Kontzientzia linguistikoa unibertsitateko ikasgeletan

Leire Azkargorta Mintegi

Gauza jakina da gune erdaldun ugaritan euskara eskolako hizkuntza besterik ez dela gazte askorentzat, eta eskolatik atera eta berehala (eta sarritan aurretik ere) gaztelaniara jotzen dutela elkarren artean hitz egiteko. Gune erdaldun samar batean bizi naiz ni (Bilboaldean), eta nahi baino sarriago entzuten ditut mota honetako elkarrizketak:

―¿Al final qué ha mandado de etxerako lanas?
―Creo que hay que hacer la ariketa 5 del lan-koaderno y estudiar para la azterketa.

Esnatu ala hil liburuan Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak oso argi azaldu dute euskaldun izatea oso kontzeptu heterogeneoa dela, eta zaku berean sartu ohi diren arren, ez dela gauza bera euskaraz erdaraz baino hobeto egitea, elebidun osoa izatea edota, elebiduna izanik, erdaraz nabarmen erosoago aritzea euskarazbaino.

Estatistiketan bi errealitateak sartu ohi dira euskaldunen multzoan, baina euskaldun elebidunen artean erdararako joera handiagoa da: erdaraz erosoago aritzen diren elebidunak biztanleen % 14 inguru dira, bietan berdin aritzen direnak % 9 inguru, eta euskaraz erosoago aritzen direnak % 8 inguru (guztira biztanleen % 30 inguru osatzen dugu, beraz, euskaldunok)[1].

Gasteizen Itzulpengintza ikasi nuenean, nire habitat naturaletik atera eta Euskal Herriko hainbat txokotako jendea ezagutzeko aukera izan nuen. Oso giro euskalduna bizi izan nuen fakultatean, eta ―euskalkirik ez edukitzeak batzuetan ematen zidan gutxiagotasun konplexua gorabehera― euskal komunitatearen parte sentitzeko aukera izan nuen.

Irakasle modura itzuli nintzen fakultatera orain dela hiru urte, eta aurten lehen aldiz ezusteko handia hartu dut ikusi dudanean gaztelania dela nagusi euskaraz ikasten duten ikasle askoren arteko harremanetan (ez guztien artean, zorionez). Eta belaunaldi batean baino gehiagotan gertatzen ari da, lankideren batek esan didanez.

Ez dut fenomeno horren inguruko datu zehatzik, sentsazioez ari naiz, ez besterik, baina arduratuta nago. Aurreko batean Itzulpengintza karrera hautatzeko zalantzatan zebilen gazte batek galdetu zidan ea lan-aukera gehienak euskara eta gaztelaniarekin lotuta dauden. Aukera gehiago ere badagoela esan nion, baina euskara eta gaztelaniaren arteko itzulpen eta interpretazioak merkatuaren zati handia hartzen duela, eta kasu horretan beste karrera bat hautatuko zuela erantzun zidan.

Imajinatzen nuen jende askorentzat Itzulpengintza ikasteko pisuzko arrazoi bat atzerriko hizkuntzak ikastea izango zela, nik neuk ere hori bilatzen nuen unibertsitatean sartu nintzenean eta egia da atzerriko hizkuntzek oso erakargarri egiten dutela gure karrera. Baina euskararekiko ardura handiagoa ere espero nuen etorkizunean euskara lanbide izango duten profesionalen aldetik.

Hala ere, ez da zilegi arazoaren ardura osoa ikasleen gain jartzea: seguruenik haien joerak gizarte oso baten isla besterik ez dira, neurri handi batean helduek hartutako hainbat erabakiren ondorio, eta oso zaila da inertzia erraldoiak aldatzea. Inertzia horiek, gainera, hezkuntzako aurreko mailetatik etortzen dira askotan (DBH eta Batxilergotik, ziur asko). Bestalde, ikasle horietako asko ez datoz bereziki inguru euskaldunetatik, eta askok etxean ez dute euskaraz egiten[2].

Iurrebasok eta Goikoetxeak Gotzon Garateren metafora bat aipatzen dute liburuan: “pilotariak esku onarekin jotzeko joera duen bezala, hala egiten [dute] elebidunek, errazen mintzo diren hizkuntzara jotzen [dute]”.

Euskararen indargune nagusia haren aldeko atxikimendua dela ere azaltzen dute liburuaren egileek (gaitasunaren eta erabileraren gainetik), eta neure burua zera pentsatzera behartzen hasi naiz, beharbada erdaraz aritzeko erraztasun handiagoa duten ikasleek ere itzulpengintza euskaraz ikastea hautatzea mehatxu bat baino gehiago, aukera ere izan daitekeela.

Baina aukera gisa ikusteak irakasle gisa dudan jarrera eta ardura nolabait aldatzen ditu. Itzultzaile eta interprete lanetan aritzen irakatsi behar da karreran, bai, baina, era berean, euskararen profesional (itzultzaile, interprete, zuzentzaile, editore, euskara irakasle, euskara teknikari, hiztegigile…) izateak nolako ardura suposatzen duen, zenbaterainoko erantzukizuna dugun, hori ere transmititu beharra dagoela iruditzen zait.

Beraz, gaia klasera eraman eta oso eztabaida politak izaten hasi gara euskararen soziolinguistikaz, erraztasunez, zailtasunez, inertziez, erantzukizunaz… Tabua alde batera utzi eta gaiari aurrez aurre begiratu diogu, eta tira, batek daki gazte horiek zein hautu egingo duten unibertsitatetik ateratzean, baina behintzat gaiaz hausnartzeko aukera izan dute.


[1] Iurrebaso, I. eta Goikoetxea, G. (2025). Esnatu ala hil. Elkar.

[2] Baina, era berean, haien gurasoen erabakiagatik ikasi dute D ereduan, eta unibertsitatera iritsi eta euskaraz ikasten jarraitzea ere inertzia baten parte izango da seguru asko.

Utzi iruzkina