Itzulpen-unibertsalak eta euskara (I)

Isabel Etxeberria Ramírez

1993an Mona Baker-ek[1] itzulpen-unibertsalei buruzko bere proposamena formulatu zuenetik, ahalegin ugari egin dira hizkuntza itzuliaren bereizgarriak identifikatzeko, zehazteko eta frogatzeko. Baker-en proposamenaren arabera, badira testu itzuli orotan, edozein direlarik ere sorburu eta xede hizkuntzak, testuok ezaugarritzen dituzten joera edo jokamolde linguistiko batzuk, itzultze-prozesutik beretik eratorriak. Hau da, hizkuntza itzulia, itzulia izateagatik, beste hizkera batzuetatik bereizten da zenbait ezaugarritan.

Horrela, bada, Baker-ek (eta gerora beste hainbatek) azaldu dute itzultzaileek mezua esplizitatzeko joera dutela, jatorrizkoan ageri ez diren konektoreak eta birformulatzaileak txertatuz, adibidez; edo jatorrizkoaren anbiguotasunak hausten eta argitzen saiatzen direla; edo sinplifikazioa gertatu ohi dela testu itzulietan, hala lexikoaren aberastasunean nola sintaxiaren konplexutasun mailan; edo testu itzulietako hizkera kontserbadoreagoa izaten dela, eta jatorrizkoaren egilearen ausardiak neutralizatu nahiago izaten dituztela itzultzaileek (testu itzulietako kolokazioak, kasu, estandarragoak eta ohikoagoak izaten direla, eta kolokazio berri eta berritzaileak itzulpen ez diren testuetan ageri ohi direla maizago).

Unibertsal, arau edo erregulartasun horien existentzia frogatzeko hainbat ikerlan egin dira, corpusetan oinarrituta, azken bi hamarkada hauetan. Testu itzulien eta ez itzulien corpusak erkatuta, askotariko adierazleak neurtzen saiatu dira: corpus bataren eta bestearen lexiko-dentsitatea, sintaxi-konplexutasuna, perpausen batez besteko luzera, eta sinonimoen erabilera-maiztasunak, besteak beste. Emaitzak gorabeheratsuak izan dira. Zenbait azterketak eta datuk berretsi egin dute unibertsalen teoria, baina beste ikerlan batzuetan ustekabeko emaitzak ere lortu izan dira, eta ahots kritiko batzuek unibertsalen unibertsaltasuna zalantzan jarri dute. Kritikak ez du ukatzen, oro har, itzulpenetako hizkuntza itzulpen ez diren testuetako hizkuntzatik bereizten denik, eta onartzen du, beraz, itzultzaileek idazleenak ez bezalako zenbait joera ageri dituztela beren idatzietan. Baina zuhurrago jokatzen du, eta halako jokaera edo jaiduren orokortasunaz duda egiten du. Kritiko ageri direnen ustez, arreta handiagoa eskaini beharko litzaieke zenbait faktoreri, hala nola itzulpen mota edo generoari, sorburu hizkuntzaren eta xede hizkuntzaren arteko hurbiltasun/urruntasun tipologikoari, eta abar.

Unique item delakoa da espero ez bezalako datuak eman dituzten unibertsaletariko bat. Hizkuntza bakoitzak bere-bereak dituen osagai linguistikoak dira unique item edo item esklusibo horiek, gainerako hizkuntzetan baliokide zuzenik ez dutenak. Euskaraz, adibidez, baldintzazko perpaus ezezko bat eraikitzeko, beste hizkuntzetan ohikoa den bideaz gain (ez + ba-), bi ezaugarriok batzen dituen menderagailu bat dugu: ezean. Pentsatzekoa da horrelako osagai linguistikoak gutxiago erabiliko direla itzulpenetan itzulpen ez diren testuetan baino. Izan ere, sorburu testuan itzultzailea halako osagaia erabiltzera bultzatuko duen estimulurik (baliokide zuzenik) ez dagoenez, aukera linguistiko hori nekez aktibatuko da itzultzailearen gogoan. Gai honi buruz egin diren ikerketetako batzuetan, ordea, zalantzari bide ematen dioten datuak lortu dira: halako osagaien erabilera-maiztasuna antzekoa edo are handiagoa zen testu itzulietan testu ez itzulietan baino.

