Diglosiaren ajeak, lagunok!

Amaia Lasheras Perez

Irudika dezagun familia euskaldun bat, UEMAk arnasgunetzat hartzen duen herri horietako batean bizi dena. Familia horretan, neskato bat jaio zen mende hasieran. Ainara deituko diogu. Inguru euskaldunean hazi zen Ainara. D ereduko ikastetxe txiki batean ikasi zuen, eta, klasekide guziekin, euskaraz aritzen zen, ikasgelan nahiz kanpoan, beti. Haurtzaroko eta nerabezaroko lagun-taldea ikastetxe horretako gazteek osatu zuten; eta euskaraz aritzen ziren, beti. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoa herritik kanpo egin zuen, baina, han ere, euskaraz ikasi zuen, eta ikaskide haiekin ere euskaraz mintzatzen zen beti.

Noizbait asaldatuta etorri zen etxera, ikastetxe berriko lagun batzuek akats larriak egiten zituztelako euskaraz solastatzean.

 –Ama, Obabako klasekide batzuek “ni egin dut” eta “nik joan naiz” esaten dute.

DBHko 1. ikasmailako irakasleak eskainitako liburuek Ainararen irakurzaletasuna piztu zuten. “Jara” irakurri eta gero, sail bereko gainerako liburuak eskatu zizkion amari. Gauza bera gertatu zen “Eskularru beltzak” bukatu eta gero. Durangoko azokara joaten zen urtero, eta, urte batean, ilusio handiz erosi zuen “Eta ez zen alerik ere gelditu”, baita gustura irakurri ere.

Batxilergoa ikasteko, hiri batera joan behar izan zuen. Han ere, jakina, D eredua aukeratu zuen, baina harrituta eta tristetuta itzultzen zen etxera, klasekide gehienak gaztelaniaz mintzatzen zirelako.

–Ama, batzuek ez dakite euskaraz solas egiten ere!

Urte horietan, gero eta gehiago irakurtzen hasi zen, eta euskarazko literaturarekin segitu bazuen ere, gaztelaniazko eskaintza zabalarekin txundituta, gaztelaniaz ere ikaragarri gustura leitzen hasi zen.

Batxilergoko 1. ikasturtea bukatu eta gero, euskarazko C1 titulua lortu zuen, inolako arazorik gabe.

Euskal kulturan ere, interes handia zuen. Bertso-eskolan ibili zen txikitatik eta, adibidez, azken Bertsolari Txapelketa Nagusian, saio gehienetara joan zen.

Unibertsitatera joateko orduan ailegatu zenean erabaki zuen euskaraz ikasten jarraitu nahi zuela. Espainiako unibertsitate batzuetan eskainitako ikasketak oso interesgarriak iruditu zitzaizkion, eta, nota onak zituenez, aukera zuen horietan izena emateko, baina euskaraz ikastea lehenetsi zuen.

Han ere, etsitu samar hasi zen lagun euskaldunen bila.

–Ama, gaur, ikasgelan, Lezoko mutil baten ondoan eseri naiz, eta hura bai, hura euskaraz aritzen da.

Edo

–Bai, Hondarribiko neska oso jatorra da eta euskaraz solastatzen da.

Ainararen etxean, euskaraz mintzatzeaz gain, euskararekiko kezka transmititu nahi izan zioten gurasoek, eta euskal kultura oso presente egon zen han. Aita bertsolaria eta idazlea zen (afizioz), eta ama, hizkuntzalaria.

Gure protagonista adinez nagusia zenez, gidabaimena ateratzea erabaki zuen. Herriko autoeskolara hurbildu zen, eta, han, azterketa teorikoa prestatzeko materiala eman zioten. Lehenbiziko testak egin eta gero, honela esan zion amari:

–Ama, ez dut ezer ulertzen. Zer “kristo” da errei bat? Igual, hobe nuke gidabaimena gaztelaniaz atera.

Egiazko istorio batean oinarrituta dago aurreko kontakizuna, eta, horretan pentsatzen dudanean, behin eta berriz galdetzen diot neure buruari: Non egin dugu huts? Pentsa genezake ikasketa guztiak euskaraz egitearekin nahikoa dela eremu formalean euskara lehenesteko. Denok izango ditugu burutan garai batean gaztelaniaz ikasi behar izan zuten lagun euskaldun-euskaldun horiek. Eta bai, kasu horietan, ulertzen dugu idatzizko hizkuntzara hurbiltzean, gaztelaniaren edo frantsesaren alde egitea. Baina bizitza guztian euskaraz bizi eta ikasi duen pertsona batek zergatik hautatuko du gaztelania arlo formalerako?

Errei, biribilgune, bide-marra, galtzada, zeharbide, bazterbide, sestra, erdibitzaile, segurtasun-uhal, galga… Horrelako hitzekin topo egin zuen gure protagonistak autoeskolako liburua ireki zuenean.

Horietan pentsatuta, ohartu naiz termino horiek gaztelaniaz erabiltzen ditugula gehienok gure egunerokoan, pedante samarrak ez badugu izan nahi, behintzat. Autoan joaten naizenean, behin ere ez dut honelakorik esango: “Mikel, hartu ezkerreko erreia eta, hurrengo biribilgunean, joan ezkerretara”, “seme, lotu segurtasun-uhala” edo “auto honetako galga gogor samarra da”. Horren ordez, nik eta nire ingurukoek (eta ez dakit zuek), ezkerreko karrila hartuko dugu, rotondan ezkerretara joango gara, zinturona (zinturoia) lotuko dugu eta frenoa zapalduko dugu.

Aitortuko dizuet ezen, Ainararen istorioa entzunda ere, euskara salbatzeko ez naizela bat-batean hitz horiek erabiltzen hasiko (lotsa emango lidake), itzulpen bat edo testu formal bat egiteko ez bada, behintzat. Beraz, beharbada, nire ardura ere bada Ainara bezalako neskato batek gidabaimena ateratzeko gaztelania aukeratzea.

Neurri handi batean, gure subkontzientean, oraindik ere uste dugu gauza serioak, teknikoak eta zientifikoak adierazteko erdararen beharra dugula (gaztelaniarena, nire kasuan). Euskara hankamotz gelditzen zaigu horrelakoetan eta artifizialtzat jotzen dugu eskaintzen zaiguna. Horrek, jakina, ekartzen du gure gazteek ere horiek arrotz sentitzea. Egia da ikasketa guziak euskaraz egin ahal izanda gure hizkuntzak eremu batzuk konkistatu dituela, baina, ikusten denez, oraindik badago zereginik. Diglosiaren ajeak, lagunok!

One Reply to “”

  1. Gurean, umea nintzela (lexikoa oso higatzen hasia zegoen orduan, gure familian, edo eskualdean), “kaballue” (zaldia) esaten zen etxean, kalean, nonahi. Ikastolan ikasi nuen “zaldi” hitza…”Kaballo” hitza ez dago jasota hiztegietan, euskal hitz moduan. Gaur, “zaldi” esaten dut nonahi, edozein girotan. Beharbada, “lotsa” hori dugu arazo, edo egoera soziodemografikoa, edo bata eta bestea batera. Edo, batek esan zuen bezala, ez direla nahikoa “errepikatzen”, ez dutela nahikoa bozgorailu (hedabide nahikoa, beste hizkuntza batzuek daukaten etengabeko “zarata” eragiteko gaitasun hori, belarrietatik ez bada larruazaletik behintzat sarrarazteko hitz zahar eta berriak, nahiz eta ez duda egiten dudan hori denik konponbide egokiena…)

    Atsegin dut

Utzi iruzkina