Korrika. Urrutiko intxaurrak

Amaia Lasheras Perez

Badira ia bi hilabete Korrika bukatu zela, eta oraindik dauzkat burutan aurtengo edizioaren irudi zirraragarriak. Hirietako kaleak jendez gainezka. Euskararen aldeko aldarriak kale eta hiribideetako paretetan oihartzun ozena sortzen. Euskal Herriko errepideetan zehar, 11 egunez, 24 orduz, jendea lasterka. Milioi bat pertsonak parte hartu omen zuen lasterraldi osoan zehar. Gure ikastetxean, adibidez, telebista erraldoi bat paratu zuten atarian, Korrika zuzenean ikusteko. Ikasleak zein irakasleak sartzen ginenean, hipnotizatuta begiratzen genion pantailari, eta nik neuk emozio-zimiko bat sumatzen nuen urdailean handik pasatzen nintzen bakoitzean. Fisikoki posible izan zuten ikasle guziak atera ziren ikastetxeak erositako kilometroan parte hartzera, eta talde handi batek, familiaren baimenarekin, segitu zuen lasterka hainbat kilometroz, gure eskualdean barrena. Gure familian, adibidez, kilometro bat erosi genuen denon artean. Goizean izan zenez, gosari eder batekin burutu genuen gure ekinaldia. 60 lagunetik goiti elkartu ginen. Denak, bizipen hunkigarriak, ikaragarriak. Ez dakit munduan bertze horrelako ekimenik bat ote dagoen. Hain arrakastatsua izan zen, non euskararen kontrakoek ez baitzekiten zer aitzakia bilatu haren kontra jotzeko. Betiko erretolika erabili zuten: ez dakit zer pankarta ageri zela, ez dakit nork irakurri zuela azken mezuaโ€ฆ 

Baina, Korrika bukatu eta hurrengo egunean, zer? Urrutiko intxaurrak hogeita hamalau, gerturatu eta lau. Astelehenean, institutura joan nintzen, eta, atsedenaldian, Korrikan sutsu parte hartu zuen neska kuadrilla hura berriz ere gaztelaniaz ari zen, jo eta su. Unibertsitateko lagunekin lasterketan eta haren inguruko ospakizunetan parte hartu eta hurrengo egunean, gaztelaniaz mintzatzen segitu zuten euskal ereduko ikasleek euskaraz jasotako saioen ondoren. Hiri eta herri kozkor gehienetako kaleetan, eskolako jolastokietan, parkeetan, dendetan, gaztelania erabat nagusi zen egun horretan ere.

Badakit Korrikan parte hartu zutenen artean bazirela euskaraz ez dakitenak edo euskara ongi-ongi menderatzen ez dutenak baina aldeko jarrera dutenak, baina gaur ez naiz horietaz ari; gaur, euskaraz dakiten eta erabiltzen ez duten horietaz ari naiz, bai. Badirudi horiek ere ohartzen direla garrantzitsua dela euskararen alde kalera ateratzea. Baina zergatik suertatzen zaie hain zail gure hizkuntza erabiltzea? Ohiturari egozten diote batzuek errua; prestigioari, bertze batzuek: gazteek beharrezkoa duten โ€œmodernotasunaโ€ falta omen zaio euskarariโ€ฆ Ez dakit zer esan eta zer pentsatu, baina etsigarria eta sumingarria suertatzen zait egoera.

Zer dago fenomeno horren gibelean? Hipokresia hutsa? Egoera โ€œeskizofrenikoโ€ samarrean gaude, nire ustez. Izan ere, datu anitzek erabileraren beherakada erakusten dute; ematen du hiztunen kopuruak goia jo duela eta ez dela gehiago haziko; proiekzioek diote 10 urte barru ez dela โ€œarnasguneโ€rik egonen. Eta, hala ere, aurtengo Korrika inoiz baino jendetsuagoa izan da.

Azterketa soziologiko konplexu eta sakonak egin litezke fenomenoa ulertzeko, baina nik uste dut arrazoia sinple-sinplea dela. Euskaldun gehienak errazago moldatzen dira gaztelaniaz euskaraz baino; beraz, erosoenera jotzen dute. Kito. Ez dut uste bertze azalpenik dagoenik.

P:D.: Artikulutxoa bukatu eta gero, Leire Azkargortak hilaren 6an argitaratukoa irakurri nuen. Azken batean, fenomeno berari buruz ari gara biok. Ea hor aipatzen dituen eztabaida horiek gizarte osora zabaltzerik dugun, hausnarketa denok egin ahal izan dezagun.

Kontzientzia linguistikoa unibertsitateko ikasgeletan

Leire Azkargorta Mintegi

Gauza jakina da gune erdaldun ugaritan euskara eskolako hizkuntza besterik ez dela gazte askorentzat, eta eskolatik atera eta berehala (eta sarritan aurretik ere) gaztelaniara jotzen dutela elkarren artean hitz egiteko. Gune erdaldun samar batean bizi naiz ni (Bilboaldean), eta nahi baino sarriago entzuten ditut mota honetako elkarrizketak:

โ€•ยฟAl final quรฉ ha mandado de etxerako lanas?
โ€•Creo que hay que hacer la ariketa 5 del lan-koaderno y estudiar para la azterketa.

Esnatu ala hil liburuan Iรฑaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak oso argi azaldu dute euskaldun izatea oso kontzeptu heterogeneoa dela, eta zaku berean sartu ohi diren arren, ez dela gauza bera euskaraz erdaraz baino hobeto egitea, elebidun osoa izatea edota, elebiduna izanik, erdaraz nabarmen erosoago aritzea euskarazbaino.

