Politika transbertsala

Maite Imaz Leunda

Orain dela gutxi egin diguten kontsulta baterako proposatu dugun erantzuna da politika transbertsala.

Administrazio-unitate batek berari dagokion jarduera-eremu jakinetik haratago jardunez, beste hainbat eremurengan eragina duten politikak garatzerakoan esaten da politika transbertsala egiten ari dela. Ez da zeharkako (zuzena edo aurrez aurrekoa ez den norabidean, edo zeharbidez egiten den) politika, arloartekoa baizik, Xabier Aristegietak foro honetan bertan adierazi zuenez.

Generoaren gaia dela eta, transversalidad de genero edo transversalització de gènere, katalanez, Cercaterm Kataluniako banku terminologikoaren sarrera honetan ikus daitekeenez, erabiltzen dira ingelesaren gender mainstreaming terminoaren ordain gisa. Gizonen eta emakumeen berdintasuna arlo guztiei dagokien zerbait denez, berdintasunaren aldeko politika arlo guztietan aplikatu beharreko zerbait dela adierazten da transbertsalitatea erabitzen denean.

transversalitat

Hauteskunde-kanpainan zehar partidu batzuk transbertsalak direla edo politika transbertsalak defenditzen dituztela ere entzungo dugu, ezkerraren eta eskuinaren bereizketa tradizionala alde batera utzi, eta bateko zein besteko joerak biltzen dituztela adierazi nahian edo.

Cabe resaltar que la noción de transversal también se emplea en el ámbito de la política. El transversalismo constituye una corriente que propone trascender la división entre derecha e izquierda, apostando por una nueva ideología que busca no vincularse con las ideas políticas preconcebidas.

Un movimiento político transversal, por lo tanto, incorpora tendencias de derecha y de izquierda en su propia plataforma ya que dice defender aquello que es más beneficioso para la sociedad en su totalidad, sin importar el origen ideológico de las propuestas.

http://definicion.de/transversal/#ixzz4B4RLgY2z

Gure ustez alderdi politiko horiek ez dira zeharkakoak, ez arloartekoak ere, transbertsalak baizik.

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak ez du transbertsal jasotzen; Elhuyar hiztegiak bai, ekonomia-  eta politika-arloan, zeharkakoren sinonimo gisa, baina, zeharkako anbiguoa gertatzen da, polisemikoa da eta adiera posible bat baino dituenean, ulertzeko arazoak eragin ditzake. Zeharkako politika erabiltzen badugu, zer ari gara esaten?

zeharkako

Biba zuek!

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Itzultzaileen jarduna ikusezina dela entzuten da maiz. Geuk ere esaten dugu askotan gure lana ez dela behar bertze aintzatesten. Badira, halere, jendartean gureak baino esku eta jardun ikusezinagoak dituzten lankideak, itzulpen prozesuan giltzarri izanagatik ere produktuaren etiketan hagitz bakanetan agertzen zaizkigunak, beren begien zetabea funtsezkoa zaigun arren lanaren kalitatea goititze aldera, gaizki ulertutakoak onbideratzen dituztelako, korapilo ez-gramatikalak trebeki askatzen, pasarte mordoilotuak ukitu ttiki miragarri batez argiztatzen; esakune zimelei distirarazten dietelako, ezinezko egiturak deseraikitzen, huts egindako akats itsusgarriak samur arrantzatzen… Labur erranda: abilak direlako testuaren krak ñimiño oro aditzen.

Lantokian eta lantokitik kanpo izan ditudan zuzentzaileek elkarlanerako aldartez erakutsi dizkidate beti nire testuen ahulguneak, eta begirunez proposatu hobekizunak, testuaren mesedetan beti eta nagusikeriarik gabe. Lanetik kanpo, eskuzabaltasun hutsez eman didate laguntza, denok urri dugun aisialdiari puska ederrak lapurtuz adiskidearen itzulpena orraztearren, esker ona ordain bakar. Eta, hori guztia aski ez dela, haien orrazketa begirunetsuek apala izaten ere erakutsi didate, ulertu baitut haien zuzenkizunak ez direla nire hutsak eta akatsak nabarmenarazten dituzten mehatxuak, anitz ikasteko balio didaten aukerak baizik.

Maite ditut zuzentzaileak, lanekoak eta lanetik kanpokoak. Magia egiten dute sarri beren bolaluma gorria dantzatzean: hitz hau hara eraman, bertze sintagma hori hona, ordain honen ordez bertzea, aditza aurreratu, adjektiboa ezabatu eta testuingururako aproposagoa den sinonimoa txertatu, eta hortxe dago zuk orduak jira batera eta bira bertzera ibili arren ezin asmatu izan zenuen esaldi baliokide perfektua.

Gehiegikeria emanen du apika, baina benetan diot maite ditudala maite zuzentzaileak, eta iruditzen zaidala jasotzen ez duten aintzatespena zor diegula, nik behintzat ez nukeelako ezer argitara emanen lankide horien laguntzaren bermea izan ezean. Horregatik, bihoakie hemendik nire esker ona, ozen baina gordean, jakin baitakit umilak direla eta ez agertu zaleak: mila esker eta biba zuek!

