Enrike Diez de Ultzurrun Sagalà
Galipentzu eta Kaseda herrietako dermio menditsuen artean igaro eta gero, Aragoi ibaia zuzenean doa ordoki zabalagoetarantz, Murillo el Fruto, Zarrakaztelu, Santakara, Melida, Caparroso eta bertze herri batzuk bustita. Euskarak bere aztarna oparoa utzi zuen bazterrotan, zenbaitek bertzerik uste arren. Murillo el Fruton, konparaziora, Aldebarrena, Baratze Altzinea, Baratzetako Bidea, Huarteko Bidea, Gaztelumunio, Garipienzoko Zaldua…, XVI. mendea ederki sartu arte dokumentatuak. Zarrakaztelun, bertzeak bertze, Arrateburua, Arrategibela, Landaederra, Oyarzaldua, Zorrozabala. Melidan, Arrizabaleta, Mishualdea, Sarmendi, Zorromendia eta bertze. Eta Santakaran, Azmakolanda, Ordokia, Ordokilanda…, guztiak ere mende bereko agirietan jasoak.
Oro har, inguru lauak badira ere, Aragoi ibaiak halako amildegi gisakoak zizelkatu ditu denboraren joanean, hainbat tokitan, ezkerreko ibaiertzean. Haietako batzuk erroitz malkartsuak dira, egiazki. Bada, toponimiak salatu duenez, badakigu nola erraten zitzaien euskaraz amildegioi: erripa gaitz. Aldaerak aldaera, horrelaxe ageri baita Zarrakaztelun, Melidan, Santakaran eta Murillo el Fruton. Azken herri horretan, adibidez, 1704ko agiri batean, “…la punta de dicho cabezo que da al rio y paraje que dicen Ripagaizas, …” (F. Maiora Mendia). Ez dira, beraz, nolanahiko erripak, gaitzak baizik.
Aragoi ibaiak aitzina jarraitzen du, ezkerrean Arrada herria utzirik. Han, Artebakoitza izeneko inguru bat egon zen aspaldian; arte bakarra, alegia.
Ondotik, Caparroso gurutzatzen du. Bada, Erriberako herri horretan sortu zen Celestino Peralta Lapuerta (1879-1929). Bertzela erranik, Celestino María de Caparroso aita kaputxinoa. Ederki ikasi zuen euskaraz Lekarozen (Baztan), bai eta ederki aztertu ere ―euskal aditza, bereziki―, eta Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen, 1919an. Celestinok hiru lan utzi zizkigun; haietako bat, Euskal irakaspidea, euskara ikasten ari zirenen artean arrakasta handia izanikoa. Bernardo de Arrigarai izengoitia erabiltzen zuen bere lanak sinatzeko, eta izen horixe bera du Tuterako euskaltegiak (AEK).
Bada, Euskaltzaindia Caparroson izanen da maiatzaren 10ean, Iruñeko IKF Fundazioarekin batera, herriko D ereduak hamar urte bete izana ospatzeko eta haur euskaldunak saritzeko. D ereduari esker berrogei haur euskaldun baino gehiago dira gaur egun, Caparrosokoak eta inguruko herrietakoak. Guraso bultzatzaileek bakarrik dakite zeinen nekeza eta gogorra izan zen euskal eredua herriko eskolan irekitzea, zirenak eta ez zirenak leporatu baitzizkieten. Erdietsi egin zuten, ordea. Eta, hamar urteko ibilbidean, gozoa ederki nagusitu zaio gaziari.