Estatistiketan bi errealitateak sartu ohi dira euskaldunen multzoan, baina euskaldun elebidunen artean erdararako joera handiagoa da: erdaraz erosoago aritzen diren elebidunak biztanleen % 14 inguru dira, bietan berdin aritzen direnak % 9 inguru, eta euskaraz erosoago aritzen direnak % 8 inguru (guztira biztanleen % 30 inguru osatzen dugu, beraz, euskaldunok)[1].

Gasteizen Itzulpengintza ikasi nuenean, nire habitat naturaletik atera eta Euskal Herriko hainbat txokotako jendea ezagutzeko aukera izan nuen. Oso giro euskalduna bizi izan nuen fakultatean, eta โ€•euskalkirik ez edukitzeak batzuetan ematen zidan gutxiagotasun konplexua gorabeheraโ€• euskal komunitatearen parte sentitzeko aukera izan nuen.

Irakasle modura itzuli nintzen fakultatera orain dela hiru urte, eta aurten lehen aldiz ezusteko handia hartu dut ikusi dudanean gaztelania dela nagusi euskaraz ikasten duten ikasle askoren arteko harremanetan (ez guztien artean, zorionez). Eta belaunaldi batean baino gehiagotan gertatzen ari da, lankideren batek esan didanez.

Ez dut fenomeno horren inguruko datu zehatzik, sentsazioez ari naiz, ez besterik, baina arduratuta nago. Aurreko batean Itzulpengintza karrera hautatzeko zalantzatan zebilen gazte batek galdetu zidan ea lan-aukera gehienak euskara eta gaztelaniarekin lotuta dauden. Aukera gehiago ere badagoela esan nion, baina euskara eta gaztelaniaren arteko itzulpen eta interpretazioak merkatuaren zati handia hartzen duela, eta kasu horretan beste karrera bat hautatuko zuela erantzun zidan.

Imajinatzen nuen jende askorentzat Itzulpengintza ikasteko pisuzko arrazoi bat atzerriko hizkuntzak ikastea izango zela, nik neuk ere hori bilatzen nuen unibertsitatean sartu nintzenean eta egia da atzerriko hizkuntzek oso erakargarri egiten dutela gure karrera. Baina euskararekiko ardura handiagoa ere espero nuen etorkizunean euskara lanbide izango duten profesionalen aldetik.

Hala ere, ez da zilegi arazoaren ardura osoa ikasleen gain jartzea: seguruenik haien joerak gizarte oso baten isla besterik ez dira, neurri handi batean helduek hartutako hainbat erabakiren ondorio, eta oso zaila da inertzia erraldoiak aldatzea. Inertzia horiek, gainera, hezkuntzako aurreko mailetatik etortzen dira askotan (DBH eta Batxilergotik, ziur asko). Bestalde, ikasle horietako asko ez datoz bereziki inguru euskaldunetatik, eta askok etxean ez dute euskaraz egiten[2].

Iurrebasok eta Goikoetxeak Gotzon Garateren metafora bat aipatzen dute liburuan: โ€œpilotariak esku onarekin jotzeko joera duen bezala, hala egiten [dute] elebidunek, errazen mintzo diren hizkuntzara jotzen [dute]โ€.

Euskararen indargune nagusia haren aldeko atxikimendua dela ere azaltzen dute liburuaren egileek (gaitasunaren eta erabileraren gainetik), eta neure burua zera pentsatzera behartzen hasi naiz, beharbada erdaraz aritzeko erraztasun handiagoa duten ikasleek ere itzulpengintza euskaraz ikastea hautatzea mehatxu bat baino gehiago, aukera ere izan daitekeela.

Baina aukera gisa ikusteak irakasle gisa dudan jarrera eta ardura nolabait aldatzen ditu. Itzultzaile eta interprete lanetan aritzen irakatsi behar da karreran, bai, baina, era berean, euskararen profesional (itzultzaile, interprete, zuzentzaile, editore, euskara irakasle, euskara teknikari, hiztegigile…) izateak nolako ardura suposatzen duen, zenbaterainoko erantzukizuna dugun, hori ere transmititu beharra dagoela iruditzen zait.

Beraz, gaia klasera eraman eta oso eztabaida politak izaten hasi gara euskararen soziolinguistikaz, erraztasunez, zailtasunez, inertziez, erantzukizunaz… Tabua alde batera utzi eta gaiari aurrez aurre begiratu diogu, eta tira, batek daki gazte horiek zein hautu egingo duten unibertsitatetik ateratzean, baina behintzat gaiaz hausnartzeko aukera izan dute.


[1] Iurrebaso, I. eta Goikoetxea, G. (2025). Esnatu ala hil. Elkar.

[2] Baina, era berean, haien gurasoen erabakiagatik ikasi dute D ereduan, eta unibertsitatera iritsi eta euskaraz ikasten jarraitzea ere inertzia baten parte izango da seguru asko.

Irrika

Estitxu Irisarri Egia

Indiako ezkutuko leku batean posizio sozial oneko baina bi urte lehenago alargundu zen aita familiako bat bizi zen. Emaztea hil zenetik, egunak hiru seme-alabak aurrera ateratzen pasatu zituen, eta haiek denborarekin aitarengandik jaso zuten arreta eta dedikazioa eskertu zuten.

