, eta bilaketa oso azaleko baten ondoren horixe baieztatu ahal izan dugu: aztergai izan dugun corpusean, euskarazko egitura horietakoren bat darabilten frantsesetiko itzulpenetan, tous les deux agertzen da maiz jatorrizkoan. Ikusiko dugunez, dena den, frantsesetiko adibideek ez dituzte datuak askorik aldatzen.

Orduko hartan bezala, Ereduzko Prosa Gaur corpusa hartuko dugu probaleku, eta egitura horietako bakoitza euskaraz sortutako zenbat liburutan eta euskarara itzulitako zenbatetan erabili den zenbatuko dugu. EPGn itzulpenen eta euskaraz sortutako testuen kopuruak bat ez datozenez (111 testu itzuli vs euskaraz sortutako 176), faktore zuzentzaile bat erabili dugu bi azpicorpusak orekatzeko: 1,58 (176/111 zatitzetik lortua).

Emaitzak ez dira ikusgarriak, baina bai, nire iritzian, esanguratsuak:

 Euskarara itzulitakoak
(liburu kopurua)

 Euskaraz sortutakoak
(liburu kopurua)

bi-biak
bi-biek
bi-biok (abs.)
bi-biok (erg.)
bi-biei
bi-bioi
bi-bien
bi-bion
bi-biotan
bi-bietatik
bi-biez

25,28
12,64
6,32
4,74
0
0
4,74
4,74
0
0
1,58

22
6
1
2
3
1
4
1
1
1
0

GUZTIRA  60,04  42

.

 Euskarara itzulitakoak

 Euskaraz sortutakoak

biak ala biak
biek ala biek
biok ala biok (abs.)
biok ala biok (erg.)
biei ala biei
bioi ala bioi
bien ala bien
bientzat ala bientzat

 33,18
23,7
4,74
1,58
1,58
1,58
1,58
1,58

40
14
3
1
3
0
2
0

GUZTIRA

 69,52

 63

Guztizkoei begiratuz gero:

  • Bi-biak multzoko egitura guztiak kontuan hartuta, 60,04 itzulpenetan erabili dira halakoak, eta euskaraz sortutako 42 liburutan. Frantsesetik itzulitakoak 11 dira (17,38, zuzenketa-faktorea aplikatuta). Frantsesezkoak kenduko bagenitu ere, 42,66 itzulpen eta euskaraz sortutako 42 liburu geratuko lirateke konparagai.
  • Biak ala biak multzoko egitura guztiak kontuan hartuta, 69,52 itzulpenetan erabili dira halakoak, eta euskaraz sortutako 63 liburutan. Frantsesetik itzulitakoak 5 izanik (7,9, zuzenketa-faktorea kontuan hartuta), 61,62 itzulpen eta euskaraz sortutako 63 geratzen dira.

Esan bezala, muturreko daturik ez du ematen konparazio-ariketak, eta hala ere jakingarria iruditzen zait itzulpenetan euskaraz sortutako testuetan adina agertzea bi egiturok. Itzultzaileen kalitateaz mintzo dira datuak, nire ustez. Izan ere, baldin eta jatorrizko testuetan euskal egitura enfatiko horiek erabiltzera bultzatzen duen ezer ez badago, emaitzek aditzera ematen dute itzultzaileek hizkuntza-sen garatua eta jarrera ernea ageri dutela beren itzulpen-lana egin bitartean. Ereduzko Prosa Gaur corpuseko datuak dira, noski. Beharbada horixe da testuok ereduzkotzat jotzeko arrazoietako bat?

Idazle elebidunen pagotxa

Isabel Etxeberria Ramírez

Pasa den astean, uztailaren 22tik 24ra, literatur itzulpenaz gogoeta egin ahal izan genuen EHUren Uda Ikastaroetan, EIZIEk antolaturiko ikastaro batean: «Azkenaldian euskarara itzulitako literatura: bideak, joerak eta esperientziak». Asko eta askotarikoak entzun genituen han: iritziak, esperientziak, adostasunak eta desadostasunak, balorazioak, proposamenak… Ez da hau lekua han esandakoak laburbiltzeko, baina hiru egun haietako gogoeta izpiren bat behintzat ekarri nahi dugu hona. Informazio xeheagoa lortu nahi duenak elearazi blogaren eskutik lortu ahal izango du. Eskerrik asko, berriro ere, Danele eta Garazi.