Hankaz gora (II)

Estitxu Irisarri Egia

(…)

Lagun hurkoa engainatzeko artea, iruzurgileek arduragabeak kaleetan zehar ehizatzen praktikatzen dutena, gorenera iristen da politikari arrakastatsu batzuek beren talentua lantzen dutenean. Munduaren aldirietan, estatuburuek beren lurraldeetako saldoak eta arrastakinak saltzen dituzte likidazio prezioan sasoia bukatuta, hirietako aldirietan gaizkileek beren lapurretetako altxorra prezio arbuiagarrian saltzen duten bezala.

Loria militarra erdiesten duten krimenengatik kondekoratutako jeneralek eskala handian nola, halako lana egiten dute hiltzeko alokatzen diren pistolariek. Erasotzaileek, bazterretan zain, ordenagailu bidez jendetzari den-dena ebasten dioten espekulatzaile handiek emandako zorte-kolpeen artisau-bertsioak diren atzaparkadak jotzen dituzte. Natura eta giza eskubideak era bortitzenean bortxatzen dituzten bortxatzaileak ez doaz inoiz preso. Haiek dituzte kartzeletako giltzak. Den bezalako munduan, alderantzizko munduan, bake unibertsala zaintzen duten lurraldeak beste lurraldeei arma gehien fabrikatzen eta saltzen dietenak dira; banku arriskutsuenak narkodolar gehien garbitzen dituztenak dira eta lapurtutako diru gehien gordetzen dutenak; industriarik arrakastatsuenak planeta gehien pozoitzen dutenak dira; eta ingurugiroaren salbazioa ingurugiroa bera suntsitzen duten enpresen negoziorik bikainena da. Inpunitatea eta zoriona jende gehien ahalik eta denbora laburrenean hiltzen dutenek merezi dute, lanik txikienarekin ahalik eta diru gehien irabazten dutenek eta kosturik txikienean ahalik eta naturaren zatirik handiena sarraskitzen dutenek.

Oinez ibiltzea arriskua da eta arnastea lorpena da alderantzizko munduko hirietan. Beharraren preso ez dena beldurraren preso da: batzuek ez dute lorik egiten ez dituzten gauzek eragindako antsietateagatik, eta beste batzuek ez dute lorik egiten dituzten gauzak galtzeak sortzen dien izuagatik. Alderantzizko munduak lagun hurkoa etsai moduan ikusteko entrenatzen gaitu eta ez promesa moduan ikusteko, bakardadera mugatzen gaitu eta droga kimikoekin eta lagun zibernetikoekin kontsolatzen gaitu. Gosez, beldurrez edo aspertasunez hiltzera kondenaturik gaude, bala galduren batek ez badigu existentzia laburtzen.

Askatasun hori, zorigaiztoko mehatxu horien artean aukeratzeko askatasuna, gure askatasun posible bakarra izango al da? Alderantzizko munduak errealitatea jasaten irakasten digu, aldatzen irakatsi ordez; iragana ahazten, entzuten irakatsi ordez, eta etorkizuna onartzen, imajinatzen irakatsi ordez: horrela egiten du krimena, eta horrela gomendatzen du. Bere eskolan, krimen-eskolan, nahitaezkoak dira inpotentzia-, amnesia- eta etsipen-eskolak. Baina ikusia dago ez dagoela desgraziarik gabeko graziarik ez ifrentzurik gabeko aurkirik ez bere arnasa bilatzen ez duen etsipenik. Ez eta kontraeskolarik gabeko eskolarik ere.

Ezer ez esatea asko esatea denean

Isabel Etxeberria Ramírez

Topikoak dio gailegoek beti galdera batez erantzuten dietela egiten zaizkien galderei. Ez dakit ingeles hiztunen artean ere zabalduta dagoen ohitura edo fama hori, baina hizkuntzak, behintzat, ematen die horretarako aukera. Aditz laguntzailea galdera estiloan errepikatu besterik ez dute, solaskideari adierazteko baietz, entzuten ari direla, eta baduela beraz hizketan jarraitzea, haiek han jarraituko baitute, adi entzuten. Ingelesa ikasten hasten garenean berehala azaldu ohi diguten erabilera bat da, oinarri-oinarrizkoa. Demagun:

―I met Elsa yesterday.
―Did you?

Eduki semantikorik gabeko adierazpide bat da, baina badu bere balio diskurtsiboa. Bi solaskideen arteko komunikazioa egituratzen laguntzen du. Atzo Elsarekin topo egin zuela dioen A solaskideak nola edo halako erantzun edo erreakzio bat espero du bere solaskidearengandik (horregatik hitz egin ohi diegu pertsonei, eta ez paretei… gehienetan behintzat), eta did you hori makulu halako bat suertatzen da B solaskidearentzat, haren bitartez berretsi egiten baitu bere arreta eta hizketan jarraitzera adoretzen baitu A solaskidea. Lagunaren hitzak entzuten jarraitzeko bere interesa zenbateraino den zinezkoa eta zenbateraino konpromiso sozialak agindutakoa beste osagai batzuetan bilatu behar da: intonazioa, begitartea, gorputzaren jarrera eta abar.