Euskarari dagokionez, horrelako proba bat aurkeztu genuen blog honetantxe duela ez asko. Orduko hartan, bi-biak eta biak ala biak egituren erabilera-maiztasunak aztertzen genituen Ereduzko Prosa Gaur corpusean. Eta emaitzak, ikusgarriak izan gabe ere, esanguratsuak ziren: bi-biak egiturari dagozkion aldaerak (bi-biak, bi-biok, bi-biek, bi-biei…) itzulpenen azpicorpuseko 60,04 liburutan[2] erabiltzen ziren, eta euskaraz sortutako testuetarik 42tan; biak ala biak multzoari dagozkionak, 69,52 testu itzulitan eta 63 ez itzulitan.

Beste zenbait egitura morfosintaktikorekin proba eginda, emaitzak gorabeheratsuak dira. Hemen zenbait adibide:

isabelena

Batzuetan handiagoa da erabilera testu itzulietan, eta beste batzuetan testu ez itzulietan. Baina ez da ikusten, edonola ere, halako osagai esklusiboak maiztasun handiagoz erabiltzen direnik, nabarmen eta sistematikoki, euskal idazleek sortutako testuetan itzultzaileenetan baino.

Bistan da azterketa zabalago, xeheago eta sakonagoa egin behar dela oraindik. Baina, aurreragoko beste erkaketa batzuetako kopuruek lehen inpresio hau berretsiko balute, balio beharko al lukete datuok ere itzulpen-unibertsalen existentzia zalantzan jartzeko? Edo haien unibertsaltasunari ñabardurak egiteko, behintzat?

Uste dut oso garrantzitsua dela, itzulpenetako hizkera ezaugarritu nahi honetan, euskara ikertzeak egin dezakeen ekarpena. Euskara, bere hizkuntza-ezaugarrietan, ikerketa akademikoan aztergai izan ohi diren hizkuntzetatik oso urrun dagoelako, batetik; bestetik, eta batez ere, hizkuntzaren estatusak auzi honetan zeresan handia duelako, nire ustez, eta euskararen diglosia-egoerak, beraz, jokaera batzuk sustatu eta esplikatu ditzakeelako.

Martxoaren 26an eta 27an I. Hermeneus Kongresua egin zen Soriako Itzulpengintza eta Interpretazio Fakultatean. Hitzaldietako batean, Valentziako Jaume I unibertsitateko Josep Marco Borillo irakasleak unibertsalen inguruko eztabaidaren laburpen zentzuzko bezain argigarri bat aurkeztu zuen, eta osagai esklusiboen auzia ulertzen lagundu dezakeen hurbilpen teoriko baten berri eman zigun. Proposamen hori euskararen kasuari ondo egokitzen zaiolakoan nago. Gaurkoa luze jotzen ari da, eta intriga apur bat sortzeko baliatuko dut. Maiatzerako utziko dugu teoria horri buruzkoa, beraz. Oraingoz, izen bat baino ez, inork jakin-mina balu: Sandra Halverson.

[1] Baker, M. (1993) «Corpus linguistics and translation studies: Implications and applications», M. Baker, G. Francis, eta E. Tognini-Bonelli (arg.) Text and technology: In honour of John Sinclair, John Benjamins, Philadelphia / Amsterdam, 233-250.

[2] Ereduzko Prosa Gaur corpusean 111 testu itzuli eta 176 testu ez itzuli biltzen dira literatura arloan. Bi azpicorpusen arteko desoreka konpentsatzeko, testu itzuliei dagozkien kopuruak bider 1,58 egin ditugu (176 zati 111 egitearen emaitza).

4 Replies to “Itzulpen-unibertsalak eta euskara (I)”

  1. Zorionak Isabel! Azalpen bikaina egin duzu, eta oso landua. Gaia interesgarria da oso.

    Bi hizkuntzetako testuak dauzkaten corpusez eta ‘unique item’ horien maiztasunak aztertzeaz hitz egiten duzunean, hainbat gauza datokit burura. Zuk esaten duzun bezala, ziur nago garrantzitsua dela testu-motak bereiztea: ez da gauza bera testu tekniko ala literario bat itzultzea, lehenengoak (teorian) ez dira hain anbiguoak izango-eta, eta beste hainbat arrazoirengatik.

    Itzulpengintza automatikorako honek dituen inplikazioez pentsatzen aritu naiz. Google translator-ek egiten duen bezala, posible da bi hizkuntzetako testuetatik abiatuz makina bati ‘itzultzen irakastea’. Horretarako, ordea, suposatu behar da bi testuak ekibalenteak direla (hots, estatistikoki: edozein lokuzio bietan probabilitate berberarekin azalduko dela pentsatu behar da, edo abiapuntu gisa har daiteke behintzat). Baina zuk esaten duzun bezala, posible da ezetz, ekibalenteak ez izatea! Eta horrek ‘makinari irakasteko’ (eta gehiago zehaztu gabe) zailtasunak gehituko ditu seguru asko.