Seme-alabak hazi eta nagusi egin zirenean, familiaren etxea utzi zuten bizitza berriari ekiteko. Orduan, etxeko bakardadean, une hartatik aurrera zer egin zezakeen galdetzen hasi zitzaion bere buruari. Bat-batean, konturatu zen beti izan zuela bilaketa espiritualari ekiteko desira zoragarria, Unibertsoaren Kontzientziarekin bat zela sentitzekoa.

Aitak jada ez zuenez familia betebeharrik eta ez zionez inori konturik eman behar, probintziako yogi famatu bat bisitatzeko bidaiari ekitea erabaki zuen. Hari azalduko zizkion benetako nahiak eta hari eskatuko zion aholku espirituala.

Bidea luzea izan zen, eta baita astuna ere, zegoen bailararen beste aldeko ibai batetik hurbil bizi baitzen yogia. Haraino iritsi zenean, arropa bakar gisa gerripekoa zuen gizon erdi biluzia aurkitu zuen. Jarraitzaileen limosnez elikatzen zen, eskaintzen ziotenaz, eta nahiz eta besteentzat nahikoa ez izan, zoriontsua zen, bere buruarekin eta besteekin bakean bizi zen eta.

Gizona yogiaren etxera hurbildu ahala, adeitasunez egiten zion irribarre.

โ€”Zertan lagun zaitzaket? โ€”galdetu zuen adeitsuki.

โ€”Yogi ohoragarria, aspalditik urduritzen nauen zerbait galdetzera nator.

โ€”Esadazu, lagun โ€”erantzun zuen maisuak jakin-minez.

โ€”Esan zeniezadake nola hauteman Unibertsoaren Adimena eta harekin nola bat egin?

โ€”Etorri nirekin โ€”agindu zion gizonari.

Inpazientzia handiz, aitak ibairaino jarraitu zion yogiari, eta hark hauxe esan zion:

โ€”Orain makur zaitez, lagun maitea.

 โ€”Hori bada zure nahiaโ€ฆ โ€”erantzun zuen gizonak.

Jarraitzailea astiro makurtu zen unean, yogiak burutik gogor heldu eta uretan murgildu zuen. Segundo batzuk pasa zituen horrela, gizona konortea eta kontzientzia galtzeko puntuan egon zen arte. Azkenean, yogiak borroka ugariren ostean gizonari arnasa hartzea baimendu zionean, galdetu zion:

โ€”Esadazu orain, lagun, zer sentitu duzu?

โ€”Aire premia eta irrika ezohikoa sentitu dut.

โ€”Bada, Unibertsoaren Adimenarekiko irrika bera duzunean ikasi ahal izango duzu hura hautematen eta harekin bat egiten.

*Cuentos hindรบes, Asha Mahan eta Mรณnica Gonzรกlez, 45.-48. or.

Aragoi ibaiaren lorratzean

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalร 

Galipentzu eta Kaseda herrietako dermio menditsuen artean igaro eta gero, Aragoi ibaia zuzenean doa ordoki zabalagoetarantz, Murillo el Fruto, Zarrakaztelu, Santakara, Melida, Caparroso eta bertze herri batzuk bustita. Euskarak bere aztarna oparoa utzi zuen bazterrotan, zenbaitek bertzerik uste arren. Murillo el Fruton, konparaziora, Aldebarrena, Baratze Altzinea, Baratzetako Bidea, Huarteko Bidea, Gaztelumunio, Garipienzoko Zalduaโ€ฆ, XVI. mendea ederki sartu arte dokumentatuak. Zarrakaztelun, bertzeak bertze, Arrateburua, Arrategibela, Landaederra, Oyarzaldua, Zorrozabala. Melidan, Arrizabaleta, Mishualdea, Sarmendi, Zorromendia eta bertze. Eta Santakaran, Azmakolanda, Ordokia, Ordokilandaโ€ฆ, guztiak ere mende bereko agirietan jasoak.

Oro har, inguru lauak badira ere, Aragoi ibaiak halako amildegi gisakoak zizelkatu ditu denboraren joanean, hainbat tokitan, ezkerreko ibaiertzean. Haietako batzuk erroitz malkartsuak dira, egiazki. Bada, toponimiak salatu duenez, badakigu nola erraten zitzaien euskaraz amildegioi: erripa gaitz. Aldaerak aldaera, horrelaxe ageri baita Zarrakaztelun, Melidan, Santakaran eta Murillo el Fruton. Azken herri horretan, adibidez, 1704ko agiri batean, โ€œโ€ฆla punta de dicho cabezo que da al rio y paraje que dicen Ripagaizas, โ€ฆโ€ (F. Maiora Mendia). Ez dira, beraz, nolanahiko erripak, gaitzak baizik.

Aragoi ibaiak aitzina jarraitzen du, ezkerrean Arrada herria utzirik. Han, Artebakoitza izeneko inguru bat egon zen aspaldian; arte bakarra, alegia.

Ondotik, Caparroso gurutzatzen du. Bada, Erriberako herri horretan sortu zen Celestino Peralta Lapuerta (1879-1929). Bertzela erranik, Celestino Marรญa de Caparroso aita kaputxinoa. Ederki ikasi zuen euskaraz Lekarozen (Baztan), bai eta ederki aztertu ere โ€•euskal aditza, berezikiโ€•, eta Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen, 1919an. Celestinok hiru lan utzi zizkigun; haietako bat, Euskal irakaspidea, euskara ikasten ari zirenen artean arrakasta handia izanikoa.ย Bernardo de Arrigarai izengoitia erabiltzen zuen bere lanak sinatzeko, eta izen horixe bera du Tuterako euskaltegiak (AEK).