Euskal aditzak, bistan denez, ez digu horretarako aukerarik ematen. Ezta hizkuntza erromanikoetako aditzaren erabilerak ere gure bi erdara nagusietan ere. Euskaraz ezin izango genuke honela itzuli:

―Atzo Elsarekin topo egin nuen.
―*(Al) zenuen?

Eta hala ere, hainbat modutan eman liteke euskaraz ingelesaren erabilera horren gutxi gorabeherako itzulpena. Libre samar jokatuta eta B solaskidearen jarrera interpretatzen eta esplizitatzen ausartuz gero, aukera sorta zabal samarra osa daiteke. Interjekzio hutsak erabil daitezke, jatorrizkoan bezala eduki semantikorik gaineratzen ez dutenak; edo eduki semantikodun hitzak edo hitz multzoak, bestela, entzule den solaskidearen jarrera gehiago edo gutxiago agerrarazten dutenak:

  1. Mmmmh.
  2. Aja?
  3. A, bai?
  4. Bai, e?
  5. Ene!
  6. Hara!
  7. Jesus!
  8. Benetan?
  9. Ez da izango!
  10. Etzazu esan!
  11. Bai, zera!
  12. Halakorik!

Interjekzio hutsak direnak kenduta, gainontzekoetan, bistan denez, esplizitatu egiten da jatorrizkoan ez dagoen jarrera-hartze bat. B solaskideak eman berri dioten informazioaren aurrean zer sentitu duen azaleratu egiten da nolabait: poza, harridura, sinesgogortasuna, haserrea…

Itzulpengintza arloko ikerketan, 1990eko hamarkada inguruan, corpusen eta informatika-baliabideen aurrerapenei esker, itzulpenetako hizkuntzazko bereizgarriak aztertzeko saioak egiten hasi ziren. Sinpleki adierazteko, testu itzuli guzti edo gehienetan, testuok itzulpen izatearen ondorioz hain justu, ezaugarri, joera, jite komun batzuk bazirela pentsatu, eta halakoak atzematen ahalegindu dira hainbat ikertzaile. Itzulpen-unibertsal deitu izan diren horien artean, esplizitazioa (explicitation) da atzeman nahi izan dituzten bereizgarri komun horietako bat. Hau da, jatorrizkoan esplizituki ageri ez ziren zenbait informazio atal itzulpenean esplizitu egiteko joera. Eta pentsa liteke gure adibide honetan gertatzen denak baduela esplizitaziotik zerbait: hiztunetako batek jatorrizkoan zehaztu ez duen sentimendu edo jarrera bat agerrarazi egiten da itzulpenean.

Ikus dezagun orain beste adibide bat:

―I’ve just had an eye-opener. A shock.
―
Have you?

Hau da:

―Ustekabe handia izan dut. Izugarrizko zartakoa.
―XXX
?

Bigarren adibide honetan are nabarmenagoa da emandako informazioaren eta erantzuteko moduaren arteko aldea. A solaskideak azaltzen duen larritasunari (ezusteko handia, zartakoa) did you? hotz, neutro eta ia motz batez erantzuten dio B solaskideak. Kontua da, gainera, elkarrizketa zatitxo hori pasarte luzeago batean txertatzen dela, eta eszena luzeago horretan behin eta berriro errepikatzen direla bi jarrera horiek: Aren larritasuna eta Bren neutraltasuna. A solaskidea, adineko gizon normalean neurritsu eta zuhur bat, estu eta larri joan zaio bisitan bere auzokoari, B solaskideari, zapatak konpontzeko haren tailerrera. Eta A, gizon isil eta orekatua izan ohi dena, gertatu berri zaion ezustekoa guztiz aztoraturik kontatzen ari zaion bitartean, Bk did you? estiloko erantzunak besterik ez dizkio ematen. Are gehiago, momenturen batean eskuan duen bota erdizka konponduari begirada azkar bat botatzen harrapatzen du A solaskideak, eta konturatzen da lanera bueltatzeko gogoz dagoela laguna, baina ezin dio barrua husteari utzi.

B solaskidearen did you? estiloko erantzun segida hori ez da kasualitatea, baizik eta jatorrizko testuaren egileak berariaz lortu nahi izan duen efektua. Eta itzulpenean eutsi beharko litzaioke efektu (neutraltasun) horri. Ez dirudi, beraz, aurreko zerrendako interjekzioez aparteko formak ―eduki semantikodunak, entzulearen sentimenduak edo pentsamoldeak agerrarazten dituztenak― erabiltzea oso egokia denik. Hain zuzen, B solaskideak jarreraren bat hartzea ekidin beharra dago kasu honetan.

Baina, bestalde, ez litzateke oso dotorea elkarrizketa mmmhz eta ajaz jostea. Izan ere, nahiz eta gure eguneroko hizketaldi errealak hurbilago egoten diren eh, ai, oi, mmmh, aja, ufa eta antzekoen bilduma bat izatetik hasi eta bukatu egiten diren esaldi zentzuzkoen segida batetik baino, literatur lanetan fikziozko pertsonaien arteko elkarrizketek errealitateko elkarrizketen antz gutxi izaten dute. Idazle, irakurle eta editoreen arteko halako konbentzio inplizitu batek ezarria du literatur lanetan elkarrizketak egiantzekoak bai, baina ez direla errealak izan behar.

Badakit txikikeria bat dela hemen azaldu dudan arazotxoa eta, xehetasun hori ezin gorderik ere, ez litzatekeela galera handia izango testuarentzat. Baina jatorrizkoaren egileak zaindu nahi izan duen xehetasun bat da, irakurlearengan efektu zehatz bat sorrazteko baliatu duena. Eta horrelako xehetasunek ematen diote literatur testu bati bere kalitatea. Egile orori zor zaion errespetuagatik, beraz, kalitate maila bertsuarekin erantzutera behartuta gaude itzultzaileok.

Ingelesa ari du

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Aditu zenbaiten arabera, atzerriko hizkuntzen irakaskuntza goztiarraren onurak oso-oso garbiak ez diren arren, ez bederen haurrek kasuan kasuko hizkuntzarekin eremu formalaz haratagoko harremanik ez dutenean, gure inguruan gero eta guraso gehiagok ez diete nahikoa irizten seme-alabek eskolan astero jasotzen dituzten ingelesezko lau saioei eta hizkuntza-eskola pribatuetara eramaten hasiak dira. Seme-alabak ingelesdun zaharren antzera mintza daitezen dute xede, heldutan fundamentuzko lana aurkitzeko ezgai izanen omen direlako bertzela.

Mehatxu horren mende bizi gara, biziarazten gaituzte. Eta mehatxu horren aitzakiatan ilauntzen ari zaigu A eredua Nafarroan. A eredu deitoratu eta erdeinatua, urterik urte ikasleak galduz joan dena, inoren begietan malkorik isurarazi gabe. Ingelesaren irakaskuntza goiztiarra abantailaz betea begitantzen zaigun neurri berean begitandu izan zaigulako, nonbait, murgiltze eredutik kanpoko euskararen irakaskuntza goiztiarra ezdeusa… Baina, tira, hori bertze mataza bateko korapiloa da.

Erraten nuenez, bada, uste sendotua bezain zabaldua denez atzerriko hizkuntzak txikitan baino ezin direla taxuz ikasi, umeek ahaleginik gabe ikasteko dohaina dutela (ingelesa ikasteko darabiltzaten orduak eta gurasoek xahututako diruak «ahalegin» kontzeptutik kanpo utzita, noski) eta nagusitan mirakuluzkoak ei diren ahalmen horiek galtzen ditugula, gure burmuineko aldaketa neurologiko zenbaiten ondorioz, bada, segur aski, alferrik izanen da hori guztia hein batean mitoa dela diotenekin bat egiten saiatzea, baina, halere, nire atxikimendua helarazi nahiko nieke:

Nik ere uste dut helduek eta haurrek bi modu oso ezberdinetan ikasten ditugula hizkuntza berriak eta, horrenbertzez, bi ikaste prozesuak alderatzea bananak eta mertxikak konparatzea bezain zentzugabea dela.

Nik ere uste dut helduok baditugula haur txikiek ez bezalako lagungarri bikainak ikaskuntza prozesuaren mesede: badakigu idazten eta irakurtzen; haurrek baino azkarrago ikas dezakegu, horretarako astia izanez gero; gaur egun ezin konta ahala baliabide ditugu eskura; eta, dena delako hizkuntza hori ikasteko dugun gogoa, badakigulako arlo honetan ere motibazioak ezein oztopo zelaitzeko balio diezagukeela, behar bezain handia baldin bada, jakina.

Eta, azkenik baina ez hutsalenik, nik ere uste dut atzerriko hizkuntzen ikaskuntzan aitzina egitea lotuago dagoela hizkuntza berrian jasotzen ditugun inputen kopuruarekin ezen ez hura ikasten hasten garen adinarekin.

Gainera, sinesten badugu gure seme-alabek, hala nahi izanez gero, gaztetan edo heldutan ere bikain ikasten ahalko dutela ingelesa edo bertze zernahi hizkuntza, kezka potolo samar bat kenduko dugu gainetik, familia anitzen lasaigarri. Izan ere, gai honen harira Alvaro Beñaran haur garapenean adituak iazko udaberriko Hazi Hezi aldizkarian erran zituenak oso aintzat hartzekoak iruditzen zaizkit: «…uste badugu egiten dugun guztiaren zentzua dela haurrak etorkizunean zerbait lortzea, oraina galtzen ari gara. Ezin dugu dena egin etorkizuneko helburuen arabera… Ekarri helburuak une honetara bertara: haurra txikia denean funtsezkoa da orain eta hemen egotea». Ez al da aholku zoragarria? Orain eta hemen egotea, gure seme-alabekin euskaratik eta euskaraz gozatzea, hogei urteren buruan orain beren belakitasuna behar bezala ez ustiatzegatik galduko ei duten balizko lanpostu horren kezkatan ibili gabe?

Axular Juan de Torresen itzultzaile

Gidor Bilbao

Bolada batean, neu ondo konturatu gabe, erabat konbentzitu nintzen aipu-bilduma, florilegio, polyanthea eta halako aitzinentziklopedia eta erreferentzia-lanak zirela euskal klasikoen jakituria guztiaren iturri; gure klasikoek ez zutela besterik irakurri. Ez nuen horrela formulatzen, baina orduak eta orduak ematen nituen, sistematikoki, gure testu zaharren iturriak halako bigarren mailako lanetan bilatzen, hain zuzen konbentzimendu hori nuelako.

Axularrekin, adibidez, ikerketaren emaitzak erakusten duena baino denbora gehiago eman nuen hark erabili bide zitzakeen erreferentzia-lanak aztertzen. Baina, halako batean, ikusi nuen Axularrek arrasto faltsuak utzi zituela eta aitzinentziklopedia horiek (ere), bere liburuan aipatu arren, ez zituela irakurri; hots, beste norbaiten idatzietatik hartu zituela aipuak, behin baino gehiagotan.

Horietakoa dugu, nire ustez, «Rhodig., lib. 13, c. 3» aipua. Lodovicus Caelius Rhodiginus [Ludovico Ricchieri] filologo jakitun eta irakasleak Lectiones antiquae liburua argitaratu zuen Venezian, 1516an. Ez da zehazki erreferentzia-lana, era diskurtsiboan idatzia baita, baina hasiera-hasierako edizioetatik argitaratu zen gaien eta izenen aurkibide zehatz eta zabalekin; guk erabili dugun edizioan (Basilea, 1542), Index vocum et rerum aurkibideak 30.000 sarrera baino gehiago ditu.

Rhodiginusen liburuan Ziro eta Pantearen istorioa bilatzen badugu (Axularrek 3. kapitulua aipatu arren, 33.a da), ikusiko dugu zaila dela latinezko testu hartatik abiatuta Axularrenera iristea. Baina hara non aurkitzen dugun aipu bera (kasu honetan akatsik gabe: «Rhod., lib. 13, cap. 33») gaztelaniazko liburu batean, hain zuzen Juan de Torres jesuitaren Philosophía moral de príncipes (Burgos, 1596) liburu didaktikoan. “Printzeen ispilu” generoko liburua da, exemplum motako istorioz josia, eta istorio horien artean dago Ziro eta Pantearena (1602ko ediziotik emango dugu):

Torres 781

Saqueando la gente del Rey Ciro los reales de los Assyrios (Xenoph., de Pedia Cyri. lib. 5), entre otras riquezas que hallaron en ellos fue la claríssima Panthea muger de Abradata Rey de los Susos, de cuya castidad haze mención el glorioso S. Hieronymo, escriviendo contra Joviniano (S. Hier., lib. I in Iovin.). Luego pues que fue presa esta señora, dieron muchos noticia a Cyro de su hermosura, en especial un su muy privado Araspas: el qual viendo que el rey no se movía a lo que todos suelen yr con mucho gusto, le dixo: Mírala señor si quiera una vez, porque su belleza es digna que le hagas tanta merced: ca sé por muy cierto se holgará su magestad viendo en la tierra un rostro tan soberano.

Y aun por esto (respondió Cyro) me guardaré más de mirarla (Rhod., lib. 13, cap. 33), porque una vez yré por mi voluntad atrevida, y ciento me llevará la passión de lo que ví, con daño propio y de mis estados. Esta hazaña más que de hombre Gentil, diximos arriba […].

Axularren istorio hau, beste asko bezala, Torresenetik euskaratua da, gure ustez. Epaitu zeuek:

Ax 393-394 (Blanca Urgellen 2015eko ediziotik hartua)

Ziroren soldaduek, hartu zituztenean asirioen jendeak eta onak, ediren zuten bertze presoen artean Pantea ederra, errege Abradaten emaztea. Eta eman zioten berehala aditzera errege Zirori, emazte haren edertasuna nolakoa eta zein abantailatua zen. Baina, zeren erregek ez aditu iduri egiten baitzuen, lehiatu zeikan bere adiskide mamietarik bat, treben zeikana, Arraspas zeritzan bat, erraitera: “Errege, ezta egundaino lurraren gainean hain emazte ederrik sorthu; merezi du hain bertze ohore eman diazozun; merezi du behin ikhus dezazun; eta prometatzen deratzut, ezen baldin behin ikhusten baduzu, eztuzula bigarrenean gonbidatzailerik beharko, zerori egonen zarela errana” (Rhodig. lib. 13, c. 3).

Orduan ihardetsi zioen erregek hala erraile hari: “Bada, arrazoin horren beronengatik eztut ikhusi nahi. Zeren, baldin behin libreki ikhusten badut, beldur naiz bigarreneko gathiba nadin, eta neure desira desordenatuak behar eztena eragin diazadan”. Errepuesta eder haur eman zuen errege jentil hark. Zeren baitziakien zenbat kalte egiten zuen gauza debekuaren ikhusteak.

Gure ustez, Juan de Torres Axularren iturri gisa onartzen badugu, Axularren idazteko eta itzultzeko estrategiak hobeto ezagutzeko bidea zabaltzen zaigu.

Hankaz gora (I)

Estitxu Irisarri Egia

Gaur beste baten hitzak ekarriko ditut (tamalez, gaurkotasun faltarik ez duten hitzak), esan nahi dudana ondo eta argi esanda baitu Eduardo Galeanok Patas Arriba: La escuela del mundo al revés[1] patas arribaliburuan:

Alice itzuliko balitz

Orain dela ehun eta hogeita hamar urte, lurralde miresgarria bisitatu ondoren, Alice ispilu batean sartu zen, mundua alderantziz ikusteko. Alice egunotan birjaioko balitz, ez luke inolako ispilurik zeharkatu beharko: nahikoa izango luke leihora gerturatzea.

Ereduarekin hezten

Alderantzizko munduko eskola hezkuntza-instituziorik demokratikoena da. Ez du onarpen-azterketarik eskatzen, ez du matrikularik kobratzen eta doan eskaintzen ditu ikastaroak, guztiei eta leku guztietan, zeruan bezala lurrean ere: zerbaitegatik da gizateriaren historian lehenengo aldiz botere unibertsala bereganatu duen sistemaren alaba.

Alderantzizko munduko eskolan, berunak flotatzen ikasten du eta kortxoak hondoratzen.

Arrakastaren ereduak

Alderantzizko munduak alderantziz saritzen du: zintzotasuna gaitzesten, lana zigortzen, eskrupulu falta saritzen eta kanibalismoa elikatzen du. Bertako irakasleek natura kalumniatzen dute: bidegabekeria, diote, lege naturala da. Milton Friedman, irakasleriaren kiderik prestigiotsuena, «langabeziaren tasa naturalaz» mintzo da. Lege naturalari jarraituz, Richard Herrnsteinek eta Charles Murrayk beltzak eskala sozialaren beherengo harmailetan daudela ziurtatzen dute. Bere negozioen arrakasta azaltzeko, John D. Rockefellerrek naturak gaitasun handiagoa dutenak saritzen dituela eta gauzaezak zigortzen dituela esaten zuen; eta mende bat baino gehiagoren ostean, munduaren jabe askok Charles Darwinek bere liburuak beraiei loria iragartzeko idatzi zituela sinesten jarraitzen dute.

Gaitasun handiagoa dutenen biziraupena? Bidea zabaltzeko eta bizirauteko gaitasun erabilgarriena, killing instincta, hiltzaile-sena giza bertutea da enpresa handiek enpresa txikien digestioa egiteko eta herrialde indartsuek herrialde ahulak irensteko balio duenean, baina basakeria da lanik gabeko edozein gizajo janari bila eskuan labana duela irteten denean. Patologia antisozialak erasandakoak (behartsuek berezko duten zorotasuna eta arriskua duten gaixoak), arrakasta sozialaren osasun oneko ereduetan inspiratzen dira. Hutsaren hurrengoko gaizkileek dakitena begirada altxatuta ikasten dute, behetik, tontorretaraino; garaileen adibideak aztertzen dituzte eta, nola hala, merituak imitatzeko ahal dutena egiten dute. Baina «izorratuak beti egongo dira izorratuta», on Emilio Azcarragak, telebista mexikarraren jaun eta jabe izan zenak esan ohi zuen bezala. Banku bat husten duen bankari batek bere ahaleginaren fruituaz bakean gozatzeko duen aukera proportzionalki zuzena da banku bat lapurtu duen lapur batek kartzelan edo hilerrian bukatzeko duen probabilitatearekin alderatuta.

Gaizkile batek ordaindu gabeko zor bategatik hiltzen badu, exekuzioari kontu-doiketa deitzen zaio; eta doitze-plana deitzen zaio zorpetutako lurralde baten exekuzioari, teknokrazia internazionalak likidatzea erabakitzen duenean. Gaizkile finantzarioek lurraldeak bahitzen dituzte, eta kozinatu egiten dituzte erreskatea ordaintzen ez badute: konparatzen bada, harrokeriak Drakulak eguzkipean baino kalte gutxiago egiten du. Mundu-ekonomia krimen antolatuaren adierazpen eraginkorrena da. Moneta kontrolatzen duten erakunde internazionalek, komertzioak eta kredituak terrorismoa egiten dute lurralde behartsuen kontra, eta lurralde guztietako behartsuen kontra, bonba-jaurtitzaile onena barregarri uzten duen hoztasun profesionalarekin eta zigorgabetasunarekin.

(…)

[1] Galeano, E., (1999), Patas Arriba: La escuela del mundo al revés. Madril: Siglo XXI, 2-6. or.

 

KO aurrizki berria

Maite Imaz Leunda

Orain dela urte batzuk copago neologismoa sortu zen, gizarte-zerbitzu baten ordainketa partekatua, bezeroaren eta administrazioaren artean egin beharreko ordainketa, adierazteko. 2007ko urrian galdetu ziguten, DUDANET kontsulta-zerbitzuaren bitartez, copago (copayment ingelesez) euskaraz nola eman. Gaztelaniaz pago compartido ere asko erabiltzen zen orduan, eta segur aski horren eraginez, euskaraz ordainketa partekatua ikusten eta entzuten genuen, kopago maileguarekin batera. Horixe izan zen gure proposamena: ordainketa partekatua. Ez ginen ausartu euskaraz ko aurrizkia erabiltzera. Bazen berrordainketa proposatzen zuenik ere, baina hori esanahian jauzi handi samarra egitea zela iruditu zitzaigun, eta beste neologismo baterako, repagar terminoaren ordain gisa, egokiagoa zela iritzi genion. Fundéuk ondo sortutako neologismotzat jo zituen copago eta repago 2012ko maiatzaren 9an; baita copagar aditza ere.