Azken eguneko azken hitzaldian, Harkaitz Canok autoitzulpenaz eta berridazteko tentazioaz hitz egin zigun. Pantailaratu zizkigun lehen bi aipuek argi laburbildu zuten hitzaldiaren abiapuntua: alde handia dago idazleak idatzi uste duenaren eta benetan idatzi duenaren artean, eta itzulpenak alde hori argitara ekartzen du askotan. Aipuetako batean, Italo Calvinok ohikoa zuen ironiaz deskribatzen zuen egoera:

Cuando veo que no me han robado bien y que no han descubierto lo que había de secreto, me siento desilusionado. (…) es posible que el secreto no existiera si no se encontró.

Anjel Lertxundik, euskalduna baita, ohikoa dugun arrazoiaz esplikatzen du egoera:

En las lenguas en situación diglósica —y, lo que es peor, sucede también con sus escritores—, se produce a menudo un desfase cada vez mayor entre lo que se pretende decir y lo que en realidad se dice. Ello es debido al influjo que la lengua de contacto más poderosa esparce por los más recónditos rincones del débil.

Canok, jarraian, bere autoitzulpenen hainbat pasarte ekarri zizkigun adibide. Itzulpen eraldatuak, denak; jatorrizkoari zerbait gehitzen ziotenak, asko eta asko. Hasierako bi aipuetan iragarritakoaren froga gisa, striptease erabatekoan. Eta halako jokaerek zer efektu izaten duten ondorioztatu zuen segidan: inoiz autoitzulpena egin duen idazleak (eta, oro har, itzulia izango dela dakien orok, ziur aski) ez du harrezkero berdin idazten; idazten ari den testuak itzulpenean nola emango duen gogoan du une oro, eta alerta-egoera horrek eragina du haren idazkeran. Jakina, idazle elebakarrari ez zaio halakorik gertatzen. Akuilu hori falta du bere idazkera hobetzeko. Diglosia eta guzti, horra hor elebitasunaren beste abantaila bat.

Ikastaroko lehen egunean, euskaratu den eta euskaratu beharko litzatekeen kanonaz eztabaidan ari ginela, literatur itzulpenaren zereginetariko bat gogorarazi zigun, entzuleen artetik, Juan Garziak: ereduak ekartzea gurera. Kanpoan erabili diren moldeak, estiloak, baliabideak eta abar euskaraz ematea, gure idazkera eredu berriz hornitzeko. Zirkulua itxita uzten zuen, beraz, Harkaitz Canok. Euskarara itzultzeak gure idazkera aberasten laguntzen du; euskaratik itzultzeak, beste arrazoi eta bide batzuk direla medio, ere bai.

Barkatuko didazue, baina ezin diot tentazioari eutsi. Gaindimentsiona dezagun (pixka bat gehiago, posible bada) itzultzaileen egitekoa: gora itzulpena!, gora diglosia!

Garunak ikusten ez duena

Isabel Etxeberria Ramírez

Topikoak dio itzultzailea dela testu baten irakurlerik onena. Areago esango nuke nik: testu bat itzultzea eta ondoren testu horren beste hamabost edo hogei itzulpen irakurtzea da testu hori ezagutzeko modurik onena. Aurrekoan, testu itzuliak ebaluatu beharrak sortzen dituen kezkez aritu ginen. Dena ez da larritasuna izaten halakoetan, ordea. Ariketa zinez interesgarria izaten da konparatu ahal izatea zer irtenbide eman dioten arazo bati hamabost edo hogei izaki adimendunek. Ikastegi bikaina izateaz gain, norberari buruzko ustea edo iritzia apaltzeko ere balio izaten du beti.

Misterioz ukituak ere izaten dira maiz halako konparazio-saioak. Demagun: Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (Susa, 2013) nobelaren hasiera eman zaie itzulpengintzako ikasle batzuei, euskaratik gaztelaniara itzultzeko. Testuaren bigarren esaldia, hauxe:

Ama hil zitzaidan, hiru hilabete eta erdian, obarioetako minbiziaren kausaz, hogeita hamazortzi urte nituela.