    Oso testu inspiratzailea egin duzu, zorionak.

    Atsegin dut

  2. Oso testu interesgarria, bai, eta are interesgarriagoak egin duzuen probaren emaitzak. “Jatorrizko” testuek jatortasuna (ere) non duten galdetzen hasteko modukoa.
    Eskerrik asko, Isabel, artikulu honengatik eta baita aurrekoengatik ere. Denak dira jakingarriak, eta oso gustura irakurtzen dira.

    Baina, Ines, uztazu itzulpengintza automatikoa bakean!

    Atsegin dut

  3. Eskerrik asko, Ines eta Koro, zuen iruzkinengatik. Eta barkatu hainbeste atzeratu izana zuei erantzuten. Opor egunok benetako opor egunak izan dira; ez dut beste zuribiderik.
    Asko poztu naiz ikusita beste inorentzat ere interesgarria dela gaia. Jakin-min zientifiko hutsaz harago (“zergatik jokatzen dugu jokatzen dugun moduan?” galderari erantzuten saiatzea ez da gutxi, bada!), uste dut aplikazio ugari izan ditzakeela ikerketa arlo honek. Itzultzaileen joera eta ohitura linguistiko-estilistikoak identifikatzea oso baliagarria izan daiteke, lehenik eta behin, itzulpenaren didaktikan. Itzulpengintza automatikoaren arloan ere, Inesek ondo adierazi duen bezala, zeresana izan dezake. Eta ausartuko naiz esaten ezagutza erabilgarria gerta daitekeela, orobat, zuzentzaile eta editoreentzat, eta, zergatik ez, itzulpenak ebaluatu/epaitu behar dituen ororentzat (aztertzaileak, sari-banatzaileak, kontratatzaileak…).
    Ez dut itzulpengintza automatikoaren arloa ezagutzen, eta beraz ez naiz gai Inesek aurkeztu duen auziari erantzunik emateko. Intuizio huts bat aipatuko dut, besterik ez, ezjakintasunetik formulatuta, baina Inesek nolabait baliatzen jakingo duelako esperantzan.
    Osagai esklusibo horien esklusibotasuna ez dago argi eta garbi definituta, ez aho batez onartuta. Bárbara Martínez Llenas halako osagaien definizioaz aritzen da artikulu honetan, eta zenbait hizkuntzatan aztertu diren item esklusiboak zerrendatzen ditu. Nik neuk euskarazko adibideetarako erabili ditudan horiek ez dira, nire ustez, maila berekoak. Bistan da batzuetan elementuon esklusibotasuna (edo tipikotasuna, Martínez Llenasen hitzetan) forma hutsari dagokiola. Perpaus bat baldintzazkoa eta ezezkoa denean, bi tasun horiek osagai banatan adierazten dituzte hizkuntza gehienek. Euskarak, aukera horrez gain (ez + ba-), bigarren aukera bat ere badu: bi tasunak osagai bakar batera bilduta ematea (ezean). Itzultzaile automatikoari irakatsi ahalko zaio, imajinatzen dut, noiz edo noiz ekibalentzia horiek gertatzen direla (maiztasun gutxiagoz bada ere). Baina badira beste osagai esklusibo batzuk jatorrizko testuan formalki markaturik ez daudenak eta xede-testuan formalki adieraz daitezkeenak (edo adierazi beharko liratekeenak?). Biak soila erabili beharrean testuinguru jakin batean biak ala biak egokiagoa dela ebatzi duen itzultzaileak interpretazio maila sakonago batera jaitsi behar izan du kognitiboki. Jatorrizko testuan formalki markatuta ez dagoen ñabardura hori (bi-bien parte-hartzea nabarmendu nahi izatea) euskaraz biak ala biak egituraren bitartez markatu behar dela interpretatu behar izan du, eta testuingurua (=esaldia, parrafoa…) aztertuta hartuko zuen erabaki hori. Nola irakatsi behar zaio horrelakorik ordenagailuari? Oraingoz erantzunik ez duen galdera da, imajinatzen dut. Ez duzue meritu makala horretan zabiltzatenok.
    Eta amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet berriro ere blog honen arduradunei. Informazioa eta iritziak trukatzeko plaza bikaina jartzen diguzue eskura egunero. Oso aberasgarria da norberaren interesguneei bestelako ikuspuntuetatik begiratzen dietenen ahotsa ezagutzea. Hau bai diziplinartekotasuna.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina