Irrika

Estitxu Irisarri Egia

Indiako ezkutuko leku batean posizio sozial oneko baina bi urte lehenago alargundu zen aita familiako bat bizi zen. Emaztea hil zenetik, egunak hiru seme-alabak aurrera ateratzen pasatu zituen, eta haiek denborarekin aitarengandik jaso zuten arreta eta dedikazioa eskertu zuten.

Seme-alabak hazi eta nagusi egin zirenean, familiaren etxea utzi zuten bizitza berriari ekiteko. Orduan, etxeko bakardadean, une hartatik aurrera zer egin zezakeen galdetzen hasi zitzaion bere buruari. Bat-batean, konturatu zen beti izan zuela bilaketa espiritualari ekiteko desira zoragarria, Unibertsoaren Kontzientziarekin bat zela sentitzekoa.

Aitak jada ez zuenez familia betebeharrik eta ez zionez inori konturik eman behar, probintziako yogi famatu bat bisitatzeko bidaiari ekitea erabaki zuen. Hari azalduko zizkion benetako nahiak eta hari eskatuko zion aholku espirituala.

Bidea luzea izan zen, eta baita astuna ere, zegoen bailararen beste aldeko ibai batetik hurbil bizi baitzen yogia. Haraino iritsi zenean, arropa bakar gisa gerripekoa zuen gizon erdi biluzia aurkitu zuen. Jarraitzaileen limosnez elikatzen zen, eskaintzen ziotenaz, eta nahiz eta besteentzat nahikoa ez izan, zoriontsua zen, bere buruarekin eta besteekin bakean bizi zen eta.

Gizona yogiaren etxera hurbildu ahala, adeitasunez egiten zion irribarre.

—Zertan lagun zaitzaket? —galdetu zuen adeitsuki.

—Yogi ohoragarria, aspalditik urduritzen nauen zerbait galdetzera nator.

—Esadazu, lagun —erantzun zuen maisuak jakin-minez.

—Esan zeniezadake nola hauteman Unibertsoaren Adimena eta harekin nola bat egin?

—Etorri nirekin —agindu zion gizonari.

Inpazientzia handiz, aitak ibairaino jarraitu zion yogiari, eta hark hauxe esan zion:

—Orain makur zaitez, lagun maitea.

 —Hori bada zure nahia… —erantzun zuen gizonak.

Jarraitzailea astiro makurtu zen unean, yogiak burutik gogor heldu eta uretan murgildu zuen. Segundo batzuk pasa zituen horrela, gizona konortea eta kontzientzia galtzeko puntuan egon zen arte. Azkenean, yogiak borroka ugariren ostean gizonari arnasa hartzea baimendu zionean, galdetu zion:

—Esadazu orain, lagun, zer sentitu duzu?

—Aire premia eta irrika ezohikoa sentitu dut.

—Bada, Unibertsoaren Adimenarekiko irrika bera duzunean ikasi ahal izango duzu hura hautematen eta harekin bat egiten.

[Adimen artifizialarekin sortutako irudia]

*Cuentos hindĂºes, Asha Mahan eta MĂ³nica GonzĂ¡lez, 45.-48. or.

Utzi iruzkina