Bada, Euskaltzaindia Caparroson izanen da maiatzaren 10ean, Iruรฑeko IKF Fundazioarekin batera, herriko D ereduak hamar urte bete izana ospatzeko eta haur euskaldunak saritzeko. D ereduari esker berrogei haur euskaldun baino gehiago dira gaur egun, Caparrosokoak eta inguruko herrietakoak. Guraso bultzatzaileek bakarrik dakite zeinen nekeza eta gogorra izan zen euskal eredua herriko eskolan irekitzea, zirenak eta ez zirenak leporatu baitzizkieten. Erdietsi egin zuten, ordea. Eta, hamar urteko ibilbidean, gozoa ederki nagusitu zaio gaziari.

Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala eta itzulpengintza

Kike Amonarriz Gorria

CIEMEN eta PEN Catalร  erakundeek 1996. urtean Bartzelonan onarturiko Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala gaurkotzeko prozesu bati ekin diote, eta apirilaren 15ean aurkeztu zuten Bartzelonan. Prozesua 2028. urtean amaituko da, proposamena Nazio Batuen Erakundearen aurrean ezagutzera ematen dutenean. Lanketa honek helburu argi bat baitu: NBEk Deklarazioa onartu eta bere egitea, eta hizkuntza eskubideen defentsan inplikatzea, egokien ikusten dituen mekanismoen bidez, Vicenta Tasa Valentziako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle, Hizkuntza Eskubideen katedraren zuzendari eta datorren Udaltopen hizlari izango dugunak egitasmoaren aurkezpenean azaldu duenez.

Bi erakunde horiek sustaturiko egitasmoa babesten duten entitateen artean Euskal Herriko hiru daude: Garabide, Euskalgintzaren Kontseilua eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Erakunde sustatzaileen iritziz, Deklarazioa guztiz baliagarria da gaur egun ere, baina, erronka berriak direla-eta, eguneratu eta egokitu beharra dago, ezin baita ahaztu munduko hizkuntzen erdiak desager daitezkeela mende honetan, eta planetako hizkuntza aniztasuna eta dibertsitatea arriskuan daudela, besteak beste, ingurune digitalaren eta adimen artifizialaren eraginagatik, derrigortutako desplazamendu eta gatazka armatuengatik edo migrazioengatik.

Urte hauetako balantzea egiterakoan, azpimarra daitekeen beste aspektu positibo bat da Deklarazioa oso lagungarria gertatu dela estatuen aurrean presioa egiteko eta politika linguistiko asimilatzaileei galga jartzeko, nahiz eta loteslea ez izan.

Vicenta Tasak berak koordinatuta, 2024ko abenduan El dret a la llengua. Per una nova Declaraciรณ Universal de Drets Lingรผรญstics amb perspectiva de futur liburua kaleratu zuen PEN Catalร k, Deklarazioa egungo errealitatera egokitzeko hainbat adituren proposamenak bilduz. Hauek dira liburuan jorraturiko eremuak: ikuspegi orokorra eta testuinguruaren irakurketa, administrazioa eta erakunde ofizialak, hezkuntza, teknologia berriak, hedabideak, migrazioak, kultura eta onomastika.

Liburuak, bestalde, badu itzulpengintza ardatz duen hitzaurre interesgarri bat, 2014tik 2020ra bitartean Nazioarteko PENeko Itzulpen eta Hizkuntza Eskubideen Batzordearen presidente izan zen Simona Skrabec esloveniarrarena. Bertan nabarmentzen du isolamendu sistematikoarekin kultura ahulak iraganetik datozen behaztopak bilakatzen direla, eta gaur egungo mundutik kanpo uzten direla. Eta testuinguru hauetan, eta hizkuntza ahulei dagokienez, itzulpena bakarrik modu โ€œestraktiboanโ€ erabiltzen dela, hizkuntza ahulei bueltan ezer eman gabe. Horregatik dio XXI. mendearen hasiera honetan hizkuntza eskubideak batez ere harreman simetrikoen eta elkarrekiko errekonozimenduaren aldeko apustua direla, eta itzulpena bakarrik dela itzulpen hartu-emanean parte hartzen duten bi espazioak berdintzat jotzen dituenean.

Era berean, bizi dugun garaia nortasun hibridoen eta desplazamenduen garaia dela dio Skrabecek. Diasporak markatzen duela gure mundua, eta aitortu behar dugula zein nekeza den beste hizkuntza bat ikastea eta jatorrizko kulturarekiko harremana mantentzea.

Hizkuntza eskubideen gaia puri-purian dugun honetan, irakurketa gomendagarria. Eta Deklarazioaren inguruko prozesua zertan den eta gaiaren inguruko informazio gaurkotua nahi baduzue, dudling.org helbidean aurkituko duzue.

Gero bat gaurdanik

Alaitz Zabaleta Sarobe

24/2026 Foru Agindua, martxoaren 25ekoa, itzultzaile batek emana, zeinaren bidez ari bainaiz pentsatzen inork euskaraz irakurriko ote duen arau hau. Itzultzailearen ikusezintasunaz hitz egiten da. Zer esan, ordea, euskal irakurlearen ikusezintasunaz?

Hor ari naiz ahalik eta txukunen itzultzen, natural samar eta ulergarri utzi nahian testua… Hala ere, euskarazkoa apaingarri tipografiko hutsa izanen bada… akaso ez ote nuke hobe, lehenbailehen Itzulpen Ataleko zerrendan testua bukatutzat markatzeko, korrika egin, eta kitto?