Gure proposamenak, ordea, ez zuen arrakastarik izan, gaur egun komunikabideetan nagusitzen den forma, eta Euskaltermen jasota dagoena, koordainketa da eta.

copago

Geroztik ere izan ditugu co– aurrizkiarekin lotutako kontsulta gehiago:

2012an codesarrollo nola eman galdetu ziguten; Sami Naïr politologo eta filosofo  frantziarrak 1997an sortutako kontzeptua da (codéveloppement frantsesez eta codevelopment ingelesez): migratzaileak beren jatorriko herrialdeen garapenerako proiektuetan inplikatzen direnean sortzen den lankidetza-mota adierazten du. Horretarako, elkargarapena proposatu genuen. Google-en galdetuta, agerraldi batzuk baditu, baina kogarapen ere ikusten da.

2014an cofinanciar eta cofinanciación (cofinancing edo part-financing ingelesez) nola eman galdetu ziguten eta finantzaketa partekatua proposatu genuen, baina kofinantzatu asko erabiltzen da.

2015ean co-construcción emateko ko-eraikitze emateari ondo irizten ote genion galdetu ziguten, baina guk, co-construcción, construcción colectiva-ren aldaera bat zela ikusita, eraikuntza kolektibo proposatu genuen. Hezkuntzaren lotutako kontzeptua da: helburu kognitiboak partekatzea esan nahi du; informazioa metatzea baino gehiago, informazioa parte hartzaile guztien artean lantzea, birformulatzea eta eraikitzea.

Inguruko hizkuntzetako ko aurrizkia mailegatu eta sarbidea eman behar ote diogu euskaraz? Laburragoa eta normalean hitz bakarreko ordain sortzaile izatearen abantaila badu behintzat. Garai batean oso modu hala-moduzkoan sortutako hezkidetzaren lekua ere hartu du, koedukazio terminoak, baterako hezkuntzarekin batera.

coeducación

Helduko gara horra ere

Isabel Etxeberria Ramírez

Itzuli beharra bezalakorik ez dago hizkuntzen bereizgarriez jabetzeko. Gure familiako kide elebakarrak eta elebidunak elkarrekin solasean ari direnean (erdaraz, noski), kide elebakarretako batek egin berri duen bidaia edo bisitatu berri duen herri, jatetxe, paraje…. zoragarriren bat aipatuz gero, kide elebidunetako batek han botako du, buruaz baietz eginez, onespena edo mira edo inbidia adieraziz bezala: «¡Ahí también ya llegaremos!» Eta jarraian, beharbada, jiratu eta begi keinu bat egingo dio bidaide izan ohi duen pertsonari, edo ukitu bat egingo dio ukondoaz, jostari, saihetsean, proposamena egiteko.

Berez, ezer txarrik ez du «¡Ahí también ya llegaremos!» horrek. Zuzena da gramatikari dagokionez, eta ulergarria. Eta hala ere, entzuten dudan bakoitzean (behin baino gehiagotan: bidaiazaleak dira, antza, gure familian!), zerbaitek krak egiten dit nire gaztelera-senean. Esaldi hori, komunikazio-egoera horretan, ez zait naturala egiten. Hitz hoberik ez dut, sortzen didan harridura azaltzeko: ez zait naturala iruditzen.

Eta, aztertzen hasita, konturatzen naiz esaldi horren ezegokitasunak zerikusirik ez duela «ha venido la prima y ha dicho…» edo «lo he aprendido de cabeza» edo «te ayudo yo a casa» esaldietan ageri diren gorabeherekin. «Ahí también ya llegaremos» esaldian ez dago kalko morfosintaktikorik (mi prima > lehengusina > la prima), ez kalko lexikalik (buruz > de cabeza), ezta polisemia barruko ordezkapenik ere (lagundu = ayudar/acompañar → acompañar > ayudar). Orduan, zein da arazoa?

«Helduko gara horra ere!». Horrelaxe botako luke gure familiako kide elebidunak bere lehen hizkuntzan, euskaraz, ariko balitz. Ziur aski, badira esaldi horren hitzez hitzeko itzulpenean zenbait alderdi hizkuntza bakoitzaren barne-arauei eta erabilera-ohiturei lotuak. Heldu/llegar binomioa, adibidez. Gaztelera natural batean, ir aditza erabiliko genuke, translazioa adierazteko aditz bat erabili nahi izatekotan, eta ez helburua hain markatua duen llegar aditza. Euskarazko gu itzultzean gaztelerazko yo ohikoagoa baztertzeak eta nosotros gordetzeak ere (helduko gara = ya llegaremos > iré, tengo ganas de ir) ez dio naturaltasunari mesede egingo. Eta hala ere…

Nola edo zer erantzungo genioke, gazteleraz, leku zoragarri baten berri ematen ari zaigun norbaiti? Nire buru sortzetik erdaldunean, honelako aukerak bururatzen zaizkit: «¿Ah, sí? ¡Fíjate, qué interesante! ¡Que envidia! Ya tengo ganas de conocer aquello. No, no conozco ese lugar, pero ya me gustaría ir»… Horietakoren bat, edo horietako batzuen nahasketa bat. Hau da, helduko gara horren ordain, tengo ganas de ir, me gustaría ir edo antzekoren bat erabiliko genuke, halakorik esatekotan. Gauzak horrela, ez didazue ukatuko euskal hiztuna ausartagoa, adoretsuagoa, zirt edo zartekoagoa agertzen dela bere erantzuteko moduan. Harentzat, ez nahiko nuke, ez gustatuko litzaidake… Euskalduna, zirt edo zart, helduko da.