Hamasei pertsonak itzuli dute testua. Hamasei bertsio. Hamaseiren artean, bostek honela aldatu dute zenbakietako bat:

Perdí a mi madre, en tres meses y medio, por culpa de un cáncer de ovarios, cuando yo tenía dieciocho años.

A mi madre, quien falleció a tres meses y medio de descubrir que tenía un cáncer de ovarios, la perdí cuando tenía dieciocho años.

Mi madre falleció en tres meses y medio, debido a un cáncer de ovario cuando yo tenía dieciocho años.

Mi madre murió debido a un cáncer de ovarios, en el transcurso de tres meses y medio, cuando yo tenía dieciocho años.

Mi madre murió a los tres meses y medio, debido a un cáncer de ovarios, cuando yo tenía dieciocho años.

Erraza da ulertzen hutsegitearen arrazoia: hogeita eta hamazortzi osagaien artean, bigarrena bakarrik ikusi dute bost pertsonaren begiek (edo garunek?). Ohar argigarri bat: itzultzaileei eman zaien jatorrizkoaren formatuak ez ditu hogeita eta hamazortzi osagaiak lerro banatan kokatzen; aitzitik, biak ageri dira lerro berean, erdi aldera.

Beste batek, alabaina, honako hau eman du:

Mi madre murió en tres meses y medio a causa de un cáncer de ovario, cuando yo tenía veintiocho años.

Nola ulertu beste akats hori? Hiru osagairen artean (hogeita, hama(r), zortzi), erdikoa huts egin du beharbada, eta bi muturretakoak gorde?

Kontuak ez du aparteko garrantzirik, jakina, baina ezin da ukatu kopuruak baduela pisurik: 16 bertsiotatik 6tan egin zen akatsen bat zenbaki hori zela eta. Eta beste bitxikeria bat: testuko aurreko esaldian (nobelako lehena, eta ikasleek begien aurrean zuten testu zatiko lehena ere bai) beste zenbaki bat ageri zen, eta hartan inork  ez zuen hanka-sartzerik egin:

Begi bat galdu nuen, ezkerrekoa, hamahiru urte nituenean.

Hamasei itzulpenetatik hamaseiek eman zuten trece. Lehen esaldia zelako, ziurrenik, neurri batean; eta idazkeran osagai bakarreko unitatea delako ere bai, agian?

Harkaitz Canoren Twist (Susa, 2011) nobelako beste pasarte batek ere eman zituen datu esanguratsuak:

…zinpeko guardak furgoi blindatuetan bakarrik ezagutzen ditugu oraindik, film noiretako glamurra iradokitzen dute eta ez hogeita bost urte geroagoko erruki mileurista.

Oraingoan, hamaseitik lauk baino ez zuten aldatu zenbakia. Laurden batek.

…sugieren el glamour del film noir, y no la compasión mileurista de veinte años más tarde.

…evocan el glamour del film noir y no la lástima mileurista de veinte años más tarde.

…preven el glamur de los film noire pero no la compasión mileurista de dentro de cinco años.

…sugieren el glamur de los film noir y no la lástima mileurista que los rodeará quince años más tarde.

Lehen hiru hutsegiteak berriro ere esplika litezke esanez zenbakia osatzen duten bi osagaietako bat gailendu dela itzultzailearen begietara: hogei lehen bi adibideetan, bost hirugarrenean. Eta laugarren bertsioa? Zer informazio mota prozesatu du itzultzaile horren garunak 25 > 15 egiteko? Ez dirudi arrazoi grafiko batez azal litekeenik lapsusa. Zer da, beraz, itzultzaile horren neuronetan harrapaturik geratu den informazioa? Itzuli beharreko zenbakia bosten multiplo bat dela, eta zenbaki baxu samarra, adibidez?