Korrika… Euskal Herriko zer txoko zoragarritan barrena ote dabiltza? Ikus dezadan unetxo batez…ย Kolore eta musika eztanda sartu da bulegoan: han da, ikusgarri, jende andana,ย lekukoa eskuz esku, euskararen aldeko aldarriak, umore bikaina eta bandera koloretsuak. Herriย bat. Herri bat osorik, bizirik, hizkuntzari eusteko gogoz, gure kontraesanekin, baina pozik etaย irmo. Huts ederra sumatuko dugu bukatzen denean.

Itzulpenera itzuli naiz. Foru agindua hor dago oraindik.

Horrenbestez, ikusirikโ€ฆ Bai, ikusirik Korrikaren edizio honen arrakasta, gogora datorkit gure aitak halakoetan esaten duena: โ€œJoasuuus, batzuk ez dira pozik egonen oraintxe!โ€. Bai, edizioaren hasieratik saiatu ziren batzuk giroa mikazten, eta bukaeran ere ahaleginduko da bat baino gehiago bazterrak nahasten. Baina ez da malefiziorik, herri hau ikusezin bihurtuko duenik.

Pantailatik mahai gainean dudan liburuaren azalera joan zait begirada. Korrikaren lekukoa ageri da, pipiak erdi-jana, Esnatu ala hil liburuaren azalean. Aurreko hamarkadetan euskararen alde lan erraldoia egin badugu ere, Iรฑaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak esan diguten bezala, orain ditugun erronkak ez dira samurrak batere.

Baina erasoak eraso eta erronkak erronka, bada euskaraz bizi nahi duen jendea. Irakurle hezur-haragizkoak. Ez dira โ€•ez garaโ€• itzal ikusezinak. Bakoitzak geuretik, egunero dihardugu euskararen alde, gero bat gaurdanik eraikitzen.

Lekukoa hartu eta itzultzeari ekin diot, testu hau euskaraz lan egiteko tresna erabilgarri bihurtzera. 41.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta, AGINTZEN DUTโ€ฆ

Leun aditzen da, ordenagailuaren bozgorailuetatik, Mikel Laboak eta Ruper Ordorikak 13. Korrikarako idatzi zuten abesti hunkigarria:

Ez dok hamahiru,
ez da malefiziorik;
herri bat,
herri bat osorik,
gero bat,
gero bat gaurdanik…

zure lana adimen artifiziala elikatzeko denean

Eider Beobide Urkizar

Supermerkatura sartu eta AArekin egindako abestiak.
Donostiako edozein kaletan paseatu eta AArekin egindako poster erraldoiak autobus paradetan.
Pisukidea eta kuadrillakoak, psikologora joan ordez, โ€œTxatiโ€-ri galdetzen bai mila kontu, bai maitasun gomendioak, beren informazio pertsonal GUZTIA oparitzen.
Neba eta adinekoak uniko lan denak harekin egiten, baina baita nire adinekoak eta helduagoak lana harekin egiten ere. Irakasle batzuk haiek zuzentzen ere hala ari dira.
Aita baratzerako galderekin hasi da udaberri honetan.
Amonak ere AArekin egindako bideo bat bidali du gaur whatsapp taldera.
Eta ni, kezkatuta, azkenaldian iristen ari zaizkidan lanak โ€•susmoa dutโ€• euskal AA berri bat elikatzeko baitira.

Aldi berean, Marta G. Franco adituarekin hitz egin eta interneten kontu itsusienak aditu.
AAren ordenagailuak hozteko indigenei lapurtzen dieten uraz irakurri.
Eta Instagramen datu lapurretaz, bakar batzuen diru metaketaz eta jaisten ari zaigun arreta-tarteaz bideoak ikusi eta bideoak ikusi eta bideoak ikusi eta ikusi eta ni ere harrapatuta nago sare sozialen sorgin-gurpilean.

Eta bitartean, kezkatuta, azkenaldian iristen ari zaizkidan lanak euskal AA berri bat elikatzeko baitira, ziur nago.

Non dago muga eta nola egin banaketa erabat moralista izan gabe.
Zer egin eta zer ez.
Non topatu oreka, bidea, fedea.
zer da lana eta zer zurea
nahi ote dugun
euskarazko adimen artifiziala
euskarazko polizia
nahi duten moduan
eta lana behar badut
ordaintzeko etxeko alokairua
eta euskaraz oso ondo egiten du,
eta guk ere beharko dugu ba!
eta zertan ari zarela? AArentzako? ze guay!
eta probatu dituzu itzultzaile automatikoak?
eta ziur makinaren batek egin dezakeela zure lana…
eta ni hemen, makina hori euskaraz elikatzen.

Bat-batean hor topatu duzu zeure burua,
zertarako den oso argi ez duzun horri gure altxortxoa irakasten
nola eta nondik iritsi zaren hara jakin gabe
ondo ari zaren ulertu gabe
ondo zer den ere oso argi eduki gabe.
Inor oso ondo ezer defendatzera ausartzen ez den gudu zelai honetan
bandoa hautaturik
bandorik zegoela jakin aurretik ia

Gaur ez nator ezer irakastera,
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  ez datuak plazaratzera,
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  hausnarketak adieraztera ere ez,
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย hori ere ez.

Adimen artifizialari begira dagoen arraintxo txiki bakartu bat sentitzen naizela aitortzera besterik ez, ozeano erraldoiari begira, erdi itota.

Hiztegi terminologikoak eskuragarriago

Maite Imaz Leunda

Erretiroa hartzeko adinera iristen ari garenok ordenagailurik gabeko haurtzaroa eta nerabezaroa izan genituen, eta hizkuntza-teknologiarik gabe egin genituen ikasketa guztiak. Lan-munduan sartu ondoren utzi genuen albo batera idazmakina eta pixkanaka-pixkanaka deskubritu genituen hizkuntza-teknologiak.

Zuzentzaile ortografikoa sortu zenean, 1994an, txundigarria iruditu zitzaidan, akats tipografikoak erraz zuzentzeko aukera ematen zuen eta. Baina berehala konturatu ginen ez zela perfektua, zuzendari idatzi ordez zezendari idatziz gero baliagarria zela, baina jauzi ordez jausi idatziz gero, orduan ez, orduan ez zuela hanka-sartzea topatzen, hiztegian jasotako hitzak direlako biak. Hala ere, perfektua ez izan arren, oso baliagarria da zuzentzaile ortografikoa. Bulegoan ordenagailu bakar batean geneukan XUXEN instalatuta garai hartan eta hara jotzen genuen itzultzaileok itzulpenaren azken berrikusketa egitera.

Urteetan zehar etorri zaizkigun hizkuntza-teknologiak baliagarriak izan ditugu: hiztegiak online kontsultatzeko aukera, hainbat hiztegi aldi berean kontsultatzeko aukera, terminologia-bankuak, itzulpen memoriak, itzulpen memorien bidez hitzak edo terminoak testuinguruan kontsultatzeko aukera, datu-base dokumentaletan kontsultatzeko aukeraโ€ฆ Denak ziren lagungarriak.

Baina Itzultzaile automatiko neuronala iritsi zenean askok pentsatu zuten iritsi ginela perfekziora. Neuronalak aurreko teknologia guztia ordeztuko zuela eta ez genuela gehiago hiztegien, itzulpen memorien eta datu-base terminologikoen beharrik izango; ez itzultzaileena ere.

Itzultzaileok eta euskararen kalitateaz arduratzen garenok badakigu hori ez dela horrela. Baina asko dira espero dutenak botoi bakar bati emanda gauzatuko dituztela euskararekiko eginbehar guztiak. Eta halako batean, konturatzen direnean neuronala ez dela hasieran pentsatu zuten bezain ona, ez dela perfektua, kexak etortzen dira, itzultzaile neuronala akastuna dela eta hobetzeko eskatuz. ITZULI itzultzaile neuronala, esaterako, ez da behar bezain ona euskaratik itzultzerakoan gaztelaniak eskatzen duen hizkuntza inklusiboa ez duelako ematen (irakurleak ez duelako personas lectoras itzultzen, lectores baizik; nire adiskideak ez duelako mis amigas y amigos itzultzen, mis amigos baizik). Gaztelaniazko testua egokitzen ibili beharrak lana ematen du nonbait. ITZULI ez da behar bezain ona, gaztelaniaz etxebizitza baten deskribapena egiterakoan trastero ipini ordez trasero ipiniz gero ez delako konturatzen errata bat izan dela, testuinguruagatik argi sumatu daitekeen arren, eta trasero hitzari dagokion itzulpena ematen duelako. Itzultzaile neuronalek azkar itzultzeaz gain gizaki batek egin dezakeen guztia egiteko gai izatea espero dute batzuek. Perfekzioa espero dute eta tresna horiek perfektuak ez direla konturatzen direnean kexatu egiten dira.

ITZULI martxan jarri zenean ematen zitzaion erabilerari erreparatu eta informatikariak konturatu zirenean maiz erabiltzen zela hitz bakar bat kontsultatzeko, hiztegi gisa alegia, loturak ipini zizkioten Elhuyar hiztegirako eta Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikokorako. Hitz bakar bat sartzen denean hiztegietara jotzeko joera du jendeak, ez beti baina gehienetan bai; baina erabiltzaile asko ez dira horretaz jabetzen, batez ere telefonoarekin ari direnean, pantaila txikian ez baita ikusten ITZULI aplikazioak Elhuyar eta Euskalterm integratuta dituela. Eta gero pentsatuko dute hiztegiak ez direla beharrezkoak, itzultzaile neuronalak dena egiten duelako.

Itzultzaile neuronala ondo txertatzen da itzulpen-prozesuan lehendik zeuden tresnekin baina ez du ordezten aurretik landutako hizkuntza-teknologia guztia. Askotan esan behar izaten dudan esaldia da hori. Eta lehendik zegoen teknologiari gagozkiola, terminologia-hiztegiak ekarri nahi ditut hona gaurkoan, ezinbesteko bidelagun dira eta hizkuntza egoki erabiltzeko.

Jakina denez, Euskalterm da euskarazko terminologia bateratzeko eta normalizatzeko erreferentziazko tresna. Terminologia Batzordeak onetsitako eta gomendatutako terminologia eskaintzen du, baita urteetan egin den eta gaur egun egiten den lan terminologikoa ere. 2001ean eratu zen, UZEIk 1987an sortutako bankua oinarri hartuta, eta Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du geroztik.

Euskararen Aholku Batzordearen atal berezi gisa Terminologia Batzordea sortu zen 2002an eta urteetan zehar hainbat hiztegi landu ditu. Hiztegi horiek Euskalterm terminologia-bankuan sartzen ziren “(4)Eu” sinboloarekin, eta PDF formatuan nahiz paperean argitaratzen ziren. Hiztegia argitaratu ondoren, ordea, geroagoko erabakiren baten ondorioz terminoren bat eguneratzen bazen, Euskalterm terminologia-bankuko sarrera eguneratzen zen baina PDF formatuan zegoen sarrera ez, eta paperean zegoena ere ez, jakina; beraz, zaharkituta gelditzen ziren. Hiztegia bere osotasunean ikusi nahi izanez gero, PDFa edo papera beste aukerarik ez zegoen, baina terminoa egokia zela ziurtatzeko modua kontsulta Euskaltermen egitea zen.

Orain, ordea, badugu aukera Euskaltermen hiztegiak bere osotasunean eta eguneratuta kontsultatzeko:

Eguneraketen artean aipa daiteke, adibidez, Sare Sozialak Hiztegiko jabetza publiko terminoa, jabari publiko bihurtubaitzen gerora. Toki Administrazioa Hiztegiko itunpeko tributuetan parte hartze terminoa urte batzuen ondoren tributu itunduetan parte hartze bihurtu zen.

Terminologia errazago kontsultatu eta aztertu dezakegu, beraz. Eta, gehigarri gisa, orain definizioak gaztelaniara itzultzeko aukera ere ematen du, itzultzaile neuronalaren bitartez.

Euskarari zer zor diot nik?

Iker Zaldua Zabalua

Lagun zahar eta oso euskaltzale batekin hitz egin nuen behin euskara defendatzeak, euskara babesteak, norberari dakarkion zamari buruz. Gure politikariek, euskara biziberritzeko, euskarari hauspoa emateko eta abiarazteko aulki egokian daudenek, ez dutela ahalbidetzen guk herritarrok atseden har dezagun, eta gure eskuetan uzten dutela borroka, lehen lerrora bidaltzen gaituztela.

Egia da euskararen aldeko politika irmoagoak ezar daitezkeela, egia da kutxa publikoetan dauden txanpon batzuk, edo gehixeago, bideratu daitezkeela euskararen ziora, euskararen zakura. Egia da, horrek lagunduko luke, eta horrek gainkarga hau arinduko liguke herritar xumeoi, eta Euskal Herrira iristen den orori nora iristen den behin eta berriz azaldu beharraren zama aski arinduko ligukeela, hemen beste hizkuntza ofizial bat dagoela, hau herri txiki bat dela, betiereko hizkuntza bat dagoela, mintzatu egin behar delaโ€ฆ

Bai, hainbat urteren ondoren, nekea pilatu daiteke, baina, zer geratzen zaigu? Bi mila eta hogeita seian gaude, eta Irulegin esku hura atean zintzilikatu zuenak nekez egingo zukeen apustu, gaur, hemen, blog honetan, norbaitek euskaraz idatziko zukeenik, blog hau egongo zatekeenik, eta euskara, oraindik, kalez kale entzuteko modua izango zatekeenik. Eta hori ez da babes politikoen ondare, hori herritarron ondare da.

Hemen gaude oraindik, โ€œEuropako azken indioakโ€ dio abestiak, eta hor diraugu, Mendebaldeko bizimodua zeharo baitaratuta, baina indio. Eta lerro hauek idazten ari naizen honetan, Korrika amaitu berria dugu, eta arbizuar xume batek baigorriar batekin eta goizuetar batekin diosku โ€œZer gara, euskara bera ez bagara?โ€.

Hortxe bat-egite perfektua, herritarron ekimena, oldea, kalez kale, errepidez errepide, urratsez urrats, euskara defendatuz eta erraietatik datorkigun oihua deiadarka atereaz: โ€œZer gara, euskara ez bagara?โ€.

Agian galdera, alderantziz egin behar baitugu: Nork defendatzen du nor? Nork babestu du nor? Euskara ez al da, bada, euskaldun egiten gaituena? Kendu diezaiogun euskara gure bizitzari, eta pentsa dezagun gure egunerokotasuna zer zatekeen, ahaztu Zetaken kontzertu batera joatearekin, ahaztu Handia filma ikustearekin, ahaztu bertsolaritza bere osotasunean, ahaztu gure lagunarteko hitz-jokoak, txantxak eta gure izaera, euskarak egin, eraiki, eratu, moldatu egin gaituelako, garen horren zatitxo bat zor diogu euskarari, gure izaeran txertatuta dugu, konturatzen ez garen arren. Gure etxea da euskara, gure erroa, eta kentzen badigute, atzerrian biziko gara beti; hori ematen digu euskarak, aterpea, sutondoa, eta bere gabezian, leku segururik ez, territorio librerik ez.

Nire kasuan, zer esan, bizimodua ez ezik, bizibidea, ogibidea, kontu-korronteko zenbakiak zor dizkiot euskarari. Hogeita lau urte inguru daramatzat lan-munduan, lehendabizi euskara-irakasle eta, gero, ia bi hamarkada oso bat betetzear, itzultzaile lanetan. Beti euskara testuinguru, beti euskararekin solasean, euskara alboan, altzoan.

Lehendabizi euskararen transmisio eder horretan, euskaradun berriei bide itzel eta gogor horretan laguntzen, nire ahaleginak egiten haien baitan barnera dadin euskara. Gerora, euskararen transmisio hori beste era batean eginez, milaka paperetan iltzatuz, euskararen arrastoa txosten, memoria, dokumentu, plan, programa edota eskuliburuetan utziz. Trukean, ogia eman dit euskarak, sutondorako egurra eman dit euskarak, seme-alabentzako gutiziak eman dizkit euskarak, mendian lasterka aritzeko zapatila berriak eman dizkit euskarak, eta lagunartean sagardotegian afaltzeko parada eman dit euskarak. Eta nola ez dut, bada, berriro defendatuko euskara, kupelaren aldamenean, sagardo freskoa edalontzian dudala! Eta noski, politikariekin oroituko naiz hor ere, eta eskatuko diet ogerleko gehiago bideratzea guri bidea errazteko, herritarrei zama arintzeko, eta ez gure eskuetan uzteko dena.