Kontua, nire ustez, ez da erdaraz ez genukeela horrela esango, baizik eta erdaraz ez genukeela hori esango. Euskarazko «Helduko gara horra ere» esaldiko lau hitzen atzean ―eta barkatuko ahal didazue gehiegikeria parodikoa― horrelako zerbait ulertzen dut nik: «Guri ere gustatzen zaigu hara eta hona ibiltzea, eta ibili ere ibiltzen gara, ez ezazu pentsa, eta ez, zuk aipatu duzun leku horretara ez gara heldu oraindik, baina aizu, zuri entzunda gogoa sartu zait, ba, eta bizitzak eta osasunak eta diruak hara-hona ibiltzeko aukera ematen diguten bitartean halaxe ibiltzeko asmoa dugunez, izango dugu aukera oraindik ere, eta helduko gara horra ere, ze demonio».

Adibide xume bat baino ez da hau, baina behin baino gehiagotan izan dut inpresioa, euskaldun peto-petoak erdaldunekin hizketan (erdaraz berriro ere, noski) ari direnean, elebakarrak harritu egiten direla elebidunaren zenbait adierazpide entzunda. Ziur aski, nire buru gaur-elebidun-baina-sortzez-elebakarrak aukera eskaintzen didalako bai elebidunaren gazteleraz komunikatzeko zailtasuna bai erdaldunaren harridura ulertzeko (euskaldun berria izateak ere izan behar du, ba, abantailaren bat!). Eta hizkuntzaren barne-arauetatik edo ohiko erabileretatik harago, ezegokitasuna beste zerbaitek sortu duela pentsatu izan dut maiz. Hau da, erdaldunen belarrietan bitxia edo ezegokia edo ulergaitza suertatzen den adierazpide horren gakoa ez datzala soilik gramatika-akatsetan edo erabilera ezegokietan edo lexiko-hautu okerretan. Eta zenbaitetan, zer esaten den, hots, hiztunak egoerari erantzuteko zer hautatzen duen, horrek ere zerikusia duela. Hiztunaren jarrera, nortasuna, mundu ikuskera…? Hitz potoloegiak dira horiek niretzat. Baina izan zerbait badela esango nuke.

Egia esan, Helduko gara horra ere esaldia beste adibide eta gogoeta baterako abiapuntu gisa nahi nuen erabili post honetan: ingelesezko bi hitz, sinpleak, ezagunak eta oso erabiliak. Esanahirik gabeak dira ia, baina era berean arazo handiak sortzen dizkidate niri, asko esan nahi dutela iruditzen baitzait. Oraingoan luzatu naiz, eta hurrengorako utziko dugu. Helduko gara horra ere.

Izenburuak nahasbide

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Xabier Olarrak literatur lanen izenburuen itzulpenaz hiru artikulu mamitsu oparitu berri dizkigu plaza honetan, itxuraz sinple beharko lukeen gai baten koxka ugariren berri emanez. Artikulu sail horren lehen esaldia nire egin nahiko nuke, aproposa baita –hitz bat kenduz gero– gaurko gaiari heltzeko: «Izenburuaz agertzen denez edozein literatur lan mundura, arreta eta errespetu berezia merezi luke».

Itzultzaileoi aunitzetan gertatzen zaigu erdaraz izanen den ekitaldi, saio edo zernahiri buruzko informazioa euskaratu beharra, eta halakoetan sarri iruditzen zait arazotsu izenburua nola eman. Izenburua besterik gabe euskaratuz gero, maiz egin ohi den bezala, testuaren hartzaileak dena delako ekintza hori euskaraz dela pentsa dezake, ez bazaio nolabait adierazten, parentesi arteko ohar baten bidez-edo, zein hizkuntzatan izanen den saioa. Gaztelaniazko idazlariek, ordea, argi izaten dute nola jokatu eta, euskarazko saioren baten berri gaztelaniaz ematerakoan, beti eransten dute hizkuntzari buruzko informazioa, inor tronpa ez dadin.

Erabileretan dagoen asimetria horrek ongi erakusten digu zein den hemen hizkuntza ustez neutrala eta zein markatua. Halere, horrek arazoak sortzen dituelakoan, erdarazko jardueren izenburuak erdaraz emateko hautua hartua zutela azaldu zidan behin Iruñeko liburu-denda bateko arduradunak. Hautu egokia dela iruditzen zait, edo, bestela, erdarazko edozein ekitaldiren izenburua euskaraz emanez gero, parentesi artean erdara zehaztu beharra legokeela uste dut, interesa dutenek garbi jakin dezaten zein hizkuntzatan burutuko den eta geure buruari oroitarazteko ez dagoela hizkuntza neutralik ez hemen ez inon.