Utz ditzagun zenbakiak alde batera, eta gogoeta egin dezagun aditzondoen izaeraz eta garrantziaz. Zein tasun da nabarmenagoa, esanguratsuagoa, garrantzitsuagoa… objektu batean: borobila izatea ala leuna izatea? Zer eragin du izenondoen arteko ordenak haien ikusgaitasunean? Ikus dezagun. Oraingoan Joseba Sarrionandiaren «Gutunak» ipuinak emango digu erantzuna:

…eta une horietan nik luma estilografikoaren punta orritik altxatu, beste punta borobil leuna ahora sartu, eta…

Itzultzaileak, berriro ere, hamasei. Hamasei bertsioen artean, hauxe:

…y en esos instantes yo separé la punta de la pluma de la hoja, metí la otra punta redondeada en la boca, y…

…y en ese momento levanté la punta de la pluma estilográfica de la hoja, me llevé la otra punta redonda a la boca, y…

…y en ese momento levanté la punta de la pluma estilográfica del papel, me metí en la boca la otra punta redondeada y…

…y en esos instantes levanté la punta de la pluma estilográfica de la hoja, introduje la otra punta redonda en mi boca, y…

…y en esos instantes (…) retirando de la hoja la punta de la pluma estilográfica y metiendo la otra punta suave a la boca.

Zergatik ahaztu dute lau pertsonak leun izenondoa, eta zergatik batek borobil? Adierazten al digute adibide horiek ezer izenondo batzuen eta besteen izaeraz, garrantziaz, kategoriaz…?

Artikulutxo honen hasieran ohartarazi behar zintuztedan, eta ez orain: ni ez naiz neurohizkuntzalaritzan aditua, inondik inora. Honelakoak aztertuta eta frogatuta egongo dira jadanik, beharbada. Hala bada, divertimento gisa balioko ahal dio testu honek inori sikiera…

Inpresio orokorra

Isabel Etxeberria Ramírez

Uste dut ez nabilela oker esaten badut irakasleek oro har ez dutela maite beren eskoletan lekukoak izatea. Ikasgela irakaslearen eta ikasleen arteko eremu pribatua da, eta han gertatzen dena han geratzea nahi izaten dute irakasle gehienek. Ni behintzat deseroso sentitu izan naiz beste lankideren batekin ikasleen aurrera agertu behar izan dudanetan; erdi bana eman beharreko ikasgai baten lehen aurkezpen egunean, adibidez, edo azterketa baten zaintzan argibideak ematean. Adi-adi aztertu izan dut nire lankidearen jarrera, posea, ahots-tonua… eta zalantzati ebaluatu nirea. Zer-nolakoa da nire tonua ikasleei hitz egitean? Autoritarioegia? Nagusikeriaz jokatzen al dut? Edo, aitzitik, lotsagabeki aritzen naiz berariaz, haien adiskidetasuna irabazi nahian?

Bada beste egoera bat irakasleok, eta bereziki Itzulpengintzako irakasleok, urduri jartzen gaituena. Demagun: hiruzpalau irakasle elkartu dira, hurrengo ikasturteko Itzulpen Praktikak ikasgaien arteko mailakatzeaz, landu beharreko testu motez eta abarrez hitz egiteko. Haietako batek, gazteena delako beharbada, edo ausartena delako bestela, han bota du, apal samar, lotsati: «Eta ebaluazioa zer? Zuek zer irizpideri jarraitzen diozue ikasleek itzulitako testuak ebaluatzean?». Begirada iheslarien, eztulen eta erantzun lausoen txanda izaten da orduan.

Gutxi idatzi da oraingoz itzulpenaren didaktikaz eta are gutxiago ebaluazioaz. Han eta hemen arakatuta, gogoeta eta proposamen interesgarriak aurkitu ditut ebaluazioaz[1]. Baina irudipena dut ezen, ebaluazioak ikasle bakoitzaren progresioa balioetsi behar duela aldarrikatzearen aitzakian, izkin egiten diotela gehienek ebaluazioa kuantifikatzearen (nota jartzearen) auziari. Eta notak jarri behar dira. Enpresa pribatu batean langile bat kontratatzeko azterketa egiten denean, nahikoa izaten da hautagaien artean enpresarentzat onuragarriena suertatuko dena (edo lehen hiruzpalauak, badaezpada) identifikatzea. Lehiaketa publiko batean, ordea, hautagaiak zerrenda ordenatu batean antolatu behar dira, eta lortutako postuaren arabera hilabete gehiago edo gutxiago pasatuko ditu hautagaiak lanerako deiaren zain, adibidez. Lizentziatura edo gradu batean ugari dira ikasgaiak, baina, hamarrenez hamarren, puntu baten gorabeherak eragina izan dezake beka bat eskatzeko orduan, edo master batean matrikula egitean. Barkatuko ahal didazue materialismoa.

Gai honetaz ingurukoekin hitz egin dudan apurretan, eta lausotasunak lausotasun (nirea barne), zera ondorioztatu ahal izan dut: gehienok bi muturren artean oreka bilatu nahian ibiltzen garela. Akatsak edo hutsak seinalatzen eta kuantifikatzen ditugu, batetik, eta inpresio orokor izeneko beste zer bat zifra bihurtzen saiatzen gara, bestetik. Zer-nolako akatsak? Eta zer da inpresio orokor delako hori? Bada, apal-apal eta iradokizun-zuzenkizun-osagarriak jasotzeko gogoz, hemen duzue nik erabili ohi ditudan ebaluazio-irizpideen eskema xume bat. Nire ikasgelara sartzeko gonbita duzue hau.

Funtsean hiru alderdiri erreparatzen diet:

  • Fideltasuna edo, Leizarragak esan bezala, jatorrizko testuari deus ez edekitzea ez eratxekitzea. Hau da, Xabier Montoiaren Jean Etxegoien pertsonaiaren gelako errezel gorrimin astunek escarlata (edo carmesí, edo bermellón…) eta pesadas izaten jarraitzea, eta ez galtzea bidean bi ezaugarrietako bat. (Bide batez, harrigarria da zenbatetan gertatzen den testu batean esanahi unitate bera itzuli gabe ahaztuta uztea bi eta hiru ikaslek baino gehiagok; Basque Center of Cognition, Brain and Language zentroarentzat aztergai bat dago hor). Edo, era berean, deus ez aldatzea, eta, beraz, Jon Bilbaoren pertsonaia batek auzokoez ni siquiera corren las cortinas esaten badu, euskaraz aritzean itxi aditza erabil dezala eta ez ireki, auzokoek egiten ari direna erakusteko lotsarik ez dutela adierazi nahi baitu.
  • Xede-hizkuntzaren zuzentasuna: tipografiari dagozkionak, ortografia, ortotipografia, morfosintaxia…
  • Jatorrizko testuaren espiritua ondo jaso den. Hau da, erregistroa, tonua, estiloa, erritmoa, kadentzia (literatur itzulpenetan, bereziki)… ondo gordetzen den. Aurreko batean Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean nobelaren hasiera itzultzen saiatu ginen: «Laguna hausten den hilobiak leher egiteraino zurruta kantua egin litekeen mahaia izan behar luke, zer axola plastikozko lore zikin hauek dardaraka ontzi jausi zartatuaren lepoan, zer axola gure mozkorraldiaren puskailak aldare profanatu batean, zer axola du, bizitza hau ez da edangarria». Ariketa egin zuten bost ikasleetatik bostek juntagailuz, menderagailuz eta aditz lagungarriz osatu zuten gaztelerazko testua.

Bistan denez, lehen bi atalak errazak dira kuantifikatzen. Nola jokatu hirugarrenarekin, ordea? Gehienok modu guztiz subjektiboan jokatzen dugulakoan nago. Intuizio hutsez. Bururatzen zait aingura halako batzuk seinala litezkeela testuan (sintaxia aldatzeko tentazioa sor lezakeen pasarte bat hemen, zehaztasun lexikoa eskatzen duen hitz bat han, erregistro mailako aldaera egokiena hautatu beharra beste hartan…), eta, aingura horiek lagin modura ebaluatuta, testu osoaren espirituaren adierazletzat hartu. Eta hala ere, jarraitzen dut pentsatzen balorazio zintzoagoak egingo genituzkeela senari kasu eginez.

Eta amaitzeko, azken gogoeta bat. Nik neuk, azken aldi honetan, inpresio orokor delako hari akats kuantifikagarri bakoitzeko puntuak (edo puntu hamarrenak, hain gaiztoa ere ez naiz!) kenduz nota kalkulatzeko saioa egin dut, baina emaitzak ez nau asetzen. Akatsetako batzuk (ez, noski, gramatika-zuzentasunari dagozkionak, baina bai lexiko-hautaketari edo erregistroari dagozkionak, adibidez, edo are esanahiaren interpretazioari dagozkion batzuk ere) ausardiari eta, zergatik ez, itzultzaile-intuizioari zor zaizkio, eta nolabait adierazten dute itzulpen hori egin duen pertsonak gogoeta egin duela erabaki horretara iristeko. Nago ebaluazio-sistema horrek batzuetan zigortu egiten dituela ausart jokatu duten itzultzaileak (gogoan izan ikasketa-prozesuko ebaluazioaz ari naizela, eta ez lan-munduan egiten diren ebaluazioez) eta leku egoki samarrean uzten dituela akats kuantifikagarri gutxi egin baina nola-halako inpresio orokorra baino eragin ez duten itzultzaileak.


[1] Adibidez, hemen: Kelly, D. (2005) A handbook for translator trainers, St. Jerome Publishing, Manchester.

Gorriak, gorriminak eta eskarlatak

Isabel Etxeberria Ramírez

Eleberri bat euskaraz sortua ala itzulpena den jakiteko aztarnez idatzi zuen Angel Errok blog honetan (I eta II) duela ez asko. Auzi benetan interesgarria plazaratu zuen, nire iritzian. Ba al da alderik euskarara itzulitako testuen eta euskaraz sortutakoen hizkeren artean? Hala bada, zein dira bataren eta bestearen bereizgarriak? Eta zer adierazten digute bereizgarri horiek? Hainbat ikuspuntutatik eta alderdi askori erreparatuta azter daiteke gaia: nolakoa den lexiko-aukeraketa testu batzuetan eta besteetan, zenbatekoa lexiko espezializatuaren erabilera, nolakoa konplexutasun sintaktikoa, zer-nolako  garrantzia duten euskalkiek eta zer-nolakoa euskara batuak, zenbateraino den jatorra eta zenbateraino artifiziala batzuen eta besteen hizkuntza, zenbateraino berritzailea eta zenbateraino kontserbadorea…

Gaian sakondu nahian, zenbait alderaketa eginak ditut euskarara itzulitako eta euskaraz sortutako literatur testuen artean, Ereduzko Prosa Gaur corpusa probaleku hartuta, eta emaitza bitxi eta adierazgarriak lortu ditut zenbaitetan.

Egin dezagun saio xume-xume bat, testu batzuen eta besteen ñabardurarako, xehetasunerako eta espezifikaziorako joera neurtzeko. Azter dezagun, bada, zer maiztasunez erabiltzen diren testu batzuetan eta besteetan oinarrizko kolore baten izena eta zer maiztasunez kolore horren ñabardurak zehazten dituzten hitzak. Gure lehen adierazle multzoa, hortaz, gorri eta haren ñabardurak: gorri, gorrix/ska, gorrizta, gorrimin, gorrail, gorrikara, bermiloi, karmin(-koloreko), purpura, eskarlata, gorrindol eta granate.

EPGk eskaintzen dituen bi datu moten artean (liburu kopurua eta agerraldi kopurua), liburu kopuruari dagozkion emaitzak ekarriko ditugu testu honetara. Hau da, zenbat liburutan erabaki duen egile batek gorrimin hitza erabiltzea pertsonaia baten buru-zapia, aterkia edo autoa deskribatzeko; eta bazter utzi dugu, beraz, zenbat aldiz aipatzen den berriro testuan dena delako buru-zapi, aterki edo auto gorrimin hori[1].

Eta azken ohar bat. Liburu kopuruak konparatzen ari garenez, eta corpusean itzulitako liburuen kopurua eta euskaraz sortutakoena berdinak ez direnez (EPGk 111 itzulpen jasotzen ditu, eta euskaraz sortutako 176 liburu), faktore zuzentzaile bat erabili dugu datuak orekatzeko: itzulpenei dagozkien datuak bider 1,58 egin ditugu (176/111 zatitzetik lortua).

Hona hemen emaitzak:

Euskarara itzulitakoak

Euskaraz sortutakoak

gorri

gorrixka, gorriska

gorrizta

gorrimin

gorrail

gorrikara

bermiloi

karmin(-koloreko)

purpura

eskarlata

gorrindol

granate

164,3

67,94

34,76

30,02

4,74

6,32

3,16

3,16

58,46

12,64

3,16

3,16

167

44

17

15

9

4

0

2

6

5

0

15

Emaitza batzuk erraz esplika daitezke. Bermiloi, purpura eta eskarlata itzulpenen corpusean gehiagotan agertzea mailegu izateari egotzi ahal zaio: erraza da pentsatzea itzultzaileek jatorrizko testuan hitz horien erdal aldaerak topatu dituztelako eman dituztela, automatikoki nolabait esateko, euskal bermiloi, purpura eta eskarlata[2]. Nolanahi ere, komeni da ohartaraztea xehetasuna edo ñabardura adierazten duten hitzak sarriago eta ugariago ageri direla, guztizkoei erreparatuta, itzulpenetan euskaraz sortutakoetan baino. Adiera oinarrizko edo neutroko gorriren erabileran oso txikia da bi corpusen arteko aldea: 164,32 itzulpenen corpusean, 167  euskaraz sortutakoenean. Ñabarduraren bat dakarten guztien baturak konparatuta, aldiz, handiagoa da aldea: 227 itzulpenen corpusean, 117 euskaraz sortutakoenean.

Antzera gertatzen da urdin eta berde koloreen multzoekin ere:

Euskarara itzulitakoak

Euskaraz sortutakoak

urdin

oztin

urdinxka+urdinska+urdinsko

urdinkara

urdinarre

urdinantz

urdiño

zeru-urdin

itsas(o) urdin

urdin elektriko

(urdin) turkesa

(urdin-)anil

altzairu-urdin

arbel-urdin

150,1

0

22,12

22,12

0

1,58

1,58

9,48

3,16

1,58

12,64

1,58

1,58

1,58

146

0

20

5

0

0

0

1

0

1

2

1

0

0

Urdin oinarrizkoaren datuak: itzulitako 150,1 liburutan erabili da, eta euskaraz sortutako 146tan. Gainerako ñabarduren baturari erreparatuta: itzulitako 79 liburutan eta euskaraz sortutako 30etan.

Euskarara itzulitakoak

Euskaraz sortutakoak

berde

berdezka, berdexka, berdaxka, berdeska

berdekara

berdetsu

berdats

berdail

orlegi

botila-berde, berde-botila

esmeralda(-berde), (berde-)esmeralda

sagar(-berde)

oliba(-berde), (berde-)oliba

140,62

28,44

4,74

3,16

0

0

7,9

3,16

15,8

6,32

14,22

142

14

2

1

1

1

17

0

6

1

4

Berde oinarrizkoaren datuak: itzulitako 140,62 liburutan erabili da, eta euskaraz sortutako 142tan. Gainerako ñabarduren baturari erreparatuta: itzulitako 83,74 liburutan eta euskaraz sortutako 47tan.

Ikus dezagun beste adibide bat. Nolako joera ageri dute euskal eta erdal idazleek ehun motak zehazteko orduan? Edo, bestela esanda, zer ehun motaz janzten dituzte beren pertsonaiak, haien gortinak eta oheak, eta bestelako osagarriak? Hemen bilaketaren emaitzak:

Euskarara itzulitakoak

Euskaraz sortutakoak

flanela, franela

belus

satin, saten

muselina

popelina

poliester

nylon, nailon

tafeta

mahoi, mahon

feltro, fieltro

tul

pana (heg.), belus ildaskatu (ip.)

20,54

67,94

20,54

18,96

1,58

4,74

9,48

9,48

0

30,02

7,9

9,48

3

14

6

4

0

0

6

1

7

2

1

16

Emaitzek txantxarako eta ironiarako bide ematen dute, egiaz. Bi ehun motaren erabileran soilik gailentzen zaizkie euskaraz sortutako testuak itzulitakoei: mahoia eta pana / belus ildaskatua. Eta batek irudikatzen du euskal literatura Hamaika pausoko Daniel Zabalegiz beterik. Egia da badirela salbuespenak, eta Ramon Saizarbitoriak berak ematen digu horietako bat:

Soineko oso estu bat zeraman, berdea, belusezkoa zirudiena, eta galtzerdi zuriak, zilar koloreko marraren bat zutenak; oker ez banago, garai hartan modan egon zirenetakoak.

Eta hala ere, zergatik dira hain gutxi, itzulpenekin konparatuta, horrelakoak euskal literaturan? Hitzok adierazten dituzten errealitateak erdal idazle bati bezain ohikoak zaizkio euskal idazle (eta irakurle) bati: muselina espainolei, frantsesei eta abarri bezain ezaguna (edo ezezaguna) zaigu euskal hiztunoi. Eta muselina ehun mota bezalaxe muselina hitza ere.  Zergatik, orduan, erabiltzen dituzte maizago adiera-ñabardurak zehazten dituzten horrelako hitzak erdal idazleek euskal idazleek baino?

Bi corpusen osaera ahotan hartuta esplika liteke beharbada. Ereduzko Prosa Gaur datutegian eredugarritasunaren erakusle aukeratu diren euskal liburuak 700.000 hiztun inguruko hizkuntza bateko literatur ekoizpenetik hautatu dira. EPGn itzulpenen azpicorpusa osatzen duten liburuek, aldiz, iragazki oso garrantzitsu batetik pasatu behar izan dute EPGra iritsi aurretik: nazioarteko literatura guztien artean horiexek izan dira aukeratuak euskaratuak izateko. Bestela esanda, Matias Mugikaren libelo haren oihartzunak ekar daitezke esplikatzeko zer-nolako eredugarritasuna aitortu behar zaien testu batzuei eta besteei. Eta nolanahi ere, EPGn azalpen argirik ematen ez bada ere (Igone Zabalak horretaz idatzi du duela gutxi blog honetan), pentsatzekoa da corpus horretan biltzen diren testuak beren hizkuntza-eredugarritasunagatik izan direla hautatuak. Eta literatura, hizkuntza ere baden arren, beste gauza asko ere da.

Nire ustez azalpena soziolinguistikaren arloan bilatu behar dugu: diglosiaren eraginean. Hizkuntza pobretu egin zaigu erabilera mailan. Euskarak hitz horiek guztiak (gorrimin, purpura, urdinkara, berdexka, satin…) izan baditu. Eta ezagutu ezagutzen ditugu hiztun gehienok. Baina gure hizkuntza ekoizpenetan, baita maila jasoko literatur ekoizpenetan ere, ez ditugu erabiltzen. Euskarak baditu baliabideak, batzuetan guk uste dugun baino gehiago, eta hiztunok ezagutzen ditugu baliabide horiek, askotan guk uste dugun baino gehiago ere, baina lozorroan egoten dira gure baliabideen gordailuan, eta betiko hiruzpalau aukerekin moldatzen ohitu gara.

Galdera interesgarri bat eratortzen da hortik: lagundu al dezake itzulpengintzak hiztunen sena zabaltzen, lozorroan dauden baliabideak aktibatzen eta hiztunen pertzepzioa baliabide ezohikoetara ohitzen? Eta beste galdera are interesgarriago bat: laguntzen ari al da?


[1] Hautu hori eginez, beste informazio mota esanguratsu bat galtzen dugu, jakina: zenbat objektu deskribatzeko erabili duen egileak kolore-izen hori liburuan. Bi informazio mota esanguratsuren artean hautatu behar eta, goian aipatutakoaren alde egin dugu. Nolanahi ere, hitz bakoitzaren agerraldi kopurua ere aztertua dugu, emaitzak hona ekarri ez baditugu ere, eta datuek berretsi egiten dute liburu kopuruetan ikusten den joera.

[2] OEHn kontsulta eginda, antzeko joera bat ikusten da: bermiloi, purpura eta eskarlata itzulpenetan ageri dira gehienbat.