Baina, โ€œbitartean heldu eskutikโ€, zioen Kirmenek, eta diot nik, goazen, heldu eskutik. Korrikaren zalapartan murgilduta egon gara egunotan, baina goazen orain oinez, lasai, bare, patxadan, euskararen defentsan, eta gogoratu zuk ere, itzultzaile, irakasle eta euskaltzale, euskarari guk zor diogula gehiago, hark guri baino; izan ere, โ€œZer gara, euskara ez bagara?โ€.

Aukerak (III)

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Azken urteotan euskaraz idatzitako testuetan ugaltzen ari diren hiru joeraz arituko naiz gaur: alferreko erlatiboen ugaritze neurrigabeaz, moduzko adberbioak eratzeko derrigor -ki atzizkia erabiltzeaz eta, hein batean gaztelaniaz landutako hizkera ez-sexistaren proposamenen ondorioz, euskaraz ere erruz zabaldu den pertsonamaniaz. Ezer deabrutzeko asmorik ez nik, perpausak arintzen dituzten aukera batzuk oroitarazi beste asmorik ez dut eta.

EBEk berak alferreko erlatiboaz ohartarazten digu, eta hauxe adierazten: โ€œErlatiboaren bidez emanikoa ere zuzena da berez, baina galdegai-sistema arruntaz baliatzeak perpausa asko arintzen duโ€.

Ikus dezagun adibideren bat horren erakusgarri:

Esaldi hau zuzena da:

  • Palestinarren lurrak lapurtzea kolono israeldarren artean ohikoa den praktika bihurtu da.

Baina beste hau, askoz arinagoa (formaz, jakina):

  • Kolono israeldarren artean ohiko bihurtu da palestinarren lurrak lapurtzea.

-ki atzizkiak[1] ere badu sarrera EBEn, baina ez da zuzenean aipatzen hona ekarri nahi dudan kontua. Nire kezka da ezen, gure ondoko (gaineko?) erdaretan adberbio batek -ment / -mente atzizkia daramala ikusiz gero, hura itzultzeko euskaraz ere -ki duen adberbio bat erabili nahi izaten dugula, eta maiz ahantzi egiten dugula -ki gabeko adberbio asko ditugula (zigorgabe, harrigarri, zeken, larri, gogor, irmo, bidegabe, sakon, trakets, garratzโ€ฆ)[2].

Hona hemen adibide bat:

  • Trumpek zakarki eta gordinki adierazi duena da sudur puntan jartzen zaionean etengo dituela erasoak.
  • Trumpek zakar eta gordin adierazi du sudur puntan jartzen zaionean etengo dituela erasoak.

Pertsona izenaren loraldia dela eta, iruditzen zait, Hegoaldean bederen, pertsona hitzaren erabilera asko zabaldu dela, batetik, esan bezala, gaztelaniaz hizkera ez-sexista erabiltzeko baliabide aproposa delako; eta, bestetik, kolektibo jakin batzuen eskariz, kondizio jakin bat dutenak aipatzean azpimarra norbanakoarengan jartzearren eta ez haren berezitasun jakin batean (adib.: โ€œitsutasuna duen pertsonaโ€ eta gisakoetan).

Baina kezka bera etortzen zait: pertsona erabiltzearen erabiltzeaz ez ote zaigun ahantziko lagun eta norbanako aukerak ere baditugula, edo โ€œalgunas personas dicenโ€ euskaraz โ€œbatzuek dioteโ€ itzultzen ahal dugula)[3].

Honatx azken adibidea:

  • Pertsona batzuek irmoki salatu nahi dutena da badirela pertsona batzuk euskara inposizioaren bidez zabaldu nahi dutenak, eta, horregatik, XXX pertsonez osatutako WhatsApp talde bateanโ€ฆ
  • Batzuek irmo salatu nahi dute badela jendea euskara inposizioaren bidez zabaldu nahi duena, eta, horregatik, XXX lagunez osatutako WhatsApp talde bateanโ€ฆ

Oraingoan ere, hasieran esan bezala, artikulu honen helburu behinena euskaraz idaztean ditugun aukerez gogoetatzea besterik ez da, hau ez baita plaza egokia adibideetan ageri diren aferez mintzatzeko. Edo agian bai.


[1] EBEk hau dio (kontuan hartzekoa, zinez):

โ€œAdberbioetan, moduzkoak eratzeko erabiltzen da: (โ€ฆ) Halakoetan, kontuan izan behar da batzuetan badirela bestelako aukera batzuk ere, eta egokiagoak zenbaitetan: legalki (> legez), teorikoki (> teorian), ekonomikoki (> ekonomian), (nik) pertsonalki (> nik neuk), tradizionalki (> tradizioz)…โ€

[2] Oso aintzat hartzekoak iruditzen zaizkit, orobat,  Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak libururako Patxi Petrirenak hautatu adibideak (โ€œ7.1.2. Ez alferrik erabili -ki atzizkiaโ€).

[3] Itzulpenetan pertsona itzultzeko lagun hitza ere kontuan hartzeari buruzko gogoeta interesgarria dator Lamia Filali-Mouncef Lazkanok 2022ko Senezerako idatzi artikulu honetan: โ€œItzultzaileak eragile soziokultural gisa Euskal Herrianโ€